Bitsa eskuetan
Bitsa eskuetan
2010, poesia
96 orrialde
978-84-92468-23-2
azala: Arrate Rodriguez
Miren Agur Meabe
1962, Lekeitio
 
2020, poesia
2019, narrazioak
2013, nobela
2000, poesia
 

 

PATTI SMITH  RIMBAUDEKIN AMETSETAN

 

Patti Smith liluratu egin zen Rimbaudekin. Poema bat idatzi zion, amets bat, non aipatzen zituen Charleville eta Abisinia, soroak, ur-putzuak, zauri bat begian kristal batez egina, esku handiak, masail gorriztak, logela bat, begirada ustez axolagabeak. Arthur belauniko, negarrez, belaunetatik helduz Pattiri. Patti ohean etzanda, iletik helduz Arthurri. Sugarra dira ilea eta biloa, o Jesus! Orratzak atzamarrak, o Jesus! Zeurea naiz osorik.

        Horraino poemaren laburpen badaezpadakoa. Eta horren harira, neure txanda.

        Andre birloka naiz. Uztaila da, zapatu bazkalostea, neure baratzean, atea ertirekirik. Zozo-bikotea palmondoaren ezkatetan, moko laranjekin eltxo bila. Etzanda nago olanazko jarlekuan. Labandaren firfira. Ura ipini behar dut tea egiteko. Eskutik labain egin dit Pattiren poema-liburuak. Rimbauden antologia elebiduna Bilbon daukat. Hara, lagun hark oparitu zidan, otso-lanak egiten zituenak, nire urtebetetzean, eta horrexekin izorratu ninduen zeharo. Hain nengoen burbuila uherra bihurtua, punp egiteko irrikaz, hain nintzen jostura gaizki lotua, urratzeko desiraz. Halaxe agintzen zuen bizitzak orduan, esan dezagun, nahiz eta kontua ez den, inondik ere, batere xinplea, batere.

        Marigorringoek kilimak egiten dizkidate bernetan, eta uraz pentsatzen dut, ahoa lehor. Hola, guapa, esan dit etorri denak. Ahots hori aiztoa da arrastirian, o Jesus! Gaixorik egon zara, printzesa, neuk prestatuko dut tea, masajea emango oinetan, sandaliak kentzen lagunduko, zu lasai, sirena ilegorria. Azukre epela bihurtu zait txistua. Ezin begirik ireki, indarge ni begi berdantzetan dzanga egiteko.

        Hotzikara eragin dit koilaratxoak bular artean. Kikara beroan sartu ditu berak atzamarrak, intziri bat ito du. Ezpainetan ditut orain haren hatz luzeak. Zantar hori. Txupatu egiten dizkit belaunak bere lixazko mihiarekin. Mahaspasa eta ronezko izozkiak dituzu belaunak, Meibi, maybe, agian, Meabe, akaso. Goazen barrura, ez egin dar-dar. Ahotsarekin irentsi nau, galdua ni marraxoaren eztarrian.

        Parasma-metxak hagetan, planeta burdinkarak erlojuetan, txori-hezurrak altzarietan.

        Ez naiz beltzarana, ez naiz liraina, ez naiz argia, ez naiz gaztea, ez naiz ahalduna, ez naiz zangarra, ez naiz, ez naiz, ez naiz aingerua, ez naiz deabrua, ez naiz ezer ez bada bizi izan naizena, oroitzen dudana, eta neure izena, izan nahi dudana. Har ezazu buelta, Goikokaleko neska txiki hori, neuk sendatuko zaitut neure esku handiekin.

        Marraxoaren bazka ipurmamiak. Egin dzast, dzast, dzast, eder hori, hortxe, eman, segi holantxe, plas, plas, plas. Martiri bat bezala ireki naiz erditik. Tarratada eta bitsa. Izerdiaren perladuria. Zeurea naiz osorik, aleluia. Neurea zara osorik, aleluia, o Jesus!