Atzerri
Atzerri
2012, nobela
344 orrialde
978-84-92468-41-6
azala: Gorka Lasa
Mikel Antza
1961, Donostia
 
2015, poesia
2010, nobela
1987, ipuinak
1985, antzerkia
1984, ipuinak
 

 

Atzerri, Mikel Antza

 

Harkaitz Cano

(2012-10-30)

 

Behin honetaz gero, ez dakit autobiografiaren eta autofikzioaren arteko ezberdintasunak aipatzeak merezi duen: autobiografian, idazleak irakurlearekin egiten duen tratua da bere egia, berak oroitu bezala kontatuko duela, eranskailu edergarri eta omisio larririk gabe. Gertaera esanguratsuen ezkutaketa kontzientea edo hauen eraldaketa gehiegizkorik edo fantasiarik balego kontaketan, honenbestez, kontaketa autobiografiko kaskar baten aurrean geundeke.

         Autofikzioan idazleak eta irakurleak egiten duten tratua bestelakoa da, ordea: lehen pertsonan idazten duen narratzaileak izena konpartitzen du  eskuarki idazlearekin, eta idazleak —Mikel Antzak, kasu honetan— hasieratik garbi uzten du kontatuko dituen gauza batzuk autobiografikoak direla eta beste batzuk ez, eta gainera, irakurlearen esku uzten du zer sartu fikzioaren zakuan, zer gertakarienean. Bi horien proportzio aldakorra (auto eta fikzio), gertaeren eraldaketaren  nolakotasuna eta zehaztapena ez dira, gainera, erabakigarriak autofikzioak autofikzio bezala funtziona dezan. Proportzio horren aldakortasunean datza autofikzioaren indarra, beraz, eta baita ere, idazlearen bizitzaren intentsitatean edo fabulatzeko abilezian. Mikel Antzaren kasuan bi biek bat egiten dute, ezinbestean interes biografiko eta intentsitate literario handiko narrazioa onduz.

         Ospitalekoak nobelan —hura ere nolabait autofikzionala, bertan ere kartzelan zegoen protagonista—, ezintasun fisikoak gainditu behar zituen legez, Atzerri honetan, idazlea bere bokaziorako sentitzen da ezindua, ez fisikoki: bere burua eta bere idazle-eskuak berreskuratzea  izango da bere ahalegina. Fisikoki bere burua berraurkitzen bazuen Ospitalekoaken, Atzerri honetan bilaketa intelektualagoa da (iraganeko une bat oroitzen du zeinatan “gertaeren segida logikoak eskuak literaturako ezinduko zizkidan...”; “Nire  etorkizuna ez dago jada, oraingoz, nire esku” dio geroago. Oso esanguratsua bi hitz —itxuraz kontrajarri— horien erabilera segidakoa: jada, oraingoz. Ordea, Mikel Antza bere etorkizuna berriro ere bere eskuetan hartzen saiatuko da, eta horretarako bitartekoa izango da nobela hau: bere burua gezurtatzekoa).

         Azal genezake horrela ere:

         —Idazle batek beste idazle bati kartzelatik ihes egiten lagundu zion behin, idazle izateari utzi eta ekintza gizon bihurtuz. Beste idazleak idazle izaten segitu zuen, berak ez.

         —Hainbat urte beranduago, idazle berberak bere buruari ihes egiten lagundu beharko dio kartzelatik. Nola? Idazle bezala birjaioz. Bere garaian bazterrean utzitako bidera itzuliz eta hura atzera urratuz. Orainetik, iraganetik, izan zenetik, izan ez zenetik elikatuko da... literaturaren bidez. Horretarako, bere garaian idazketari izan ez zion fede erabatekoa berreskuratu beharko du. Noiz amorruz, noiz gozo, tarteka lirikoki, tarteka hausnarrean, umorez edo etsipenez, samur edo gordin; beti ihesean, beti bakardadearen mamua lagun.

 

 

Atzerria ez da erbestea bakarrik, atzerri-geruza asko ditu liburu honek:

         Hizkuntzaren atzerria genuke, batetik. Berea duena, bere hizkuntza literarioa, herdoiltzen sentituko du eta hizkuntza berriak bereganatu beharko ditu: kafe ebaki bat noisette bat dela ez dakienaren frantsesezko ikasketa traketsetik hasi —hizkuntza hau gorroto duela aipatzen du une batean— eta XX. mendeko Frantziako literaturako erpinetako bat den Gauaren muturrerainoko bidaia frantsesez irakurtzerainoko bidea egingo du. Frantsesa “aberri berri” bilakatzen hasi zaionean, aldiz, azken ataletan, ihesaren gatibu beti, hizkuntza berri eta ezezagun baten, ingelesaren atzerrira egotzia izango da eta berrirotik hastera derrigortua... 

         Bestetik, baina aurrekoarekin lotuta beti, bere benetako bokaziotik desterratua denaren edo, hobe esan, bere burua bere bokaziotik desterrarazten duenaren atzerria, genuke: idazle sena abandonatu egiten du idazleak “gertaeren segida logikoak eskuak literaturarako ezindu” ondoren. Elipsi asko dago, ordea, liburuan, eta “gertaeren segida logiko” hori Antzarentzat da logiko bere buruan, irakurleak bere kabuz intuitu beharko du.

         Ez da garrantzia gutxiagokoa gorputzaren atzerria: lagunentzat beti gazte irauten du iheslariak haien memorian, eta alderantziz, norberaren oroitzapenetan ere beti gazte diraute atzean lagatako lagunek. Norbere gorputzarekiko estrainamendua, denok bizi duguna urteekin, traumatikoago zaio sasian bizi denari: “Adinean aurrera egiteak”, dio narratzaileak, “ez du esanahi sozialik niretzat”. Esaldi boteretsua, baina hauetarikoz josita dago liburua. Gorputzaren atzerri eta bakardadearen atzerri honi kontra egiteko liburuak eta emakumeak ageriko zaizkigu bata bestearen atzetik, despedidarik gabe atzean geratuko direnak, etengabe berrosatzen joan beharko duen bizitza sentimental eta literario eten bat, zerotik hasiz aldiro, geruzaz geruza, abandonatutako liburuak, bideak, ohaideak.

         Ohiko bizitza arruntetik eta bere errutinetatik kanpora bizi denaren atzerria legoke bestetik. Kalean diferente portatu eta diferente oinez ibili behar duenaren atzerria, izuen gordelekuetan barrena dabilenarena. Pasarte hauetan, espioi nobela zirraragarriena irakurtzen ari dela sentituko du irakurleak, Graham Greene edo John LeCarréren orrialderik onenen pare.

         Eta azkenik, atzerria bere zentzu etimologiko hertsian, jakina: desaberrituaren atzerria, erbestea. 80etako Donostiaren oroitzapen gazia eta idazlearentzat Paris bilakatzen den egiazko ametsa edo lokamutsa. Paris ere, mozorrotzat hartzen duen hiri bat delako finean, Mikel Antzarentzat (paradoxikoa ere bada: beti esan izan delako donostiar uste handikoek eta bere agintari handiosek amets-paristarrak izan dituztela sarri... Donostia, Paris izan nahi lukeen hiri hantustea dela). 

         Eta hau dena atzerria antzerri bilakatu arte: aberri antzeko Antzaren herri moldakor eta eramangarria.

 

 

Mikel Antzaren idazkera bizia da, azkarra, literatura zainetan darabil eta zainetan sentiarazten digu. Urte hauek guztietan nobelak idatzi besterik ez duela egin esango genuke, ez bageneki urte hauek guztietan ez duela apenas idatzi.  Aurreikuspen guztien kontra, esperimentaziorako grinari eutsi dio, sasian bizi denaren prozedurak, errutinak eta jazarpenak, esan dugu lehen, ia-ia espioi nobeletakoak begitantzen zaizkigun kontaera klasiko batekin emanak daude batetik, baina ez dio uko egiten jolasari, estiloa koska bat estuagotzeari. Nahieran. Suhartasun berberarekin deskribatzen ditu sasian bizi denaren hutsarteak eta asperdura ordu luzeak ere: grina eta gihar berberaz. Klandestinitateari buruz oraindik ere kontatu ezin diren gauzak konta daitezkeenak baino askoz gehiago direlako uste irmoa nabari da, hala ere. Baina idazleak gauzarik interesgarrienak kontatu gabe uzten dituela aitortzen dionean ere, irakurlea ez da zapuztua sentitzen, aitzitik,  irakurlearentzat itxaropentsua suertatzen da adierazpen hau, klandestinitateari buruz idatziko diren liburu inportante zenbaiten lehen liburu inportantea —edo ia lehena— begitantzen zaigulako Atzerri.

         Ihesa aipatu dugu, bi urtetan 20 ohe ezberdinetan lo egin duenaren sustraiak bota ezina (“sustrairik gabe errotu” espresioa aipatzen du une batean). Baina zer egiten du iheslariak edo gordean dabilenak hain gordean ez dabilenean edo gordean dabilen bitartean, edo gordean ibili arren gordean ez dabilela aditzera eman nahi duenean? Batetik eta funtsesan, idazle on guztiak bezala, voyeur bihurtzen da, bizi ezin dituen bizitzen irensle: segurtasun arrazoiak medio aterpe hartuta dagoen etxeetako leihoetara  hurbildu behar ez lukeela jakin arren, zirrikituak bilatzen ditu, barruko patioak, berdin etxetik beste leihoetara begira edo kaleko leihoetatik etxeetakoetara. Atearen zirrikitu bat erakutsi zigun Ospitalekoak nobelan, zirrikitu hori apur bat zabaldu digu Atzerrin. Baina voyeur bihurtzea baino inportanteago, zeri heltzen dio batez ere narratzaileak? Liburu, autore, egunkari txatal, paper zahar edo berrien peskizan dabil beti eta haiek eta haietan irakurritakoak erabiltzen ditu ezkutu, babes eta helduleku gisara. Abandonatzen duen etxe bakoitzean, lo egiten duen ohe bakoitzean, aldizkari, egunkari, liburuak beti... Kundera edo Agatha Christie, baina baita ere Interviú, baita ere Egin... Denak zaio baliagarri idazle orojaleari. Kartzelan egunkariek ez dutelako iraungipen datarik. Izatez, Atzerri izeneko nobela hau zentrifugatzen jarri eta liburua martxan jartzen duen hipotesia bera egunkari txatal batean irakurritakoa da, Berria egunkariko zutabe bateko aipua: “Zenbateraino izango litzateke ezberdina gaur egungo euskal letren mundua Joseba Sarrionandiak Martutenetik ihes egin izan ez balu eta Mikel Antzak klandestinitatera pasa beharrik izan ez balu?”. Bere heriotza literario goiztiarrari hil-ohar sotila jarri nahi izan dionari aurre egingo dio. Eta horretarako, Mikel Antzak bere aberri literarioa bilatuko du idazle askoren larruan: Brodksy eta Auster, Carver eta Kadare, baina batez ere, amaiera aldera, Louis Ferdinand Céline... Beste idazleak bakarrik ez: bere larruak, abandonatutako bere beste ni-ak ere bilatzen ditu, bere garaian baztertu edo besarkatzera ausartu ez zen heteronimo eta alter egoak: Mikel Antza, Mikel Antzu ironikoa, Miguel Parecido mexikarra, Marc... Kartzelak eta bizi den etxaldeak ere umorez berbataiatzen ditu: Mont Blanc Palace deitzen dio espetxeari, Durruty-baitha ezkutuan dagoen etxeetako bati.

         “Ez al da aski bizitzea?” galdetzen du Mikel Antzak. “Ez zulo honetan”, erantzuten dio bere buruari: eta zulo hori berdin izan daiteke kartzela, depresioa, egun txar bat, gaixotasun bat, aukera dezala norberak dagokiona.

         Mikel Antza izan zitekeen edo izatera deitua zegoen —eta, batek daki, agian sekula izango ez zen— idazlearen bilaketa da Atzerri. Emaitza: berak “gertaeren segida logiko” deitzen duen horren ondoren soilik sor zitekeen idazle indartsu baten berpiztea, urte luzez isilean egon izan ez balitz egun izango genukeen idazlearen oso bestelakoa, kementsua, literatura egin nahi duena eta ez proselitismoa. Funtsean, orain den idazlea bilakatzeko orain arte bizi izan duen guztia eta ez beste ezer bizi, gozatu eta pairatu behar izan duen norbait.