Céline Durruti-baithan
1
Alde egin berri du Michellek.
Isilik gelditu da etxaldea.
Bakar-bakarrik nago.
Hamabost egun barru arduraduna edo bere ordezkoa etorri bitartean ez dut inor ikusiko ez dut inorekin hitz egingo.
Esku-argia piztu dut joan bezain pronto ilunpean gelditzearen beldur segituan itzali dut ilunpean gelditzearen plazeraren xerka nire burua besarkatu dut besarkatu nahi nituzkeen guztiak besarkatuz negar egin dut tentsioagatik esan diot nire buruari.
Etxandi zaharraren zuraren karrankei ongi lotuta ez dauden leiho saretak dantzarazten dituen haizearen enbatei adi eman dut denbora luzea.
Ganbarako hiru txapituletako erdiko leihoa irekitzeko gauez argia kanpora iragaz ez dadin ipinitako egunez kenduko dudan plastiko beltza askatu dut.
Izarrak.
Ilargia.
Haize hegoa.
Gau epela.
Kantari hasi naiz.
Espetxean egon denak soilik jakin dezake zer den askatasuna.
Ez da berdina norbait kartzelatik ateratzea eta norbera ateratzea.
Ez dute berdin arnasten itotzen ari zena olatuetatik erreskatatu eta hondartzara ekartzen duenak eta itolarrian zegoenak.
Ia mozkortu nau gaugiro epelak.
Noiztik ez naiz horrelako egoera batean egon zaintzarik gabe zelataririk gabe ordutegirik gabe zereginik gabe.
Zenbat jendek ote dakien non nagoen hasi naiz kontuak egiten oharkabean egin zaidan ezinegona bezatzen saiatzeko: honaino ekarri gaituen furgonetako gidariak, Michellek, Michellek bere ordez etor daitekeela aipatu duen horrek edo horiek. Gutxienez.
Beñatek ez. Nik ere ez. Furgoneta atzealdean kukututa hasieran arreta jarri badugu ere, biok lokartu gara. Tentsioagatik. Ibilgailuan hain denbora luzean ibiltzeko ohitura faltagatik. Hizketarako gogoari eutsi diogu. Poliziak errepidean ezar litzaken elkarrizketa-detektagailuak ernarazteko beldur bagina bezala.
Errepidearen egoerak bihurguneek salatuta hiritik irtetean arnasa, etorbide zuzenak iratzarri gaitu hirian berriro ere atezuan alferrik lehengo bera ote galdetzea.
Non ote nagoen zenbat jendek jakin nahiko duen da beste kontua. Polizia ahalegin hutsalean honezkero zigor-ziegetako zoko guztiak miatzen, gure puska guzti-guztiak xehe-xehe aztertzen, urte guztiotan igorri eta jasotako gutunen fotokopiei hautsa kentzen, telefono-deien grabaketak hitz susmagarriak atzemateko programekin arakatzen. Ikustera etorri zaizkigunak ere galdekatuko lituzkete hain barregarri geratu ez balira. Aldiz, poza ozpintzeko krudelkeriaz prestatuko zituzten dagoeneko espetxean gelditu behar izan duten kideen mendekuzko zigor lekualdatzeak.
Eta maitasunez non nagoen gauden irudikatzera ere ausartzen ez direnak. Ongi nagoela gaudela besterik ez, itzalpea ez den gerizpean babestuta. Ez nazatela ez gaitzatela, ez, ez, ez ditzatela harrapa behingoagatik gauzak berriro ondo atera daitezela erregu apustu errezo eginez. Ospatuz.
Ospatu behar nuke nik ere bakarrik gozakaitz bada ere. Ez zuten esperoko ongi aterako zenik, bestela ospakizunen bat ongietorriren bat zerbait aurreikusiko zuten ni hain azkar hain bakar hain zabar hain zargal Beñat beste gordeleku batera eraman behar zuten aitzakian jauzkor utzi beharrean.
Zer espero huen, domina bat? Ez al da aski asko askatasuna berreskuratzea? Ongi egin ditek ospakizunik ez antolatzearekin. Ongi egin ditek Beñat eta biok banantzearekin. Izango diagu ospatzeko tenorea oraindik, ez dituk zakarrak izan ihardetsi diot urteotan garraztutakoari. Kartzelako urteek pilatu mikatza dena kritikatu guztiari bere ifrentzua, denari bere koska eragozpena aurkitu behar hori gozatu behar duk. Baikortasuna ironia samina eta sinesgogorkeriaren zigor-ziegatik libratu.
Egin ezak kontu, ongi atera duk. Zer duk gaitzesteko, bertan behera utzitako zurezko urrezko kaiola zaharkitu honetan konpainia gabe abandonatu hautela? Zer esan nahi duk jakin izan bahu ez huela ospa egingo? Ez ezak txorakeriarik pentsatu. Badakik ez duala horretarako eskubiderik. Badakik egoera ez dagoela lore-jokotarako.
Eta ez bahekien baduk jakiteko adina, izango duk barneratzeko adina denbora: abuztuaren hamabiko ihes-ondoa hamabost egun Bakar-gainen, Michelle edo «Michelleren laguna naiz» edo «Je suis l'ami l'amie de Michelle», «Soy el amigo la amiga de Michelle» ez dut uste, agertu arte.
Hiriguneak ez du oso urrun behar, jairen baten zarata iristen da honaino.
Noiztik ez naizen axolagabe festa batean jendearen oihu izerdi alkohol zipriztinei soraio oihuka kantari algaran izan?, gogoratu dut Aurizberriko jaietan arrotz taberna lepo garagardo bat, tonika bat, xanpain kopa bi eskatzeko izerdi patsetan barrarako bidean giza hesi jostari eta ezin trabeskatuzkoarekin borrokan alboko mutil ezezagunak lepotik helduz garagardo botila eskuratuta bozgorailuetako musika ozenaren doinura herritarrekin saltoka jarri ninduenetik.
Lastaira puzteko indarrik gabe lo-zaku gainean etzan naiz, jantzita. Ordularia eta betaurrekoak kendu ditut, kartzelan bezala gau-mahaitzakoa egiteko alboan jarri dudan aulkian utzita esku-argia itzaltzeko unean ohartu naiz gozamenez ganbarako hondoko horma osoa liburuz mukuru dagoen apalategi batek betetzen duela.
Askatasunaren loak bere besoetan kulunka hartzen ninduela kartzelatik honainokoak gogoan Michelleri datorren hurrengo aldian ordenagailu eramangarri bat ekarri behar didatela esatea ahaztu zaidanez bitartean zigor-ziegan bezala oraindik boligrafoz idatzi beharko dudala zer nori ordea bihar ez zait inor etorriko goizeko zazpietan atea irekitzera, etortzekotan ordubete lehenago berriro ere fusilaren argitxo gorriarekin kopetaren erdian destatuz amatatu zait garuna.
2
Nolako zalaparta egin duten beste presoek kalera iritsi garenean.
Talaiakoa konturatzerako eta alarma sirena entzun denerako espetxetik urrunduta geunden.
Aurreikusi bezala atera da dena, segundoko zehaztasunez, maite dudan bezala, ia zaratarik gabe.
Ia emoziorik gabe esatekotan egon naiz. Batere emoziorik gabe. Hotz. Behar den bezala, gauzak ondo aterako badira. Baina hori beste kontu bat da.
Kalea zapaltzean korrika egin dut autoraino, instrukzioak ahaztuta, kopilotuaren lekurantz.
Atzealdera zakar bidali nau gidariak urduri.
Klak! klak! ia ez ginen kabitzen pozaren pozez puztuta bi iheslariok eta gidaria.
— Lortu dugu! Lortu dugu! —oihukatu du une batez bere onetik aterata bero-bero burkide gidariak, begirada errepidean, bere kautarako; burua estaltzen zion txanopean ez dut ezagutu.
Gu mutu.
— Makurtu, makurtu! —agindu digu eserita geundela ohartu denean.
Hori ere ohartxoko jarraibideak argi zekarren ba!: «Autoaren atzealdean sartu eta makurtu».
Etzan gara arrapaladan kizkurtuta aulkien arteko zoruan ni eta eserlekuan kidea.
Operaziorako kide bakarra igortzeak harritu nau arrazoi gabe. Inguruetan babes taldea ibiliko ote zen alferrik pentsatu dut nire burua lasaitzeko.
Kartzela inguruko biribilguneak gaindituta errepide nagusian ziztu bizian jarri du autoa. Ezagun du gidari aparta dela, horregatik hautatuko zuten, eta hala ere jarreragatik tentsioagatik zorabioa egin zait. Botagurari eusteko leihoa irekitzeko eskatu diot.
Edozein unetan Poliziaren sirena entzun eta argi urdinak autoaren sabaian islatzen ikusiko nituen beldurrez egin ditut lehen kilometroak.
Zaintze-kameren eremutik at egin dugu auto aldaketa. Burkideek atzeko leihoak segurtasun bikoitzagatik, ez gintzaten ikus ez genezan nora ginderamatzaten ikus, itsututako furgoneta arrunt batera aldarazi gaituzte Beñat eta biok.
Atzealdeko eserlekuen ordez apar-gomazko lastaira batek erosoago egin digu hortik aurrerakoa. Gidari berria ez dugu ikusi, ez digu hitzik egin; fitxatu gabea eta frantsesa pentsatu dut.
Mendikristoko Beñat eta biok ere isil. Zer esaten da bada horrelakoetan jokaldiaren iruzkinetarako ez geunden oraindik baloiak langan jotzen bazuen gureak egin zuen tarteka elkarri estu eman diogu eskua hura azken agurra izango zela jakin gabe.
Hirigunetik kanpoko landen usain ahantzia sudur-zulo ezinduetan «Hau da askatasuna» pentsatu dut eguzkitan biluzik etzanda banengokeen berotasuna sentituz.
Hirian berriro, bidegurutzeetan geldialdi laburrak segur aski semaforoak geldialdi bakoitzean «Control, Police! Papiers! Ouvrez derrière!» entzungo genuen beldur.
Furgoneta balazta zaratarik gabe gelditu du. Hotel Terminus. Garaje-ate kirrinka. Atzeraka. Ez du motorra itzali. Hotel Terminus?
Ibilgailuko atea ireki da.
— Zorionak!
— Zorionak, zuei! —esan diot, ordura arte ezagutzen ez nuen burkide gazteari lehen uneko ezustea gaindituta.
Ihesaldi-planaren xehetasunak igorri zizkidan burkidea izango genuela zain uste espero desio nuen.
Irribarre zabal-zabala ezpainetan loratuta nire atzetik irtetera zihoan Beñati ez jaisteko agindu dio.
— Segituan eramango haugu beste gordeleku batera.
Eta asmorik ote zuen ez dakidan Beñati protesta hitzik egiteko aukera eman baino lehen doinu epelez gehitu dio:
— Elkarrekin egingo diagu bidea, lasai. Izango diagu hitz egiteko astia.
Lasai eta lastairan goxo besarkatuta, pentsatu dut.
Nirekikoak egin eta hamar minuturen buruan itzuliko zela esanda itxi du furgonetako atea oharkabean Beñati eta bioi elkar agurtzeko aukera eman gabe.
Furgonetaren txapan kolpe pare bat eman dituenean itzali du «frantses mutuak» motorra. Aurrez adostutako kodea asmatu dut, oraindik erreflexu guztiak ez zaizkit alfertu harroxko; motorra itzali aurretik arduradunak gurekiko nirekiko elkarrizketan zerbait baietsi beharko zuela, nire irismenetik at dagoen segurtasun konturen bat.
Beñatek eta Michellek elkarren berri bazutela iruditu zait elkarri egin dizkioten keinu diskretu eta begirada itzurtiengatik. Oso litekeena dena, kanpoan eta barruan nik baino denbora gutxiago eman baitu gazteak.
Zenbat zorroztu diren segurtasun neurriak pentsatu dut Michelleren atzetik garajetik irtetean, elkar ezagutzen dutela ezkutatu nahi izanak eragin didan irribarre maltzur bat ekidin ezinez.
Etxarte bat igarota bi solairutako jauretxe zahar baten aurrealdean agertu gara.
Lehen solairuko bost leihoetako saretak itxita, bigarren solairuko hiru txapitulak argi gabe, galtzadarrien artean belarrak jori, bertan inor bizi ez den susmoa Michellek giltza zahar batekin ate astun bat ireki eta esku-argiaren laguntzaz bertan behera utzitako etxeen lizun eta zoko usaindun zurezko mailadian gora jauretxearen ganbararaino zuzenean eraman nauenean baietsi dut.
Michellek aipatu ez didanez irentsi egin dut ihesaldia antolatu duen burkideaz galdetzeko gogoa.
— Etxe ziurra —esan dit nire pentsamenduen nondik norakoak asmatu eta uxatu nahi balitu bezala—. Egon daitekeen ziurrena. Hemen ez hau inork aurkituko. Egon hadi lasai.
«Lasai nago» eta «Aurkituko edo bilatuko?» petralduak ito ditut eztarrian, horrelakoetarako unea ez zelakoan.
Bai, lasai eta sinesgogor nago. Sinesgaitz egiten zait bi orduro atean zelatan nire loa galaraziko didan zaindaririk ez dudala izango haboro, bederen gau batez, gau bateko askatasuna irabazi dugula ziurtzat jo daitekeelakoan.
Zapuztuta ere, bakarrik utziko nautelako, ihesaldiaren antolatzailearekin sikiera trago bat edateko aukera eman gabe.
Ihesaldiak sortutako aztoramendua baretu bitartean, bizpahiru hilabete bertan bizi beharko dudala jakinarazi dit harrera egin digun burkideak. Bakarrik. Gero antolatuko dutela nire «estrakzioa».
Nola aldatu den Erakundeko barne-hiztegia urteotan, pentsatu dut gaizto.
— Beraz —esan diot espetxean mingostutako txantxa doinuz—, kartzela batetik irten beste batean sartzeko.
Ez dit zuzen erantzun, onean behintzat hartu ez duen seinale, itxialdi berria ahalik eta ongien igarotzeko beharrezkoak non dauden erakusten hasi zait.
Mahaitxo bat, elikagaiz betetako arasa, sukaldea egiteko txokoa, harraska, baxerak, lapiko eta zartaginak, gas-bonbonak, kanpin-argia, hozkailu txiki bat, argindarra dagoen arren argirik ez pizteko gaztigatu dit, entzungailuekiko piladun irrati txikia, ohantzerako lastaira puzgarri bat, lozakua, bainu-gela, garbitzeko produktuak, dutxa ez dabil, komuna bai ez tira kateari zaratagatik badakik, bai, moldatuko naun ez kezkatu horregatik.
Ganbara estudio txiki bat bezala antolatu dute, didate, herri-kartzela eroso bat bezala, isildu egin naiz berriro badaezpada ere oraingoan ziur gaizki hartu eta gainera esker txarrekoa naizela pentsa ez dezan.
Azalpen guztiak eman ostean, soilik arazo larri-larriren bat izatekotan erabili beharreko telefono mugikor bat eta telefono zenbaki bat ere utzi dizkit. Zenbakia buruz ikasarazi dit bere aurrean, papertxoa eskutatik kendu eta irentsi baino lehen.
Gainerakoa, eskaileren aldera keinu egin du lehen eta behe-solairuez ari zela uler nezan, neronek deskubritzeko denbora izango dudala gauzak ez nahasteko jende jatorra dela etxaldea utzi diguna, hartzen ditudanak zeuden bezala uzten saiatzeko ezer ez puskatzen, horrela jarraitzen badu gaitzituko natzaio pentsatu dut hainbeste urtez kartzelan haurtzat hartu izanak arrastoa uzten du, berak ere ez dakiela ondo zer dagoen bertan esan eta ordulariari begiratu dio.
Nik ere begiratu diot nireari. Berrogeita bost segundo doi-doi Beñati agindutako hamar minutuak bete aitzin. Ohitura on batzuk ez ditugu inoiz galduko, pentsatu dut pozarren.
— Hamabostean behin pasatuko nauk jaki freskoak eta bestelakoak ekartzera, beti gauez, nahiko berandu. Ni ez banator, nire ordez etortzen denak Michelleren laguna dela esango dik. Ez harritu frantsesa besterik ez badaki.
— Beraz, hi haiz Michelle? —galdetu diot ahalik eta xaloen, izendegirako orijinaltasun gabeziak bere horretan jarraitzen duela nire kolkorako gordez.
Esku-argiak zeharka argitzen ez bagintuen ere ikusi dut gorritu dela.
Barkamenak eskatu dizkit bere burua lehenago ez aurkeztu izanagatik.
— Ez din axola —lasaitu dut—. Gainera, guda-izen bat besterik ez dun, agian nirekiko harremanetarako soilik erabiliko dunana.
Irribarre egin dit lehen aldiz.
Segundo gutxi batzuk baino ez ditugu elkar agurtzeko, ertzak leuntzeko.
— Hi izango haiz orduan nire arduraduna aurrerantzean? —galdetu diot ganbarako aterantz lagunduz.
— Bai.
— Orduan, Michelle baino, ez bazain axola, Arduraduna deituko haut.
Sorbaldak altxatuz erakutsi dit zenbateko garrantzia ematen dion nola izendatuko dudan nire bakartasun orduetan.
Hamabost egunetan izango dudan azken elkarrizketaren azken ahapaldiak dira.
— Eta niri jarri al didazue goitizenik?
— Ez... —kosk egin dio mihiari, akats larri batean harrapatu izan banu bezala.
— Ihesaldia ondo aterako zenik jakin gabe, normala dun horrelakorik ez aurreikus izana. Haurrei ere ez omen zaie izenik eman behar jaio ez diren artean.
— ...
— Eta nola deituko nauzue?
Hamar segundo. Berandu iritsiko da furgonetara.
— Ez zakiat. Hik esan.
— Tira... —irribarre egin diot—, l'Écrivain gustuko niken, baina nabarmenegia luken, akats bat segurtasun aldetik, ezta?
— Bai —erantzun dit, azkenean nire umoreak azaleratzea lortu duen irribarre zabalak hazpegiak edertuta.
— Orduan, deitu egidan Marc —irribarreari irribarrez—. Izena libre badago...
— Bai, ez zagok beste Marcik... Beraz, hamabost egun barrura arte, Marc —irribarrearen erakarmenetik erreskatatzeko ordularia begiratzeko keinua eginez azalpenak ematera behartuta balego bezala—, gordelekura eraman behar diat David —gehituz.
— A! David deitzen diozue Beñati?
— Bai... —zalantzati, iheskidearen guda-izena esan izana zenbaterainoko hanka-sartzea izan den neurtuz bezala.
— Emaion besarkada estu-estu bat nire partez ere.
Harrapatu badu ez du adierazi.
Joan egin behar du. Berandutu dut. Ez dut bakardade aurrea gehiago luzatzeko modurik.
Bostekoa luzatu dit.
Halako ekintza erdietsita gure jarrera zurruna zein groteskoa izaten ari zen ohartuta nonbait, eskuak askatu gabe Beñati eman ez diodan Davidi emango dion besarkada estua eman diogu elkarri Michellek eta biok.
Azken kontaktu fisikoa, datozen hamabost egunetako bakardadearen atezain, urte luzeetan zaintzapeko besarkadak ematera ohitutakoarentzako ukendu.
— Agur, Arduradun!
— Agur, Idazle! —azkenerako harrapatu du, bai, nire umorea.
Azken hitzak aienatu aurretik mailadian behera desagertu da esku-argiarekin bidea urratuz.
Guztiz ilunpean gelditu aurretik ikusi dut mahaitxoaren gainean esku-argia.
Nire bizileku berriaren zokoak argitzen hasi orduko entzun dut, garajeko atearen negarra motor-hotsa garajeko atearen negarra isiltasuna.
Alde egin du Michellek. Isilik gelditu da etxaldea.
3
Espainiako gerratik ihesean etorritako errefuxiatuen bizileku izandakoa da etxalde hau. Errefuxiatu anarkistak zirela erakusten dute etxe osoa betetzen duten afixek eta han-hemenka aurkitu ditudan aldizkari eta bestelako propaganda euskarriek.
Kontu handiz ibili naiz gelaz gela arasak tiraderak armairuak irekitzen.
Hauts geruza lodi baten azpian izoztuta gelditu dira haien bizitza hornitzen zuten osagai materialak.
Haien gauza guztiak argazki gutun dokumentu arropa bertan daude, alde egiterakoan aldean ezer eramateko aukera izan ez balute bezala.
Lehen egunetan kuxkuxean aritzeagatik errieta egiten nion nire buruari. Bakardade egunak igaro ahala ordea garrantzia kendu diet nire ikerketa baimendu gabeko baina ez haatik debekatuek Arduradunarekin sor diezazkidaketen kalapitei.
— Argirik ez pizteko esan zidan, ez ordea etxekoen gauzak ez miatzeko —esaten diot ispilu zahar bateko nire isla itxuragabetuari lainezak hartuta egunkari ebakinez betetako karpeta berri bat sits-bolen usaina hedatzen duen beste armairu bat pipiak desegindako tiradera hondo gabe bat ireki bitartean.
— Gainera, hautsa ez beste guztia ia zegoen bezala uzten dut —erantzuten diot militante arduratsu mutuari.
Logeletako arpilatzetik sitsak jandako balek zulatutako jaka militarra, FAI hitzak brodatuak dituen txapela, guda eta banketxe planoz betetako larruzko zorroa, bizarra egiteko labana zaharra, erabili gabeko denborak horaildu orri mordoa eta harrigarriki oraindik tinta idortua ez duten boligrafo zahar batzuk berreskuratu ditut.
Ganbarako liburutegian antolatu dut kanpaleku nagusia. Orduak eman ditut itxialdia ahanzteko ihesbide bakartzat dudan hitz esaldi paragrafo hormatuen aurrean hasieran zutik oin-puntetan gero makurtuta kokoriko hankak antxumatuta liburuen, gehienak literatura frantsesez gutxi batzuk politika gaztelaniaz, bizkarrak besterik ez hatzekin lagunduz burua okertuta irakurriz.
Apaletan utzi hutsunea zegokionaren koordenatuak orri batean zerrendatu ostean, ez dut asmatu-eta zein irizpide duen etxe honetako ez-jabe anarkisten unibertso inprimatuak, irakurgarriekin laurogeita zazpi zentimetroko Babelelebi dorrea eraikia dut.
Denborak sarraskitutako agure-aho, begi itsudun murru, puzzle zentzu bako, elbarri utzi dut Bakuninen jarraitzaileen jakintza horma.
Liburu bat gustukoa ez badut irakurraldian tematu gabe segituan abandonatzen dut jatorrizko gutxituaren ondoan altxatzen hasitako eraikin bikian.
Kartzelako egunerokotasunera ohituta, berehala jabetu nintzen Durruti-baithako egonaldia antolatzen ez banuen Michellek jarritako hamabost egunetako epea bete baino lehen literatur mendekotasun larriak joko ninduela, eta gaindosi batek beste mundura eramaten baninduen alferrik eskatuko zidatela ihesaldiari kartzelako egoerari urrats estrategikoei zernahiri buruzko txostenik egin nezan borroka ez da bukatu oraino beste zereginik ez dudan aitzakian.
Jaiki eta lehen gauza soinketa.
Katuarenak harraskan.
Gosaldu ostean lehen egunetako bizilekuen nolanahiko esplorazio anarkikoa, barka nazatela etxaldeko behialako biztanle abegi onekoek, utzi eta behetik gora eta ezkerretik eskuinera gelaz gelako miaketa sistematikoa bazkalordura arte.
Bazkaldu irrati frantsesa entzunez, euskalduna gauez baino ez da harrapatzen eskuarekin txapitulako leihoaren gainaldeko txoko batean mantenduz besoa txindurritu egiten zait asmatu beharko dut zerbait.
Kartzelan mantendutako bazkalosteko ohiturazko lo-kuluxka ezinbestekoa.
Jaiki, aurpegia hortzak garbitu eta promenada gelaz gela atzera eta aurrera eskaileretan gora eta behera txistuka kantari gogoetan murgilduta mailak zenbatuz ohitura batzuk betirako dira.
Arratsaldea azkar doa irakurketak betetzen du yoga saioak soilik eteten duen ilundu aurretiko leihoak itsutu arteko denbora.
Iluntzean aldizkari zahar baten aurrean afaldu, ganbarako txoko batean antolatu dudan egongelan afalostea sotoan ebatsitako Armagnac kopa bat edanez berriro irakurri.
Oheratu aitzin leiho bat irekitzen dut eta izarrei begira ikusten direnean eguneko zigarreta bakarra erretzen dut.
Irratia belarri zuloan lokartzen jarraitzen badut laster ahituko zaizkit pilak.
Iratzargailua ere eskatu behar diot eskumuturreko ordularikoak ez nau esnatzen.
Eta beste egun bat. Jada ez ditut zenbatzen. Askatasuneko egunak ez dira zenbatu behar.
4
Atzera eta aurrera nabil zorabioa norekin hitz egin behar dut nori esan behar diot Beñat Beñat hormetan jotzen dut ez dit inork erantzuten. Ferdinand Bardamuk Place Clichyn bahitu eta Lehen Mundu Gerrako lubakietako eldarniozko gauean zamariaren gainean azaldu naiz. Zainetan gora hitzak esaldiak ahapaldiak etenik gabeko zamalkatzean beste modu batez arnasa egiten hasi naiz ezin diot ihes egin.
Duela ia hogeita hamar urte Xabierrek gomendatuta gaztelaniaz irakurria nuenez eta Tardi komikigilearen marrazkiekin osatutako edizio ederra euskarri egokia zelako kokatu nuen Literatur Dorrearen oinarrian irakurgarrietan azken Célineren Voyage au bout de la nuit.
Tardirenak ikusteko guraz I-11 literarioa ez eragiteko kontu eginez hartu eta «hola hasi zen nik ordura arte ez nuen ezer esan ezer ez Arthur Ganatek hitz eginarazi zidan Arthur estudiantea mediku-nahia bera ere laguna juntatu ginen Place Clichyn bazkalondoz hitz egin nahi dit entzuten diot ez ahal gaituk kanpoan egongo esan dit goazemak barrenera sartu naiz harekin bai terraza hori hasi zen astakiloentzat duk hator hona orduan gainera konturatu ginen ez zebilela kalean inor beroagatik ez autorik ez ezer hotz handia egiten duenean ere ez da inor ibiltzen kalean berak esan zidan gogoan daukat horri buruz Parisko jendea itxuraz beti okupatuta zagok baina ongi begiratuta paseatzen zabiltzak goizetik gauera» irakurri nuenetik aztiaren emariak ez nau zamaritik botatzen jaitsi nahi dut bazkaltzeko ordua lo egiteko ordua atala bukatzen dudanean etenaldi bat ezin, itsatsita hemen ez dut jatekoa prestatzeko, babarrun poto bat ireki berotu gabe, baizik irensteko astirik datozela zaindariak bazkarekin!
Voyage, karrajuko hesirantz nindoake, au bout de la nuit, liburuari itsatsita.
— Gamelle!
— Oui, oui... —irentsiko nuke... Céline!
Afalordua? Zenbat denbora pasatu da baina! Ez dut ezer prestatu.
Datozela zaindariak afariarekin.
Liburua ezin askatu nindoakieke ateraino.
— Gamelle!
— Oui, oui... —irentsiko nuke... Céline!
Beñatek leihotik deituko lidake.
— Ez, ez, nik gaur ez diat yoga egingo.
— ...
— Zertan? Bidaiatzen!
— ...
— Célinerekin!
Esango lieke beste burkideei. Ez lukete deus ulertuko. Kezkatzen hasiko lirateke.
Bakarrik nago hemen ordea. Célinegandik, ez da inor kezkatzen ez dut jaten ez dut lorik egiten, Célineganaino.
Goizaldeko zaintza-txandak karrajuaren ondoan betileak erretzen harrapatuko ninduke gauaren azken muturreraino bidaiatzen Louis-Ferdinandekin.
Goiza, ur beroa plastikozko katiluan, kafe eta esne-hautsa, azukrea gauerako gurin ogitartekoa gozatzeko.
Hemen ez dut denborarik.
Jan egin behar duk ordea, Marc!
— Promenade!
Jadanik?
Liburuarekin nindoake. Ez lidakete utziko. Ia uko egingo nioke ateratzeari.
Mugitu behar duk, l'Écrivain!
Promenadan, kide kezkatuak:
— Zer egin huen atzo?
Nola azaldu Célineren aztikeria?
Bakarrik nago hemen ordea, nori azaldu behar diot zer eragiten didan kontinentetik kontinentera naraman tintazko sukarrak?
— Céline irakurtzeagatik soilik merezi zuen frantsesa ikasi izanak —oihukatu diot Saint-Sulpiceko Egonarriari.
Gorrarena dagi asteazkeneroko seietako eta zazpietako kafea hartzen Kadareren Le général de l'armée morte irakurtzen, nire ahotsa entzuteko urrutiegi dagoela diost keinuka.
— Zertan ibili haiz orain arte, Marc!
Hara! Brodskyk entzun nau. Barre dagit, bera aspaldi jakinaren gainean balego bezala.
— Edo nahiago al duk l'Écrivain deitzea?
Ez jan, ez lo, ganbara-zulotik irten gabe.
Jaka militar zulatua soinean Federazioaren boneta ilez urritutako kaskoan alferrik dut anarkistaren labana ez naiz bizarra luzatzen ikusteko ere hurbiltzen ispiluetara.
Tarteka kiratsa nabari dut, garbitu beharko nintzateke, hazka nabil gorputzean, harraska baxera zikinez mukuru dago ordea.
— Surveillant! La douche! —kexatuko nintzaieke.
— Tu vas aller aussi à la douche avec? —egingo lidakete barre zaindariek liburua eskutik kenduz.
Marka hautsi dut: urruntzen hasi denerako bukatu dut jantzita nago lehortu gabe blai ate-joka matoiari deika azkar azkar!
— J'ai fini! J'ai fini!
Danba danba danba.
— Vite, Louis-Ferdinand! —ireki didan urdinezkoari.
— Je ne m'appelle pas Louis-Ferdinand —gaitzitu zait.
— Pardon, Céline, je suis en train de lire, vous savez, le Céline au bout du voyage.
Apuntatuko luke kaierean, gazta pitzatzen ari zaidala.
Esango dio zaintza-txanda kideari:
— Le Basque de la 34 est en train de perdre la boule, il m'a appelé Louis-Ferdinand Céline.
— Fais gaffe, ça pourrait être une insulte, tu sais il était facho —krisiak bultzatuta zituzkeen eskrupuluak jantzi urdinaren azpian itota eta etorkizun ziurrak erakarrita ikasketa unibertsitariodun zaindariak.
— Ah, bon? Un facho, qui le Basque? —apenas idazten eta irakurtzen baina borra ondo erabiltzen dakien matoiak.
— Non! Pas le Basque, Louis-Ferdinand Céline!
— Un facho de quel genre?
— Comme Laval et compagnie, il a même accompagné Pétain et sa clique en Allemagne, au Château de Sigmaringen.
— Où ça?! —Pétain ulertu du, doi-doi—, oh, laisse! Peu importe. Et puis, tu sais, les fachos ne me déplaisent autant que ça, il faudrait plus de main dure avec toute cette racaille.
Segitu zuen kontuekin, utz nazazue bakean irakurtzen irakurtzen irakurtzen.
Aspaldi airea galdu duen lastairan etzan naiz, ahuspez, burua eskuetan bermatuta, hankak tolestuta oinak gora txikitan bezala orduak eta orduak amonarenean zernahi komiki aldizkari prospektu irakurtzen banengo bezala.
Célineren liburuko orrietatik hatz-mamietara, hatzetako lotailuetan gora, zainetan barrena harra azkura kutsadura izurria? Afrikako oihaneko malaria kutsatu dit Bardamuk? Céline da idaztearen harra berpiztu didana. Bardamuk eskerrak medikua den ukondotik zentimetro batzuetara odol azterketarako xiringa bidezko drogarako garrotea lotzen lagundu dit.
Hamabost egun! Nolatan utzi naute hemen bakarrik medikurik gabe botikarik gabe? Okerrago! Célinerekin! Sukarra. Puzten ari zait eskua, besaburua zornatuko gangrenatuko zait eztanda egingo dit askatzen ez badut.
— Ez askatu, Bardamu! —agintzen dio Célinek—. Oso arriskutsua izan daiteke, askatu eta ez badu eskura zerekin idatzi, edo baita zerekin idatzi eskura izanda ere ez badaki zertaz idatzi. Konortea gal lezake, koma literarioan sartu.
— Eman, emadazue idaztekoa! —erregutzen diet medikuari idazleari—. Azkar! Fite! Orri zuriak eta boligrafo beltza besterik ez bada ere!
— Zertan ari haiz, sukar-ametsetan hago.
— Brodsky! Hator! Lagundu egidak!
— Orain idatzi nahi al duk? Céline irakurri eta idazle sentitu al haiz bat-batean?
— Hik ulertu behar didak, Brodsky! Hik badakik!
— Zertarako nahi duk idatzi? Entzun egidak, entzun arrazoiaren aholkua: hire idazlearenak aspaldi egin zian —diost iraganetik Saint-Sulpiceko Egonarriak bere idulkian fosilduta.
— Berdin zait, ez zait axola, igual zait, je m'en fous! Jan, lo, edan, larrua jo eta idatzi, idatzi, idatzi... Ez dago idatzi gabe bizitzerik.
Askatu dut garrotea, boligrafoa eta orri zuriak, irakurri ahala esaldiak euskaratzen ditut gauza jakina da jendeak ez duela hurkoari esateko ezer, norberak bere tristurez baino ez du hitz egiten, hitzez hitz, bakoitzak berea, lurra denontzat, nireak bailiran, saiatzen dira, maitasunaren unean, beren tristura hurkoarengana isurtzen, ez dute lortzen ordea, eta beren baitan gorde behar izaten dute, oso-osorik, beren tristura, eta saiatuko dira berriro ere, eta tematuko dira beste behin ere beren tristura besterenganatzen, alfer-alferrik gizajoak, esaldien urlasterrean istorioak bururatzen zaizkit, alfer-alferrik gizajoa.
Nire iraganean aztarrika nabil.
Begiekin ordez hatzekin ikusten nuen garaiak berpiztu zaizkit.
Hatz minberak herdoilduak begiratzean nire bihotza ikusten dut.
Urrutitik, atoiontziak ziztu egin zuen, haren deiak zubia pasatu zuen, beste arku bat, beste bat, esklusa, beste zubi bat, urruti, urrutiago... Beregana deitzen zituen ibaiko gabarra guziak, denak, eta hiri osoa, eta zerua eta soroak eta gu, denok, eramaten gintuen eta Sena ere bai, dena, akabo berriketa bukatu da bukatu dut hustuta nago.
Azken orrialdean liburuaren jabeak «Un salaud, mais quel écrivain!» idatzi du biribil baten bildutako «A» baten ondoan.
Liburua harrika bota dut bi dorreen aurka.
Oihu egin dut.
Lastairan etzan naiz ahoz gora.
Begiak itxi ditut.
5
Kaxk! kaxk! jo dute ganbarako ate irekian.
— Ongi al hago?
Izututa jaiki naiz. Ez dut inor etxaldera sartzen entzun. Ez dakit zenbat denbora eman dudan begiak itxita.
Ganbarako atalasean emakume bat dago, erosketa poltsa bi mukuru beteta, irribarre kezkatiz kopetilun.
Begira-begira gelditu natzaio. Duen itxurak, ile motxa udako galtza zuri nasaiak gerezidun mahuka gabeko zilborrerainoko atorra arina, miazkatzeko enbeia pizten duen azal beltzaran gesaldua, lasaitu sorgindu nau, ikusten dudan lehen aldia izanik betidanik ezagutuko banu bezala.
— Bai, bai, ondo nago. Aurrera, aurrera —gonbidatu dut lastairatik jaikitzearekin batera.
Poltsak hozkailuaren ondoan utzi eta txapituletako leihoak plastikoekin itsutzera joan da, deus esan gabe ere errieta egiten ari zait, konturatu naiz akats larri bi egin ditudala: ilundu du argia piztuta dut.
— Oihuak entzun ditiat —esan dit mahai gainekoak bilduz harraskara eramateko.
Beraz, ez dut denbora luzea eman koma literarioan.
Muturra okertu du baxera zikina pilatuta ikusi duenean.
— Ez dun ezer, Célineren liburu bat bukatu dudala, Voyage au bout de la nuit.
Ez du ezer esan baxerengatik. Une batez harrikoa egiten hasiko zen beldur izan naiz.
Ez du ezer esan anabasagatik, ganbaran barreiatuta dauden liburuengatik.
— Hi Michelleren laguna izango haiz, noski —galdetu diot barregarri gelditzeko batere beldurrik gabe.
Nor izango da ba! Anbotoko Mari?
— Bai.
Muturra okertu du nire albotik igaro denean ere. Kiratsagatik zalantzarik gabe. Izerdi patsetan oharkabean ia garbitu gabe pasatu zaizkit uda mineko bi asteak.
Nola hala nire burua txukuntzen saiatu naiz, bi asteotako erasoaldi literarioak utzitako aztarnak mozorrotzen, militante baten jokabidea berreskuratzen, hutsalki.
Bere arreta desbideratzeko saioan, berari zuzenean nola deitzen den galdetu beharrean nire azkartasunaren erakustaldi piroteknikoarekin jarraitu dut:
— Ni Marc naun.
Eta nor izatea espero zezakeen bada?
Ez nuen uste hain bigunduta nuenik garuna. Eskerrak ez diodan eskua luzatu. Edo bi muxu ematera hurbildu.
Nire burua l'Écrivain bezala aurkeztea besterik ez nuen behar.
Errukiorra izan da jainkosa burkidea, iruzkin mingarririk ez, egia ere da horrenbesterako konfiantzarik ez dugula.
— Eta, gustuko duk?
Aurkezpenen tenorea bukatu da esanez bezala literatur eremura desbideratu du hizketaldia. Ez dit bere izenik esango, «Michelleren laguna» dela jakitearekin aski banu bezala. Furgonetako «frantses mutua» bezala bera ere legala izango ote da? Ez ote bera furgoneta-gidaria!
— Gustuko?...
Ez dakit nola azaldu azken egunotan Célinek biziarazi didana. Ezagunekin ere ez nintzateke ausartuko, erotzat hartuko ninduketen beldur.
Ez naiz tematuko izenaren kontuarekin, baina begirunez bada ere asma zezakeen guda-izen bat niretzat beren-beregi besterik ez bazen.
— Hik irakurri al dun?
— Ez.
Ez dio elkarrizketari erregairik eman.
Isildu egingo naiz ni ere.
— Dena ondo hemen? —galdetu dit poltsak husten hasita.
Uzteko esan diot, denbora sobera izango dudala gero ere erosketak txukuntzeko.
Ganbara dagoen egoeragatiko gaitzespen begiradak ihes egin dio.
Preso ohi kartzelatik kanpoko pertsona ezindutzat hartuko ninduen. Edo okerrago, iraultzaile inkoherente ar ganorabakotzat.
— Bai, dena ondo. Ez dinat inolako arazorik izan, ez ezer arrarorik ikusi. Egunak azkar, azkarregi pasatu zaizkidan, oharkabean, Michelleri gutuntxo bat idatzi nahi nionan. Ez dinat bukatu...
Hobe nahaspilagatik aitzakiarik ez asmatzea, Luix Pernandoren bizkar ez botatzea ganbarako paisaia desolatuaren erantzukizuna.
— Hamabost egun barru arte orduan —bota dit alai.
Ai, badoa! Hain azkar?
—Hurrengoan Michelle bera etorriko da beharbada —gehitu du.
Presatua da badaezpada ere nirekin ez luzatzeko aginduko zioten ez da kalaka literariora etorri.
— Bai... —irribarre tristeak ihes egin dit.
Ez joan ez joan gelditu pixka batean hemen nirekin hamabost egun inorekin hitz egin gabe asko dun.
Azken unean zalantza egin itzulia hartu eta galdetu dit:
— Hi ez al hintzen idazlea?
Ez hakio meniskoaren esku ebatondoen konpromisoaren luma eta ezpataren erretolikarekin has, gero!
— Bai. Nintzen.
Kito. Ondo!
— Eta zergatik ez duk baliatzen hemengo egonaldia zerbait idazteko? —esan dit eskuarekin ganbarako anabasa erakustearekin batera.
Izoztuta utzi nau. Zer esan nahi izan dit? Ez zait iradokizun bat iruditu, agindu bat baizik. Ganbara txukuntzeko eta idazteko. Zerbait probetxuzkoa egiteko. Ez uzteko nire bizia jitoan. Diziplina pixka bat.
— Izango duk zertaz idatzi, ezta? Eta orain astia ere sobera duk.
Hori da, nire bizitza txukundu antolatu eta idatzi.
— Bai —esan diot eta ez dut jarraitu hitz-totelka hasteko beldurrez.
— Aio, Idazle! Ea natorren hurrengo aldirako ipuin politen bat idatzi didaan!
Lauhazka jaitsi ditu eskailerak.
Lauhazka utzi dit bihotza.
— Aio, Michelleren laguna!
Ez dut uste entzun didanik.
Joan da.
Garajeko atearen negarrik ez dut entzun. Bizikletaz oinez etorriko zen autoa badaezpada ere urrun samar utzita beste burkide baten zaintzapean Durruti-baitha zelatatzen ote duten zuhurtziaz.
Erosketak hozkailuan eta apaletan ipintzean ohartu naiz ez diodala esan ordenagailua ekartzeko. Harrikoa egiten oroitu dut iratzargailua. Neure burua garbitzean bizarra egitean ez diodala ezer eskatu. Arropak beratzen jartzean dena eskatuko niokeela. Dena eskatuko diodala.
Izengoiti bat asmatu behar diot Durruti-baithan agertu zaidan Mariri. Kontu handiago egin behar dut txapitulako plastikoekin. Niri buruzko txostena egingo du agian. Oso gaiztoa izan gabe ere ez da nire oso aldekoa izango. Ez nagoela nire onenean esango die bakardadeak Célinek ez didatela onik egin zerbait egin behar dela arriskutsua izan naitekeela ere bai beharbada.
Baietz hurrengoan Michelle bera etorri.
Nahiago jainkosa baletor.
6
Ganbara txukuntzen eman nituen hurrengo bi egunak. Berriro ere eguneroko azturak eta jarduerak berreskuratzera deliberatuta nengoen. Hamabost egunetako egutegitxo bat egin eta plangintza zehatz bati jarraituz antolatu hurrengo hitzordura arteko tartea.
Michellerentzako gutun-txostena azken ordurako utzi gabe segituan idazten hastea hobe. Bera edo Isabelle, horrela izendatu nuen jainkosa, etortzen zirenerako prest egongo nintzen, egunez eguneko gertaeren kronika, behar nituenen zerrenda, egoera politikoari buruzko hausnarketatxoak kartzela fronteari buruz ez ezik arlo politiko hertsiari zegozkionak ere bai agian.
Amaitu dituk oporrak.
Eta nire buruari ezarritako zereginak bukatuta, ordu libreetan Céline ukenduz lotailuetan herdoila kendutako hatzekin ipuin bat ez bazen poema bat idazten saiatuko nintzen.
Ganbarako zorua errazten ari nintzela aurkitu nuen liburutegiaren behe-apalean entziklopedia eta liburu ilustratu handi batzuen artean ordura arte nolatan ez nuen ikusi sinesgaitz egin zitzaidan idazmakina.
Txapitulako leihoaren azpi-azpian kokatu nuen mahaia.
Material irazgaitzeko zorro gris kremailera apurtu hausduna kontu handiz heldulekutik hartuta hautsiko zen beldur eraman nuen bertaraino. Mustuka batekin emeki-emeki bildu nuen urtetan pilatutako hauts-geruza harraskara joan-etorriak eginez.
Ez ahal da matxuratua egongo.
Atera dut zorrotik.
Olivetti bat!
Idortuta du zinta gorri-beltza. Zorionez erabili gabeko tinta-bobina gorri-beltz bat dago plastikozko zorroan ondo bilduta.
Aldatu diot.
Orri zuriz elikatu dut arrabola.
Nola hala zanpatu ditut teklak.
Klak klak klak klak klak klak.
Arrabola birarazteko palankari eragin lerro berria hasteko.
Klak klak klak klak klak klak.
Zikinduta atera da orria. Biziberrituta.
Behiala idatzi nituen poema artikulu ipuin antzerki minez ditudan hatz-mamiekin teklatua ferekatu dut atsegalez, zakatzekin arnasa egiten ikasi nuenez geroztiko antzutasunari amaiera emanez:
«Autotik jaistera zihoala gertatu zen errepide nagusitik ezkerretara artasoroen artean barneratzen zen bidexkaren zabalgune batean aparkatua zuten ibilgailua nabarmentzen ez den horietakoa eranskailurik gabe Juanmigelentzat garraio-zereginetan hasi zenetik hark agindu bezala kendu baitzizkion Goldorakek presoen herriratzearen aldekoa Baigorriko Nafarroaren Egunekoa eta AEKrena».
Txapitulako leihotik sartu zen eguneko lehen argitasunak idazten harrapatu ninduen. Nire aspaldiko aberri txiki ahantzian, nire atzerri dultze berraurkituan.
7
Bihar betetzen dira hamabost egunak.
Bihar gauean berandu etorriko da Michelle edo Isabelle.
Biharko eguna ganbara eta nire burua txukuntzen pasatu beharko dut.
Hiru txapituletako leihoak plastiko beltzarekin itsutu.
Ez dut irratia entzun aspaldi. Guztiz ahantzi dut egunotan gure bila ibiliko zirela. Garunaren eta hatzen erritmo koordinatura sortu istorio sentimenduen zorabioan inoiz baino babestuago ziurrago sentitu naiz.
Arduradunarentzako txostenean gehitu beharko dut bart garajeko atearen negarra entzun nuela, eguna aurreratuta, ni ezustean harrapatzeko hau ez dut jarriko, agian beraiek izango zirela pentsatu nuela aurrena. Baina jauretxeko atetzarra giltzaz ireki eta barrura sartu ordez ate-joka aritu zirenez, helbidez okertutako norbait izango zela ondorioztatu nuela. Leiho-saretetako zirrikituetatik denbora luzez zelatan egon arren ez nuela inor ikusi.
Ea zer dioten.
Idazmakinan dago azken orria, azken paragrafoekin, eta gaurko amaiera-datarekin.
Olivettiaren eta sotoan aurkitutako Armagnac botila hustuaren ondoan, haurgintza-minetan egunotan sortutako orri mordoa txukun pilatuta, lehen orrian hitz larriekin izenburua: «ATZERRI».
Eskuetan hartu orriak hatzekin laztantzean zorionezko irribarrea loratu zait.
Hau zen idatzi behar nuena.
Berpiztu naiz.