Ura jaten
Ura jaten
Maddi Goikoetxea Juanena
Azaleko irudia: Sara Galan Alonso
Diseinua: Metrokoadroka
2023, antzerkia
246 orrialde
978-84-19570-07-9
Maddi Goikoetxea Juanena
1994, Donostia
 
 

 

GARAZI LOPEZ DE ARMENTIA OLABE

 

BARATZA ARETOA

 

 

      Azken garaietan, euskal arte eszenikoen testuinguruan, Araban sortu da sare oso erreferentziala, agian medioetan titulu asko hartu ez dituena baina praktikan gertaera eta Euskal Herri mailako sinergia askoren epizentroa izan dena: Piszifaktoria Ideien Laborategia, Pez Limbo, Parasite Kolektiboa, Las Bobe Bobe/Tranpola, Mamiak kolektiboa edota Tripak kolektiboa bezalako taldeak; Baratza Aretoa eta Mostrenko aretoa Gasteizen, Azala Espazioa Lasierran, Garaion espazioa Ozaetan, Aiaraldea Ekintzen Faktoria Laudion… Denetara joan ezin denaren ezintasunarekin, baina esperientzia batzuk behintzat arakatzeko gogoz, hiriburura jo dut, lehenik eta behin. Baratza Aretoa, urteekin batera, gertaera eta sortzaile askoren elkargune bilakatu da, Zurrunbilo euskal arte eszeniko garaikideen jaialdia bezalako ekimenekin.

      Garazi eta Unai Lopez de Armentia, biak ala biak gasteiztarrak, arte eszenikoetan profesionalak eta Baratza Aretoko sortzaileak izateaz gain, anai-arrebak dira. Unai Garazi baino sei urte zaharragoa da. Gaztetan Londresera joan zen antzerki fisikoa ikastera. Hemeretzi urte bete zituenean Garazi ere Bartzelonara abiatu zen, dantza garaikidea ikastera. Urte batzuen buruan, anai-arrebak Frantziako herri batean elkartu ziren berriro, Unaik antolatutako antzerki fisikoko ikastaro batean. Han konturatu ziren lengoaia komun bat zutela: gorputza. Elkar ulertzen zutela sentitu eta elkarrekin lan egiteko gogoa piztu zitzaien.

      Unai Gasteizera itzuli zen bere bikotekidearekin, Hannah Whelan-ekin, hau ere antzerkilaria. Handik gutxira Garazi ere bueltatu egin zen. Hirurek Parasite Kolektiboa konpainia sortu zuten, sorkuntzara dedikatzeko asmoz. Bi gauzaren beharra sumatu zuten orduan: entseatzeko espazio batena, eta diruarena. Bigarren beharrari erantzuteko ikastaroak antolatzea pentsatu zuten, eta hala ohartu ziren Gasteizen bazeudela “eskola” funtzioa egiten zuten zenbait espazio. Orduan, zerbait ezberdina egiteko grina sortu zitzaien. Horrek eraman zituen Baratza Aretoa imajinatzera.

      Imajinatu eta egin: Gasteizko Alde Zaharrean espazio bat erosi, obrak martxan jarri, dirulaguntza bat eskuratu eta kultur kudeaketan aditu bat kontratatu. 2013ko abenduan Baratzak ateak ireki zituen: “Arte eszeniko garaikideen zentro independentea”. Beren jardueren artean hainbat diziplina artistikotako sorkuntzak bultzatzen ditu egoitza artistikoen bitartez, hau da, sorkuntza prozesuan, hedapenean eta erakusketan laguntzen du. Besteak beste, ikastaro erregularrak eta trinkoak eskaini, dantza eta antzerki jaialdiak antolatu eta proiektu askotarikoetan parte hartzen du; esate baterako, inguruko bizilagunekin bitartekotza artistikoa eginez.

      Lehen urteetan proiektuak denbora-inbertsio handi bat eskatuko zuela konturatu ziren berehala, eta ez zutela denbora askorik izango benetan maite dutena egiteko: sorkuntza propiorako eta interprete moduan lan egiteko, alegia. Eta, zinez, hala izan da. Gainera, tartean, Unaik eta Hannahk bi ume izan dituzte, eta Garazik ere bigarrena izan berri du. Hortaz, dantzariaren hitzetan, azkenean “desbideratu” egin ziren, baina orain konpainia moduan lan egin eta sortzeko aukera izango dutelakoan daude.

      Elkarrizketa hau Baratzan bertan egin dugu, entsegu gela batean bueltaka, Garazik bularrean pegatuta daraman haurra lokarrarazten duen bitartean. Ibileraren mugimenduak, umea lasaitzeaz gain, dinamismoa ematen dio gure konbertsazioari, eta pentsamenduen joan-etorriak erritmo bat hartzen duela sentitzen dut, dantzatzen ariko bagina bezala.

 

Nola erabaki zenuen dantza ikastera joatea? Lehenago dantzan ibilia zinen?

Nik txikitan gimnasia erritmikoa egiten nuen eskolan, eta horrek nire gorputzarekiko harremana ahalbidetu zidan. Argi neukan hori oso gustukoa nuela eta niretzat beharrezkoa zela. Dantza garaikideko talde batean egon nintzen bi-hiru urtez. Hamasei urte ingururekin ez genuen teknikarik lantzen baina koreografiak egiten genituen, eta horrek jakin-mina piztu zidan. Horrela joan nintzen Bartzelonara, benetan dantzatzea zer den jakin gabe baina gorputzarekiko harremana landuta eta horren beharra nuela jakinda. Urtebete eman nuen formaziorako prestatzen. Bartzelonara iritsi eta dantza eskolan sartzeko probetara aurkeztu nintzen. Eta, noski, ez ninduten onartu, ez bainuen aurretik balletik edo beste dantza formalik inoiz egin, ez neukan teknikarik... Ondo gogoratzen dut neure burua proba hartan: balleteko klasean, barran jarrita geldi-geldirik, ezin erritmoa jarraitu. Eskola horretan gelditu nintzen ikasturtean zehar aparteko zenbait klase hartzen, eta bertan ezagutu nuen niretzat gerora nire maisua izan dena: Moreno Bernardi. Hurrengo urtean bai, onartu ninduten formakuntzan. Hura bukatu eta gero Morenorekin lan egiten jarraitu nuen, beste bi-hiru urtez, egunero-egunero. Bertan ikasi nuen dantza ez dela postura batzuk egitea eta mugimendu batzuk errepikatzea. Gorputza beste modu batean ulertu nuen, baita artea ere, eta horren gaineko zentzuan pentsatzen hasi nintzen.

 

Nolakoa izan zen Baratza sortzearen erabakia? Ingurukoen babesa sentitu zenuten?

Babes handiena gurasoena izan da. Anaiak eta biok helburu berdina genuen, eta erraza izan zen zentzu horretan. Betidanik babestu izan gaituzte, bai ikasketekin, bai ekonomikoki Baratza aurrera ateratzeko orduan. Eta hori izugarria da, beraiek gabe ezin izango genukeelako hau egin, hori horrela da. Ni oso zorteduna sentitzen naiz, eta hau egiteko aukera dudanez nolabaiteko ardura sentitzen dut arte eszenikoen munduarekiko. Erreferente bat izan zedin ireki genuen Baratza, ez genuen beste modu batera ikusten, eta hala gertatu dela uste dut, Gasteiz inguruan ez baitago horrelakorik. Beste espazio batzuk badaude Araban, Garaion eta Azala adibidez, eta hirian bertan badira beste areto batzuk ere bai, baina ez dago guk bezala funtzionatzen duenik. Jendearengandik esker ona jaso izan dugu etorri izan direnetan, egoitza artistikoak egitera datorren jendeak gustura egon direla adierazi izan digu, eta horrek kristoren balioa dauka. Programazioa ikustera datorren publikoarekin ere komunitate bat sortzen da. Hori da Baratzaren oinarrizko sostengua.

 

Zer bizipen duzu arte eszenikoen eta hari lotutako prekaritatearen inguruan?

Sektore prekario bat izatea ez da zentzu guztietan txarrerako, badauzka gauza onak ere: beharrek eta dirulaguntza faltak tresna propioak sortzera bultzatu gaituzte, besteak beste. Nik hori asko eskertzen dut, etengabe gure egoeraren birplanteatzea egitera behartzen gaituelako: hartara, benetan nahi duguna egiten dugu. Zeren, prekario izan eta, gainera, gustuko ez duguna egiteak ez baitu merezi. Hala ere, denbora guztian erresistentzian bizi garela sentitzen dut, eta hori ez da betiko sostenga daitekeen zerbait. Uste dut momentu bat iritsiko dela non “honaino” esango dugun, eta egoerak beste gauza batzuk bilatzera eramango gaituen.

      Guk euskarri bat badaukagu: Baratza Aretoa, espazio fisikoa. Baina euskarri izateaz gain zama bat ere bada. Dualtasun horretan bizi gara. Izan ere, itsasontzi hau geldirik mantentzeak kostu handia dakar. Gure kasuan ez dugu lan egiteko espazio bat bilatu behar, baina jendea behar dugu espazioa betetzeko, eta hori ere batzuetan ez da batere erraza, ez direlako arte eszenikoak behar bezala baloratzen. Ni eta Baratzako jendea askotan irteten gara komunikabideetan. Ahotsa ematen digute, baina ahotsa izan arren ez daukagu behar besteko eraginik, ez gara nahikoa baloratuak. Jendeak ez du asko ordaindu nahi kulturagatik, eta ez da emanaldiak ikustera joaten. Neuk ematen diodan garrantzia eta gizarteak ematen diona ez daude batere parekatuta; kulturak oro har, eta arte eszenikoek partikularki, beste toki eta garai batzuetan garrantzi handia izan duten arren. Horregatik, arte eszenikoak ekonomikoki errentagarriak izan daitezkeela uste dut, eta hala ez bada haien balorea aitortzen ez delako da, ez beste ezerengatik.

 

“Ekonomikoki errentagarria” diozunean, irabazi ekonomikoez ari zara? Hau da, ez bakarrik ekimen kulturalak ekonomikoki sostengatzeaz, baizik eta horietatik irabaziak sortzeaz?

Bai, esan nahi dudana da beste edozein negoziok funtzionatzen duen bezala funtziona dezakeela: aukera bat izan daiteke egunero antzokiak betetzea, eta jendeak kulturagatik duin ordaintzea. Hori gertatzen ez bada, arte eszenikoei eman dieten lekuagatik da, eta ez berez errentagarria ez delako. Nik hori argi daukat. Egia da dirulaguntzak dauzkagula, eta, esaten dutenez, Espainiar Estatuarekin alderatuta Euskal Herrian ez gaude horren gaizki; eta eskertzekoa da, baina deialdietara aurkezten garen guztietan asko arriskatzen gara. Aurten, adibidez, irailean bertan esan digute 60.000 euro gutxiago emango dizkigutela. Kolpe handia izan da. Guk argi geneukan hori gerta zitekeela, baina beti horrela ibili behar izatea oso nekagarria da eta, azkenean, ez dizu benetan aukerarik ematen denboran iraunkorrak diren eta eboluzio bat duten proiektuak egiteko. Pena bat da, horrela ez garelako hazten.

      Nire ustez gizarte batean garapen bat egon dadin, lehenik arteetan eman behar da garapen hori, artistok aurreratu egin behar gara. Arteak garatzen ez badira, zer aukera ematen diogu gizarteari garatzeko? Gauza horietaz ez konturatzea larria da, arteei beren eginkizuna ez aitortzea gizarte galdu baten seinalea baita. Ez dugu dirulaguntzez bizitzea gustuko, baina arte eszenikoei bultzada bat eman eta hirugarren batzuei lana eskaini nahi badiegu, oraingoz ez dugu beste modurik aurkitu. Momentu honetan ez dugu irabazirik jasotzen antolatzen ditugun ekintzetatik. Aretoa beteta ere ezingo genieke antzezleei behar bezala ordaindu. Beharbada eredua aldatu behar genuke, etengabe gabiltza hori planteatzen, baina dirulaguntza edukita entseatzeko espazio bat eskain diezaiokegu jendeari, sormen-prozesu hori diruz ordaindu eta gero lan horiek gizarteratu ahal izateko plataforma bat eskaini. Eta hori lan garrantzitsua da. Aurten, dirulaguntzak murriztu dizkigutenez, ezin izango dugu hori egin, eta egiten diren emanaldiak txartel-leihatilan ateratzen denarekin bakarrik ordaindu ahal izango dira: normalean txartelek oso diru gutxi ematen badigute, pandemian askoz gutxiago jaso dugu, ezin izan dugulako aretoko aforoa bete. Sarreren prezioa igotzea pentsatu dugu, baina hala ere, jasoko duguna irrigarria izango da. Badaude artista batzuk katxeta ordaintzen ez badiezu lan egiteko prest ez daudenak, eta oso ondo iruditzen zait, nik berdina egingo nuke. Bestalde, Baratzako antolakuntzan gaudenok ere proiektua kudeatzen lan egiten dugu, eta gure soldatak oso prekarioak dira. Urtarriletik aurrera beharbada ez dugu soldatarik izango. Beraz, aurrera eraman ahal izango dugun lana ez da berdina izango.

 

Orduan, goitik behera aldatu beharko duzue zuen programazioa.

Bai. Dena dela, beste dirulaguntza batzuen zain gaude. Egoera honen aurrean, ardura hartu eta beste bide batzuk zabaldu nahi izan baititugu. Horren arabera ikusiko dugu, baina momentuz hurrengo urtera arte egingo duguna programatzen saiatzen ari gara, ziurgabetasuna besterik ez dugun arren. Adibidez, dantza jaialdi bat antolatu genuen, askoz diru gutxiagorekin bada ere mantendu nahi izan duguna, eta dagoeneko artistekin ditugun ardurak ixten joan behar gara. Oso gogorra da jendeari dirulaguntza batzuen zain gaudela eta bere soldata kolokan dagoela esan behar izatea. Kontratatzen ditugun gertuko artistek badakite zein den egoera eta ulerkorrak dira, baina beste batzuk ez, eta hori ez da atsegina. Eta, batez ere, ez da bidezkoa inorentzat.

 

Dena dela, lehen aipatu duzu prekaritateak, edo zailtasunez betetako egoera honek, badituela bere gauza onak ere.

Badakigula horretan mugitzen. Krisi bat datorrenean, gu aurre egiteko prest gaude: gure beharrek, halabeharrez, beste baliabide batzuk sortzera eraman gaituztelako.

 

Kontraesankorra dirudi: baliabideak kentzen dizkizute, eta era berean, edo, hobeto esanda, kentzearen ondorioz, beste batzuk “ematen” dizkizute.

Propioak, berezkoak. Egoera horrek halako abilezia bat ematen dizu lursail gorabeheratsuetan ibiltzeko. Modu batera edo bestera, bai edo bai gutxirekin bizi behar garenez, benetan nahi duguna egiten dugu, bederen. Zeren biak batera egitea oso desatsegina da: gustatzen ez zaizuna diru gutxiren truke egitea. Egia da negozio mailan egin beharreko kudeaketa eta administrazioa niretzat batzuetan gogorrak direla baina, hala ere, maite dudan zerbaiten inguruan egiten dut lan. Eta, lehen aipatzen nuen moduan, etengabe gabiltza zer eta nola egiten ari garen birplanteatzen: Hau egiteak merezi du ala ez? Benetan egin nahi dut? Beste modu batera egingo bagenu, zer? Urtero daukagu hausnarketarako momentu bat. Orain gertatu zaigun bezala, horrelako momentu bat iristen zaigunean, non dirulaguntzarik gabe gelditzen garen, oso agerian agertzen zaigu galdera: egiten duguna dirulaguntzek eskatzen dutenari erantzun bat ematearren egiten ari gara, edo benetan sentitzen duguna da, geurekin bat datorrena?

      Batzuetan, nahi gabe eskakizunetara moldatzen dugu proiektua: puntu asko ematen dituen gauza bat eskatzen badute, horri erantzun bat ematera jotzen dugu. Normalean dirulaguntzen eskaerak eta gure nahiak konparatu eta interes komunik dugun aztertzen dugu, non elkar gaitezkeen... Eta egia esan ez gaude oso desbideratuta, baina laguntza ematen ez digutenean, oso argi ikus dezakegu non desbideratu garen eskatzen dutenarekiko, zein hari gelditu diren solte. Kontrako bidea izan beharko litzatekeela uste dut: dirulaguntzak gure interesei begira prestatu behar lirateke, garatzen ari garena eta momentu honetan gure alorrean, kasu honetan arte eszenikoetan, garrantzitsua dena kontuan hartuta. Dirulaguntzen arduradunek ez lukete zer gertatzea nahiko luketen pentsatu behar, baizik eta dagoeneko zer dagoen, eta dagoen horrekin zer egin dezakegun. Ahal dugun heinean gure nortasuna mantentzen dugu, baina dirulaguntzak oinarri hartuta hori egitea oso zaila da: ezin gara dirulaguntzarik gabe bizi eta, aldi berean, horrek gure nortasuna pixka bat nahasten du.

 

Identifika dezakezu zer alde dagoen zuen nortasunaren eta dirulaguntza publikoak kudeatzen dituen administrazioaren artean? Hau da, zer desberdintasun daude bion irizpideen artean? Edo, zer dago zuen nortasunean haiek kontenplatzen ez dutena?

Nik esango nuke beraiek ez daukatela hain argi zer garrantzi duten arte eszenikoek eta arteek orokorrean. Ez dakite sakonean gizartearen testuinguruan duten zentzua, eta niretzat hori da banatzen gaituen lehenengo gauza. Batzuetan produktu bat bezala ikusten gaituzte, eta ez nago horrekin ados. Guk artisautzat dugu geure burua, proiektuak poliki egostea gustatzen zaigu, laborategi izaera dugu, hau da, esperimentala. Hori kontuan hartuta denboraren kudeaketak ez du zentzu askorik: lehen bi urterako dirulaguntza bat jasotzen genuen, eta horrek gaitasun handiagoa ematen zigun. Egun, dirulaguntza gehienak urtebetekoak izaten dira. Orokorrean, prozesuko denborari ez zaio garrantzirik ematen; bai, aldiz, lanak atzerrian erakusteari eta teknologia berriei. Egia da ezin dugula ukatu gauden momentuan gaudela, teknologiak hor daudela, erantzun bat eman behar diegula eta beste bide batzuk irekitzen dizkigutela... Baina, era berean, ezin dugu inoiz ahaztu non eta nola sortzen diren gauzak, hazi batetik nola sortzen den landarea... Eta esango nuke administrazioak hori ez duela ulertzen. Ez du ulertzen artistok gelan sartu eta, zientzialariek lez, ikertu egin behar dugula.

      Behin, emakume batek zera esan zidan: “Orain, inoiz baino garrantzitsuagoa da artea. Ikusezinaren munduarekin konektatzen gaituela konturatu behar gara, eta inoiz baino behar handiagoa daukagu, oso desbideratuta baikaude konexio horretatik: arteek konexio horri lotuta manten gaitzakete”.

 

Zure ustez zein zentzu dute arteek gizartearentzat?

Oraindik ez diot galdera horri erantzun zehatz bat aurkitu. Gai horren inguruan asko irakurtzen saiatu naiz, argi dudalako zentzu hori uste dudana baino sakonagoa dela. Niretzat, pertsonalki, hazten laguntzen didan zerbait da, bizitza deskubriarazten didana: bizitzari kapak kenduko banizkio bezala, poliki-poliki. Egunerokotasunean kabidarik ez duen leku horretara eramaten nau. Leku bat, nola nagoen, besteekin nola komunikatu naitekeen eta zer gertatzen zaidan ulertzen lagunduko didana. Finean, arteak bizitza argiztatzen du, hura ulertzeko gaitasuna ematen digu.

      Ni oholtzara igo eta dantzaren bitartez komunikatzen naizenean pertsona bakoitzaren barruko ateak irekitzeko modu bat dela sentitzen dut, zentzu bat aurki dezaten; ez du zertan nire zentzua izan, inola ere ez, horrek ez dauka zentzurik, baina bakoitzak bere bizitzarekiko argi txikiak aurki ditzake. Hori izan beharko litzateke artearen logika. Nik neuk ere, egitearen egitez, geroz eta gehiago ulertzen dut. Zenbait kapa kentzen noan heinean, artearen benetako zentzua agertzen joaten da. Kentzen ditudan kapa horiek dira “ondo” egin nahi izana, emanaldia “polita izan dadila”, “jendearen gustukoa”, eta abar. Sakonean oholtza gainekoa ez doa ez nitaz ez zutaz, bitarte horretan gertatzen den horretaz baizik, geure arteko komunikazioak eragiten digun horretaz.

 

Kultur politikek ez dute hori kontenplatzen. Horiek artea produktu moduan ikusten dute: hau da, emaitza huts baten gisa, publikoari entretenimendurako eskaintzen zaion emanaldia.

Nire ustez gai dira hori baino gehiago dela ulertzeko. Produktu asko daude entretenimendurako, eta beste era bateko lanei berezitasun bat aitortzen diete, balore erantsi bat, baina ez dakite non kokatu. Adibidez, zentzurik praktikoenean, arte eszenikoak lantzeko ezartzen diren espazioak ez dira batere egokiak. Idoia Zabaletari zera entzun nion, espazioak ere duintasuna ematen duela, espazioak konexio bat duela egiten duzun horrekin. “Zer nolako ikuskizunak sortuko ditugu beti areto txikietan bagaude? Ezin dugu ikuskizun handirik egin”.

 

Praktikotasunari berriro helduz: prekaritate ekonomikoa al da egin nahi duguna egiteko ordaindu behar dugun prezioa? Edo, zoritxarrez, momentu jakin honetan ordaintzen ari garena?

Bai, horrela ikus daiteke, baina elkarrizketa honen hasieran esan dudan moduan, gauza onak ere badauzka: lan hau izateak nire umeekin egoteko aukera eman dit. Nire bizitzan amatasuna oso garrantzitsua da eta denbora izan dut beraiekin egoteko, entseguetara eramateko, Baratzako harreran egon naizenetan ondoan izan ditut. Horrek ez dauka preziorik. Horregatik, izan dudan bizimoduaz ez nuke ezer aldatuko, prezioa ordainduko nuke berriz ere. Errepikatu ahalko banu, horrela egingo nuke, berdin-berdin.

 

* * *

 

      Bada Behia hiltzea izeneko ipuin filosofiko bat. Bertan kontatzen denez, bazen behin maisu jakintsu bat ikasle edo dizipulu fidel bat zuena. Egun batean, maisua eta ikaslea landa eremuan nahiko isolaturik bizi zen familia bat bisitatzera joan ziren. Familia hori oso behartsua zen: zaborrez inguratutako txabola kaskar batean bizi ziren eta beren sostengu bakarra behi mehe bat zen, hark ematen zien esneari esker bizirauten baitzuten. Maisuak eta ikasleak egun bat pasatu zuten familia harekin, eta biharamunean, etxera itzuli baino lehen, maisuak, ikasle harrituaren aurrean, behia hil zuen. Hark behi hori gabe familia gosez hilko zela pentsatu zuen, eta errudun sentitu zen. Urtebeteren ondoren, ordea, maisua eta ikaslea herrixka horretara itzuli ziren, familia haren bizilekura. Etxola zegoen tokian, etxe duin bat topatu zuten, askoz ere dotoreagoa, baratzeaz zein jardinaz inguratuta. Familiak kontatu zienez, behia hilik aurkitu zuten egunean larritu egin ziren, baina segituan ekin zioten bizirauteko beste iturri bat bilatzeari, eta ahalegin horri esker beren dohain naturalak deskubritu zituzten. Nekazaritzan eta lorezaintzan trebeak zirela ohartu eta barazkiak zein loreak saltzen hasi ziren. Horri esker orain askoz ere hobeto eta zoriontsuago bizi ziren.

      Zergatik kontatzen dudan hau? Bizi dituzten zailtasun, oztopo edo prekaritatearen aurrean Garazik ahalduntzea erabaki duelako, elkarrizketako hainbat puntutan adierazten duenez. Lursail gorabeheratsuetan ibiltzera ohitu egin dira, eta horrek berak tresna propioak garatzera bultzatu ditu, euren egoera etengabe birplanteatuz eta benetan egin nahi duten hori gogoraraziz. Garazi, Unai eta Hannahk osatzen duten konpainia atera egin da euren konfort eremutik, eta proiektu propio bat bultzatzera ausartu da.