Bazterreko ahotsak
Bazterreko ahotsak
Miren Tirapu Goikoetxea
Azaleko irudia: Araiz Mesanza Iturritxa
Diseinua : Metrokoadroka
2019, antzerkia
86 orrialde
978-84-17051-37-2
Miren Tirapu Goikoetxea
1981, Iruņea
 
Bazterreko ahotsak
Miren Tirapu Goikoetxea
Azaleko irudia: Araiz Mesanza Iturritxa
Diseinua : Metrokoadroka
2019, antzerkia
86 orrialde
978-84-17051-37-2
aurkibidea
 

 

ATTE HIL AURRETIK

 

 

 

 

Atte hil aurretik antzezlana
2017ko urtarrilaren 13an
Zumaian estreinatu zen.

 

 

 

 

Lantaldea

      Taula zuzendaritza: Maika Etxekopar Lougarot

      Idazlea eta aktorea: Miren Tirapu Goikoetxea

      Argi diseinua eta teknika: Atx Teatroa

      Eszenografia eta atrezzoa: Joxean Goya Elizondo, Battit Halsouet, Beheko Larraine

      Jantziak: Beheko Larraine

      Soinu lanak: Pierre Vissler Mérique

      Kartela: Araiz Mesanza Iturritxa

      Argazkiak: Ainhoa Resano Melado

 

 

 

 

(Herri ttiki bateko harategi zahar bat. Eskuinaldean, harakinak haragia mozteko erabiltzen duen trangadera. Ezkerraldean, burdinazko oinarri batetik zintzilik, zerri saiheskiak. Maleta zahar bat erdian.

Atzeko aldean, sokazko gortina batek banatzen duen atea. Ate honen ezkerretara, paretako telefono bat.)

 

 

 

1. agerraldia

 

(maxux ageri da, ane harakinaren amona defuntua.)

 

MAXUX: Behiaren atzeko hankak. Aurrekoak, ardiarenak. Zerriaren enborra. Burua, basurdearena. Bihotza... nik eman nion bihotza.

 

(maxuxek, maleta hartu eta bere harategia izan zena begiratu du. Aterantz badoa, baina maletak tira egiten dio espazio horretan geratzeko eskatuz bezala. Eraman ezinik, maleta harategian utzi du. Atea zeharkatu du.

ane harategian sartu da, presaka. Maletarekin estropezu egin du.)

 

ANE: Kopon! Mina hartu dut gainera! (Mandarra jarri du. Urrutira begira) Gregorio, itxita gaur ere?

 

(ane urduri dago; bakarrik solasean haragi puska bat manipulatzen duen bitartean.)

 

ANE: Tipo hau ez zait komeni. Ez da hainbertzerako ere. Aceituno… Baina ze abizen da hori? Ezin zen Etxepeteleku edo Zabaleta izan, ez! Garcia sikiera! Aceituno! Gizajoa. Hori da; ez baitu kemenik… (Imitatuz) “Zer nahi duzu? Zer behar duzu? Eramanen zaitut? Ekarriko zaitut? Nahi duzu? Astelehenean deituko zaitut. Seietan!” (Isilunea) Ja! (Erlojuan begiratu du) Seiak eta laurden! Nik mutiko orekatu bat behar dut. Norbait behar izanez gero, noski. Tarte atsegin bat pasatzeko. (Telefonora hurbildu da) Ez, Ane, ez. Dei dezala berak! (Goiti begira) Amona! Mutiko honek merezi badu, seinaleren bat bidali, mesedez. (Isilunea) Hamar arte zenbatuko dut! Bat, bi, hiru… (Haserre) Baina zertan ari naiz? Hau lotsa! Minutu bat ematen dizut, Oier! Bueno, bi. Bertzela, bukatu da, akabo! (Telefono deia entzun da. Pozez) Toma! (Hartu gabe, telefonoa deika utzi du. Geroago, hartu du) Bai? (Isilunea) Kaka! (Telefonoa eskegi du. Berriro ere deika hasi da. Berehala hartu du) Bai? Oier? Joe… Seiak al dira dagoeneko? Barkatu, segundo bat eman, lan bat bukatu behar dut eta. Justu-justu hartu dut. Topera ari naiz lanean. (Izerdia lehortu du, baita arnas pixko bat hartu ere) Jesus, ohartzerako pasa zait eguna. Zer moduz asteburua? A, bai? Adostu al duzue? Zer? Pinguinoz? Bueno, solastatuko gara… Rebeka ere han al zen? Ez, ez, ez… Jakiteagatik bertzerik ez! Badakizu nik ez zaitudala ito nahi; gure artean loturarik ez dagoela. Biok argi dugu, ezta? Rebeka neska jatorra da. Polita, atsegina... harreman ona dugu. (Isilunea. Lotsaturik) Ixo! Zer erraten duzu? Txotxolo… (Irrika) Gaur? Ez dakit bada... lanpeturik nabil, baina tira! Zazpiak aldera ongi? (Hankak begiratu ditu. Nahi baino ile gehiago ikusi ditu) Egon, egon... Zazpiak eta laurden hobe! (Iztarteak begiratu ditu) Zazpi eta erdietan igual... (Besapeak ere begiratuz) Oraintxe konturatu naiz oraindik egiteko lan bat badudala! Zazpietatik zortzietara azalduko naiz, ongi? Trago batekin esperatu. Aio!

 

(anek, telefonoa eskegi, eta harategia itxi du. Joan aitzinetik, xerra bat utzi du atarian. Berriz ere amonaren maleta zaharra ikusi du. Kontu handiz, trangaderaren gainean utzi du. Maleta begiratu du, baina ez da irekitzera ausartu.)

 

ANE (goiti begira): Gaur ez, amona!

 

(ane joan da. tomas agertu da, bazterreko pertsonaia edadetua. Soka batetik zintzilik, kanpaitxo bat darama. Kanpaitxoari eragiten dio tarteka.)

 

TOMAS (kantari): “Latet ultima diez, ut observentur omnes diez!” (Publikoari) Hilko garela denok badakigu; Jainkoak horrela erraten duelako, eta egunerokoan horrela ikusten dugulako. Baina, noiz, nola eta non hilko garen ez dakigu. Ez jakiteak ikaratzen gaitu. Zuk bekatari, badakizu hilko zarela; baina ez dakizu Jakob bezala etxean hilko zaren, edo mendian, Saul bezala. Ez dakizu Faraoia bezala uretan itota hilko zaren. Nora doa heriotzari beldurrik ez dion gizona? Heriotzaren boterez libratuko al da? Oraindik urrunduko al da heriotza, beragan pentsatzen ez badugu? (Isilunea) Ez! Jainkoa leku guztietan dagoen bezala, gauza bera erran daiteke heriotzari buruz. Aurten izan daiteke, hilabete honetan, edo aste honetan bertan. Gaur, edo orain! Jainkoaren sekretua da hau; Jainkoarena bakarrik. Hagitz zaila da, zailegia, hiltzeko prest ez dagoen hori lasai hiltzea. Ni prest nago! (Xerra hartu du.) Eskerrik asko Ane, sinpatika! (Harategia inguratuz joan da) Ni prest nago!

 

 

 

2. agerraldia

 

(ane harategian sartu da. Lanerako mandarra jarri du. Largabista hartu, eta kanpora begira jarri da.)

 

ANE: Denda lepo dauka! Ze ostia oparituko du gizon honek! Alu zikina! Labezomorroz beteko dizut harategia egunen batean, Gregorio! E! Amona, zuk berdina eginen zenuke, badakit. (Harriturik) Marisa? Ez da posible! Hori Marisa da! Baina ze ari zara hor? Txerri txuletak mozten ere ez daki eta! Nahiko zenuke bai, Gregoriok zuri txuleta moztea! Atso zahar ostia hau… (Telefonoa hartu eta zenbakiak markatu ditu, largabistarekin zelatan jarraitzen duen bitartean. Telefonoa eskegi, eta bigarren aldiz deitzen saiatu da) Zer moduz, Gregorio? Aspertua egonen zara! Herrian ez da inor ikusten eta... A, bai? Pozten naiz bada! Atzo ez zenuela ireki ikusi nuen… Zer zenuen bada? Nola? Barkatu? Kakeria? (Barreari ezin eutsiz) Birus bat omen dabil… Badakizu sendabelarrekin ibiltzen naizela, eta erremedioren bat prestatuko dizut! Zenbatsu joaten zara komonera? Aunitz botatzen ari zara? (Entzunez) Esperatu dezatela! Normalen guk haien kontuak aditu behar… Nolakoa zen? Ez lotsatu motel, naturala da eta! Inauteriak hementxe dira, eta parrandarik egin gabe ez gara geldituko, ez?! Ez horregatik! Aizu, eta, Marisa Erreneakoa ikusi al duzu aspaldian? Hor al da ba? Erran iezaiozu jartzeko bada, eta zaindu Gregorio. Fuerte heldu! (Largabista utzi gabe) Atso zahar hori. Hola, Marisa, ongi? Ez, lasai. Ez larritzeko, lasai! Zure zakurrentzako hezurrak hementxe ditut prest pasa den astetik eta… Zakurra dietan duzu? Ezin badituzu bildu, trankil; nik eramanen dizkizut, iluntzean. (Solasean ari den bitartean, maletako kisketarekin jolastuz. Maleta ireki da) Ez apuratu! Utzi behar zaitut. (Ironiaz) Lasai, zuri, guapa!

 

(Telefonoa eskegi eta maleta hartu du. Ireki, eta bertan marrazki bat topatu du.)

 

ANE: Amona, hau gordetzea ere… (Publikoari) Amonak gauero ipuin berdina kontatzen zidan.

 

(Berriz ere maxux ageri zaigu, garai batean bezala, ipuina kontatzen.)

 

MAXUX: Kontatu al dizut noizbait, erdi animalia, erdi gizaki batekin ezkondu nintzela? Negua zen; negu hotza. Zuri-zuri zegoen dena. Leihoetako kristalak hormatuak. Goizero bezala, beheko sua piztera jaitsi nintzen sukaldera, eta egurrak sua nola hartzen zuen begira gelditu nintzen. Kafe bero-beroa hartzen ari nintzela, leihotik ukuiluko atea erdi irekita zegoela ikusi nuen. Eta beheiti jaitsi nintzen. (Isilunea) Han zegoen! Ikaragarri handia zen! Beldurgarria! Ikaratzeko modukoa! Errukirik gabeko hortz eta azkazal haiek… iletsua… hura zen, hura usaina! Harrituta begiratzen zidan berak niri ere. Eta badakizu zer, Ane? Inauteri haietan berarekin ezkontzea pentsatu nuen! Zer iruditzen zaizu, Anetxu? Limoi urez garbitu, eta guapo-guapo jantzi nuen. Egunak joan ahala, ez nuen hain zakarra ikusten. Badakizu zer ikasi nuen? Norberaren begiratzeko modua dela, gauzak zakartzen dituena.

 

(maxux desagertu da, eta ane agertu. Maletara gerturatu da, eta bertatik karpeta zahar bat hartu. Azalean, bere izena irakurri du. Agiri zahar batzuk daude.)

 

ANE (irakurriz): “Nik Juan Bautista Martija Mikelarena, eta nik Begoņa Olague Escala, 1914ko abuztuaren 2an jaio zen Maria Jesus Goņi, harrera patentea gauzatzen dugu… Miserikordia Etxea. Iruņea 1917ko azaroaren 5”. (Pentsakor) Hiru urte zituela etorri zen amona Erremosenera!

 

(Paperen artean, anek, heriotza agiri bat topatu du.)

 

ANE (irakurriz): “Heriotza agiria. Juan Bautista Martija Mikelarena…”. Birraitona; amonaren atte.

 

(Hirugarren dokumentu bat hartu du).

 

ANE (irakurriz): “Azken nahiak. Maria Jesus Martija Olague, baserria eta etxaldearen oinorde izanen da, baldin eta aurrekoak hiltzean ezkonduta badago…”. Baina, amona, zu ez zinen ezkondu, ezta?

 

(Azken dokumentu bat hartu du.)

 

ANE (irakurriz): “Juan Bautista Martija Mikelarena eta Maria Jesus Goņi Martija, ezkontzari dagokiona…” (Aztoratuta) Juan Bautista Martija Mikelarena... Begoņa Olague Escala... Ostia! Maria Jesus Martija Olague... Ostia! Maria Jesus Goņi, honat ailegatu aitzinetik. Hemengo abizenak hartu, eta... ostia! Maria Jesus Martija Olague oinorde izanen da, baldin eta... Egon, egon... ostia! Baserria mantentzeko! (Goiti begira, amonari zuzenduz) Atterekin ezkondu al zinen? Bueno, atte... atte ez zen atte, baina... Ostia! Atte zen! (Dokumentuak irakurtzen segitu du) 1946ko urtarrilaren 15ean ezkondu, eta urtarrilaren 22an hil... Amona! Atte hil zorian zegoela ezkondu zinen harekin! Hil zorian edo...

 

(ane desagertu da, eta maxux agertu, baina gazte garaian oraingoan. Bi ahotsen elkarrizketa offean.)

 

AHOTSA OFFEAN 1: Hemen duzu dispentsa, Maxux. Zuen aitaren sinadura behar da. Agiriren bat izanen duzue etxean. Ongi kopiatu.

 

AHOTSA OFFEAN 2: Tori errandakoa, erretore jauna.

 

AHOTSA OFFEAN 1: Tribunalekoek ez dute aisa paratu. Zuekin, biekin solastatu nahi zutela eta, gorriak ikusi ditut dispentsa lortzeko.

 

AHOTSA OFFEAN 2: Aukerarik ez duzu galtzen, ezta, Don Miguel? Hauxe da dutena, baina lasai; pagatuko dizut.

 

AHOTSA OFFEAN 1: Inork zerbait ikusi al du? Erran nizun bezala duzu? Ongi igurtzi limoiarekin. Inportantea da hori, Maxux.

 

AHOTSA OFFEAN 2: Lasai. Zuk erran bezala egiten ari naiz.

 

AHOTSA OFFEAN 1: Bihar zabaldu, lehendabiziko orduan hil dela. Etzi izanen da lurperatzea.

 

AHOTSA OFFEAN 2: Eskerrik asko, Don Miguel.

 

(ane harategian berriz. Erabat aztoratuta, badoa bertatik.)

 

ANE: Hau marka, amona!! Hau marka!! Ederki pasa zenituen pototatik legeak! Hori harrokeria!

 

(tomas agertu da. Egurrezko aulki ttiki bat dakar. Aulkia lurrean utzi, eta bertan jarri da. Xinaurri bat ikusi, eta akabatu du. Poltsikoan gorde du. Liburu bat hartu du; “Obabakoak”. Liburua zabaldu du. Erdi irakurriz, erdi antzeztuz, bertako istorio bat kontatu du.)

 

TOMAS (antzeztuz): “Nagusi jauna! Nagusi jauna! Nagusi jaunaaaa! Hemendik alde egin behar dut! Zaldia utziko?”.

      “Bueno… Astoa hartuta ere nahikoa izanen duzu. Nora joan behar duzu bada?”.

      “Espainiara! Baina Heriotzari ez erran!”.

      “Zaude isilik! Aza bezala txikituko zaitut!! Zertara joan behar duzu Espainiara?”.

      “Heriotzak merkatuan mehatxatu nau!”.

      “Hartu bada… Dios! Hau morroi ergela… Orain ni merkatura joan behar!”.

 

      Eta nagusia merkatura! Ailegatu, eta han zegoen oraindik Heriotza.

      “E, Herio! Zertan zabiltza? Nire morroia mehatxatu duzu, eta alde egin du!”.

      “A, bai?”.

      “Zeinek eginen dizkit niri orain etxeko lanak? Zu etorriko al zara etxeko lanak egitera?”.

      “Nik ez dut mehatxatu! Hori bai, harrituta begiratu dut, gaur Espainian berarekin elkartzekoa nintzen eta!”.

 

      Morroia Heriotzatik ihesi... ja!! Memeloa! Hemendik Ezpeletara joatea bezala… Tonto arraioa!

 

(tomasek inguruan zerbait sumatu du. Badoa mesfidati, kanpaitxoa joz.)

 

      Ni prest nago!!

 

 

 

3. agerraldia

 

(ane harategian sartu da. Mandarra jantzi du eta trangaderaren gainean eseri da. Maletan aurkitutako dokumentuak eskuetan hartu ditu. Harro begiratu ditu dokumentuak eta harategia, amonaren istorioa imajinatuz. Dokumentuak gorde behar dituenean, zerbaitek bere arreta biztu du. Largabista hartu, eta kanpora begira jarri da.)

 

ANE: Oooostiiiiaaaa! Ai ama, Gregorio! Baina, zer da hori; mutikoa? Hau marka! Aralar magalean, otsailean, dena zuri-zuri, hotzak akabatzen, eta... hara! Inauterietarako “Cortijo de Jerez” bat plantatzea ere! Osborneren zezen eta guzti, gainera! Ole, Gregorio, ole!

      “Traje de luces” jartzen baduzu, neroni joanen naiz haragia erostera horrat! Ideiak ere zulotik joan zaizkio gizajoari… (Bat-batean bere animoa ere apalduz) Bueno, bueno, Ane, zu ere isilik hobe, zeren… (Trangaderatik pinguino itxurako kapelu bat atera, eta buruan jarri du) Ze originalak diren denak herri honetan!

 

(anek, atsekabeturik, telefonoa hartu eta deitu du.)

 

ANE: Oier, zer moduz? Bueno ba, lanpetua nabil, ez dut uste azalduko naizenik. Asteburukoa ere… Egia erran, ez dut joateko batere gogorik. Ez da ez dudala pinguinoz jantzi nahi... bueno; baita ere. Baina ez dut uste hau aitzinera atera daitekeenik. Gustura gabiltza, hagitz… baina gauzak konplikatzen hasiko dira. Hasi dira. Gaizki pasako dugu eta… Bueno, ez gara hilko, ezta? Badakit horrelakoak ezin direla telefonoz erran, baina ez haserretu, mesedez, Oier. Ez da zuregatik; niregatik da. Egonen gara, bai? Aio.

 

(Telefonoa eskegi du.)

 

      Hobe horrela! Maitemintzen ari zen. (Isilunea. Animoa berreskuratuz berriz ere) Beraz, inauteriak prestatzen, e, Gregorio? Bada, Erremosenean ez gara guttiago izanen! Horixe ezetz! Ezta, amona?

 

(Irratia biztu du. Tango bat entzuten da. Maletan aurkitutako marrazkia atera du. Istorioan iradokitako erdi animalia, erdi gizaki den izakia eraiki du harategian dituen zerri saiheski eta bertzelako haragikiekin. Behiaren atzeko hankak. Aurrekoak, ardiarenak. Zerriaren enborra. Burua, basurdearena..

ane desagertu, eta maxux agertu da berriz. Tentuz, piztiarengana hurbildu da. Besarkatu, eta dantzan jarri du. Trangaderara hurbildu da. Bertatik, garai batean gordetako eskutitzak atera ditu.)

 

AHOTSA OFFEAN 3: Maxux, gaurko hodei bustian, gure ttikiaren aurpegia azaldu zait. Ederra. Egunak luzeak egiten zaizkit zuek gabe; egunak bezala asteak, hilabeteak... bizia. Zure eskuek nire gorputza laztantzen dute gauero. Haizeak ere, zure usaina ekartzen dit niretzat hutsa dagoen lurralde honetaraino.

 

AHOTSA OFFEAN 4: Kanpoan hotz dago, baita barrenean ere. Atte berriz gaizkitu da, baina etxeko ttikiak pozten gaitu. Solastatzen hasi da. Morroi berria dugu, eta, nahiz eta zuk bezain txukun lan egin, gogor egiten diot oraindikan, Fermin, zure hutsa gogorra egiten baitzait.

 

AHOTSA OFFEAN 3: Gehiago pagatzen didan artzain batekin hasi naiz lanean. Erosi ezazu soineko politen bat...

 

AHOTSA OFFEAN 4: Gure neskatoak, lanak zuk bezalaxe egiten ditu. Zutaz galdezka hasi da. Polita litzateke egunen batean hirurak elkartzea...

      Atte hil da.

      Abioia pagatzeko aukera izanen dugu segituan.

      Dena prest dut etortzen zarenerako.

      Nire hitzak itsasoko uretan galduko ez zirela espero dut. Ez dut zure berririk aspaldi.

 

AHOTSA OFFEAN 3: Ez zaitut sekula ahantziko, baina hemen gauzak aldatu dira. Argazki bat bidaltzen dizut. Besoetan dudanak Luixa izena du.

 

(maxux abailtzen joan da, baina ane agertu zaigu lurrean, negarrez, atsekabetuta. Iluntasuna.

tomas azaldu da bere betiko bidetik. Ehorzketarako gonbitak atera ditu sakelatik.)

 

TOMAS (irakurriz): “Mila esker bihotzez, nire ehorzketarako gonbita onartzeagatik. Festa ederra antolatu dut zuentzat, denontzat; egunen batean ni orain nagoen leku honetan elkartuko baikara. Bitarte horretan, bizitzaz gozatu, dibertitu eta heriotzak ongi harrapa zaitzatela. Tomas Araia Alburuza”. Ederra, ezta? (Isilunea) Hau Anerentzat. Goldaraz familia. Bentakoentzat. Kristina!! Gregorio, ez. Bueno, emanen diot, bai. Kristina “krudibegana” da; abisua pasako dut.

 

(tomasek kanpaitxoa hartu du. Buelta eman eta harategiko piztia ikusi du. Aneren bila atera da lasterka.

ane negar batean azaldu da, lasterka bera ere. maxuxen hilobiaren aitzinean belaunikatu da.)

 

ANE: Amona! Zergatik ez zenidan erran etxeko morroia nire aitona zela? Fermin? Zuk badakizu zenbat urte ditudan orain? Hogeita hemezortzi urte! Berrogei errateko moduan. Eta orain? Orain jakin dut maitemindu zinela; eta nola gainera! Zergatik ez zenidan inoiz kontatu? Zuk erakutsi zenidan gizonik gabe bizi zitekeela! Zuk emandako pausoak errepikatuz, zuk markatutako bidea jarraituz… Fermin? Zer egin behar dut orain, berrogei urterekin, eta titi hauekin? Titiak erori zaizkit, amona! Eta harategia? Harategi puta honetan pasa behar al dut nire bizi guztia? Ze aukera dut orain? Bertzerik ez dakit egiten eta! Kaka!

 

(ane desagertu da. tomas azaldu da, lasterka oraindik ere, aneren bila. ane bere amonaren hilobi ondoan dagoela ikusiko du, eta beregana hurbildu da.)

 

TOMAS: Goian bego! Ane, piztia ikusi dut. Txomin Olanoren ideia izan zen. Txomin Olanorena! Bere attek egun hartan basurdea bota zuen, eta burua eman zigun, pozik gainera! Etxegoieneko Cruz, Antoneako Luis, eta Mitxelenako Periko eta Jose ere han zeuden. Behiaren eta ardiaren hankak, baita zerriaren enborra ere, bertze batzuen artean lortu zituzten. Baina ni izan nintzen piztia zure amonari aurpegian jarri ziona. Markesak ez zidan zaunkarik eginen niri eta... Ukuilura sartu, zintzilik jarri, eta... hondamendia egina! Zure amonak, arauak apurtu, ez zuen bertzerik egiten! Eta hori izan zen bere zigorra; guk egin geniona, herriak sufriarazi ziona... Ederki akordatzen naiz inauteri haietaz! Aņo 1946. Niri ere zigorra orduantxe etorri zitzaidan. Bagdadeko morroia bihurtu nintzen. Baina zure amonak nahi zuen guzia lortu zuen! Arratsero kontatzen zizun ipuin horrekin, erdi gizaki, erdi animalia batekin ezkondu zela… bere modura… gaixoa! Ez zen xamurra izan beretzat ere. Munstro batean bilakatu genuen, bere etxea berea izaten jarraitzeko borrokatzeagatik.

 

(Isilunea.)

 

      Ane, ez begiratu horrela! Erraz erraten du zenbaitek orain, Erremoseneko begi berdeak nahiko lituzkete bertzeek… Eta orain, zu Erremoseneko etxekoandre!

 

(tomas eztulka hasi da, arnasestuka.)

 

      Bakea betiko…

 

(tomas hil da.

maxux azaldu da azkenekoz, gazte garaian oraingoan, amaierako agurra kantatzera. Tomas hil berria da. Bera hil zen aspaldi. Anerengan biziraunen dute biek.)

 

MAXUX (kantari):

      “Zazpi egunez atxiki zaitut

      Atte hilik ganbaran

      Egunez ur hotzean eta

      Gauaz otoitzen artean

      Limoi urez igurtzi nizun

      Astean egun batean

      Astean egun batean eta

      Ortzirale goizean

 

      Anai-arrebak ez otoi pentsa

      Ni ere gustura nagoenik

      Poz gehiago izanen nuen

      Albotik begira egonik

      Zuek ez bazarete kontentu

      Errua ez daukat ez nik

      Txistuak jo dituzue baina

      Maite zaituztet oraindik”.

 

Amaiera