Ai, ama!
Arantxa Iturberen Ai, ama! Liburuan oinarrituta.
Ai ama! antzezlana 2002ko urriaren 24an estreinatu zen, Donostiako Egiako kultur etxean.
Lantaldea
Testua: Arantxa Iturbe, Agurtzane Intxaurraga.
Antzezleak: Ainhoa Aierbe, Miren Gojenola, Pilar Rodriguez.
Off ahotsak: Tessa Andonegi.
Zuzendaria: Agurtzane Intxaurraga.
Zuzendari laguntzailea: Tessa Andonegi.
Jantzien diseinua: Ramón García Zabalegi.
Eszenografia eta atrezzoaren diseinua: Agurtzane Intxaurraga.
Argiztapen diseinua: Xabier Lozano.
Kartelaren diseinua: Antton Olariaga.
Argazkiak: Dani Blanco.
Eszenografiaren egilea: Eskenitek.
Jantzien egilea: Ramón García Zabalegi.
Atrezzoaren egilea: Ramón García Zabalegi, Eskenitek.
Grabazio Etxea: Aztarna.
Teknika: Eragin.
Ekoizpen zuzendaria: Santiago Sueiras.
Ekoizpen eragilea: Mikel Laskurain.
Ekoizpen laguntzailea: Esther Lertxundi.
Banaketa: Gaupasa.
I.
(Eszenatoki zuria, lurra eta ingurua, dena da zuri. Atzealdean sokazko bi zabu. Zabuetan eserita, trapuzko bi panpina. Eszenaren eskuin aldean plataforma borobil bat. Honen erdian ere zabua. Plataformaren lurzoruak alde batera edo bestera jiratzeko aukera ematen du.
Aurrealdean beste bi zabu hutsik. emakume 1 (35 urte) eta emakume 2 (39 urte) haiei eragiten, umeak hantxe dituztela irudikatuz. emakume 3 (65 urte) bitartean, erdiko zabu handian eserita. Hirurak zuriz jantzita daude eta irribarre zabaleko maskara banarekin estalia aurpegia.
Musika alaia entzuten da, emakume ahotsez kantatua.
emakume 1ek eta emakume 2k zabuei eragiteari utzi eta atzeko zabuetan dauden panpinak besoetan hartu eta dantzan hasiko dira.
Hiru emakumeak amatasunaren zoriontasunari buruzko iragarki bat interpretatzen ari dira.
Ondorengo ahots guztiak, hiru emakumeenak, nahiz narratzailearena off-ean entzungo ditugu.)
1: Ai, ama!
2: Ai, ama!!
3: Ai, ama!!!
narratzailea off: Amak dira. Esan egin beharra al zegoen? Ez al zaie antzematen? Ez al zarete konturatu nola egiten duten irribarre?
(emakume 1-2-3k aurpegian daramaten irribarrea erakutsiko dute.)
narratzailea off: Irribarre honek badu bere arrazoia: euren seme-alabak. Amak dira, eta euren seme-alabei begira egingo lukete egun osoa, ez zaie zeregin hoberik bururatzen! Bizitza honetan zeukaten helburu nagusia bete dute! Horregatik egiten dute irribarre. Beti irribarre!
1: Ai, ama! Txikiak loreontziko lur guztia atera dizu!
2: Ez kezkatu! Aspiradora pasako dut!
1: Ai, ama! Etxeko giltzak komunetik behera bota dizkizu!
3: Lasai, bizilaguna linterneroa da.
1: Ai, ama! ColaCao guztia sofa berriaren gainean hustu dizu!
2: Eta zer? Di-da batean igurtzi eta berria bezala geratuko zait!
narratzailea off: Zer ote da ama izatea?
2: Ez dakit, baina gaur nik ez dut egun ona izan lanean. Lur jota nator. Zuzendariarekin eztabaida, lankideekin gaizki ulertuak...
narratzailea off: Eta zer? Egin irribarre, emakumea! Begiratu txikiari.
2: Behatzak lehertu beharrean nator enkargutatik!
narratzailea off: Zer da ba hori? Begiratu txikiari. Egiozu irribarre!
2: Biharko lan entrebistarako apropos prestatuta neukan soinekoaren gainean egin dit txiza!
narratzailea off: Eta zertarako daukazu mila erreboluziotan lehortzen duen labadora? Ez galdu irribarrerik!
1: Ai, nire txikia!
2: Laztana, egin looo, egin loooo... Ni hemen nago, amatxo hemen dago zure loa zaintzeko.
3: Maitea, pasako da mina. Amatxok emango dizu masajea, eta pasako da. Amatxorekin zauden bitartean dena pasako da.
1: Txiza egin al duzu galtzetan? Ez da ezer! Oraintxe aldatuko zaitut, eta ikusiko duzu zeinen goxo jarriko zaitudan, lehor-lehor.
2: Mina hartu al duzu belaunean? Hemen? Min asko-asko? Ez da ezer. Oraintxe sendatuko dizut.
3: Amesgaiztoa izan al duzu? Ez da ezer, oraintxe ahaztuko duzu. Nik lagunduko dizut.
narratzailea off: Amak dira.
1-2-3: Ai, ama!!!
II.
(Hiru emakumeak aurreko eszenan bezalaxe jantzita daude, baina maskararik gabe orain. emakume 2, haurdun dago orain, tripatzarrarekin.
Espazioan, erdian zabu handia duen plataforma borobila, besterik ez.)
1: Nik inoiz ez!!!
3: Inoiz ez?
1: Ez, ez dut inoiz ama izateko asmorik.
2: Ea, hori orain diozu, baina gero...
1: Baina gero zer?
2: Zure adinean nik ere ez nion garrantzirik eman.
1: A! Orduan, nahi gabe geratu zara!
2: Nahi gabe? Ederki kostata! Nahigabea ez geratzea zen!
1: Ba, ez dut ulertzen.
2: Nik ere ez nuela, lehenago...
1: ...ama izateko asmorik?
2: Asmo-asmoa bai, baina denborarik ez. Inoiz ez zen momentu egokia.
1: Eta orduan?
2: Egun batean galdetu nion nire buruari: “Orain ez?”. Eta ondoren galdera nagusia: “Zergatik ez?”.
1: Horregatik orain...
2: ...orain hiru urte...
1: Hiru urte horrela?
2: Orain hiru urte hasi ginela saiatzen. Eta hura bai nahigabea! Nahi eta ezina!
3: Ez zineten saiatuko ilargi betearekin.
2: Eta ilargirik gabe, eta ilgoran eta ilbeheran...
3: Bera goran eta zu beheran?
2: Eta ni goran eta bera beheran.
3: Hamaikagarren eguna da egokiena.
2: Hamaikagarrena? Azkeneko urtean, hamaikagarrenaren aurretik eta ondoren... egunero!
1: Egunero horretan?
2: Egunero. Jaiki berritan, eta oherakoan.
3: Siestan saiatu izan bazinete, beti ere goxoago.
2: Asteburuero hiru siesta.
1: Eta ezer ez?
2: Ezer ez.
1: Bueno, gutxienez ondo pasako zenuten!
2: Umea egin nahian? Umea egin nahian ez da ondo pasatzen.
3: Ez, hori ere egia da.
1: Ez dela ondo pasatzen? Ba, nik bai!
2: Baina zuk ez daukazu umerik.
1: Nahi ez dudalako.
2: Orduan ez dakizu hori zer den.
1: Lehendabiziko aldian haurdun geratu nintzen.
2: Lehendabizikoan? A ze suertea!
1: Hamazortzi urte nituen. Ez nuen nahi.
3: Gajoa...
1: Ez nuen izan.
2: Eta ni hiru urtean, jo eta su!
1: Gogorra izan zen, inori ezin ezer esan.
2: Inori ez?
3: Amari ere ez?
1: Amari?
2: Ba, nik neure umeei dena kontatzeko esango diet.
3: Ai, ama! Nire alaba txikienak hamazortzi urte ditu.
1: Galde iezaiozu orduan.
2: Zer gertatu zen?
1: Zer egin argi neukan, nora jo ez, horrelakoetan ez da erraza informazioa aurkitzea. Aurkitu nuen. Zortzigarren astean abortatu egin nuen. Negar egin nuen.
2-3: Umeagatik?
1: Ez, niregatik.
3: Ba, nik denetik izan dut: nahi nituenak eta nahi ez nituenak.
1: Baina zuk nahi al zenuen?
3: Nahi-nahi... zer esatea nahi duzu?
1-2: Egia.
3: Ba, ez dakit.
2: Nahi zenuen ala ez zenuen nahi, behintzat, jakingo duzu...
1: Nik badakit ez dudala nahi.
2: Eta nik badakit nahi dudala.
3: Nik ez nuen galderarik egiten... hasieran, behintzat.
2: Eta gero?
3: Gero... laugarrenerako bai, eta ez nuen nahi.
2: Lau dituzu.
3: Bai, lau, koskortuak.
1: Ba, nik ez dut inoiz izango.
2: Sekula ez esan hori. Begira niri. Azkenean, intseminaziora jo behar izan dugu.
1: Zertarako?
2: Umea izateko.
1: Ez. Zertarako nahi duzun umea izan.
2: Ez dakit oraindik.
3: Umeak gustatuko zitzaizkizun betidanik akaso.
2: Bai! Ez! Bueno, umeak bai, baina ez ume guztiak. Parean egokitzen zaizkizunak eta begiratze hutsarekin negarrez hasten direnak... ez!
3: Esperientzia zoragarria delako, orduan.
1: Esperientzia zoragarriagoak badira probatu nahi izatera.
3: Zahartzen zarenean konpainia izateko.
1: Kia! Konpainia ederra naiz ba ni nire gurasoentzat!
3: Ez dakit, mundu honetan zerbait uzteko.
2: Ez. Ez dut sentitzen mundu honetan ezer uzteko beharrik.
3: Nik zer dakit ba. Zoragarria zarelako eta munduan zure pareko beste pertsona zoragarri bat ikusi nahi duzulako!
1: Ni ere zoragarria naiz.
2: Ez, ez, benetan. Nahi izan nuen, izan nahi nuen.
3: Eta ezin.
2: Eta zenbat eta gehiago pentsatu...
3: ...orduan eta okerrago, noski.
2: Baina gaur egun, teknikak, badakizue... Orain zoriontsu naiz.
1: Antzematen zaizu. Baina ez nauzu konbentzitu. Ez... uste dut ez nauzula konbentzitu.
2: Ez zen nire asmoa.
1: Ez... uste dut... Ai, ama!!!
2: Zer duzu?
1: Ba... ez dakit.
2: Ez daukazu itxura onik.
1: Ez?
3: Bai!
1: Bai, zer?
3: Badatorkizula!
2: Zer? Umea? Ai, ama!
3: Ez, neska! Zuri ez, honi....
1: Baina zein dago hemen haurdun?
2: Ni nago haurdun!
1: Zer datorkit orduan?
3: Amatasunaren deia.
1: Zer?!
2: Baina oso garbi dauka. “Inoiz ez” esan du.
3: Ai ama, hori lehen zen, baina orain, zein da hurrengo galdera?
1: Zergatik ez?!
2-3: Ai, ama!
1: Ai, ama!!
III.
(emakume 1 hizketan ari den bitartean emakume 2k eta emakume 3k trapuzko tripa erantsiko diote.)
1: “Gehiegi pentsatzen baduzu, ez duzu inoiz izango. Pentsatzen duzunerako beranduegi izango baita akaso”, esaten zidaten batzuek.
2-3 (aldaketa fisikoagatik): Ai, ama!
1: “Ez da pentsatu gabe egin litekeen zerbait!”, beste batzuek. Nik erabakita neukan. Ez nuen nahi.
2-3: Ai, ama.
1: Baina “beranduegi” horrek pisu handia du. Guk badakigu orain ez bada, bihar izan litekeela eta, zorte pixka batekin, akaso etzi ere bai, baina iritsiko dela etzidamu, eta etzidamu ezinezkoa izango dela. Gaur ez dut nahi, baina bihar nahi badut eta ezin badut? Eta damutzen banaiz, zer?
2-3: Ai, ama!
1: Naturak dezente erraztuko liguke lana beranduegi horrek epe zehatza balu.
2-3: Naturak, ordea, ez du gugan pentsatzen.
1: Eta, badaezpada, beranduegi baino lehen...
2-3: Ai, ama!
IV.
1: Ya está! Egin dut.
2: A ze suertea... eta hain azkar!
3: Zorionak!
1: Oraindik gehiago gizendu behar al dut?
2-3: Ia ez zaizu nabaritzen eta!
1: Ez zaidala nabaritzen? Erditzear nagoela ematen du-eta!
2: Ui, oraindik...
1: Aizue... Esaten duten bezain gogorra al da?
3: Zer esatea nahi duzu? Ia ez naiz akordatzen!
2: Ez zarela akordatzen? Ezin dut sinistu!
3: Gauza horiek ahaztu egiten dira, eta gainera, erditzea gogorra izango da, baina gerokoa ez da xamurragoa.
1: Geroko zer?
3: Behin haurra jaio eta gerokoa.
1: Baina aurrena partoa pasa behar da.
2: Nik era naturalean izan nahi dut. Nik nire umea nola munduratzen den ikusi nahi dut. Sentitu egin nahi dut. Bere lehendabiziko irribarrea ikusi nahi dut.
1: A! Niri igual zait! Nik epidurala eskatuko dut. Eskatu egin behar al dut jada?
2: Goiz xamar izango da akaso, eta gainera, igual momentua iritsitakoan nahiago izan duzu zure semea... edo alaba? Zer izatea nahi zenuke?
1: Alaba!
3: Emakumea! Ondo etortzea da inportanteena!
1: Bai, jakina. Ondo etortzea nahi dut. Eta nahiago alaba.
2: Nik alaba daukat.
1: Ze ondo!
2: Ederra, gainera.
3: Zu ikusi besterik ez dago!
1: Zenbat kilo hartu dituzu?
2: Hogei.
1: Hogei kilo! Ai, ama!
3: Nik bigarrenarekin, hogeita bost!
1: Eta zer moduz erditu zinen?
3: Ez daukat oroitzapen berezirik.
2 (penaz): Ez ezazu hori esan.
1: Ai, negargura etortzen ari zait.
3: Laugarrenaz akordatzen naiz gehien. Forcepsekin tiraka atera zidatelako seguruenik. Beste hirurak etxean izan nituen, eta laugarrenarekin erietxera joan ginen, dena jakina uste nuenean arazo gehien. Horrela izaten dira gauzak.
2: Etxean ondo?
3: Beldur ederrarekin, baina ondo, bai. Laugarrenarekin okerragoa izan zen. Haiek, afeitatu nahian eta ni erdi-minez, eta txikia ezin atera eta...
1: Nor hasi zen afeitatzen trantze hartan?
3: Ba, ez dakit. Emagina ez zen izango... erizainen bat izango zen.
1: Zu erdiminez eta hura afeitatzen?
3: Bai, “zaude geldi” esaten zidaten! Eta ni ezin geldirik egon!
2: Ba, ni etxean afeitatuko naiz, joan aurretik.
1: Ni ere bai! Zertarako afeitatu?
2: Zu oso berde zaude oraindik! Infekziorik ez sortzeko egiten dutela uste dut.
1: Eta dutxa batek ez al du balio desinfektatzeko?
2: Lasai, neska. Jada ez dute halakorik egiten eta... Halere, purga bai, purgatik ez gara libratuko.
1: Ai, ama! Nork behar du purga?
3: Ez daukat detaile hori gogoan.
1: Purga nori, ordea?
2: Zuri ere bai. Izan aurretik, gero arazorik ez sortzeko.
1: Bueno, baina etxetik egin beharrekoak eginda joaten banaiz...
2: Lan asko hartuko dituzu zuk etxerako!
1: Ai, ama! Ze beldurra!
3: Ezetz, neska! Beldurra ez. Lotsa igual... Ez iezazkiozu gauza horiek kontatu, seko izutuko da-eta!
2: Ez dago ba izutzeko beste arrazoirik!
1: Oraindik gehiago?
2: Ba, esate baterako, nola betetzen zaituzten kablez.
1: Ez!
3: Bai.
2: Nola eginbeharrak eginarazten dizkizuten.
1: Ez!
3: Bai!
2: Nola heldu eta hanka zabalik jartzen zaituzten.
1: Ez!
3: Bai!
2: Nola guraizeekin ebakia egiten dizuten buruak kanporako bidea errazago egin dezan...
1: Ai, ama!
3: Bueno, tira, ez beldurtu umea, horiek denak ahaztu egiten dira, eta gainera, zer demontre? Zuk oraindik ez dituzu pasa-eta!
2: Baina badakizkit.
1: Nik ez dakit ezer!
3: Ikasiko dituzu, egon lasai.
1: Nola?
2: Ez dago ba konturik aldizkarietan, eta liburu berezietan!
1: Erosi egin beharko ditut.
2: Edo hor daude ama izan diren lagunak...
1: Ez dauzkat asko.
2: Edo gu bezala haurdun daudenak, edo auzokoak, edo haurdunaldiko ikastaroak...
3: Jessuus! Entzunaraziko dizute hamaika kontu! Ikusiko duzu!
2: Norberaren umea da benetako eskola. Egunero ikasaraziko dizu zerbait, bai horixe!
1: Baina hori jaio eta gero da... erditu eta gero esan nahi dut... Eta nik erditzeaz ikasi nahi dut.
3: Hori baino lehen ikasi behar zenukete erditzearena egun bateko kontua dela, bikoa gehienez. Eta gero bizitza osoa daukazuela, bere egun eta gau guztiekin, ama izateko, eta hori egunero ikasi beharko duzuela... bizi zareten bitartean.
1: Nik partoarena jakin nahi dut, lehendabizi! Min asko-asko-asko ematen al du?
3: Asko? Bai, asko.
1: A ver... zerk bezala? Giltzurrunetako kolikoak baino gehiago ala gutxiago? Behin izan nuen...
3: Ez dut uste ezerekin konpara litekeenik.
1: Reglaren minarekin, adibidez?
3: Bai, eta ez.
2: Baina askoz-askoz-askoz ere gehiago. Esaten dute.
1: Zuk ez al daukazu beldurrik?
2: Bai, baina iristeko gogoa ere bai. Bederatzi hilabete oso luzeak dira.
3: Eta eskerrak bederatzi hilabete diren, prestatzen joateko ere.
2: Eta gizentzeko, eta lorik egin gabe egoteko, eta umearekin amets egiteko...
3: Eta almorranak zer diren ikasteko...
1: Ene! Ez jarraitu, mesedez! (Keinu berezi bat egingo du)
3: Botagura sartu al zaizu?
1: Ez! Negargura sartzen zait.
2: Zuri edozer gauzarekin sartzen zaizu negargura.
3: Hormonak izango dira!
1: Ez hori esan! Dobleko negargura sartzen zait-eta!
3: Normala dela...
2: Baina amorrarazi egiten du, ezta?
1: Zergatik agindu behar didate hormonek noiz egin negar eta noiz ez? Eta zergatik egin behar dut negar, nik ez badut negarrik egin nahi?
2: Utzi negar egiteari, neu ere hasi egingo naiz, bestela!
1: Esan hori nire hormonei!
3: Hau kuadrilla! Tira, lasaitu zaitezte pixka bat.
1: Eta zuk ez al zenuen negarrik egiten?
3: Ez dakit, hainbeste denbora eta gero, bai, lehenengoarekin erditzeko orduan negar egin nuen. Baina gero gehiago. Tira, ahaztu hori.
1: Nola ahaztuko dut ba? Oraindik ez dut gogoan hartu-eta!
3: Oso polita ere bada.
2: Dena ondo joaten bada... Eta ez bazaituzte nire lagun bat bezala hanka-zabalik, umeari burua ikusten zitzaiola camillara pasatzerakoan lurrera botatzen.
3: Oso momentu xamurra ere bada.
2: Bai. Ez baduzu umearen aita buruarekin goiko lanpara jo duelako zorabiatuta lurrera erortzen ikusten, beste lagun bati gertatu zitzaion bezala...
1: Bua!
3: Misteriosoa, magikoa... Zugandik beste norbait jaiotzen da. Ordura arte zuretzat beste inorentzat ez zena, izan egingo da une horretatik aurrera. Jaio egingo duzu.
2: “Jaio egingo duzu”, zein hitz ederrak! “Ongi etorri” esateko gogoa emango du, ezta? Nik hala esango diot: “Baneukan zu ikusteko gogoa!”.
1: Nik negar egingo dut. Seguru.
3: Bai, negar eta barre, eta nekatuta sentituko zara, eta minez... Dena batera sentituko duzu. Beldurra ere bai...
1-2: Gehiago?
3: Baina bere negarra entzutean amaitzen da beldur hori. Bizirik dago eta bederatzi hilabetez barruan izan duzun horrek behatz guztiak ditu.
2 (unea imajinatuz): Ongi-etorri!!!
1: Ongi etorri.
1-2-3: Ai, ama!
(Isilune luzea momentua irudikatzeko. emakume 1 bere onera etorri eta galdezka hasiko da.)
1: Aizue, baina umeari noiz hasi behar zaio hizketan?
2: Beharra sentitzen duzunean... Nik dena kontatzen diot, aspalditik.
3: Nik ez nien ba inoiz hitz egin. Beraiekin pentsatu bai, noski, denekin, baina hitz egin ez.
2: Nik bai ba. Asko. Eta askotan negarrez ari naizenean, eta kalea gurutzatzera noanean, eta “lagunduko dizut” entzuten dudanean edo “hau ez ezazu jan” edo “horrela esertzea komeni zaizu” esaten didatenean, segituan esaten diot nire umeari: “Lasai, txiki. Ez didazu minik egiten. Zu eta ni moldatuko gara”.
1: A...
2: Eta jendeari esan ezin diodana ere berari kontatzen diot.
1: Adibidez?
2: Adibidez, kalean ezagunarekin topo egin, eta “hara! Haurdun zaude!” esaten dizunari emango niokeen erantzuna.
1: Ze erantzun?
2: Ezetz! Elefante bat gosaldu dudala!
1: Hori ez zenion inori erantzungo!
2: Ez, jakina. Baina gogoa etorri eta umeari kontatu bai. Pixka bat ezagutu nazan. (Umeari) E, laztana?
3: Gaixoa.
1-2: Umea?
3: Ez, zure ezaguna!
(Hirurak barre algaraka.)
2: Umea ondo dago hor barruan! Ez daki zer topatuko duen hona irteten denean. Nik ere ez, zer topatuko dudan bera jaio eta gero!
3: Ez, noski, hori jaio arte ez da jakiten.
1: Ba, ni lanik gabe utziko naute akaso. Ez dakit lanik emango ote didaten izan eta gero, eta pentsatze hutsarekin...
2-3: Sekulako negargura sartzen zaizu!
1: Hormonak.
2: Ba, nik urtebeteko eszedentzia eskatuko dut eta gero lan ordutegi murriztua.
3: Guk ez genuen horretan buruhausterik izan. Umea izan aurretik lan ordutegi osoa, eta gehiago ere bai, edo hiru, edo lau lan ordutegi betetzeko adina lan ere bai...
1-2: Kitto!
3: Eta lau ume izan eta gero amaierarik eta etenaldirik gabeko lan ordutegia, eta jakina, egunero ordu estrak ere bai: jatorduak, arropak, etxea, baratzea...
2: Nik neska bat hartuko dut etxeko lanak egiteko.
1: Zuk behintzat aukeratzeko aukera daukazu.
2: Zuk ere gauza bera egin zenezake.
1: Ez, neska! Nik ez daukat lan finkorik, eta gutxiago lan ordutegi murriztua eskatzeko eskubiderik, eta, zer esanik ez, etxeko lanak egiteko neska hartzeko aukerarik ere ez!
3: Aukeratzeko aukera gutxi.
1: Bakarra esango nuke nik.
2: Baina nik ez daukat errurik!!!
3: Errua. Hor dago gakoa. Estatu Batuetako amak izan bagina sikiera!
1-2: Zer?!
1: Bai, xehetasun hori garrantzitsua da, telebistan ikusi nuen atzo, iragarki batean...
V.
(emakume 2 eta emakume 3 iragarkiko protagonista bihurtuko dira. Haien jarrera iragarkikoa izango da. emakume 1, ordea, ikusle.)
1: Ai, ama! (Zer ikusiko ote duen beldur)
2: Ai, ama!!
3: Ai, ama!!!
narratzailea off: Benetan, baina bene-benetan zoriontsu dira. Amak dira. Esan egin beharra al zegoen? Ez al zaie antzematen?
3: Dena esaten hasi behar bada, gu amak gara, baina Estatu Batuetako amak!
1: Bai, xehetasun hori garrantzitsua da, hori egia da. (Ironia handiz)
2: Gu aspaldi konturatu ginen Superwomanen eredua krisian dagoela.
3: Gu konturatzen gara beti lehendabizi.
2: Eta zalantzan jartzen hasi ginen lanean konpetitiboa, etxean ezinbestekoa eta gainera, ama, dena batera izatea posible ote den.
3: Ezetz konturatu ginen, jakina.
2: Eta gutako askok etxera itzultzea erabaki dugu, gure lanbidea utzita.
narratzailea off: Ez dira bi hauek bakarrik. Gero eta gehiago dira.
2-3: Kontatuko al dugu Brenda Barnesena?
1: Kontatu, kontatu!
2: Brenda Barnes, Pepsi-Colako lehendakariordea zen.
1: Hori da gutxienekoa! Urtean hirurehun milioi pezeta irabazten zituen.
3: Orain urte batzuk, gainera... pentsa orain!
2: Eta egun batetik bestera, lana utzi, eta bere familiaz ez beste ezertaz arduratzea erabaki zuen: “Ez noa nire seme-alabek behar nautelako, nik haiek behar ditudalako baizik” esanez utzi zuen bere lana, milaka pertsonaren inbidia pizten zuen lanpostua.
3: Eta hor daukazu Iris Krasnow kazetaria ere.
2-3: Kontatuko al dugu?
1-2: Kontatu, kontatu.
3: Lau seme-alabez arduratzeko utzi zuen arrakasta ekarri zion lanbidea. “Ama militantea naiz; inoiz ez naiz egoera honetan bezain boteretsu, ase eta betea sentitu”. Liburu bat argitaratu du etxean geratzeko erabakiak berarentzat izan duen esanahia adierazteko.
narratzailea off: Titulua esan dezakete, baina propaganda hutsa denez ez dizuete esango.
1: Ze detailea!
2: Baina bai aspaldi sortu genuela Mothers At Home elkartea. Seme-alabak zaintzeko eta hezteko etxean geratzea erabakitzen duten emakume guztiei laguntzeko. Gure helburua etxetik kanpo lan eginez gizarteari laguntzea dela sinisteko hezi gaituzte, baina umeak iristen direnean, bizitzari beste era batera begiratzeko aukera izan, eta ez du zentzurik altxor hori beste batzuen esku uzteak. Horixe izan da gure aurkikuntza: frogatzea amatasuna ez dela esan izan diguten bezain itogarria.
2-3: Zuk ere gauza bera egin zenezake!
VI.
1: Ezta pentsatu ere! Gainera, lehen ere esan dizuet, nik ez daukat lan finkorik, eta gutxiago lan ordutegi murriztua eskatzeko eskubiderik, eta, zer esanik ez, etxeko lanak egiteko neska hartzeko aukerarik ere ez, eta ama bakarrik izateko inongo asmorik ere ez! (Erremarkatuz) Ni ez naiz estatubatuarra.
3: Aukeratzeko aukera gutxi orduan.
1: Bakarra esango nuke nik.
2: Baina nik ez daukat errurik!!!
3: Honek zer nahi du, ni errudun sentitzea?!
1: Bai, ez! Nik zer dakit! Nik ez dakit ezer! Nik nahi dudana da hau guztia ondo bukatzea! Besterik ez!
3: Ai, ama! Ikusten da, bai, gutxi falta zaizuela.
1-2: Nik... nik bakarrik... nik zoriontsu izan nahi dut, oso zoriontsu haurdun nagoelako!
3: Eta nork esan du kontrakorik?
1-2 (beren baitan zerbait sumatuz): Ai, ama!
3: Zorionak! Badatorrela!
VII.
(Hiru emakumeak plataforma gainean. emakume 3 zabuan eserita eta beste biak albo banatan, eserita.)
3: Hori eta gehiago da erditzea. Nork deitu ote zion erditzea? Bitan banatzea? Erditzen baino, barrena mila puskatan txikitzen ari zarela iruditzen zaizu, eta “noiz amaituko da hau?” galdetuko duzu, eta “lasai, oraindik luzerako daukazu” esango dizute, “ez zara dilatatzen” eta kasik ez duzu jakingo zer den dilatatzea, edo gutxienez ez duzu une horretan gogoratzen, eta kontrakzioak neurtzen dizkizute, eta “pufff, beste sei bat ordu bai” entzuten duzu, eta haurra izatea bururatu zitzaizun eguna madarikatzen duzu, eta etxera joan nahi duzu. Beste edozeren gainetik, etxera joan nahi duzu etorri zinen bezala. Eta bat-batean zerbaitek tira egiten dizu barrutik, bere kasa, zuk nahi gabe, tira eta tira... Bera da, irten egin nahi du, eta “lagundu!” entzuten duzu, “hartu arnasa eta bultza!” esaten dizute, eta zu ez zara akordatzen nola hartu behar den arnasa eta bultzatzeko indarrik ez daukazula iruditzen zaizu. Oso nekatuta zaudela. Oso.
1-2: Badator... Beldurtuta nago.
3: “Badator” hitza entzuten duzunean jabetzen zara zertan ari zaren... bai, egia da. Baina, bueno, hori egun bateko kontua da, bikoa gehienez.
(emakume 1 eta emakume 2 bultzatzeko ahalegin betean.)
1-2: Beldurtuta nago...
3: Beldurtuta, baina hori ez da ezer. Hau pasako da eta gero etorriko dira beste beldurrak, beldur gehiago.
1-2: Oso beldurtuta nago.
3: Koskortzen direnean, gehiago. Ume ttikia, arazo ttikiak; ume handia, arazo handiak.
(Ume jaio berrien negarra entzungo da. emakume 1ek eta 2k trapuzko panpina bana hankartetik atera eta hari begira geratuko dira, erdi negarrez.)
1-2: Ai, ama!
3: Ni, egunero beldurtzen naiz oraindik.
1-2: Jaio egin dut.
3: Zorionak...
1-2: Ongi-etorri.
VIII.
(emakume 3k bi zinta handi dauzka prestatuta emakume 1 eta emakume 2rentzat. Burutik pasa eta sorbaldatik barrena gurutzatuta jarriko dizkie.)
1: Hona hemen zuen tituluak!
2: Eskerrik asko.
1: Eskerrik asko. Aizu, hemen ez du izenik jartzen.
2: Nirean ere ez du izenik jartzen.
3: Nola ezetz?
2: Ez du nire izenik jartzen. Ni Ixabel naiz.
3: A, ez, ez... hemendik aurrera ez zara Ixabel izango.
2: Nola ez naizela Ixabel izango, Ixabel banaiz?
3: Hemendik aurrera Aneren ama izango zara. (Umeari, era ñoñoan) Zer moduz dago gure Ane? Esan amatxori ondo zaintzeko gero!
1: Aizu! Ni Izaskun naiz.
3: Hori lehen zen, orain izen berria duzu: Julenen ama.
2: Kaixo Julenen ama, zer moduz?
1: Ezetz ba! Ni Izaskun naiz, eta hau Julen, nire semea.
2: Hau nire alaba.
1 (umeari): Kaixo, Ixabel.
2: Ez, Ixabel ni naiz, nire alaba Ane da.
3: Zu orduan, Julenen ama zara, ezta?
1: Bai, Julenen ama banaiz, baina ni Izaskun naiz, I-zas-kun.
2: Eta ni Ixabel.
3: Zuen izenak orain ez du axola. Ama egin zarete eta hori da kontua.
1-2: Ai, ama, eta zu zein zara?
3: Ni? Zuen ama!
1-2: Ai, ama! Izena lapurtu digute.
3: Baina izenaren truke titulu berria jaso dugu: Ama. Eta tira! Bizitza berria zain daukazue. Apain-apain jarri zuen umea eta kalera!!!
IX.
(emakume 1 eta emakume 2 umeak besoetan dituztela. emakume 3 plataforman eserita puntua egiten, lasai.)
1-2: Ai, ama! Kalera irteteko lehendabiziko eguna!
1: Itoko ote zaizun beldurrez bainatu ondoren, jarri duzu apain-apain zure panpina. Zu janzten hasterako, ordea...
2: Ene! Bota egin duzu-eta!
1: Reflujoak omen dira.
2: Ene! Dena zikindu duzu, laztana! Lasai, amak dena txukunduko du-eta.
1: Dena. Bere jantziak, kapotan jarri berria zenuen maindirea eta burkoa.
2: Listo! Eta orain amatxok dutxa bat hartuko du... mua!
1: Dutxa! Gajoa.
(Umea negarrez entzungo dugu.)
2: Lasai... lasai, ez naiz dutxatuko.
1: Ez dago dutxarik.
2: Ene, zer ote du nire txikiak? Litekeena da maindire berria hotza aurkitzea.
1: Litekeena da.
2: Lasaitu laztana, amatxok oraindik jantzi egin behar du-eta!
1: Berari bost axola... Pentsatu!
2: Badakit, haizeren bat izango du.
1: Ditxosozko haizeak! Korridorean gora eta behera ibili...
(Umeak haizea bota duela entzungo dugu.)
2: Bapo! Hori zenuen, ezta?
1: Baretzen denean, berriro kotxera. Lortu duzu soinekoa janztea. Zorionak!
2: Presaka jantzi, ilea ere goma batekin bildu nola edo hala, eta kolonia bota besapean.
(Umea berriro ere negarrez. emakume 2k sustoa hartuko du.)
1: Bai, zurea da, ez dago besterik.
2: Jakina! Kaka egin du. (Ospatuz) Eta urre kolorea dauka!!!
1: Oso garrantzitsua. Urre koloreko kaka egin badizu, lasai egon, goroldio kolorekoa bada, ordea...
2: Ezzz! Kolikoak ditu!
1: Hiru hilabetez eta hogeita lau ordutan negar batean! Baina lasai, ume batzuek urre kolorekoa egiten dute. (Arnasa hartuz) Hartu berriro, aldatu goitik behera...
2: Bueno, azpiko arropa oraindik janzteko moduan dauka.
1: Prest zaudete azkenean!
2: Ene, hainbeste ordu ba al da?
1: Bai, bi ordukoa espero zenuen paseoak ordu-erdikoa beharko du izan, ordu-erdira gosetu egingo delako. Baina han zoaz zure panpinarekin kalera... etxean egin duzun negar saioaren ondoren.
2: Aizu, hemen negar zuk egiten duzu, entzun?
1: Bai, hormonak!
2: Ez dugu denok egiten! Hemen zuk bakarrik egiten duzu negar!
(Umea berriro negarrez.)
3: Bueno, zuk bakarrik ez. Tira, aurpegia ondo-ondo garbitu eta...
1-2: “Gizarteari erakustera”.
X.
(emakume 1 eta emakume 2 kotxe kapota banarekin. emakume 3 kalean gurutzatzen duten jendearena egiten.)
3: Ene! Zein dugu hau?
1: Julen, Julen da.
3: Zorionak! Noiz izan duzu?
(Umea negarrez hasi da.)
3: Ui, ene! Ume honek gosea du.
1: Bai, izan dezake. Tokatu egiten zaio (Bularrean jarriko du. Min emango dio)
3: Bai gauza polita! Ama umeari bularra ematen baina gauza politagorik!
1: Eta mingarriagorik! Barkatu, baina paseoan jarraitu behar dut...
(emakume 2rekin gurutzatuko da. Agur esango diote elkarri.)
1-2: Agur!
3 (emakume 2ri): Ai, ama! Ume hori hoztu egingo zaizu!
2: Ez dut esan. Hogeita hamar gradu daude bai guretzat, eta baita jaioberriarentzat ere, eta halere, gajoa, azpiko kamixeta jantzita atera dut. Badaezpada.
3: Ene! Kamixeta jantzi al diozu? Itoko zaizu! Eta gainera, hobe zenuke buruz behera jartzea, badakizu... ez itotzeko, hainbeste gauza entzuten dira!
2: Bai, hainbeste gauza entzuten dira... (Buelta emango dio umeari badaezpada)
(emakume 3 aldendu eta emakume 1 hurbilduko da. Pozik dator, azkenean, umeak lo hartu dio.)
1-2: Gero arte...
2: Lotan...
1: Bai, azkenean!
2: Ea asko irauten duen... Zer daukazu? Buruz gora?
1: Halaxe hartu du lo eta halaxe utzi dut. Ez noa orain mugitzen hastera.
(Ezer esan gabe, umea aldatu egingo du berriro posizioz, aurrera jarraitzen duen bitartean.)
3 (emakume 1i): Utziko al didazu besoetan hartzen?
(Umea negarrez hasiko da emakume 3k hartu bezain pronto.)
1 (emakume 3k ez entzuteko moduan): Ez. Ez nizun utzi nahi, lo zegoelako... Baina garbi dago galdera erretorikoa zela. Ez didazu erantzuteko betarik ere eman.
3: Torizu! Hain txikia da! Amaren falta antzemango du gizajoak.
1: Ez, emakumea! Esnatu egin duzu, eta esnaera txarrekoa da, ama bezalaxe!
3: Lasai, neska. Ez haserretu. Negar hori ez da lo faltarena, hori gosearena da.
1: Ba, oraintxe eman diot.
3: Ba, nik esango nuke, gosea duela. Ikusten nola zupatzen duen behatza? Nahikoa esne izango duzu ba?
1: Ez, gutxi eta hura txarra!
3: Gaur egungo amak edozerekin haserretzen zarete. Umeak ume bada negar egin behar du, emakumea!
XI.
(Hirurak aurrez aurre ikusleei hizketan. emakume 1 eta emakume 2 umeak besoetan.)
2: “Zer egin dut?”. Goizeko ordu txikiak, auzo guztia lotan eta ni, berriz, umearen negarra isildu ezinik. Hartu besoetan, utzi sehaskan, bularra eman, berriro hartu, egongelara joan, balkoira atera, ahalik eta goxoen kantatu, kulunkatu, haserretu, builaren bat atera, sehaskan utzi marru bizian, arnasa sakon hartu, begiak igurtzi, berriro hartu eta urrats bakoitzarekin batera...
1-2: “Zer egin dut?”.
(emakume 2ren umea loak hartu du. Honek atseden txiki bat hartuko du.)
1: Ni lehen ni nintzen eta ni naiz orain ere.
3: Baina orain ama.
1: Nik premia batzuk ditut, eta gogo batzuk, eta asmo batzuk, eta ilusio batzuk. Eta maite dudan lanbide bat, eta erabat asetzen nauen afizioa. Eta lagun batzuk. Eta izaera bat eta bizitzaren aurrean jarrera bat, edo bizpahiru.
3: Dena aldatzen da egun batetik bestera.
(Umea negarrez hasiko da berriro ere.)
2: Nekatuta sentitzen naiz. Eta errudun.
3: Errudunik ez dago.
2: Errudun sentitzen naiz ama izateagatik, umeak eskatu gabe biziarazteagatik. Eta protestan ari bada? (Goxo-goxo) Negarrez ari da.
1-3: Bai, konturatu gara.
2: Ezin dut lasaitu, zer egin dut? Ez dakit zer egin!
3: Zeu lasaitu, lehendabizi.
2: Negarrez dago. (Oihu egingo dio umeari) Ixo! Ixo! Errudun nire onetik atera eta errieta egin diodalako, errudun nire ezina beste guztiei leporatzen diedalako!
1: Baina zuk ez al zenuen hainbeste desio ume hori izatea? Zuk ez al duzu ba esaten oso zoriontsu zarela?
2: Hala naiz.
1: Hau guztia jakinda?
2: Hau guztia jakinda. Eta bizita.
3: Gauza bat jakitea baita, bestea bizitzea.
2: Ixo, ixo pottoko, amatxorekin zaude, laztana, eta amatxo ere oso nekatuta dago.
1: Ba, niri gogorra egiten zait nire premiak bigarren mailako premiak izatera pasa direla ikustea. Gogorra. Bera jaio ondoren, bere beharrak dira lehendabizikoak. Ez. Ia bakarrak.
(emakume 2ren umeak lo hartu du.)
1-3: Azkenean!
2: Ixo!!! (Pozik eta maitekiro) Nolaz galde dezaket zer egin dudan! Zu egin zaitut, pottoko.
1: Ba, nik ez dakit zer egin dudan. Nire premiak eta gogoak ez dira aldatu. Bere horretan irauten dute. Gogorik ez zait apaldu ama izateagatik. Izatekotan, gogoak egia bihurtzeko denbora joan zait. Asmo eta ilusioekin ere berdin gertatzen zait. Denborarik ezak asmoak asmo eta ilusioak ilusio izatera zigortu dizkit. Lagunekin ere, berdin. Lagunekin egoteko denbora nahi dut. Behar dut. Baina ama bihurtu naizenetik ez da erraza ama ez diren lagunekin harreman estua izaten jarraitzea. Orain errazago egiten zait ama direnekin egotea. Konpartitzeko gauza gehiago omen ditugu. Izaera, berriz, neurea daukat eta ez zait aldatu umea izateagatik. Aldatzekotan, gauzen garrantzia neurtzeko gaitasuna aldatu zait. Baloreak, baina neure izaera ez. (Umeari) Nik neu izaten jarraitu nahi dut, bihotza. Zurekin, baina neu.
2: Bizitza berri bat nahi nuen. Nahi eta ezinak beldurtu egin ninduen. Ezin izango ote nuen pentsatuta izutu egiten nintzen. Orain badut bizitza berri bat, zurekin, laztana, baina beldurrak ez ditut uxatu. Beldur naiz ez ote zaitudan ondo zainduko. Beldur naiz gehiegi maiteko ote zaitudan, eta beldur naiz, zu jaio arte, nireak ziren orduak, den-denak, konturatu gabe zuri emango ote dizkizudan. Beldurra diot zuri gehiegi lotzeari.
3: Errurik ez. Ez dago errurik. Errudunik ere ez. Beldurrak bai, beti. Zuen umeek zuek zareten bezalakoak ezagutu beharko zaituztete, zuek bera ezagutzen saiatuko zareten bezala. Ez dago besterik.
XII.
1: Amets egin dut.
2: Gauero amets bera.
3: Ametsa.
1: Azkenean lanpostu on bat eskaini didate. Gustukoa.
2-3: Zorionak!
1: Bai, pozik nago.
2-3: Amets polita, orduan.
1: Ume bat daukat, ama naiz.
2-3: Bai, eta zer?
1: Lana kanpoan da, etxetik urruti.
2-3: Ya.
1: Ametsean, umeak badaki eta negar egiten du, gaixotu egiten da, ez du jan nahi.
2-3: Ya. Ume batek ama behar du.
1: Korrika hasi nahi dut eta ezin naiz mugitu.
2: Gauero amets bera.
3: Ametsa.
2: Ni beldurtu egiten naiz ametsetan berarengandik urruntzen naizen bakoitzean.
1: Zergatik?
2: Nirekin baino hobeto ez dela inorekin egongo pentsatzen dut.
3: Beldurtu egiten zaitu zu gabe gaixotuko ote den pentsatzeak.
2: Edo parkean eroriko ote zaien.
1: Edo jaten ondo emango ote dioten.
2: Beldurtu egiten nau ametsetan ere etorkizunak.
3: Berak zuk maite duzun adina maiteko ote zaituen.
1: Ametsak besterik ez dira.
2: Gaiztoak baina ametsak.
3: Ametsak. Nik lau ume koskortu ditut eta denek agur esaten didate. Alde egiten ikusten ditut.
1: Bazen garaia.
2: Seguru al zaude?
1: Egongo ez naiz! Orain denbora izango duzu.
3: Zertarako behar dut nik denbora?
1: Zertarako? Irakurtzeko, zinera joateko, lagunekin kafe bat (edo bi) hartzeko?
2: Erlaxatzeko eta zeure buruaz gozatzeko.
1-2: Zorionak!
3: Ni ez nago preparatua. Nik gutxi irakurri dut, ez zuek bezala. Ni zinera bi edo hiru aldiz joan naiz, eta lagun-lagunak... Zer esatea nahi duzue? Niri umeak zaintzen joan zaizkit urteak. Ai, ama! Gurea beste belaunaldi bat izan da.
1-2: Familiari bizitza eskaini dion belaunaldia.
3: Hala da.
1: Hasi ikasten.
3: Nire adinean?
2: Egin bidaiak!
3: Imsersorekin?
1: Tira, zu zeu zara.
2: Izen eta deitura propioak dituzu.
3: Ez ote da beranduegi?
1-2: Beranduegi?
2: Ai, ama! Niretzat bai dela beranduegi! (Altxatu eta joateko prest) Berandutu egin zait.
3: Niretzat inoiz ez da berandu. Denbora dut. Parkera noa paseatzera.
1: Ni ere parkera noa. Umea egunero eramaten hasi naiz.
2: Ni berak eramaten nau.
3: Ni neure kasa joaten naiz.
XIII.
(Umeak zabuetan. emakume 1 eta emakume 2 eragiten.)
1: Zer, laztana? Gustura al zaude? Dilin-dalan, dilin-dalan...
2: Gehiago oraindik? Tira, Ane. Amatxo nekatuta dago. Goazen paseo bat ematera. Txirristara? Ez! Ezta pentsatu ere! Oso altu dago! Kontuz, Ane!
(emakume 3 ondoan eseriko zaie. Beraiekin hitz egiten saiatuko da.)
3: Kaixo!
1: Julen, joan nahi txirristara? Goazen, txapeldun!
2: Kontuz! Kontuz, Ane! Zutik ez! Eseri! Itxoin! Zu egon geldirik amatxok eskutik heldu arte! Gorroto ditut munduko parke guztiak!
3: Kaixo...
1: Hartu lasaiago, neska! Gehiegi estutzen duzu umea. Uztazu libre! Total, zu horrela egonda ere, igual-igual erori liteke!
2: Zuk lagundu, gainera. (Hitz egiten duen bitartean begi bat umearen gainean) Ederki antzematen zaizu kolunpioan jarri duzun lehendabiziko eguna dela. Ilusioa egiten du hasieran, bai. (Umeari) Ane, joango al gara etxera?
1: Atzo ez zinen etorri.
2: Ez, amonaren etxera joatea erabaki nuen, eguraldiak ze itxura hartu zuen ikusita.
1: Ba, ez zuen tantarik egin.
2: Ez, konturatu nintzen, baina...
1: Gu hemen egon ginen.
2: Seiak arte?
1: Bai, beti bezala.
3 (publikoari): Umeak gora eta behera dabiltzan bitartean gai nagusi bat izaten da amen artean: umeak. Eta ez da izaten amek ez dakitelako, ez dakigulako umea ez den beste ezertaz hizketan, askok hala uste badu ere. Parkea da amak elkartzen dituena, alegia, umeak, eta bakoitzak berea duelako elkartzen dira: ama direlako, eta parkean dauden bitartean horixe dute lotura bakarra, eta horrixe buruz hitz egiten dute. Aizue, eta zuek, zer moduz?
1-2: Gu?
1: Ondo, ondo.
2: Ane, zatoz! Merienda emango dizut! Ane!!!
3: Baina ni ez naiz umeez ari.
1: A, ez? Julen polit hori, amatxok merienda emango dizu zuri ere (Potoa emakume 3ri pasako dio eusteko) Barkatu, helduko al didazu?
2: Nola hazi den.
1: Bai, hala dagokio.
2: Urtea ez du oraindik, ezta? Aizu, mesedez, helduko al didazu une batean?
3 (libre duen eskuan hartuko du): Bai, bai... nola ez ba!
1: Ez, datorren hilean beteko du, bai.
2: Ane! Etortzeko hona! Oso handia dago.
1: Pertzentilean, erdi-erdian.
2: Ai, ama! Nola jaten dizun! A ze inbidia! Gureak ez du frutarik ikusi ere egin nahi. Etortzeko hona! Kontuz!
1: Jatun ona da, bai. Ba zurea, izugarri graziosa dago. Bi urte baditu, ezta?
2: Hiru hilabete eta erdi barru.
3: Bukatu al dute?
1-2 (gauzak jasotzen hasiko dira automatikoki): Bai, eskerrik asko. Esan eskerrik asko amonari, laztana!
2: Ze jertse polita erosi duzun!
3: Bai, ezta?
2: Ez, Julenen amari esan diot!
3: A! Bai, polita da.
1: Bai. Lehengo batean erosi nion.
2: Hemen?
1: Bai, hortxe bertan.
2: Horrelako zerbaiten bila nabil ni ere, baina ez dut aurkitzen.
1: Ba, aukera handia zeukaten.
2: Ederki kostako zitzaizun.
1: Ez dezazula uste. Nik, gainera, irabazten dudanarekin... badakizu.
3: Eta zuek zer moduz?
2: Zer?
3: Ea, zuek zer moduz?
1-2: Gu? Ondo, bai... Ondo?
(emakume 1ek eta emakume 2k ero bati bezala begiratuko diote emakume 3ri. Gero elkarrizketan jarraituko dute.)
3 (publikoari): Ez didate entzun ere egiten. Logikoak dira kontu hauek. Elkarren ondoan jarri eta hitzik egin gabe egotea ez da erraza.
(emakume 1 eta emakume 2 elkarren ondoan umeei begira elkarri hitz egin gabe. Biei gogoa antzematen zaie.)
1 (umeagatik): Ala!!!... (2ri begiratuz)
2: Ai!!! Kontuz bihotza!!!... (1i begiratuz)
1-2: O! Ene!... Eta?
(Berriro ere elkarrizketan hasiko dira.)
1: Ume horrek dauka indarra! Lo asko egingo dizu, ezta?
2: Ez nik nahi nukeen adina, baina...
1: Sendoa dago benetan!
2: Ez da loagatik izango!
1: Ez al du ondo lo egiten?
2: Bai, ondo bai, baina...
1: Gureak horixe egiten du ondo. Lo.
2: Ba, hau goizeko zazpietarako mugitzen da.
1: Goizeko zazpietarako?
2: Egunero.
1: Eta ze ordutan oheratzen duzu?
2: Bederatziak aldera.
1: Eta zer nahi duzu?
2: Saiatu izan naiz beranduago oheratzen, baina...
1: Ez, alferrik da. Hauek agindu egiten dute, baina gau osoan egiten badizu...
2: Normalean bai...
1: Gureak ez. Oraindik bi aldiz jaikitzen naiz.
2: Ze denbora duela esan duzu?
1: Hamaika hilabete baina biberoia eskatzen dit gauero. Eta ez dakit zer iruditzen zaidan ez ematea.
2: Gaixoak gosea baldin badu, zer egingo diozu ba? Baina, kasualitatez, ez duzu Duérmete, niño irakurrita izango?
3 (publikoari): Aspertu egiten dira parkean. Aspertzen dira egun guztiak berdinak direlako, aspertzen dira beti toki berean egon beharraz, aspertzen dira, beti elkarrizketa gai bera izateaz. (Emakumeei) Zer moduz?
1-2: Zer?
3: Ea zuek zer moduz.
1-2: Aspertuta, pixka bat aspertuta. E! Erabat aspertuta asperkeriez hitz egiteaz...
2: Ane!!! (Erdi negarrez) Gorroto ditut parkeak, gorroto ditut umea aske utzi behar dudala esaten didaten guztiak. (Badoa) Lasai, lasai, bihotza...
1: Nik burua parketik urruti daukat. Hainbeste gauza dauzkat egiteko. Tira, laztana, berandu da... Denbora asko daramagu hemen. Goazen... (Badoa)
3: Parkean dagoenaren buruak parkean behar du, eta burua parkean ez duenak hobe du parketik alde egitea. Burua bakarrik ez gara, ordea, eta bihotzak aginduta joan behar izaten dute. Umeagatik. Umea pozik ikusteagatik, denbora batean bederen... (Paseatzen aldentzen ikusiko dugu. Bere buruari) Eta nik, zertarako behar dut nik orain denbora?
XIV.
(emakume 1 eta emakume 2, emakume 3ri besotik helduta.)
1: Ai ama! Zergatik ez zenidan hau dena lehenago kontatu?
3: Zer? Parkeetakoa?
1: Ba... dena! Ez dakit nondik hasi.
2: Hasieratik hastea onena.
3: Ez dakit non dagoen hasiera.
1: Ez dakizula? Nik bai! Zergatik ez zenigun esan haurdunaldian hainbeste negar egingo genuenik?
3: Ez al nizuen nik esan probetxuzko emakumeak izaten ikasteko?
1: Bai... baina...
3: Ez al nizuen karrera bana eman, nik bezala buka ez zenezaten?
2: Bai, ama, baina...
3: Zenbat aldiz entzun didazue amarena paper zaila dela? Alaba izatearena baino gehiago.
1: Askotan, baina...
3: Ez dago bainarik! Nik esan dizuet, baina ez didazue entzun nahi izan! Hor dago koxka! Zenbat aldiz kontatu dizuet zuen aita ze ordutan iristen zen etxera, iristen zenetan?
2: Baina gure aita kamioizalea zen!
3: Horregatik! Eta zenbat aldiz hasi naiz kontatzen, gauean azkenekoa oheratu eta egin beharreko lan guztiak egin ondoren, ni oheratzerako lehendabizikoa esnatzen zitzaidala? Zenbatetan egin didazue kasu? Inoiz ez.
1: Baina inoiz ez diguzu egia esan!
3: Ez dizuedala egia esan? Zer esan behar nizuen? Damutzen naizela zuek izan izanaz? Ez da egia, ordea! Harro nago zuen ama izateaz! Zuen aita beti kanpoan izaten zen, ni beti etxean, beti lanean, biok, bakoitza bere erara, zuekin beti ni. Zenbat negar egin ote dut! Hasieran eta gero, eta baita orain ere! Ze demontre! Nik bakarrik dakit zer pasatu dudan!
1: Horregatik, ama! Zuk bakarrik dakizu!
3: Esateko era bat da, umea.
2: Haurdun nengoela esan nizunean hunkitu egin zinen...
1: Nik esandakoan ere bai...
3: Nola ez naiz ba hunkituko! Hunkitu... eta kezkatu. Biak batera. Batetik, badakidalako zer den hori, eta zorionez, unerik txarrenak eta gogorrenak ahaztu egiten dira, eta ez zaituztedalako sufritzen ikusi nahi. Baina bestetik, horixe delako bizitzaren legea. Eta umeak izatea gogorra da, baina zuk ba al dakizu zenbat pozten duten etxea? Halere, nik uste nuen zuek ez zenituztela izango.
1: Nik ez nuen nahi baina...
2: Nik bai... baina ez nuen momentua aurkitzen, badakizu.
3: Eta halere, poztu egin nintzen. Asko poztu nintzen eta nik izan ez nuen laguntza emateko prest nago, gainera.
2: Bai, ama, eta eskerrik asko.
3: Nik badakit zer den hori.
1: Baina horrek ez du esan nahi egunero gure etxean egon behar duzunik.
3: Laguntza behar duzuenean, badakizue non nagoen.
1: Halere, ama... gehixeago jakin izan bagenu... igual...
3: Zer entzun nahi zenuten: “Ez izan umerik”?
2: Ez, ez da hori... badakizu ez dela hori...
3: Eta “ez izan umerik” esan izan banizue... zenbat izango ote zenituzten?
1: Nik jakin izan banu...
3: Zer?
1: Hau guztia...
3: Zer?
1: Ez dakit.
2: Egunen batean, “zergatik ez?” galdetuko zenuen.
1: Galdetu nuen.
2 (umea balitz bezala): Ama...
3: Zer duzu, umea?
2: Ama...
3: Zer?
2: Zuk, umeak izan eta gero, aitarekin...
3: Zer?
2: Badakizu...
3: Badakit, zer?
2: Nik ez dut denbora askoan gogorik izan!
1 (harriturik): Ez duzula gogorik izan?
2: Ba, ez. Hau ez diot inori kontatu eta bada norbaiti kontatzeko garaia... umea jaio eta denbora askoan, ez dut gogorik izan. Ez. Benetan.
1: Nik gogoa bai, baina... Ai, ama! Lurra zulatzea baino zailagoa zen hura.
3: Ixo, ume! Kontu horiek ez dira inori kontatzekoak!
2: Ez, ama. Hobe norbaiti kontatzea. Nazka bezala ematen zidan. Bueno, batetik, neroni ahula sentitzen nintzen, gorputz guztia minberatua, gorputz guztia nirea ez balitz bezala, beste batena balitz bezala eta bularra eman behar haurrari, eta halako nekea, eta... Ba, ez! Ez neukan gogorik. Ez eta kontua aipatzekoa ere!
1: Eta zuk, ama?
3: Ai, ume! Hori galdera!
1-2: Ama!
3: Ba zer esatea nahi duzue? Ez naiz akordatzen! Eta akordatuta ere... zuk uste, ni hasten nintzela gogorik baneukan ala ez neukan galdetzen?
2: Baina ze bizimodu klase izan da zurea?
3: Nirea ez, umeak. Zuena...
1: Ai, ama... Galderak egiteko ere denborarik gabe?
3: Eta orain laurak koskortuta, zertarako behar dut nik denbora?
1-2: Ama, nahi duzuna egiteko...
3: Gauza bakarra egiten ikasi dut, ordea...
1-2: Ai, ama gurea!
XV.
3: Baina umea...
1-2: Ama...
3: Daukan katarroarekin nola aterako duzu ba jertserik gabe!
1-2: Ama...
3: Umea! Hoztu egingo zaizu eta gero izango dituzu komeriak!
1-2: Ama, ni naiz bere ama.
3: Ume bat besterik ez zara-eta!
1-2: Ume baten ama den umea.
3: Horregatik ba... egiozu kasu amari...
1-2: Ama, ama naizela ni ere.
3: Hemen ama ni naiz.
1-2: Ni ere bai...
3: Ni zurea.
1-2: Eta ni honena.
3: Amak beti gehiago jakiten du...
1-2: Ama! Ama ni naiz!
XVI.
(Hiru emakumeak, berriz ere maskarak aurpegian. Eszena honetan ordea, hizketa egiteko, maskara erantzi egingo dute.)
1: Ai, ama!
2: Ai, ama!!
3: Ai, ama!!!
narratzailea off: Amak dira. Esan egin beharra al zegoen? Ez al zaie antzematen? Ez al zarete konturatu nola egiten duten irribarre?
(emakume 1, emakume 2 eta emakume 3 oso serio.)
narratzailea off: Irribarre honek badu bere arrazoia: euren seme-alabak. Amak dira, eta euren seme-alabei begira egingo lukete egun osoa, ez zaie zeregin hoberik bururatzen!
1-2-3: Ez... Kia!
narratzailea off: Bizitza honetan zeukaten helburu nagusia bete dute! Horregatik egiten dute irribarre. Beti irribarre!
(emakume 1, 2 eta 3 negar txikian.)
1: Ai, ama! Txikiak loreontziko lur guztia atera dizu!
2: Ez kezkatu! Superwomanak aspiradora pasatuko du!
1: Ai, ama! Etxeko giltzak komunetik behera bota dizkizu!
3: Lasai, interneta daukat, linternero bati deituko diot...
1: Ai, ama! ColaCao guztia sofa berriaren gainean hustu dizu!
2: Eta zer? Igual berria erosteko aprobetxatuko dut...
narratzailea off: Zer ote da gaur egun ama izatea?
1-2-3: Errudun sentitzea. (Negarrez lehertuz)
2: Gaur ez dut egun ona izan lanean. Lur-jota nator. Zuzendariarekin eztabaida, lankideekin gaizki ulertuak...
narratzailea off: Eta zer? Egin irribarre, emakumea! Begiratu txikiari, berak ez du errurik.
2: Ez!!!
1: Behatzak lehertu beharrean nator enkargutatik!
narratzailea off: Zer da ba hori? Begiratu txikiari... egiozu irribarre... berak ez du errurik.
1: Ez ba!
2: Biharko lan-entrebistarako apropos prestatuta neukan soinekoaren gainean egin dit txiza!
narratzailea off: Eta zertarako daukazu mila erreboluziotan lehortzen duen labadora? Ez galdu irribarrerik! Txikia da eta ez du errurik.
1-2-3: Egia. Errua gurea da.
1: Ai, nire txikia...
2: Laztana, egin looo, egin loooo... ni hemen nago, amatxo hemen dago zure loa zaintzeko.
3: Maitea, pasako da mina. Amatxok emango dizu masajea, eta pasako da... amatxorekin dena pasako da.
1: Txiza egin al duzu galtzetan? Ez da ezer... oraintxe aldatuko zaitut.
2: Mina hartu al duzu belaunean? Ez da ezer... oraintxe sendatuko dizut.
3: Amesgaiztoa izan al duzu? Ez da ezer... oraintxe ahaztuko duzu.
narratzailea off: Amak dira.
1-2-3 (etsiturik): Ai, ama.
narratzailea off: Berak ez du errurik.
XVII.
1-2-3: Nik bai. Etxetik kanpo zortzi ordu lan egin arren etxera lanez lepo natorrelako, lo gutxi egiten dudalako, alde egiterakoan negarrez geratu delako.
1: Haurtzaindegian.
2: Zaintzailearekin.
3: Nirekin.
1-2-3: Sukarra zeukala eta lehenbailehen joateko deitu didatelako, eta hala ere, erosketak egitera eraman dudalako, bankura kredituaz hitz egitera joan beharra geneukalako, eta parkean berarekin haserretu naizelako, afaria azkar eman nahi izan diodalako, negar egin dudalako, eta bere aurrean errudun azaldu naizelako.
1: Gorroto ditut nire hormonak.
2: Nire umore aldaketak.
3: Nire bakardadea.
XVIII.
(Hiru emakumeak jiraka ari den plataforma gainean. emakume 3 zutik eta emakume 1 eta 2 zabuan eserita, elkarri bizkarra emanez.)
1: Amets egin dut.
2: Gauero amets bera.
3: Ametsa...
1: Azkenean lan on bat eskaini didate. Gustukoa.
2: Zorionak!
1: Bai, pozik nago.
2-3: Amets polita orduan.
1: Ume bat daukat, ama naiz.
2-3: Bai, eta zer?
1: Lana kanpoan da, etxetik urruti.
2-3: Ya.
1: Dena eta denak utzi eta joatea erabaki dut.
2-3: Umea utzita?
1: Bai, utzita. Bizitzan ez dut honelako beste aukerarik izango.
2-3: Zure umea haziko da.
1: Txikia zen ametsean, oso txikia. Nitaz ez dela akordatu ere egingo pentsatu dut. Izerditan esnatu naiz.
2: Gauero amets bera.
3: Ametsa.
2: Nirea hazi egin da, bat-batean.
1: A ze suertea!
2: Ze pena!
1: Pena?
2: Pena, bai. Hain dira politak txikitan...
3: Politak dira, bai. (Biei begira)
2: Hain gustura egoten naiz besoetan hartuta.
1: Gero berak hartuko zaitu besoetan.
2: Orduak pasatzen ditut laztantzen.
1: Ez galdu ohitura onak!
2: Eta ezin nuen besoetan hartu!
3: Hori ez da betirako.
2: Hainbeste hunkitzen nau zenbat behar nauen ikusteak.
3: Gero ere beharko zaitu.
1: Ama, nik behar zaitut. Datorren astean...
2: A, hori baino lehen, bihar, ama... arratsaldean...
3: Bihar arratsaldean, zer?
2: Pelukeriara joateko asmoa neukan... hainbeste denbora da ez naizela izan!
3: Ba, kasualitatea, nik ere ordua hartua daukat!
2: A, bueno, orduan... Ez, ezer ez, beste batean joango naiz.
3: Alda dezaket, baina gehienera etzirako...
1: Zer daukazu etzi?
3: Etzi ez. Asteburuan, banoa.
1: Nola bazoazela?
3: Banoa, hilabeterako.
2: Nora, ordea?
3: Mundua ezagutzera!
1: Orduan datorren astean ezingo didazu umea zaindu! Lan-entrebista bat daukat eta...
3: Ezingo dut.
1: Ai, ama!
3: Pertsona independenteak izaten erakusteko, neuk izan behar dut lehendabizi independente.
1: Hori nik esan nizun.
3: Eta nik ikasi eta ni ez banaiz niregatik eta niretzat bizitzen, inork ez du nire bizitza biziko nire ordez.
2: Nik esan nizun hori...
3: Eta nik ikasi. Inoiz ez da berandu. Arrazoi zenuten.
1: Ai, ama!
2: Ai, ama!
3: Beti izango nauzue laguntzeko prest... libre nagoenean.
XIX.
(Hasierako kantu bera. Ozen.
emakume 1 eta 2 jolasean, elkarri eskuak emanda, jirabiran. emakume 3 haiei begira, pozarren.
Musika isiltzearekin batera askatu eta barrezka amaituko dute.
Erantzi egingo dute gainean daramaten jantzi zuria. Barruan daramatzatenak koloretsu ikusiko ditugu: gorri, urdin, more.)
1: Amets egin dut.
2-3: Berriro?
1: Lan on bat eskaini didate.
2-3: Beste bat?
1: Gogoko dut lan hori!
2-3: Ondo dakigu.
1: Ez al nauzue zorionduko?
2-3: Bukaera jakin eta gero.
1: Dena utzi...
2: Dena utzi eta...
3: ...joatea erabaki duzu...
1: Umea utzita?
2: Bizitzan ez duzu beharbada horrelako aukerarik izango.
1: Bai, eta aprobetxatu egingo dugu.
2-3: Dugu?!
1: Bai, hazten ikusi nahi dut. Biok joango gara. Umeak ez dit bizitzen uzten, baina, orain, ezingo nintzateke umerik gabe bizi. Pozik nago eta umeak badaki. Ez du negar egiten.
3: Baina lan horrek ez dizu asti asko utziko.
1: Egia. Ordu gutxi izango ditugu elkarrekin egoteko, baina, gutxi izanik ere, batak besteari gustura eskainitakoak izango dira, oso-osorik.
2-3: Zorionak!
1: Ametsean... ez naiz damutuko ama ere izateaz.
2: Nik ere amets egingo dut!
1-3: Ze amets?
2: Amets... goxoa.
3: Ume zoragarria duzu.
2: Zoragarriena!
1: Eta ederr...
2: Ixo! Ametsean debekatua daukat, inork galdetu gabe, niri “ama” hots egiteko eskubidea duen oraingoz pertsona bakarrak “ama” esaten didanean, zer sentitzen dudan adieraztea.
1-3: Amets goxoa.
2: Galdetzen ez badidate, ez dut umeaz hitz egingo.
3: Eta galdetzen badizute?
2: Orduan, kontuan izango dut galdetu didana guraso den ala ez.
1: Guraso ez bada?
2: Minutu bat daukat erantzuteko.
1-3: Ya!!! (Denbora kontrolatuz)
2 (ahalik eta azkarren erantzunez): Gaur goizean, dutxan sartu berria nengoela, bat-batean bere ahotsa entzun dut, “ama, ama, amatxo” esaten. Bihotzak ia-ia eztanda egin dit. Pentsatu... bere ahotsa... hain fina, hain goxoa, hain kantaria: “Ama! Ama etoi” esanez.... “Nola ez naiz ba joango, laztana?” erantzun diot nik nahiz eta une hartan burua xaboiez lepo izan. Ura itxi, buruan toalla hala-nola jarri eta ura dariola korridorea zeharkatu dut bere gelara ziztu bizian ailegatzeko. “Ama bibeloia” esan dit nire itxura tamalgarriari erreparatu gabe. “Bai, laztana!”. Korrika abiatu naiz berriro ere sukalderantz...
1: Kitto! Minutu bat.
2 (arnasestuan): Eskerrak...
3: Eta guraso bada?
2: Bi minutu.
1-2-3 (ikusleei maliziaz): Ya! Ixo...
1-2-3: Ai, ama!
XX.
(Hiru emakumeak dantza eroan. Bat-batean musika eta akzioa gelditu eta publikoari adi begira jarriko dira.)
1: Ia-ia ahaztu nuen!
2 (kezkatuta): Ai, ama! Zer?
1: Ez ditugula aipatu ere egin...
2-3: Nortzuk?
1 (ikusleei): Zuek, bai, zuek, aitak, ez zaituztegu aipatu ere egin!
2: Eta zer aipatu behar genuen, ba, aitei buruz?
1: Ez dakit baina, amaz ari bagara, eta umeaz... aitak ere izango du zeresana...
3: Eta gaur egungo aitek, batik bat.
1: Ez, ez, ez... ez hasi, ama.
3: Ez dituzue zuen aitekin konparatuko.
1: Ez, ez gara konparatzen hasiko.
3: Ez da berdina.
2: Ez, ez gara berdinak.
1-2-3: Ai, aita!
2: Ez zaituztegu ahaztu...
1: Ez dago zuek ahazteko modurik.
2: Baina, Ai, ama!n ez zarete kabitzen.
1: Asko geneukake zuei buruz kontatzeko, ama bezala...
1: Baina ez ditugu aipatuko...
3: Gaur ez.
1-2-3: Gaur, Ai, ama! esatera etorri gara...
1: Ai, ama!
2: Ai, ama!!
3: Ai, ama!!!