Eskuen sustraiak
Eskuen sustraiak
2009, poesia
136 orrialde
978-84-92468-12-6
azala: Idoia Beratarbide
Oier Guillan
1975, Donostia
 
2020, nobela
2013, poesia
 

 

BELAR TXARRAK

 

        egia da

zoriontsuak dira itsusiak

beren ipurdi iletsuekin

pikor eta fantasia lizunekin

 

        egia da

gehiengoa dira arraroak

gizartea aldatzeari buruzko

eztabaida klandestinoak egiten dituzte

super-hiper-mega-makroen ilaretan

errenta aitorpeneko aulkietan

turismo bulegoen itzalean

 

        egia da

iraultzaileak dira apatikoak

berdintasuna praktikatzen dute etxeko lanetan

sexu aukerak zertan diren

azaltzen diete seme-alabei

diru beltzarekin finantzatzen dituzte

kale bazterreko txorimalo eta artistak

diru zuriarekin finantzatzen dituzte

etorkinen oporrak eta ordainsariak

 

        egia da

gezurtiak dira mozkorrak

uneak legalizatzen dituzte musu-truk

kontratu finkoak sinatzen dituzte zoroekin

tabernetan eta belarrietan oka egiteko

 

itsusiak zoriontsuak

arraroak gehiengoak

apatikoak iraultzaileak

mozkorrak gezurtiak

 

        gora bixotzak!

esan du inork

        gora taupada egiten dutenean!

 

ederra baita egiak sinestea

        ez da egia?