Hiru geltoki lurrun
Hiru geltoki lurrun
Galder Perez
Azaleko irudia: Gontzal Gutierrez
Diseinua: Metrokoadroka
2020, antzerkia
122 orrialde
978-84-17051-44-0
Galder Perez
1975, Bilbo
 
Hiru geltoki lurrun
Galder Perez
Azaleko irudia: Gontzal Gutierrez
Diseinua: Metrokoadroka
2020, antzerkia
122 orrialde
978-84-17051-44-0
aurkibidea
 

 

LAU METRORA

 

2017ko maiatzean, Usurbilgo geltokian Mozal legearen aurkako protesta batean parte hartzen ari zela, tren batek oso zauri larriak eragin zizkion gazte bati. Gertaera horretan inspiratutako antzezlana da hau.

(Ospitale bateko logela. Ohean, etzanda, koman dago gaztea. Aulkian, eserita, egunkaria eskuetan, loak hartuta, emakumea. gizona sartuko da, loreak eskuetan.)

 

gizona: Arratsalde on.

 

(emakumeak lo jarraitzen du.

gizona ohera gerturatuko da, poliki. Orduan, emakumea esnatu eta eskuetatik egunkaria eroriko zaio.)

 

gizona: Barkatu... (Eroritako egunkaria bueltatzen dio emakumeari) Zer moduz dago?

 

emakumea: Zein?

 

gizona: Zera... (Ohean dagoen gaztea seinalatuz) Bera.

 

emakumea: Ez dago. Hamar egun daramatza koman.

 

(Isilunea.)

 

      Femurra hautsita, pelbisa hiru zatitan puskatua, bizkarreko orno batean fisura, saihets-hezur batek birika kaltetua, buruan sekulako kolpea, eta erredurak...

 

gizona: Eta...

 

emakumea: Eta zauriak.

 

gizona: Eta medikuek... Zer diote?

 

emakumea: Medikuak ez dira sekula bustitzera ausartzen. Esnatuko ote den ere ez dakite. Eta itzartzekotan, ezin jakin izan ditzakeen kalteak, ondorioak, eta... Eta horixe diote.

 

(Isilunea.)

 

gizona: Loreak ekarri dizkiot.

 

emakumea: Ikusi ditut. Utz itzazu hor. Nahi duzun lekuan.

 

(gizonak, baldarki, loreak mahaitxoaren gainean utziko ditu.)

 

emakumea: Barkatu.

 

gizona: Bai?

 

emakumea: Zu...?

 

gizona: Bai...?

 

emakumea: Nor zara?

 

gizona: Gidaria.

 

(Isilunea.)

 

      Neuk gidatzen nuen trena egun horretan.

 

(Isilunea. emakumea aulkitik jaikiko da.)

 

gizona: Ez nekien aproposa ote zen...

 

      (Isilunea.)

 

      Loreak ekartzea, esan nahi dut...

 

emakumea: Epaiketan ikusiko gara.

 

gizona: Oraindik ez dakigu epaiketarik egongo den.

 

emakumea: Zuk beharbada ez. Berak, ordea, esnatzen bada, epaiketa izango du inputatu gisa.

 

(Isilunea.)

 

      Badakizu? Horrelako trenak pertsonek gidatzen zituztela pentsatzen nuen. Hezur eta haragizko pertsonek, bizidunek, bihoztunek. Ez makina hotz, basati eta itsu batek.

 

(Isilunea.)

 

gizona: Ulertzen dut.

 

emakumea: Zer ulertzen duzu zuk?

 

gizona: Zure mina.

 

emakumea: Ja.

 

gizona: Esan nahi nizun; egun horretatik, une horretatik, zera, istripua, edo ezbeharra, edo ditxosozko zera hura gertatu zen unetik epaitua sentitzen naiz.

 

emakumea: Zergatik esan nahi zenidan, zugatik ala koman dagoen nire alabagatik?

 

      (Isilunea.)

 

            Esan behar dizut; ni ere epaitua sentitzen naiz, une oro. Ama bezala epaitua. Ez      hiltzaile bezala, noski.

 

gizona: Nik ez dut inor hil.

 

emakumea: Zu zinen gidari orduan, eta bera hilzorian dago orain. Albokoak eskertuko ditu loreak. Agur.

 

(emakumeak gizonari loreak bueltatuko dizkio. gizona, ordea, ez da aterako. emakumearengandik urrun dagoen aulkian eseriko da, loreak eskuetan.)

 

gizona: Zer zaude, hementxe, gau eta egun?

 

emakumea: Egunpasa eta gaupasa.

 

(Isilunea.)

 

      Zuk? Baduzu seme-alabarik?

 

 

gizona: Nik ere alaba.

 

(Isilunea.)

 

emakumea: Amarentzat umea edukitzea gauza ederra da. Oraintxe bezala, beti lo zegoenean, bularra ematen nion. Eta oharkabean, umea emakume bilakatuz joan zen, pixkanaka, baina hain azkar. Hurbileko ama zena isilpeko ama bihurtzen da, ezkutuan egon behar du. Alabaren bizitzaren eta bizimoduaren itzalean. Halako zeozer gertatu arte; orduan ezkutuan zegoen ama argitara dator berriz ere.

 

(Isilunea.)

 

      Aitek ez duzue gu bezala bizi gurasotasuna.

 

gizona: Ez dut uste... Zera, ez nago ados.

 

emakumea: A, ez?

 

gizona: Ez... Baina ez dut uste honetaz hitz egitera etorri naizenik. Ala, bai?

 

emakumea: Ez. Arrazoi duzu, ez zara horretaz hitz egitera etorri. Edo bai?

 

(Isilunea.)

 

      Gerturatu eta begiratu egiozu.

 

(Isilunea.)

 

gizona: Kostatzen zait.

 

emakumea: Hasieran kostatzen da, bai. Baina ez izan kezkarik, ez diozu begietara zuzen begiratu beharrik, ez ditu irekitzen eta.

 

(Isiltasuna. gizona ohera gerturatuko da.)

 

emakumea: Esan. Ze distantziatara zegoen nire alaba zuregandik? Metro batera? Bi metrora?

 

(Isilunea.)

 

      Lau metrora baino gutxiago bai, behintzat, eta ondo ikus zenezakeen, ezta?

 

gizona: Ez nuen ikusi... Kabinatik nik ezin nuen ikusi. Ez nuen ikusi! Trena geratu nuen, geltokian, bidaiariak igo eta jaisteko... Baina bera ez nuen ikusi. Gazte batzuk soilik ikusi nituen, trena pintatzen... Grafitigileak zirelakoan... Baina bera ez. Nik ez nuen bera ikusten! Kabinatik aurrera lau metrora dagoena ez da ikusten...

 

(Isilunea.)

 

      Horregatik, grafitigileak zirelakoan, jarri nuen trena martxan. Bera ez nuen trenbidean ikusi... Ez nuen ikusi.

 

(Isilunea.)

 

      Hogeita hamar kilometro aurrera jarraitu nuen. Ezer gertatu ez balitz bezala. Zumaiara iritsi arte ez nintzen ezertaz ohartu.

 

(Isilunea.)

 

emakumea: Gela honek, zenbat metro izango ditu, lau metro karratu?

 

gizona: Halako zerbait.

 

(Isilunea.)

 

emakumea: Zenbat min sartzen den lau metrotan.

 

(Isilunea.)

 

      Eta hori ikusten duzu? Mina ikusten al duzu?

 

(Isilunea.)

 

gizona: Hamar egun dira trena hartzen ez dudala. Ordutik. Imajinatuko duzunez, ez naiz lanera bueltatu.

 

emakumea: Ja.

 

gizona: Bajan nago.

 

emakumea: Noski.

 

gizona: Egia esan, ez dakit sekula bueltatuko ote naizen... Lanera, esan nahi dut. Zera, treneko lanera...

 

(Isilunea.)

 

emakumea: Zure alabak...?

 

(Etena.)

 

gizona: Bai.

 

emakumea: Zenbat urte ditu?

 

gizona: Hamazazpi. Berak... Zenbat?

 

emakumea: A, hori ere ez dakizu!

 

gizona: Esan zidatela uste dut... Baina dena gertatu zenean... Bada... Dena ilun, lainotuta ikusten nuen...

 

emakumea: Hogei.

 

gizona: Zer?

 

(Isilunea.)

 

emakumea: Hogei urte. Zer iruditzen?

 

(Isilunea.)

 

      Ez duzu ezer esan behar?

 

gizona: Egia da, bai. Esan zidaten. Hogei urte.

 

(Isilunea.)

 

      Nahi bazenu... Ni... Etor naiteke... Zaintzera... Nahi bazenu.

 

emakumea: Zer, errematatzeko?

 

gizona: Zu etxera joan zaitezen, hemen gera ninteke.

 

emakumea: Bere hiltzaileak hobeto zainduko duelakoan?

 

gizona: E... Ez dago hilik.

 

emakumea: Ez. Ez dago. Bizirik dagoen ere ezin jakin.

 

gizona: Ez dago hilik.

 

(Isilunea.)

 

      Momentuz behintzat, ez.

 

emakumea: Ikusten? Zuk ere hil egingo dela pentsatzen duzu! Zera, zer da, hau, nola esan... Berriz erailtzearen xarma ospetsu hori, ezta? Inor akabatzea oso erakargarria dela entzun dut.

 

gizona: Aizu... Esan dizut... Nik ez nuen bera ikusten, ezin nuen bera ikusi. Istripua izan zen.

 

emakumea: Istripu guztietan errudunak izaten dira.

 

gizona: Gertatutakoa izugarri sentitzen dut... Baina... Esan dizut, ezin nuen bera ikusi.

 

emakumea: A, hori da! Horixe da, ezta? Ez zatoz barkamen eske, berari errua botatzera baizik!

 

gizona: Ez, mesedez, ez gaizki ulertu...

 

emakumea: Primeran ulertu dut.

 

gizona: Ez, zera... Istripu guztietan ez du zertan errudunen bat egon. Gertatu da... gertatu delako. Hori da ezbeharra; gertatu behar ez zena gertatu zen... Eta... Eta kito.

 

emakumea: Eta kito? Ikasgai ederra. Hori da, eta kito. Orain ez didazu esango, gauzak gertatu behar direlako gertatzen direnik, ezta?

 

gizona: Ez, ez...

 

emakumea: Bai. Horrela konpontzen da dena... Gauzak horrela dira eta kito... Gertatu behar dira eta kito.

 

(Isilunea.)

 

      Gure alabak ez zuen “eta kito” batekin konformatu nahi... Hori badakizu, ezta?

 

(Isiltasuna. gizonak alde egiteko saiakera egingo du.)

 

emakumea: Ba al dakizu zergatik geratu nahi izan zuen trena?

 

gizona: Bai, pintada bat egiteko. Ez deritzot, gainera... Ez dut esan nahi gaizki iruditzen zaidanik, baina...

 

emakumea: Alaba epaitzen? Besterik ez genuen behar! (Amorruz egunkaria hartu eta orriak pasatzen hasiko da) Zuk periodikoa irakurtzeko ohitura duzu?

 

gizona: Interneten.

 

emakumea: Internet.

 

gizona: Bai.

 

emakumea: Sekulakoak eta bi esan omen dituzte gure alabaren gainean interneteko sareetan.

 

gizona: Baita niri buruz ere. Baina... Baina nik ziurrenik merezita daukat.

 

emakumea: O, faborez, ez! Ez zaitez jarri bekatari fededun gisa orain, ez, arren. Biktimarena ez.

 

(Isiltasuna. gizonak oheari so egingo dio.)

 

gizona: Lotan dagoela ematen du...

 

emakumea: Koman dago.

 

gizona: Nik egun hartatik ez dut begirik bildu.

 

emakumea: Nik lo seko egiten dudala uste duzu ala?

 

(Isilunea.)

 

      Baina nahiago lorik ez egin. Loak hartuko banindu, amets gaiztoak etorriko lirateke. Eta badut errealitatearekin nahikoa. Ezingo nuke amesgaizto gehiago jasan.

 

(Isilunea.)

 

gizona: Istripua, edo ezbeharra gertatu zenetik, nik ez dut zaborra ateratzen... Sukaldea zabor poltsez beteta daukat. Kristoren kiratsa darie. Baina ez dut zarama kalera atera nahi. Eta kalera irtetea ere... Asko kostatzen zait kalera ateratzea. Hona etortzeko ere sekulako ahalegina egin behar izan dut.

 

emakumea: Ahalegina? Zoaz, bada, etxera eta atera zaborra eta zure kaka guztia! Zu etxean egon zaitezke. Niretzat bera gabe, etxerik ez da. Eta hau ere, ez da etxea. Antza denez alabarik eta etxerik gabe geratu naiz... Tren batek eraman ditu nire alaba eta etxea. Ze bitxia trenaren metafora: trena badoa, trena galdu duzu... Metaforetako trena gauza ederrez kargatuta omen doa beti. Eta orain nik izan dudan gauzarik ederrena trenak eraman du. Hori ote da nire patuko trenaren metafora?

 

gizona: Galdera askok erantzunik ez du.

 

emakumea: Ez du, ez. Edo mina ematen du.

 

gizona: Galderek ala erantzunek ematen dute min?

 

emakumea: Biek.

 

(Isilunea.)

 

      Alabak ez zeukan nik bezalako zalantzarik. Ausarta zen.

 

gizona: Da. Ausarta da.

 

emakumea: Berak gauzak oso argi zituela uste dut. Oso. Nik baino argiago bai, behintzat. Eta ez naiz bere adina neukan garaiez ari, ez. Gaurkoaz ari naiz. Ekintzaren bezperan ere, gauzak nik baino argiago zituen. Arriskua egon zitekeela pentsatu arren, ez zen gerta zitekeenaren beldur. Bere ausardiaren laurdena banu sikiera!

 

gizona: Zuk, bazenekien... Alabak hori egin behar zuela ba zenekien?

 

(Isilunea.)

 

      Esan, bazenekien?

 

emakumea: Eta jakin banu ere, zer?

 

gizona: Baina, orduan, bazenekien?

 

emakumea: Zer axola zaio tren gidariari hori?

 

gizona: Bazenekien?

 

(Isilunea.)

 

emakumea: Eta jakin izan banu zer! Ezer aldatuko zukeen horrek?

 

(Isilunea.)

 

      Baina orain esan zuk, gaizki iruditzen al zaizu?

 

gizona: Gaizki zer?

 

emakumea: Alabak eta kideek egindakoa. Edo egiteko asmo zutena. Trenean pintada egitea, alegia. Gaizki iruditzen al zaizu?

 

gizona: Hori?

 

emakumea: Bai, hori. Gaizki iruditzen al zaizu? Esan!

 

gizona: Ez. Beno... Ez dakit. Ez dakit...

 

(Isilune luzea.)

 

      Badakizu zer pentsatzen dudan... Badirudi bizitza begiak itxita bizi dugula, zapi ilun batek begiak estalita edo. Egunero asmatu eta irudikatu behar dugu bizitzen ari garena iluntasun batean ezkutatuta gaudelako. Momentuan ezin ezer ikusi...

 

(Isilunea.)

 

      Argiak denbora behar du. Begietako zapia kentzen laguntzen du denborak. Gertatutako guztiari eta iraganari denbora pasatuta begiratu behar zaio.

 

emakumea: Iraganari?

 

gizona: Denborarekin, bai, orduan soilik ikus daiteke atzera. Denbora behar du eta denborarik ez daukagu.

 

(Isilunea.)

 

      Alabak ere, esnatzen denean, denbora beharko du gertatutakoa ulertzeko; guk denok bezala.

 

emakumea: Ja... Atzera begira?

 

gizona: Bai, hori da.

 

emakumea: Eta zuri!? E, zuri!?

 

gizona: Niri ere denborak lagunduko dit. Denoi lagunduko digu.

 

emakumea: Ez. Zuri! Ea zapi puta hori nork jarri zizun zuri!

 

gizona: Nola?

 

emakumea: Alaba ez ikusi eta bertan harrapatzeko begiak estalita zeramana zu zinen!

 

gizona: Esan dizut, ez nuen ikusi!

 

emakumea: Zure zapi ilun ditxoso hori zenuelako!

 

gizona: Ezin nuen ikusi!

 

emakumea: Iluntasunean zeunden ezta!?

 

gizona: Aizu...

 

emakumea (gizonarengana gerturatu eta kolpeka): Zuk martxan jarritako trenak nire alaba aurretik eraman zuen! Zure errua da. Ze zapi eta ze ostia! Ze iragan! Etorkizuna nahi dut, alabarentzat. Zure tren madarikatu horrek nire alaba zapaldu zuen. Zuk! Alaba birrindu zenuen! Zuk!

 

gizona: Uste dut hau dena ez dela ideia ona izan. Ez. Hau ez da ideia ona izan. Ez da ideia ona izan. Ez. Ezin dut gehiago.

 

(gizonak loreak hartzen ditu. gazteari musu ematen dio eta irteerara doa.)

 

emakumea: Nora zoaz?

 

gizona: Honek ez dauka zentzurik. Alde egiteko esango diot.

 

emakumea: Ez, zaude, zaude! Oraindik ez. Zaude... Gera zaitez pixkatxo bat gehiago gurekin. Mesedez...

 

(Isilunea.)

 

      Baina orain zu, gera zaitez zu. Ez dakit bera ikusteko prest ote gauden.

 

(Elkar besarkatuko dute. Oso luze eta estu. Ondoren, emakumeak musu emango dio gizonari. Loreak eroriko dira.)

 

emakumea: Bai. Egin behar dugu.

 

gizona: Miren, ni ez, ni ez nago prest. Nik ezingo dut berarekin egon.

 

emakumea: Zer?

 

gizona: Ezingo diot begietara begiratu, ezingo dut.

 

emakumea: Baina zuk proposatu zenuen hau guztia egitea...

 

gizona: Bai, baina ohartu naiz... Ni ez nago prest. Ezingo dut.

 

emakumea: Martin...

 

gizona: Ezingo dut.

 

emakumea: Baina bere azalean egon zara... Bere larrua izan zara oraintxe!

 

gizona: Erabat galduta nago. Eta baita zu ere. Oraindik ez gara inorekin hitz egiteko kapaz izan. Ez etxekoekin, ez lagunekin... Eta berarekin hitz egin behar dugu, berarekin hain justu?

 

emakumea: Egingo dugu. Martin. Ni orain bai, prest nagoela uste dut.

 

gizona: Ni inoiz baino gutxiago, ordea.

 

emakumea: Esateko duena entzun behar dugu. Entzun behar dugu... Eta egia badio?

 

(Isilunea.)

 

      Ala zuk baduzu esateko beste zeozer, Martin?

 

gizona: Zer?

 

emakumea: Zerbait gehiago esateko beharra duzu?

 

gizona: Zer esan, zeren gainean?

 

emakumea: Zuk, Martin, zuk. Gure alabaren gainean. Esan. Esan egia. Zerbait esateko duzu? Gaizki iruditu al zitzaizun?

 

(Isilunea.)

 

      Esan, gure alabak egindakoa gaizki iruditzen al zaizu?

 

(Isilunea.)

 

      Martin...

 

(Isilunea.)

 

      Ordua da. Goazen.

 

(Isilunea.)

 

emakumea: Gidaria atarian zain egongo da. Goazen.

 

(Isilunea. emakumea atera gerturatuko da. gizona geldi.)

 

      Etorri nahi duzu?

 

(Isilunea.)

 

      Zuk ezin duzu, ezta?

 

(Isilunea. Bat batean oharturik.)

 

      Ez. Zuk ezin duzu.

 

(emakumea badoa.

gizona bertan geratuko da, loreak eskuetan hartu eta alabari begiratuko dio.

Trena martxan jartzeko soinua. Trena badoa.

Iluna.)