Gurea falangista zen
Gurea falangista zen
2021, kronika
120 orrialde
978-84-17051-70-9
Azaleko irudia: Oskar Alegria
Alberto Barandiaran
1964, Altsasu
 
2005, narrazioak
1998, kronika
Gurea falangista zen
2021, kronika
120 orrialde
978-84-17051-70-9
aurkibidea
 

 

—5—

 

 

Luis Fernandezen ametsa udal idazkaria izatea zen. Bazituen merezimenduak: izen oneko familia bateko kidea zen; azkarra eta langilea zen; kontaktuak zituen. Baina liskar txoro batek haren ibilbide profesionala hasi baino lehen katramilatu eta, ezin jakin, Errepublikaren aurkako altxamendua gertatu eta berehala Falangen izena eman eta frontera joan nahi zuela kemenez eta gogotsu adierazi zuenean, beharbada garatua zuen bere herriko sozialista, anarkista, ezkertiar guztien kontrako herra berezia, beharbada herria garbi eta eskuindar eta elizkoi ikusi nahi zuen. Beharbada uste zuen aste batzuetako kontua izango zela gerra, berehala amaituko zela dena eta udalean lan egiteko aukera emango ziotela arduradun berriek. Beharbada “laster itzuliko naiz, ama” esan zion Graziana Arregiri, errepide nagusi ondoko etxearen atarian despeditu zirenean.

      Kontua da armak hartu eta bere gerra-ibilbidea eskuko libreta gris batean idazten jardun zuela muinoz muino, baserriz baserri, herriz herri, kotaz kota, bonbardaketaz bonbardaketa, erasotik erasora, atsedenaldietan, aukera izan zuen guztietan. Harik eta 1937ko ekainaren 3an, 18 urte bete berriak, gudari edo miliziano errepublikazale baten fusiletik ateratako bala batek hil zuen arte.

      Luis Fernandezen hilotza ez zen geratu Lemoaitz gainean egunak eta egunak, beste kide batzuenak bezala, denen bistan. “Bala galduren batek” bizia kendu eta gutxira, ekainaren 5ean, falangistek eta erreketeek Bilboko erasoarekin aurrera jarraitzeko miratoki paregabearen aurka gogor jo eta berriro berreskuratu zuten ezinbestez menderatu beharrekoa zen Lemoaitz. Beste astebete iraun zuten erasoek eta kontraerasoek, baina pentsatzekoa da orduan jasoko zituztela jaso gabe geratu ziren haien aldeko hildakoen gorpuak, banan-banan kutxetan sartu eta norbere etxeetara bidaltzeko. Gudarien gorpu asko hantxe geratu ziren, Jesus Artetxek, eajkoa izan arren bere kideen aurka tiroka baldarki aritu zen idazleak idatzita utzi zuen bezala, erretiradak ez zuelako lagunak jasotzeko tarterik utzi. Lur pixka batekin estali zituzten batzuk. Azken urteetan horiek lurretik atera eta dokumentatzeko lan ugari egin dira inguruan.

      Luis Fernandezen hilotzarekin batera, libreta gris txikia berreskuratu zuten bere armakideek, seguru asko gainean edo bizkar-zorroan sartuta izango baitzuen; baita bere pistola eta hainbat eskutitz ere; baita bi argazki eta elurretarako txapin pare bat ere bai.

      Luis Altsasuko kanposantuan lurperatu ondoren, haren 18 urteko bizitza laburbiltzen duten objektuak Altsasu alderik alde zeharkatzen duen errepide ondoko etxean egon ziren, kutxa baten barruan gordeta, harik eta etxea eta atzealdeko baratzea saldu eta anaia hil zenean 4 urte besterik ez zituen arreba txikiak maleta batean sartu eta berarekin etxe berrira eraman zituen arte.

      Ia laurogei urteren buruan, nire eskuetan utzi zuen: “Ez dakit interesatuko zaizun. Egin nahi duzuna”.

      “Egin nahi duzuna” horrek merezi du esplikazio bat.

      Maria Antonia Fernandez de Garaialde Arregik bazekien urteak nenbilela libreta horren atzetik. Bazekien, bere alabari, nire andreari, askotan aipatu niolako.

      Nire eskuan utzi zuen garaian Altsasun ez zegoen giro berezirik memoriaren berreskurapenerako. Sakanan beti egon da interesa gerra eta diktadura garaiko xehetasunak ezagutzeko, eta errepresioa ezagutarazteko hitzaldiak eta erakusketak egin dira maiz. Guardia Zibilak Txoko-Zar tabernaren parean hil zuen Emilio Iguzkizaren aldeko oroitarria jarri zuten duela zenbait urte. Errepresaliatuen aldeko omenaldia egiteko ere, eskultura bat dago gaur egun udaletxe parean. Urtero, Otsoportilloko leizearen aurrean, Urbasan, omenaldia egiten zaie fusilatu eta desagertutakoei. Duela urte batzuk, senideen esku utzi zituzten Urbasan egindako indusketetan berreskuratu ziren gorpuzkiak.

      Baina Maria Antonia Fernandezek anaia nagusiaren libreta nire eskuetan utzi zuenean, ez zen gaia bereziki pil-pilean herrian, eta senideen arteko bazkarian ez zen inoiz aipatu, eta nik ez nion propio inoiz eskatu libreta hori, existitzen zela ondo nekien arren. Are, desagerrarazi egin zutela uste nuen, garajean maleta batean inoiz egon zen pistola zaharra bezala. Eta, hala ere, 80 urteak bete berriak zituen Luisen arreba txikiak eman egin zidan libreta. Geratzen zen anai-arreba bakarrenetakoa zen, baina ez zion inori ezer esan, ez zien senideei baimenik eskatu, gaia korapilatsua zela jakinda ere. “Egin nahi duzuna” esan zidan, errespetuz eta konfiantza osoz. Inolako eskakizun edo mugarik jarri gabe, bere familiaren iragana aztertu eta epaitzeko atea zabaltzen zuela jakinda ere.

      Aspaldian ezagutzen nau, baina laurogei urte bete zituenean eman zidan.

      Testua irakurrita zeukan, bazekien ez zela munta handiko informazioa. Baina kontzientea zen “egin nahi duzuna” horrek “egin ezazu zerbait” esan nahi zuela: “Idatzi honi buruz”.

      Altsasun hamarkada luzeetan nagusitutako “ez egin ezer” mezuaren ifrentzua zen. “Ez egin ezer”; “ez esan ezer”; “ez galdetu ezer”. “Ez idatzi ezer, ez ni bizirik nagoen bitartean”. “Zertarako hilda dagoen jendearen izenak orain argitaratu?”. Edo: “Zertaz lotsatu?”. Edo: “Inor ez da bere gurasoen edo aitona-amonek egindakoaren errudun”. Edo: “Zenbat gehiago ibili behar duzue kontu zaharrekin, kaka nahasten?”. Edo: “Ezin duzu behingoz gauza atseginei buruz idatzi?”.

      Hogeita hamar urte lehenago, liburu azoka batean topo egin nuen Altaffaylla Kultur Taldeak argitaratutako Navarra, de la esperanza al terror liburuaren lehen edizioarekin. Historia ikasten ari nintzen, eta ama ondoan nuen. Liburu-denda txiki bat zeukan orduan Irunen, eta beti aritzen zen ferietan liburu berri bila. Edizioak atentzioa deitu zigun berehala, eta liburua zabaldu eta begiratzen hasi eta Altsasuri buruzko pasartean ageri zen datu piloak bion arreta erakarri zuen. Amak, orduan, eskatu zidan izenen zerrenda begiratzeko, etxearen izkina batean jarri duzun tranpan sagua ote dagoen begiratzera bidaltzen zaituen anaia txikiak bezala, bera begiratzera ausartu gabe. Zerrenda goitik behera irakurri nuen, baina ez nuen aitonaren izena aurkitu. Pablo Arellano bat ageri zen, baina Amillanorik ez. Esan egin nion, eta ikusi nuen nola mudatzen zitzaion aurpegia. Buelta eman eta etorritako bidetik aldendu zen, ihesean bezala. Liburua irakurtzen jardun eta erosi gabe uzteagatik liburu saltzaileari barkamen azkarra eskatu ondoren haren atzetik abiatu nintzen. Harrapatu nuenean, lasaitu nahi izan nuen. Arellano batzuk bazirela Altsasun, posible zela Pablo Arellano hori zuzena izatea, aitonaren izena ez zela ageri. Baina ez zuen gehiago entzun nahi izan, eta sekulako disgustuarekin etxeratu zen.

      Orduan eskatu zidan mesedez sekula ez idazteko etxeko kontuez, ez bera bizirik zegoen bitartean. Duela ez asko, biok bazkaltzen ari ginela bakarrik, debekua altxatu zidan, eta barkamena eskatu.

      Baina Pablo Amillano nire aitona zen. Gure amaren aita. Eta Luis Fernandezen ibilbidearen peskiza ustez guztiz historiko eta dokumentalak galdera ikurra jarri zion bere memoriari. Eta erreportaje bat izan nahi zuena memoria ariketa bilakatu zen.

      Hasieran aipu garbi askorik ez zegoen haren parte hartze zuzenari buruz. Banaka hartuz gero, behintzat, ez: Luis Fernandezen anaia Santiren esaldi solte bat bazkalondo batean, esaten zuena aitona herrian ibili zela pistola gerrian; Falangerentzat herriko zenbait ezkertiarri buruz txostenak egin zituela zioten erreferentzia batzuk memoria berreskuratzeko webgune kaotiko samar batean; Somocurcio eta Chicharro Santoñan preso zeudela seinalatu zituela zioen lekukotasun kontraesankor edo anonimoa, berez ezer frogatzen ez zuena; Jorge Mendiluze Zelaiaren beste lekukotasun bat, esaten baitzuen Bilbon zela ikusi zituela aitona eta beste batzuk iritsi zirela tren geltokira, herriko batzuk salatzeko asmoarekin; are, herriko emakume batzuk ilea arras moztuta paseatzera atera zituztenen artean aitona zegoela dioten lekukotasun ezezagunak. Banaka hartuz gero, gutxi zen, baina denak batuta esanguratsuak, erakusten zutelako, ideologia zehatz batetik harago, aitonak baliatu zuela bere posizioa, irabazleen artean, herriko batzuen bizitzaren gainean erabakiak hartzen laguntzeko.

      Denak batuta, galdera ikurra jartzen zioten aitonaren memoriari.

      80ko hamarkadaren hasieran, testigantzetan oinarritutako lehen liburuak argitaratzen hasi zirenean eta herri askotan izen abizenen zerrendak agertzen hasi zirenean, osaba Gerardo galderak egiten aritu omen zen herriko hainbat etxetan, bere aitaren benetako esku hartzea zein izan zen argitu nahian. Ekarri zuen informazioa lasaigarria izan zen etxekoentzat, hala esan zidan amak: eskuindar ezaguna izan arren, “herriko jende asko” lagundu omen zuen aitonak. Familia barruan, nolanahi ere, beti ezkutatu zen haren iragan falangista. “Francoren aldekoa” zela, hori baino ez ziguten aipatu, galdetu izan genuenean.

      Baina ez da erraza dena betiko gordetzea. Galdera ikurrek beti pizten dutelako gehiago jakiteko gogoa. Galdera ikurrek tira egiten dute, buelta emandako kakoak balira bezala.

      Ricardo Urrizolak ikerlariak Consejo de guerra. Injusticia militar en Navarra 1936-40 liburua argitaratu zuen 2019an. Liburua egiteko, Errepublikaren alde aritutako ehunka pertsonaren aurkako gerra kontseiluen dokumentazioa arakatu zuen egileak, milaka orritako dokumentazioa. Begirada panoramikoa eskaintzen du errepresioaren alde ezezagunenetakoaren gainean: lekuko, abokatu, fiskal eta epaileen babesarekin garatu zen errepublikazaleen aurkako errepresioaren argazki gordina da.

      Eta milaka orri horietan burua sartu eta bat lokatzetaraino sartzen bada, bat kakoak lepotik hartuta baldin badago jada, orduan ondoko erantzunak agertzen hasten zaizkio, ikusten baitu aitona, Pablo Amillano, ez zela bakarrik jende askoren alde egin zuen Francoren aldeko herritar soltea. Somocurcio eta Chicharro salatu zituela dioten lekukotasunez gain, Altsasuko zenbait lagunen kontra egindako epaiketa guztiz sumarioetan, Pablo Amillanoren izena agertzen da behin baino gehiagotan, Falangeren informatzaile gisa. Informe horiek froga gisa erabili ziren altsasuar horien epaiketetan, gure aitona Falangeren buruzagientzako pertsona ezaguna eta konfiantzazkoa zen seinale. Eta berehala antzematen da epaiketa horietan falangisten hitzek pisu esanguratsua zutela azken erabakian.

      Esaterako, Bartolome Etxeberria Mazkiaranen kontrako epaiketa, non aitonak idatzi zuen Etxeberria sozialista zela bai, baina ez zuela parte hartu beste inongo ekitaldi politikotan. “Haren portaera morala ona izan zen”, baieztatu zuen.

      Baina batek jarraitzea erabakitzen badu, erabakitzen badu familiaren baitan aitonaren iragana ezezaguna edo isildua izan arren berak jakin nahi duela, eta gero kontatu nahi duela, uste duelako kontatzeak on egingo diola berari eta bere familiari ere bai, ikusten du 1938ko apirilaren 30ean premiazko epaiketa sumarisimoa hasi zutela Iruñean Ramon Prieto Alvarez Altsasuko bizilagunaren kontra, “matxinada militarra” leporatuta. Prieto honi egotzi zitzaion 1934ko gertakari iraultzaileetan oso parte hartze aktiboa eduki izana, eta 1936an Errepublikaren alde armak hartu eta borrokatu izana. Bada, epaiketa sumarisimo horietan lekuko gisa Altsasuko hiru lagun deitu zituzten deklaratzera: Aniceto Azpiroz, Manuel Aristorena eta Pablo Amillano. Nola aukeratu zituzten? Epaileak propio eskatu zituen “Fronte Popularrarekin inoiz harremanik eduki ez eta akusatuaren ibilerak ezagutzen zituzten” hiru lagun.

      Aitonak beste bi falangistek salatutakoa berretsi zuen. Hau da, Prieto “oso ezkertiar arriskutsua” zela; ugtko agintarietako bat zela; parte hartu zuela 1934ko liskarretan eta lantegi bateko zaindariari arma kentzen lagundu eta, ondoren, langile guztiak grebara joatera behartu zituela; Altsasuko tren geltokian hainbat sabotaje egin zituela, eta 1936ko hauteskundeetan kontu hartzaile gisa aritu zela, eta propaganda “oso eraginkorra eta oso zikina” egin zuela. Halaber, aitonak nabarmendu zuen, bere deklarazioan, 1936ko uztailaren 18an Ramon Prieto Altsasun patruilatzen aritu zela, eta tiro batzuk bota zituela “eskuindarren aurka”, eta gero “gorriekin” bat egin zuela, eta han, jarraitzen du aitonaren deklarazioak, “aditu dudanez, oso parte hartze aktiboa izan zuen gure armadaren aurka, eta, horregatik, nire ustez pertsona hau oso arriskutsua eta oso Espainiaren kausaren aurkakoa da”.

      Beste bi lekuko gehiago izan ziren, 1934ko istiluetan Altsasuko kuartelean zeuden bi guardia zibil, baina Azpiroz, Aristorena eta Amillanoren deklarazioak froga erabakigarria gertatu ziren Ramon Prieto Manolo heriotza zigorrera kondenatzeko. Zortzi urte Iruñeko presondegian eman ondoren, 1947an zigorra barkatu zioten.

      Eta bat lokatzetan are gehiago sartzen bada, bere buruari etengabe galdetzen dion bitartean zerk bultzatu zuen aitona ez bere ideiaren alde borrokatzera edo bere ideiak defenditzera, hori erabat logikoa iruditzen zaiolako bere iritzia erabat beste muturrean egon arren, baizik eta hormara eraman zitzakeen epaiketetan herriko gizon batzuen kontrako lekukotza ematera, bada hori bere buruari etengabe galdetzen dion bitartean bat lokatzetan gehiago sartzen bada, ikusten du 1938ko urte horretan ere, Altsasuko hogeita lau lagunen kontrako epaiketa sumarisimoan, Pablo Amillano, gure aitona, lekuko izan zela. Hiru aldiz izan ere.

      Hogeita lau pertsona horiei “matxinadari atxikitzea” leporatu zieten eta Victor Huarte maisua zen haien artean. ugtko kidea zen eta Santoñan atxilotu zuten 1937ko abuztuan, gerra piztutakoan Bizkaira alde egin eta azkenean Errepublikaren alde armak hartu zituelako. Huarteri epaiketan leporatu zioten Altsasuko erlijio eskolak ixtera bultzatu zituela; eskoletako gurutzeak kentzeko exijitu zuela; umeak eskolan ukabila altxatuta agurtzera behartu zituela; “prentsa ezkertiarrena” irakurtzen zuela eta Fronte Popularraren aldeko propagandista sutsua zela. Gerraren lehen egunetan armak banatzen aritu zela.

      Huartek dena ukatu zuen deklaratzeko aukera eman ziotenean, baina Pablo Amillanok baieztatu zuen Altsasuko kuarteleko komandantearen aurrean, 1938ko ekainaren 30ean egin zuen deklarazioan, Huarte sozialista zela, ugtkoa, “zakarra eta erlijioaren aurkakoa”. Gure aitonak berretsi egin zuen akusazioaren froga nagusia, hau da, Huarte izan zela eskoletatik gurutzeak kentzeko agindu zuen lehen irakaslea, eta, Constantino Salinas alkate ohiarekin batera, Altsasuko hirurehun bat gizon “ihes egitera” bultzatu zituela.

      Handik urtebetera, epailearen aurrean egindako deklarazioan, antzekoa sinatu zuen aitonak, eta gehitu zuen Huartek zuzentzen zuen eskola miatzean Sexu hezkuntza izeneko liburu bat topatu zutela, eta hori “Espainiako Mugimendu Loriatsuaren aurkakoa” zela.

      Egon ziren Huarteren alde mintzatu ziren herritarrak ere, esaterako alkate frankista bera, baina instrukzioko epaileak nahikoa froga aurkitu nonbait, eta epaiketara iritsi zen afera. Gerra kontseilua. Eta han berriz deitu zuten deklaratzera Pablo Amillano Baztan, eta han agertu zen gure aitona. Eta epaile militarraren aurrean, Iruñean, aurreko deklarazioetan esandakoari gehitu zion Huarte izan zela oso buruzagi ezkertiar esanguratsua, eta, azken finean, komisario politikoa zela.

      Epaile militarrak galdetu zion, orduan, nola zekien hori guztia. Eta aitonak erantzun zuen bazekiela hori guztia Bizkaiko eta Santanderreko frankista esanguratsu eta fidagarriek esana ziotelako, lurralde horiek askatu ahala jardun baitzuen “Altsasuko iheslarien atzetik, eta haien inguruko informazioak jasotzen”.

      Alegia, aitonak esan zuen gerra kontseilu hartan Altsasuko ezkertiarrak jazarri zituela Bizkaian eta Santanderren, Francoren armadak aurrera egin ahala, eta bere herrikoak salatzen aritu zela. Horietako bi, behintzat, Martin Somocurcio eta Alfonso Chicharro, fusilatu egin zituzten.

      Aitonak sei seme-alaba zituen 1939an, epaile militarraren aurrean bere ibilerak publikoki aitortu zituenean. Handik hiru urtera hil zen amona Jesusa. Elurte gaizto batek harrapatu zuen Urdiaingo bidean, ahizparen etxera zihoala, eta pneumonia txar batek eraman zuen.

      Familian inork ez du jakin, orain arte, aitona herritarren kontrako epaiketetan deklaratzen aritu zenik. Hala diote lehengusu zaharrenek. Aitona “Francoren aldekoa” zela, besterik ez ziguten azaldu etxean. Lehengusuren batek inoiz aipatua du Falangeren aldekoa zela aitona, baina “Falangeko inozoena”, ez zuelako inoiz erabili bere posizioa aberasteko edo karguren bat lortzeko. “Ondradua izan zen, muturreraino ondradua”.

      Bi anaia zituen aitonak, bat Donostiara bizitzera joanda, bestea bera bezala Altsasun geratu zena familia osoa Makirriaindik, Tafalla ondoko herri txiki batetik, etorri ondoren. Arreba bat ere bazuen, baina hark Errepublikarekin borroka egitea erabaki zuen militar batekin maitemindu, eta aitonak ukatu egin zion harreman oro. Mexikora alde egin behar izan zuten biek. Haien bien alaba Mexikotik itzuli zen handik urte askotara, baina aitonak ez zuen inoiz keinurik adierazi erbestera joandako arreba txikienaren alde.

      Gerra garaian udaletxean zeukan aguazil postua galdu zuen aitonak, alkatearekin izandako desadostasun batzuk zirela medio, eta herriko fundizioan aritu zen beti lanean. Amona Jesusa hil zenean, gerra amaitu eta gutxira, Etzegarateko Pia Aldasororekin ezkondu zen aitona, eta denda txiki bat ireki zuten herrigunean. Fruta eta berdura freskoenak izateaz harrotzen zen Ama Pia, goizeko seietan Erriberatik egunero iristen zen trenean ekartzen zizkiotenak. Gure amak eta osaba Gerardok Burundako herrietan banatzen zuten gero, asto baten gainean.

      Muturreraino ondradua.

 

 

Gerra eta gerra ondoko diktadurarekin eroso bizi izan zen jendea urte luzeetan diktadura baten konplizitateaz etekinak atera zituen jendea izan zen, diktadura baten babesa eta aterpea izan zuena, beraien herrikoen aurka egin zen errepresioan izan zuten erantzukizuna estali, deuseztatu eta ezabatu zuena. Ez zen jende eskuzabala izan beraien herrikoekiko, ez zirelako ahalegindu, ahal izan zutenetan, zauriak ixten. Gauzak gerta zitezen utzi zuten, eta bakoitzak isilean miazkatu behar izan zituen bere orbanak. Ez zen keinu kolektiborik egon, ez zen adiskidetasuna bilatu. Eta ardurak ez dira maila berekoak: zerbait egin ahal izan zutenek ez zuten egin. Garaileek ondo profitatu zuten beraien garaipena, isiltasun orokor bat ezartzeko egindakoaz eta gertatutakoaz. Eta, larriena beharbada, transmisioa erabat eten egin zuten.

      Laino itxiak bideak ezabatzen dituen bezala, urte haiek erabat desagertu ziren elkarrizketetatik. Ixo. Gero esplikatu zen herriaren elkarbizitza bera babesteko egin zela, gogorregia izango zelako, eta arriskutsua, dena argira ateratzea. Baina gezurra esan zuten. Isiltasun gogorra ezarri zuten bazekitelako parekoek beldurra galtzen zuten egunean jasanezina izango zela lekukotasunak entzun eta begiradari eustea.

      Omertá horrek belaunaldi gaztetan ezjakintasun orokor bat ezarri zuen, jakin nahigabetasun bat ere bai. Transmisioa lantzen ez bada, jakin-mina kamusten da. Isiltasun bortxatu horrek edukiko zuen eragina hurrengo hamarraldietan ere, garai latzak berriro etorri eta talka ideologiko, politiko eta armatuek herriak eta familiak zatitu eta errepresiozko zurrunbilo batek Euskal Herria ia hirurogei urtez astindu zuenean. Bortizkeriaren ondorioez publikoki hitz egin eta minak elkarri aitortzeko ezintasun eta debeku tazitoa errepikatu zen, eta oraindik pairatzen ari gara ondorioak.

      Horregatik, batzuetan, errazagoa da aldamenekoen istorioak ezagutzea zure etxeko paretetan ezkutatu dena ulertzea baino. Errazagoa da artxibo militarretan miatzea etxeko sukaldearen isiltasuna haustea baino.

      Gertatzen dena da berreskuratze saioak, gehienetan, berandu iristen direla: protagonista nagusiak desagertu direnean; artxiboak jada ez daudenean. Berandu. Horregatik, gero eta zailagoa da ulertaraztea kontatzeak zer garrantzia daukan. Ez bakarrik jakiteko, baizik eta ardura zer den ondo ulertzeko.

      Zailagoa, gainera, ulertzen baldin baduzu zure inguruko guztiek dena isiltzea erabaki dutela, edo ez jakitea. Zaila, galdera egin behar diozulako zure buruari: zer eskubide daukat ingurukoek isiltzea erabaki dutena neuk oihukatzeko? Zaila, galdera berez datorrelako: zergatik hain zuzen ere zure familiaren iragan baketsua astindu, putzu garden baten hondoan makila sartu eta lohia ateratzen denean egiten den bezala, eta beste batzuena bere horretan utzi?

      Seguru asko, gure aitonaren iraganaren gainean egon den tunika beltza amonaren heriotza goiztiarrak jarri zuen. Amona herriko alaba zen, aitona ez bezala, eta oso gazterik joan zen. Ez daukat zalantzarik nire izeko zaharrenek jasoko zutela beste iragan bat hark bizirik jarraitu izan balu. Edo, beharbada, isiltasun hitzarmen tazito bat egon zen familian, herrian egon zen bezala. Gogoratu: hobe isiltzea, zertarako kontatzea.

      Eta pentsatu nahi dut beldurra egon daitekeela erabaki guztien atzetik. Beldurra, oso egoera eta garai gogor eta dramatikoetan, galtzaileen tokian egoteko.

      Inor ez da gurasoek edo aitona-amonek egindakoaz ez errudun ez zordun; inork ezin du haiek egindakoa ezpatatzat hartu. Erabakiak beste batzuek hartu zituzten. Baina norberaren aurrekoek zer egin zuten jakiteak laguntzen du ulertzen zergatik gatozen gatozen tokitik, eta laguntzen du ulertzen parean ditugunen sufrimendua.

      Herriko emakumeak burua arras moztuta pasarazi edo gizonak salatu edo urkamendira bidean jarri edo zuzenean heriotzara bidali zituzten asko jende atsegina izan zen. Maite izan zuten herria, maite beraiek bezala pentsatzen zutenak, maite emaztea, seme-alabak, ilobak eta bilobak. Aiurri bizikoak ziren batzuk, “redios!” franko botatzen zituztenak inguruan bilobek zarata pixka bat egiten baldin bazuten, isilik egoten ez baziren, gosaltzen lasai uzten ez bazieten. Jende maitekorra izan zen beraien odolekoekiko; alaba txikiari “Europako gauzarik politena!” esaten zioten, belaun gainean esertzen zutenean; lantegitik bueltan janari beroa eramateko erabiltzen zuten pote txikiaren hondoan beti janari puska bat edo esne trago bat gordetzen zioten alaba txikiari.

      Enbolia batek gorputz erdia paralisiak jota utzita ere, “redios!” esaten jarraitu, behin eta berriro “redios!” ahoskatzen ahalegintzen zen jende sinestun, kontserbadore, autoritario, fidel, dogmatikoa. Bere emaztearen senar atsegina; bere seme-alaben aita maitekorra. Beren biloben aitona. Eta, era berean, Victor Huarte ugtko kidearen kontra egin zen gerra kontseiluan Sexu hezkuntza izeneko liburua udaletxeko ganbaran aurkitu zuela salatu zuena; edo aguazil lanpostua kentzeagatik alkatea salatu zuena; edo Martin Somocurcio eta Alfonso Chicharro Santoñan salatu zituena; edo herriko batzuk jazartzen aritu zena Bizkaian eta Santanderren, garaileak haiek zirela ziur zegoenean: Pablo Amillano Baztan (Makirriain, 1903 - Altsasu, 1971).

      Gure aitona falangista.