Poema antologia
W.H. Auden
itzulpena: Juanjo Olasagarre
Poema antologia
W.H. Auden
itzulpena: Juanjo Olasagarre
1994, poesia
170 orrialde
84-86766-55-9
W.H. Auden
1907-1973
 
 

 

AITZINSOLASA

 

If equal affection cannot be let

the more loving one be me.

W.H. AUDEN

 

        Hitz horiek, sentitzen dut, izan ziren nire sarrera Audenen poesiara orain dela urte asko. Jakin badakit hutsalak suerta daitezkeela, edozein abesti merketatik ateratakoak, amodioaren inguruko topiko baten eredu: maitale abandonatuaren nagusitasunera, galtzailearen loriarena. Gainera ondo uztartuko lirateke Audenen biografiaren pasarte batzuekin, baina, askotan bezala, ez da zilegia idazlearen bizitza pribatuan bilatzea bere lanen arrazoi eta zioak. Poema osoa irakurtzen bada eta ez bi lerrotxo horiek bakarrik, perspektiba zabalago baten aurrean kokatuko da irakurlearen gogoa, affection hori ez baita gizakien artekoa, izarrekiko duguna baizik. Amodioa, izarrak... poeta erromantiko, xamur eta biguna izango ote da Auden? Ez, ez, izarrak ez dira arduratzen gure aferekin eta, azken finean, zerutik desagertuko balira zer? Ohituko ginateke eta iluntasun osoaren edertasunaz gozatzen ikasiko, nahiz eta denbora apur bat horretan eman.

        Nahiz eta miresgarri honetan datza Audenen poesiara heltzeko bide posible bat. Izarrik gabe edertasuna bere ausentzian kausituko genuke zalantzarik gabe. Bitartean izarmin ñimiño bat, besterik ez. Ironia. Ironia aurkituko du irakurleak Audenen poemetan, kontzeptuez eraikitako ironia, poesiak berez eskatzen baitu. Nola azaldu bestela mundu modernoaren hondamendia?

        Gure aurrekoen optimismo zoroak bazterturik, Audenengan ikusten dugu gaur egungo kezken isla. Zirraraz beterik egiaztatzen da 30. eta 40. hamarkadetako eta oraingo gertaeren antzekotasuna, izua ezagutu zuena izan daiteke bakarrik bidaialagun. Denborak errepikatzen dira, behin eta berriz itzultzen gara egoera ezagunetara. Urteak progresiboki zenbatzeko erabiltzen dugun sistemak batzuk engalantzen ditu, gu ez. 313, 1525, 1942, 1994, norbaitek pentsatzen du oraindik zenbaki hauek gizakiaren kontzientzian aurrerapausoak adieraz ditzaketela? Tiranoaren hilartitza edozein denbora eta lekutan irakur dezakegu. Horregatik da Auden hain garrantzitsua guretzat. Berak bizi izan zuena guk bizi duguna da, gezur berberak entzuten ditugu, gordinagoak lehen agian, sofistikatuagoak orain, teknologia madarikatua sofistikatuagoa baita. Honen guztiaren azalpen eta irtenbideak zehazten maisu zen Auden, ez zigun hondamendiaren deskribaketa bakarrik egin, juzku morala ere burutuko du beldurrik gabe, eskura zituen baliabide eta tresna guztiak lagun ikerketaren bide amaigabean. Audenek ez zuen ideologia bakar bat hautatu, errazegia litzateke beste norbaitek asmatutako ideiak automatikoki munduari ezarri eta kontzientzia lasaitzea. Psikoanalisiaz baliatuko da, marxismoaz, eta azkenean kristau protestante eta, beraz, librearen bideari ekin zion.

        Argi utzi zigun bere kezka nagusia bizitzea zela, bizitza konkretua —heriotza barne, jakina—, gizaki bakoitzaren bizitza propiala eta bizitzearen esperientzia. Kaleetan ikusten dituen aurpegiak ez dira biltzen Gizaki, Gizateria, Herri ala edozein hitz handios bezain baliogabetara. Audenentzat poesia ez da arduratu behar norma barruan dagoenaz, bataz bestekoaz, horretarako badugu asmakizun maltzur bat: estatistika, politiko eta ekonomilariek parra-parra erabiltzen dutena. Irakur beza orain liburu hau eskuartean dabilenak Hiritar ezezaguna.

        Poesiaren berezko interesak gizabanakoak eta beren harremanak badira, poesiaren helburua emozioak piztea da, adimena kilikatzea, gogoak astintzea, hunkitzen gaituena bakarrik baita gogoangarria.

        Errealitateak eta gizakien egia txikiak azalarazteko gezur handi asko ezabatu behar dugu: nitasunaren gezurra lehendabizi, geure baitan natura estaltzeko egin diren eraikuntza intelektualak, zentzumenen bidez ikusten dugun munduaren maskaratze idealista, gorputzen desirak zibilizatu nahi dituen sentimentalismoa, heriotzaren aurrean itsuarena egitea, iraganaren goraipatze eroa.

 

                Historia delakoa

                ez da harropuzteko kontua,

 

                gure baitako kriminalak

                egina baita:

                ongiak ez du garairik.

 

        Orain dela gutxi entzun genion historiagile bati inoiz ez lituzkeela bere herriaren miseriak kaleratuko. Engainuaren itzalak gure bizitza iluntzen segitzen du.

        Batek baino gehiagok pentsatuko du bizitzatik edo errealitateetatik ihes egin dugula filosofiaren erresuma lanbrotsuetara, kontzeptu bitxi eta ia-ia esoterikoetan gabiltzala. Baina hau uste duenak ez daki oraindik zer den bizitza edo, okerrago dena, ez daki bizitzen, botereek igorritako mezuak zuzen-zuzen betetzen baititu. Galdera xumez planteatuko bagenio arazoa, ez luke ezertxo ere ulertuko: nor bizi zen zure etxe horretan zu baino lehenago?, zergatik lotsatu zinen egun hartan haurtzaroko argazkiak berrikustean?, zergatik espero duzu ezpain horietatik hitz goxoak ilkitzea eta zergatik beldur zara era berean?, zergatik galdu zaizu begirada modako automobil horren atzetik?, zergatik ez duzu zurea aparkatzeko lekurik aurkitzen?, Afrikara esklabu bezala joan ziren euskaldunak zure arbasoak ere badirela pentsatu duzu noizbait?

        Sortzen da gure baitan egoneza, deseroso begiratzen diogu erlojuari, eta zenbatzen ditugu liburua amaitzeko falta zaizkigun orrialdeak. Antsia, mina. Ez da bakarrik kanpoko munduaren hondamendia, lainozko «beste haiek» sortarazi zutena, gure hondamendi propiala da hemen funtsezkoen, bakoitzaren laguntza ordainezina mendez mende unez une hondamendi hau handiago izan dadin.

        Ironikoak ez bagina, friboloak, umoretsu, aspaldidanik hilak izango ginateke; barre egiten diogu munduari eta bere suntsitzeari, barre ispilutik agurtzen gaituzten aurpegiei, barre gure ideia eta asmoei, barre literaturari. Satira, eta maltzurra bada, hobe.

        Edo bestela gure arbaso guztien begiez so egingo diogu hiri ulertezin honi, itsaso zoro honi. Haiek ez ziren gu baino leloagoak amodio edo gerra kontuetan, bonba atomikoak ezin dio gizateriari eman brontzezko ezpatagintzak eman ez zion ezagutza berri eta berezia. Master eta Johnson-ek baino lehenago Ovidiok kontatu zigun gauza bera, Freud-ek baino lehenago Shakespearek zeharkatu zituen gure gogoaren ilunbeak.

        Edo bestela gauza ttipiekin moldatu beharra, etxea eta lagunarteko solasaldiak. Mendiak eta basoak, irlak eta lakuak, teknologiaz edo demagogiaz jantzitako doktore dotoreek oraingoz erdi ahantzirik dituzten eremuak.

        Kritiko askok leporatu dio Audeni poesia zaila egitea, intelektualegia, diskurtsiboegia. Antzerako iritzia jaso zuelarik, Cernudak ihardetsi zien kritikoei inoiz ez zirela konturatu bere poesiaren oinarria amodioan zegoela. Ez, noski, XIX. mendeko erromantiko burgesen amodio berekoia, natura eta zentzumenetan erroturik dagoen emozio haragitua baizik. Desberdintasunak desberdintasun, Audenen poesiaz ere hori esan genezake, azalean poesia intelektual eta hotza izan daitekeena, mamian gizakien mina eta artega gainditzeko ahalegin amultsu bihurtzen da, Heriok berak ulertzen ez duen heriotza begiratzeko saio lasai eta sagaratua.

        Hizkuntzaz den bezainbatean, Audenek Karl Kraus-en esaldi bat, agian boutade bat, dakarkigu gogora: «Publikoak ez du ulertzen alemaniera, eta hori guztia ezin esango diot egunkarieraz». Komunitate osoarena da hizkuntza, ez bakarrik idazleena, jabego pribatuak ezin du lekurik izan arazo honetan. Hitz guzti-guztiak hiztegian daude edozeinen eskura. Hizkuntzaren jatorria soziala denez, baina aldi berean bere erabilera pertsonala, publikoak aurpegiratzen dio idazleari ez duela ezer ulertzen, Picassoren koadroez edo Messiaen-en musikaz berdin esango du, baina musika eta pintura egiteko materialeak, soinuak eta koloreak, beste izaera mota dute, ulertezinak dira. Hizkuntza usteltzen doa egunetik egun, ez gaizki hitz egiten dugulako, arauemaileen ardura izango litzateke hori, hitzen esanguretara hondamendi orokorra iritsi delako baizik. Esangurak dira usteltzen direnak, «itsaso» badio Audenek jende guztiak jakingo du zertaz ari den, «klandestino» badio berdin, baina «itsaso klandestinoa» badio zer gertatuko da? Susmoa daukat jendeak ez dituela ez «itsaso» ez «klandestino» hitzen benetako esangurak ezagutzen. «Zatoz Antilletako itsasora gure bidai-agentziarekin», «Gela klandestinoa aurkitu zuen poliziak etxean» eta antzerako esaldiak bakar-bakarrik entzuten direnean, horiek soil-soilik ulertzen dira. Poesiaren lana hizkuntza destoxikatzea da, ez magia egitea, Audenen ustez.

        Egunero darabilgun hizkuntza da Audenen tresna gehienetan. Prosaismoa. Poesia ingelesak antzinatik izan duen abantaila handietarik bat. Baina prosaismoak ez du nahitaez erraztuko bere poemen irakurketa, hasieran pentsatu daitekeenaren aurka. Makina, tren, agente sekretu eta eguneroko hizkuntzaren atzetik agertzen zaizkigu askotan Audenen etorri lirikoenak. Gehitu behar diogu honi, poeta ingeles-amerikarrak baliabide poetikoak erabiltzen erakusten duen abilezia, metrika kasu edo anglosaxoierazko poesiatik datorkion aliterazio sistema.

        Betikoa emango badu ere —zerk ez?— irakurle bakoitzari hitz egiten diola Audenek ezin esan gabe utzi. Eguneroko hizkuntzaz eguneroko bizitzaz ihardutearen ondorio garbia da, erretorikak ez du lekurik. Gizateriari edo Herriari hitz egiten dionak berehala ahanzten du —noizbait izan bazuen buruan— multzo guzti horiek osatzen dituzten gizabanakoetarik bakar baten bizitza orrialde zuri oro betetzeko gai dela.

        Gero eta bakanagoak diren plazer pribatu eta propial horietako bat irakurketa izanik, bihur dadila irakurlea bere baitara, bizi benetan bizitza, ahanzteko une batez bederen poesia liburuak leitzea arraro izendatu zutenak.

        On dagizula.

Rikardo Arregi Diaz de Heredia