Ura jaten
Ura jaten
Maddi Goikoetxea Juanena
Azaleko irudia: Sara Galan Alonso
Diseinua: Metrokoadroka
2023, antzerkia
246 orrialde
978-84-19570-07-9
Maddi Goikoetxea Juanena
1994, Donostia
 
 

 

AZKEN GOGOETAK

 

Maddi Goikoetxea Juanena

 

 

      Liburu honen sarreran hipotesi bat aurkeztu dut, zeinaren arabera antzerkiak baldintza prekarioak bizi dituen prestigio sozialik ez duelako. Eta kausa hori aldatzen ez den artean, hala segituko duela aurrez pentsatua nuen. Alegia: prekaritatea ez da baliabide faltagatik gertatzen, kultur esparrua bultzatu edo indartzeko interes faltagatik baizik.

      Elkarrizketatuekin gaiaren inguruan sakon eta luze hitz egin ostean, zenbait ondoriotara iritsi naiz. Lehenik eta behin, “prestigio” hitzak nahasmen semantikora eraman gaituela uste dut: nik “garrantzi”, “eragin” edo “balio”arekin lotu dut, baina kultur eragileen artean modu ezberdinean interpretatuta izan da. Harluxet hiztegi entziklopedikoaren arabera, “prestigioa” honela definitzen da: “Pertsona edo gauza batek duen izen ona, garrantzia edo eragina”. raeren lehenengo definizioa, aldiz, honako hau da —euskaratuta—: “Norbaiten edo zerbaiten estimu publikoa, haren merituaren ondorioz”. Kontzeptu horrek izan dezake “fama” edo “glamour”arekin zerikusirik, eta nik ez diot aldaera horri halako indarrik eman. Edonola ere, argi geratu zaidana zera da: antzerkiak ez duela prestigiorik, modu batean zein bestean ulertuta ere.

      Bestalde, antzerkia izan da ikerketa objektu nagusia, eta hortik abiatu naiz elkarrizketetan, baina eztabaidak gaia zabaltzera eraman gaitu azkenean, eta antzerkia ez ezik, oro har, kultura eta artea izan ditugu mintzagai. Ikerketa zehatzagoa eskatzen duen arren, hein batean kontzeptuok hipotesiaren parte bihurtu dira: hau da, kulturak eta arteak prestigio sozialik ez dutela esan dezakegu. Prestigio mailak edo hierarkiak ere egon badauden arren, elkarrizketetan azpimarratu izan den moduan.

      Ezin da orokorrean hitz egin, baina nahiko argi esan daiteke ez dela kultur politika duin bat existitzen, eta administrazio publikoen aldetik utzikeria, interesik eza edo kudeaketa kaskarra dezente zabalduak daudela agerikoa da: antzerki sorkuntza eta pedagogiarako bideratuta dauden dirulaguntzak urriak dira, eta horien funtzionamendua ez da batere arina. Antzerkilari gehienak dirulaguntza publikoei esker bizi dira eta, hortaz, dirulaguntza horien menpe daude. Lerro hauek idazteko unean ez da lan baldintzak erregulatuko dituen estatuturik existitzen. Sortzaile askori espazio publikoen erabilera oztopatzen zaie, kultur etxeetako areto edota antzoki asko hutsik egon ohi diren arren. Hezkuntza legedian antzerkia edota bestelako diziplina artistikoak ez dira kontuan hartzen. Askotan, kultur teknikari edota programatzaileak ez daude nahikoa formatuta, eta ez dute kultur eragile edo sortzaileekin hartu-eman edo komunikazio eraginkor bat mantentzen. Eta abar. Liburu honetako orrialdeetan nahiko ondo islatuta geratu dena.

      Dena dela, prestigiorik ezaren ardura osoa ez da politikari edo administrazio publikoaren kudeaketarena. Nire ustez, joera hori gizarte-eredu baten isla da, gure gizartean nagusi edo hegemoniko diren baloreen seinale, hain zuzen ere. Victoria Ateca eta Anna Villaroyak Caixako Behatoki Sozialaren bidez ikerketa bat argitaratu berri dute artisten eta kulturako profesionalen lan eta bizi baldintzen inguruan. Haien arabera, kulturako profesionalen % 5ak bakarrik baieztatzen du gizartearen ikuspegitik haien lana esentziala dela. Hortaz, kultura eta artearen garrantziaren inguruko kontzientziazio lana eta pedagogia egitea funtsezkoa iruditzen zait. Horretarako, elkarrizketatu askok errepikatu duten moduan, gakoa da kultur eragileon artean saretzea eta indarrak batzea, baina benetako eraldaketa sustatu nahi badugu administrazioaren inplikazioa eta konpromisoa eskuratzea ezinbestekoa da. Dudarik gabe, hori askoz errazagoa izango litzateke sortzaileek kultur kudeaketan aktiboki parte hartzeko eta erabakitzeko ahalmena izango balute.

      Esan gabe doa, zentzu indibidualean ere badugu zer landurik. Ainara Gurrutxagak komentatu duen moduan, prestigioa izateko beharrezkoa da lehenengo guk geure buruari prestigioa aitortzea: adibidez, nor garen eta zer nahi dugun adieraziz edo muga sanoak ezarriz. Julia Cameronek The Artist’s Way liburuan ezin hobeto azaltzen du artistok, eta orokorrean pertsona guztiok, barruan daramagun epaile edo zentsoreak nola blokeatzen gaituen: ahots horrek transmititzen dizkigun beldur eta intseguritate guztiek ez digute gure sormena garatzen eta azaleratzen uzten. Zentzu horretan, geure buruaren etsairik handiena gu geu garela esan genezake. Edo, izaki sozialak eta sozializatuak garen heinean, gizarteak ezartzen dizkigun eta guk geure buruari ezartzen dizkiogun oztopoak antzekoak direla: iturri beretik edaten dutelako eta, ondorioz, bien arteko muga uste baino finagoa delako.

      Gaztelerazko esaerak dioen moduan, “como es afuera, es adentro”, eta baita alderantziz ere, “como es adentro, es afuera”. Horregatik, zera adierazten bukatu nahiko nuke: bai, gu artistak gara. Eta… ez! Ez gaude prekaritatera kondenatuta.