Hitzen ahairea
Hitzen ahairea
2018, saiakera
184 orrialde
978-84-17051-16-7
Azaleko irudia: Malen Amenabar Larrañaga
Gotzon Barandiaran
1974, Larrabetzu
 
2023, antzerkia
2015, nobela
2010, nobela
2007, poesia
2004, poesia
 

 

Galtzaile izatearen kontzientzia kolektiboa

 

      Badirudi poetek barneratua dutela derrota kolektibo bat, alegoria ezberdinetan kantatzen dutena. Derrotaren kontzientzia honek ez garamatza, ordea, malkokeriara: poetak askatasun egarri handi batean kantatzen du, derrotatua baina biktimismorik gabe, eta gorazarre egiten dio eroriari, hari zuzentzen zaio, memorian jasotzen du, bere poesia ez baita lanturako, malkoa isuriko duen arren.

 

Koldo Izagirre, Gure poeten malkoa hitzaldia, 2000

 

 

      Koldo Izagirrek XX. mendeko poesia kaierak aurkezteko prestatu zituen hitzaldietatik galbahetutako berbak dira aurreko horiek. Galtzaile izatearen kontzientzia kolektiboa. Zer esan nahi du horrek? Zer galdu dugu euskaldunok? Noiz galdu genuen? Sentimendu horrek, horrenbeste bideratu ditu gure idatziak? Horrenbeste baldintzatu ditu gure melodiak?

      Galdera horien guztien atezuan irakurri eta kantatu ditugu hona ekarri ditugun abesti asko eta asko.

      Irabazleak historialari egin ziren, galtzaileak poeta, irabazleak kazetari jardun ziren, galtzaileak kantari. Abiapuntua horren ezberdina delarik, helburuan zein ezberdintasun dago zapaltzailearen eta menostuaren kantaeraren artean?

 

 

BEHIN IRABAZI GENUEN

 

      Gogoeta dezagun, bada, zelan kantatu dioten gure idazle eta musikariek Euskal Herriari. Hasteko, argigarria litekeen oharra: sortzaileak ez du historialariaren zein kazetariaren araurik, ez du artxibategiko dokumenturik behar, lekukoen testigantzak lagungarri zaizkio, ez derrigorrezko. Gertakari batek sentiarazten edo pentsarazten diona nahikoa du sormenerako. Ez du ezer frogatu beharrik.

      Askatasun horretatik sortu ditugu gure herriaren historia ulertzeko ezin baliagarriagoak diren kantuak.

      778. urtean, euskaldunok irabazi dugun bataila apurrenetakoetan gogoratuena gertatu zen Orreagan, Ibañetako haitzartean. Europako jaunik boteretsuena zen Karlomagnoren atzeguardia txikitu eta haren iloba Errolan hil zuten. Gutxitan legez, irabazleena baino galtzaileen kantua da mendeetan iraun duena (La chanson de Roland); besteak beste, frankoek idatziz ere transmititu zutelako.

      1835ean argitaratu zuten euskaraz Altabizkarko kantua, Garay de Monglavek frantsesez sortu eta Louis Duhaldek euskarari ekarria, Agosti Chahok Chants navarrais izenburutua. Orreagako garaipenak, inprimatu ez arren, ahoz aho iraun zuen, bistan denez. Biziraun, gaurdaino. Horra hor, besteak beste, Orreaga deritzon iritzi taldea, euskal politikagintzan eragiteko asmoz sortu zena. Euren blogean sartzen den edonork honako aldarriok irakurriko ditu: “Aurreko urteetan bezala, gure arbasoen balentria omendu nahi dugu oroipenaren bitartez, garaipen haren aparteko balio politikoa azpimarratuz”. Ildo bereko honako iritzia ere ororen begieran dago: “778ko abuztuaren 15ean Orreagako Batailan euskaldunok Karlomagnoren gudaroste frankoa garaitu genuen, eta haren ondorengoak jipoitu genituen 824. urtean, berriro Orreagako malkarretan. Gure herriak gure estatua sortu zuen hortik aurrera, eta antolamendu propio bati eman zion forma estatu horren estalpean, gure lege edo foruen bitartez” [kontsulta: 2017ko abuztua].

      Xabier Diharce Iratzeder-ek gertakari historiko hura erabili zuen Orreaga poema idazteko. Iratzederren asmoa ez zen borrokaldiaren kronika hutsa egitea, ez zen historialaria, ez zuen ez daturik ez frogarik behar. Poetak, euskaldunon imajinarioan dirauen 778. urteko gertakaria ekarri zuen 1977ra euskaldunoi proposatzeko behinola Europan agintzen zuen enperadorearen atzeguardiari irabazteko gai izan baginen zergatik ez ote genuen mila eta berrehun urte geroago irabaziko frantsesekin eta espainolekin genuen gerra. “Orduan irabazi bagenuen, zergatik ez dugu gaur irabaziko?”, entzun genezake Iratzederren sakoneko asmoetan.

      Eta zein zen bada, hiltzen gintuen gerra? Euskararen, kulturaren, lurraldearen, jainkoaren eta, ondorioz, identitatearen galeraren aurkakoa. 1960ko hamarkadara arte euskal identitatea hiru zutabetan sostengatzen baitzen: lurraldetasuna, hizkuntza eta fedea. Belokeko fraidea ere bazen poeta, eta hizkuntzarekiko bereizezina zuen nazioaren alde hil edo bizi borrokatzearren egindako deia da Orreaga kantua:

 

Gizon libroak noiz ote dire Orreagatik jaliko?

Euskal gogoa noiz da jauziren arranoaren pareko?

Altxa burua, denek bat kanta: Euskal Gudua gaur aipa:

Entzunik zuen irrintzina, xutik jar dadin Europa!

 

Orreaga. Xabier Iratzeder, 1977 / Benito Lertxundi, 1981

 

      Nazien aurkako gerran hil zioten anaiaren heriotza eta Euskal Herriarena berarena samin handiegia ziren bihotz bakarrerako. Galtzen ari gara, baina irabaz genezake, diosku Iratzederrek. Galtzaileak gara baina negar egin baino borrokatu beste biderik ez dugu, bidean hilko bagaituzte ere. Martiritza aspaldikoa baita euskal poeten artean, zer esanik ez sotanapekoetan.

      Iratzederren helburua argia da: irakurleari, entzuleari, jarrera aktiboa galdegiten dio: ezin duzu gora adi egon, zerbait egin behar duzu, jalgi eta borrokatu zaitez zure herriaren askatasunaren alde. Helburu horrek bideratzen du testua, helburu horrek zamatzen du tonua. Hau berau da idazleen eta musikarien arteko kantagintza honen beste ezaugarri nabarmenetako bat XIX. mende amaieratik hasi eta XX. mendea bururatu arte. Aldarrirako da kantua, entzuleak lehen kolpean ulertu behar du, behin entzunda barneratu, bigarren edo hirugarren irakurketarik gabe. Buruz ikasteko, ahoz aho transmititzeko, belarriz belarri entzuteko, mezu zuzena behar du, ñabardura urrikoa, sujerentziatik baino ebidentziatik hurrago egongo dena. Helburua agerikoa da, letra zuzena. Iradokizunaren eta aginduaren muga lausoa da, baina kantuaren funtzioa, argia.

      Benito Lertxundik euskaldunon imajinario kolektiborako epika berri bat proposatu aldera sortu zuen “Altabizkar / Itzaltzuko bardoari” diskoa 1981ean. Bertan, Euskal Herriaren historian nabarmendu diren hainbat gertakari ekarri zituen kantura, denak gudekin, borrokekin, heriotzekin, martiritzarekin, sakrifizioarekin lotuak, hala nola —arestian aipatutako Altabizkarko kantuaz gain— Beotibar, Matalaz, Itzaltzuko bardoa, Muñagorriren bertsoak edota Orreagako gatazka zein Orreaga bera. Hemen dira bai aurretik bai gerora ere sarritan errepikatuko diren kontsignak:

            — Herriaren alde bizia emateko prest egon behar dugu.

            — Anaien artean ez dugu borrokatu behar.

      Eta hor entzuten dira zaldunen garaietara garamatzaten espineta, gaita, flauta, xanbela, zarrabetea, danborra, dulzimerra, kromornoa, viola da gamba edota pianoa bera. Mendeetako borroketan isuritako odolaren soinu-banda dirudi, mitologia arturtarrarekin lotzen genuen fantasiazko sasoi oso aspaldiko bateko melodia. Herri baten historia ahantzarazia berreskuratzea da helburua, inoren aurrean makurtu ez den Euskal Herria kantatzea. Horixe da 1960tik mende berrira bitarteko gure epika berriaren zuztarra. Orreaga ezkero galtzaileak gara baina ez dugu egundo etsi, eta ez dugu etsiko. Hor datza gure indarra. Beti gudan, elkarren aurka, kanpokoen aurka, baina beti gudan, zutik, makurtu gabe, gizonkeriatasunez.

      Historia errepikatu egiten dela diotenei beti erantzuten diegu ez ote den zehatzagoa esatea arazo batzuk ez ditugula mendeetan konpontzen. Berbarako hizkuntzarena, berbarako lurraldearena, berbarako identitatearena.

 

 

MENDEETAKO ESKARIA

 

      Gabriel Arestik bostehun urte lehenagoko gertakari historikoa erabili zuen bere sasoiko egoera bat salatzeko. Bere asmoa ez da kazetari kronika idaztea. Bost mendetan konpondu ez den gaitz bati sendabidea xerkatu behar zaiola aldarrikatzeko baliatuko du oinaztarren eta ganboarren artean bi mende eta erdiz luzatu zen gatazka: “Bostehun urtean egon / gara justizi-eske”.

      Hizkuntzaren, lurraldearen eta fedearen garaipenean biziraun asmo zuen nazioari beste zutabe bat erantsi gura dio Arestik: klase borroka. Aberatsenen arteko borrokek ez dute etenik izan gure herrian; nagusien eta menpekoen artekoek, hain gutxi. Historialariek ahaltsuenen aldera izkiriatu dute beti, gezurra esan digute eta herriak badaki:

 

Burruka armatu batetan hiltzera doanak

bizitzea emateko, arrazoi gogorrak

atera behar ditu bere erraietatik,

bere hesteetatik. Kolore bategatik,

arrosa bategatik, hodei bategatik,

absurdu da hiltzea.

Gure historia kontatu digutenek

beti esan digute euskaldunok,

burruka armatuetan,

kolore bategatik, arrosa bategatik,

hodei bategatik, hil garela;

eta hori ez da egia, gerra guztietan

arrazoi sakonagoak egoten direlako

esate baterako gutxiren asea

eta askoren gosea.

Euskal Herrian ere

hala gertatu delako beti,

batzuek dirua dute eta gehienok izerdia.

Zergatik burrukatu zuten orain bostehun urte

Oinazek eta Ganboak?

 

Oinaz eta Ganboa. Gabriel Aresti, 1972 / Oskorri, 1976

 

      Idazlea lerratu egiten da eta harekin, baita musikaria ere. Zergatik kantatzen dituzte testuok bestela? Musikariak ez baititu normalean testuak ausaz hautatzen edota fonetikoki laket zaizkiolako belarrira. Ez dago indiferentziarik, ez dago urruneko begiradarik. Kantua ausarki abesten duen herritarrak jakin beharko luke horrenbeste. Arestik eta Oskorrikoek horrexetarako sortu baitituzte hitza eta ahairea bertso moldean, errimatua: entzuleak buruz errazago ikas ditzan. Melodiak, hasi eta buka, ez du aldaerarik, errepikatu egiten da, behin eta berriz, barneratu arte.

 

 

GALTZEN JAKIN BEHAR DA

 

      Estepan Urkiaga Lauaxeta-k, Iratzederren eta Arestiren antzera jokatu zuen. 1522an Nafarroako erresumaren deuseztatzea ekarri zuen bataila oroitarazi zuen 1930eko hamarkadan. Laurehun urteren ondoren Nafarroak, Arabak, Bizkaiak eta Gipuzkoak bat egiteko zuten ezintasunak eragiten zion saminarekin erkatu zuen gertaera historikoa:

 

Berreun gudari oso sumin

gaztelu-pian dagoz illik.

Ordutik ona —zenbat laño—,

Naparruan ezta aberririk.

 

Amayur gaztelu baltza. Lauaxeta, 1935 /
 Antton Valverde, 1978 / Imanol, 1979 /
 Hibai Rekondo, 1986 / Petti, 2005

 

      Berrehun gudarik milaka batzuei aurre zelan egin zieten kantatzen du, sekuentziaka, filma bailitzan fotogramaka, adjektibazio bidez indartutako deskribapenari berebiziko garrantzia emanez. Mendeetan Europan zein Asian ausardiaren eta abertzaletasunaren eredu izan zen Termopiletako guduan espartarrek izandako jokabidea gogorarazten digu Lauaxetak Amaiurko setioari buruz kontatutakoak. Galdu bai, baina ez edozelan.

      Antton Valverdek 1978an disko oso baterako hautatu zituen Lauaxetaren Azken oyua, Mendigoxaliarena, Itauna, Langille eraildu bati, Zelayan, Amayur gaztelu baltza eta Agur, Euzkadi poemak. Ahotsa, pianoa eta biolinarekin ondu zuen dramatismo itzelezko disko indartsua, zaurgarria, epikoa, testuen hasierako barea eta berehalako ekaitza, in crescendo-a maisuki erdietsiz.

 

Goiz eder onetan erail bear nabe

txindor baten txintak gozotan naukela?

El naiten leyora begiok intz gabe.

 

Gorbei barna yatort kañoi-ots itzela:

or egazkin-egak odei-lapur doaz.

Guda-gotzon baltzak odolez dakustaz,

euren oin aurrean beredin gudari.

Gaste argi orreik, eutsi lur amari!

Bera baizen onik eztauko ludiak.

 

Azken oyua. Lauaxeta, 1937 /
 Antton Valverde, 1978

 

      Bestelakoa da Mungiako Udalaren enkarguz eta Gaztelupeko Hotsak diskoetxearen eskutik, Rafa Ruedak zuzendu eta hamaika abeslarik osatutako “Ehungarrenean hamaika” diskoa, 2005ean plazaratutakoa. Abeslari bakoitzak poema bat hautatu zuen eta denen lagun zen rock banda berberarekin, nork bere esparrura eroan zuen, bere kantaerara. Halaxe dagi Pettik ere, Amayur gaztelu baltza-rekin. Valverdek sintetizadore eta pianoarekin girotzen duen bataila hotsa gitarrekin lortzen du Pettik. Poemako pasarte bakoitzean kontatzen denaren arabera moldatutako egitura melodiko landu eta konplexuari esker, ahotsaren indar eta samurtasunez erdiesten dute biek ala biek hunkitzea. Horixe baitzen Lauaxetaren helburua ere, Euskal Pizkundea deritzon aroko Aitzolen mandatuari jarraiki, herritarren aberriarekiko, hizkuntzarekiko eta jainkoarekiko atxikimendua berreskuratzeko poemak idatzi zituenean. Petti beratarra “ordutik ona —zenbat laño—, Naparruan ezta aberririk” erraietatik kantari entzuteak garaikide bihurtzen du Lauaxetaren ernegua. Abeslariak bat egiten du poetaren erneguarekin. Behinola galdu genuen aberria berreskuratu behar dugu. Borroka da bide bakarra.

      Gure ustean, 1940ko hamarkadatik 1990ekora bitartean jaio ginen askok hizkuntza, lurraldetasuna, askatasuna, aberria, borroka, justizia, klasea eta antzeko kontzeptuei buruzko gure diskurtsoaren zatirik handiena kantuetatik elikatu dugu. Idazleek eta musikariek proposatzen zizkiguten irudiekin osatu dugu kontzeptu horiei buruzko gure imajinarioa, baita gure diskurtso politikoa bera ere. Berbarako, lurraldetasuna. Gaur pil-pilean dagoen eta etzi irakiten egongo den afera da Nafarroa, bai euskaldunontzat, bai Espainiako bai Frantziako estatuentzat. Zer da Nafarroa euskaldun batentzat?

 

Nafarroa, arragoa, argiaren pausaleku

haizearen ibiltoki zabal, hesirik gabea.

Nafarroa, arragoa, sua eta ura,

kondaira urratu baten oihartzun oihukatua,

amets bat baino gehiago, ez oparotasun osoa,

nahiaren eta ezinaren burrukatoki ekaitzez betea

 

Nafarroa, arragoa. Xabier Lete, 1974

 

Nafarroa, Nafarroa!

Gure etxeko abaroa.

Arranoa, arranoa!

Amarik gabe nora hoa?

Aralartik Irati

haritza eta pagoa.

Bera ere bi zati

eta josirik ahoa.

Arranoa, Nafarroa!

Etxerik gabe nora hoa?

 

Nafarroa. Xabier Amuriza / Oskorri, 1982

 

      Nafarroa Euskal Herria ez eze, kondairaren lehen zuztarra, zazpietan lehena dela bulartsu defendatzeko argudioak eman dizkigu kantagintzak. Sentitu egiten genuen kantatzen genuena, barneratu egiten genuen. Eztabaida politikorako nahikoa.

      Pamiela argitaletxeak argitaratu berri du Eneko Bidegainen Lurraldea eta herria saiakera. Bertan, XXI. mendera arteko idazleen eta musikarien elkarreraginetik sortutako kantagintzan azkengabe errepikatzen diren kantagai batzuen funtsaz dihardu:

 

      Identitate nazionalaren oinarrizko osagaia da lurraldetasuna, [...] lur bati lotuta zaion historia edo oroitzapena ezinbestekoa da frogatzeko lur horretan herri bat badagoela, bere identitatearekin.

      [...] Halaber, lurralde batean leku historikoak eta sinbolikoak ere badaude; edo beste gisa batera errateko, leku historikoek ere lotzen dute lurralde bat nazio identitatearekin, oroimen leku horiek erabiltzen baitira frogatzat lurralde horiek izaera propioa dutela baieztatzeko, okupatua izan ala ez.

      [...] Lurraldetasuna funtsezkoa da, beraz, identitate bat bizirik mantendu nahi bada. Nazioen identitatea dator ingurune natural eta kulturaletik, eta horretarako, nazioek behar dute beren lurraldearen gaineko burujabetza politikoa, burujabetzak ematen duelako ahalmena nazio identitatea babesteko eta lantzeko.

 

Eneko Bidegain, Lurraldea eta herria. Pamiela, 2018