Hitzen ahairea
Hitzen ahairea
2018, saiakera
184 orrialde
978-84-17051-16-7
Azaleko irudia: Malen Amenabar Larraņaga
Gotzon Barandiaran
1974, Larrabetzu
 
2023, antzerkia
2015, nobela
2010, nobela
2007, poesia
2004, poesia
 

 

Euskarak biziraun dezan kantatu

 

      1960ko hamarraldiaren bukaeran eta 1970ekoaren hasieran euskaraz kantatzea etengabe atzera egiten ari zen hizkuntza batean kantatzea zen. Euskara batua lurralde osora hedatuz joan zen poliki-poliki, ikastolei esker batez ere, eta bide ofizialen inolako babesik gabe. Mugimendu horren normalizazio eta zabalkunderako bozgorailurik indartsuenetako bat euskal kantagintza berria izan zen. Kantagintzak prozesu horretan izan zuen benetako esanahia ulertzeko, kontuan izan behar da euskal hiztunak ez ziren eta kantek ziotena batere ulertzen ez zuten euskal herritar askok eta askok beren-berena zen kultur adierazpen bat bezala hartu zutela euskal kantagintza berria. Horrek garbi erakusten digu kantagintzatik ondorio komunikatibo eta estetiko berehalako bat hedatzen zela, gauzatzen hasi berria zen proiektu kolektibo horren sinbolo eta erreferente bilakatzeko.

 

Marc Biosca, Haiek zergatik deitzen diote
Euskal Herria eta guk Ithaka?
Alberdania, 2009

 

      Euskararen berreskurapenak idazleen eta musikarien kezka iturri izaten darrai. Ber gauza herri ekimenetik sortutako euskalgintzarentzat. 1974an Donostia, Loiola, Iruņea eta Bilboko Herri Irratiek 24 orduko irratsaioa egitea erabaki zuten, osorik euskaraz. 1978an Euskaltzaindiak Bai Euskarari kanpaina antolatu zuen. Amaierako ekitaldi masiboa San Mames futbol zelaian burutu zuten. Bertan kantatu zituztenekin diskoa plazaratu zuten. Doinu herrikoia baliatuta Telesforo Monzonek idatzi eta Pantxoa eta Peiok interpretatu zuten kanpainarako beren-beregi sortutako kantua:

 

Eta bai, eta bai,

Nik euskarari bai ta bai!

 

San Juan loreek usaina dute

eta herriek arima

Euskal Herria euskara barik

hirin gabeko ogia!

Euskal Herria euskara gabe,

hegal gabeko usoa

Uso gaztea aidatu hadi

eta eguzkiraino hoa!

 

Bai euskarari. Telesforo Monzon / Pantxoa eta Peio, 1978

 

      XXI. mendera arte, idazleen eta musikarien artean sortutako kantu askotan ageri da Euskal Herria eta euskara banaezinak diren aldarria. Iparragirreren garaitik mende oso bat baino gehiago eman dugu lurraldea eta hizkuntza bat direla ohartarazten:

 

Anai-arrebak, entzun ene aho-hotsa:

izaite bat ez daike hezur hutsez osa;

herria da gorputza, hizkuntza bihotza;

bertzetik berextean bitarik bakotxa,

izaite horrendako segurra hil hotza.

 

Batzu herriaz orroit, euskaraz ahantzi

bertzek euskara maite, herria gaitzetsi;

hizkuntza ta herria berex ez doatzi,

berek nahi daukute konpreniarazi

bata bertzea gabe ez daizkela bizi.

 

Herria eta hizkuntza. Xalbador, 1964 /
 Mikel Laboa, 1980 / Amaren Alabak, 1999

 

Zer Euskal Herri litzake bere

hizkuntza ere galtzen duena.

Ez al dakizu euskara dela

euskaldun egiten gaituena.

 

Euskal Herrian euskaraz. Xabier Amuriza / Oskorri, 1982 /
 Etxepare Rap, 2014 / Physis versus Nomos, 2017

 

      Era berean, euskara galtzen bada, euskara jakin eta erabiltzen ez dugunon axolagabekeriagatik izango dela kantatu dugu:

 

Guztiok gara euskaldun

guztiok anaiak gara

Nahiz eta hitz ezberdinez

bat bera dugu hizkera.

Herri bat dugu osatzen

Eta gure zabarkeriz

ez daigun utzi hondatzen.

 

Bagare. Bittor Kapanaga / Gontzal Mendibil eta Xeberri, 1976 /
 Etsaiak, 1997 / Nahixan, 2011 / The Sparteens, 2011 / Kerobia, 2015

 

      Hizkuntza galdu ez dadin dugun erantzukizuna kantu horietan guztietan nabarmentzen bada ere, tonua da batetik bestera aldatzen dena. Batzuek kedar edo errieta tonua darabilte, beste batzuek irakaspenarena eta badira ahaleginaren alde onuragarria hobetsi dutenak, bekoki iluna baino, irria gurago dutenak:

 

Guk euskaraz, zuk zergatik ez?

Guk euskaraz, zuk zergatik ez?

 

Euskara putzu sakon

eta ilun bat zen.

Eta zuek denok ur gazi bat

atera zenuten

handik nekez.

 

Guk euskaraz, zuk zergatik ez. Gabriel Aresti, 1967 / Urko, 1976

 

      Parentesi bat zabaldu eta Guk euskaraz, zuk zergatik ez kantu ezin ezagunagoari buruz argibide batzuk eskaini gura ditugu. Kantutegi gehienetan hitzak Gabriel Arestirenak direla ageri den arren, berez, Arestik ez zuen letra horrela idatzi. Iturri izan zen poema Arestiren Gazi: Geza: Gozo izan zen, Euskal harria bilduman irakur daitekeena. Urkok, poema horretako zatiekin osatu zuen letra eta gero “Guk euskaraz, zuk zergatik ez?” errepika erantsi zion. Are, esango genuke kantuari indar handiena errepikak eman ziola. Ez da Urko horrela jokatu duen bakarra, noski, hamaikatxo kantu ditugu musikariak, idazlearen baimenaz edo baimen barik, jatorrizko testuak moldaturik plazaratutakoak. Hori ere bada kantua sortzearen parte.

      Parentesia zarratu eta euskarari buruzko abestietara itzuliz, genioen batzuen hitzek agiraka egiten digutela eta beste batzuenek, ostera, kemena transmititzen. Galera kolektibo baten kontzientzia dago, inondik ere guztietan. Euskara galtzen ari gara, euskara galtzen bada Euskal Herria galduko da, Euskal Herria galtzen bada euskaldunok galduko gara. Euskarak egiten gaitu, euskara da gure identitatearen funtsa, euskararik gabe ez gara, ez dugu lurrik, ez dugu historiarik.

      Ideia multzo jakin baten laburpen petrala da, euskalduntasunari eta abertzaletasunari loturiko topiko markatuz betea. Koldo Izagirreren eta Imanolen haserrea piztu bide zuena:

 

Nire euskaltasuna baso bat da,

eta ez du zuhaitz jenealogikorik.

 

Nire euskaltasuna dorre bat da,

eta ez du Alostorrerik.

 

Nire euskaltasuna bide bat da,

eta ez du zaldizkorik.

 

Nire euskaltasuna lore bat da,

eta ez du aldarerik.

 

Nire euskaltasuna itsaso bat da,

eta ez du almiranterik.

 

Nire euskaltasuna liburu bat da,

eta ez du sotanarik.

 

Nire euskaltasuna mundu bat da,

eta ez du Amerikarik.

 

Nire euskaltasuna bertso bat da,

eta ez du txapelik.

 

Nire euskaltasuna pekatu bat da,

eta ez du mea-kulparik.

 

Nire euskaltasuna. Koldo Izagirre, 1976 / Imanol, 1986

 

      Nire euskaltasuna Aime Cesaireren poetikarekin erka dezakegu. Cesaire martinikarrak “negritude” kontzeptua asmatu zuen europar kolonialismoaren arrazakeria salatzeko. Europarrek gutxiespenerako erabiltzen zuten terminoa, beltzen identitatearen harrotasunerako erabiltzea proposatu zuen Cesairek, bai bere idazle jardunbidean bai politikagintzari eskaini zizkion urteetan. Beltza izatearen harrotasunak, ostera, autokritika ere bazekarren berarekin, Cesairek gogor ekiten baitzien zurien menderakuntzaren aurrean matxinatzen ez ziren beltzei. Euskalduntasunaren zenbait topiko iraunarazteak (euskaldun zintzoa, fededuna, berbakoa, langilea...) menperatzaileari arrazoia besterik ez dio ematen eta hori iraultzeko beharra ageri da kantuan. Zein da gure Volksgeist-a? Zein da gure berezko izatea, Aitzolen enkarguz Orixek Euskaldunak poeman proposatzen duena? Uitziko baserri giroko hori da euskal identitatearen errepresentazio gorena?

      Koldo Izagirrek eta Imanolek horrekiko loturak hautsi nahi dituzte. Euskaltasun moderno eta laikoa proposatzen digute, euskaldun izateko modu bat baizen gehiago dagoela, ez dagoela arautegirik euskaldun izateko derrigorrean bete beharrekorik. Koldo Izagirre pasaitarra da, Pasaiako moilakoa, mundu osoko itsasontzi, langile eta hizkuntzak entzunez hazitakoa. Arantzazuko zeruaren mailatik beherago.

      Bistan da, bide askoz luzeagoa, eragin askoz sakonagoa izan dute Xalbador, Monzon, Aresti, Kapanaga eta Amurizaren euskarari eta euskalduntasunari buruzko hitzek Izagirrerenak baino. Hala ere, gaur egun euskal identitatea berrezaugarritzeko dugun premia kantu horrekin has genezakeela iruditzen zaigu.

      Gerora ezagun ditugun euskarari eta euskalduntasunari buruzko kantuen artean, bi ekarri gura ditugu gogora. Baga:

 

Barakaldokoa naiz eta

daukat paro obrero

horregatik euskaltegira

noa ni egunero.

Euskaraz bazekien nire

bisabueloak edo

baina ni rollo hontaz

orain arte zero,

goizero, goizero

AEKan bezero,

batzuetan ero,

besteetan bero

baina ez dut milagro

handirik espero.

 

Euskaldun berriaren balada. Jon Sarasua /
 Oskorri, 1992 / Zortzi, 2018

 

      Jakin badakigu Euskal Herriaren berreuskalduntzea lortzen badugu euskara ikasteko hautua egin eta egingo duten herrikideei esker izango dela. Euskarak joan diren berrogeita hamar urteotan egin duen jauzia ezinezkoa zatekeen milaka erdaldunek euskara ikasi izan ez balute. Urteetako ahalegina, gehienentzat. Idazleen eta musikarien arteko kantagintzak apenas jaso duena, gainontzekoek ere urri.

 

Begietara begiratzeko modu bat,

galderak egiteko modu bat,

eskutik heltzeko, heltzeko modu bat

amets egiteko modu bat.

 

Ez onena agian,

ez ederrena agian,

zaharregia, txikiegia agian.

 

Munduari begiratzeko. Kirmen Uribe / Mikel Urdangarin,
 Rafa Rueda, Bingen Mendizabal, 2003

 

      2003ko martxoaren 20an bortxaz itxi zuten Euskaldunon Egunkaria, euskarazko egunkari bakarra. Urte berekoa da “Zaharregia, txikiegia agian” disko-liburua, Kirmen Uribe eta Mikel Urdangarinen arteko elkarlanaren bigarren emaitza, “Bar Puerto”ren ostean. Egunkariaren itxierak euskaldun gehienen artean sorrarazi zuen haserre eta ezinegonarekin batera, nekea eta asperdura ere antzematen zaie bai Munduari begiratzeko honi bai Ruper Ordorikaren Zaindu maite duzun hori urgentziazkoari ere: “Inork ez zidan esan / euskaldun izatea / zein nekeza dan”.

      Nekearena, zamarena, idazle eta musikari bati baino gehiagori entzun eta irakurri diogu. Euskaraz kantatzea ezin dela exigentzia politiko bat izan, erdal hiztunekiko abegi berbera merezi dutela, ezin dela militantziagatik euskaraz sortu ezta euskaltzale izan ere. Normalizazioa eskatzen dute beren lurraldearen zati handi batean ofiziala ere ez den hizkuntza batentzat, eskubidez gabetua den euskararentzat. Ez dute, berriz, hain argi erantzun gura zergatik kantatzen duten euskaraz. XXI. mendeko kantagintzan miatuz gero, nekez aurkituko ditugu euskara gaitzat duten abestiak. Kontzeptu bezatuen zerrendan dago, berba maiztuegien rankingean. Kantagai izateari utzi dio.

 

 

KONTRAKULTURA ETA EPIKA

 

      1980ko hamarkada rockaren, punkaren eta poparen aroa da. Gasteizen sortutako Hertzainak taldeak, erdal giroan bizi arren, euskaraz kantatzea erabakitzen du, euskaraz kantatzea kontrakulturala zelako. Euren inguruko erdaldunek bultzarazi zituzten euskaraz kantatzera, esanez talde batek, punkia izan gura bazuen, euskaraz kantatu behar zuela. Hala, euren hasierako diskoetan, gerora oso aktore ezaguna bihurtuko zen Karra Elejaldek idazten zizkien letrak eta Josu Zabalak itzultzen zituen. Josu Landa, Xabier Montoia eta Bittor Kapanaga idazleen testu bana musikatu zituzten, baita Jon Miranderen Eder bati ere —gizonen masturbazioa gaitzat duen kantu bakarra, oker ez bagaude—. Baina Hertzainak idazleren batekin lotzeko eskatuko baligute, Itxaro Borda aipatuko genuke. Askori Hertzainak-en kantu haiek ezagutarazi ziguten idazlea. Norenak ote ziren taldearen gainontzeko letretarik horren ezberdin mintzo zirenak? Nor zen emakume hura? Zer kontatu gura zigun Bi minutuero, Egunetik egunera edota Irauten haietan? Gu geu ere larru beltzak ote ginen?

      Exigentzia maila altuko letrak dira, inguruarekiko ezinegona adierazten dutenak. Halaber, estandarretik kanpoko pertsonak baztertzen zituen jendarteak sortzen zion desolazioa amorru bilakatzea lortzen zuen Bordak, lubaki zuzenean geundela sentiaraziz.

 

Quai de la Gare geltokiaren

gainetik iragaiten diren altzeiru

bortitzak

ortzaiz mugatutzat jo ditzazkezunean.

bihotza tinkatzen zaizu

hegoko itsasoraino tren bat doala pentsatzen

hasten baldin ba zara

bi minutuero

herrimina.

 

Bi minutuero. Itxaro Borda / Hertzainak, 1989

 

Plaza desolatuetan galdez daude denak

noiz ote diren beren haurrak itzuliko

baina trenak umezurtzez beterik doaz

justiziaren larru beltzak sardeskatuz.

Denboraren orratzak

plegatzen gabiltza

larru beltzak

josi asmoz.

Larru beltzak

larru beltzak

larru beltzak.

 

Larru beltzak. Itxaro Borda /
 Hertzainak, 1992 / Zazpi Eskale, 1995

 

      Periferietako musikariak eta idazlea euskal kantagintzaren zentroan, metakontrakulturan, gipuzkoar-bizkaitar zentrismoaren erdigunean.

      Beste horrenbeste eta gehiago esango dugu Kortatu-ri buruz. Irunen sortu zen taldeak disko bakarra egin zuen euskaraz, “Kolpez kolpe”, 1988an. Euskal Herrian, Estatu espainiarrean, Europan zein Hego Amerikan gaztelaniaz kantatzen segituz gero arrakasta itzela lor zezakeen taldeak, aurrerantzean euskaraz kantatzea erabaki zuen. Euskal kantagintza berriak euskara batuaren onarpen sozialean izugarrizko garrantzia izan bazuen, ez zen gutxiagorako izan Kortatu-k eginiko hautua. Alberto Irazuk ondo baino hobeto azaltzen du 2017an plazaraturiko Rocka puntua! saiakeran:

 

      Testuingurua aztertuta nabarmentzen da erabaki haren garrantzia. 70eko hamarkadan euskarazko musika erdigunean egon zen kantautore eta kantaldien mugimendu indartsuekin; aldiz, 80ko hamarkadakoa basamortuko bidaia neketsua izan zen euskarazko rockarentzat. 1980-1984 bitartean esku bakarreko hatzekin konta daitezke diskoa euskaraz kaleratutako talde edo rock kantariak: Itoiz, Zarama, Hertzainak, Niko Etxart, M-ak.

      [...] Irungo hirukotearen hautuak berebiziko indarra eman zion euskarazko rockari: gaztelaniatik euskarara salto egindakoak ez ziren edozein, garaiko talderik arrakastatsuena baizik.

      [...] Rockaren historian ez dago Kortaturen erabakiaren parekorik. Noiz ikusi da bostehun milioitik gora hiztun dituen aizkora milioira nekez helduko denaz ordezkatuta?

 

Alberto Irazu, Rocka puntua! Pamiela, 2017

 

      Kortatu-ren euskarazko lehen eta azken disko hartan (zuzeneko “Azken guda dantza” aparte utzita), Josu Landaren eta Mikel Antzaren bost letra musikatu zituzten, erdia. Sistemaren aurkako epika kontrakulturala da, Benito Lertxundik bilatzen zuenaren arras ezberdina, bai abiapuntuari —eta zer esanik ez, molde estetikoari— dagokionez.

 

Zalditeria dabil

Gure kontra gora

Zirko berbera dabil

Gure inguruan

Kitarrariak zorrotz

Goikoen kontrako

Inperio zahar-berria

Dugu desegingo.

 

Kolpez kolpe. Josu Landa, Fermin Muguruza /
 Kortatu, 1988 / Johnny & Joseph, 2013

 

      Hori bai, abiapuntuan eta molde estetikoan, bietan, gatazka dago funtsean, bietatik borroka latzen oihartzuna dator, bietan borroka ideologikoa bor-bor. Gerratik gerrarako kantuak dira, bai, Kortaturenak.

 

Arranoa zeruan

Mendian sugea

Ibaietako ura

Ahitzen ote da?

Basotan perretxiko

Soroan garia.

“Nahiz hanka bana hautsi,

Berriak badira”

Zutik! Zutik! Makurtu gabe!

 

Makurtu gabe. Mikel Antza / Kortatu, 1988

 

      Gerra eta konfrontazio kontuak direla eta, bestelakoa da Benito Lertxundiren bidea. Hasi 1974ko “Oro laņo mee batek...” diskotik eta XXI. mendeko “Nere ekialdean”era bitartean, Lertxundik lurralde baten historia kantatzeari ekiten dio:

 

Oi gure herria,

zer hintzen eta non hago!

Zazpi mendeko gauean

zanpatua

itoa

zikiratua

ahuldua

eta

ohitua

bortxara

halabeharrez

ez ote duka jada kemenik

hire hatsa sendotzeko?

 

Oi Zuberoa! Jose Angel Irigarai / Benito Lertxundi, 1977

 

      Horretarako, batez ere, herri kantuez eta Jose Angel Irigarairen poetikaz baliatzen da. Zuberoako herri kantuak berreskuratzen dituelako kantatzen dio Bizkaiari, eta Orioko arrantzaleak laudatzen dituenez goratzen ditu Nafarroako ola-gizonak.

 

Bizkaia maite,

atzo goizean ikusi zintudan

soineko xuriz jantzia

buruan orlegi, bihotzean sua

olerkari penatuaren gozo eta mina

amodio eta kanta,

zure berba lehun

zure gatzaren bizia

zure burdinaren goria

dira gaur neretzat aterbe.

 

Bizkaia maite. Jose Angel Irigarai / Benito Lertxundi, 1977

 

      Bien bitartean, Mikel Laboak hiru ildotan sakontzen darrai. Batetik, herri kantuak ahanzturatik hedapen masibora ekartzeko ahaleginean; bestetik, idazleen testuekin osatutako bere kantuak sortzen; eta azkenik, esperimentazio etengabean. Idazle hautatuen zerrenda handitu egingo da eten barik, lehenagoko Aresti, Lete eta Artzeren testuei, Atxaga eta Sarrionandiarenak gehitzen.

 

Lizardi, Rimbaud etorri duk hitaz galdezka

eta gu ere hire zain geundela

esan zioagu

ez hintzela aspaldi azaldu

etxetik.

 

Lizardi. Bernardo Atxaga, 1978 / Mikel Laboa, 1985

 

      1998an plazaratu zuen “6” diskoan entzun daitezkeen testuak ia hogei urte lehenago argitaratu zituzten Atxagak eta Sarrionandiak.

 

Isiltasuna abailtzen da

luma galdu bat bezala

begiak uso, mingaina arana

zure bihotza ene aingura.

 

Urrun gauhontzak uluka

zakur deslaiak zaunkaka.

Mende oso bat iraganen dut

zure ondoan koblaka.

 

Sorterriko koblak. Joseba Sarrionandia, 1981 /
 Mikel Laboa, 1985 / Katamalo, 2014

 

      Free jazzetik hurre dagoen Laboaren esperimentaziotik ez, baina Imanolek ere herri kantutegitik eta poeten eleetatik edaten jarraitu zuen tai gabe, beren hitzetan eta poetikan sakontzen. Poeten zerrenda luzea da Imanolena, gehien musikatu ohi duena Mikel Arregi bada ere. Hasierako urteetan kolektiboari zuzendutako aldarri kantu haietatik eguneroko gauza txikiagoetara aldatzen du norabidea, eta hizkuntzari, lurraldetasunari edota gatazka armatuak eragindakoei buruz aritzeko, bestelako hizkera poetiko bat hobesten du, iradokitzailea, kontenplatiboa.

 

Parke ixileko banku txuria

ezpain beroen lankide,

antsi zaharrak zantzu berritan

bihotz gordinen senide,

tristura hegan paseatzen da

arratsaren solaskide.

 

Ilun-ikarak. Mikel Arregi / Imanol, 1986

 

      Euskal kantagintza barreiatuta dago, ez dago asmo kolektiborik, ez dago adostasunik. Ezinezkoa da epika komun bat sortzea, horretarako asmorik ere ez dago. Natxo de Felipek eta Ruper Ordorikak Ikuska film saileko Euskal kanta berria atalean Imanol Uribe zuzendariari emandako erantzunak argiak dira: “Nire ustez, askori min emango badio ere, euskal kantuek ez dute izate propiorik” (Natxo de Felipe). “Hau frankotiradoreen erreinua da, hemen bakarrik ari dena ailegatu da zeozertara” (Ruper Ordorika).

 

 

ANIZTASUNERANZKO TRANTSIZIOA

 

      Kortatu-ren errautsetatik sortutako Negu Gorriak taldeak ordura arte ibili gabeko lurrak erakutsi zizkion euskal kantagintzari. Hip-hopa euskaraz bizi daitekeela erakutsi zuten, gure rapa bertsolaritza izan daitekeela, tradizioak finean mugimenduan baizik ez duela irauten aldarrikatuz. Rockaren eta bertsolaritzaren arteko ustez ezinezko horrek euskal identitateari ezaugarri berriak erantsi zizkion. Euskalduna beltza ere izan daiteke.

      Mikel Antzaren, Xabier Montoiaren, Joxan Artzeren eta Jon Sarasuaren hitzak musikatu zituzten. Ugarienak, aldiz, Jon Maiarekin batera sortutako kantuak dira, bertsolaritzaren iraultza gertatu zen garaiko doinu haiek: Lehenbiziko bala, Zipaioen matxinada, NG, geurea da garaipena eta, batez ere, ereserki bihurtu zitzaigun Gora Herria:

 

Eztarri indartsuak

ezin dira ito,

gure lepoan soka

ez dago betiko

parre egin gogotik

neska ta mutiko

kantatzen duen herri bat

ez da inoiz hilko.

 

Gora Herria. Jon Maia, Fermin Muguruza /
 Negu Gorriak, 1991

 

      Kantuetarako letra gehien idatzi dituztenen artean, Jon Maiarekin batera Xabier Amuriza dago, biak bertsolariak. Biek ala biek, milaka euskaldunen imajinario kolektiboan iltzatuta ditugun testuak sortu dituzte urte luzetan. Musikarien eskari estetikoen arabera, doinu jakinik gabe eurek kantariei helarazita, edota abeslariekin lau eskutara. Zerrenda luzeegia, hemen gutxi batzuk injustuki nabarmentzeko.

      Gerora, berandu, kultuzko talde bihurtu zaigun M-ak utzi eta bere bakarkako ibilbideari ekin zion Xabier Montoiak 1995ean, kontraesanak markatzen duen “Beti oporretan” diskoa plazaratuta. Gutako batzuentzat ez da erraza kantuaren eta poemaren arteko muga antzematen. Xabier Letek kantatzeko sortu zituen letrak liburuetarako idatzi zituenak baino kaskarragoak dira? Akordatuko ginen Artzeren Txoria txori poemarekin Laboak musikatu izan ez balu?

      Xabier Amurizak eta Xabier Montoiak argi dute. Lehenarentzat kanturako letrak arau formal jakin batzuk ditu poemak ez dituenak. Bigarrenak dio ez duela egundo poemarik kantatu, kantatu letrak egiten dituela. Letragintzaren eta poemagintzaren artean aldeak daudela onarturik ere, letra batzuk paperean irakurrita poema onenen pareko direla iruditzen zaigu.

      Xabier Montoiaren poetikari egozten zaizkion ezaugarriak bere letragintzari aplikagarriak dira:

 

      Horixe da Montoiaren poesia berezi egiten duen zantzuetako bat: probokaziozko jarrera, zenbaitetan desatsegina zaigun eta beti ere poxelu egiten digun tonuz gora edo beheragoko agertze bat. Bere inkonformismoa, izan ere, berdin jazartzen zaio etika kristauari zein zintzotasun komunistari, azken finean ortodoxia modu desberdinei egiten die eraso, kontziente eta zuhurki. Poetak katarsis politiko-moral bat egiten du gehiegikeriaren bitartez.

      Poeta beti izan da gauaren biztanle, izarrei beha egin izan du hasperen, edo ilunpean babestu ohi da itzalek ikara ez dezaten. Xabier Montoia bestelako poeta da ordea, gaueko piztia den neurrian. Aurkintza urbano desolatuak erakusten dizkigu, eta bakardadean kokatzen du bere burua. Maitasuna baino gorrotoa du balore, eta gorputzarekin batera transfiguratzen zaio espiritua, amoral bihurtzen da, indibidualtasuna aldarrikatzen du.

 

Koldo Izagirre, “Hitzaurrea”, in Xabier Montoia,
 
XX. mendeko poesia kaierak. Susa, 2000

 

      Ez zuen alferrik adierazi Montoiak Euskal Herrian punka egiteko euskaraz kantatu behar zela.

      Montoiaren beste ekarpen garrantzitsuetako bat ironiaren eta umore beltzaren erabilera da. Kontraesanik mingarrienak azaleratzeko, kontrakulturarako sekulako potentzialitatea eskaintzen dio ironiak eta Montoiaren poesia eta letragintza zeharkatzen ditu ezaugarri horrek:

 

Mozorroa eroriko da bat

batean plaza erdian,

ezkutuan ibili ohi denak

bere eskuan ditu gordeko.

 

Badator argia, badator argia,

erne denok, badator argia.

 

Argiaren etorrera. Xabier Montoia, 1995 /
 Akauzazte, 2015

 

      Hamarkadaren hasieran Balerdi Balerdi talde iruindarrak rockzale askoren arreta bereganatu zuen. Gitarra garbietan oinarritutako rocka eta ingurune hurbilean kokatutako narrazioak zekartzaten aldean. Pello Lizarralde izan dute hasieratik gaur arte lagun, batez ere nobelagile gisa kritikaren eta ofiziokide askoren oniritzia jaso duen idazlea. Nobelagintzan lez, letragintzan ere estilo propioa lortu du Lizarraldek, kezka kolektiboei norbanakoaren ikuspegitik erantzunez. Frankismopean eskolatu ziren gehienek apaiz irakasleen errepresioa jasan zuten. Mina isiltzea, sufrimendua ez plazaratzea, jazarpenari aurre ez egitea irakatsi gura izan zieten milaka euskalduni. Kolektibo bateko kide sentitzen den heinean, kolektibo hori osatzen duten norbanakoen esperientzia kontatzeari degio garrantzia idazleak:

 

“Mutiko bat da” zioten,

segur eta harro hazi ginen

eta ongi erakutsi ziguten

gordezinak gordetzen

barnea iraultzen...

Zuk non duzu zauria,

malko arrasto lehorra,

urratu ttipi hura?

 

Non duzu zauria? Pello Lizarralde /
 Balerdi Balerdi, 1994 / Ruper Ordorika, 2013

 

      Sasoi bertsuan, idazleekin lan harreman estua erakutsi duten bi kantautoreren lehen diskoak plazaratu ziren: Mikel Markez eta Jabier Muguruza.

      Hego Ameriketako kantautoreen (Silvio Rodriguez) eta euskal kantagintza berriko kantarien arteko katebegietako bat da Mikel Markez, gitarra klasikoa lagun jardun dena beti. Berak sortutako letrak bertsolari eta idazleenekin uztartu ditu diskorik disko. Horietatik harreman estuena Pako Aristirekin izan du, bikote artistikoa osatzeraino. “Tribuaren hitz galduak” eta “Dena hankaz gora” diskoetan gauzatu zuten lan harremana. Pako Aristiren poesiagintzan antzeman daitezkeen akzioaren garrantzia, anekdotaren garapen deskriptiboa, jendarteak otzan onartzen dituen bizi eredu estandarren aurkako kritika, sentsualitatea eta erotismoa edo edergarrien urritasuna igartzen dira kantuotan. Ezagun da Aristi kazetaritzan eta narraziogintzan sobera trebatua dena.

 

Zer anarkista mota ginateke

gizarte hau kritikatuko ez bagenu,

eta zer artista mota ginateke

gizarte hau aldatu nahi ez bagenu.

Nola maite liteke

lan eskaintza bati ezetz esatea

ausardiarik handiena

bihurtu duen gizarte hau.

 

Gizartearen eraikuntza. Pako Aristi / Mikel Markez, 2004

 

      Jabier Muguruzak diskorik disko erakutsi du ez dela poema edo testu arranditsuen zale, bai bakarka bai berak parte hartutako taldeetan (Les Mecaniciens, Joxe Ripiau). Egunero kalean gurutzatzen ditugun anonimoak protagonista bihurtzen dituzten letrak maite ditu. Kezka kolektiboei ezohiko angelutik begiratzen dieten poetak aukeratu ohi ditu bidelagun:

 

Mutiko bat da

izen arrotz batekin

herri arrotz batean

mendi-aldeko etxean

“Egin lo ume egin lo”

amak erraten dio

“Herrira noa, laixter naiz”

gauetan ama herrira da.

 

Mutiko arrotzaren kanta. Iņaki Irazu /
 Les Mecaniciens, 1992 / Javier Muguruza, 1996

 

      Mikel Urdangarin dukegu, Mikel Markezekin batera, euskal kantagintza berria XXI. mendera eguneratzen ahalegintzen ari den beste kantarietako bat. Honek ere bere testu propioak bertsolarien eta idazleen testuekin bildu ditu diskorik disko. Ohikoa izan den Kirmen Uriberekiko harremanaz gain, Gerardo Markuleta, Unai Iturriaga, Igor Elortza eta Iņaki Aurrekoetxearekikoa konstantea izan da. Maitasunerako arrazoi eta maitasunaren ondorio askori kantatu die Urdangarinek, amodio minak uzten duen hustasunari, oso maiz, detailetik gehienetan:

 

Zurekin nahi dut Maxian barna

karroa zoro eroan

baita erantzi nahi dizkizudan

prakak erostera joan

bertan zaudela sentitu nahi dut

ohera sartzerakoan

lotsaren mugak lehertuarazi

ta gehiago delakoan

erloju hotsak esnatu eta

zu izatea alboan.

 

Bazkalosteko kafea. Iņaki Aurrekoetxea /
 Mikel Urdangarin, 1997

 

      1997an plazaratu ziren Lorelei taldearen eta Anariren lehen diskoak. Batak eta besteak, zerikusi gutxi zuten aurretik zein garai bertsuan gehien entzuten ziren hitz eta ahaireekin. EH Sukarra-n borrokarako kantu zuzen eta gordinak sortzetik zetorren Mikel Gorosabel Norton, eta euskal poetikaren berrasmatze berri bat proposatzen zuen Lubaki Bandako Asier Serrano idazlea, sasoi eta kokaleku jakinik ez zuen leku bat asmatzeko elkartu ziren. Etiopia berri bat. Surrealismoa, bizi zituen garaiaren absurdoa kontatzeko:

 

Bada hiri gorri gorri bat

Franken tabernako barrarenpian

Isolatuegi datzan heinian

Gautxori baten doinu tristia.

 

Hiri gorriz dindatzen ditut

Zure ezpain lehertuak

Ophelie.

 

Bada hiri gorri bat. Asier Serrano / Lorelei, 1997

 

      Zein den minaren funtsa. Ez ginateke asko okertuko Anariren kantagintzaren konstante bat horixe dela baieztatuko bagenu. Pertsonen arteko harremanek sortzen dituzten zaurien zergatia aurkitu nahia, bikoteak norbanakoari dakarkion zaurgarritasuna, tristura pozgarria, orokorkeriekiko distantzia. Eta estetikoki, kadentzia bereizgarria. Beste botere batzuekiko menderakuntzari aurre egiteaz batera, denborak gure izaera buztina balitz bezala moldekatzeko duen senperrari aurre egitea. Konpasa beti norberak.

 

Negar egiten dudanean hor zaude zu, beti,

hor geldirik niri so, beti.

Eta nik ez dut sentitzen inolako minik.

Negarrak hegan doaz...

...ze hilda jaiotzen zaizkit,

barrutik,

lurra busti baino lehen, hilik.

 

Minaren funtsa. Jon Maia / Anari, 1997

 

      Hertzainak taldearen azken diskoetako estetikatik lar urrundu barik ekin zion Iņaki Garitaonandia Garik bere bakarkako ibilbideari 1995ean. Gasteizko taldeak bere azken lanetan Itxaro Bordarekin hasitako elkarlanari segida eman zion, letrak beste idazle batzuekin ere jorratuz. Zerrenda luze horretatik bi dira azpimarratzekoak: hastapenetatik kantugiletzan lagun izan duen Jon Maia eta laugarrenetik aurrera beti alboan duen Jon Benito.

      Bere buruaren eta bere egitekoaren etengabeko bilaketa eta birsortzean ulertzen da Gariren kantagintza, eta idazleen lanek ez erortzeko makuluarena egin dute.

 

Ba al dakizu sua

ahaztu zitzaidala zure bihotzian,

ba al dakizu bala batek

zulatzen nauela zutaz pentsatzian.

kontatu al dizut inoiz eguzkiarena

eguzki gorria dela zeruaren ardoa

eta ilargiak pizten didala azken zigarroa.

Baina ni banoa

eta ez dakit nora.

 

Eta ni banoa. Jon Maia / Gari, 1997

 

Zaldiak ikusten ditut

nire erraietan bazkatzen

zeruetatik eta infernuetatik

tiraka amildegietara

eramango nauten zaldiak dira.

Amapola zelai bat daukat barrenean

amapolek baretu egiten naute

piztu egiten naute, izorratzen naute.

 

Amapola. Jon Benito / Gari, 2007

 

      1998an, ate joka datorren mende berriko pop musikan idazleen eta musikarien arteko kantagintzaren paradigma bihurtuko den taldea sortuko dute Deabruak Teilatuetan rock taldeko Ubeda anaiek: Bide Ertzean.

      Jose Luis Otamendik 1980. urtean plazaratu zuen Egunsenti biluzia, bere lehen poema liburua, Koldo Izagirreren Itsaso ahantzia-tik lau urtera, Amaia Lasaren Hitz nahastuak-etik hiru urtera, Bernardo Atxagaren Etiopia-tik bira, Gabriel Arestiren hilondoko Azken harria-tik urtebetera, Tere Irastortzaren Gabeziak-en eta Joseba Sarrionandiaren Izuen gordelekuetan barrena-ren urte berean. Iņigo Aranbarrik Otamendiren lehen lau poema liburuak biltzen dituen Bakarrik bahago neguan libururako idatzitako hitzaurrean argitzen digu zein diren haren hastapeneko poesiaren ezaugarriak. Hain zuzen, Bide Ertzean-ek gehien musikatu dituen poemak jasotzen dituzten liburuetakoak:

 

      Munduaren ikuskeran, maitasunari arrimatzeko orduan, Jose Luis Otamendi hurbilago egon da Aresti ondorengo poesiatik bera baino gazteagoek trumilka agertu eta idatzi dutenengandik baino. Formazio kontuak. Hortik dernierraren kontu hori. The last. Atzena. Idazkeraren ederrean du ezagun.

 

Iņigo Aranbarri, “Azken lirikoa”
in Jose Luis Otamendi,
Bakarrik
bahago neguan
. Pamiela, 1998

 

      Bide Ertzean eta Jose Luis Otamendi. Biak ala biak, beren bide propioa egiteko engaiamenduan, bai aurrekoek idatzi zutenaren jakitun, bai garaikideek kantatzen dutena ezagun. Biak ala biak, beraien sorkuntza lanak plazaratzen hasi ziren garaian, euskaraz nagusi zen poesia eta kantaera moldeetatik bereiz hasi ziren, unean uneko modetatik edo bitsetan zegoenetik aparte. Iņigo Aranbarrik berak, “Leidor Sessions” zuzeneko disko eta DVDrako eskainitako elkarrizketan, ezaugarri horiexek aitortzen dizkio Bide Ertzean-i: “Beti koska bat, beti maila bat gorago, beti erronka berri bat ortzimugan sortzen dituztela kantak”. “Bide ertzean” disko laburrean eta “Zure minari” luzean (osorik Otamendiren poemekin) gauzak beste era batera esateko hautua egin zuten. Garai hartan, oraindik indarrean ziren aldarri kantuak. Rock zein punk taldeen letra zuzenek entzuleari posizionamendu jakin bat eskatzen zioten. Bide Ertzean-ek horri ihes egin nahi izan zion. Popa egiten lehenak izan ez ziren arren, Bide Ertzean-en hastapenetan pop musika letra melenga, txepel eta gatz bakoekin lotzen genuen askok. Jose Luis Otamendiren poemak eta testuak baliatuz, Bide Ertzean-ek erakutsi zigun popa egin arren, badaudela bestelako kezka batzuk, bestelako letrak sartzeko gogoa, orduan pop musikarekin lotzen ez genituenak. Otamendiren hasierako poesia “laņotasunarena” dela onartuta, Bide Ertzean-en hasierako diskoetakoa ere laņotasunaren musikatzat hartuko genuke? Baliteke, kantu horiek, oso kantu soilak direlako —ez errazak, kasu!—, akorde gutxirekin osatuak. “Grisa” bigarren disko luzean ere, argitasun handiz, lirika zainduz, baina argi kantatzen digute Bide Ertzean-ekoek. Bertan dagoz, besteak beste, migratzaileei eskainitako Lilian eta Hesiak, hamasei urte geroago gaurkotasuna galdu baino irabazi dutenak. Hor dagoz “Non dira?” —1936ko altxamendu faxistaren aurkako gerran galtzaile atera ziren ahantziei egindako kantu bilduma— edota “77” —segadan hil zieten osabari eta horrek beraien familian eragindako sufrimenduari buruzko oroitzapenak gaurkotzeko ariketa latza— diskoak, zeinetan, besteak beste, Mikel Ibargurenen Nire aberriaz eta Jose Luis Otamendik beren beregi idatzitako Zenbakiak kantatzen dituzten:

 

zenbatzen ikasten

hasi gara orain berriz

alde nahiz kontrako

zauria zauri da beti

 

Zenbakiak. Jose Luis Otamendi / Bide Ertzean, 2013

 

poema baten barruan kabitzen den

aberria da nirea

 

Nire aberriaz. Mikel Ibarguren, 1996 / Bide Ertzean, 2013

 

      Ez dira, ez, funtsik gabeko gaiak, sufrimendua eta aberria. Ez dituzte Bide Ertzean-ekoek musikatu dituzten idazleen testuak laņotasunez aukeratu. Otamendi eta Ibargurenekin batera, Iņigo Aranbarrirenak, Kirmen Uriberenak eta Joxan Artzerenak galbahetu dituzte, asko eta askorenak irakurrita, asko eta askorenak ezaguturik. Hari batek lotzen baititu (Artzerenak salbu, “Nola belztu behar zuria” enkargua izan baitzen, beraiek onartutakoa, baina enkargua finean): zutasunetik berdin gutasunetik, pertsonaren sentimenduekiko enpatia izugarria igartzen zaie guztiei. Didaktismorik gabe, agindurik gabe, irakaspenik gabe, mezukeriatik at, fribolitateari itzuri.

      Jose Luis Otamendiren poesiagintzan pertsona da gailentzen dena, oroz gain gutako bakoitzak sentitzen duena dago beste ezeren gainetik, oroz gain herrikide dituenekiko begirunea eta maitasuna aldarrikatzen ditu. Eta horrek isla du Bide Ertzean-ekoek eurek idatzitako letretan ere, Imanol Ubedak berak onartu zuenez:

 

      Otamendik eman digu kutsu bat, estetika bat, eta bere mundu ikuskera proiektatzen da Bide Ertzean-en kantu askotan. Horrek egiten du Bide Ertzean ezberdin, musikak baino gehiago agian. Otamendiri esker dauka taldeak marka bat, idazteko, izateko, espresatzeko modu bat. Hori aitortu behar diogu.

 

Imanol Ubeda, in Jon Eskisabel,
Zutaz kantatzeko. Paper Hotsak, 2016

 

 

BERRASMATU BEHAR DITUGUNAK

 

      Eta XXI. mendean idazleen eta musikarien arteko elkarreraginetik sortutako kantagintzaz zer? Oraindik ere galtzaile sentimendu batetik idazten dugu poetok? Gaur egungo musikariak idazlearengana jotzen duenean zer du xede, nazio kontzientzia mantentzea? Euskaraz kantatzea bera ez ote da nazio kontzientzia bizirik mantentzea? Zergatik aldarrikatu zuen Benito Lertxundik Donostia Europako hiriburu kulturala izan zen 2016 hartan Ez Dok Amairu berri baten beharra? Zertan dago kantuaren funtzio sozialaren eta alderdi artistikoaren arteko dema? Zein helburu du poesiak XXI. mendean, baldin eta helbururik behar balu?

      Zeri kantatu behar diogu? Nork irakurri eta entzungo gaitu?

      Gakoa musika ekoizteko, gordetzeko eta zabaltzeko orduan teknologia berriekin sorrarazi dugun iraultza isila ulertzea dela diote adituek. Musika kontsumitzeko era berriek transformatu dutela kantagintzarekiko herritarren atxikimendua. Hala dela onarturik ere, beste arrazoi batzuk hausnartu aldera, kantugaiek ez dute zerikusirik? Berbarako, euskara, lurraldetasuna, identitatea, justizia, borroka, askatasuna eta enparauetatik aukera dezagun bat, har dezagun aberria (barkamena eskatzen diot aberriaren hainbesteko aipamena pisu egingo zaion irakurleari).

      Erabakitzeko eskubidea autodeterminazio eskubidea ote den, independentzia ertzetako borrokekin ezaugarritu behar ote dugun, EAEko legebiltzarrean estatus politiko berria ozenen aldarrikatzen dugun garaiotan aberriak arazo handiak sortzen dizkigu idazle eta musikarioi. Lehen, hizkuntza bera hitz egiten genuen frantsesak eta espainiarrak ginenean, ez genuen arazorik aberria zer zen esateko: bandera eta armada. Orain, euskaldunok identifikazio arazoak ditugu aberriarekin, geure aberria asmatu edo ikusarazi zigutenek, oro har, ez zutelako euskara ezinbesteko. Esan liteke aberria dela Euskal Herriaren maila politikoa, horrek suposatzen dituen on-gaitz guztiekin. Joseba Sarrionandiak Hitzen ondoeza bere hiztegian hauxe dio: “Aberri hitza berria da euskaraz. Zulo bat tapatzeko erabiltzen da. Badirudi, lehenagoko euskaldunek bazutela ‘herria’ eta ez zutela aberri beharrik. Herria galdu arte ez genuen Aberria asmatu beharrik izan. Guzi hori dela eta, badira euskaldunok lotsa apur batekin esaten ditugun hitzak: Aberria, Euzkadi...”.

      Lehenagotik ere hausnartua zuen Sarrionandiak aberriaz. 1981eko Izuen gordelekuetan barrena bere lehen poema liburuan zioen: “Aberria hautatu egiten da / —eta emakumea— edo / bakardadeak edo besterik ezak / ezartzen derauku”.

      2006an Ruper Ordorikak eta biek plazaratu zuten “Memoriaren mapan” diskoan, bi kantu dagoz aberriari erreferentzia zuzena egiten diotenak. Hiriak deritzonean Atarrabian bizi den Mohammed Mizzian amazighak inongoa izateko duen ezintasunaz mintzo dira. Inon sustraitzerik ez duenarentzat, zertarako da aberria?

 

Zeure gorputza da orain nire hiria,

zeu zara orain nahi dudan aberria.

 

Hiriak. Joseba Sarrionandia / Ruper Ordorika, 2006

 

      Enbaxadore hodeiertzean kantua, Julen Badiola Ondarroako iheslari politikoaren sasiko bizimodua —zeina Sarrionandiarenaren oso antzekoa izan baita— kontatzeko sortu zuten:

 

Ahaztu dugu nongo ordezkari garen,

banderarik gabe, aberririk gabe,

diplomaziarik gabe, agindurik gabe,

enbaxadore hodeiertzean.

 

Enbaxadore hodeiertzean.
Joseba Sarrionandia / Ruper Ordorika, 2006

 

      Sarrionandia bera ere aberri bako sentitzen da, edo Badiolaren gisan klandestinitatean urteetan ikusezin bilakatu diren euskaldunen egoeraren salaketa da kantua?

      Gratien Adema Zaldubi-k 1893an idatzi eta Urkok zein Oskorrik musikatutako Gauden gu eskualdun kantuak, gerora Lauaxetak, Lizardik, Orixek zein Mixel Labegeriek erabiliko zuten Euzkadiren aurrekari den Euskal Herria zer den argiro definitu zuen. Zazpi probintzia, euskarak banaezin bihurtzen dituena. Hizkuntza, lurra, herria: aberria.

      Antton Valverdek Lauaxetaren zein Lizardiren poemekin osatutako disko bana argitaratu zituen 1978an eta 1986an, hurrenez hurren. Gasteizen fusilatu aurreko egunetan, ziegan idatzi zuen Lauaxetak Agur, Euzkadi eta bertan, Mendigoxaliarena poeman esandakoak berresten ditu, heriotzaren bezperan. Dena eman behar zaio maite den askatasunari, dena herriari, aberria ala hil, patria libre vencer o morir, todo por la patria.

 

Agur, Euzkadi, Jaunak naroa

Aberri eder argira.

 

Agur, Euzkadi. Lauaxeta, 1937 /
 Antton Valverde, 1978 / Tenpora, 2015

 

      Lizardik, aipatu legez, metaforak erabili zituen aberriari, herriari edota hizkuntzari kantatzeko. Natura zerabilen, hain zuzen, gehienetan, dela txolarrea, dela mendia, dela Asaba zaarren baratza.

      Mixel Labegeriek, euskal kantagintza modernoaren aita pontekotzat jotzen dugunak, oso garbi aldarrikatu zuen aberria zer den Gazteri berria kantuan, 1970eko hamarkadan Ipar zein Hego Euskal Herriko gazteriaren ereserki bilakatu zen hartan. Ildo berean darrai Manex Pagolak Kanta aberria idaztean. Euskadi, herria, aberria. Manex Pagolak berak aitortzera, bere hitzek ulerterrazak behar zuten izan, tabernetan zein etxekoen artean kantatzekoak, zuzenak, aldarrikatzaileak. Propaganda politikoa. Ordurako hainbat poema eta kantu idatzitako Xabier Letek aurrekoek kantatutakoaren ifrentzua ekarri zuen. Aberria ez da harrotasunerako, aberriak ez zekarkion bizipozik Leteri. Euskaldun desengainatu baten kantua da, abertzaletasunari itzuri egin gura dionaren aitortza.

 

Behar zaitut Euskadi

desesperatuki

puta batek alkohola

behar duen gisan.

 

Aberri ilunaren poema. Xabier Lete, 1991

 

      Maitasun-gorroto sentipen hori ez da berria. Gabriel Arestik ere behin baizen gehiagotan idatzi zuen Bilboko erdal hirian euskaldun izateak eta zenbait euskaldun zahar erosoren mespretxuak sorrarazten zion etsipenaz. Hernanin emandako hitzaldi batean honela kantatu zuen Arestik:

 

Euzkadi, madre mía,

no puedo quererte,

pues sólo me prometes

sufrimiento y muerte.

 

Azken euskaldunaren heriocea
(Euzkadi aņo 2000)
. Gabriel Aresti, 1970

 

      Eta Letek gerora Euskalerri nerea izenburukoa kantatu zuen, errepika, tonua eta gaia Arestirena zirela aitortu gabe. Koldo Izagirrek eta Xabier Mendigurenek honela azaldu zuten Xabier Letek aberriarekiko erakusten zuen egonezina:

 

      Urrats desbideratuak (1981) izan zen Leteren hirugarren liburua, eta handik hartua da “Aberria, orain” poema. Lexikoan joera berri bat ekarri zuen: hitz atzizkidun ugari sortzen eta sartzen ditu, bere adierazpidearen ņabardurak hobeto zaintzeko eta esateko modu biribilago, ozenago baten bila ere bai agian. Bestalde, olerki hau Letek Euskal Herriarekiko sentitzen duen harreman gatazkatsu eta agonikoaren adibide ere bada; harreman kontraesankor hori hobeto ulertzeko interesgarria da jakitea, nola, poema honen kontrapuntu bezala, geroko liburu batean (Zentzu antzaldatuen poemategia, 1992), bukaera hauxe eman zion beste olerki bati: “Nor izango zaio oraindik leial aberri dohakabe honi?”

 

Xabier Mendiguren eta Koldo Izagirre,
Euskal literaturaren antologia. Elkar, 1998

 

      Sarrionandiak esana, euskaldunok lotsaz esaten ditugu aberria lako berbak. Poema eta kantu askotan, ostera, lotsa ez beste sentipenik agertu dugu. Grina, amorrua, harrotasuna hasieran, desengainua, arbuioa zenbaiten kasuan, definitzeko zailtasuna une batean, norberaren galbahera ekarri beharra gerora. Joxerra Gartziak idatzi eta Txomin Artolak kantu-liburuetan lekua egiteko eran musikatutako Aberriaren mugak kantuaren letra aberria (herria) hizkuntzari atxikitzen dio:

 

Aberriaren mugak, euskararenak

gure baitan daude gehienak

euskara zabalduaz, lau haizetara

zabalago egiten gara.

 

Aberriaren mugak. Joxerra Gartzia /
 Txomin Artola, 1997

 

      Xabier Montoia idazle eta musikariak 1995eko “Beti oporretan” diskoan Aberri galdua izenburu argigarriko kantua eskaini zigun.

 

Horra hor ez oso aspaldi herri bat zena.

Orain berriz, noraezean ibiltzen dena.

 

Aberri galdua. Xabier Montoia, 1995

 

      1990eko hamarkada arte kantugai nagusienetako bat izan bazen, jada aberriak kantugai garrantzitsu izateari utzi dio, bai poetontzat zein musikagileentzat, ez da ezinbestekoa. Nahiz eta baten batzuk badiren, aberriaren zera hori zer ote den asmatu guran dabiltzanak. Zergatik ote? Aberririk gabeko gara? Edo, beharrik ere ez dugu? Zerk ordezkatu du aberria?

 

poema baten barruan kabitzen den

aberria da nirea

 

Nire aberriaz. Mikel Ibarguren, 1996 /
 Bide Ertzean, 2013

 

      Mikel Ibargurenek Hemen gauak lau ertz ditu (Susa, 1996) poema liburuan idatzia, egilea kartzelan zelarik. Giltzapetuta zelarik, Sarrionandiak idatzi zuen “ene begiek ez dute malko isuritzeko gogorik”, Ordorikak (gerora Pettik edota Mikel Errazkinek ere, besteren artean) betikotu duen “mendea eta segundua gurutzatzen diren lekua, lekua besterik ez izan, urrun deritzan aberrian” (“Ene begiek...”, Marinel zaharrak. Elkar 1986). Txuma Murugarrenek aberria mapetan, alegia, irudimenean baino ez dagoela dio eta berak ez duela balizko aberri horretan lekurik:

 

Mapetan baino bizi ez den zure aberrian

nire izena ahaztu duzu.

 

Mapetako aberria. Txuma Murugarren, 2004

 

      Idazle eta musikari den Asier Serranok “Gerrari bai” diskoan aberriaren izenean bere ustean egin diren izugarrikeriak kantatzen ditu, aberria hilen lur gisa definitzeraino:

 

eta non idazten ote da

gure hitz mutuaren kronika

eta nongo mapetan marrazten ote da

aberri galduaren karrika

 

Aberriaz. Asier Serrrano, 2003

 

      Mugaldekoak taldeko Edu Zelaieta idazleak, 2012an argitaratutako “Begiak lekuko” diskoan, Gogoan izan aberriak kantuaren letran aberriaren definizio askotarikoa dakar:

 

Gogoan izan,

mintzatzen zaren hizkuntzan mintzatzen zarela ere,

gizakiok bi aberri ditugula:

euria eta ortzadarra.

 

Gogoan izan aberriak. Edu Zelaieta / Mugaldekoak, 2012

 

      Aberasgarria litzateke zinez Mixel Labegerie eta Edu Zelaieta aurrez aurre nork berea defendatzen ikustea, bata Euzkadi bakarra da gure aberria, bestea bi aberri ditugula... Ez dira alferrik berrogeita hamar urte igaro.

      Arkaitz Minerrek 2014an autoekoitzita kaleratu zuen “Esan” diskoan, aldean eroateko galderak entzun ditzakegu Iņigo Aranbarrik idatzitako Aberriaren zera hau letran, aberria, herria, Euzkadi edo Euskal Herria bezalako kontzeptuak zer diren ezin argituak sortzen duen azkuraz:

 

Nola idatzi lur zokorretan?

Nola desidatzi zorua larratu gabe?

 

Aberriaren zera hau. Iņigo Aranbarri / Arkaitz Miner, 2014

 

 

EUSKARAZ KANTATU, EZ EUSKARARI

 

      Hogeita hamabost urte bete berri ditu Euskal Herrian Euskaraz euskaltzaleen herri mugimenduak. Etorkizuneko erronkak identifikatu eta euskararen normalizazioan ekimen eraginkorrak iragazteko lanetan hasiko dira aurki. Azken hogeita hamar urteotan ezagutzan asko aurreratu dugun arren, begien bistakoa da erabilerak behera egin duela mende berria hasi genuenetik. Egun, euskara ez da euskal herritarren lehentasun. Idazle eta musikarientzat ere ez. Euskarari kantatzeko sortzen ditugun letra eta ahaireak enkarguzkoak dira, ikastolen jairen baterako edo erakunderen baten publizitate kanpainarako. Gure hizkuntza gero eta gutxiago erabiltzen dugu eta, antza, horrek ez gaitu gehiegi larritzen.

 

Gure hitzak

esan berriz esan

ez daitezela ahaztu

ez daitezela gal,

elur gainean

txori hanka arinek

utzitako arrasto sail

ederra bezalaxe.

 

Gure hitzak. Bernardo Atxaga / Mikel Laboa, 1999 /
 Lisabö, 2010 / Skakeitan, 2015 / Tenpora, 2015

 

      Bernardo Atxagak Gure hitzak testua Abdelfattah Kilito idazle arabiarraren ideia baten gainean osatu zuen: hizkuntzaren bizitza errepika da. Hizkuntza (eta kultura) baten bihotza errepika da. Mikel Laboak “Gernika-Zuzenean 2” diskorako grabatu zuen 1999an. Gerora kantuaren aldaera bat baizen gehiago entzun ahal izan ditugu. Besteak beste, 2010ean Lisabök eromenera eroan zuen —askoren artean ondu zuten “Txinaurriak” diskoan— eta oraintsuago Skakeitan-ek ska erritmoetara. Mikel Laboak Xalbadorren lantuekin osatutako euskararen galbideari buruzko kanturik ezagunena den Herria eta hizkuntza hartatik beste mezu bat du Atxagarenak. Xalbadorrek hizkuntza galzorian egoteak dakarkion minari kantatu zion, amorruz, errua (Sarrionandiak Gose taldearen “Gosariak” diskoko Erruan eman dion esanahi berrian baino, fede kristauaren esangura errotuan) euskaldunei egotziz, ez zutelako hizkuntza erabiltzen. Parabola da Herria eta hizkuntza, irakaspena, lezioa, igandeko meza. Atxagarena erabileraren aldeko mezua da, irudi poetikoz adierazten duena, galtzeko arriskuaz ohartarazi arren errurik ez dakarrena, hain gutxi irakaspenik. Ostera, zeini oratzen gatzaizkio estuago, erabilerari edo salbazioari? Batak ezinbestean dakar bestea?

      Aspalditik ari gara euskaldunok gure hizkuntzaren, gure herriaren galerari buruz kantari, negarrez askotan, erreguan gehienetan. “Ez bedi galdu” zioen Iparragirrek, “bizi bedi” aldarrikatuko du Gabriel Arestik. 1978an Euskaltzaindiak euskararen aldeko kanpaina erraldoia antolatu zuen eta 1980an argitaratu zuten Pantxoak eta Peiok izen bereko diskoa: “Bai euskarari”. Idazleen hitzak, musikarien doinuak ziren herri oso baten engaiamendua eskatzeko bitartekorik eraginkorrenak. Berba haien, ahaire haien abarora elkartu ziren milaka euskal herritar beraien hizkuntzari atxikitzeko. Kantagintzak jendartea eralda zezakeela sinesten zeneko sasoiaz ari gara. Gaurko kantagintzak, zertan sinesten du? Zein egiteko du gure jendartean? Edo ez dago ezer aldatzeko kantagintzaren bitartez?

 

      Euskal rockak eragin zuen iraultza musikal eta estetikoa kontraesanez beteriko espazioetan (Gasteiz, Santurtzi, Bilbo) baino ezin zitekeen sortu. Beste tokietan ez zegoen tarterik halako gauzetarako (Hertzainak, Zarama...), ez ziren ulertzen, ez zuten arrakastarik izan.

 

Josu Zabala, in Pako Aristi, Euskal kantagintza berria. Erein, 1985

 

      Hizkuntza estetiko-musikal horiek euskal parametroen arabera aditzera ematen hasi zirenean —Euskal Herriko arazoei buruz kantatuz alegia, euskaraz edo espainieraz—, bete-betean sartu ziren musikak sortzen zuen kontrakultura horren barruan, kantagintzak sortu eta normalizatu zituen zirkuituetan zehar zabalduz. Hala, kantagintza eremu euskaldunetan sortu bazen, eta gero esportatu, rockaren kasuan gauzak alderantziz gertatu ziren. Bada ordea bi mugimenduak lotzen dituen lokarri bat: biak kontrakulturan kokatzen dira eta sinbologia erresistentzialistaren zati handi bat errepikatzen duten hizkuntza moduak eraikitzen dituzte azkenean. Bai kantagintza berria bai rock-punka, biak kontrakulturaren sinbolo ziren. Batak zein besteak euskaraz ez zekiten milaka eta milaka herritarren onespena eta atxikimendua lortu zutelako izan zuten horrenbesteko arrakasta eta eragina, erdaldunek ere bere egin zutelako kantagintza hura. Gure ustean, gaur egun ere, berez, euskaraz idatzi eta kantatzea, kontrakulturala da. Aldatu dena idazleen eta musikarien kontzientzia eta horren neurriko jarrera dira.

      Eta gogoeta hauen guztien epilogorik azkuragarriena Anariren berba batzuk zaizkigu, 2016ko Jalgi topaketetan jasoak: “Transmititu behar dena euskaraz kantatzeko grina da”.

 

 

NOR BERE PUBLIKOAREN XERKA

 

      Bat gatoz Izaki Gardenak eta Libe taldeetako Jon Basaguren kantariak Entzun aldizkariak sustatutako Aho bete doinu 2 liburuko elkarrizketan disko osoen aldean gaur egun kantu solteek duten garrantziaz galdetutakoan erantzuten duenarekin:

 

      Orain nork bere berezitasunak sustatzea inoiz baino beharrezkoagoa da itsaso honetan nabarmentzeko; bestela milaka talde aurki ditzakezulako zure ekarpen bera egiten dutenak. Orduan, musikariok berezi egiten gaituen hori landu behar dugu gainontzekoengandik desberdinduko bagara. Entzuleak, sarean, zer edo zer berria jaso nahi hogeita hamar segundotan, bestela hurrengora pasako da: hortik kanten garrantzia diskoen gainetik.

 

Jon Basaguren, Aho bete doinu 2. Entzun!, 2016

 

      Halaxe sumatzen dugu guk ere idazleen eta musikarien arteko lankidetzatik sortutako XXI. mendeko kantagintza. Bakoitza bere publikoaren bila eta aurkitzen badu, maitasun handiz zaintzen, asko jagonez esaten duena, asko jagonez jotzeko era.

 

 

GENERO IKUSPEGIAK DAKAR IRAULTZA

 

      Gogora dezagun Koldo Izagirrek apailatutako XX. mendeko poesia kaierak bilduman Amaia Lasa, Arantxa Urretabizkaia, Tere Irastortza eta Itxaro Borda direla emakume poeta bakarrak (40tik 4, % 10), eta, bibliografiaz gain, diskografia ere bil genezakeela. Aurreko mendean Itxaro Bordaren hirurogei bat poema erabili zituzten kantu bilakatzeko, Amaia Lasarenak bi, Arantxa Urretabizkaiarenak eta Tere Irastortzarenak bakarra ere ez.

      Bordarenetan oinarrituetakoez gain, zergatik ez dago gure kantagintzan emakume idazleen eta musikarien arteko elkarlanik XXI. mendera arte? Emakume idazleok poesiarako zerabiltzaten gaiengatik? Emakume poeton testuek ez zutelako balio jende saldoen odolak irakinarazi edo begiak malkoz lanbrotzeko? Metrika zailegia ote zerabilten orduko gizon musikarien gaitasunarekiko? Musikariak bagina ahaleginduko ginateke.

      Ausartuko ote da inor emakumeek XX. mendean idatzitako testuekin ondutako kantu bilduma osatzen? Gogora datozkigu monografikoak, Oskorriren “Gabriel Arestiren oroimenez”, Antton Valverdek Lauaxetaren, Orixeren eta Lizardiren poemekin osatutako trilogia, hamaika musikarik Rafa Ruedaren gidaritzapean aurkeztu ziguten “Ehungarrenean hamaika”, Ruperren “Hautsi da anphora” eta “Memoriaren mapan”, edo Bide Ertzean-ek Jose Luis Otamendirenekin jositako “Zure minari”. Badira ere idazlea eta musikaria prozesu osoan elkarrekin lan eginda sortutakoak, hala nola, Errobi eta Daniel Landarten “Errobi”, Pantxoa eta Peio eta Manex Pagolarenak, Joseba Tapia eta Koldo Izagirreren arteko elkarlanetik jaiotako “Apoaren edertasuna”, Kirmen Uribe eta Mikel Urdangarinek abiarazitako “Bar Puerto” eta ostekoak, Harkaitz Canok Iker Laurobarekin kaleratutako “Zeru tolesgarria” eta Jexuxmai Lopetegirekin ondutako “Itzal zaunka”, edota Sorkunek eta Eider Rodriguezek lau eskutara idatzitako “Ziklomorphosia”.

      Orekaren hurbiltasuna erakusten digun ispilukeriatik esnatzearren, azken hamabost urteetan literatura eta musika euskaraz plazaratu duten emakume sortzaileen eta gizonezkoen datuak azaleratzea komeni zaigu:

 

                               gizonezkoa        emakumezkoa

          literatura        % 78,09              % 21,91

          musika            % 84,14              % 15,86

 

Iturria: sortzaileak.eus. Kontsulta: 2018ko uztaila

 

      Ostera ere esango dugu: euskaldunon imajinarioan sekulako eragina izan duen literaturaren eta musikaren arteko elkarreraginetik sortutako kantagintza gizonezkoon hitzez eta ahairez osatuta dago ia bere osotasunean, baita 2018 honetan ere. Zorra kitatuko duten aleak behar ditugu, emakumeek idatzitako testuetan oinarritutako kantuak behar ditugu, emakume musikariek sortutako kantuak, intimitatearen aberri isilarazi bat izan genuela gogoratzeko, datozenen imajinarioan beste ahots batzuk atxikitzeko. Ez gara ari historia aldatzeaz, isildutakoen historia kantatzeaz baino. Baina horretarako eztabaidatzea dagokigula iruditzen zaigu, berbarako:

            — Intimoa publiko bihurtzeaz.

            — Norbanakoa den oro politikoa denetz.

            — Kantagintzaren balio eta baloreez.

 

      Entzun! aldizkariaren 2015eko urtekarian:

 

      Antton Iturbe musika kritikariak: Zure hitzen irakurketa ezberdinak egin daitezke ere. Azalean pertsonen arteko maitasun harremanen “desidealizazio” bat dago, erromantizismo edota tragedia hanpaturen ezean, egunerokotasun “pragmatikoago” eta errealistagoa aurkitzen da. Baita poliedrikoago eta interesgarriagoa ere. Baina azal horren azpian irakurketa soziopolitikorik egitea legoke. Agian urrunegi noa horrekin, baina behin “post-abertzale” kontzeptua aipatu zenuen eta oso interesgarria iruditu zitzaidan. Erromantizismo xinpleegien aurrean, euskal gizarte eta gatazken irakurketa poliedrikoago bat egiten duzu denborak aurrera egin ahala?

      Anarik: Ez dut uste horraino iristen naizenik. Ez da nire intentzioa. Ez dakit zein testuingurutan aipatuko nuen post-abertzale kontzeptua, ez dut gogoan, baina ez dut uste soziopolitika egiten dudanik. Bistan da disko honetan [“Zure aurrekari penalak” diskoari buruz ari da] kontzeptu eta lexiko soziopolitikoekin jolastu dudala, baina beti ere intimitatearen esparrura ekarrita. Orain horren bogan dagoen “intimoa politikoa da” horrekin ere ez naiz erabat identifikatzen, gai batzuen inguruan behinik behin. Dudarik gabe, gizarte eta gatazkaren inguruan, gero eta poliedrikoagoak gara, edo orain poliedriak ikusteko eta esplikatzeko aukera dago. Hala ere —eta Lenoreren liburuaren inguruan sortutako zenbait gairen inguruan, kantu sozialarena adibidez—, nik ez dut neure burua kantu sozialak egiten ikusten, ez orain naizen honetan behintzat. Erabateko berrasmatze kontzeptual bat beharko luke izan nire barruan. Dena den, liburu horretan azaltzen diren zenbait adibideren arabera, badirudi kantu sozialak oso onak, txarrak eta oso txarrak izan daitezkeela. Bere horretan ez da balore bat, niretzat behintzat, kantu sozial bat egitea.

 

      Badakigu, herri kontserbadorea da Euskal Herria. Halaxe ondorioztatu zuen Mikel Peruarena Ansa kazetari eta idazleak 2015ean Euskal Herri osoan izan genituen hauteskundeen emaitzak jakin ostean (“Eskuinera zuzen”. Berria, 2015-05-26). Lapurdin, Nafarroa Beherean eta Zuberoan UMPk jaso zituen bozka gehien, Nafarroan UPNk, eta Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan EAJk. Alderdi kontserbadoreen proposamenak nagusi, euskal herritarren gehiengoa kontserbadorea delako, euskal herritarren gehiengoa eskuindarra delako. Baina zer ezaugarri ditu kontserbadore batek? Soziologoek zein analista politikoek kontserbadoreak dagoena dagoenean mantendu gura dutenak direla diote, aldaketari beldurra dioten herritartzat dituzte, ezezagunaren aurrean mesfidati direnak, erabakiak norberak barik beste baten esku uztea gurago dutenak.

      Gure lagun batek dio kontserbadoreak oroz gain kakatiak direla, koldarrak, berekoiak, bekaiztiak, indibidualistak, ametsen zikiratzaileak, burgesak, klasistak, elitistak. Gure lagunak dio kontserbadoreen herri batek ez duela egundo benetako garapenik izanen ordekan ere galgak erabiliko dituelako, larregizko abiadura hartzearen beldur. Gure lagunak dio herri kontserbadorean kultur sortzaileak alfertzat hartuko gaituztela beti, mesfidantza hedatuko dutela gurekiko, baztertu egingo gaituztela erabakiguneetatik ez bada beraien sokari tiratzeko. Gure lagunak dio kontserbadoreak nagusi diren herria herri hitsa dela, monokromatikoa, aspergarria, bizipozik bakoa, pose bat, larritasuneraino perfumaturiko arimez osatutako familia argazki bat, lur sail idortua.

      Eta zein da orduan aterabidea? Ez soziologoek, ez analista politikoek, hain gutxi alderdietako politikari profesional noranahikoek ez badakarkigute ilunetarako kinkerik? Idazleek eta kantariek zenbateraino lagun dezakete egoera iraultzen?

 

 

EPILOGOA: AHAIRE DELIZIUS HAUETAN...

 

Ikusiko dira laster,

Müga helkaitzak apaltzen,

Agian bazterrez-bazter

Presontegiak zabaltzen.

 

Ikusiko dira sarri

Madarikatüak zütik,

Zorion-kantaz alkarri,

Karrikan barna eskütik.

 

Abiatüko gira gero

Zü eta ni ürratsean,

Bihotz eta bürü bero

Libertatezko hatsean.

 

Ikusiko dira berriz.
Itxaro Borda /
 Maddi Oihenart, 2003

 

 

Irria galdu gabe

urratsa galdu arte

haragia ukatuta

gogoa urkatuta

adeitasun handiz

aienatzea.

Suaren akordua

inor laztandu aurretik

eskuak moztea

inori begiratu baino lehen

autosuntsitzea.

 

Su hartu nahi dut.

 

Adeitasun handiz.
Eider Rodriguez /
 Sorkun, 2015

 

 

Bestelako kodea aldarrikatu nahi dut

hitzarena ez bezalako kodea,

hizkera ez-hitzezkoa,

oroimenean kondenatu ezineko lengoaia,

zinak gezurta ditzakeen berbakera,

erreklamazio-libururik eta

tarifa-zerrendarik gabeko mintzo mutua,

mezu anbiguoz itxuraturiko jario askea,

adierazi gura ez denaren adierazpidea.

 

Kodea.
Miren Agur Meabe, 2000 /
 D’Capricho, 2015

 

 

Hiriak harrapatu duela

dirudi

 

nondik datorren jakin nahi dut bakarrik

Hiria esnatzen denean

argi-ilunetan

 

betazalak zabaltzen ditut

eta zu zaude bertan

Nire eskuak zuretzako habia izango balira

biok elkarrekin joateko hegan urrutira.

Nora zoazen jakin nahi dut bakarrik

 

Nondik zatozen jakin nahi dut bakarrik

Nora zoazen jakin nahi dut bakarrik

 

Nondik zatozen jakin nahi dut bakarrik

 

Ainara.
Leire Bilbao /
 Rafa Rueda, 2017

 

 

Entzuidazu pantera beltza

dantzaidazu umore apurra

larruazal jainkotiarra

ugaztun soinean

arriskutsuki ahazten duena

isiltasunean ahazten duelako

mugen jatorria

 

erotismo eza da

soberaniazko beldurra.

 

O, perbertsitate

alai eta herrikoia,

non sartu zara?

 

Hitz ematen dugu

ez dugula jakingo

sinetsiko dugu

botere afera

 

gaiztotasunak ekarpenik ez

zintzotasunak etekinik ez.

 

O, perbertsitate

alai eta herrikoia,

non sartu zara?

 

Pantera beltza (Perbertsitate).
Jule Goikoetxea, 2014 /
 Fermin Muguruza 2016

 

 

Bere txisteak

ez dira hain onak, jada

ez, ez dira hain onak

 

Eta bat-batean

suak itzali dira eta

hotza dator negua

 

Berriro ere

bukaeraren hasiera da

 

Bere txisteak.
Ione Gorostarzu, 2012 /
 Don Inorrez, 2018