UDAKO AFARIA
Aurtengo udan belarritakoak galdu ditut auto batean,
aurrena bat, gero bestea, biak gau berean.
Biharamunean neukan ontzi baten bela
sabelaren ordez; eta izenaren ordez, tatuaje bat
(zeruan diseinatua, infernuan bedeinkatua).
Baita urrakada bat ere titi batean.
Ilargia aldatu egin zen gauerditik laurak artean,
ardotik zilarrera: zisku bat, erdia plasma, erdia nitrato.
Kristalak lausotu ziren, oilarrak birritan jo zuen,
atzazal bat apurtu zitzaidan, ezpainak denak zolitu.
Nire sosten berria, enkajezko txotxongilo gorria,
ezker besotik zintzilik denbora guztian.
Gaztetxoa naiz, eta laburra da bizitza.
Haragia murtxikatzen dut, jatun,
neska handi-handia egiteko.