OFF THE RECORD
Antzezlanaren bertsio laburra, 2015eko apirilaren 17an estreinatu zen, Bilboko Pabellón 6 aretoan.
Antzezlanaren bertsio osatua, 2017ko azaroaren 3an estreinatu zen, Berako Kataku Ostatuan, Morbus operandi tituluarekin.
Lantaldea
Testua eta zuzendaritza: Galder Perez.
Antzezleak: Ane Zabala, Aiora Sedano.
Espazioaren diseinua eta argiztapena: Gilkitxaro.
Ekoizpena: Bibote Gorriak.
(Ikusleak akzioaren inguruan borobilean eseriko dira, aktoreak erdian eta gertu.
arantzazu garmendia mobilarekin jolasean ari da ikusleak sartu bitartean. Ikusle guztiak sartu direnean, arantzazuk dei bat egingo du. Oso nabarmen hasiko da berbetan gehiegikeriazko keinuz eta ahotsez.
Geroago karmele fernandez etorriko da. Lotsati dator. Agur keinua egingo du.)
arantzazu: Segundo bat, orain lanpetuta nago. (karmelek lotsaz itxaroten du sarreran, arantzazuk telefonoz jarraituko du, harrokeriaz) Ai, maitea, gertu eduki itzazu lagunak, baina gertuago izan beti etsaiak. Zaude lasai, utzi dena nire esku. Musu bat, agur.
(Eskegi duenean karmele sartuko da, irribarrez.)
arantzazu: Bai, kafea.
karmele: Ez, mila esker, ez dut nahi.
arantzazu: Kafea. Ekartzeko kafea.
karmele: A, barkatu. Baina... non dago?
arantzazu: Alproja! Ez dakizu non dagoen kafe makina, ala?
karmele: Nire lehenengo aldia da hemen...
arantzazu: Irten eta eskumara! Bekadunak...
karmele: Praktiketan, praktiketan nago...
arantzazu: Bekadun erreibindikatzailea...! Mon dieu. Zoaz!
karmele: Zera... aldizkarian nabil praktiketan, zazpigarren urtez.
arantzazu: Aldizkaria?
karmele: Bai, Karmele Fernandez naiz, Super Interesgarri aldizkarikoa.
arantzazu: A, bai! Super Interesgarri. Barkatu... Hain nago lanpeturik. (Atsegin agertu nahian) E, e, eseri, mesedez, eseri.
karmele: Nahi baduzu beste momentu batean bueltatu naiteke. (Esertzen da)
arantzazu: Ez! Hobe ahalik eta azkarren zama gainetik kentzea. (Zutitzen da, harrokeriaz mugitzeko) Esan nion Josuri, Josu Gomezi, zure zuzendariari, EuskoGourmet nire enpresa handia, merezi duen izen handiz eta letra larriz agertzea nahi dut. Orrialde osoko nire argazkia.
karmele (notak hartzen): Zuk nahi duzuna, noski.
arantzazu: Editoriala ere nahi dut!
karmele: Noski.
arantzazu: Aizu, eta zuk dena asmatu eta idazten baduzu? Eraginkortasuna!
karmele: Ui... Egia esan, nik gustura egingo nizkizuke galdera batzuk... Asko miresten zaitut… pertsona eta enpresari gisa. (Mirespenez) Agurtzane Garmendia!
arantzazu: Ez da harritzekoa.
karmele: Gainera, zuen marka, EuskoGourmet, zera, ba... oso gogoko dut... Azken urteetan zuen jakiak baino ez ditut jaten. (Zirraraz betea) Bono premier eta guzti daukat!
arantzazu (dibertigarri): O, bono premierra… bezero fidela zaitugu, hortaz?
karmele (lotsagorrituta ia): Fidelena, jiji…
arantzazu: Orduan bai, atsegin jokatuko dut zurekin! (Etena) Txantxa, neska, txantxa dela!
karmele: A… txantxa.
arantzazu: Axola dizu zigarroa pizten badut?
karmele: Beno, asmatikoa naiz eta leku itxi batean, hobe ez…
arantzazu: Asmatikoa? (Zigarroa pizten du) Gaixoa… Zu bai, zu... Asmatikoa... Klima lehorra komeni zaizu orduan! Zer dakit nik, Tutera edo... Trebiņu! (karmelek eztul egiten du) Trebiņurekin arazorik, ala?
karmele: Ez, ez... Kea da, keagatik…
arantzazu: Hobe zigarroa itzali eta txiklea jan. (Txiklea eskainiz) Bat nahi?
karmele: Ui, ez, ez, ez! Mila esker. Ez dut halakorik jaten. Txiklea nahi gabe irentsiz gero urdailean edo heste lodiko bidean geratzen da betiko... itsatsita.
arantzazu: O, bai... Txikleak niri ere kezka sortzen dit.
karmele: A, bai?
arantzazu: Bai, sekula ez dakit nora bota, konposta egitera ala ontzi horira.
karmele: Banekien alturako emakumea zinela!
arantzazu: Txantxa, neska, txantxa dela! Niri bost txiklea nora bota!
karmele: Ba... jakin beharko zenuke... petrolioz eginda daude.
arantzazu: Ba zuk jakin beharko zenuke, interesgarri den oro dago petrolioz egina, maitea.
(Etena. karmelek zer esan ez daki, baina ez du irribarrea galtzen.)
karmele: Beno, ba... galdetegiarekin hasiko gara!
arantzazu: Hobe, bai.
(karmelek kasete grabagailua aterako du.)
arantzazu: Pleistozenoko grabagailua! Niretzako oparia da, ezta? (Eskuetan hartzen du) Josuk eman dizu. O, xalamero! (Lizunkeriaren bat eginez grabagailuarekin) Ondo daki horrek vintage objektuek bero jartzen nautela, sutan!
karmele: Nire lan tresna da.
arantzazu: Noski. (Grabagailua bueltatzen dio) Asko dakizu zuk...
karmele: Elektromagnetismoaren hipersentsibilitatea sufritzen dut eta.
arantzazu: Txikleagatik ala keagatik?
karmele: Uhin elektromagnetikoen ondorioz zorabiatu egiten naiz eta horregatik ezin dut mp3, wifi, tablet edo telefono mugikorrik erabili.
arantzazu (sinetsi ezinik): O! Benetan?
karmele: Hala da.
arantzazu: Ja! Ja! Ja! (Bere telefono mugikorra aurpegian jartzen dio karmeleri, eta hau izugarri ikaratzen da) Txantxa, neska, txantxa dela!
karmele: A, bai, txantxa. (Etena) Beno, axola dizu elkarrizketa grabatzen badut?
arantzazu: Ez, noski. Ez duzu halako ahots ederrik sekula aurkituko. (Etena) Txantxa, neska, txantxa dela! Tira, bota azkar.
karmele: Batetik hamarrera zenbatu dezakezu?
arantzazu: Aizu, ergeltzat naukazu?
karmele: Ez, mesedez, ez.
arantzazu: Orduan?
karmele: A... Zera... Grabagailua ondo dabilen frogatzeko...
arantzazu (gogo txarrez): Bat, bi, hiru, lau, bost, sei, zazpi… Nahikoa?
karmele: Baietz uste dut. (Grabagailuari begira) Bai, prest!
arantzazu (dagoeneko asper eginda): Bota, bada, galdera.
karmele (izugarri gozatuko du): Beno hasteko gustatuko litzaidake labur kontatuko bazenit, labur, oso labur, ba zera, ezta?, ezerezetik jaiotako zure enpresa entzutetsua, zera, hain txiki jaio eta funtsean hain handi egin dena, ezta?... baina eta, nola bilakatzen da Euskal Herrian, beno eta ez bertan soilik, barkatu, baita Europa osoan ere oro har, zera... zazpi urteko epean, krisialdi eta guzti, zera ba... puntako jaki enpresa izaki, hau da, errekonozitua, adoratua, alegia, burtsetan miretsia… nola esan, orokorrean merkatuko eta geografiako muga guztiak apurturik, argi esateko... formula magiko batekin bezala apurturik, zera... nola iristen zaren janarian, hau da, esan nahi dut... zer diot janari, gaur egungo elikaduraren inperio eta aldi berean miresteko adibide izatera, ezta?... hau da, baratze bateko ilar txiki bat nola bihurtzen den... azken finean, esan nahi dut, nola esan, noski...
arantzazu (mozten dio txosten bat botaz): Txosten honetan duzu enpresaren eta nire gailurreratzearen laburpena.
karmele (kolpe batez txostena botatzen du ikaraz): Grapak ditu! Grapak!!!
arantzazu (karmeleren histeria imitatuz): Grapak ditu, bai!
karmele (histeriak joa): Grapak erabiltzearen guztiz kontra nago! Nondik datorren ez dakigun material batez eginda daude grapak. Gainera, ez dira ezinbestekoak. Orriak biltzeko hobe ba.... zera, haria erabiltzea, adibidez... Badakit kotoiak esklabotza ekarri zuela eta... Baina grapak, auskalo zerez eginak dauden eta, gainera, hain dira itsusiak... eta hotzak!
arantzazu: Paranoiko xamarra zarela uste dut, laztana.
karmele (pinpirinduta): Barkatu, baina esan egin behar dizut: paranoia hitza ezin da horrela, besterik gabe, erabili, arren. Tamalez, oso ohikoa da “paranoia” terminoa modu ez zuzenean erabiltzea. Baina honetaz orokorki ari garenean izan daiteke haserre bat, mania bat, beldur bat, baina ez ordea…
arantzazu (mozten dio): Aurrera egingo dugu, bai? Berandu egiten ari zait-eta.
karmele: Bai, noski. Hurrengo galdera.
arantzazu: Zehatza.
karmele: Zeren hatsa?
arantzazu: Zehatza.
karmele: Ze hatza, noren hatza?
arantzazu: Zehatza, izateko zehatza.
karmele: Zehatza.
arantzazu: Bai.
karmele: Bai, noski.
arantzazu: Eta mehatza.
karmele: Bai. E… (luze pentsatuta) Marketina.
arantzazu: Zehatza.
karmele (harro): Bai, oso zehatza izan naiz!
arantzazu: Ez.
karmele: A, ez?
arantzazu: Gure marketina zehatza dela!
karmele: A, bai, eta mehatza! Ja! Ja! (Besteak barre egiten ez duela ohartuta) Txantxa, txantxa... Barkatu, jujuju!
arantzazu: Sarkorra bezain emankorra, gogorra, oldarkorra… (Eslogana ilustratzen) “Ondo jatea da, plazera...”.
karmele (besteari jarraituz): ...eta ederra!
arantzazu (esloganaz gozatzen): “Osasuntsu eta erraz jatea, benetan merkea”.
karmele (pozik): Ei, ai... Eta nola zen beste hori? (eslogana ilustratzen) “Zoriontasuna plater bete-bete batean dago”.
biek batera (eslogana abesten) Bete-bete, bete-bete batean dago!!!
arantzazu: Eslogan historikoa: “EuskoGourmet, bizitzaren txinparta!”.
karmele: “Zuk balio duzulako!” (Biek egiten dute barre. Ondoren zutituko dira, iragarkietan baleude lez)
arantzazu: O, bai. Eta hastapenetako hura? “Edaten baduzu, jan ezazu gehiago!”.
karmele: “EuskoGourmet, ezberdin pentsatu”.
arantzazu: “Jatea atsegin duzu?” (Berriz eseriko dira, elkarrizketa girora buelta) Bai, egia esan oso, oso onak gara…
karmele: Onenak.
arantzazu: Aizu, sekretutxo bat esango dizut, off the record, noski. (Grabagailua seinalatuz) Moztu hori.
karmele: Bai. (Konplize, begiarekin keinu eginez)
arantzazu: Slogan horietako batzuk marka handiei kopiatutakoak dira.
karmele: Ez.
arantzazu: Be-ne-tan.
karmele: Ai, txika, ba niri ez zaizkit, holan… ezagun egiten.
arantzazu: Onak garelako.
karmele: Demasak.
arantzazu (irmo): Segi!
karmele (pozik): Ea kapaz naizen hurrengo galdera ere... sintetizatzeko, e, Arantzazu?
arantzazu: Hori da, maitea… Zehatz!
karmele: Eta mehatz! Grabatzen, e?
arantzazu: Bota ba!
karmele (grabagailua frogatzen): Bat, bi, hiru, lau…
arantzazu: Bota ba!
karmele: Banoa! (Arnasa hartu eta azkar botatzen du) Janari begano azkarra, hori benetan gauza… totala!
arantzazu (interesgarri agertuz): Bai, bai, horixe baietz, bai, beno, hori horrela da... Eskerrik asko galdera hau egiteagatik, portzierto...
karmele: Zuri, zuri.
arantzazu: Tira, arrakasta itzela izaten ari gara horrekin eta egia esan... (Jarrera moztuz) Ja! Ja! Baita zera ere! Moztu, moztu hori berriz. (Grabagailua seinalatuz)
karmele (konplizitate bila): Beste off the record, bat, e, Arantzazu?
arantzazu: Hori dena gezurra da, maitea. Tofu hanburgesak? Ja! Ja! Zapore zoragarri horrekin?
karmele (konplizitatez): Be-ne-tan. Zapore itzela dute, bai. Mmmmmm...
arantzazu: Txerrikia dutelako.
karmele (flipatuta): Nola?
arantzazu: Horixe! Bestela nola izango dira hain gustagarri eta merke?
karmele (barreka): Ai, Arantzazu… txantxa, txantxa dela! Eta nik ia-ia irentsi eta guzti... Demasa!
arantzazu: Ze txantxa eta ze saltsa! Egia borobila. Hanburgesak lez.
karmele (hotz): Zer?
arantzazu: Horixe! Txerriki merkea dutela gure tofu hanburgesek.
(Etena.)
karmele (dardaraz): Baina orduan... gu... gu begano eta barazkizaleok!?
arantzazu: Izorrai!
(Etena.)
karmele (tragiko): Ooo! Eta… musulmanak!?
arantzazu: Ez hasi orain koplatan, faborez!
karmele: Arantzazu, baina ez da posible. Konfiantza osoz zerbait aitortu behar dizut... Ni iraultza berdearen aldekoa naiz.
arantzazu: Kaiku halakoa.
karmele (atsegin, didaktiko): Abeltzaintza animalien erailketa jasangaitza izateaz gain, oso kutsakorra da... Jakin beharko zenuke; haragia jatea ez da jasangarria.
arantzazu: Jasanezina!
karmele (tonu berean, goxo): Elikadura jasangarria praktikatu izan bagenu orain ez ginen aldaketa klimatikoaren biktimak izango.
arantzazu: Begira, laztana, okela jateak egin gintuen pertsona.
karmele: Baita zera ere...
arantzazu: Batzuok behintzat bai.
karmele: Harrapatu dut ironia...
arantzazu: Ez, ordea, mezua! (Oldarkor jartzen) Animalien proteina jan izan ez bagenu, ez genukeen daukagun adimena garatuko. Arratoiak bezain ergelak izango ginateke!
karmele (desafioari aurre eginez): Mundu begano batek karbono isurketak murriztuko lituzke!
arantzazu: Brokoliaren defendatzaile sutsu horietako bat neure bulegoan, behar genuena!
karmele (nabarmen puztuta): Brokolia maite dut, bai!
arantzazu: Bonsai japoniar itsusi eta triste baten itxura duen barazki zikina baino ez da!
karmele: O, ez! (Bere onetik aterata) Hori ez! Ez dut onartuko! (Tragiko) Jakin al daiteke zer egin dizun brokoliak zuri, e?
arantzazu: Lasai zaitez, faborez.
karmele: Ez naiz lasaituko!!! Gainera... Iruzur egin diguzu zure bezero guztiei!
arantzazu: Nik? Nik ez dut inor behartu ezer erostera.
karmele: Azpijokoa...
arantzazu: Azpikoa zuek jaten didazue niri! (Bultza eta lurrera botatzen du bestea)
karmele: Zikin jokatuta iritsi zara zauden lekura...
arantzazu (bestearen gainean dagoela): Gure tofuaren gaindosia hartu duzu, ezta? Nabarmen egin dizu kalte. Basurdea bezain oldarkor jartzen ari zara, neska!
karmele (izoztuta lez): Ez niri adarrik jo...
arantzazu: Ala, beharbada, wifi uhinak azal, sudur eta belarrietatik sartu zaizkizu... eta zure neuronak akabatzen ari dira…?
karmele (zorabiatzen bezala): Broma gutxi, e...
arantzazu: O, ez noski, gaixoa... Txikitan jan zenuen txikle bakarra oraintxe bertan zure urdailean desegiten hasi da, eta petrolioa zure burmuineko masa grisa guztiz belzten ari da…
karmele (ikaraz): Ez, mesedez, ez!
arantzazu: Edo graparekin kontaktua izan duzu eta material misteriotsu horrek zure odol garbia pozoitu du?
karmele: Nahikoa da, nahikoa da!!!
arantzazu: Zigarro bat nahi? Ai, barkatu, hobe nire telefonoa uzten badizut, dei batzuk egin ditzazun... (karmelek ezin du tortura gehiago jasan) Eta orain, esadazu. Nork ordainduko du artikulu hau? (karmelek ez du burua altxatzen) Zer idatziko duzu? (karmele mutu) Zer idatziko duzu!
karmele (dardaraka): Zure kontra egin dezaket...
arantzazu: O, bai… Ikaratuta naukazu guztiz, begira ezazu, dardara batean nago…
karmele (inozo): Eta grabatzen jarraitu badut?
arantzazu: Zer, polita?
karmele: Zure enpresa hondora dezaket...
arantzazu: Zuk?
karmele (indarrik gabe): Dena pikutara bidal nezake...
arantzazu: Nezake? Zezakeen? Genezake? Zenezakete... Ergel hori! Benetan ari al zara? (Etena) Loretxo panpoxa, nor zarela uste duzu? Barregarri geratuko “zinateke”, postaleko iraultzaile inuxente hori... Justizia, letxugek ere sufritzen dute...! Hori zara zu, letxuga triste bat! (Etena. karmelek ez du erantzuten. arantzazuk grabagailutik zinta ateratzen du eta karmeleri aurpegitik pasatuko dio) Elektromagnetismoarekiko hipersentsibilitatea? Kasetetako zintak elektromagnetikoak dira! Zinta zati bat jan nahi gure hanburgesen ordez? (Zinta ahoan sartuko dio) Entzun ezazu, gauzak egiteko hiru modu daude: ondo, gaizki eta neure estilora. Beraz, oraintxe egingo dizudan eskaintzari ezingo diozu ezezkorik esan. (Elkarri begietara begiratzen diote) Kafea ekarri, ados? (karmelek buruarekin baietz) Kafe laburra, maitea. (karmele zutitzen da) A, kafe hutsa, noski, izan ere ez dakit zein artikulu super interesgarritan irakurri nuen: makina hauetako esnea oso kaltegarria izan daiteke osasunerako, esne hauts horiek minbizia sortzen omen dute... eta nik hipersentsibilitatea sufritzen dut..., ja, ja! (karmelek ez du erantzuten) Zoaz! Irten eta eskumara dago makina.
(karmele irteten da. Hasieran aurkitu dugun egoera eta jarrerara buelta arantzazu. karmele arduratuta sartzen da.)
karmele: Azukrerik gabe noski..., ezta?
(arantzazuk ez du erantzuten. karmele badoa berriz ere kanpora, kafe bila.
arantzazu Candy Crushean jolasean hasiko da. Ideia bat datorkio eta telefono dei bat egitearren jolasa utziko du.)
arantzazu: Josu? Bai, Arantzazu naiz... Aizu, baina nondik atera duzu Karmele Fernandez hori? Itzela! Aspaldi halako estralurtarrik ezagutu barik, ja, ja. (...) Bai, bai! Hori da! (...) Benetan ari naiz. (...) Konta, bai, jakina, konta! (...) Ez esan, hori egin zuen? Imajina dezaket. (...) Benetan? Ez. Ez. Ez da posible! (...) Horixe sinesten dudala. (...) Bai. Bai, bai. (arantzazuk irmo) Aizu, niretzat nahi dut. (...) Bai, ez da txantxa, benetan ari naiz. (...) Hara. Merkea gero, merke-merkea. Faltan botako duzu. (...) Damutu aurretik, agur, Josu. Izango duzu nire berri. (...) E? Afaltzeko, bihar? (Gogorik gabe) E... Bai... E... Ongi, oso ongi, bai. Bai. (Telefonoa eskegiko du) Zer ez dut nik egin behar!
(Arnasa hartu eta eseriko da. Candy Crushean jolasten hasiko da berriz ere. Tartetxo bat jolasean emango du.)
arantzazu: Level four seven four!? (...) Bonba bat!? Fuck you!
(Jolasarekin haserre, gelatik aterako da.
Hiru urteren ondoren.
Argi aldaketa nabarmena. Espazioa berdina bada ere, oraingoan bulego beharrean egongela iradokitzen du.
karmele festa soineko irrigarri batekin sartzen da. Halako janzkerarekin ohi baino trauskilagoa dirudi, soinekora ezin moldatuz. Trakeskeria hori bizi duen egoeraren isla baino ez da. Poltsa handia ere badakar, trastez betea.
Gelatxoan bakarrik dagoela ziurtatu ostean, telefonoa aterako du. Erabakitasunez zenbaki bat markatzera doa, baina baztertu, arnasa hartu, luzaketa txikia egin, eta orduan bai, erabateko deliberamenduz telefono deia egitera ausartuko da. Luze emango du itxaroten. Eztarria garbitzen du, ahots ariketa moduko xelebrekeriak egingo ditu. Sirena kantuarekin estasian sentitzen denean erantzungo diote.)
karmele (telefonoari): Ejem! Bai, e... kaixo, kaixo! Bai? A, bai, barkatu. Josu zara, ezta? Josu Gomez. (...) Ni, Karmele... Zera, Karmele Fernandez. Ez, ez, ez dut telefono konpainia batetik deitzen, ez. Josu, ez zara nirekin akordatzen, ala? Hiru urte eta gero, normala... Begira, ni praktiketan egon nintzen zazpi urtez Super Interesgarri aldizkarian, zu zuzendari zinenean, akordatzen? (...) Ai, Josu, zarata handia duzu hor, beharbada hobe beste momenturen batean deitzen badut, ezta? (...) Hori da, EuskoGourmetera bidali ninduzun zuekin lan egin nuenean... Barkatu. Praktikak; praktikak egin nituen azken egunean. (...) O, bai, barkatu, harira, bai, harira, noski. (...) Eta arin, bai horixe, ez dizut denbora galarazi gura, mesedez eta faborez! Jijiji... Badakit zu orain oso inportantea zarela, oso; baina baita ni ere. Ez zu bezain beste, noski, ez gaizki ulertu, mesedez eta faborez. Harira, bai, noski... Zera, telebistako albistegi buru zarenetik... Ai, ez dut zu zoriontzeko astirik izan portzierto, barkatu! Zo-rio-nak. Super zorionak, Josu! Ez pentsa ez naizelako ohartu izan denik, ni ere oso-oso lanpetuta ibili naizelako baizik. Bai. Ez dakit jakingo duzun, baina Arantzazu Garmendiak prentsaburu eta bere ondoko egin ninduen eta... (...) Bai, bai, harira, barkatu. (Irmo eta biribil) Josu Gomez: sekulako bonba informatiboa nahi duzu? (...) Ez edonolakoa, ez pentsa. (...) Eee... Orduan, Vocentori salduko diot eta allakuidaus! (...) E? Ez, ez! Ez, ez, zuri ez dizut saldu nahi, aizu, ni ez nabil diru bila. Nik... justizia nahi dut. (...) Orain ezin dizut esan. Momentuz konfidentzialtasuna. Oso profesionala naiz. (...) Pelotazo, Josu, gauza asko buruz behera jartzeko moduko berria. (...) E? Ez dizut entzuten. (Altu berbetan) Hemendik minutu gutxira bideoa jasoko duzu, erne. (...) Barreka ari al zara? (...) A, ingurukoak, noski, noski, barkatu, barkatu. (Mafiakoa lez) Tira bada, Josu: egon telefonoari adi. Berriro diotsut, sekulako bonba informatiboa, Josu. Pe-lo-ta-zo. (...) Josu? (Eskegi dio) Flipatuta geratu da... Ondo, Karmele, ondo. Zure hanburgesa eta besteak jango nituen nik, bai. Baina zuk orain su baxuan egositako mendekua irentsiko duzu, Arantzazu Garmendia!
(karmelek telefonoaren kamera prestatuko du, pozik eta aldi berean urduri.
arantzazu sartuko da. Festaz jantzita dator, sentsual, xanpain botila bat dakar, erdi hutsik dagoeneko. Mozkor, nahiko mozkor dago, antza denez. karmele ezustean harrapatuko du.)
arantzazu: E, zu, geldi hor! Altxa esku horiek. Nik ikusteko moduan, gora!
(karmele izugarri ikaratuko da, besoak lepoaren atzean jarrita telefonoa eskuetan. bira eman arte ez da konturatuko aurrean duena arantzazu dela).
karmele: Ai, Arantzazu. Hau sustoa...
arantzazu (barrez): Festa honetan horrenbeste ertzain egonik zerbait kutsatu zait antza, ja, ja, ja!
(karmelek ere barre egiten du, grazia egin izan balio lez.)
arantzazu: Hara! Telefonoarekin! Ai, nork esan behar zizun zuri, duela hiru urte, telefonoaren mende eroriko zinenik? “Elektromagnetismoari hipersentsibilitatea...”. Ja, ja, ja!
(karmelek barre egiten du, berriz ere, grazia egingo balio lez.)
arantzazu: Baina zertan ari zara hemen hain bakarrik, bada? Hantxe behar zenuen, festan, neska! Kontaktuak, Karmele, kontaktuak. Zuretzat, guretzat, ezinbestekoak.
karmele: Bai...
arantzazu: A! Badakizu? Bingenek antzerkira gonbidatu nau, Atxagaren azkena ikustera, ja, ja, ja! Oso pozik dago, ez zuen espero bigarrenez sailburu izendatu behar zutenik. Eta Arantza? Uuu! Begira, Tapia andereak alua miazkatzen dit niri. Hori bai, Iņigito... Ai Iņigito!
karmele: Lehendakari?
arantzazu: Ez, Txapelpunk! Nor bestela? Erabat txolinduta daukat Ajuria Eneko gizona; turismoak kontseilaritza propioa izan behar zuela konbentzitu nuenetik nire kuleroak miazkatzen ari da.
karmele: Zenbat miazkatzaile! Mingainak dantzan Jaurlaritzan...
arantzazu: Bueno, Andonitxu ere hortik zebilen. Zugatik galdetu dit gainera Andonik.
karmele: Benetan, nigatik galdetu du?
arantzazu: Bai, zera! Txantxa, neska, txantxa dela!
karmele: A, txantxa...
arantzazu: Huerta Viejak zugatik galdetu, mesedez! Ja, ja, ja! A, azkenean pelukina jantzi du, bai. Ai... eta zuk dena galdu, hemen hain bakarrik...
karmele: Ba, horregatik hain justu, Arantzazu. Ufi! Horrelako jende garrantzitsuarekin egoteko, behar bezala jokatzeko, esan nahi dut, alegia... Zera... Arnasa pixka bat hartu behar nuen!
arantzazu: Arnasa?
karmele: Bai...
arantzazu: Arnasa!?
karmele: Bai...
arantzazu: Karmele, ez zinen yoga eta halako lerdokerien amarruetan berriz ere eroriko, ezta? (Mehatxagarri) Karmeleee...
karmele (disimuluan): Ez, ez! Ui, Yoga dio, bai... Bai, zera, yoga ni! Ez, ez. Hementxe... Besterik gabe.
arantzazu: Besterik gabe, besterik gabe... Ba bai! Gauzak besterik gabe gertatzen dira. Topa! (karmelek eskuarekin egin nahi dio txin) Ai, ez duzu edaririk... Ba nik bakarrik topa, hala! Hantxe, zure lekuan ez egoteagatik! (Sekulako zurrutada emango dio) Gugatik! (Korroskada botako du eta gero karmeleri musu emango dio ezpainetan) Zoria irabazleen alde dago beti, Karmele. Ez ahaztu hori. (Etena) Zigarroa bai?
karmele: Zer? E... Zera... E... (Musuarekin hain urduri, ez daki zer esan) Bai, bai, bizitza bakarra da! Hala zigarro hori!
arantzazu: Zer?
karmele: Emateko zigarro bat, bai, mesedez.
arantzazu: Zigarro bat? Karmele, maitea, hemen erretzea debekatuta dago. Zer esango luke Osasun sailburuak, bada?
karmele: Ai, egia da, barkatu.
arantzazu: Barkatu ez! Antsietatea baduzu jan txikle bat edo. (karmele txiklea jaten hasiko da) Baina nori okurritzen zaio zigarroa hemen. Tentuz ibili behar dugu, Karmele. Tentuz! Ezin dugu hutsik egin, estropezu egin gabe, lerroan aurrera goaz. Lerroan aurrera goaz! Pasito a pasito Euskadi al infinito. Ja! Ja!
(arantzazuri bere esaldiak grazia egiten dio eta dantzatxo modukoa egingo du.)
arantzazu: Pasito a pasito Euskadi al infinito. Pasito a pasito Euskadi al infinito.
(arantzazuk karmele hartzen du biek elkarrekin dantzan egiteko. karmele oso baldar.)
arantzazu: Lerroan aurrera goaz! Pasito a pasito Euskadi al infinito. (Dantzaldia moztuz) ŋAl infinito y mas allá? Ja, ja, ja! Trago bat nahi?
karmele: Ui, ez, eskerrik asko. Gero, bestela, badakizu, burbuilak burmuinera errazegi igotzen zaizkit eta lelokeriak esaten hasten naiz.
arantzazu: Lelokeria gehiago oraindik?
karmele: E?
(Etena.)
arantzazu: Txantxa, neska, txantxa dela! Gure amak txikitan beti esaten zidan, “Arantzazu, alkoholik edaten ez duen jendeaz ez zaitez sekula fio”.
(karmelek botila hartu eta dena edaten du.)
karmele: Kito. Edan dut. (Botila hutsik bueltatzen dio)
arantzazu: Eta dena edan duzu! Ondo! Jajaja! Badakizu zer esan didan Urkuk? Barre pila egin dut.
karmele: Iņigitok?
arantzazu: Bai zera! Horrek ez du sekula ezer dibertigarria esaten. Urku, Urkuluagak, Mundakako alkate berriak.
karmele: A, bai! Zer? Turismo konturen bat?
arantzazu: Ia-ia. Nire ezker titiak Mundakako olatu ezkerrak baino dantza ederragoa duela esan dit!
(arantzazu titiarekin jolas egiten du. karmelerengana gerturatzen da, honek titia ukitzeko gonbita eginez.)
karmele: Uiii... Eta arrazoi du...
arantzazu: Karmele, egia aitortu behar dizut. Zu gabe ni ez nintzateke inor izango. Zuri esker ez balitz, ez nindukete Turismo sailburu izendatuko. EuskoGourmeten iruzurraren ostean, zure erreportaje horri esker, kartzela saihestu nuen. (Momentu erromantiko modukoa) Akordatzen zara? Garai horietan txiklea irenstearen beldur zinen.
karmele: Ups! Eta irentsi dut!
arantzazu: Benetan?
karmele: Txantxa dela, neska, txantxa! Ji, ji, ji, ji...
arantzazu: Asko ikasi duzu nirekin. Asmatu nuen zu fitxatu zintudanean. (Ameslari) Orain, ni Turismo sailburu izanik, eta zu, neure prentsaburu, nire plan guztiak beteko ditugu, bai!
karmele: Bai, al infinito y más alla!
arantzazu: Hori da! (Poltsan zerbait bilatzen) Baduzu Visa?
karmele: Norako bisa? Nora goaz, bada? Infinitora? Ji, ji, ji...
arantzazu: Visa, txartela.
karmele: A, dirua behar duzu. Baina koktel honetan ez da dena musutruk, ala? (Bere txartela ateratzen) Gaizki dabil Jaurlaritza gero, e? Ai, Iņigito...
arantzazu: Ez dut zure dirurik nahi. Ekarri. (Txartela hartuta) Ez dago Visa batekin egindakoa baino marra gustagarriagorik. (Kokaina ateratzen du)
karmele (bestea zertan ari den ohartu gabe): A! Gure plan sekretua margotuko duzu. Hori da gure Arantzazu Garmendia, beti lanean! Pasito a pasito Euskadi al infinito.
arantzazu: Tiro bat nahi?
karmele (ikaraz, besoak gora): Nola tiro? Ze tiro? Noiztik daramazu pistola, Arantzazu? Ez zara nirekin fio ala?
arantzazu: Zurekin ez fidatzeko arrazoirik izan behar dut?
karmele: Ez, ez. Bai zera! Mesedez eta faborez! Ikusi duzu nola edan dudan alkohola. Nirekin lasai asko fida zaitezke, Arantzazu.
arantzazu: Benetan armatuta nagoela pentsatu duzu? (Marra prestatzen)
karmele (arantzazu begiratu barik): Ba, zergatik ez... Jihadisten beldur beharbada, ze haietako zenbatek ez zuten, falafela zelakoan, zure txerriki hura jango.
arantzazu: Nire? Gure, Karmele, gure. (Marra sartzen du) Azkenean, zu ere EuskoGourmeten parte izan zinen eta. Ez ahaztu. Kazetari moduan etorri zinen eta orain nire ondoko zara. Egin kargu. Ondorio guztiekin. Sartu.
karmele: Nora?
arantzazu: Tori. (Marra ematen dio)
karmele: Hori?
(karmelek ez du hartu nahi, eta disimuluan, arantzazu koka gordetzen ari dela, marrari putz egingo dio. Gero sudurreko sentsazioa izugarri exajeratuko du.)
arantzazu: Ondo?
karmele: Infinitu.
arantzazu: Orduan, orain, bai, Karmele, gure plana.
karmele: OK.
arantzazu: Adi. Ez galdu ezer.
karmele: Ados. Eee... Grabatuko dut badaezpada ere, igual, ezta?
(karmelek, urduri, grabatzeko telefonoa aterako du.)
arantzazu: Grabatu, grabatu, zuk beti dena grabatu behar duzu, ohitura zaharrak galdu gabe. Ja, ja, ja! Tira, harira!
karmele (bideoa grabatuko du): Harira. Bost, lau, hiru, bi... ekin!
arantzazu (kamerari pozik): Gure planoa. Ups, plana, plana... Egia esan, asko erraztu ziguten lana eta plana betiko quechuar eta belarritakodun ezkertiarrek. Sekulako mesedea egin ziguten turismofobiaren ergelkeriarekin hasi zirenean, ja, ja, ja! Iritzi publikoak berehala egin zuen gure alde, nola ez. Badakizu nola esaten diodan nik horri?
karmele: Nola?
arantzazu: Biolentoen eskularru ikusezina. Hauxe! (karmeleri ipurdia kolpatuz, eskularrua izango balu lez)
karmele: Uuu!!!
arantzazu: Karmele, faborez, ez nire arreta galarazi!
karmele: Barkatu, barkatu.
arantzazu: Plana, gure plana! Ea, bada... Turismo sailburu izendatu berri nauten aldetik, egin beharreko lehenengo gauza...
karmele: Bai?
arantzazu: Reggaetona berriz ere legeztatu!
karmele: E?
arantzazu: Txantxa dela, neska, txantxa! (karmeleri inguruan perreo dantzan) ĄCon esa curva que me atrapa! Ai, nire Karmele! (Irmo) Turismo sailburu izanik egin beharreko lehenengo gauza, zera da, oporraldi dotore eta garestia. Belaontzian, noski!
karmele: Zergatik ez. (Kantari) Quiero montarme en tu velero.
arantzazu: Y hacerte eso, ay, ay, ay.... Ondo! Gero, etxera bueltan gatozenean, gure hirietako alde zaharretara joan eta...
karmele: Pintxo pote!
arantzazu: Ez!
karmele: A.
arantzazu: …bertako bizilagun guztiak desagerrarazteko.
karmele: A! Bai, bai, noski. Doazela Otxarkoaga, Altza edo... Abetxukora!
arantzazu: Hori da jarrera!
karmele: Hori da plana!
arantzazu: By the way, turismo pisu bakoitzarekin eskupeko komisioa jasoko dugu, of course. “Business egonaldi laburrak” deituko diogu, zer iruditzen?
karmele: Demasa.
arantzazu: Ai! Low cost ostatu, jatetxe, hotel eta taxi gehiago behar ditugu, Karmele.
karmele: Apuntatuta!
arantzazu: Game of Thrones-en denboraldi berria sinatuko dugu, Aiako Harrian grabatu dezatela.
karmele: Ai, John Snow... Oh my god!
arantzazu: Agurainen Kursaala baino handiagoa izango den Evaristoren ateneoa eraikiko dugu!
karmele: Santuaren omenez?
arantzazu: Zer diozu? La Polla Recordsek Mecanok baino diru gehiago ematen du jada.
karmele: Salve Regina!
arantzazu: Mater misericordia! Mundakan erosi nuen lur sailean Urdaibaiko Guggenheim irekiko dugu.
karmele: Aha. Puppy eta guzti?
arantzazu: Puppyna! Feminismoak asko saltzen du! Eta, by the way, hotel erraldoia irekiko dugu Urdaibaiko hegaztien interpretazio zentroa den leku absurdo horretan.
karmele: Ondo.
arantzazu: Gure bilera sekretuetan aipatu bezala, ezertarako balioko ez duen abiadura handiko tren horren trenbideetan, turistentzat tren txu-txua antolatuko dugu.
karmele: Txuuu-txuuu!
arantzazu: Hori guztia zure izenean egin beharko dugu, noski.
karmele: Nola?
arantzazu: Tira, zure amaren izenean dagoen fundazioaren izenean.
karmele: Arantzazu, gure amak ez du fundaziorik.
arantzazu: Hori zuk uste duzuna da, ja, ja, ja! Zertarako sinatu zenituzten atzo paper horiek guztiak?
karmele: A...
arantzazu: By the way, fundazio horrek Ibaizabal garbi dagoenaren paperak sinatu eta argitaratuko ditu. Horrela, Fragak Palomaresen bezala gure Juan Marik errekan bainua hartuko du lasai!
karmele: Ai, gure sirenita!
arantzazu: A, eta, by the way, bizkaitarrak pozik edukitzeko Guggenheimera gonbidatuko ditugu hogei urtean behin!
karmele: Ondo...
arantzazu: Gipuzkoarrak Aquariumera... Eta arabarrak?
karmele: Arabiarrak?
arantzazu: Arabarrak!
karmele: Artiumera!
arantzazu: Bai, zera! Errioxako baso erdi ardo bana, eta pozik.
karmele: Ona! Ona! Eta nafarrei?
arantzazu: Horiek ez dira nire konpetentziapekoak.
karmele: Egia, egia, sorry.
arantzazu: Baina beharbada... Nafarroa erosiko dut! Bai. Izan ere, Bera asko interesatzen zait. Barojatarrena askoz gehiago esplota daiteke. Eta sanferminak, zer esanik ez. Ai, eta Lesakan Julian Iantzi’s Txiki Park eraikiko dut!
karmele: Mutxo! Eta Xiberoko maskaradak komertzializatu, e?
arantzazu: Argia zara, Karmele, argia! Hau ospatu beharra dago. Xanpain botila berri baten bila noa. (Badoa)
karmele: Ondo, ondo. Zoaz. Nik ere hartuko dut tragoxka bat. (Telefonora azkar)
arantzazu (bueltan): Karmele.
karmele (sustoa hartuta): Esan...
arantzazu: Zu... Zoriontsua al zara?
karmele: Oso, Arantzazu, oso. Zure aldamenean egoteak oso zoriontsu egiten nau.
arantzazu: Orduan ez didazu balio!
karmele: Nola?
arantzazu: Gomendioa eskatu nahi nizun, baina jende zoriontsua oso psikologo txarrak zarete. Banoa! Champagne, s’il vous plait! (Badoa)
(arantzazu gelatik atera bezain pronto, karmelek telefonoa hartu eta grabatutako bideoa bidaltzen hasiko da. Garailearena izan nahi duen oso barre urduria botako du karmelek, luzea, eldarniotxoak jota lez.)
karmele: “Eta zu, zoriontsua al zara”, Arantzazu! Ja! Akabo zuretzako zoriontasuna. (Telefonoari urduri begira) Horra Karmele Fernandezen mendekua. (Barre eroa berriz ere) Cargando... cargando... Cargando letxes iristea nahi dut, coņo! (Telefonoa begiratuz pozik) Toma! Double check. Badago, jaso du! Badaezpada ere ziurtatu behar dut. (Deitzen du) Josu! (Interesgarriarena eginez) Ikusi al duzu bidalitako pelotazoa? Josu? (...) Eskegi ez dit, bada! A ze nolako zarata zuen... Jendilaje inportante hau festetan beti, seguru... Eta hortxe, benga paki palla, denak platinozko sudurrekin! Niri ere amak txikitan halako jendeaz ez fidatzeko esaten zidan ba. (Pozik) Ai ama! Ezin dut sinetsi. Kito. Badago!
(karmelek ezpainak margotuko ditu garaile sentsazioaz. Segundo batzuetara arantzazu arrapalada bizian sartu arte. Tragiko dator, oso tragiko.)
arantzazu: Ai, Karmele! O, Karmele, nireak egin du! (karmeleren besoetara botako da) Karmele, zergatik niri, zergatik niri? Guri!
karmele: Zer duzu?
arantzazu: Norbaitek azpijokoa egin dit. O! Niri!
karmele: Zer...?
arantzazu: Prentsak gure plan sekretuaren berri du...
karmele: Zure plan sekretua...? (Garaipen keinuak besteak ikusi gabe, haria jarraitzen dio) Ai, ene... Ez esan, bada!
arantzazu: Bai! Nork hondoratu nahi nau? Nork!?
karmele: Ai... Arantzazu...
arantzazu: Nireak egin du oraingoan, benetan eta betiko.
karmele: Benetan eta betiko? (Gero eta alaiago) Ai, ai... Zaude lasai.
arantzazu: Akabo nire erreinua! Kaput! Den-dena dakite orain!
karmele (oso pozik eta ezkutuko garaile): Lasai, lasai...
arantzazu (karmelegandik pixka bat aldenduz): Gure taldeko norbait izan da, inguruko norbaitek filtratu du. Ziur naiz. Inoren susmorik, Karmele?
karmele: Ai, txika, ba orain holan, ba ez, ez.
arantzazu (berriz ere tragiko besarkatzen du): Kabroi zikinak.
karmele: Oso kabroiak! Eta oso, oso zikinak! Eta... eta...
arantzazu: Eta urdea! (karmelegandik aldenduz) Astakirten hori!
karmele: E?
arantzazu: Zu!
karmele: Ni? Baina... Zer diozu?
arantzazu: Mendekuan hartu nahi ninduzun, ezta, inuzente horrek?
karmele: Zer mendeku...?
arantzazu: Oso jolas arriskutsuan sartu zara, Karmele.
karmele: Ze jolas?
arantzazu: Lehen ere esan dizut: zoria irabazleen alde dago. Horretarako etsaiaren ahalik eta antz handiena eduki behar da. Baina zu, maitea, nigandik oso urruti zaude, Karmele, oso! Beste planeta batean! Gure elitea zugandik milioika argi urtera dago.
karmele: Ai, Arantzazu, baina ze planeta eta zer argi urte? Zu, zu...
arantzazu: Zu, zu, zu... Zu ergela! Ez duzu sekula ikasi behar, ala? Ez al dizute ezertarako balio izan nirekin emandako hiru urte hauek? Mila eta laurogeita hamabost egun, badakit...
karmele (pozik): Ai... Zuk ere kontua atera duzu, Arantzazu? (Disimulura buelta) E... Baina ez dakit zertaz ari zaren, e?
arantzazu: Ohartuko ez nintzela pentsatzen zenuen, ala? Ez duzu maila ematen, Karmele, zuk ez. Hau ez da zure liga. Halako zerbait egiteko harrizko bihotza eduki behar da!
karmele: Xanpain gehiegi edan duzula uste dut...
arantzazu: Ez nahikoa, ordea! Bertan kaka egiteko galtzak soinean nik dauzkat hemen, entzun!
karmele: Zer diozu?
arantzazu: Ustekabeko enbidoa egin nahi zenidan!
karmele: Nik ez dakit musean jokatzen...
arantzazu: Ixo! Norekin eta Josurekin! Ostiralean jaio nintzela uste duzu, ala?
(arantzazuk bere telefonoan Josuri bidalitako bideoa erakusten dio karmeleri.)
karmele: Arantzazu, benetan, nik...
arantzazu: Zuk hobe duzu isilik egon, Iņigito bera baino kaiku handiagoa zara eta. Josu zure alde jarriko zela uste zenuen ala? Familia baino lotuago gaude gu.
karmele: Arantzazu... Barkatu! Ez nuen egin behar, ezta?
arantzazu: Azkarragoa zinela pentsatzen nuen.
karmele: Berarekin konpintxatuta zaude ala?
arantzazu: Konpintxatuta!? Ja, ja, ja! Nork erabil dezake halako hitzik, arren! Konpintxatuta... Hara, Karmele, ertzainei deitzea nahi? Lagunak ditut, badakizu.
karmele: Ertzainei? Zertarako?
arantzazu (karmeleren poltsatik koka ateratzen): Esango diet: “Arakatu emakume honen poltsa. Kokaina dauka. Ez nuen berarengandik hau espero. Karmele Fernandez du izena eta ez dut uste abokatua izateko dirurik izango duenik, izan ere, kaleratu berri dute”.
karmele: Baina...
arantzazu: Bai, zure poltsan gorde dut, bai. Beste zabor guztiarekin egiten dudan bezalaxe. Zure poltsa nire zabortegia da.
karmele: Arantzazu, barka egidazu.
arantzazu: Ixo eta igo, igo hona gora. (Aulki baten gainera igotzera behartuko du) Igotzeko! (karmelek agindua beteko du) Ikusten duzu? Igogailuzainak zioen bezala, goitik dena ezberdin ikusten da, ezta? Zure modukoak, galtzaileak, errazegi jartzen zarete amildegiaren ertzean. Bultzada fin batekin, putz eginez soilik, betiko eroriko zinateke amildegira! Hori nahi duzu? Bultzatuko zaitut amildegira betiko eror zaitezen? (Aulki gainean dagoela karmele astintzen du) Hori nahi duzu, ezta? Bai! Erori! Erori nahi duzu betiko! Amildegira! Ja, ja, ja, ja, ja, ja! (Astintzeari utziz) Nondik eroriko zara inora igotzeko gai ez bazara. (karmele dardara batean, goian) Hori nire lekua da. Jaitsi hortik derrepentean! (karmelek agindua betetzen du) Lurrera. Etzan. Etzateko, hortxe txakur txiki bat bezala! (karmele lurrean etzanda, arantzazuk oina gainean) Hori bai, horixe da zure lekua. Duela hiru urte eraiki nizun hilobia, eta neurea da kontrola, ados? (Etena) Ez dut ezer entzun. Ados???
karmele: Bai...
arantzazu: Ondo egoten da hor, ezta? (Etena) Ondo egoten da!?
karmele: Bai...
arantzazu: Esker txarrekoa zara gero... ez dut zure eskerrik entzun.
karmele: Eskerrik asko...
arantzazu: Ez da gauza asko. Eta orain esan, errepika ezazu mila aldiz: Arantzazuk dauka kontrola. Ea... Arantzazuk dauka... Errepikatzeko!
karmele: Arantzazuk dauka kontrola... Arantzazuk dauka kontrola...
arantzazu: Ja! Ja! Ja! Tira, zutitu!
(karmele ikaraz beterik zutituko da. arantzazuk soinekoa atontzen laguntzen dio, lagunkiro antzean. Musu ere emango dio.)
arantzazu: Eta orain bai, maitea, ekar iezadazu xanpain botila bat, mesedez. Hotza. Oso hotza nahi dut.
(karmele badoa, burumakur.)
arantzazu: Geldi, merke trefe! Geldi hor! (karmelek geratu eta eskuak altxatuko ditu hasieran bezala) By the way... Badakizu zein den nire hurrengo jomuga? (Isilunea, karmelek negar egiteko gogoa baino ez dauka) Esan. Badakizu?
karmele: Ez.
arantzazu: Off the record esatea nahi? Ja, ja, ja! (Etena) Nire hurrengo jomuga Bakearen Nobel saria da. (karmele badoa berriz) Nork esan dizu mugitzeko? (karmele berriz ere geldi) Lortuko dudala uste duzu? Bakearen Nobel saria neureganatuko dut, Karmele?
karmele: Ez dakit…
arantzazu: E!? Ez dut merezi, ala?
karmele: Bai, bai, lortuko duzu, noski.
arantzazu: Horixe lortuko dudala. Orain bai, zoaz lasai, polit hori. Ekar iezadazu xanpain botila hori, “mesedez eta faborez”. Hotza. Oso hotza nahi dut. Izan ere, ez dakit zein artikulu super interesgarritan xanpaina epelduz gero burbuila guztiak galtzen dituela irakurri nuen, eta nik burbuilak burmuinean dantzan nahi ditut, ja, ja, ja! Tira, zoaz! (karmele mugitu ezinik dago. arantzazuk goxo antzean) Joateko xanpain horren bila, maitea. (karmele lekutik mugitu ezinik dago, izoztuta, galduta. arantzazuk zakar bultza egingo dio) Joateko!
(karmele oso ahul eta ia estropezuka ateratzen da.
arantzazuk guztiak metrailadorea lez nazkaz begiratuko ditu.
Telefonoa piztuko du. Pantailan arantzazu garmendia bera ageri da, irribarrez.)
pantailako arantzazu: Kaixo, Arantzazu... Oso guapa zaude gaur.
arantzazu: Baita zu ere...
pantailako arantzazu: Eta? Zelan doa dena?
arantzazu: Dena bere lekuan dago... Ja! Ja! Ja!
(Iluna.)