Aurkibidea
PAPEREZKO BARATZEA
ILDOAK
HAZIA
GOROTZA
ESKUAK
Jose Perea pintorearekin bart gauean
DENBORA
Hamahiru urte bete baino lehen
LORE INPERFEKTUAK
Elkarrizketa Asier Sarasolaren poema batekin
GOLDE LURRA
Aurkibidea
PAPEREZKO BARATZEA
ILDOAK
HAZIA
GOROTZA
ESKUAK
Jose Perea pintorearekin bart gauean
DENBORA
Hamahiru urte bete baino lehen
LORE INPERFEKTUAK
Elkarrizketa Asier Sarasolaren poema batekin
GOLDE LURRA
Beraiek kode zibila bezain harro
zabalduko dut nik On Kixote Mantxako
eta luzaz egonen naiz orrialde berean,
hitzen baten zain.
Agirre zaharraren kartzelaldi berriak
Koldo Izagirre
Hildakoen ispiluek ahaztu dutena naiz.
Erein dut poza eta jaio dira ileak.
Bizi naiz orpoetan.
tud ihan istuah adarigeb erin
alon tikad ze ate
Zakarra da nire ahotsa,
bizi naiz ezpainetan.
Zaharra da nire ahotsa,
oroimenaren adinekoa.
Suharra da nire ahotsa,
itsaso hautsien tamainakoa.
Erein ditut malkoak eta jaio dira sustraiak.
Bizi naiz hortzetan.
Nire irribarreak amorruaren antza dauka.
Txantxar isilaren soldatarekin sendatzen ditut
oholtza hautsien dardarak.
kilios naeztlag arekua okeztirrah
aned ad neztlag
Erein ditut ferekak eta jaio dira ukabilak.
Bizi naiz biriketan.
Erantzi dut biluztasuna,
azaletik zenbatu ditut galera alaien izerdiak.
Orbelen moduan egiten dute krask aitortzek
nire zainetan.
Erein ditut uneak eta jaio dira telefonoak.
Zenbakiak eta ahotsak,
nortasun erdibituak:
izan ala besteek diotena izan.
Belarra da munduaren adatsa,
hanka depilatuen neurriko autobideak,
uka bideak, oka bideak.
aortaet neraztoireh aortaet neranusatnidrog
aortaet akiteop nerakitilop
aortaet
aortaet
Belarri itsuetan hitz jendetsuak.
Bizi naiz eskuetan.
Umorearen gorotza arnasten dut
ironiaren erbestean,
marra bete lerro,
lerro bete hortz,
atzazal hotz,
asunen isun.
Erein ditut uztaiak eta jaio dira zinikoak.
Pailazoaren tolesak,
funtzionarioaren oporrak,
boto paper bizardunak,
estatistika hankamotzak,
haur ikusezinak,
munduko jakintsurik tontoenak,
txokolatezko zauriak,
jostailuzko tortura gelak.
Etorkin naiz segundoak bezain eta
aditzak manifestuetan nola
diot:
Erein ditut hitzak eta jaio dira oihartzunak.
Bizi naiz alu eta zakiletan.
Ahoen basamortuan isiltzeko mintzo naiz.
Ezin dut neure burua zeharkatu
egarria sentitu gabe.
Erein ditut balak eta jaio dira demokratak.
Erein ditut leloak eta jaio dira koltxoiak.
Erein ditut zalantzak eta jaio dira txostenak.
Erein ditut epaiak eta jaio dira epaileak.
aztluari nugazed nige
ebag nase ironi
Bizi naiz besoetan.
Gorputzak zuhaitzak farolak eta
semaforoak hazten zaizkit galtzarbean.
Bizi naiz begietan.
Adinaren geltokietan
suizidatu zait normaltasuna.
Ekintza baten moduan ulertu dut
ortzadar laukien laztana.
Bizi naiz oihuetan.
anusatnidrebze arog!
auxes ate katekork!
Hildakoen ispiluek ahaztu dutena naiz.
Bizi naiz orroetan.
kalakidarre arog!
kaetnarelotni areheb!
Erein ditut isiluneak eta jaio dira gehiengoak.
Erein ditut argazkiak eta jaio dira izenak.
Erein ditut itsusiak eta jaio dira gogoak.
Erein ditut ukabilak eta jaio dira ferekak.
Erein ditut lubakiak eta jaio dira gorputzak.