Aitarekin bidaian
Aitarekin bidaian antzezlana 2010eko urriaren 15ean estreinatu zen, Durangoko San Agustin aretoan.
Lantaldea
Egilea: Arantxa Iturbe, Agurtzane Intxaurraga.
Antzezleak: Jose Ramon Soroiz, Joseba Apaolaza.
Aktore-musikaria: Jabier Muguruza.
Zuzendaria: Agurtzane Intxaurraga.
Zuzendari laguntzailea: Tessa Andonegi.
Musika originala: Jabier Muguruza.
Argien diseinua: Jabier Lozano.
Jantziak eta atrezzoa: Zerjantzi?.
Diseinu grafikoa: Laia estudio.
Ilustrazioak: Guillermo Ganuza.
Tangoaren ardura: Ana Remiro, Katy Zubizarreta.
Espazio eszenikoa: Agurtzane Intxaurraga.
Irudiak: David Bernues.
Soinu efektuak: Mikel Azpiroz.
Amaren jantziaren egilea: David García.
Talde teknikoa: Eragin.
Produkzio exekutiboa: Mikel Laskurain.
Administrazioa: Olite Juaristi, Jone Unanua.
Banaketa: Hika Teatroa.
(Eszenatokiaren paretak agerian. Lurrean sakabanatuta etxeko altzari eta tresna ugari. Guztien artean lauk deituko digute atentzioa: akordeoia, bi maleta, soineko loreduna esekitokian zintzilik eta telefonoa.
Hiru aktoreak eszenatokiaren ertzean ageri diren hiru aulkitan eserita. Hor dauden bitartean aktoreak dira, antzezlana egiten hastera doazen aktoreak. Aktore bezala hitz egingo digute, pertsonaia bihurtu aurretik.
aktore nagusiena, aurrealdera etorri eta argi aldaketarekin batera hitz egiten hasiko da.)
aita-aktorea: “Zaharrak, gauzak dira” esaten ziguten gure zaharrek eta barre egiten genuen zaharren gauzak zirelakoan. Eta barrea zimurtu egiten da ziztu batean. Eta ahazten hasten zara. Ahaztu... Lehendabizi, gauzak: non sartu ote ditut giltzak? Geroxeago, hitzorduak: ze egunetan itzultzeko agindu zidan medikuak?. Eta apuntatzen ikasten duzu... apuntatutakoa begiratzea ahazten duzun arte. Ahazten duzu bezperan izandakoa, goizean esandakoa, iluntzean egitekoa. Ahazten zaizkizu pastillak, betaurrekoak, izenak, urtebetetzeak, aurpegiak, bideak. Eta azkenik, ahazten zaizu non zauden eta zergatik, eta nor zaren. Ahaztu. Dena. Ona eta txarra. Ahaztea merezi duena eta ahaztea lastima dena. Ez dago ahanzturarentzat hesirik. Nor izatetik ezer ez izatera eramaten zaitu ahanzturak. Zu, baina ez zu bakarrik: ezereza bihurtzen zarenean, beste guztiak zurekin. Gauza bakarra gogoan: zaharra, gero eta zaharrago. Erremediorik gabe. Atzera-bueltarik gabe.
(aita-aktorea aulkira itzuliko da. patxi-aktorea zutitu eta aurreratuko da.)
patxi-aktorea: Lehenengo geltokia: Akordeoia. Iragana entzuten denean...
(aita-aktoreak txaketa zaharkitu bat hartu eta jantzi ondoren, eszenatokiaren erdia hartuko du, aita bihurtuta. Aldi berean, patxi-aktoreak artilezko txalekoa jantzi eta hau ere eszenatokian sartuko da, patxi bihurtuta.)
1. eszena
(Trena entzungo dugu. Gero eta hurbilago, gero eta ozenago. Inguratzen ari da ziztu batean.
aita eszenaren erdian, zoriontsu. Ez du tren hotsik entzuten. Eskuak hutsik, akordeoia jotzen ari balitz bezala ikusiko dugu. Akordeoi “imajinarioa” da berea. Bere munduan erabat murgilduta dago. Melodia berri bat asmatzen ari da, munduko melodiarik ederrena. Eta oso ondo ateratzen ari zaio.
Trenak bozina joko du.
Espazio berean, metro batzuetara patxi, semea, erabat kontzentratuta biderketak egiten etengabe. Ez dauka ez paperik ez boligraforik eskura. Buruz ari da.)
patxi: Bederatzi mila bostehun eta hogeita hamabost, zortzi mila berrehun eta hogeita hamaika aldiz, hirurogeita hemezortzi milioi laurehun eta laurogeita bi mila bostehun eta laurogeita bost. Bederatzi mila bostehun eta hogeita hamabost, zortzi mila berrehun eta hogeita hamabi aldiz, hirurogeita hamazortzi milioi, laurehun eta laurogeita hamabi mila ehun eta hogei mila...
(aita, bitartean, kantari eta akordeoi imajinarioari doinu zoragarriak ateratzeko ahaleginean. Melodia tarareatzen ari da; pozik dirudi emazteari hitz eginez.
Atzean, musikari-aktorea ere zutitu egin da bere aulkitik. Errezitatzen hasiko da.)
musikaria:
Bizitzaren bidaian
maletak ere badira
karga handiko maletak
hutsuneak bezain pisuak
Azken geltokian, ordea
dena da arin
arinegi aukeran
birentzako bidaia latzean.
(Ondoren aitaren pentsamendua ari zaigu hizketan, ahots goraz.)
aita: Rubia, gaur badun zerbait airean! Desberdin sentitzen naun: sasoiko, indartsu... ezagutu hindudan egunean bezalaxe. Gogoratzen, Rubia? Gogoratzen nola igo hindudan airean trenera? Eskutik heldu, tira nire aldera eta aupa, Rubia! Hator hona! Gazteak ez baitu ezinik. Eta nik (buruari kolpetxoak emanez) gazte jarraitzen dinat! Krixtoren gogoa zaukanat hirekin egoteko. Bai horratio! Eta (berriz buruari kolpetxoak emanez) honek zerbait nahi duenean... Hiri tira eta niregana ekarri hindudanean bezala. “Hator hona, Rubia!”. Eta hik, “Ni, rubia? Beltzarana naiz-eta!”, eta gero barre. Hire barre hori... barre zoragarri hori! Nire Rubia! (Errealitatera itzuliz) Orain, entzun hau. Oso gutxi falta zaidan. Entzun! Ederra, e?! (Tarareatuz) Ederra benetan. Hi bezainbat, Rubia. Ederretan ederrena.
(aitari melodiaren buelta bat zintzilik geratu zaio. Eten egingo du bere jarduna une batez. Ez daki nola jarraitu. Segundo erdiz ematen du desorientatuta dagoela, eta ondoren, berriz bere onera itzuli dela, baina ez da hori. Bere melodiari ze jarraipen eman asmatu ezinik dago. Saiatuko da behin eta berriz. Ez du etsiko, ordea. Segituan itzuliko zaio irribarrea eta berriro ekingo dio melodiari hasieratik.)
aita: Gutxi falta zait, dedio! Ia-ia daukat!
(Trenaren hotsa, trenaren bozinak eta melodia nahastu egingo dira.
patxi lan-aulkitik altxatuko da eta deiadar egingo du.)
patxi: Aita!!!!!!!
2. eszena
(patxi eta aita etxera sartzen, isilik. patxi ezin da geldirik egon eta gauzak antolatzeari ekingo dio.)
patxi: Nolaz bururatu zaizu, aita? Nolaz bururatu zaizu, atzera berriz ere, trenbidean... Zer pentsatzen ari zinen oraingoan?
aita: Gose nauk.
patxi: Zergatik irten zara etxetik? Ez al dizut esan etxean egoteko? Kieto, hementxe, eserita, telebista ikusten!
(patxik eserarazi egingo du aita. Gero bere inguruan ibiltzen hasiko da, pauso azkarrez. Antzematen da haserre dagoela, oso haserre. patxik ez dio aitari begiratu ere egiten. aitak ere ez patxiri.)
aita: Gose nauk! Zer zagok afaltzeko?
patxi: Ez berriro horrelakorik egin, aita. Ez dakit zer egingo dizudan bestela. Ez berriz egin; bestela, erremedio bakarra geratuko zaigu.
aita (tripa seinalatuz): Tripak! Ez al dituk entzuten?
patxi: Entzuten al didazu zuk?
aita: Makarroiak nahi ditiat. Eta postretarako...
musikaria: Soufflea.
aita: Soufflea.
patxi: Aita. Serio ari naiz.
aita: Baita ni ere! Gure etxean afalorduan afaldu egiten diagu. (Ingurura begiratuz) Non sartu da ama!?
patxi: Aita! Hau ez da bizimodua!
(Bat-batean telefono hotsak aterako du bakoitza bere mundutik. patxi telefonoa hartzera doa, baina aita aurreratu egin zaio. patxik modu txarrez kenduko dio telefonoa eskutatik.)
patxi: Bai???
aita: Bai?
patxi: Bai, barkatu, ez da berriz gertatuko.
(aita bat-batean haserretu eta oihuka hasiko da.)
aita: Juan! Ez al haiz oraindik joan?
(patxik akabatzeko moduko begirada zuzenduko dio aitari eta telefonoz bestaldekoarekin hizketan jarraituko du. aita ez da kikilduko.)
patxi: Bihar goizean lehen ordurako mahai gainean izango duzu txostena, bai, jauna.
aita: Bai, jaun Juan, Juan jaun.
patxi (ahopeka): Aita!!! (Telefonoz bestaldekoari) Ez kezkatu. Zortziak baino lehen, bai. Osoa, bai. Etxean amaituko dut. Nire kontu. (aitari begiratzen dio) Ondo dago, bai, eskerrik asko. Susto txiki bat, besterik ez, jauna, bai. Sustoan geratu da oraingoan ere.
aita: Aire, Juan! Eta ez gehiago itzuli!
patxi: Bai, milesker. (Telefonoa esekiz) Ez zen Juan, aita. Juan ere joan zen. Aspaldi.
(Badirudi aita lasaitu egin dela patxik emandako azalpenarekin.)
aita (galduta erabat): Juan? Ze Juan? (Pausa) Etxe honetan ez al da afaltzen, edo zer arraio?
(patxik telefonoa utzi eta makarroi platerkada eskainiko dio aitari modu zakarrean.
aita, platera hartu eta jaten hasiko da. Arnasa hartzeko betarik gabe ari da platera irensten. patxi ondoan eseri eta gogogabeturik makarroiak jaten hasiko da bera ere.)
aita (ahoa beteta, ilusionatuta): Rubiak jakiten duenean piezaren buelta erdi falta zaidala, airean etorriko da! Ipurdia galdu beharrean! (Gorantz begira, bat-bateko susmoz) Jakingo ote du? (patxiri begira) Hik zer uste duk? Hire amak ba ote zakik?
(patxiren aurpegian tristura nabarmen.)
aita: Hik ez al duk jan behar, seme? Herorren kalte! Puntu-puntuan zaudek!
(patxik bere platera luzatuko dio. aitak, erreparorik gabe hartu, eta handik ere jaten jarraituko du.)
aita: Bazakik. Ziur nagok. (Amari) Zuk ez dakizunik ez dago, ezta, ama? (Pausa) Eta ura?
(patxi ur bila altxatuko da.)
aita: Beste honi zer gertatzen zaion ere badakizu honezkero. A ze aurpegia daukan aspaldian! Zu ez zaudenetik ahaztu egin zaio irribarre egiten. Seko ahaztu!
(Telefonoak joko du berriro.
patxik aitari begiratuko dio. aitak patxiri. patxi telefonoa hartzera doa, baina aita aurreratu egingo zaio. aitak, ordea, nahastuta, ez du asmatuko zertarako erabili telefonoa. patxik, telefonoa kentzeko ahaleginak egingo ditu.)
aita: Bai?
patxi: Emadazu, aita. Emateko esan dizut!
aita: Ez, utzi! Nik bazakiat nor den...
patxi: Aita...
aita (telefonoa belarrian jarrita): Bai? Zu zara?
(patxik azkenean kendu egingo dio telefonoa. Belarrian jartzerako, ordea, bestaldekoak moztu egin du.)
patxi: Ikusten? Azkenean moztu egin dute! Zure erruz moztu dute! Dei garrantzitsua izan zitekeen! (Ahapeka ia-ia) Beharbada Maite.
aita (buruarekin ezezkoa eginez): Nire Rubia zuan. Hire ama.
(patxi seko geldi geratuko da, zer egin edo esan ez dakiela.
patxi eszenatokitik irtengo da eta berehala itzuliko da agenda eskuetan duela. Bertan begiratu ondoren, telefono zenbaki bat markatuko du.)
aita (tristura handiz): Esaiok etortzeko, mesedez. Esaiok, esaiok...
patxi: Migel Arruti zuzendaria, mesedez?
aita (jarrera aldaketa du eta loritoaren pare hasiko da): Bai, Juan, mesedez?
patxi: Bai? Ez. Bai. Olazaguti hemen. Patxi Olazaguti naiz.
aita: Bai, bai, hirekin ari nauk! Satanas nauk!
patxi: Bai, erabaki dut. Bai. Ez, ez, ez da azkarregi: bihar bertan ondo legoke.
(patxik telefonoa emango dio aitari. aitak izugarrizko ilusioarekin hartuko du telefonoa eskuetan. Bere melodia tarareatzen hasiko zaio telefonoz bestaldekoari.
Bitartean patxik aitaren etxeko arropak atera ditu eta aita aldatzen hasiko da. Ez da lan erraza izango, izan ere aita gero eta urduriago dago telefonoz bestaldean ez duelako amaren ahotsa entzuten.)
aita (telefonoari aldrebes helduta): Ama!!! (Telefonoari buelta emanez) Ama? (Telefonoari begira) Ama? Maitea! Noiz zatoz? Bihar bertan? Ez!!! Ez da azkarregi!!! Ondo legoke... Entzun, entzun...
(aita melodia ahapeka kantatzen hasiko da. patxi etxeko oinetakoekin sartu eta aldatzen hasiko zaio orain. Ikusten da oso ohitua dagoela eginkizun horretara. Eta baita aitaren hitzetara ere.)
aita: Ama! Ama?! (patxiri, minduta) Ez dit erantzuten! Zergatik ez dit erantzuten? (Kasketa harrapatuta, zapatilak kendu nahian) Utzi! Zertan ari zara?
patxi (pazientzia handiz): Aita, zapatilak jantzi behar ditugu.
(aitari une batez buruak huts egingo dio.)
aita: Zer? Ze zapatila...
patxi (konturatuz): Etxeko zapatilak!
aita (gogor): Kendu paretik! Ospa! Ospa hemendik!
(aitak zutitzeko ahaleginak egiten ditu, baina patxik ez dio utziko.)
patxi (erakutsiz): Aita, hauek zure zapatilak dira eta jantzi egin behar ditugu.
aita: Ez! Ez ditut jantziko ama etorri arte!
(aitak zapatilak kentzeko imintzioa egingo du. patxik, bortitz jantzi egingo dizkio.)
patxi: Aita, mesedez! Ez zaildu gehiago lehendik erraza ez dena!
aita: Ama! Ama etortzea nahi dut. Orain. (Oraindik eskuetan duen telefonoari batetik eta bestetik hitz eginez) Ama... ama? Ama, bihar ez... beranduegi da bihar. Zatoz orain. Ama??? Ama, zu etortzea nahi dut! Ama!
patxi: Aita, isildu behingoz!
aita (zapatilak kenduko ditu): Ez, nik amarekin nahi dut. Nik ez dut nahi zurekin.
patxi (pazientzia bildu ezinean): Aita, mesedez, egon zaitez geldi eta jantzi zapatilak.
(aitak zapatilak kendu eta jaurti egingo ditu.)
patxi (haserre): Aita!!! Baina zertan ari zara?!!
aita: Ama etortzea nahi dut!
patxi (krudelki): Amak aspaldi utzi gintuen, aita. Ama ez da gehiago etorriko! Entzun? Sekula gehiago ez! Inoiz ez!!!
aita: Zergatik ez?!!
(musikaria aurreratuko da, hurrengo eszenaren aurkezpena egitera.)
musikaria: Bigarren geltokia: Esekitokia. Ama! Zer jantziko dut?
3. eszena
(aita etsita, negar txikian ari da. patxik lanak amaitzeko aprobetxatuko du. aita gero eta etsiago dago.)
aita: Zergatik ez? Etortzea nahi dut. Rubia! Jakin behar du piezaren buelta erdi bat falta zaidala. Zatoz, Rubia! Kontutxo bat daukat zuretzat... Beldurtuta nago, ama. Bai, ni beldurrez. Zu joan eta beldurra etorri! Ez dut berarekin bakarrik egon nahi. Ixo, ixo... ez du ezer esaten baina nik badakit hortxe dagoela. Argia itzaltzen dit; badaki beldurra diodala iluntasunari... (Txistu egiten dio, goxo) Fiuuu! Rubia? Zugan pentsatzen dudanean, orduantxe bakarrik ihes egiten dit beldurrak. Zergatik joan zara? Zuk badakizu zure eskuak behar ditudala beldurra uxatzeko; zure ezpainak nik irribarre egiteko; zure ile beltzarana nik Rubia deitzeko. Rubia... (patxiri begira, etsita bezala) Bera hor dago, bai. Beti hor, zelatan... irririk egin gabe... Badakit nik nor den. (Pausa) “Aita” esaten dit. Ja! Aita! Niri sartuko dit ziria! (Isilpeka) Hori ez da nire semea. Hori Juan da. Juan alua!!!... Ez. Ez naiz hasiko zure nebaz gaizki esaka! Hitz eman nizun eta ni hitzeko gizona naiz. Baina orain ere ez naiz ni hasi xaxatzen, “alproja” gora eta “alproja” behera! Zergatik begiratu behar dit goitik behera nire umearen aurrean? Jaun eta jabe bera balitz bezala? Esker txarrekoa, gizona! Familia honetan tokia egin diogu, zer demontre!!! Erraza da ba don-perfektorekin bizitzea! (...) Zer? (Urduri) Barkatu, maitea, barkatu. Ez nuen hori esan behar. (...) Badakit bere dirua behar dugula aurrera egiteko. Mesedez, ez jarri triste. Esadazu zerbait... Ezin zaitut triste ikusi. Zu ez. Ez alde egin. Nora zoaz! Nora zoaz, Rubia! Nora zoaz!!!!... Ez joan ama...!!! Ama! Zurekin nahi dut! Zurekin!
(patxi sartuko da eta ezingo du aitaren negarrekin.)
patxi: Aita, ixo... Aita, ixo! Ama hilda dago... ama...
(patxi aldendu egin da. Esekitokiari argi zuzena, begirada guztiak harantz bideratzeko. patxik bertan zintzilika dauden arropak hartu eta mekanikoki jantzi egingo ditu, egunero gauza bera egiten duenaren zeremoniarekin. Amarena eginez hurbilduko da aitarengana. patxik badaki ez dagoela aita lasaitzeko beste modurik. aitari begitartea alaituko zaio.)
aita: Maitea! Etorri zara, beti etortzen zara... Eskerrik asko! Uste nuen... uste nuen... (Lasaitua hartuz) Ezer ez. Bai apaina zaudela, nik oparitutako soinekoarekin...(Eskua hartzen dio goxoki) Plazako begi guztiak zugan biltzeko moduan! Ederrenetan ederrena. Eta zuk nirekin nahi! Kabenzotz! Ez da erraza ulertzen, ezta? Eta zu bitartean barre goxoan. Zenbat barre egin dugun elkarrekin! Ze demontre! Mundu honek barrezka hartzea baino ez du merezi. Eskerrik asko. (Muxu ematen dio eskuan) Zatoz, mademoiselle. (Konplizitatez) Oraindik gustatzen zaizu, ezta?
(Eseri egingo dira biak.)
aita: Nahi al duzu entzun? Oso gutxi falta zait. (Behin eta berriro entsaiatzen ari den melodia berriaren airea ahapeka kantatuko dio) Itzela! Ederretan ederrena! Zu bezala...
patxi-ama: Zer moduz zaude?
aita: Ondo. Orain oso ondo. Eta zu?
(patxi-amak ez dio ezer esango. Begira-begira jarriko zaio.)
aita: Ei, ei, ei... begi horiek triste daude... zer duzu?
(Akordeoi soinuarekin batera aitak besoa luzatuko dio patxi-amari, dantzarako gonbita eginez.
Bat-batean urteetan atzera egin dutela ematen du. aita indartsuago ageri da. Gazteago. amari hizketan ari zaio.
patxik ere, urteetan atzera egin du. Ume bezala hitz egingo dio ama ikusezinari.)
aita: Zatoz... ilargira eramango zaitut. Ilargira! Ahaztu orain Juanek esan dizuna! Utzi diru kontuak... Ikusiko duzu akordeoia eskuratzen dudanean, mundua lortuko dut zuretzat! Eta ilargia ere bai haren bueltan...! Ez dira oso garestiak, maitea. Kia! Ohe azpian gordetzen duzun diru horrekin nahikoa izango dut. Honezkero iritsiko zaizu umeari oinetako berriak erosteko ere...
patxi-umea: Ez, ama. Aitak ez daki, baina osaba Juan joan denetik diru hori lortzeko lo ordu asko galdu dituzu!
aita: Segi dantzan, Rubia! Segi dantzan!
patxi-umea: Ez, ama! Ezin diozu horrenbeste kostatako diru hori berari eman. Guretzat da! Gu bizitzeko da! Nire oinetako berriak, ama... Eskolan barre egiten didate galtzerdiak ikusten zaizkidalako. Ama...
aita: Rubia... Rubia!!!
patxi-umea: Ez!!!!
aita: Eskerrik asko! Zoragarria zara, Rubia! Akordeoi honekin bai! Honekin jarriko dizut, bai, nik mundua zure hanka puntetan!...
patxi-umea: Ez, ama. Ez entzun! (Pausa) Aitak ez daki zer den zapatak urratuta ibiltzea! Nola jakingo du? Osaba Juanek esaten duen bezala oinak lurrean jartzen ez daki-eta!
aita (dantzarekin jarraituz): Segi hegan! Segi hegan, Rubia!
patxi-umea (negarrez): Ez ama, aitak ez daki...
(Argi aldaketak gaur egungo errealitatera ekarri ditu aita eta patxi. aitak musu emango dio bere maiteari: patxi-amari. patxi kolpetik apartatu egingo da.)
patxi: Aita!
aita (lizun, jostalari): Non da gure etxeko ipurdirik politena?
(patxi, haserre, amaren arropak gainetik modu zakarrez kendu eta aldendu egingo da.)
patxi: Nahikoa da! Nahikoa da! Nazkatuta naukazu! Baina zertan ari naiz? Zergatik onartzen dizut hau guztia? Ni ez naiz ama bezalakoa. Nik ez zaitut berak bezala maite... Nik... nik... (Larrialdien telefono zerrenda) SOS Deiak 944667788, Gurutze Gorria 666554433, DYA... Emakunde 696696. Emaus...
(musikariak hurrengo eszena iragarriko du.)
musikaria: Hirugarren geltokia: Maleta bat. Nork bere bidaia.
4. eszena
(Maleta bat eszenatokian argiztatuta. Alboan, patxi.)
patxi: Ama.... ama, ez nekien bidaia hau hain bakartia izango zenik. Hain bakartia eta hain... (Ezin du hitz egokia topatu) hain krudela.
(Horretan, aita sartuko da kantari. Telebistako mandoa hartu eta piztu egingo du.)
aita: Ondo jan behar da osasuntsu egoteko. Den-dena jan behar da. Platera garbitu arte!
patxi (amari): Hitz eman nizun elkarrekin egingo genuela, ez nuela bakarrik utziko, baina...
aita: Etxe honetan ze ordutan afaltzen da?
patxi: Afaldu dugu. (Kontzentratzeko ahaleginak eginez) Bidean bakarrik geratzen ari naiz, ama. Zu joan zinen lehendabizi. Gero, Maite. “Zure aita edo ni” esan zidan. Ni saiatu nintzen biak zoriontsu egiten, baina gure aitak... orain ere oinutsik utzi nau, galtzerdiak bistan. Ez dizut esango non amaitu zuen Maiteren portatilak. Zu gabe, Maite gabe, eta gure aitari bost. Osaba Juan...
aita: Esatea huen!
patxi: ...joan zenean bezala! Galdetu ere ez zuen egin! Neronek esan behar izan nion: osaba Juan ere...
aita: Ez al da Juan?
patxi: ...joan egin da. Gure aitari bost! Nire oinetakoak, zure nekeak edo Maiteren malkoak! Bost! (Lasaitze aldera) Albania Tirana, Alemania Berlín, Austria Viena, Bélgica Bruselas, Bielorrusia Minsk, Bosnia-Herzegovina Sarajevo, Dinamarca Copenhague, España Madrid, Finlandia Helsinki, Francia París, Grecia Atenas, Hungría Budapest, Irlanda Dublín, Italia Roma... Ikusten, ama? Ez naiz behin ere nahasten.
aita: Zergatik hiltzen duk jendea gosez, afaltzen badu?
patxi: Nik jakingo banu!
(aita telebistako mandoa jaten hasiko da, bi eskuen artean hartuta, ogitartekoa balitz bezala.)
aita: Emaiek jaten! Ni konformatuko nauk ogi koskor honekin, baina...
patxi: Aita! Zertan ari zara mandoarekin!?
(patxik mandoa kenduko dio ahotik aita hantxe utzita.)
patxi: Ikusten, ama? Ezin dugu horrela jarraitu. Beldurra diot berak bezala amaitzeari. Osaba Juanek esaten zuen... ez dudala aitaren antzik. Hobe horrela, bestela ez nioke barkatuko.
(patxik mahai gaineko paper mordoa hartu eta lan egiten saiatuko da. aitak bitartean, berriz ere mandoa hartu eta telebista piztuko du.)
patxi: Kefren etxea... 2.300 euro...
aita: Ze ordutan afaltzen da etxe honetan?
patxi: Aita, afaldu dugu... Lejarreta okindegia...
(aita telebistara inguratuko da.)
aita: Entzun diozue etxeko nagusiari. Ogia ere bere kontu. Sartu lasai. Bik jaten duten tokian jango dute hamabik. Ongi etorri denok!
(patxik telebista itzaliko dio berriz.)
patxi: Aita! Horrela ezin naiz kontzentratu.
aita: Bisitariak horrela tratatzea ere...
(aitak telebista piztuko du berriz.)
patxi: Aita, mesedez. (Telebista itzaltzen dio) Ez dira bisitariak. Telebista ikusten ari zara. Telebistan daude.
aita: Non dago telebista?
patxi (seinalatuz): Hor.
aita: Urruti?
patxi: Hortxe.
aita: Joango al gaituk?
(aitak telebista piztuko du.)
patxi: Joder, nora joan nahi duzu? Telebistara?
aita: Toki polita ematen dik.
(aitak bolumena igoko du bat-batean. Biek sustoa hartuko dute.)
patxi: Aita!
(aitak konpondu nahian teklei eman eta zapping egingo du kanal batetik bestera eromena sortuz.)
patxi: Aita!!!
(patxi barrezka hasiko da. Saminak sortutako barrea. aitak patxi semea barrezka ikusterakoan, berau ere barrez hasiko da. Pozez.)
aita (barrezka): Ama, ama... gure umea barrez ari da! Ikusten al duzu, ama? Gure umeak badaki barre egiten! Nahi al duk txiste bat kontatzea? Bazoak Juanito kaletik eta bat-batean kakagura sartu zaiok. Ezin aguantatu eta kalearen erdian jarri duk lasai asko. Horretan, trena pasatu eta bozina jo ziok: “pi-pi!”. Eta orduan Juanitok: “Bai, bai! Itxointzak! Hik pi-pi, baina nik ka-ka!!!”.
musikaria: Pipi, kakakaka... Pipiiii, kakakakaaaa...
(patxik harrituta begiratuko dio.)
patxi (amari): Pi-pi, ka-ka... Zuk barre egingo zenuke berarekin, txiste txar horrekin ere bai! Nik ezin, ordea. Ezin dut barrerik egin, ama. Nik bizi egin behar dut. (Pausa) Bai, badakit, hitz eman nizun, baina ez da bera, ez da zuk ezagutu zenuena. Hura zurekin batera joan zen! (Pausa) Zergatik, ama? Zergatik zu eta ez bera???
(Bat-batean aitak barre egiteari utzi dio. Maleta ikusi du eta zeharo emozionatuta gazte garaiak gogoan patxirengana hurbilduko da.)
aita: Utzi maletak goiko aldean, eta eseri lasai, abiatzen garen bitartean. Behin bidean, ez dago eragozpenik trenean aurrera eta atzera ibiltzeko. Egun on, andrea! Eguraldi polita gaur ere! Baita zuri ere, jauna! Paper honetan aurkituko dituzue argibide guztiak! Trenean bezain eroso inon ez!
patxi: Oraindik ez diot ezer esan berari...
(patxi aitarengana hurbildu eta eskuetan dauzkan paperak kentzen saiatuko da. Lurrera eroritakoak ere biltzen hasiko da.)
patxi: Aita! Aita! Nahikoa da! Emazkidazu paper horiek.
aita (aginduz): Mesedez, itzuli zure eserlekura! Abiatzear gaude! Billeteak...
(patxik desesperatuta, aitari paperak kendu eta berarekin eramaten saiatuko da.)
patxi: Aita! Nagusiak esan dit ez baditut zerrenda guztiak biharko ordenatzen, hartzeko oporrak denboraldi baterako! Gogoan al daukazu zer esan zuen Maitek ere joan aurretik? Oporraldia behar zuela. Ulertzen al duzu? Oporraldia!
aita: Hurrengo geltokia: oporraldia!!!
patxi: Aita!!! Normala ni bezalako gizajo bat haize hartzera bidaltzea hemengo panorama ikusita! Nork nahiko du ni bezalako bat bere alboan? Daukadan albo-kargarekin! Merkealdiak! Ordaindu bat eta eraman bi! Eta a ze bi! Zein baino zein umeago.
aita: Nik...
patxi: Zuk, aita, ez dakizu, baina nik maite nuen Maite. Maite dut. Neure erara. Ez naiz zu bezalakoa. Osaba Juanek...
aita: Kasuen Juan!!!
patxi: Osaba Juanek esaten zuen bezala, maitasuna ez da muxutan neurtzen! Maitasuna egunez egun erakusten da. “Maite zaitut” gutxiago eta ardura gehiago. Horixe esaten zuen osaba...
aita: Juan kabroia!!!
patxi: Nahikoa da! Hemen kabroi bakarra inor kabroi izatekotan... (Moztu egingo da) Denok ez gara zu bezalakoak, aita! Nik sekula ez nion ilargi beterik agindu Maiteri. Bizimodu normal bat: lan egin eta iluntzerako etxera. Elkarrekin afaldu, telebista pixka bat ikusi eta ohera! Tarteka zinera edo egun-pasa kosta aldera. Zer gehiago, aita? Zer gehiago behar du pertsonak zoriontsu izateko, elkarri begiratu eta ulertu, besterik ez. Maitek ere maite ninduen, aita, bere erara, baina maite ninduen. Naizen bezalakoa. Lehertu zen arte. “Zure aita edo ni” esan zidan arte... Ulertzen? Zera ulertuko duzu! Zuretzat egun bakoitzak bere festa behar du! Beti ilargiari begira! Ilargia han dago, entzun??? Eta gu hemen!
(aitak isil-isilik entzungo du bakarrizketa guztia. Baina ez dago adi. Beldurrak jota dago. Beste mundu batean.)
aita: Nik, nik... Zergatik egiten dit errieta? Ni zintzo portatu naiz gaur, ama. Ez dakit zer nahi duen. Non zaude, ama? Zatoz...
(Lurrera begira geratuko da. Ume txikia ematen du. Lurrean ur-putzua egin du. Denak ihes egin dio. patxi jabetu da. Mututu egingo da bat-batean. Errukituta. Damututa. Eta aitari gozo-gozo helduko dio bizkarretik.)
patxi: Zatoz, aita. (Lasaitzearren, goxo) Aita... Patxi naiz...
aita (irribarrez): Patxi.
patxi: Freskatu batek on egingo digu, konforme?
(aita bainuontzian. patxik bainatzen duen bitartean, amarekin hitz egingo du.)
aita: Zuk hobeto ezagutzen duzu, ama, baina gure mutiko hau triste ikusten dut. Zure neba Juan etxetik bidali zenuenean bezala. Ez, ez, ez diot nik ezer esan. Hobe du Juanek berak alde egin zuela sinisten jarraitzea! Oraindik akordatzen da! Saiatzen naiz ahalik eta goxoen tratatzen, horretan badaukat abilidadea, baina bere kalterako ez ote den, ez du joateko konturik aitatzen! Zer geratu behar du? Betirako etxean? Ez da normala. Berak ere topatu beharko du dantzarako norbait, ezta? Baneukan nik esperantza etxera ekarri zuen neska harekin. Neska jatorra zen. Triste xamarra, hori bai. Lanetik etorri eta zertan hasiko? Eta traste horrekin lanean. (Irribarre gaiztoz) Erremedioa jarri nion arte! Txiza egin nion trasteari gainera! Gozoa jarri zen ba! Nik esan nion dantzan egitea garrantzitsuagoa zela traste zahar hura baino. Ez zidala entzun uste dut. Kabenzotz! Gizajoa! Bainua hainbeste gustatzen zaio! Ikusten al duzu? Nirekin nahi izaten du! Txikitan ez zuen nahi, eta orain halako mutil puska egin eta ez du ba nirekin bainatu nahi? Eta ez dakizu onena! Bidaia bat egin behar dugu elkarrekin! Berari bakarrik otu zaio. Asko! Azkenean etxetik aterako da! Zenbatetan esango ote zenion nirekin etortzeko. Zuk badakizu, Rubia: nik nahi nuen, baina... gure Patxi hain serioa izan da beti! Zer izango zituen... bi urte bai lehenengoz irribarre egin zidanerako... Zure neba bezalakoxea bihurtuko zela uste nuen. Kabenzotz!) Ikusiko duzu! Bidaia honetan zehar erakutsiko diot bizitza zer den nire semeari.
(aita eszenatokiaren albo batera erretiratuko da, aktore bihurtuz. Berea izango da hurrengo eszenaren izenburua aurreratzeko ardura.)
aita-aktorea: Laugarren geltokia: Bi maleta. Elkarrekin egindako bidaia.
5. eszena
(Bi maleta orain agertokiaren erdian argiztatuak. aita maleta dagoen tokira hurbildu eta gainean eseriko da. patxi zutik alboan.)
aita: Seme...
patxi: Zer, aita?
aita: Ipuin bat kontatu nahi diat.
patxi: Ez zaizkit ipuinak gustatzen, aspertu egiten naute.
aita: Utzidak. Bazen behin, mutiko bat, txintxoa oso, eta familiarekin oporretara joan zen poz-pozik. Ur putzu handi baten ondora joan ziren.
(patxi bigarren maleta egiten hasiko da.)
patxi: Hiru pare alkandora: horia, urdina eta zuria...
aita: Gustatzen?
patxi: Ura?
aita: Ipuina.
patxi: Bai. (Berera) Lau pare galtza, bi tergalezkoak eta beste bi panazkoak.
aita: Eta ura?
patxi: Galtzerdiak: bost pare. Seigarrena, lotarako. Baita... dozena erdi galtzontzillo ere.
aita: Ur asko, asko!
patxi: Dozena-erdirekin nahikoa izango duzu.
aita: Asko! Ur izugarri! (Eskua sabairaino luzatuko du) Honaino bai, gutxienez! Eta ba al dakik zer gertatu zitzaion mutikoari?
patxi: Ez zekien igeri.
aita: Nola dakik?
patxi: Mutiko txikiek ez dute igerian jakiten.
aita: Gure mutikoak ez zekian, ez. Urak beldurra ematen zioan. Belaunetik gora bustiz gero marruka hasten zuan.
patxi: Itotzeko beldurrez.
aita: Horixe bera. Baina haren aitak eta amak, sartzeko, beldurrik gabe! Oina muturraz lurra ukitzen zuen bitartean ez zegoela arriskurik. Azkenean, egin dik mutikoak aurrera, orain pausoa, orain bestea! Eta bat-batean umeak txilio egiten dik: “Ama!!!”. Ama izoztuta geratu zuan. “Ama, ama! Lagundu!”, oihu egiten zian ume gaixoak.
patxi-umea: Ama, lagundu...
aita: “Lagunduiozu” esan zioan amak osabari. “Itotzen ari da!”, “Atera nire txikia uretatik!!! Zuk badakizu igerian!!!”.
patxi-umea: Lagundu!
aita: Baina, orduan, oinetakoak kendu eta...
musikaria: Baina orduan, oinetakoak kendu eta...
aita: ...berak egin zian salto!
musikaria: ...berak egin zian salto.
aita: Itsu-itsuan! Azkenekoz ikusi zian pare hartantxe! Sartu zian eskua barrura, eta ezer ez! Sartu zian berriz ere harago baina han ere ezer ez. Ez zian etsi, eta halako batean. “Bai!” oihu egin zian. “Bai! Hemen!”. Eta tira egin zian, bere indar guztiekin ileetatik helduta! Eta gorpu eraman zian putzu ertzeraino bere txikia. Amaren oinetara... Amak ez zian ezer esaten. Nebaren alboan jarraitzen zian, biak hantxe: mutu, itsu, izoztuta. Eta bitartean nik (Lehendabiziko pertsonara pasatuz) txikia lurrean utzi eta hasi ninduan bularrean eragiten eta arnasa ematen... Hartu arnasa, txiki... hartu arnasa... hartu arnasa! (Arnasa falta zaio, itotzen ari da)
musikaria: Hartu arnasa, hartu arnasa, hartu arnasa...
patxi (bat-batean bere onera etorri balitz bezala): Aita... Aita??? Zu... zu izan zinen? Zergatik ez didazu sekula esan?
(Isiltasuna. aitaren arnasotsa bakarrik entzuten da.)
aita (berera): Aitak beti esaten zion: etzan uretan. Eta mutikoak ez zuen nahi izaten, berriz itotzeko beldurra zeukan. Bi aldiz itotzerik balego bezala! Eta aitak “etzan lasai”, “ni hire ondoan egongo nauk beti”.
musikaria: Hire ondoan. Beti.
aita: “Begira... eskua jarriko diat tripa parean”.
patxi: Bai, aita. (Goxo ipuinean parte hartzeko prest) “Ez askatu, aita!”.
aita: Fida hadi nitaz. Ez haut askatuko. Beti helduko diat hemen azpitik.
patxi: Eta eskua kentzen duzunean, zer?
aita: Hi ez arduratu orain horretaz! Eragin besoei: bati lehendabizi, besteari ondoren. Txandaka. Errota bahintz bezala.
patxi: Honela?
aita: Oso ondo, horrelaxe! Eta orain hankei gora eta behera!
patxi: Begira, aita! Igeri egiten ari naiz! Errota bezala! Errota bezala!!! Ikasi dut, aita!!!
(patxik igeri eginez eszenatokia alderik alde zeharkatuko du, alborik albo eta aurretik atzera eta alderantziz.)
patxi: Ikasi dut! Ikasi dut!
aita: Bai, seme. Ikasi duk! Txapelduna haiz igeri egiten!
patxi-umea (igeri egiteko modu ezberdinak probatuz): Begira! Begira zein ondo ari naizen!
aita (bat-bateko nekeaz): Bai. Igeri egiten ari haiz. Bakarrik igeri egiten. Hemendik aurrera ez duk beharko nire eskua tripa azpian. Ikusten?
patxi: Aita...
aita: E?
(Biak isilik geratuko dira. Mutu. Bakoitza bere pentsamenduetan.)
patxi: Aita... Zuk...
aita: Xxxx... lotarako ordua duk.
patxi: Aita... zuk ez dakizu igerian. Osaba Juan, berriz...
aita: Juan, jaun, jun, jan!
patxi: ...igerilari oso ona zen. Zu ez zaitut sekula ikusi gerritik gorako uretan.
aita: Zer ez didazu ikusi?
patxi: Zu. Igeri egiten.
aita: Bihar igerian joango zara urrutira... ikusiko duzu!
patxi: Bai.
(patxik zutitu eta maletak zabalduko ditu. aita zutitzen ahaleginduko da.)
aita: Lagunduko diat, seme.
(patxik ilea laztanduko dio, lasaitzeko.)
patxi: Lasai, aita! Moldatuko naiz.
aita: Biharko fresko egotea komeni zait.
patxi: Horixe.
aita: Bidaia indartsu hastea komeni da. Eta zu bazara nahikoa gizon maletak bakarrik egiteko ere!
patxi: Egin lo lasai.
(patxi, alboan, maletan sartu dituen arropen errepasoa egiten hasiko da.)
patxi: Hiru alkandora, lau galtza pare, bost galtzerdi, gehi lotarakoak, mudak...
(aita berriro tentetuko da.)
aita: Ez ahaztu nire bainujantzia!
patxi: Zaude lasai.
(patxik aitaren bainujantzi zaharkitu bat aterako du. Zabaldu eta hari begira geratuko da, hunkituta.
aita loak hartu du.
patxi, bainujantzia oraindik eskuetan duela, eseri egingo da berriro aitaren ohe ertzean.)
patxi: Aita... estutu on bat beharko nuke momentu honetan. Estutu on bat zure besoen artean. Lotsa ematen dit esateak ere. Baina horixe falta zait orain: zure eskua tripan. Ez naiz orain arte jabetu. Nik ez dut zure faltarik antzeman izan urtetan: ama ondoan neukan, eta osaba Juan ere bai.
aita (mugituz, ametsetan balego bezala).
patxi: Zu beti kanpoan izaten zinen. Eta osaba Juan, aldiz... Haren antza dudala esaten dute.
aita: Mmmm...
patxi: Ixooo, egizu lo. (Pausa) Amak oso gaizki pasatu zuen osabarekin haserretu zenean. Berak ez zizun esan, baina eztabaida hura eta gero amak gauak egin zituen ilunpetan negarrez. Nik entzun nituen eztabaidan. Osabak epelak esan zituen zuri buruz: alproja bat besterik ez zinela. Ez, zaude! (Memoria eginez) Buruarina, txepela eta txokila. Hori da. Buruarina, txepela eta txokila esaten zuen zutaz, eta ama isilik egoten zen hasieran. Eta gau hartan bigarren aldiz segidan esan zuenean haserretu egin zen. Nik entzun nuen ama haserre, aita. Behin. Mahaitik altxatu eta esan zion osaba Juani... “buruarina, txepela eta txokila, kapaz duk maite dituenengatik bizitza arriskuan jartzeko!”. Horixe esan zion. Orduan ez nituen amaren hitzak ulertu. Gaur arte ez ditut ulertu, baina nahikoa izan ziren osaba mutu uzteko. Joan egin zen. Eta atea itxi orduko ama arropak garbitzen hasi zen. Osasuna lapurtu zenion. Horixe da egia, aita. Eta orain, bera falta denetik, nire osasuna zupatzen ari zara. Nire bizitza eskas honek duen osasun apurra lapurtzen ari zara. Eta ez gara gauza elkarri besarkada on bat emateko ere.
(patxik eskua luzatu eta laztan txiki bat egingo dio aitari ilean.)
patxi: Aita...
aita: Ama...
(aitak bere lozorroan patxirengana hurbildu eta panpinatxo bat bailitzan patxi besarkatuko du. patxik ezuste galanta hartu hasieran baina gero lotsak eta beldurrak ahaztu eta gustura bilduko du berak ere aita bere besoetan.)
patxi: Aita. Egin lo. Egun zaila izango da biharkoa.
musikaria: Bosgarren geltokia: Telefonoa. Minak barrutik deitzen du.
6. eszena
(Goiza da. patxi telefonoa eskuetan duela, geldi. Ez daki zer egin. Deitu ez deitu dabil: altxatu, eseri, zenbakia markatu, moztu... Hurbildu, aldendu, eseri, izerdia lehortu, eskuak moropildu...
aita, metro gutxira eserita, burua urruti duela, bere mundu paraleloan murgilduta dago, akordeoiarekin bere betiko pieza osatu nahian jo eta su.
patxik aitari begiratu eta haren ondoan eseri eta hizketan hasiko zaio.
aitak akordeoia jotzen jarraitzen du.)
patxi: Entzuidazu, aita: Zahar-etxe batean gela eskatu dizut.
(aitak berean, kasurik egin gabe.)
patxi: Konturatzen al zara horrek zer esan nahi duen? Zahar-etxe batean!
(patxik desesperazio puntu batez, zutitu eta aitari eskuetan daukan akordeoi imajinarioa kendu egingo dio, eta sofa gainean utziko du.)
patxi: Aita, utzi hori orain... Uztazu soinua pixka batean. Garrantzitsua da hau.
(aita, ustez akordeoia dagoen tokira begira geratuko da.)
patxi: Ulertzea nahi dut, ulertuko didazun azkeneko gauza izango bada ere.
aita: Ezingo al dut soinurik jo?
patxi: Bai. Oraintxe emango dizut. Baina orain entzuidazu.
aita: Pieza bukatzeko oso gutxi geratzen zaidak.
patxi: Badakit. Buelta bat bakarrik. Segituan utziko dizut.
aita: Bai, mesedez, gure amari zor zioagu. Oraingoan bai, oraingoan, ilargira joango nauk berarekin.
patxi: Ez daukat zalantzarik.
(patxi berriz ere aitaren ondoan eseriko da.)
patxi: Oso zahar-etxe polita da, eta erosoa. Zuretzako logela izango zenuke, eta edozer behar izanez gero, tinbre bat beti alboan, nahi duzunean deitzeko: txirrin-txirrin. Mendi kasko baten gainean dago. Handik herri guztia ikusten da. Trenbidea ere bai... Baita gure etxea ere. Gure... (“Gure” hitza trabatuta geratuko zaio) Lehengoan izan nintzen ikusten. Jendeak oso pozik zirudien.
(aita, automata bat bezala, berriz ere akordeoia jotzen hasi da.)
patxi: Aita...! (Atentzioa bildu nahian) Aita, txirrin-txirrin! Aita, oraindik ez dizut soinua itzuli!
(aitak harrituta begiratuko dio. Baina, itxuraz, adi.)
patxi: Amari hitz eman nion zainduko zintudala. Hitz eman nion elkarrekin egingo genuela bidaia. Baina, hain dira desberdinak gure bideak, aita! Hain desberdinak...
aita: Ez tristatu, seme. Egingo diat hiri ere pieza polit bat, (Begia keinatuz) Maiterekin dantzatzeko. Zergatik ez diok deitzen? Deituiok. Baina ez esan nik egin dudanik! Nik ere ez zioat esango. Gure sekretua izango duk. Hik heldu gerritik, eta jira alde batera, gero bestera...
patxi: Maite ez da ama bezalakoa, aita.
aita: Amak hegan egiten dik dantzan hasitakoan.
patxi: Badakit. Maitek ez daki dantzan.
aita: Ez nauk harritzen! Beti traste hori eskutan hartuta!
patxi: Aita! Zer daukazu ordenagailuen kontra?
aita: Zer?
patxi: Ordenagailuak... Maiteri hondatu egin zenion berea. Gogoratzen?
aita: Pieza polit bat. Horixe duk. Neronek egingo diat.
(aita berriz ere akordeoi imajinarioa jotzen hasiko da.)
patxi: Alferrik ari zara, aita! Zure soinua nik daukat.
(patxik akordeoi imajinarioa airean altxatuko du eta erakutsi egingo dio.)
aita: Ekarri hona!
patxi: Ekarri! Ez, ez... zuk etorri beharko duzu bila!
aita: Soinua behar diat nire pieza bukatzeko!!!
patxi: Emango dizut, harrapa ezazu!
(patxik akordeoi imajinarioa berriz ere airean altxatuko du.)
aita: Ez badidak ematen, piezarik gabe geratuko haiz! Hik ikusi!
patxi (jende imajinarioari, jolasti): Bai! Aizue! Akordeoi zoragarri bat daukat hemen; munduko piezarik politenak egiten ditu! Zenbat ordainduko didazue!?
(aitak begiak itxiko ditu eta patxiri bizkar emanda jarriko da.)
aita: Jolaserako hago, e? Hirura arte kontatuko dut. Eta hiru kontatzerako, hementxe, nire oinetan nahi diat soinua, aditu? Bat...
patxi: Baaale... konforme...
(patxik, barrez, aitaren oinetan jarriko du soinu imajinarioa.
aitak begiak zabalduko ditu eta makurtu egingo da, emozionatuta, bere soinua hartzera.
patxik hunkituta begiratuko dio.)
patxi: Ni prest nago zure piezak ikasteko, aita!
aita: Bukatu egin beharko diat lehendabizi! Bestela kosta behar zaik ikastea!
patxi: Dantza ere egingo dut zure doinutara, zuk hala nahi izanez gero.
aita: Nirekin ez! Hik hire neska horrekin egin behar duk!
patxi: Ez dut Maiterekin dantza egin nahi! Maite joan zen, aita. “Edo zu edo bera” esan zidan. Eta nik ulertu egin nuen, ulertzen? Ni orain zurekin nago aita. Zure akordeoia zaintzeko, hala nahi baduzu... Baina lagundu egin behar didazu. Pixka bat lagundu.
aita: Bai, baina bihar...
patxi: Bihar biharkoak! Bihar nagusiarengana joan beharko dut eta oso haserre daukat.
aita: Juan kabroi hori...
patxi (barre txikia): Haserretzen denean badu osabaren antza, bai... Haserre txarrekoak biak! Burua ere lanera eraman behar dela leporatu zidan atzo! Eta burua etxean uzten banuen, lana ere etxera ekartzeko!
aita (sinetsita, bene-benetan): Lagunduko dizut burua bilatzen. Zu ez arduratu. Ez du urruti behar. Sofan bertan igual...
(aita buruaren bila hasi da. patxik berriz ere dibertituta begiratuko dio.)
patxi: Etxe honetan dena sofan ezkutatzen da!
aita: Ezkutaleku ona da! Buru, burutxo, hor zaude burutxo? (patxiri, bete-betean) Deituiok heuk, seguruenik hiri kasu gehiago egingo dik niri baino.
patxi: Jakina. Nirea da-eta! (Lotsa eta gogoa biak nahastuta) Buru, burutxo...
aita: Tira... beldurrik gabe. Emaiok!
patxi: Ei, buru, buru handi! Artaburu!
aita: Hori duk eta! Tinkotasunez, jakin dezala heu haizela nagusia.
patxi (sinesten hasita): Ei, buru... burutzar zikina!
Non demontre hago?
(aita barrezka ari da gustura. Bitartean, patxik indarrak bildu nahian arnasa hartuko du birritan sakonetik... Gero orro moduko bat egingo du erasorako prestatzera doan animalien pare.)
patxi: Aaaa! Burutxo!!! Jolaserako hago, e? Hirura arte kontatuko diat. Eta hiru kontatzerako, hementxe, nire oinetan nahi haut, aditu? Bat...
(Horretan aitak geldi egoteko keinu egiten dio patxiri. Ezer esan gabe sofa azpira hurbildu eta bertatik buru imajinarioa eskuetan hartu eta semeari ematen dio aurpegi inozoz.)
aita: Ezikusia egiten ari zuan! Baina gu bizkorrago ibili gaituk.
patxi: Batez ere zu, aita.
(patxik buru imajinarioa bere buruan jarriko du.)
patxi: Eskerrak topatu duzun!
aita: Ez du gozoa izan behar bururik gabe ibiltzeak.
patxi: Ederra egin behar nuen! Bederatzi mila bostehun eta hogeita hamabost bider bederatzi mila eta bi, laurogeita bost milioi, zortziehun eta hogeita hamalau mila eta hirurogeita hamar!
aita: Ze gauza politak esaten dituzun!
(patxik sorbalda gainetik pasatuko dio eskua, maitekor.)
patxi: Moldatuko gara elkarrekin. Segi zure piezarekin, aita! Bukatzen duzunean erakutsiko didazu, eta hura bukatutakoan hasiko gara berriarekin! Eta igeri egitera joango gara! Seguru asko ez dugu osaba Juanek bezain ondo sekula egingo!
aita: Juan kabroia! Alua!
patxi: Kabroia eta alua!
(aitak harrituta eta era berean miretsita begiratuko dio. patxi bera ere harrituta dago. Ezin du ulertu oraindik halakorik esatera ausartu denik.)
aita: Hori duk eta!
(patxik atzera egin beharrean, aurrera egitea erabakiko du. Arnasa sakon hartu ondoren, oraingo honetan intentzio osoz esango ditu hitzak.)
patxi: Aaaaaa! Kabroia eta alua!
aita (amari): Oraingoan ez naiz ni izan!
patxi (lotsagabekeria eroaz): Juanito txoropito!!! Begira, igeri egiten ari nauk!
(patxi parodia eginez, igeri egiten. aita bitartean uluka eta bibaka.)
aita: Aire Juan, eta ez gehiago itzuli!!!
patxi: Osaba txoropito, Satanas nauk!!!
(aita eta patxi barre algaraka.)
aita: Tu! Tu! Txoropito!!!
patxi: Txoropito, Juan! Begira, igeri egiten ari nauk, aitak erakutsita! Juan buruarina, txepela eta txokila!!! TXOROPITO!!!
(Mozkorraldia baretzen doan neurrian...)
patxi: Ez da erraza hark bezain ondo egitea! Baina ito gabe aurrera egitea bada zerbait! Eta gauetan ipuinak kontatuko dizkizut, edo zuk niri! Eta...
(patxi emozionatuz doa, aita bere baitan murgilduz.)
patxi: Eta lanean errieta egiten badidate, etxean aurreratuko ditut lanak! Bederatzi mila bostehun eta hogeita hamabost, bederatzi mila eta hiru aldiz, laurogeita bost milioi zortziehun eta berrogeita hiru mila, seiehun eta bost!!! Kontabilitate triste batek ez nau kikilduko! Buru hau ez da hain erraz herdoilduko! Ez behintzat ariketa hauek egiten jarraitzen badugu. Gauzatxo bat bakarrik: hitz eman behar didazu ez zarela gehiago bakarrik trenbidera joango! Biok joango gara nahi duzunean trenak pasatzen ikustera! Baina estaziotik! Oso ondo ikusten dira handik! Trenbidetik bertatik baino hobeto!
(aitak ez du begirik itxi ere egiten. Ezezagunari bezala begiratuko dio patxiri.)
patxi: Ez al duzu trenak ikustera joan nahi nirekin?
(aitak mutu begiratuko dio.)
patxi: Aita, esadazu zerbait: moldatuko gara, baietz? Ez al zaude kontentu? (Albo batera eta bestera begiratuz) Non utzi duzu soinua?
aita: Ze soinu?
patxi: Zurea! Munduko piezarik ederrena osatzen ari zara amarentzat! Eta hura bukatutakoan...
(aitak ez diola ulertzen adieraziko dio begiradarekin.)
aita: Nolaz dakizu nire piezarena? Nor zara?
(patxi lur jota.)
patxi: Zure semea naiz. Patxi.
(patxi, esekitokira joan eta amaren jantziak janzten hasiko da.)
patxi: Eta zu nire aita!
musikaria: Ahazten zaizkizu pastillak, antiojoak, izenak, urtebetetzeak, aurpegiak, bideak. Eta azkenik, ahazten zaizu non zauden eta zergatik, eta nor zaren.
patxi: Zuk erakutsi zenidan igerian zeuk jakin gabe! Zuk atera ninduzun uretatik itotzear nengoela! Eta gero handia egin nintzen eta lanpostu eder bat lortu nuen. Ama eta hirurok joan ginen afaltzera lehendabiziko soldatarekin, akordatzen?
(patxi jantzi da erabat amaz eta aita bere onera ekartzen saiatuko da.)
patxi: Ama oso harro zegoen gutaz... eta zuk orduko hartan ere dantzan egitera atera zenuen.... Akordatzen, aita?
musikaria: Ez dago ahanzturarentzat hesirik. Nor izatetik ezer ez izatera eramaten zaitu ahanzturak. Zu, baina ez zu bakarrik: ezereza bihurtzen zarenean, beste guztia zurekin.
(patxik, eroen dantzan, arrastaka darama aita.)
patxi: Jiratu nirekin, aita. Orain alde batera eta gero bestera... Aita, mesedez! Aita... aita!
musikaria: Zaharra, gero eta zaharrago. Erremediorik gabe. Atzera-bueltarik gabe.
(aita joan da bere mundura. Betiko.
patxi zeharo lur jota. Amaren arropak kentzen hasiko da pixkanaka. Oso pixkanaka.
Telefonora hurbildu eta hartu egingo du.)
patxi: Etorri nahi duzuenean. Gu prest gaude. Aita!!!