Gurea falangista zen
Gurea falangista zen
2021, kronika
120 orrialde
978-84-17051-70-9
Azaleko irudia: Oskar Alegria
Alberto Barandiaran
1964, Altsasu
 
2005, narrazioak
1998, kronika
Gurea falangista zen
2021, kronika
120 orrialde
978-84-17051-70-9
aurkibidea
 

 

—3—

 

 

Luis Fernandezen egunerokoa ez ezik, apunteak, gogoetak eta poemak biltzen dituzten libretak Lemoaitzetik Altsasuko etxeraino iritsi ziren, balek lehertutako hilotz batekin batera iristen diren ondare pertsonalak irits daitezkeen bezala: klandestinoki ia, kutxa batean sartu eta handik inoiz ez ateratzeko patuarekin iritsi balira bezala. Hor egon ziren gordeta gerra amaituta ere, diktadorea hil eta gero ere, demokrazia haizeak etorri eta joan eta etorri eta ondorengo denbora guztian ere. Hor daude gaur egun ere.

      Horko zirriborroen artean beharbada aurki daiteke heriotzara eraman zuen erabakiaren arrazoietako bat.

      Luis Fernandez eskribaua zen, eta idazkari izan nahi zuen. Afan horri dedikatu zion bere azken urte ia osoa. Baina gerrara joan aurreko gabon gauean udal langile batekin izaniko istilu berez makurrik gabe bat zela medio, dena okertu zitzaion.

      Berak utzi zuen idatzita —eta seguru asko ez da beste lekukotasunik egongo bere bertsioa berretsi edo ezezteko—, gabon gauaz beste hiru lagunekin batera kalera atera zela, kantaitan eta, seguru asko, umore onez. Ez zuen idatzita utzi zalaparta ere sortu zutela Altsasuko kale estuen artean, baina sinestekoa da hala gertatuko zela, parrandaren erdian autoritatea azaldu zelako eta salatuko zituela esan zielako. Autoritatea Urkijo izeneko bat zen, gaueko udal zaintzailea.

      Irudika dezagun eszena. Círculo Católico elkartea errepide nagusiaren ondoan dago, udaletxetik hurbil. Han kopa bana hartu ondoren, Unamuno tabernara abiatu dira hiru lagunak. Luisek etxean utzi ditu gurasoak eta aitona-amonak, eta Micaela, Andres, Santi, Teresa, Mari, Maria Antonia eta Javier anai-arrebak. Paulino, anaia nagusia, bera ere atera da etxean afaldu ondoren. Aitari muturra okertu zaio Luisi entzun dionean lagunekin geratu dela, gizonak uste baitu etxean ospatzeko jaiak direla, gustatzen baitzaio familiarekin batera oilar mezara joatea. Ez du esaten, baina gizonak ez du maite tabernaz taberna ibiltze hori, badakielako batzuetan liskarrak sortzen direla. Badaki giro nahasia dagoela herrian, erraza dela haserreak piztea. Baina semeak 17 urte bete berri ditu, etxetik kanpo lanean eman du urtea, Mendigorriako Udalean, eta asko lagundu dio aitari etxeko kontu eta paperekin. Gainera, lagunak zain ditu kalean.

      Abiatu dira beraz, Luis eta bere bi lagunak Unamuno tabernara. Ez dago jende asko kalean, baina Círculo Católicon hartutako kopa horiekin are gehiago berotu zaizkie barrenak, eta kantuz datoz besotik helduta. Hotza egiten du, eta badirudi fuerteago kantatu behar dutela eztarria berotzeko. Gauez gehiago entzuten zaie.

      Baina udal langileari ez zaizkio etxekalteak gustatzen, are gutxiago hiru hauek, berak badaki eta zenbat arazo jarri dituzten eskuindarrek sindikatuaren aldeko ekintzak antolatu nahi izan dituzten guztietan. Eta alto eman die. Isiltzeko, ez direla orduak horrela ibiltzeko. Isuna jarriko diela bestela. Luis Fernandezi ezaguna egiten zaio mehatxua. Lagun baten aitari “Redios!” ozen baten kontura 2,5 pezetako isuna jarri nahi izan zioten, eta hark orduan, “Pues tori 5 pezeta, redios!!” ozenago batekin erantzun zuen.

      Eta isunarena entzun duenean, Luis Fernandezi, seguru asko jaiaren lurrinek adoretuta, aukera ona iruditu zaio administrazioaren hierarkiak garbi uzteko, eta azaldu dizkio gaueko zaintzaileari bere karguari dagozkion obligazioak, “ezagutzen nituelako” (geroago, dena argitzeko erabili zituen argudioetan erabilitako hitzak erabiltzearren). Alegia, kargu hartu dio autoritateari lagunen aurrean. “Gizona”, esan dio gaueko langileari, “har ezazu aintzat Udal Araudiaren artikuluek esaten dutena, hau da, modu onak eta azalpen egokiak erabili behar direla faltak zuzentzeko unean, gizalegez”. Ez zuen horrela esango, noski, baina kaiertxo batean idatzita utzi zuen agentearen jarrerarekin kexu zela, berak “modu onak” erabili zituelako.

      Autoritatearen agenteak seguru asko beste bertsio bat kontatuko zuen libretatxoren batean gau hartakoak idatzi izan balitu. Kontatuko zuen, seguru asko, Luis Fernandezek ez zituela “hain modu onak” erabili, ezpada zatarrak, eta ez berak bakarrik, baizik eta lagunek ere bai, horietako baten kontra oldartu zelako. Seguru asko Luisen lagun hori ere horditurik egongo zen, eta pentsatzekoa da begirune handirik gabe zerbait esango ziola une hartan autoritatea zenari, behar baino zientotres gehiago hartuta egongo zelako. Baina Luis Fernandezek ez du horri buruzko berririk ematen batere etxean urte hauetan guztietan gorde duten bere koadernotxoan. Bai idatzita utzi zuen bere lagunak agentearen erasoaldiari erantzun ziola, eta orduan gainerako guztiek esku hartu behar izan zutela. Harik eta biak, laguna eta agentea, bereizi zituzten arte. Alegia, muturreko eta bultzada batzuk egon zirela eta zalaparta iskanbilatsu samarra gertatu zela.

      Kalapita ikusirik, ez zegoen beste erremediorik: udaletxera joan ziren denak, gauzak argitzearren. Baina han Urkijo jaunak tematuta jarraitzen omen zuen hiru gazteokin, errespetuz ez zutelako tratatu, eta Luis Fernandezek araudia atera zuen berriro denen aurrean, “modu onean” bere esanetan, aipatutako artikuluan berak esaten zuena esaten zuela frogatzeko: alegia, agenteek gizalegez eta hobe beharrez aktuatu behar dutela istiluak sortzen direnean, hain zuzen ere istiluak saihesteko. Eta Fernandezek atera zuen udal araudia eta irakurri zuen ditxosozko artikulua gainerako guztien aurrean: hau da, han zegoen gau parteko kaboaren aurrean, Mendia jauna; parrandako hiru lagunen aurrean; eta zalapartak hartaratuta hurbildutako Jose eta Francisco Lezea Larrazaren aurrean, “une hartan han aurretik igarotzen zirelako kuriositateak erakarrita, ahotsak [irakur bedi oihuak] entzun zituzten eta”.

      Martin Otxoa aguazila ere han zen, etxetik iritsi berria. Denak udaletxearen atarian elkartu ziren. Kuadrilla handiegia ezer ez gertatzeko.

      Kontua da afera ez zela ondo amaitu Luis Fernandezentzat, alkateak maiatzaren 24an bertan kargugabetu baitzuen. Idazkari laguntzailearen postuari agur. Hurrengo hilabeteetan, bati eta besteari eskutitzak idazten ibili zen gaztea, ea lagunduko zioten udalarekin piztua zuen gerrarekin. Orduan idatzi zion eajko Napar Buru Batzarreko lehendakariari, “lagun politikoak izanda, ez baitidazu ukatuko”, baina 1936ko ekainean Franco eta Mola jeneralen aldeko militarrek armak hartu eta Errepublikaren gobernu demokratikoaren aurka altxatu zirenean, artean posturik gabe zegoen Luis Fernandez, Urkijo agentearekin haserretuta, eta udaletxean lankide izandako batekin baino gehiagorekin amorratuta.

      Hori ez zen izango Falangerekin gerrara joateko aitzakia bakarra, noski, baina ez da esaten den lehen aldia: gerraren hasierak kontu zaharrak kitatzeko testuinguru egokia izaten dira. Autoritatea, gehienetan, eta denbora mugatu batez bada ere, desagertu egiten delako; salbuespenezko egoerak ezohiko jarrerak bultzatzen dituelako; indarren arteko desorekak lagundu egiten duelako bortizkeria areagotzen; legezko bermeak galtzen direlako; eta arbitrarietateari bide ematen zaiolako, azkenean nagusitu arte.

 

 

Luisen gurasoek, anai-arrebek, ilobek, bilobek, lagunek, denek izan dute aukera barruan sartu zituzten gazte garaiko argazkiak begiratzeko; gerra aurretik eta gerran zehar idazkiez, poemez, kontakizunez betetako libretak irakurtzeko; etxean galdetzeko; historia intimo horri buruz hitz egiteko; gertatutakoaz gogoeta egiteko eta joan zirenak oroitzeko. Egunero izan dute aukera, 1937tik. 84 urtez, beraz. Fernandez Arregi sendiaren hilobian, Luisen heriotzari buruzko aipua Altsasuko hilerriaren erdi-erdian egon da urte hauetan guztietan, bide nagusitik iritsita erdialdeko lerro batean eskuin aldera, Altsasuko beste familia ezagun askoren panteoietatik gertu samar, denen bistan: “Aquí yacen los restos de el heróico joven Luis Fernández Arregui, que dio su vida por Dios y por España en las Peñas de Lemona (Frente Vizcaya) el 3 de junio de 1937 a los 18 años de edad”. Ikusi edo jakin nahi zuenak izan du aukerarik. Fernandez Arregi sendikoak ez dira ezkutatu, ez dira lotsatu, ez dira isildu. Familiaren historia da. Eta historia ezaguna da. Atera da gerra kontatu nahi izan duten liburu, erreportaje eta ikus-entzunezkoetan.

      Artxiboak daude.

      Luisekin batera 1936ko urriaren 3an Iruñerako autobusa hartu zuten falangista batzuen fitxak Nafarroako Artxibo Nagusian kontsulta daitezke, 36ko gerrako borrokalari nafarren fitxategia izeneko karpetan. Leoncio Elizalderena, esaterako.

      Leonciok 21 urte zituen Falangen izena eman zuenean. Ezkonduta zegoen, eta milizia ultraeskuindarraren 1. Banderarekin aritu zen Bizkaiko frontean. 1937ko ekainaren 11n, Luis hil eta astebetera, bera ere zauritu zuten Lemoaitzen, baina borrokan jarraitu zuen. 1939ko martxoaren 28an berriro zauritu zuten Toledon eta Altsasura bidali zuten. Kito gerra berarentzat.

      Burundatik atera zen autobusean zihoan zaharrenetako bat Vicente Arbaizar zen. 23 urte zituen Vicentek. Sicilia izeneko batailoian aritu zen armada matxinoarentzat, eta Bruneteko borrokan odoltsuaren azken egunetan zauritu zuten, 1937ko uztailaren 22an.

      Pedro Martinezek 20 urte zituen, ezkongabea zen, eta Falangeren 2. Zenturian aritu zen.

      Luis Fernandezek bere egunerokoan aipatzen dituen Enrique Fernandez, Luis Garcia, Eugenio Lanz eta Gaztanbide bidaideen fitxarik ez dago artxibategian.

      Esan nahi baita irabazleek beren historia kontatzeko aukera izan zutela, lotsatu edo ezkutatu behar izan gabe. Galtzaileena argira ateratzeko, lan beltza egin behar izan dute ikerlariek eta norbanakoek. Eta harrigarria da zenbat iturri edo lekukotasun ezezagun edo jorratu gabeak dauden oraindik.

      Luis Fernandez hil zenean, 1937ko ekainean, gutxi falta zen Bilbo eta Bizkai osoa Francoren armadaren esku geratzeko. Amaitzear zen, beraz, lehen lerroko gudaldia euskal lurraldeetan eta, harekin batera, militar profesionalen eta kolore guztietako milizien joan-etorriak; hegazkin alemaniarren hegaldiak; tanke italiarren burrunbak; Errepublikaren aldekoentzako konboien mugako blokeoak; gazteen erreklutamendua. Luis Fernandez izan zen, beraz, urtebete lehenago piztutako gatazka armatuaren ondorioz gerrako frontean Euskal Herrian hil zen azken gazteetako bat. Askok gero Asturiaseraino jarraitu zuten, edo Kataluniaraino, Frantziatik barrena, edo Madrileraino edo Terueleraino. Bigarren Mundu Gerraraino ere jarraitu zuten batzuek. Bigarren Mundu Gerra osteko erresistentziaraino ere bai, gutxi batzuek.

      Baina Lemoaitzekoa izan zen euskal lurraldeetan armak eskuan hartuta egin zen azken bataila nagusietako bat. Brigadak, batailoiak, miliziak, kanoiak, morteroak, hegazkinak, hildakoak, zaurituak, kapilauak, fusilatuak, desertoreak, salatzaileak, heroiak, hilotzak... izan zituen azkenetako bat. Bilbo erori eta gero, handik hilabetera, isildu ziren bonbak eta fusil hotsak, eta beste borroka bat hasi: errepresioarena. Eta erresistentziarena.

      Boterearen egitura guztiez jabetu ziren altxatuak. Militarrek gerra egoera ezarri zuten eta haien esanetara makurtu zituzten polizia indarrak, epaileak, komunikabideak eta administrazio osoa. Disidentzia bide bazterrean zegoen, hilotz, edo erbestean. Edo atxilotuta. Edo frontean harrapatu zituzten, eta eskaini zieten aukeratzeko: hormara edo uniformea aldatzea. Gehienak beste aldera begira kokatu zituzten, lehen lerroan.

      Gerraren lehen uneetan ihes egin eta herrietara itzultzea erabaki zutenek ere ez zuten erraza, tokian tokiko jauntxoen miserikordiaren menpe geratu zirelako. Salatua izan edo ez izatearen patua haiek erabakitzen zuten. Eta balen hotsak eta bonben uluak entzuten ez baziren ere eta, itxuraz, bakea bazegoen ere, herrietan logika militarretik oso hurbil dagoen kontrol sozialarekiko mekanismoak ezartzen hasiak ziren.

      Erakunde demokratikorik oro deuseztatu zirenez, Italian eta Alemanian bezala, behar zen diktadoreari zilegitasuna emango zion egitura, eta aberria, frankismoa eta buruzagi militarrak aglutinatuko zituen orea.

      Horretarako, Francisco Francok, armada matxinoaren buru ahalguztidun izendatu berriak, Decreto de Unificación delakoa sinatu zuen, gerran eta gerra ostean egongo zen alderdi politiko bakarra sortzeko helburuarekin: Falange Española Tradicionalista y de las Juntas de Ofensiva Nacional Sindicalista (fet y de las jons). Matxinada militarraren beraren bi euskarri nagusiak, Falangeren eta Erreketeen miliziak aginte beraren pean batu nahi zituzten erregimen berriko ideologoek eta, bide batez, mugimendu sozial indartsua sortu, nazionalsozialisten eta faxista italiarren antzera. Eratzen ari den estatu berriaren oinarri ez militarra izango da herriak Falange deituko duen egitura berria. Zaindari Nagusiaren rola jokatuko duen egitura saihetsezina.

      Eta antolamendu horrek militanteak behar zituen.

      Sortu eta hurrengo hilabeteetan, milaka lagunek eman zuten izena Falangeren erroldan. 1942an, ia milioi bat ziren Espainia osoan. Nafarroak izan zuen militante kopururik altuena: 1949an, 74.000 inguru. Garrantzitsua zen alderdikide egitea, arazoak ez izateko, batez ere. Bi motatako bazkideak onartu ziren: “militanteak”, eta “atxikiak”. Militanteak ziren ustez altxamenduaren alde borrokan aritu edo zerbitzuren bat egin zutenak; atxikiak, berriz, zerbitzuren bat egin beharko luketenak. Lehen eta bigarren mailakoak.

      Baina erreklutamendua, batzuetan, ez da erraza, eta ez da azkarra. Batzuek ez dute nahi. Eta Luis Fernandezek idatzi zuenean bere konpainiak Ondarroatik gertu zeukan posizioaren gainetik hegazkinak igarotzen ari zirela “etsaiaren posizioa bonbardatzeko”, Altsasu ondoko lehen herrian Iruñerako bidean, Urdiainen, 800 biztanle inguruko herri nekazari eta ganaduzalean, norbaitek erabaki du herri osoak pasatu behar duela afiliazio bulegotik, eta herri osoa fitxatzen ari dira.

      Errolda militar behartu masibo haren dokumentazio ia guztia Farias zigarro-kutxa batean eta hainbat poltsatan bilduta egon da urte hauetan guztietan, Urdiaingo etxe bateko ganbaran. Ehunka karnet, argazki eta fitxa gorde dira. Herri osoa fitxatuta dago: G. Lopez Erdozia (adherido); Alejandro Echavarri Albistur (militante); M. Urrestarazu Goicoechea (militante); Maria Goicoechea Mendiluce (militante); E. Echeverria Galarza (militante); J. Aldaz Osinaga (militante)...

      Borroka egiteko adinean dauden gizonak ageri dira karnetetan, baina baita laborariak eta artzainak ere. Baita Movimientoaren alde zerbitzu militarrik egin ez eta sekula egingo ez duten emakumeak ere. Umeak eta agureak ere bai. Karnet horiak dira, baina ondo kontserbatu dira. Argazki asko solte daude, baina denek dute atzealdean izena, norbaitek karneta prestatzeko denbora nahikoa izan ez balu bezala: G. Galarza Garmendia (militante); F. Celaya Galarza (adherido); Juan Bautista Celaya Galarza (militante); Evaristo Echeverria Albistur (militante); Luciano Goicoeceha Galarza (adherido); Maria Mendia Urrestarazu (militante); Marcelo Pozueta Garmendia (militante)...

      Urdiainen tamainako herri batean, ezinezkoa da egun bakar batean hainbeste jende udaletxetik pasarazi eta fitxatzea. Karnet guztiek data bera baitute: apirilaren 20a. Ezinezkoa, argazkia eta karneta eramateko ordenantza zehatza emanda ere, hori guztia egun bakar batean egitea.

      Karnetak ez daude sinatuta. Norbaitek prest utzi ditu, antza, baina urdiaindar gehienek ez dituzte jaso eta izenpetu, eta zigarro merkeen kutxa batean amaitu dute. Bulego batean egin dituzte, beraz. Baina argazkiak nonbait jaso behar izan dituzte, bistan da. Etxez etxe bildu dituzte eta gero denei data bera jarri? Bandoa jo dute eta epe bat eman diete argazkia eramateko, eta gero erroldatik hartu dituzte izen-abizenak?

      Karnetek ohar bat dute, Espainiako banderaren gorria-horia-gorriaren koloreen pean: “Nota: tendrá validez este Carnet si es acompañado de la ficha de cotización corriente en el pago”.

      Plastikozko poltsa zuri batean bilduta, beste fitxa sorta bat egon da gordeta urte luzez etxeko sabaian. Kuoten ordainketena. “Angel Viteri Iriberri, 88.790 zenbakidun karneta; kuota: pezeta bat”. Ageri diren datuen arabera, hilero ordaindu zuen, 1938ko uztailean hasita 1939ko ekaina arte. Francisco Irigoyen Mendiak 34.865 zenbakidun karneta dauka, eta 1938ko urtarriletik hasita 1942ko abendura arte ordaindu zuen, hilero-hilero, pezeta bat. Anaia Joaquin Irigoyen Mendiak bezala, 34.866 zenbakidun karnetaren jabea berau.

      Juan Celaya Galarzak, 25.919 zenbakidun karnetaren jabeak, kuota txikiagoa dauka, 0,50 pezeta. 1940ko irailetik aurrera, hilero ordaindu zuen, 1942ko abendura arte. Serafina eta Lucia Zufiaurre Perez ahizpek ere, hurrenez hurren 68.718 eta 68.719 karnet zenbakidunak, 0,50 pezetako kuota ordaindu zuten 1938ko urtarriletik hasita 1941eko martxora arte.

      0,25 pezetako kuotak ere badaude, baina gehienak 1942ko abendua baino lehen eten ziren. Baten bat dago 1943ko urte osoa ere ordaintzen emandakoa.

      Urdiaingo udal artxiboan ez dago afiliatze masibo honen inguruko agiririk. Udal aktetan ez zen oharrik egin, ez zen gasturik kontabilizatu, ez zen, nonbait, udal lokalik ireki herritar guztien argazkiak eta fitxak jaso eta libreta batean zerrendatzeko. Ematen du udal berriak ez zuela ardura hartu nahi izan, ez zela bere egitekoa. Edo beharbada alderdiaren agintariek ez zuten udala ezertarako behar eta alferrikakoa iruditu zitzaien inon jasota uztea. Gertatu ohi da, nagusia bakarra denean. Edo zerbait ezkutatu nahi denean.

      Urdiaingo fitxak ez dira ezohikoak. Fernando Mikelarena historialariak errepresore nagusien ibilerak aztertu zituen Sin piedad liburuan, eta badaki Urdiainen topatutako Falangeren aldeko karnetak izan zirela beste herrietan ere. Baina dokumentazio gehiena desagerrarazi egin zutela nabarmendu du, han eta hemen ale bakanak topatu daitezkeela soilik. “Nire iritziz, fet-jonseko karneta izatea ez da preseski lehen mailako Francoren erregimenarekin konpromisoaren froga. Karnet hori konbentzituek izan zuten, baina baita beldurrez bizi zirenek ere. Gainera, karnet hori izateko ordaindu egin behar zen, eta kontuan hartu behar da orduko beldurrezko giroa”.

      Mikelarenak uste du esanguratsuagoak direla 1939ko amaieratik aurrera Gurutzearen Zaldun Bolondresen Anaitasuneko kide izan zirenen zioak, edo erregimenaren barrenean karguak izan zituztenen hobariak, edo lehenengo asteetan gerrara erreketeekin edo falangistekin boluntario joateko erabakia hartu zutenen ideologia.

      Bera da altxamenduaren lehen garaian izan ziren atxiloketa eta hilketak hobekien dokumentatu dituenetako bat, eta beti nabarmendu du erabateko inpunitateaz eta inolako bermerik gabe egin zirela gehienak: ez lekukorik, ez akusaziorik, ez epaiketarik. Mendeku goseak eragindako eskrupulurik gabeko ekintza kontrolik gabeak ugaritu zirela ia herri guztietan, baina are ugariagoak izan zirela Errepublika defenditzearen aldeko giroa nagusi zen inguruetan. Altsasun, esaterako.

      Nafarroako herri askotan egin zituzten errolda behartuak, beraz, baina oso agiri gutxi kontserbatu dira gaur arte. Horregatik dira garrantzitsuak. Erakusten dutelako, eta frogatzen, zein azkar antola daitekeen mugimendu autoritario eta faxista bat. Nola sor daitekeen ia ezerezetik. Falangea ezezaguna baitzen urte gutxi batzuk lehenago. Ez zeukan militante sarerik, bakarrik hirietan eta Erribera inguruan lortu zituen lokalak eta talde antolatuak sortzea, baina 1936an, eta hurrengo urteetan, herri guztietako eguneroko politiko eta zibilaren presentzia bilakatu zen.

      Erabaki oro gidatzen zituen egitura ia mamua.

      Fitxak egin eta hilabete gutxira, 1937ko ekainaren 6an, goizeko hamaiketan egindako osoko bilkuran, Miguel Andres Galarza alkateak eta Martin Irigoien, Antonio Albiztur eta Angel Iriberri zinegotziek erabaki zuten “Aberriaren eta Jainkoaren alde” Bizkaiko frontean hildako Alejandro Ugalde eta Jose Zufiaurreren gorpuen garraio gastuak Urdiaingo udalak berak bere gain hartu behar zituela, eta gastuak herriko Falangerekin “erdi bana” ordainduko zituela.

      Urte bereko uztailaren 18an, San Pedroko ermitaren konponketa lanen gastuak onartzeaz gain, udalbatzak eztabaidatu zuen Espainiako itsas armadarentzat egitekoa omen zen korazatuarendako diru-bilketa egitea herrian. Itsasontziak España izango zuen izena, eta udal aktak dio gastuak “harpidetza bidez” ordainduko zirela. Udal ordezkariek erabaki zuten ideia ona zela herrian harpidetza zabaltzea, eta Udalak 75 pezetarekin laguntzea adostu zuten.

      Irailaren 26an, Angel Iriberri zinegotziak jakinarazi zuen handik astebetera, urriaren 4an, Falangeren bandera bedeinkatzeko ekitaldia egin asmo zutela herriko falangistek, eta hainbat festa eta ospakizun antolatu nahi zituztela. Iriberrik hitzorduaren garrantzia azpimarratu zuen, “alderdi politiko honen parte hartzea hain handia izaki gaur egungo Espainiaren altxamenduaren gatazkaren barruan”, eta horregatik proposatu zuen udalak ere ospakizunekin bat egitea, gastuei erreparatu gabe, “delako alderdi horren konpromiso patriotikoak hainbeste merezi baitu”. Gainerako zinegotziek eta alkateak gogo onez onetsi zuten eskaera, eta ospakizunen arrazoiarekin aho batez bat egin ondoren, Espainiako bandera bat eta oihal zintzilikariak erostea erabaki zuten, udaletxearen balkoietan esekitzeko.

      Ez dago jakiterik keinu hauek gastu handia ekarri ote zioten udalari, edo zer nolako harrera izan zuten herritarren artean. Historialariek, oro har, oso gutxi aztertu dute gerrak iraun bitartean herrietan bizi izan zen eguneroko zibila. Testigantza nagusiak, datu orokorrak eta zehatzak, zertzelada nagusiak eta xehetasun gehienak, lotuta egon dira beti lehen lerroko aktibitatearekin: aurreratze-atzeratze militarren xehetasunekin; defendatzaileen eta erasotzaileen erabaki militarrekin; ediktu eta ordena nagusiekin; fusilatu eta desagertuen kontaketarekin. Non nagusiki gizonak protagonistak diren. Falta dira borroka militarra urrundik bizi izan zuten herrietako bizitza esplikatuko duten ikerketak; emakumeak nagusi izan ziren esparruetako errealitatearen argazkia. Falta da gerraren alde zibila, neutroa, ohikoa eta egunerokoa kontatuko duen errelatoa. Falta da herriko plazetan bizi izan zenaren mihisea. Falta da fusila eskutan hartuta zutenen zain geratu zirenen ahotsa.

 

 

Altsasuko Institutuan duela hainbat urte abiatu zen proiektu batean, ikasleei proposatu zieten garai honen inguruko galdetegi zabala egiteko aitona-amonei. Sei urtez luzatu zen ekimena, eta jasotako material guztia udaletxearen bigarren solairuko bilera gelan dago bilduta, urtez urte sailkatuta, orriz orri eta karpetaz karpeta. Lekukoek, garai ilun haren protagonista isilak izan ziren gizon-emakumeek, esplikatzen dute nola gogoratzen duten gerra aurreko, gerra garaiko eta gerra osteko bizitza, eta bereziki etxetik kanpoko jarduna. Nola jolasten ziren, zer egiten zuten lan egiten ez zutenean, norekin elkartzen ziren elkartzen zirenean, harremanak norekin zituzten etxetik kanpo. Funtsa hustuta, uler daiteke gerrak eta gerrapeko gizarteak haur edo gazte zirenen artean eragin zituen ondorio batzuk, eta, tartean hau: gerrak, gerrak ere bai, are gehiago bereizi zituela emakumeak eta gizonak.

      Emakumeei denbora libreaz galdetu, eta jostun eta soroan ematen zutela erantzuten dute. “Denbora libre gutxi, eta lan asko”. Gizonek ere hala diote, baina aisialdia zer zen bazekiten: tabernan txikitoak hartzen zituzten, musean edo kartetan ibiltzen ziren, lagunekin hizketan aritzen patxada osoz eta presarik gabe herriko plazan. Akordeoilariarekin jostatzen ziren, herrira agertzen zenean. Emakumeak oso gutxitan baino ez ziren joaten zinera edo tabernetara.

      Gizonek dirua erabiltzen zuten, mutikoak izanik ere, eta emakumeek, ez. Espazio publikoko protagonistak mutilak ziren, plaza eta taberna eremuan mugitzen zirelako, eta ez festa egunetan bakarrik. Emakumeak plazara egun seinalatuetan baino ez ziren ageri. Eta agertzen zirenean, kontrolpean beti. Apaizak ezkilak jo eta korrika joan behar zuten etxera, “ahuntzek bezala”. “Etxetik kanpora atera afaltzera, inoiz ez! Eta zinera ere, inoiz ez. Behin lehengusuek sanferminetara gonbidatu ninduten, baina soinekoa josten aritu nintzenez gauez, berandu arte, leher eginda nengoen, eta ezer ez. Zirkura joan ginen. Horiek izan ziren nire sanferminak”.

      Lana aipatzen dute emakumeek, baita aisialdiaz galdetzen dietenean ere. “Dibertitzeko askatasun gehiago zuten mutilek. Haiek beti tabernetan. Gu, plazan, hotzak hilik! Gizonak mozkortuta, gu ez. Neskek egiten genuen lana, beste batzuen festetarako: galtzerdiak josten ematen genituen arratsaldeak, berandu arte”.

      Gerra aurreko giroaz ari dira amonak, baina gerra etorri zenean, ezin esan aldaketa antzeman zutenik. Gehiago estutzeko, izatekotan. Altxamendua iritsita ere, aisialdiaren debekuak iraun egin zuelako haientzat. “Igandeetan dantzaldia egoten zen, eta han ibiltzen ginen, baina guk goiz joan behar genuen etxera. Mutilek, beranduago. Ez ginen tabernetara joaten, ezta ezkondu ondoren ere. Ezkondu ondoren, mezatik atera eta zerbait hartu eta gero etxera joaten ginen, eta gizona tabernetan geratzen zen bazkaltzeko ordua iritsi arte. Eta gero, bazkaldu ondoren bera ateratzen zen, eta emakumea, harrikoa egitera”.

      Errepresioa aipatzen diete bilobei. Elizaren errepresioa, gizartearen errepresioa, gerraren errepresioa. “Gu izan gara esklaboak, zeren eta gauza denak bekatu ziren”. Gaur egun ere irauten du errepresio horren kontzientziak: “Ez dut egingo bekatu gauza hauek esanda, ezta?”, galdetzen dio amiñak grabatzen ari zaion ikasleari.

      Giro “latza” aipatzen dute denek. Beldur handia zegoela hitz egiteko ere. Miseria ere bai. “Gure ama terriblea zen emateko, berarentzako ezer ez, eta dena eman”. Eta mutilendako gerra giroa eta soldadutza zena, neskendako kortse bikoitza zen: gerrara ez ziren joaten, gerra etxean zuten. Ezin kalean ibili mutilak bezala; ezin festaz gozatu mutilek bezala; ezin lasai itzuli etxera, mutilak bezala. Ezin. “Igandeetan ateraz gero ere, neskak alde batetik eta mutilak mutilekin, ezin zen nahastu, bekatua zen! Egunez ibili beharra zegoen, gauean jendea listo erretiratzen zen, neskak-eta ezin ziren ibili ilunduta”.

      Eta beldurra beti presente. “Gurasoak, beti alerta”. “Senarrak, batzuetan, jo egiten zuen emakumea eta, hala ere, elkarrekin bizi behar. Ez da orain bezala!”. “Egun batean joan ginen Etxarrira, oinez, klaro. Leku guztietara, oinez. Eta joan ginen urtero bezala, eta ordurako ja mutilak genituen geuri segi eta hola, eta ibili ginen Etxarriko plazan, gu makila puntan azukrea jaten, eta mutiko eta neskak haiei txupan. Eta etxera joateko orduan mutilek esan ziguten: ‘Bueno, gu tabernara joan behar gaitun, segi zuek bidean, guk segituko...’. Joan ginen Etxarriko Bentaraino, eta ai ama, mutikoak ez dira heldu, ez dira heldu... Eta zegoen gizon kuadrilla bat, seguru asko herritarrak izango ziren, eta hasten dira: ‘Haragi freskoa etortzen da hemen’. Ai ama! Soroetara denok mala maneran, ai ama: korrika, korrika, korrika, korrika. Libratu ginen nolabait ere. Pasatu ginen. Baina gero urruti, gizon txiki bat ikusi genuen, eta ai ama! Nor ote da, edozein izanda ere bakarrik ez digu egingo ezer, eta Iturmendin zegon gizon bat tuertoa, eta lagundu zigun etxeraino”. “Eta beste urte batean, oinez joan ginen Urbasara, Santa Marinatik, han dantzan ibiltzera, eta kotxean gipuzkoar batzuk, segika auskalo nola, eta gu ai ama! Korrika basoan, eta ailegatu ginen. Eta beste behin auto horren beldurrarekin, emakume txiki bat ikusi eta ‘ez kezkatu, segitu niri eta iritsiko gara’”.

      “Urteak oso tristeak izan ziren, jende asko hil zen eta dena ilun zegoen. Baina gero pues joan ginen denak zabaltzen eta gero urteak pasatzen ere... dena bukatu zen”.

      Politikaz ez zuten hitz egiten. Ezin zela, diote.