Stand-by
Ez nuen iratzargailua behar izan. Esna nengoen bostetatik, begiak erne, telebistaren stand-by argi gorri xeheak erakusten zidan logela iluneko sabaiari so. Iritsi zen egun handia. Eguerdirako, dena ondo bazihoan, doktore egingo ninduten; eta, garrantzitsuagoa zena, unibertsitateko irakasle-plaza, azkenean, nirea izango zen, zazpi urteko lan amaiezinaren ondoren. Akabo hamalau orduko lan-egunak, jairik gabeko asteburuak, oporrik gabeko abuztuak. Utikan tesi-zuzendari odol-xurgatzaileak, putre bihotz-jaleak. Zertarako, eta inori axola ez zitzaion ikerketa-lan bat burutzeko. Txostena bera baino izenburu luzeagoa jartzea, hori bai, hori ezinbestekoa zen: Ingurugiroa babesteko hitzarmen internazional aldeaniztunak aplikatzeko eta betetzeko kontrol-mekanismoak eta hauen bilakaera azken ehun urteetan. Horratx defendatu beharko nuen tesi-lana. Dena ondo aterako zen, ez neukan zalantzarik, baina jendaurreko aurkezpena zen zeremonia hark zekarren parafernaliak kirioetatik nindukan. Tragoa pasa beharra, omen.
Jo aurretik itzali nuen iratzargailua: 6:33 ziren. Nire burua ikusi nuen telebistan islatuta, erabat itzaltzera gerturatu nintzenean. Iluntasun betean geratu zen logela stand-by argirik gabe, lozorroan emaztea eta semea. Kafea egiten ari nintzela entzun nituen txikienaren negarrak, eta ama ohean jesartzen irudikatu nuen, umea titira ekartzen, isildu egin baitziren haren kexuak. Dutxa azkarra hartu arte ez nintzaien hurbildu.
— Lorik egin al duzu? —galdetu zidan emazteak.
Txikiak soinu ulergaitz bat egin zuen; hozka ari zitzaion oheburuari lotuta geneukan behi hori baten sudurrari. Bere pelutxe gustukoena zen Bilbo behia.
— Kafea egin dut —esan nion alkandora lotu bitartean.
— Jon, begira aitatxo. Ikusi zer guapo dagoen!
Barre egin zidan semeak esnatu berriaren masail lodi gorriekin, beheko paleta bat eta goiko atera berria erakutsiz diagonal xelebrean. Irribarre garestiko goiz hartan beste inork lor ez zezakeena erdietsi zuen.
— Azken botoi hau lotuta? —eskatu nion aholku emazteari.
— Bai.
Kasu egin nion, nahiz eta kokots azpiko ganglioak potroak bailiran estutzen zizkidan. Bezperatik lisatutako traje gris iluna jantzi, baztertu egin nuen gorbata azkenean, eta kafe beltza eztarriratu nuen ziztuan.
—Animo, maitea —esan zidan emazteak—. Ondo aterako da dena, seguru.
Musu bana eman nien.
— Han ikusiko zaituztet.
Sarrerako ispiluan neure burua behatu nuen irten aurretik. Gogor tira nion jakari behealdetik eta paparretik, zimurrak eta beldurrak uxatzeko. Arnasa sakon hartu eta ispilu parean geneukan koadroa zuzen jarri nuen goizero bezala. Begira ematen zidan koadro okertu orok, baina nik margotu nituenetatik etxean zintzilik geneukan bakar hark zuzen arraio behar zuen etxetik ateratzerako. Zuzen jarri beharra neukan, zuzen zegoenean ere. Kito. Dena bere lekuan. Prest nengoen batailarako.
Zuzenbide fakultatean ordu erdi pasatxo eman nuen areto nagusian dena prestatzen: argi egokiak, aire girotua 21 gradutan, mikrofonoaren bolumena tamainan, ordenagailu eramangarria proiektoreari lotuta, epaimahaikideen aulkiak bata bestetik distantzia ez gutxiegi ezta gehiegira ere. Bedelak ur botilatxo bana jarria zien bakoitzari, unibertsitateko logodun bina karamelurekin batera. Denak poltsikoratu nituen badaezpada; gozoki-zorroak irekitzean entzuten den hotsa baino desatseginagorik ez dago. Tesi-defentsa egitekoa nintzen pulpitutik ezkerrera izango nituen epaimahaikideak; aurrez aurre, publikoa. Handiegia zen aretoa: berrehun pertsonatik gora kabitzen ziren, eta ez nituen hogeita hamar baino gehiago espero.
Kalera egin eta itsasalderako bidea hartu nuen. Bi ordu baino gehiago nituen. Itogarria zitzaidan areto barruko 21 graduko hozbero perfektua, eta zer esanik ez kaleko 24 gradu beroegiak. Hego-haizearekin zekarren eguna. Eskerrak gorbatarik ez neraman. Jaka besapean hartu eta itzaletik zihoan aldea aukeratu arren, ez nuen freskotasun zipitzik sentitu harik eta itsasoa mutur aurrean izan arte.
Kaioen hots higuingarria gailentzen zitzaien olatuen uluei. Jende dezente zebilen hondartzan, maiatzeko asteazken buruzuri bat izateko. Herri honetan ez al du inork lanik egiten, erretxindu nintzen. Azken urtea lau hormaren artean igaro eta gero, min ematen zidan asteazken arrunt batean jendea kalean ibiltzen zela egiaztatzeak. Zakurrarekin paseoan han, hogeita hamabost urte inguruko neska gaztea, menturaz langabetua; ikasle adineko koadrila pare bat ere bai, txaparro eta guzti hondarretan luze jarrita, apunteak eskuetan zituztela; eskuinerago, bi gizonez eta emakume batez osatutako hirukote xelebre samarra; jubilatuak nonahi, aurrera eta atzera, binaka, bakarka eta baita taldetxotan ere. Osaba Amalio eta bere by-pass taldea ere ez ziren urruti ibiliko.
— Ez pentsa —esan zidan Gabon Gaueko afalostean, Chivas kopari ezkerreko eskuaz eragiten ziola—, bizi-bizi egiten diagu egunero bi orduko ibilaldia, medikuak agindu bezala. Hori bai, hilean behin afaria, eta ez begetarianoa prezisamente.
Hirukote xelebreari erreparatu nion. Itsasora begira zeuden, hondarretan buruz gora etzanda eta ukalondoen bidez enborra altxatuta. Aldamenean, maleta marroi zikin erraldoi bat zegoen, antzinakoa zirudiena: kutxa zabal bat, ez gaur egun ikusten diren horietakoak, gurpildunak eta zapalak. Garraiatzen zaila zirudien maleta bat zen, pailazoek izan ohi dituztenen tankerakoa. Bi gizonetako bat, argal-argala, trajez jantzita zihoan. Hasierako inpresioan dotorea zirudiena, ordea, zirtzila zen ondo begiratuz gero. Zikinbrillo bat, pentsatu nuen bote-prontoan. Trajea mortzil-mortzil eginda zegoen, eta zapaten ordez kirol-zapatilla ezin zikinago batzuk zeramatzan. Parrandazale mozkor bat, pentsatu nuen bigarren botean. Bere aldameneko emakumea bel-beltza zen azalez, eta bera bai, dotore zihoan soineko nabar loredun batekin. Hirugarren gizona ez nuen ondo ikusten, baina taldeko zaharrena zirudien: billarreko bola bat baino soilagoa zeukan burua, igeltsua bezain zuria. Ez zuen eguzki handirik hartu arrautza egosi hark.
Mutil trajedunak hondar eskukada bat jaurtiki zuen airera. Maleta marroi erraldoitik antzeman ezin izan nuen objektu bat atera, eta ur ertzera hurbilduta, orkatiletaraino barneratu zen, zapatillak bustitzeko batere beldurrik gabe. Makurtu eta objektua uretan sartu zuela iruditu zitzaidan. Plastikozko botila bat, litro eta erdikoa. Itsasoko urez bete eta tapoia jarri zion. Gero, lehengo tokira bueltaturik, botila maletan gorde, eskuaz agur xume bat egin bi lagunei, eta pasealekurantz bideratu zituen urratsak, ni nengoen pareraino. Orduan behatu ahal izan nuen, nahi bezain ondo.
Ez zen zikinbrillo bat, ezta parrandazale mozkor bat ere. Goibela zeukan soslaia, okertua gorputza maletatzarra eusten zuen besoaren aldera, zorua zaintzen zuen aurrealdea baino gehiago. Zirudiena baino gazteagoa izango zen. Asko ibiliarenak ematen zuten zimur haiek, haize askok erasandakoak. Zapatilla zarpail busti haiek zenbat kilometro egin eta zenbat herrialdetako hautsak eta hondartzak harrotu ote zituzten? Zenbat itsasotako urak ote zeuzkan gordeta maleta hartan?
Jakin-minak hartu ninduen, eta segika hasi nintzaion. Freskatua nintzen itsasoko haize-kirriaz, eta urrun mantendu nahi nuen tesi-defentsaren mamua. Bi kale gora eginez, eskuinekoarekin izkina egiten zuen tabernan sartu zen. Halaxe egin nuen nik ere, eta L bat egiten zuen barraren alde txikian zegoen taburetean eseri nintzen; handik aurrez aurre ikus nezakeen mutila. Lurrean utzia zuen maleta, tabernaria hurbildu zitzaionerako. Bi hitz egin zituzten. Whiski bat eskatu eta itsasoko urarekin nahastuta irentsiko zuela otu zitzaidan bat-batean. Trajedunari ezer atera baino lehen, ordea, niregana hurbildu zen tabernaria. Kafe hutsa eskatu nion, barraren gainean irekita zegoen aldizkari bat leitzeko itxurak egiten nituen bitartean.
Kafea martxan jarritakoan, komunen alboan zegoen giltzaz itxitako ate bat ireki zuen. Bertan utzi zuen maletatzarra trajedunak, eta kalera irten zen. Maleta edo mutila, nori jarraitu zalantza egin nuen, baina eskatuta neukan kafea eta bertan geratu nintzen. Sega-potoak tirrin egin zidan poltsikoan. Esames bat zen, koadrilako batena: «Anmo Xa2. Erria irkin. Puto amo aiz. Or izngo gatuk!». Hankak dardarka jarri zitzaizkidan kolpean. Nola zeukaten nire tesi-defentsa aspergarria ikustera etortzeko lan-ordu libreak eskatzea? Putaseme horiek benetan urduri jartzea lortuko zuten. Koadrilakoak, gurasoak, anaia, aita-amaginarrebak, lankideak, emaztea, semea... Jendea etorriko zen azkenean. Jendaurrean mintzatzea gustatzen zitzaidanarekin... Hamar urte baino gehiago klaseak ematen, eta ez nintzen ohitu. Ordularia begiratu nuen. Ordu eta laurden geratzen zitzaidan. Whiski bat eskatzekotan egon nintzen... Kafe hutsarenak egin nituen.
— Zenbat da?
Semearen argazkiak kirika egin zidan kartera barrutik. Lau hilabete zituenekoa zen. Bere lehen barreak, egin nuen nirekiko. Zenbat jolas-ordu lapurtu ote zizkion nire tesiak? Zenbat barre gutxiago egin ote zuen nire umore petralarengatik? Dena aldatuko zen biharamunean.
— Lor ezak lan on bat lehendabizi —esan zidan aitak, karrera aukeratzekotan nintzela—. Gero egingo duk nahi duana.
Auschwitz-en jarri zuten hura bezala, ezta? Lanak egingo zaitu libre...
— Badakik zenbat idazle, zenbat margolari, zenbat aktore dauden barraren atzean?
Lan ona lortzear nintzen. 37 urte beteko nituen abenduan. Margotzeko edo idazteko astia azkenekoz noiz hartu nuen, horrekin ez nintzen gogoratzen.
Badu eskua, esan zion behin amak aitari etxeko sukaldean, nire margoetako bat eskuetan zuela. Musu eman zidan masailean, baduzu eskua, bai. Aitak zorrotz begiratu zuen marrazkia: ez onespenik, ez gaitzespenik. Bai polita!, esan zuen nire anaia txikiak. Bera nuen miresle sutsuena. Nire margolan guztiak gustatzen zitzaizkion. Ez nuen aitaren onespenik jaso, idazlanekin hasi nintzen arte. Ez dago gaizki, esan zidan literaturako irakasleak ikasgela guztiaren aurrean ozen leitutako eta goraipatutako idazlana irakurritakoan. Laudorio handia zen hura aita ezagututa. Baina hurrengo batean tutoreak deitu zien gurasoei, ikaskide guztiak akabatzen zituen hiltzailearen istorioa idatzi nuelako, lehen pertsonan. Errealistegia eta gordinegia, horiexek izan ziren bere hitzak. Orduz geroztik marrazteko erraztasun guztiak eman zizkidaten. Nire abilidade hura Arkitektura edo ingeniaritzaren bat egiteko aprobetxatzea nahi zuten, baina Zuzenbide ikasketak aukeratu nituen, kontra egiteagatik bakarrik, Arte Ederrak aukera posibleen artean ez zeudelako.
— Zer arte eder eta zer kristo!
— Ba kazetaritza egingo dut!
— Ezta pentsatu ere! Ingeniaritzaren bat edo arkitektura!
Ez dakit nola bukatu nuen Zuzenbide ikasketak egiten. Erdi-bidearen tranpa, seguruenik: denak gustura eta denak triste uzteko modu bitxi hura.
Ipar-haizearekin nire birikak betetzera jo nuen berriz itsasaldera. Azken arnasa behar nuen fakultatera itzuli aurretik.
Sakelakoak jo zidan bidean.
— Maitea, non zaude? —emaztea zen, kezkatu antzera.
— Paseatzera irten naiz.
— Zure zuzendariak deitu du. Ez omen zaitu fakultatean aurkitu.
— Ordubete falta da.
— Ez al zenuke...
— Laster hurbilduko naiz.
Moto baten zaratak sega-potoa ez neukan belarria estaltzera behartu ninduen. Doi-doi iritsi zitzaidan emaztearen galdera:
— Ondo al zaude?
— Ni bai. Eta zu?
Isilunea egin zen telefonoz bestaldean.
— Dena ondo joango da —esan zidan azkenean—. Primeran egingo duzu. Seguru.
Nirea izan zen hurrengo isilunea. Hariaz bestaldetik ebaki zuen emazteak:
— Zurekin egoteko desiratzen nago.
Korapiloa egin zitzaidan eztarrian.
— Animo, maitea —jarraitu zuen—. Azken-azken txanpan zaude. Oraingoan bai. Hiruzpalau ordu barru libre izango zara.
Libre, errepikatu nion nire buruari. Libre margotzeko, libre idazteko, libre nahi nuena egiteko.
— Jardunaldi jarraitua egin dezakezu hemendik aurrera, eta arratsaldeak libre izango ditugu nahi duguna egiteko! Hirurok elkarrekin! Plan pila bat ditut buruan!
Sakon hartu nuen arnasa.
— Laster naiz fakultatean —esan nion, lasaia izan nahi zuen tonu sosegatu antzeko batekin.
— Animo, maitea.
Eten egin nuen deia.
Pausoa emanik pausoari, itsasertzean nengoen berriz. Birikak bete nituen fuerte, eta ahotik bota nuen arnasa. Bizpahiru aldiz errepikatu nuen prozesu hura. Geroz eta jende gehiago zegoen hondartzan, hamaikak pasatxo ziren horretan. Uda ematen zuen. Plano bat ezin interpretatuz zebilen turista bikote bat nekusan nigandik gertu. Hauek ere galduta, egin nuen nire artean. Azken begiratua bota nion hodeiertzari, fakultateko bidea hartu aitzin.
Ondo atera zen dena. Bikain - Cum Laude, txaloak, besarkadak eta musuak jaso nituen, eta hamaika zorion-mezu sakelakoan. Emaztea hunkituta ikusi nuen, begiak diz-diz. Semea ere irribarretsu zegoen, saltsa haren erdian protagonista bihurturik azkar asko. Hau da hau ero koadrila, pentsatuko zuen pentsatzerik balu. Lankideekin, familiarekin eta lagunekin cava pixka bat edan genuen garaipena ospatzeko. Garaipenaren gola nik sartu nuela ematen zuen.
Agudo abandonatu genuen herri xehea. Epaimahaikideekin eta zuzendariarekin Bodegón Alejandron genuen oturuntza, doktore berriaren kontura: tesi-txostena irakurri eta defentsara etortzeko sortutako eragozpenen truke egindako mesedea teorian, dena ondo joan dadin ziurtatzeko eroskeria praktikan. Bazkari aspergarriagorik!
Ardoa lodi edateko aprobetxatu nuen. Errazago ateratzen dira esker oneko hitzak, mingaina trapu ustel bat bezain latz duzunean. Whiski eta pattar onenak ere airean ibili ziren bazkalostean, etsairik handiena ere lagun bihurtzeraino. Handik elkar besarkatuta ez irtetea izan zen gehien harritu ninduena. Itsasertzeko haize kirriak ez zigula txarrik egingo deliberatu genuen.
Dezente ibili ginen. Izerdia egin genuen gutxienez: eguzkiak ez zuen tregoarik ematen eta gorputzak bazeukan zer kanporatua. Konturatzerako, goizean egona nintzen leku berean geunden, hodei-zinta berberari begira. Dar-dar egin zidan sega-potoak izter aldean. Emaztearen esamesa zen: «Zorionak maitea! Primeran egin duzu! Ondo ospatu! Hurrena gurekin, e! Desiratzen nago zurekin egoteko. Mz».
— Beautiful —atera ninduen nire baitatik Irlandatik etorritako doktore ospetsuak, zerumuga miretsiz.
Whiskiaren filtroak argazki guztiak edertzen dituela esatekotan egon nintzen, baina ez zitzaizkidan ingeleseko hitzak ezpainetara etorri. Damutzeko gauza bat gutxiago biharamunean.
Baporetxo bat ikusi nuen urruntzen horizontean. Abesti bikain harekin gogoratu nintzen: dena pasaten da, mina bezala, denbora bezala, bafor bat hodeizintan bezala. Hantxe nengoen ni ere goizean, hodeiertzaren alde honetan, eta egina nuen egin beharrekoa, igaroa nintzen zerumugaren alde ezkutura. Bapore bat hodei-zintan bezala.
Zuzendariak hondartza ondoko kafetegia proposatu zigun:
— Lehorra diat eztarria —esan zidan barrez—. Gehiegi hitz egin diat orain ere!
— Hartuko dugu garagardo bat —onetsi nion.
Kafetegira gindoazela, goizean bisitatu nuen tabernarekin oroitu nintzen. Bi kale gorago zegoen.
— Segi zuek —esan nion zuzendariari—. Gauza bat jaso behar dut hemen, ondoko taberna batean. Eskatu nahi duzuena.
Nora nindoan galdetu zidan builaka epaimahaiko batek, baina lepoa jiratu orduko zuzendaria ikusi nuen azalpenak ematen, eta erantzunik eman gabe jo nuen aurrera.
— Kafe bat jarriko didazu, mesedez? —eskatu nion barraren atzean aurkitu nuen tabernari hanpatuari. Ehun kilotik gora izango zituen emakumeak, dena bular, dena izter, baina tenk zituen haragiak bere handian. Arin mugitzen zen barraren atzealdean, doi kabitzen bazen ere. Amarcord-eko botikaria berreskuratu nuen memoriaren zulo lizun batetik.
— Hutsa?
Baiezkoa egin nion buruaz.
— Kuriosoa da —esan nion, alkandorako azken botoia askatzen nuen bitartean—. Whiski bat eskatzen duzunean whiski hutsa nahi ote duzun inork ez dizu galdetzen. Hutsa edo izotzarekin? Inork ez dizu galdetzen. Kuriosoa, ezta?
— Whiski bat nahi duzu?
— Ez, ez.
Hura ez zen erretena, hura Pirinioetako balkoia zen.
— Tira, bai, jarri whiski bat.
— Hutsa edo izotzarekin?
— Izotz-koskor bakar batekin.
— J&B, Johnnie Walker, Ballantine's, Macallan...?
— Ba al duzu Chivas?
— Ez.
— Johnnie Walker orduan.
— Kafea ere bai?
— Hutsa, mesedez. Baina betea.
Marmarka joan zen kafetera aldera. Itzali egin nuen sega-potoa. Bera eta ni besterik ez geunden tabernan, eta ilunantz hartan bazuen erotismo punturik emakumetzar hark. Jadanik urdaileratutako likido likits jariakor guztiek ere lagunduko zuten seguru asko. Barraren kontra nire egiten imajinatu nuen une batez. Berotu egin nintzen. Titietara disimulurik gabe begiratu nion, kafea ekarri zidanean. Berdin, whiskia gerturatu zidanean. Ohituta zegoela zirudien.
— Goizean izan naiz maleta batekin —hasi nintzaion Johnnie laguna besarkatu orduko.
— Zurea al da? Eskerrak etorri zaren! Oraintxe dira ekartzekoak zerbeza-kaxak, eta lekua egin behar nuen. Txolok esan dit laurak aldera etorriko zinela, eta ja ez nekien zer egin...
Maletatzarra gordeta zegoen atea ireki zuen.
— Hildako bat al daramazu? Behi batek baino gehiago pisatzen du...
— Utzi, utzi —bi eskuez heldu behar izan nuen barra aldera eramateko.
Taburetean eseri nintzen. Hiru gizonez osatutako taldetxo bat sartu berri zen, eta haiei hurreratu zitzaien tabernaria. Eskuetan hartu nuen whiski edalontzia, eta urrezko edabearen prismatik behatu nituen taberna-zulo hartako zokoak, hirukote sartu berria, nire bihotzeko zerbitzaria. 70. hamarkadako pelikula txar horietako baten baitan nengoela zirudien. Erotuta banengo bezala so egin zidaten hiru gizonek. Izotz-koskor bakartia urtzen ari zen edalontzian, hondora zihoan transatlantikoa legez. Arnasa hartu nuen, azkeneko aldia balitz bezala. Bukatzeko neukan whiskia. Irekitzeko maletatzarra. Zain nituen epaimahaikideak eta zuzendaria. Zain nituen emaztea eta semea. Lagunak, lankideak, etsaiak. Etxea, lantokia, herria.
Baina, eta zer maleta hura hartu eta berak egiteko zituen bidaiak egingo banitu? Berak eramandako lekuetara joango banintz? Itsaso urrunetan busti nire zapatak. Whiski gazituak edan konortea galtzeraino. Ordularirik gabe bizi. Euri azpian norabiderik gabe ibili. Maitale berriak seduzitu, ipuin zaharrak idatzi, margotu eta margotu lo erori arte Parisko chambre ilun eta nazkagarri batean. Eta zer, ausartuko banintz?
Blink edan nuen whiskia. Hogei eurokoa utzi nuen barran. Hamar arte kontatu nuen taburetetik altxatu aurretik.
Korrika atera nintzen maletatzarra bertan utzita, eta ez nuen pausoa lasaitu harik eta hurrengo kale izkinara iritsi nintzen arte. Ihes betean. Zilegi balitz? Bi eskuez horman bermatuta egon nintzen, burua makur, arnasaren ohiko jario pausatua noiz berreskuratuko. Bihotz-taupadak bere onera etorritakoan soilik jaso nuen burua. Munduak bere horretan jarraitzen zuen jiraka. Artean, eguzkia zen nagusi asteazken buruzuri hartan. Jende-andana zebilen atzera eta aurrera. Begi-ertzetan txost zegiten malko-izpiak irentsi nituen arnasaldi luze batekin. Kopetako izerdia musuzapiarekin lehortu, alkandorako azken botoia lotu eta tira egin nion jakari paparretik eta behealdetik, zimurrak eta beldurrak uxatzeko.
Hondartzako tabernara abiatu nintzen. Ordaintzeko izango nituen epaimahaikoen garagardoak.