Porno vs Afrodita
Porno vs Afrodita
Patricia Urrutia Urieta
Azaleko irudia: Roberto Quintana eta Ainhoa Resano
Barruko argazkia: Ainhoa Resano
Diseinua: Metrokoadroka
2021, antzerkia
96 orrialde
978-84-17051-77-8
Patricia Urrutia Urieta
1977, Bilbo
 
Porno vs Afrodita
Patricia Urrutia Urieta
Azaleko irudia: Roberto Quintana eta Ainhoa Resano
Barruko argazkia: Ainhoa Resano
Diseinua: Metrokoadroka
2021, antzerkia
96 orrialde
978-84-17051-77-8
aurkibidea
 

 

Pertsonaien deskribapena

 

Hiru aktorek egingo dituzte bederatzi pertsonaiak. Aktoreak musikari izango dira.

 

 

Hilkorrak

 

Helduak (40-50 urte bitartekoak)

 

ane: Ahotsa, gitarra eta bateria. Sekulako sentsibilitateduna, batera zein bestera. Autonomoa. Hilabete bukaerara ailegatzeko beti borrokan. Zortzi urteko seme bat dauka. Bananduta dago. Behin eta berriro bananduta dago. Aurrez aurre ezagutzen ez duen tipo batekin maiteminduta dago, #gorkaurbizuren mamuarekin, alegia. Urtebete inguru darama egunez berarekin amesten, batzuetan goxoago, besteetan beroago. Azken boladan, bizitza errealeko tipoekin baino asegarriagoa suertatzen ari zaio kontu hori. Beti leher eginda dago eta askotan geratzen da erdi lo.

 

unai: Baxua eta ahotsa. Bere bikotekidearekin eta bi seme-alaba txikiekin batera egiten du lo ohe berean. Une honetan, gainera, ikasle-trukean hamasei urteko Finlandiako ikasle bat dauka etxean. Beti nahi izan du rockstar bat izan. Musika bere pasioa da. Taldea elkarrekin mantentzen duena da. Lan handia hartzen du letrak idazten. Batzuetan, #gorkaurbizu izan nahiko luke. Iruņean bizi da, Donostian lan egiten du irakasle eta Bilbon elkartzen da taldearekin musika jotzeko. Kafea edaten du ura bailitzan. Beti dago leher eginda.

 

karmelo: Gitarra, harmonika, ahotsa. Gaztetxeko jatorrizko asanbladatik geratzen den bakarra. Maitaneren aita da. Ez dute elkar ulertzen. Asko maite dute elkar. Bananduta dago eta Tinder-en ibiltzen da ligatzen. Azken boladan, ez daki ondo zergatik, batzuetan Anerekin eguneko ametsak izaten ditu. Laudioko Vidrala-n egiten du lan txandaka. Bitarteko sindikala da. Erre egiten du, asko. Asmatikoa da. Beti dago leher eginda.

 

“katxas”: Soinu teknika. Bandako laugarrena. Ez da ia inoiz entseguetara agertzen. Beti dago txortan norbaitekin, edo hori esaten dute. Otso bakartia. Aspaldi banandu zen eta Madrilen bizi diren bi alaba nerabe ditu. Izugarri maite ditu. Ez ditu ia ikusten. Musikari profesionala den bakarra da. Beti errepidean, beti batzuekin edo besteekin jotzen, beti sosik gabe eta beti leher eginda dago. Bera da taldearen kontzertuetan teknikaz arduratzen dena eta bere zain egongo dira ikuskizun guztia. Auskalo azkenean helduko den.

 

nerea: Soilik telefonoz agertuko da. Gizarte-langilea. Gaztetan dantzan egiten zuen eta gaur egun saiatzen da hemen eta han ikastaroak egiten noizean behin. Dantzan egitea izugarri maite du. Uneren batean berriro dantzan egiteko denbora edo aukera izango duela espero du. Unairen bikotekidea da eta Sare eta Aitorren ama. Beti dago leher eginda.

 

Nerabeak (16 urte ingurukoak)

 

maitane: Argietan argiena. Ikasle fina. Kirolaria. Musikazale amorratua. Musikak baretu egiten du. Eta berotu. Eta etxera eraman. Ez du alkoholik edaten. Dena arrazionalizatzen du. Ez zaio kontrola galtzea gustatzen. Ausarta da, hala ere. Eta umore finekoa. Bere gurasoak bananduta daude. Bi etxetan bizi da.

 

jyrki: Unairen etxean ikasle-trukean dagoen gazte Finlandiarra. Gimnasioan ahalegin handiak egiten dituen arren, ez du lortzen gorputz atletiko muskulutsua edukitzen. Pornoa ikusten du, asko. Euskal musikarekin maiteminduta dago. Rap-a entzuten du eta garai bateko punk eta rock and rolla ere bai. Baina benetan gustuko duena folka da. Txortan egitea baino ez dauka buruan, baina kikilduta dago. Bere gurasoak bananduta daude. Etxe bitan bizi da.

 

amaia: Bideodeiez bakarrik sartuko da. Maitaneren laguna. Dibertigarria, berbatia eta maitabera. Hileroko gogorrak izaten ditu eta konortea galtzen du noizean behin. Batzuetan, eskertuko luke gurasoak bananduta egotea.

 

Haurrak (3-8 urte bitartekoak)

 

Soilik telefonoz edo bideodeiez agertuko dira.

 

mikel: Aneren zortzi urte inguruko semea.

sare: Unairen bost urteko alaba.

aitor: Unairen hiru urteko semea.

 

 

Mamuak

 

Anerekin zerikusia dute. Bere emozio, animo egoera eta irudimenarekin lotuta daude. Anez ari gara euren bitartez, ez benetako erreferenteen izaerari edo lanari iseka egiten. Ez dira inondik inora ere benetako musikarien karikaturak edo parodiak. Idazkeran, constructo bat direla adierazi nahi du izen-abizenak jarraian idazteak. #gorkaurbizuren kasuan, “#”a aurrean darama, bere eraikuntza sare sozialek elikatzen dutela markatzeko.

 

johnlennonen mamua: Aneren nerabezaroko maitasunaren sublimazioaren mamua da. Historiaurreko mamua da, mamu analogikoa. Ez du hitzik egingo, soilik abestu egingo du. The Beatles-en eta John Lennon-en abesti zatien bidez komunikatuko da. Betaurreko borobilak edukiko ditu eta pijaman joango da. Ortozik. Noizean behin agertuko da. Batez ere Ane goibeltzen denean eta I’m a Loser abestuko dio. Aspaldiko harremana daukate Anek eta berak. Asko maite du Johnlennonen Mamuak Ane.

 

#gorkaurbizuren mamua: Aneren orainaldiko erotismoaren mamua da. Aneren eguneko ametsetan agertuko da. Abesti zati, interneteko elkarrizketa zati eta Twitterren bitartez komunikatuko da. Beti laukidun kamisa darama eta kamiseta azpitik. Ortozik. Aktorea bizargabea izango da. Idealizazio erabatekoa: umore finekoa, ulerkorra, koherentea. Diskurtso bat dauka, erradikalki zintzoa, maitale sutsua eta fidela. Ez du zurrungarik egiten eta eskutik heltzen dio Aneri, baina estutu gabe. Ezin du ulertu non ezkutatzen zen Ane orain arte, urte luzeegi hauetan agertu gabe. Anerekin sakonki eta erradikalki maiteminduta. Rock and rolla. Super cool-a da.

 

 

Jainko-jainkosak

 

afrodita: Maitasunaren jainkosa. Bere jaiotzaren inguruan bi tradizio daude. Batak dio Zeusen eta Dioneren alaba dela; besteak, Uranoren alaba. Tradizio horren arabera, Uranori barrabilak eta zakila moztu zizkioten eta itsasora bota zituzten. Hortik jaio zen “olatuetatik jaiotako emakumea” edo “jainkoaren hazitik jaioa”. Afroditaren haserrealdi eta madarikazioak ezagunak dira. Ondorio latzak dituzten madarikazioak jaurtitzen ditu bere alde ez doazen ekintzak burutzen dituztenen gainean. Baina Afrodita norbere kontra izatea, alde izatea bezain arriskutsua suertatzen da. Gehiegikeria bera da. Guratsua. Maitasun hutsa eta pasio neurrigabea da. Basatia. Instituzio eta arau sozialak birrindu egiten ditu. Troiarenak egin du!

 

porno: Sexu hutsaren erdi-jainkoa. Sexuaren eta maitasunaren arteko disoziazioaren jainkoa. Tradiziorik zaharrenean, hasiera batean esperientzia erotikoari lotuta agertzen da. Baita ezezagunari, debekatutakoari, tabuari ere. Hainbat fantasiari leku izateko aukera ematen du eta horrek izugarri erakargarri bihurtzen du gizakien begietara. Gero eta gehiago baina, mitoaren tradizio komertzialena nagusitu egiten da. Tradizio horrek, zorrotz banandu egiten du sexua edozein esperientzia erotikotik eta Porno, erdi-jainko bortitz eta arduragabe legez aurkezten digu. Artifizioaren maisua da. Eta bere jarraitzaileei fikzioa eta errealitatea nahasarazten die. Etengabeko beroaldian bizi da baina nahita ere ez du maitemintzerik lortzen. Azken boladan zakila tente mantentzeko zailtasunak ditu.

 

tangan-doan-arbitroa: Erdi-jainko-erdi-gizaki-erdi-piztia. Tangan doa. Arbitroa da.

 

 

 

(Gaztetxeko azken kontzertua izango da. Gaztetxea betiko ixtera doa. Gazteak hazi egin dira eta ez dago inor lekukoa hartzeko prest. Taldearen azken kontzertua ere izango da. Seme-alabek, lanak, nekeak, gain hartu dute. Kontzerturako soinu-proba aurrera doan heinean, taldekideen eta inguruko ume eta gazteen bultzada, galdera eta pasioen argazki musikala, zuzeneko bideoklipa, izango ditu ikusleak zentzumenen aurrean.)