Poesia kaiera
Poesia kaiera
2000, poesia
64 orrialde
84-95511-04-5
Joxe Azurmendi
1941, Zegama
 
1989, saiakera
 
Sarrera
Koldo Izagirre

 

Poeta besteko frailea zen Salbatore Mitxelenak erromes ikusten zuen Euskal Herria, salbazioa eman behar zion Arantzazurantz. Bere bizi-tzaren azken urteetan, garapen ekonomikoan bizi ziren euskaldunen belaunaldi berriek etorkizuna fedearen ardura handirik gabe ikusten zutela antzemanda, mututu egin zen, ez zuen haboro idatzi. Poesia tragikoak publikoa galdua zuen. Garai bertsuan beste frantziskotar bat, fraile besteko poeta, Arantzazutik beherantz dator, munduari buruz, zapalduaren kontzientzia edukiagatik Golgota batean bizi ez den herri horrengana. Gaztelaniaz hainbat poema idatzi dituen zegamar gazte bat da, Axularren obra makinaz joka euskaltzaletutakoa. Joxe Azurmendi du izena eta goi arnasaz itoa da, garbiaren garbiz eri. Oxigeno kutsatua behar du, hilkortasunaren bila dator, eta pagoak «ezin du konprenitu / nire presa bidean». Belaunaldi baten gizarte zibilerako lehen pausoa genuen.

Azurmendiren poesiaren protagonista beti lehen pertsonan
mintzo den ni bakarti hori da, egia establezituen aurka eta, ondorioz, Jainkoaren aurka ere matxinatua. Urrun gelditu da denboran hain hurbil zegoen Jainko asetzaile hura. Jainkozko beteak okitua ageri da poeta, problematizatu egiten du Goikoa. Ez ordea kezka teologiko gisa. Kontu eske ari zaiona sakramentuari gainez egindako Camus-en gizona da. Horixe izan nahi luke poetak, gizon bat, besterik gabe, ez baita 60ko hamarkada hartan hainbeste ugaldu ziren gizarte fedegaldu bat erredimitzera doakeen misiolari «apaiz, langile eta gizon» haietako bat. Azurmendiren poesiak Jainkoari berari oldartzen zaio, ez Jainkoaren irudi bati edo manipulazio bati. Ez du gizona salbatu nahi, gizon izatearen kondena pairatu baizik. Horrek, orduan, berez zekarren gizarte kontzientzia. Existenzialismo soziala hemen ageri da Arestik ikur bilakatu baino lehen.

Pentsamenduaren poeta da, baina ez horregatik hotz edo intelektuala, zentzumenak ditu hausnarrerako bide. Ez du «obra biribiltzeko» idazten, «poetikaren» ardura gabe sortzen du itxuraz, egunkari pertsonal antzeko batean, eta agian horregatik dute poemok halako indarra. Pintoreen antzeko apunte aunitzek osaturikoa denez, ugaria dela esan genezake Joxe Azurmendiren poemagintza; aipatu dugun puntu nagusi horren inguruan beste gai eta joera estetiko batzuk ere biltzen ditu, aro sinbolistan eta, nolabait esatearren, aro kosmopolitan bil litezkeenak. Poemotan, nik uste, bere saiakeragintzaren bikaina markatuko zuten ezaugarriak ageri dira, goiztiar: ohi duen tresneria kritikoaren erabilera zuhurrari parekatu geniezaiokeen irudiak urri baina eraginkor txertatzeko trebezia, garaiko gaiari zinkulinkeriarik gabe heltzeko adorea, hausnarketaren sakona eta adierazkortasuna arauez goiti lortzeko talentua.

          

Joxe Azurmendi (Zegama, 1941) filosofia irakaslea da, eta euskal saiakeragile gorena. Titulu asko argitaratu ditu (Gizaberearen bakeak eta gerrak, Espainolak eta Euskaldunak, Demokratak eta Biolentoak, Oraingo gazte eroak, Demokrazia krisian), besteak beste.