Aurkibidea
Esperimentu geofagoa l(ab)orategian
Esperimentu biopolitikoa kalean
Homo sapiensen arteko maitasunaz
Esperimentu autolitikoa komunean
Maitasun sorpresa demografikoa
Esperimentu presentziala eskaileretan
Heriotza edo elikadura haurrei edo lehoikumeei esplikatua
Hil berri den aitaren arrastoa besarkatzeko
Aurkibidea
Esperimentu geofagoa l(ab)orategian
Esperimentu biopolitikoa kalean
Homo sapiensen arteko maitasunaz
Esperimentu autolitikoa komunean
Maitasun sorpresa demografikoa
Esperimentu presentziala eskaileretan
Heriotza edo elikadura haurrei edo lehoikumeei esplikatua
Hil berri den aitaren arrastoa besarkatzeko
EUSKAL HERRIA
(GINSBERG ERARA)
Euskal Herria, dena eman behar nizun
baina pixka bat baino ez dizut kendu.
Euskal Herria, 1.180 euroko soldata
eta beherantz, 2011ko abenduaren 28a.
Euskal Herria, neure burua ere ezin dut eraman
zer egingo dut zurekin?
Hasteko aukeratu egin behar zenuke: edo
zirkunstantzia edo helburua edo aitzakia.
Sukarra daukat, eta ez nago asmakizunetarako.
Utz nazazu bakean sikiera une batez.
Ez dut poemarik idatziko burua argi izan arte.
Euskal Herria, ez etorri zure historiarekin,
geurea da errua; zer pasa zaigu?
Geuk izan behar genuke zerutiarrak,
eta ez beste munduren batek.
Egongo da hau konpontzeko moduren bat
iraganera edo etorkizunera jo gabe, ezta?
Sarrionandia Kariben bizi dela diote eta
ez omen da sekula itzuliko; etsigarria da.
Euskal Herria, 88 amona baino ez kobazuloetatik
(Oteizaren kalkuluak) zure ixte bidean diren
Volkswagen eta Daewoo fabriketaraino;
eta orain zer?, nora zoaz?
Noiz izango zara dituzun iraultzaile guztiek
merezi duten bezain eder eta librea?
Edo akaso nahiago duzu pankarta eta
turismo bulegoetako existentzia kolaterala?
Batzuetan pentsatzen dut euskal sukaldaritzaren
marketin kanpaina bat besterik ez zarela.
Oinazeak eta nekeak gorabehera, Euskal Herria,
hau da itsasoan hatzak busti, supermerkatuan
ilara egiteko barianteetako batean espezializatu eta
haragiari heltzen ikasteko duzun aukera bakarra:
benetan existitzen saiatu behar zenuke,
azken bururaino existitzen.
Pozarren ordainduko nizuke hilobi bat, Euskal Herria,
zein izenekin ehortziko zaituzten esango bazenit;
baina euria ari du eta ez dakizu zein aldetatik.
Zurekin ezin da eguraldiaz ere aritu.
Euskal Herria, zure berehalako jaiotza horrek
ez ahal nau igogailuan harrapatuko!
Zer ordutan bizi gara, Euskal Herria?;
nazio bat garela diozu, baina bakarrik nago.
Oraindik ez didazu kontatu
zer egin diozun nire herriari.
Euskal Herria, bazatozela aldarrika ari dira,
baina nondik etorriko zara?, zein geltokitan
itxarongo zaitut?, nola ezagutuko dugu elkar?
Euskal Herria, zeuk badakizu nor zaren?,
zenbat jenderen ardura duzun?
Badakizu haietariko zenbatek gozatu
nahi lituzketen euren zauriak nireekin?
Ez gehiegi nahasi, aski dut portzentaje txiki bat,
zehatza ez izanik ere; hurbilpen soil bat
eta banoa harekin ohera; hori ere ez?
Euskal Herria, noiz erregulatuko duzu zure militar
eta polizia guztien boten modeloa?,
noiz zapalduko zaitugu denok berdin?
Bakeaz eta baketzearen presaz ari zaizkizu denak
barkatu beharraz eta barkatu ezin denaz,
baina beti hala ezagutu zaitut nik.
Euskal Herria, talka egiten dute zure abizenekin
Kubaraino heltzen diren Bizkaibusek
eta laguntza humanitarioek:
Astiz kapitaina, Pinochet Ugarte,
Katalina Erauso, Juan Zumarraga...
Adostu dezagun iragana nahi baduzu;
ikustekoa nintzen umetan.
Hamaika urte nituenean tirokatutakoa
guardia zibil baten ordez politikari bat izana
errore estrategikoa zela esanarazi zenidan.
Hamalaurekin jangelaz arduratzen zirenei
presoen aldeko gose greban ginela
esaten genien protesta ostiraletan,
egutegi kristauaren araberako eskola publikoan
ostiraletan arraina baino jan ezin genuelako eta
guri ez zitzaigulako arrain nazkagarria gustatzen.
Hamabostekin nire burua gogoratzen dut, plastika gelan
Van Goghen logela margotzen ari nintzela,
senide bat kartzelan preso zuen klasekideari
amnistia zer den azaltzen.
Hemeretzirekin Bilbon lehenengoz ETAri ezetza
publikoki ematen, 2004ko martxoaren 11ko
Madrilgo atentatuengatik; eta bai, Euskal Herria,
ordurako banekien ez zela ETA izan.
Zain neuzkan hildakoak jaiotzerako.
Madrilera joan baino lehen lagunak esandakoa ere bai:
«zuk bakarrik aurki diezaiokezu
zentzu apur bat honi guztiari».
Bera ere ez da itzuli eta esango nuke jadanik
nirekin baino ez dela aritzen euskaraz.
Euskal Herria, ohartu naiz ni ere banaizela Euskal Herria.
Berriro ari naiz nire buruarekin hizketan.
Ziur aski nire buruari barkatzen ez dizkiodanak
dira zuri barkatzen ez dizkizudanak.
Barroteen zein aldetan zaude, Euskal Herria?
Elektrodoen zein ertz ezagutzen duzu?
Zein muturretik eusten diozu pistolaren
eta garezurraren arteko oreka ezinezkoari?
Euskal Herria, tigrea eta bildotsa sortu zituena
izate bera ote den galdetzen dio
bere buruari Blakek poema batean:
What inmortal hand or eye
could frame thy fearful simmetry?
Blakek ez zintuen ezagutzen, eta nik ere ez.
Euskal Herria, ez naiz zutaz fio.
Izan ere, nor zara ni ez zarenean?
George Bushen administrazioak egindako jazarpenez
aritu zitzaidan iruindar bat aurreko batean
—arte galeria ederra du, ikusi behar zenuke—
eta New Yorkeko artista ezkertiarrek aurrera
egiteko izan dituzten oztopoak kontatu zizkidan.
Egunkaria eta Eginen itxierak aipatu nizkion nik,
eta berak baietz erantzun zidan, argi zegoela baietz,
baina zeri buruz ari nintzen arrastorik izan gabe.
Euskal Herria, zer gezur errespetatu behar nizuke nik?,
nork pasa dit zure lekukoa?, nire gezurra al zara?
Ezin dizkizut tortura deklarazioak irakurri,
horra egia bat; eta gehiago dauzkat.
Euskal Herria, entzun behar zenituzke
Amerikari buruz Ginsbergek idatzitakoak,
nola luzatzen eta luzatzen dituen lerroak
arnasaldiak ematen dion erritmora.
Ni ere saiatzen naiz behin eta berriro,
baina suspirio bat trabatzen zait.
Euskal Herria, ai, ene Eskual Herri goxua,
zure presidente izan nahi nuke,
herrialde baten ordez oihartzun bat
gobernatuko nukeela jakinik ere.
Euskal Herria, zu zein urratsetan ari
euskaraz?, zuk ni ulertu?;
Nik zu ez gehiegi, baina pixkana-pixkana;
euskara oso zaila: bagina, zezan, geniezaion..
nik hori ez entzun inon, zuk bai?, zuk ulertu?
Euskal Herria, nik lan hamar ordu eta gero euskaltegi,
baina ni despedido orain, ni saiatzen baina
ikastea zaila, euskara oso zaila, oso-oso,
baina poliki-poliki.
Euskal Herria, guraso langabe euskaldunberri
euskarazko produktu kontsumitzaile
laguntza emaile bertsolari utopiazale
gudaroste bat daukazu zure aginduetara,
baina ez dakizu harekin zer egin.
Euskal Herria, Arnaldo Otegik kanpoan behar luke,
zuk ulertu?, edo paso total?
Euskal Herria, ez zen ongi egon politika egiteagatik
nire laguna ezkutatzera behartzea,
eta etxera itzuli zenean Poliziak
atea kolpez botako zuen beldurrez
amarekin lo egitera bultzatzea.
Euskal Herria, goapo asko atera zenuen nire osaba
traizionatu zintuela esateko egindako kartelean,
oso dotore, bai, baina zer egin zizun zehazki?
Beharbada nik ere traizionatu egin zaitut
gosarirako esne marka bat erosi ordez
oharkabean besteren bat aukeratzean?
Euskal Herria, zer iritzi duzu biolentziaren banalitateaz?
Ez dizut zerrendarik egingo, baina hartu ordu erdi bat
googlen zure buruari erreparatzeko.
Euskal Herria, zenbatgarren errepikapenean erdituko zara?
Euskal Herria, zenbatgarren errepikapenean erdituko zara?
Audeni irakurri diot poesiak egin behar lukeen zerbait:
bere existentzia soilagatik, eta gertatze hutsagatik,
horregatik bakarrik ospatu behar luke dena.
«Basque is cool» izeneko kanpaina bat abiatu dute
Etxepare Institutukoek, zergatik nik
ezin zaitut ospatu bestelako bake batez?
Ez dakit zehazki zer esan nahiko duen, baina
batzuetan zure existentzia besteko indarrez
ospatzen dut zure existentzia eza;
zuri ere berdina gertatzen al zaizu nirekin?
Euskal Herria, bukatu egin behar genuke
behingoagatik: bukatu hasieratik.
Geroak esan beza erri bat izan zan
edo-ta ats emaiogun ontan iraun dezan.
Euskal Herria, arnasaldi hau ez da dena,
baina bai nire pixka guztia.