Schopenhauer, Nietzsche eta Spengler Jon Miranderen pentsamenduan
Schopenhauer, Nietzsche eta Spengler Jon Miranderen pentsamenduan
1989, saiakera
184 orrialde
84-86766-21-4
azala: Garbiñe Ubeda
Joxe Azurmendi
1941, Zegama
 
2000, poesia
 

 

I.— MIRANDEREN EPISTEMOLOGIAZ

 

      «Zoritxarrez, baliman galdu egin da Jonek Nietzscheri buruz idatzi zuen berrogeitamar orrialdeko saioa: “Giza gaindikoa Nietzscheren arauera”1. Hitz hauekin adierazten digu D. Peillen haren adiskideak, nola Mirandek Nietzsche ikertzen zuen, agian euskaldunei ezagutzera emateko asmoz. Halere sekula ez zuen bere saioa argitara eman, ezta zatika ere, eta dirudienez saio hura, galdua ezezik, erre eta kiskalia da honez gero2.

      Aipamenak, han hemen, sarri egin ditu Mirandek Nietzscherenak, baina beti oso llaburrak, handik ez bait dago ezagupen haundirik ateratzerik.

      Bakarrik, giza gaindikoaren (Uebermensch) doktrina bat propioki, Nietzscheren arabera, ez zaio Miranderi inon nabari. Beharbada galdutako saioak hutsune haundi bat utzi digu puntu honetan, hain garrantzizkoa bait da Miranderen filosofian Nietzschek izan zuen eragina argitzeko. Nietzscheren filosofian bada, ordea, zehazki Uebermensch ez den, baina haren aitzindaria bezala ageri den «nagusia», hots, heroia, Mirandek arras berekotu eta bere pentsamendu guztiaren oinarrian ezarri duena. Hau da: Nietzscherena bezalaxe, Miranderen filosofia guztia funtsean antropologia bat da, antimetafisika bat da, hots, giza jakintza. Giza jakintza horren iturriak ere oso Nietzscheren modura bururatu ditu Mirandek, diferentzia garrantzizko batekin halere, berehalaxe seinalatu beharko dugunez: aldez aurretik adierazteko, Nietzschek beti ere psikologia erabiliko duen bezala3, Mirandek parapsikologia erabiliko du4.

      Honekin, bai Miranderen eta bai Nietzscheren biderakusle izan den Schopenhauer aurkitzen dugu: agerkizunak oro ez dira hain zuzen agerkizunak besterik (Erscheinung); errealitatea bere barnean ezagutzeko, Ding an sich, geure barne bidea baino ez daukagu5. Eta geure barne bidetik errealitatea, gauza bera, bitarteko gabe eta inmediatoki atzematen dugu, intuizio gisa alegia, bestelako haren arrazoirik ez bait dago ematerik, bera denez lehen datua eta errealitatea6. Azken finean Miranderen epistemología Nietzscherenetik dago, baina honenak ere Schopenhaueren Die Welt ais Wille und Vorstellung-en dauzka bere sustraiak.

      Giza jakintzarako, hots, gizona zer den jakiteko, nola kokatzen den unibertsoan eta zer den haren funtsezko izatea, agerkizun huts dirudienaren barnean, Mirandek lau iturburu ezagutzen ditu: arbasoengandiko tradizioak edo mitologia, intuizioa, ezagupide poetikoa eta parapsikologia. Beharbada lauron azken esplikazioa parapsikologian aurkitzen da. Baina Mirandek ez du arazo hau inon sistematikoki landu eta guk leku desberdinetan azaldutako haren ideiak lau mailaotan agertuko ditugu.

 

 

1 PEILLEN, D., «Idazlea eta Giza Jakintza», in: MIRANDE, J., IH 301.

2 Ib., «behin Jonek erre egin zuela esan zidan».

3 Nietzscheren esaldiak ebakorrak dira zentzu honetan: «dass die Psychologie (metafisikaren lekuan noski) wieder ais Herrin der Wissenschaften anerkannt werde, zu deren Dienste und Vorbereitung die übrigen Wissenschaften da sind. Denn Psychologie ist nunmehr wieder der Weg zu den Grundproblemen», cfr. KSA V, 39.

4 MIRANDE, J., IH 308-350. Halere 1961eko apirilean Peilleni idazten dio: «... nahiz ez naizen parapsikologiaz lehen bezainbeste arduratzen» (Ib., 303). Miranderen eboluzioaren puntu bat.

5 SCHOPENHAUER, A., Die Welt ais Wille und Vorstellung, Lehen Zatia, 2. eta 3. liburuak, cfr. WZB I, 137 eta hur. (Saio honetan, Schopenhauerentzat, liburu hori erabiliko da gehienbat: ikus daiteke itzulpen espainola, El mundo como voluntad y representación, México 1983, 87-203). Guzti hau geroxeago hobeto azalduko da, Miranderen filosofiari piska bat begiratu eta gero. Dena dela ideia hauek Schopenhaueren lehen idazkian Über die vierfache Wurzel des Satzes vom zureichenden Grunde jadanik azaltzen ziren, cfr. WZB V, 157 eta hur. ($$ 40 eta hur.).

6 Ib., I, 238 eta hur. ($ 36). Datorren guztiaren iragarki antzera nolabait, LUKACS, G., El asalto a la razón, 1975, 9, aipa genezake aurretik: «El desprecio del entendimiento y la razón, la glorificación lisa y llana de la intuición, la teoría aristocrática del conocimiento, la repulsa del progreso social, la mitomanía, etc., son otros tantos motivos que podemos descubrir sin dificultad, sobre poco más o menos, en todo ir racionalista».

7 ANDLER, Ch., Nietzsche, sa vie et sa pensée, vol. I, 1958, 78-104 («L’héritage allemand de Nietzsche: Schopenhauer»). SIMMEL, G., Schopenhauer und Nietzsche, 1907. WEIMER, W., Schopenhauer, 1982, 141-146 («Schopenhauer und Nietzsche»).

9 FINK, E., Nietzsches Philosophie, 1973, 18.