—2—
Frantsesari Emilio deitzen zioten lanean, Barojatarren moldiztegian, baina Émile zuen ponteko izena. Hasieran bai, saiatu zen lankideek bere izena ondo ahoska zezaten, pazientziarekin hartu zuen, behin eta askotan errepikatu zien, baina hasierako eta bukaerako e haiek berdin ahoskatzen zizkioten. Azkenerako nekatu egin zen, gaizki ahoskaturiko eta berea ez zen izen hura entzuten aspertu, eta Emilek Emilio esan nahi zuela aitortu zien.
Gero izen berriak asmatuko nizkion, baina nik, Frantsesa deitu nion hasieratik.
Asteartea zen, jai nuen arratsaldean, aspaldi beharrez, eta asto artetik jende artera joateko baimena neukan, nagusiari abereak ondo gobernatuta utzirik. Xefek paperean eskuz jarri zizkidan azken bertsoekin joan nintzen moldiztegira, hamalauko sorta bat.
Josefa ez zegoen eta hainbestean itxi nuen tratua enkargatuarekin. Moduz. Nire egoera lastimosoak hunkitu zuen. Besondoari begiratu eta, «Nola ba? Deskontua egingo dizugu. Hainbeste merezi du aberria defenditzeko besoa eman duenak!», esan zidan.
Baroja andrearekin hitz egin beharko zuela, baina ez zuela uste arazorik izango zenik deskontu txiki bat egiteko. Jaiki eta, izerdiak lehortuz, bulegoko atera zihoan bitartean, «Emilio, etor zaitez hona, badugu zuretzako lan bat hemen!», egin zion oihu Frantsesari.
— Frantsesa da. Oraindik ez du bertsorik inprimatu, baina ikasi beharko du halakoren batean. Erdi poeta da gainera. Gizaseme txukuna. Lan ona egingo dizu.
Gizon mozkote, mutur gorri, bibote handi, azal argiko batek erantzun zion enkargatuaren deiari. Eskuak galtzetan igurtziz eta kopeta zabala zimurtuz gerturatu zen biongana.
— Sotero Mujika. Bertsolaria da —aurkeztu ninduen enkargatuak.
Ezker eskuak estutu genizkion elkarri, pixka bat harroturik nik, jakin-min puska batez hark. Enkargatuak esan zion poeta nintzela ni ere, hura bezala, trobadore antzeko bat, poema moduko batzuk idatzi eta gero plazetan kantatu eta saltzen nituena, eta estimu handia ziela jendeak nire bertso haiei, eta ez dakit zenbat gauza gehiago.
— Erdi trobadore, erdi poeta bat, ezta?
Ez nekien Frantsesa gaztelania jario hura ulertzeko gai zen, moldiztegiko enkargatuak mokadu bakarrean ziento bat silaba irentsiz hitz egiten baitzuen. Ez nekien ulertzen ez zuelako, edo enkargatuari hizketan egitearen plazera uzteagatik begiratzen zigun horrela, arrotz, urrundik, bekainik ere mugitu gabe, isilik. Aldez horretan pentsatzen ari nintzelako, moldez trobadoreak zer ziren ziur ez nekielako, baietz esan nion, erdi trobadore, erdi poeta, baietz, erdi eta erdi nintzela. Besoa ere erdia nuela.
— Baina badut neure musika ere.
Eta galtzetako patrikatik erditik plegatutako nire Hohner harmonikaren kutxatxoa atera eta erakutsi egin nien.
Barre izpi batez agurtu ninduen enkargatuak eta Frantsesarekin bidali ninduen, behar nuena hari esplikatzeko esanda.
Atzetik jarraitu nion Frantsesari bere laneko mahairaino. Ez baitzuen oraindik hitzik egin, gaztelaniaz ba al zekien galdetu nion.
— Gaztelaniaz, frantsesez eta italieraz —erantzun zidan argiro—. Eta baita alemana eta ingeles pixka bat ere.
— Eta euskaraz ba al dakik, euskaraz? —egin nion erronka, umilduko nuelakoan.
Sudurra igurtzi eta ezetz aitortu zidan, ez zekiela, hiru hitz besterik ez zituela ikasi iritsi zenetik, doinu bitxiz ahoskatu zizkidan «Barkatu, eskerrik asko eta Jainkoak egunon» haiek besterik ez.
Barre egingo nion, amorrarazi ez banindu.
— Gustatuko litzaidake ikastea, hala ere —aitortu zidan—. Baina ez da erraza. Hemen ez du inork irakasteko pazientziarik. Hitz erdi bat egin orduko, gaztelaniaz hasten zaizkit denak.
Zeharka begiratu zidan, mahaitik paper mutur bat eta lapitza hartzen zituela.
— Zuk uste duzuna baino hobeto ulertzen zaitut, hala ere. Okzitaniarra naiz.
Hori non zegoen galdetu nion, Paristik hurbil ote zegoen. Ezetz, sortzez Tolosakoa zela bera, eta ea Tolosa non zegoen ba al nekien. Eta nik, tonto arraioa, baietz, noski, Villabonatik aurrera joanda.
Baietz, baietz aitortu zidan barre betean, bazekiela non zegoen gurea, baina beste Tolosa batekoa zela bera, Pirinioetatik harantzagoko Tolosa batekoa, eta hiri hura non zegoen, eta hori Okzitania zela, denak azaldu zizkidan. Umetan okzitanieraz hitz egiten zuela, baina gero Parisera joan zela lanera, eta han ahaztu zitzaiola esan zidan, eta ahapaldi ulergaitz bat ahoskatu zuen, dena jarraian, berak okzitanieraz idatzia zuen poema baten hasiera zela zehaztuz. Gero lotsatu egin zen, koloreak bizitu zitzaizkion masailean eta barkatzeko eskatu zidan, arren. Zer lan egin behar zuen galdetu zidan, eskuetan zituen lapitza eta paper muturrarekin akordatuta.
Gizon zintzo eta umilaren traza hartu nion orduan mozkote azal argiko bibote handi hari, eta beste arrazoirik gabe esan nion bere poemak euskaraz jarriko nituela, nahi bazuen.
Badakit gustatu egin zitzaiola eskaintza. Ez dakit zergatik eskaini nintzaion, baina badakit gustatu egin zitzaiola.
Eskuak garondora eraman eta totelka hasi zen, ezbaian, eskerrak eman zizkidan, zer esan ez zekiela gelditu zen; barre egin zuen. Ez zela hori, noski, esku artean geneukan lana, baina akaso hori ere publikatuko genuela egunen batean esan zidan.
Ados gelditu ginen fantasia horretan eta, bertsoak zer ziren eta paperean nola antolatu behar zituen ikusteko, nirekin neramatzan Otañoren bertsopaper batzuk erakutsi nizkion, patrikatik aterata. Lapitzarekin ohar batzuk hartu zituen paper muturrean. Gero esan zidan, bertsopaperak eskura itzultzen zizkidala, nik bereak euskarara itzuliz gero, berak itzuliko zituela nireak okzitanierara.
Bertsopaperei heldu nien neuk ere. Biok heltzen genien Otañoren bertsopaperei, han tailerraren bazter hartan. Zein bertso ziren, ez dut gogoan.
«Kubako kastak, orain dirala
lareun urte zer ziñaten?
Pixtien gisa jazkairik gabe
biluzgorri zebiltzaten;
ta erakutsi ondorenean
jazten, hizketan ta jaten,
ari zerate zeren amari
garratztasunak ematen!
Ikusiko da beiñ betirako
aspertzen ote zeraten.»
Ez dakit. Akaso.
Kontrako leihotik arrastiriaren argi apal atsegina sartzen zen. Erremintak —kutxak, berunezko moldeak, tinta poteak, tamaina askotako paper zatiak— jasotzen hasi ziren langileak. Hurrengo goizerako aginduak eman zituen enkargatuak. Han, tailerraren bazter hartan, martxoko arrastiri luzatzen hasien argi atseginak epeldurik, Otañoren bertsopaperak zeuden bion hatz mamietan.
Nik ez dakit zein hizkuntzak, zein bertsok elkartu gintuen une hartan. Beste haiek, akaso.
«Aitortutzen det lotsa aundi bat
barrenen sartzen zaidala,
iduriturik iñoiz gizona
piztiak beziñ zitala.»
Paperen bila itzuli nintzen egunean falta zen. Ezagutzen ez nuen gazte sudur motz batek entregatu zidan fardela. Emilio non zen galdetu nion. Besagainak altxa zituen.
Probako orriak begiratu nituen eta hitz egin bezala ordaindu nion enkargatuari. Emilio ez al zen etorri galdetu nion bulegotik irten aurretik.
— A! Ez —egin zuen diruak kutxan jaso eta oraindik han nengoela jabetu zenean—. Goizago irten behar izan du. Mandatu batera bidali dut.
Etxera itzuli nintzen, fardela eta nahigabea galtzarbean hartuta. Logelako mahaiaren gainean utzi eta larunbata arte han egon zen, ireki gabe, tabako toxaren aldamenean. Noiz erreko zain egongo balira bezala zeuden, elkarren aldamenean, tabakoa eta fardela. Aste hartan, lanak bukatu eta etxeratzen nintzelarik, fardelari eta tabako toxari begira egoten nintzen, ohean eserita, biak ere sugai zirela pentsatzen.
Larunbatean Usurbilen zen merkatu eguna. Paper batzuk salduko ote nituen joan nintzen haraino, Hohnerrari hautsak astintzeko prest, jendeak bertsoei egingo zien harrera ezagutzeko irrikaz.
Zeruan hodei garaiak, baina bidean euri jasarik ez eta, hala ere, bustita iritsi nintzen, haizeak astintzen zituen adaxketatik erortzen ziren tanta lodiekin. Iritsi, oinetako lehorrak jantzi, ardo pizar batekin barruak epeldu eta, plazaren ertz batean jarrita, fardela hartu. Eta zabaldu.
Gerruntzetik ateratako labanarekin amultsuki korapilatutako soka moztu, zatar papera kendu, eta orri inprimatu berrien usaina hartu dute nire eskuek. Elizako ordulariak hamarrak eta laurden eman ditu. Usaina hartu diet paperei, eskuak usain ditut, igurtzi. Ez nituzke orriak zikindu nahi.
Lehen orria hartu dut eskuetan. Xefek eskuz jarriak, hemen daude.
Bigarrena hartu dut, baina paper hau ere ez da moldiztegikoa, ez da nire enkargukoa, atzeko denak bai, baina hau ez. Eskuz idatzia dator, letra zaindu, etzan, dotore bat, ez moldeekin inprimatua. Harriturik begiratu dut, aurretik eta atzetik. Iruditu zait badakidala Okzitaniako zein zokotatik etorri den, letra zaindu etzan dotore hau, nire eskuraino:
«Quand l'ère du sang sera close,
nous changerons notre drapeau,
et l'etendard de couleur rose
guidera le monde nouveau!»
Eta pixka bat beherago, letra etzan baldarragoarekin:
«Cuando acabe la era de la sangre,
cambiaremos nuestra bandera,
y el color rojo del estandarte
guiará el rumbo de la nueva tierra»
Lastima. Damutu zitzaidan tinta arrasto haiek ulertzeko abilidaderik ez izatea.
Fermini esaten ari nintzaion ferrak begiratzera eraman behar genuela Maria Kristina, herren harekin ez zela azkarrago ibiliko, ferrak mugitu bazitzaizkion, ez zitzaizkiola onean itzuliko lehengora baina, bai zera! Zer ikusiko zuen Ferminek patrikako zuloaz harago?
— Asto herrena, nagusi txarrarena, bera handiena! —esan nion, konturatuko ote zen edo, arrantzaren bat egin ziezadan bederen.
Iraztorra hedatzeari utzi eta niri builaka hasi zen. Sardea airean altxea zuela, Jaulisen muturra agertu zen ukuiluko atetik. Gizon heldu bat nigatik galdezka omen zegoen atarian.
— Zer lapurtu duk oraingoan? —galdetu zidan Ferminek, duda handirik gabe, sardea armiarma sareen kontra astinduz.
— Herren hori lapurtuko nioan, gustura gainera, Maria Kristinari! Zer lapurtuko nian ba, nik?
— Hi bai astoa! Horrek erantsiko zian egoskorkeria.
— Itxura ederra ematen diagu ba kalean: soldadu maingua eta zamari herrena, alajaina! Zer ez ote zigutek asmatuko?
— Segi ezak gora, ea zein den —erantzun zidan, sardea iraztorretara jaitsiz.
Jaulisen irri nerabeen atzetik abiatu nintzen ukuiluan gorako harmailetan.
— Eramaiok asto zahar hori Esoraini, nahi baduk —onartu zidan, azkenean, Ferminen bozak ukuilutik—. Baina heure patrikatik ordaindu beharko diok. Auskalo zein bidetatik barrena ibiltzen haizen asto gajoarekin, horrela, hondatuta ekartzeko.
Marmarrean utzi nuen. Aspertuko zen.
Ukabilarekin keinu egin zidan Jaulisek, maila pare bat goragotik, Ferminen plantak eginez. Beso ezkerra luzatu nion, galtza motzetatik eutsi nahian. Barreka ihes egin zidan harmailatan gora, lasterka.
— Mukizu hori! Harrapatzen bahaut, Sakamantekasen atzaparretan bukatuko duk!
Begietan daukat nola izan zen. Begietan daukat zer gertatu zen sanjoan bezperako igande gau hartan.
Ostiral ilunabarra zen eta Plaza Berrian geunden Frantsesa, Estudiantea eta hirurok, sanjoanetako sura joanak. Frantsesak su gainetik salto egin nahi zuen. Nik ez nituen nire galtzarik txukunenak kiskali nahi. Ez ziren Parisko modernoenak izango, baina neuzkan txukunenak behintzat, batere adabakirik gabeak. Estudianteak ere ez zuen gogorik saltoka hasteko; itzali samar zegoen azken aldian.
Ahalegindu ginen Frantsesak erokeriarik egin ez zezan. Ukitua zegoen ordurako. Ez genion utzi nahi, baina han joan zen, bera bakarrik, purrustaka.
Salto egin eta txinpartak atera ziren airera. Ia piztu zitzaizkion galtzen hegalak.
Itzuli zenean, zahatoa kendu zidan eskutik, zintzurrak, paparrak eta bazterrak busti eta builaka hasi zen:
— Surtara! Surtara soineko zaharrak!
Errautsekin jantziko gara goizean!
Surtara! Surtara hortz zaharrak!
Ogi bigunari kosk egingo diogu gauean!
Itzali su zaharrak, piztu gar berriak!
Inprobisatzen ari zen, baldarregi, zatarregi, nabarmen. Estudianteari heldu zion gerritik, eta haren belarri ondora jarraitu zuen, apalago, baina ozenegi.
— Surtara trapu zaharrak! Surtara!
Errautsetatik jaioko gara goizean!
Beti jaio garen moduan!
Errautsetan hilko gara gaur!
Beti hil garen moduan!
Ni ere gerritik heldu, eta haiengana inguratu ninduen indarka. Egin genizkion destaina eta keinuekin ahotsa apalduz bazihoakion ere, jarraitzen zuen errezitaldiarekin.
— Surtara! Surtara soineko zaharrak!
Itzaliko dela dirudien arren,
Piztuko da berriz!
Itzaliko dela dakigun arren,
Itzaliko da, berriz!
Apal-apal bukatu zuen, zer esaten zuen ere ulertzen ez zitzaiola. Nahasten hasia zegoen ordurako. Eskerrak, hala ere; isildu zen. San Telmo kalea berriz erretzera heldu ginen portugesak ote ginen pentsatuko zuten bizilagunek, entzun baligute.
Kolkotik helduta, arrastaka ginderamatzan kalean behera, zanbuluka. Trenpu txarrean ipintzen ari zen, mutur, bibote eta paparrak gorri, begiratua busti, gaizto eta ezkel. Indarra zuen hala ere.
Kolkotik helduta, bagindoazen nolabait Esnategi kalean barrena, bazterrak jotzen, zealdoka, hirurak Frantsesaren aginduetara dantzan, Estudianteari lebitatik tira, atzeraka egin, eta hirurak batera brastakoan erori ginen arte.
Simaur pila dotoreago zegokeen, une hartan, gure aldean.
Ume koadrila pasa zen aldamenetik, txilibitu eta koskabiloekin adarra jotzen. Gizon batzuk etorri zitzaizkigun laguntzera, zutitu gintuzten nolabait, eta etxera itzultzeko ordua zela erabaki genuen Estudianteak eta biok. Non bizi zen seguru jakin ez. Kai aldera eraman eta atariren batean uztea erabaki genuen. Esnatutakoan moldatuko zen, nahi bazuen.
Gogo gutxirekin onartu zigun Frantsesak, baina erraz eraman genuen hasieran, borondaterik gabeko zaku txurikinez betea balitz baino errazago. Gero tematu zitzaigun. Eusten zuten hiru besoetatik askatu, altxatzen zuten habeetatik libratu, kalearen erdian plantatu eta esan zuen, hatza burutik gora jasoz:
— Erabaki egin behar dugu. Ja! Hemen bertan. Hic et nunc!
Lurrean aztarrika hasi zen, baldar, basurdea baino trauskilago. Saiatu ginen zentzua berreskura zezan, esan genion uzteko, ez zegoela ezer lurrean; arrazoira itzul zedin saiatu ginen, esan genion hurrengo goizean hitz egingo genuela argiago. Plantak egiten ariko balitz ere, ez zuen mozkor piura handiagoa izango. Ez zuen ezer entzuten. Mozkor piura handiagorik, nahita ere ez. Ez zigula ezer entzungo erabaki zuen.
Nolabait batu zituen hiru zotz lurretik eta ukabilean sartu zituen.
— Luzeena ateratzen duenak. Ados? Hark izango du ohorea. Luzeena ateratzen duenak berpiztuko gaitu errautsetatik!
Muturraren aurrean jarri zidan bere atzapar berunez zikindua, mozkorrez izerditua, hiru zotzen muturrak bistan.
Estudianteari begiratu nion. Ez nekien atzaparretik zotza hartu behar nuen, eta kito, edo besazpitik heldu behar nuen, eta akabo.
Aurrean neukan ukabila, galdea, eskakizuna, aukera. Ez nekien zein zotz hautatuko nukeen, ez nekien zotz bat hautatu behar nuen, edo itxarotea komeni zitzaidan. Ez nekien enbido jo edo pasoan joan behar nuen.
Estudianteak luzatu zuen besoa, fartsa mozkor harekin izorratuta. Estudianteak luzatu zuen eskua. Mozkor fartsantearekin izorratuta.
Frantsesak dardaraka zuen tipografo esku zaildua. Zotz bat hautatu zuen gutako gazteenak. Hiru zeuzkan aukeran. Bat hautatu zuen. Gazteenak. Enbidoari heldu zion.
Besoa luzatu nuen nik ere, bi neuzkan aukeran, eskua luzatu nuen zotz bat hartzeko, bitik bat hartzeko.
Frantsesaren atzapar barruan zotz bakarra gelditu zen. Frantsesaren atzapar barruan krak! entzun zen, kraskatako txiki bat, krak! entzun zela iruditu zitzaidan.
— Kaben zotz! —esan zuen Frantsesaren ahots bustiak.
Begiratu genion. Eta motzena, motzena zeukan eskuan. Hiru zotzetan motzena.
Gustura aterako nuen labana gerruntzetik une hartan. Asko pentsatu gabe.
— Kaben zotz! —errepikatu zuen, eta erditik moztu zuen zotz motzena, bigarren aldiz krak! entzun nuen Frantsesaren eskuan.
Labana sentitzen nuen gerruntzean.
Estudianteak neure esku zarpailari begiratu zion. Bereei begiratu zien, bere esku leunei begiratu zien. Berriro begiratu zidan eskura, begietara.
Eskuan zuen zotz luzeena. Eskuan zuen zotz luzeena estutu zuen, ukabildu zuen. Zotz luzeenak krak! egin zuen, kraskatako txiki bat; krak! egin zuela iruditu zitzaidan, Estudiantearen esku bilduan.
Lurrera bota zituen zotz puskak.
— Neurea da luzeena —esan zuen lehor Estudianteak.
Danbor eta tronpeta joleekin heldu zen koadrila batek inguratu gintuen. Bistatik galdu nituen adiskideak. Tronpeta joleak Esnategitik aurrera urrundu zirenean, bakarrik nengoen.
— Mukizu hori! Harrapatzen bahaut, Sakamantekasen atzaparretan bukatuko duk!
Baina ja ez nuen harrapatuko Jaulis deabru hura. Atarian egongo zen ordurako, nigatik galdezka etorri zen gizonarekin solasean, segituan helduko nintzela, sartzeko barrura, ea ezer hartu nahi ote zuen, salda katiluren bat akaso, baso erdiren bat bestela.
— Ez, eskerrik asko —esaten ari zitzaion bisitaria Jaulisi, atarira iritsi nintzenean.
Ez nintzen gutxi harritu ahots hura atarian entzun nuenean. Nola aurkitu ninduen baina?
Haizea hartzera bidali nuen Jaulis eta etxaurrera irten nintzen bisitariarekin. Harriturik sumatuko ninduen edo, bera hasi zen behintzat hizketan.
— Txikia da Donostia, agian zuri bestela irudituko bazaizu ere.
Inguruko bazterrei begiratu zien, arin.
— Litekeena da zuri ez iruditzea, Sotero, baina Parisen aldean... Zuen Donostia hau pospolo kaxa besterik ez da Parisen aldean.
Ezkerreko ezpaina altxa zuen irri egiteko.
— Fosforo pixka bat falta bazaio ere —erantsi zuen.
Nondik hasi ez dakienarentzat edozerk ematen duela handia, erantzun nion. Inguruko bazterrei begiratzeari utzi zion. Aitortu nion zein harrituta nengoen hain azkar aurkitu ninduelako. Nola egin ote zuen, horren azkar aurkitzeko, galdetu nion.
— Hainbesteko jakin-mina baldin baduzu, esplikatuko dizut.
Burlaizea nabaritu nion.
— Bizitza honetan garrantzitsuena kontaktuak dira, Sotero, kontaktuak. Badakizu zer egin dudan?
Serio jarri zen, bibotea txirikordatu zuen, kopeta izugarri hura zimurtu.
— Polizia buruarengana joan naiz.
Lipar batez itxaron zuen Frantsesak, zer esango ote nuen.
— Polizia buruarengana joan naiz, eta galdetu diot: «Aizu, non bizi da Kubako gerrari buruzko astakeriak esaten ibiltzen den trobadore hori?». Eta galdetu dit: «Zein? Bertsolari besamotz kankailu umore txarreko bat?», eta esan diot: «Hara, horixe bera!». Orduan zera esan dit: «Eizmendi izeneko batentzat aritzen da lanean, han Loiolan». Nik esan diot: «Zein Eizmendi?». Eta erantzun dit «Fermin Eizmendi; han dauka baserria, Loiolan; mandazain ibiltzen da». Hara, nola jakin dudan.
Eskuak zabaldu eta irribarre egin zuen.
— Mandoekin ez, astoekin lan egiten diat nik.
Uste dut ez zidala ulertu, edo ez zuen aditu nahi izan, bestela.
— Eta esan al dik multa jarri zidala, baimenik gabe bertsopaperak saltzen ibiltzeagatik?
— Ez da izango?
— Bai. Atzetik etorri eta besotik heldu nahi izan nindian, baina ez zuan konturatu brusaren mahuka azpian ez zegoela besorik.
Barre zabalagoak egin zituen.
— Duda egin nian, alkandora eskuetan utzi eta ospa egin, edo multa ordaintzera gelditu, muturrera barre egiteko plazeragatik.
Aho zabalik egin zuen barre Frantsesak, lotsa denak galduta, eta goiko ebakortzak, laurak, falta zituela konturatu nintzen.
Barre zulatuari begira gelditu nintzaion. Txukun eta osorik baitzituen gainerako hortz eta haginak, ahoaren goiko aldeko lau ebakortzak nola galdu zituen galdetu nion.
Kontrako eztarrian ito zitzaion barrea, falta zituen lau hortzak kolpez irentsi balitu bezala.
— Hori beste egun baterako utziko dugu, zuk aurpegiko orban horiena azaltzen didazunerako —esan zidan.
Haztatu egin nuen aurpegia, orban luzea, sudurraren ondoan, begitik gertu, oso gertu, eta zulotxoak, eritasunak utzitako arrastoak. Ahaztu ere egiten zitzaidan arrastoek hor jarraitzen zutenik.
Marranta garbitzeko eztul egin zuen, lurrera tu egin, eta moldiztegian egin nion eskaintza gogoan zeukala esan zidan, pentsatzen egona zela, eta berak idatzitako poema pare bat nik euskaraz jartzea gustatuko litzaiokeela.
— Gustatuko litzaidake poema pare bat euskaraz jarriko bazenizkit —esan zidan.
Pozten nintzela, eta lagunduko niola, baina arazo txiki bat izango genuela esan nion, alegia eta ez nekiela ez idazten, ez irakurtzen. Baina lagunduko niola, gustura gainera, ez zela erraza ere izango, baina lagunduko niola.
— Orduan... Aurrekoan idatzi nizkizun bertsoak...
Sinetsi ezinik zegoen; ziriarekin ari nintzaiola usteko zuen.
— Nire bertsopaperen artean zeudean haiek? Ez nitian irakurri. Ezin.
Patrikatik atera nituen, han baineuzkan, ondo plegatuta, beste inoren eskuetatik urrun, seguru.
Kokotsa igurtzi zuen. Bertsoak nola idazten nituen galdetu zidan.
Xefek, maizter nengoen etxeko seme bigarrenak, paratzen zizkidala paperean azaldu nion. Nik esan, hark paperera itzuli. Ez nekiela nire izenik ere marrazten.
— Eta buruz kantatzen dituzu gero? Ez dituzu irakurtzen, beraz?
— Bai, eta ahaztuz gero, berriro asmatzen ditiat.
— Eta fio zara Xefe horrekin? Ez zara bertsoak aldatuko dizkizun beldur?
— Beldur ez, alajaina! —neuk egin nuen barre orduan, bitxia egiten zitzaidan haren asaldura—. Aldatuta ere, hoberako egingo dik behintzat eta!
Patrikatik atera nuen papera ipini nion eskuan. Hartu zituen bere bertsoak, neure zatar paperean agertu zirenak, baina ez zidan sinesten, ezin zuen ulertu. Ezinezkoa zela sorta horiek denak buruz ikastea, esaten zidan. Bat edo bi, tira, akaso, baina hiru, lau bertso sorta. Egindako guztiak nola gogora nitzakeen galdetu zidan.
— Gutxi gorabehera —erantzun nion, eta horrek gehiago larritu zuen.
Harentzat behin idatzi eta hilda geratzen zen bertsoa, ezin zen gehiago ukitu, ez aldatu; mendi tontorra, harkaitz mugiezina, marmolezko eskultura zen harentzat bertsoa, eskuekin oratu eta begiratuarekin gozatu behar zena.
Azaldu nion guretzat zer bizia zela bertsoa, kantaldi bakoitzean berpizten zen abere basatia, hezi gabeko zaldia, idi adarkaria; ukitu, aldatu, hobetu eta gogoratu ezean berrasmatu zitekeen zer bat zela bertsoa guretzat, ahoarekin oratu eta entzutearekin gozatu behar zena.
Bekainak begien kontratik altxa gabe, isilik geratu zen pixka batez.
— Irakatsi behar didazu zuen bertsokera horri buruz gehiago.
— Nahi duanean, baina aurrena hik irakatsi behar didak zer esan nahi zuten hire bertso haiek —erantzun nion, eskuetan zuen papera seinalatuz.
Atzetik jarrai niezaion, keinu egin zidan tipografoaren eskuak, papera astinduz, dardaraka.
Etxaurretik pittin bat aldendu ginelarik, harri zapal batean eseri zen bide ertzean. Haren ondoan jaitsi nuen belauna lurraren kontra, ipini nuen bizkarra hormaren kontra, atera nuen toxa eta bildu nuen zigarroa. Papera hedatu eta halaxe irakurri zizkidan aurreko larunbatean Usurbilgo plazan ulertu ezinik erabili nituen bertsoak. Azaldu zidan frantsesezko jatorrizko bertsioa zela lehenengoa, gaztelaniazko itzulpena bigarrena, eta hala irakurri zizkidan, bata bestearen segidan.
Bukatu zuenean berriro begiratu zidan, ordura artean ez baitzen ausartu. Papera erditik tolestu zuen eta, itzultzen zidan bitartean, «Drapeau rouge, Bandera gorria, Justin Baillyrena» esan zidan.
— Errepikaren zatia da hori. Garai batean asko kantatu genuen.
Papera hartu eta plegatu egin nuen atzera. Gorri hura nongo bandera zen galdetu nion, ez nuela bandera gorririk ezagutzen.
Hasperen egin zuen. Bidearen goiko aldera begiratu zuen, platanoak hasten diren aldera. Isilik geratu zen. Ematen zuen udaberriaren etorrera itxaroten zeuden bi ume zahar ginela han, bide bazterrean, harri zapalean eserita, bizkarra hormaren kontra.
— Okzitaniako bandera al duk?
— Hura ere gorria da, bai; baina gurutzea du erdian.
Burua itzuli zuen, goiko bideko platanoen artetik agertu behar zuen udaberria atzeratzen ari zela ikusiz.
— Baina kantakoa justiziaren bandera da, Sotero. Ulertzen duzu?
Ulertuko ez nuen ba.
— Udaberria ekartzeko borrokatzen hil diren senide guztien odola da trapu hori.
Udaberria atzeratzen ari zen, baina marrubiak bazetozen. Aurreko petrilean behintzat marrubiak zeuden, masustak baino txikiago, baina han zeuden.
— Ulertzen duzu, Sotero? Munduko langile guztien eskubideen bandera da trapu gorri hori.
Alkandora azpian lepora bilduta zeraman zapi gorria estutu zuen atzaparrekin, amorruz.
Zutitu egin nintzen, Frantsesak begiekin jarraitzen zidala. Marrubi ale batzuk hartu nituen, eskaini egin nizkion. Ez zizkidan hartu.
Atzaparrak askatu zituen alkandoraren azpian, lepo bueltan, lotuta zeraman zapi gorritik. Bidearen goiko aldera begiratu zuen, platanoetara.
— Deabru Frantsesa! —esan nion—. Ziri ederra sartu didak!
Burua jaso zuen nigana. Sudurra baino gorriago, lepoko zapia baino gorriago, bere bandera hura baino gorriago zeuzkan begiak.
— Uste nian hireak zirela bertsoak, hireak!
Aurpegia zurbil eta zorrotz, belarriak zabal eta erori zituen gazte bizargabe batekin sartu zen Frantsesa Ramiroren tabernan. Mostradoreraino etorri ziren, nire ondoraino. Frantsesak «Alberto» esan zuen. Albertok lebita erantzi zuen eta bere esku leun, luze, hezurtsua eskaini zidan.
Laster konturatu zen ezin niola eskuineko eskua estutu, nik ezkerra bihurritzen ez banuen behintzat. Barkamena eskatu eta ezkerra eskaini zidan. Urduri zegoen. Lasai egoteko esan nion, horregatik behintzat lasai egoteko, ohituta nengoela.
Mezetatik irtenda, igande eguerdia, badiara bidean zihoan bikote zenbait, guardasola txikiak besoetatik zintzilik; emazte txikien besoetatik zintzilik, Gaztelu mendira bidean zihoazen beste batzuk. Tabernako ate aurretik igarotzen ikusten nituen, Albertori esku ezkerra estutu nion egunean. Frantsesa eta bion arteko itzulpen lanetarako behar genuen bitartekariak, Estudianteak, indarrik gabe eman zidan eskua.
Koldar itxura hartu nion lehen aldi hartan. Eskas, nagi eman zidan eskua. Zenbat horrelako esku leun ikusi nuen maniguan, lasterka hasi eta garniziora tiroa baino azkarrago iristen, adiskidea saldu eta gero ofizialei koipe ematen. Baina Frantsesak ez zuen Xefe ezagutzen, eta nik ez nuen Alberto ezagutzen. Eta Frantsesa ez zen Xeferekin fio, baina nik fidatu egin behar nuen Albertorekin.
Zakurraren ipurtzulora eraman nituen —tabernako argi motelak ez zirelako eskailerape hartara iristen esaten geniola horrela, esplikatu nien—, eseri ginen zakurraren ipurtzuloan, Frantsesa, Estudiantea eta neu: poeta erbesteratua, itzultzaile bizargabea eta trobadore maingua. «Zerrenda ederra» pentsatuko zuten Ramiroren apopiloek.
Baso erdi batzuk eraman nituen mahaira. Patrikatik zapia atera, korapiloak askatu eta goizean propio bildutako marrubiak ere utzi nituen, esku zabal, mahaiaren gainean.
Doministiku egin zuen Estudianteak, esertzen ari nintzenean.
— Jesus! —esan nuen nik, Albertori begiratzen niola.
— Salute, compagno! —esan zuen Frantsesak, zeharka niri so eginez.
— Salute —errepikatu zuen, marrubi bat hartuz eta, zeharka, niri begirik kendu gabe.
Ostegun goiza Bretxako plazaren aurrean. Hazitarako patatekin zamatu ditut Maria Kristinaren bizkar gaineko astarkak, bermatu dut aztal uhala, korapilatu ditut espartzuzko sokak, eutsi diet uhalei eta abiatu gara Txubillorako bidean. Laster nekatu zait adiskidea, ordea. Arrantzaka hasi da plazaren erdian. Txitxarro saltzen ari diren emakumeen oihuak isildu egin dira, dendariak irten dira atarietara, merkatura heldu diren baserritarrak gelditu egin dira, umeek jostatzeari utzi diote, Maria Kristinaren arrantzek erakarrita.
— Asto deabrua! Beste besoa etxean utzi dudalako, enteratuko hintzateke bestela! —egin diot oihu.
Tira egin diet uhalei, lepazpiko txarrantxari eragin diot. Min egin dio horrek, arrantza biziagoak egiten hasi da, egin die hozka uhalei. Askatu dut ziria gerritik eta eman dizkiot muturrean zarta batzuk. Utzi ditut uhalak. Ondo. Tira dut indartsuago, jo dut ipurtaldean. Gaizki. Bultza dut saihetsetik. Alferrik. Urrats bat emanarazi diodanerako, ezker besoa nekatu zait eta atzera egiteko baliatzen du nazkanteak.
— Horrela eskertzen al dizkidan, higatik hartutako nekeak? Tira, arre! Etxean alpapa goxoa emango dinat, arre!
Arrazoiei kasurik ez die egiten, indarrari gutxiago. Nekarazi dut, jo dut ziriarekin, zeharka ibilarazi diot. Bildu ditut bi besoen indarrak bakar batean, eta tira diet uhalei gorputz osoarekin.
Horretan ari naizela, arrain saltzaile, dendari, ume eta baserritar guztiak barrez jarriak dauzkadanean, zaplada bat eman didate, atzetik etorrita, bizkarrean.
— Jainkoak egunon!
Sustoarekin lasaitu egin zaizkit uhalak eskuan. Hasi da trebeska Maria Kristina, egin du atzera zanbuluka, trabatu da lurreko harri kozkor solteekin, egin du estropezu atzeko hankekin, erori da kasik, baina eutsi dio orekari, zealdoka. Irabiaka dabiltza aztal uhalak eta astarkak, lasaitu zaizkio espartzuzko sokak, erori da zaku patatetako bat lurrera, askatu da kolpean, eta hor doaz hazitarako patatak, Bretxako plazan barrena, izkina guztietara, terren-ten-ten, pirritan.
Nolako barreak Bretxako bazterretako denda atarietatik, nolako barreak arrain saltzaile, ume eta baserritarrek. Ez da, badaezpada ere, inor laguntzera etorriko. Eta algararik handienak, neure bizkarretik.
Hara. Itzuli naiz bizkarra zaplatu didan bilau doilorra txikitzeko pronto, ziria mehatxatuz.
— Lasai, Sotero, lasai!
Deabru Frantsesa. Garbituko nuke.
Baina konturatu da kalteaz eta makurtu egin da patata aleak biltzen hasteko. Lagundu egin dit patatak biltzen, zakuak ondo korapilatzen, astarkak zamatzen. Lotu ditut lau zakuak, estu-estu, espartzuzko sokarekin, begiratu diot Frantsesari, eta esan diot:
—Hik ba al dakik zer esan didaan lehen?
Ulertu ezinik begiratu dit, bekainak kopeta galant horretan gora jasota.
Esplikatu diot «egunon» hitzak zer esan nahi duen euskaraz, eta «Jainkoa» hitzak zer esan nahi duen euskaraz. Hor hasi da jartzen gorri-gorri, haserre, baporezko trena baino sutuago, pindarturik.
— Mekaben euskaldunak! Fraile eta moja koadrila madarikatua!
Hasi zait maldizioka, besoak astintzen, lepoko zainak lehertu beharrean. Eskutik ziria kentzen saiatu da.
— Ni hemen, euskaraz ikasi beharrez, «Jainkoak egunon!» gora eta «Jainkoak egunon!» behera, eta zuek denak, bitartean, neure kolkotik barrez! Horrela eskertuko didazue!
Ziria ez didala eskutik kenduko ikusita, eutsi egin nau besotik, astindu egin nau.
— Zergatik ez didazu lehenago esan, Sotero?
Surtan ditu begiak. Jo egin behar didala iruditu zait, baina askatu egin nau atzenean.
— Adiskideari ez zaio horrelakorik egiten!
Arrazoi du. Adiskideari ez litzaioke horrelakorik egin behar. Baina garbituko nuen, lehentxeago, adiskide hura. Eta Bretxako plazako lurreko paskinak —Doazela gerrara aberaskumeak!— axolarik gabe zapalduz joan gara Maria Kristina eta biok, Txubillorako bidean, haserre eta lotsaturik, espektakuluarengatik, baina barrenak hustuta.
Maria Kristinari begiratu diot.
— Hik hartu egingo huen, baina nik kendu egin dinat karga gainetik.
— Jesus! —esan nuen nik, Albertori begiratzen niola.
— Salute, compagno! —esan zuen Frantsesak, zeharka niri so eginez.
— Salute —errepikatu zuen, marrubi bat hartu eta, zeharka, niri begirik kendu gabe.
Albertok zapi zuri brodatuarekin zintzatu zituen sudurrak.
— Zuk Jainkoagan sinesten duzu, Sotero? —galdetu zidan Frantsesak ustekabean.
Sudurrak lehortzen ari zen bizargabeari irria sumatzen zitzaion zapi zuriaren azpian.
Izan ere, Frantsesak ez zuen Xefe ezagutzen, eta nik ez nuen Alberto ezagutzen. Baina Frantsesa ez zen Xeferekin fio, eta nik fidatu egin behar nuen Albertorekin.
— Ez mezetatik irtenda paseatzera doazen horien moduan, behintzat —erantzun nion, tabernako ate leihodunetik igarotzen ari ziren bikoteak buruarekin seinalatuz.
— Zuk badakizu zer esan diozun Albertori, «Jesus!» esan diozunean? —itaun zidan, serio, haserre kasik, Frantsesak.
Marrubi bat hartu nuen, zapia garbituko zuten bestela birigarro haiek, ni konturatzerako. Ez ziren izugarriak izango, baina lehen marrubiak ziren.
Ohitura zela erantzun nion, inork doministiku eginez gero esaten zitzaiola «Jesus!», ez nekiela zergatik, baina hobe beharrez esango zela, lagundu beharrez. Erantzuna katigatzen nindoan bezala konturatu nintzen zer esaten ari nintzen, alegia, Jesusek lagun zezala doministiku egin zuen gaixoa, hori opa zitzaiola gaixoari, horregatik izango zela, noski, ez nekiela ziur, baina ohitura zela hemen, eta ohiturek ez dutela arrazoi jakinik izaten askotan.
— Euskaraz doministiku esaten zaio, Emilio. Dominus tecum, doministikua.
Zapia ondo tolestu eta galtzetan gorde zuen.
— Jauna zurekin alegia, latinez —argitu zuen Estudianteak.
Italiarrak baino argizari jaleagoak ginela esan zuen, ernegatuta, Frantsesak, ez zekiela, ezin zuela ulertu nola azpiratu zituen Ameriketako lurrak inorante eta sotanadun nazio harroputz honek.
— Nola sinets dezakezu ikusten ez duzun gauzetan? —galdetu zidan gero, lainezaturik.
Hortaz, pospolo bat hartu nuen, marrubien aldamenean utzia nuen kaxatik.
— Hara, ikusten duzue pospolo hau? —esan nien.
Piztu egin nuen. Suak hartu zuen buru fosforozkoa, erre egin zen ziriaren zati bat ere. Itzali egin nuen, putz eginda.
— Zuek ikusi duzue pospoloa itzalitakoan sortu den kea?
Baietz erantzun zidaten buruarekin.
— Eta non zagok ke hori orain? Non zegoan ke hori, pospoloa piztu aurretik?
Elkarri begiratu zioten. Ezer esan ez bazuten ere, ulertu zidatela iruditu zitzaidan.
— Jainkoa ere ke hori bezalakoa dela esplikatu zidaan behin apaiz batek, On Kaxildok, han, Asteasun bizi ginenean. «Ikusi gabe ere, beti hor zagok ke hori, guri begira», esaten ziguan.
Txalo egin zuen Estudianteak, kolpea tira zion mahaiari Frantsesak. Argudioaren indarra onartu zidaten. Hamarreko bat nire alde.
— Ondo, Sotero, ondo. Baina kontu bat ahaztu zaizu. Alegia, pospoloa zerorrek, zerorrek bakarrik piztu duzula inoren laguntzarik gabe. Hor dago gakoa, Sotero, ez duela Jainkoak piztu!
— Eta itzali ere zeuk egin duzu, Sotero, zeuk bakarrik —erantsi zuen Estudianteak bazterretik, azkeneko marrubia ahoratuz.
— Harritu egingo zarete gero! Zer nahi duzue zuek? Jainkoa hemen gurekin esertzea, zakurraren ipurtzulo honetan, baso erdi batzuk hartu eta pospoloak piztera? —erantzun nien.
Barre egin zuen Frantsesak, baina ez zegoen amore emateko.
— Oso ondo, Sotero, nahi duzuna, baina kea zure asmakizuna da, ulertzen duzu? Zu gabe ez legoke kerik; zure barruan aurkitu behar duzu ikusten ez den ke hori.
— Ponteko igela baino kristauagoa zara, Sotero! —lotsagabetu zitzaidan Estudiantea.
Ez nuen gustuko eskerrik ere eman gabe marrubien zapia garbitu zuen aurpegi zorrotz eta zurbil hura, eskua ganorarik eta gogorik gabe eman zidan bizargabea.
Frantsesak berriro galdetu zidan ea ulertzen ote nuen.
— Zuk sortu duzu kea, Sotero. Zuk sortu, eta zuk itzali!
Orduan ez zutela lan makala hartu esan zion Estudianteak.
— Mereziko ote du? —galdetu zion Estudianteak.
— Baietz uste dut —erantzun zuen Frantsesak.
Isildu egin ziren biak, Frantsesa eta Estudiantea. Begira neuzkan biak, Estudiantea eta Frantsesa.
— Eta? Non zaudek itzuli behar genituen poema horiek? —galdetu nuen, zapi hutsa mahai gainetik jasotzen nuen bitartean.
Poema horiek itzuli aurretik bazegoela beste lanik esan zuen Emiliok, Albertoren onespena bilatuz. Hasieratik hasi beharko genuela erantzun zion bizargabeak.
— Ad augusta per angusta.
— Bai. Lehenengo leziotik hasi beharko dugu, Sotero.
Estudianteak paper batzuk atera zituen lebitaren barruko poltsikotik. Kapitalismoa zer zen, ba ote nekien galdetu zidan orduan Frantsesak.
— Hara, pertsonak eta letrak antzekoak gara askogatik.
Moldiztegiko armairu erraldoiaren aurrean makurtuta zegoen Frantsesa, kriseiluaren argi apalarekin, berunezko molde txikiak hartu eta antolatzailean zuzentzen. «Ikusten al duzu, hemen, nire astoa?», esan zidan.
Armairutik tiraderak irekitzen eta ixten hasi zenean, esan nion berunezko bala haiekin ez genuela birigarrorik ere zulatuko.
Bala haiek burua zulatzen zutela erantzun zidan, eta gero kriseilua pizteko eskatu zidan. Etzanda jarri zuen tiradera armairuaren gainean, betaurrekoak jantzi zituen. Umore onez zegoen goiz hartan, urrutitik usaintzen zitzaion umorea. Antolatzailea hartu zuen ezker eskuan, aurrerantz makurtu zen, moldeko letrak hautatzen hasi zen eskuinarekin, eta «Hara, pertsonak eta letrak antzekoak gara askogatik» esan zuen.
— Begira, badira letra larriak eta letra xeheak, pertsonak bezala; letra larriak ikusten ditugu portada, afixa, tituluetan, bakan, zehatz, argi eta, bitartean, letra xeheak hor daude, testuan pilatuta, bata bestearen gainera isuriak, elkarren artean bereizi ezinik, bata bestearen gainean etzanda, bata bestearen kontra estututa; baina, onena, hara: pertsonak bezala, letra bakarrak ere, huts-hutsean, ez du ezer esan nahi, ezin du ezer adierazi; ezin du ezer egin bakarrik, bakarrik ez da ezer.
Kriseilua piztu nuenean ate ondora bidali ninduen, baina ateraino iristen zen Frantsesaren arropen ardo usaina. Astoa izorratuko nion beldurrez bidali ninduen ate ondora. Azpiko aldetik atzaparrak sartu eta zerbait izorratuko nuen beldur izango zen.
— Gero, letrak elkartzeko konbinazio posible asko daude, eta konbinazio guztiak dira ezberdinak; badira letren arteko konbinazioak ezer adierazteko, ezer osatzeko, gai ez direnak, zentzurik gabeko harremanak egiten dituztenak; baina ordena jakin batean biltzen direnean zerbait esaten dute, zer edo zer adierazten dute, eta horri miraria irizten diot nik, sorkuntzaren miraria, ezerezetik sortzen direlako esanahiak, bizitza bezala, ezerezetik, bakarka ezer ez diren hitzen elkartzetik; baina elkartze guztiak ez dira zuzenak eta bidezkoak, elkartze guztiek ez dute emaitza segurua ematen, konbinazio posibleak anitzak dira, eta ez denak probetxuzkoak.
Ikusten nuen nola osatzen zituen ilarak, nola laztantzen zituen berunezko molde biluziak, tiraderaren kaxa txikiak, antolatzailearen ertzak. Jelostuko zen atzaparrak sartu izan banizkio bere astotxoari.
— Gero badira letrak, arruntak, gehiagotan errepikatzen direnak, sarriago agertzen direnak; t letra, adibidez, asko erabiltzen da, gehien erabiltzen den kontsonanteetako bat izango da eta, horregatik, hemen tiraderan, ugari eta eskura behar dira t letrak; maiztu ere lehenago egiten dira, egia da.
Antolatzailean lerroak osatu ahala, zuzendu eta galeran ipintzen zituen, bizkor asko.
— Eta badira ia inoiz eskura iristen ez diren letrak, apenas erabiltzen direnak, zokoraturik daudenak bazter batean, oso bakan baino iritsiko ez zaien aukeraren zain.
Estudianteak eskuz idatzitako testua galeran konposatzen bukatu zuenean, moldeko letren multzoa listariarekin bueltan-bueltan lotu, tenteka jarri eta prentsara eraman zuen berun hura guztia. Gezurra iruditu zitzaidan papera bezalako hain gauza arina inprimatzeko, beruna bezalako hain gauza astuna behar izatea. Tinta zabaldu zuen, keinu egin zion Estudianteari. Garraiatzen aritu zen paper pilatik orri bat hartu eta prentsan ipini zuen bizargabeak, erdiratu, zapi bat gainetik eman eta arrabola pasa zion. Frantsesak probako orria hartu zuen, kriseiluaren argira aztertu zuen, betaurrekoak hurreratuz eta urrutiratuz.
— Moldeko letrek oinak dituzte, begiak, besaburuak, gorputza.
Lapitza hartu eta zuzenketak egin zituen probako orrian. Galerara itzuli zen, listaria askatu, pintza batzuk hartu eta moldeak jarri eta kendu zituen. Ezagun zitzaion ofizioa mozkor deabruari.
— Eta gero gainera, familiatan multzokatzen dira: erromatarrak, klasikoak, gotikoak, italiarrak edo makurrak, modernoak, zurrunak, edertuak; pertsonak bezala, igual-igual, esan dizuet ba.
Zuzenketak bukatu eta lana ontzat eman zuenean, listariarekin lotu zuen berriro galera. Prentsara eraman zuen, etzanda ipini, eskuila pasa eta gero bentzinarekin garbitu zuen.
— Txukun-txukun gelditzeko.
Ate ondotik esan nion traste haiekin oheratzea besterik ez zitzaiola falta, eta hala ere ohea pittin bat berotuko zuela, gutxienez. Estudianteak kontu egin zion barreari, baina Frantsesak ez zigun kasurik egin. Bentzinarekin bukatu zuenean, berriro tindatu zuen plantxa eta keinu egin zion Estudianteari. Hasteko.
— Moldeko letra xeheek x altuera esaten dioguna daukate, letra guztiak, goitik eta azpitik, lerroan berdintzen dituen altuera bat, neurri doia ezartzen duena, letra xeheak goitik eta azpitik berdintzen dituena, baina letra gehienak ez dira x altuera horretara errenditzen; badira letrak x altueratik irteten direnak, batez bestekoaz gora egiten dutenak, letrak, x altuera estandarretik harantzago jo nahi luketenak, adibidez t bera, edo b.
Lebita bazterrera botata, Estudianteak eragiten zion arrabolari, Frantsesak begiratzen zituen paskin sortu berriak, nik kalea barrandatzen nuen atearen zirrikitutik. Bakoitzak bazuen beretzako postua, ostegun goizean, Barojatarren moldiztegian. Barrandatzea zegokidan niri, elbarriari.
— Eta badira, noski, letrak batez bestekoaz azpitik daudenak, dena delako zama bat dutelako erori egiten direnak, x altuera horretatik beherantz jausten direnak, adibidez j, edo y, edo p.
Aspaldian bakardadean hausnartzen aritutako ideiak partekatzeko aukeragatik kontent zegoen, harrotua akaso. Auskalo lorik egin zuen gau osoan. Ardoaren indarrak eusten zuen zutik.
— Ez didazue esango letrek pertsonon tankera izugarria ez dutenik!
Zer esan behar genion?
Minervarekin azkarrago egingo genuela, baina burrunba gehiago ere bai, esan zigun, bazter batera zegoen makina tzar bat seinalatuz. Estudiantea poliki ari zen lehen aldia izateko, paperak ipini, arrabolari eragin, paperak jaso, berriro ipini, arrabolari eragin.
Ari ginen gure ezinean zerbait aurreratzen.
— Zu, Sotero, nik argi ikusten dut, zu s bat zara —esan zidan orduan—. Eta ez naiz izenarengatik ari. Esan nahi dut s bat zarela, s peto-petoa: zama handiegirik ez behera egiteko, helburu izugarririk ez gora egiteko; eta gero, bihurria zara gero, Sotero!
Zigarroa piztu nuen, kaleko hotsei adi, barrukoei gor, agindutako lanaren mirabe, zegokidan postuan aiduru.
— Eta zu l bat, Alberto, oso garbi ikusten dut: errurik gabe, tantaia bezain tente, galaia, gaztea, argia, neurri egokikoa, hain lirain eta aratza...
Paskin inprimatu berriak multzokatu eta berdindu zituen Frantsesak. Betaurrekoak kendu, mahai gainean utzi eta azazkalak garbitzeari ekin zion.
— Hala ere, l letrak badu ordain bat: zurrunegia izatea.
Arrabolari eragiten zion Estudianteak. Nik kalea barrandatzen nuen zirrikitutik.
— Eta badakizu zer gertatzen zaien gauza zurrunei, Alberto? Apurtzeko arriskua dutela. Bestelakoak dira s letrak, s letrak egokitu egiten dira, bihurritu, iraun egiten dute, datorrena datorrela; l letrek ez dakite, l letrak erdibitu egiten dira arazoak etortzen direnean; zurrunegiak dira eta arbola zurrunei bezala gertatzen zaie, ezin diotela haize eraso bortitzei eutsi.
Serio begiratu zion Estudianteak, baina arrabolari eragiten jarraitu zuen, paperak ipini eta kentzen eta arrabolari eragiten jarraitu zuen, hala ere.
Multzokatutako pilatik paskin bat hartu zuen Frantsesak, ate ondora etorri zen, niri erakusteko. Zigarroaren kearen atzean babestu nintzen haren ardo kiratsetik. Ekarri zidan paperari begiratu nion, eskuan hartu, irakurriko banu bezala egin, eta baietz adierazi nion buruarekin, ondo zegoela, ados nengoela.
— Irakurri al duzu? —galdetu zidan, zirikatzeko gogoz.
— Kontu bat ahaztu zaizu —eten zuen Estudianteak—. Gurea entzun dugu, eta garrantzitsuena ahaztu zaizu, Emilio: zein letra zara zu? Esango diguzu zein letra zaren?
— Itzali nahi duzu zigarro zikin hori? —agindu zidan Frantsesak, paskina eskutik kenduz—. Su emango diozu tailerrari.
Erretzen jarraitu nuen nik, Estudiantea gelditu egin zen. Isilik ni, atearen zirrikitu ondotik; geldirik Estudiantea, prentsaren ondoan.
— Bat hautatu behar banu, g letra naizela esango nuke —aitortu zuen Frantsesak azkenean.
Eta gero, beste azalpenik eman gabe, ordura arteko erretolikak kolpetik mututu zitzaizkion, pulpitutik erori balitz bezala. Mugitzeko agindu zion Estudianteari, arrabola eragiten jarraitzeko, laster etorriko zela enkargatua eta, Josefinak zertan aritu ginen susmatuko balu, larrutik ordaindu beharko zuela.
Eltzagorrak zer ziren ba al zekien galdetu nion orduan Frantsesari, zigarro muturra atearen zirrikitutik kanpora jaurtiz. Ez zekien noski, eta ez nion beste azalpenik ere eman, g letrak eltzagorrak ekartzen zizkidala niri gogora, besterik ez.
Ontzi harro huts burrunbatsua: eltzagorra.
— Salute, compagno! —esan zuen Frantsesak, eta gero berriro errepikatu zuen—. Salute —ondo konturatzeko.
Zakurraren ipurtzuloko mahai gainean utzi nuen zapitik marrubi bat hartu eta zeharka begiratu zidan.
— Eskerrik asko, Emilio —esan zion Albertok, sudurrak zapi zuri brodatuarekin garbitzen zituen bitartean.
— Zuk Jainkoagan sinesten duzu, Sotero? —galdetu zidan Frantsesak ustekabean, eta arnasarik hartzeko astirik utzi gabe, ponteko igela baino kristauagoa nintzela esan zidan muturrera.
Saiatu nintzen zerbait erantzuten, baina bizargabea irriz ari zela sumatzen nuen. Frantsesak berriro eraso ninduen, ea ba ote nekien zer esan nion Albertori, ea konturatzen ote nintzen. Saiatu nintzen zerbait erantzuten, baina Estudianteak esan zuen euskaraz doministiku esaten zaiola ur-zintzari, eta horrek latinez «Jainkoa zurekin» esan nahi duela. Italiarrak baino argizari jaleagoak ginela esan zuen ernegaturik Frantsesak, eta ni, ni bereziki, ni hain juxtu, ponteko igela baino kristauagoa.
— Baina, nola izan zintezke kristaua, Sotero? —galdetu zidan berriro, lainezaturik, erantzuna entzuteko asmorik gabe, hisiaturik.
Beraz, pospolo bat hartu eta On Kaxildori, han, Asteasun bizi ginenean, ni leziatzen saiatzen zen apaiz buruhandiari, ikasi niona erakutsi nien. Saiatu nintzen.
Hankazpira bota zituzten nire argudioak eta pospoloak, zapaldu egin zituzten, desegin. Erakutsi nien pospoloaren kea bezala, zakurraren ipurtzuloko eguratsean desegin ziren nire argudioak.
Bertso kantatzen ariko bagina zer erantzungo niokeen pentsatzen hasi nintzen, baina nik punturik lotu aurretik bota zidan berak bertsoa. Italian, hemen bezain katolikoak izan arren, hemen baino katolikoagoak akaso, inork doministiku egiten zuenean «Salute!» esaten omen zitzaion.
— Osasuna, Sotero —itzuli zidaten—, osasuna.
— Ederra zaude Jainkoak ur-zintza sendatu behar badizu!
Damutu zitzaidan piztia haientzat marrubi biltzen nekatua.
Irribarrez egon ziren puska batean niri begira, eta gero merezi ote zuen edo ez eztabaidatzen hasi ziren haien artean. Baietz erabaki zuten itxuraz, baina lehenengo leziotik hasi beharko genuela erabaki zuten. Frantsesak ardo tragoa egin zuen, ezpainak garbitu, eta kapitalismoa zer zen ba al nekien galdetu zidan.
Asteazken gau hartan hartu nituen zakurraren eskolako nire lehen lezioak.
Ez nuen lo faltaren beldurrik, banekien zer ziren begirik batere bildu gabeko gauak. Atzetik insurrekto koadrila bat ahuntzak haitzetan baino arinago heldu denean, loa da atzenekoa. Atzetik eremua zuk baino hobeto ezagutzen duen insurrekto koadrila bat heldu denean, txorakeria gutxi. Lorik eta urik gabe ibili behar bada, ibiltzen ikasten du batek. Larrua da lehenengoa; larrurik gabe, zahagirik ez; larrurik gabe, akabo gainontzekoa.
Okerrena ez zen bezperako lo falta. Okerrena ostegun goizean Bretxara hazitarako zaku patatak jasotzera joan beharra zen. Larrua salbu, zahagia osorik, baina ardorik ez biharamunean, lanera itzuli behar biharamunean.
Orduan ere bazuen aitzakia eltzagorrak. Norbaitek jaso beharko zuela, noski, tailerreko zikinkeria hura guztia, galantak entzun beharko zituela bestela, lanik gabe utziko zutela akaso. Hortaz, hark tailerreko ardo kiratsa egurasten zuen bitartean, Estudiantea eta biok joan ginen kaleak zikintzera.
Paskinak eskura banatzeko eskatu zigun Frantsesak, egun argiz, eta eskura. Ez zen bera joango, baina bai azkar asko esan zer egin behar zen. Tailerra jaso behar zuela enkargatua iritsi aurretik, guk joan beharko genuela, baina berak egin behar balu, egun argiz eta eskura banatuko lituzkeela. Ezin genuela koldar agertu, ezin genuela beldurrik erakutsi.
Polita zegoen ba kalea, egun argiz aurpegi ematen ibiltzeko. Ez ziren hamar egun kalean manifestazioa egin zutenetik estadosunidostarrei gerra deklaratzeko. Belarrian neukan oraindik jendetzaren deiadarra:
«Baziaztik gureak,
rataplan!
soldadu fiñ, maiteak,
rataplan!
manbisak zapaltzera,
beltz zatarrak astintzera.»
Cadizeko Martxa madarikatuaren doinuak buruan irabiaka, burrunbaka, erauzi ezinik:
«Mulatu etorkiñ ori,
rataplan!
sudur zanpatu, lori,
rataplan!
alper guziak naspill,
bai, mutill,
mando-pill,
bota zak Kuba aldetik,
esanaz biyotzetik:
¡Viva España!»
Begietan neuzkan oraindik aurreko egunetako gertakizunak: gazte inuzente haiek guztiak Alamedan Espainiaren trapu odolduak astintzen, Union Liricaren banda, atzetik jende aldra hartuta, heriotzaren aldeko erakustaldia egiten, eguzki lokaztuaren banderak Ategorrietako Frontoian, Brau, Elizegi, Mardura eta Takoloren arteko partidan, Tolosako prozesioa Jainkoari hiltzaile hobeak izateko errezoka, eta diru biltzeetarako paskinak —«español leiala zeran partetik, gure naziyua atera dediñ garailari», «ostu nai digue, indarrez geiago dirala uste dutelako, gure islarik aberatsena, Españaren perlik ederrena», «ixilduko ditugu oien arrokeriyak»—.
Diru biltzeak, bezperan Alamedan trapu zikin lokaztuak astintzen ibilitako gazteek hanka edo begia galtzeko, soroak biltzeko eta baratzeak jorratzeko besorik gabe gelditzeko, gurasoak bilobarik gabe uzteko, hara zertarako.
Satorraren puzkerra baino isilago pasako ziren bestela, baina pilotariak, apaizak, antzerkilariak, idazleak, kazetariak, arrantzaleak, soldaduak, tabernariak, udatiarrak, haurtzainak, denak ari ziren harrokeria hura handitzen eta puzten, handitzen eta puzten.
Ramiro bera hasia zegoen Gorritxori eta besteei burua berotzen.
— Hara hemen gure heroia! —esan zien, tabernara sartu nintzen batean—. Hau bezalako bost edukiko banitu, konkistatuko nitian nik Kuba eta Estados Unidos!
Ramiroren moduko bostekin, propaganda egin beharrik ere ez zuen izango armadak. Ez nuela jarraitzeko asmorik konturatu zenean, Arrietaren harrokeriak puzten hasi zen.
Hamabi urte egin berritan, Gabonetako eskean ateratzeko baimena eman zidan amak. Gogoan dut anaia eri zegoela, ohean. Odol mehekoa zen, amaren gisan. Gogoan dut, baita ere, hotz egiten zuela eta aitaren brusa zahar adabakiz josi bat jantzarazi zidala amak, «Errukia emateko». Eta ez zidala jatekorik emango esan zidala, gosetu itxura emateko. Aitzakia ere izango zen, hautsak hartzen egongo ziren gure etxeko lapikoak, Gabonak izanagatik.
Dozena bat mutil kozkor abiatu ginen barriotik herrira, panderoak eta danborrak astinduz. Diru askorik ez genuen bilduko, negar egiteko moduko itxura eman arren. Atarietara irteten zitzaizkigun neskame eta etxekoandreek galletaren bat, esne txarroren bat, txakur txikiren bat ematen ziguten. San Telmo kaleko atari batean eman ziguten odolki mutur bana.
Ikatz kalean surtarako ikatz kozkor batzuk patrikan sartu eta bagindoazen Plaza Berrira, zorte gehiago izango genuen itxaropenez. Ordurako kontrako bidean heldu zen gurea baino koadrila handixeago bat. Ibaetako gazte jendea zen. Ezagutzen genituen.
— Ba al da karitaterik? —oihu egin zigun haietako batek, parean egokituta.
Gure poltsa astindu zuen diruzainak. Ez zuen txanpon hots handirik aterako.
Eskean atera ginen lehen aldia ote zen galdetu zigun mutiko papar lodiko batek.
— Lastima ematea ez duk nahikoa —esan zuen beste batek, gure arropei erreparatuta—. Kantatzen ere jakin beharra zagok.
Kontra egin zieten gutako batzuk, ederki asko kantatzen genuela esan zien batek, ez genuela haiena baino itxura kaxkarragorik beste batek, eta bertsotan ere egiten genuela esan zuen Anttoniok, nigatik. Orduan erronka jo zigun kankailu batek. Bertso txar bat, ez hankarik ez bururik gabea, bota zigun, lastima ez, beldurra ematen genuela esateko. Ozen bai, kale osoak entzuteko moduan kantatzen zuen, ondo ez, baina.
Aparte samarrean nengoen, Plaza Berrian zorte hobea izango genuen itxaropenez, ez nuen liskarretan hasteko gogorik, baina lagunek berotu ninduten batetik, gehiago nintzela ikusi nuen bestetik: ozen kantatzea ez dela ondo kantatzea erantzun nion kankailu harroari.
Ez zuen erantzunik espero. Haserretu egin zitzaidan. Hark bazekiela kantuan, guk baino hobeto bai behintzat; gure poltsen hotsa entzun besterik ez zegoela konturatzeko.
Berotu nintzen eta, ahots ederrak baino, Ibaetako mutilek esku luzeak zituztela erantzun nion, asko pentsatu gabe. Inguruan bildu zitzaizkigun bataren eta bestearen adiskideak. Zen bezain kankailu, kikildu eta isildu egingo zela ematen zuen. Baina oilarrak baino tenteago jarri, bularra bete, eta gosea pasa eta miserable ibili baino, lapurretan egitea nahiago zuela bota zidan muturrera.
Ez dakit Arrieta kankailu hark esan zizkidan guztiak sinesten zituen, baina arrats hartan ederki etorri zitzaizkion, behintzat, ni isilarazteko. Zer esan ez nekiela gelditu nintzen. Arrazoirik ez zuela falta pentsatzen, baina arrazoia emateko adorerik gabe. Eta arrazoia kentzeko korajerik gabe.
Isildu egin behar.
Ramiro konturatu zen ez nuela jarraitzeko asmorik, eta Arrietaren balentriak puzten hasi zen. Isil-isilik edan nuen tabernaren kontura zerbitzatu zidan baso erdia. Isil-isilik aditu nuen Kukañasi zer esan zion Gorritxok: hurrengo goizean bertan joango zela izen ematera. Isil-isilik irtengo nintzen, baina, azkenean, Cadizeko Martxa madarikatu hura jotzeko eskatu zidatenean, hala esan nion Gorritxori:
— Hi, Gorritxo!
Zutitzen ari nintzen aldera bihurritu zuen lepoa.
— Ikusten baduk, emazkiok goraintziak nire eskuineko besoari.
Ez dakit zer esango zituzten bizkarra eman nienean. Akaso, nire balentriak epeldu egingo zituen Ramirok. Auskalo.
Gerrarako dirua biltzen ari zirenak, haiek zebiltzan kalean beldurrik gabe, egun argiz, eskuak diru eske luzatzen. Diputazioak jarri zuela, udal gehienek jarri zutela, herriko nagusi jaun eta jabeek, zerbait izan nahi zutenek eta zerbait izateko ustea zeukatenek, denek jarri zutela dirua, eta niri eskaka. Hara! Jo eta emango nion ziriarekin neskatxari, hain leuna eta argia izan ez balu azala. Ez nuen lehen aldia izango, ez horregatik, baina garaiz bezatu nituen nire hirak.
Giro polita zegoen ba, paskin zahar haiek egun argiz eta eskura banatzen hasteko. Larrua da lehenengoa; larrurik gabe, zahagirik ez; zahagirik gabe, ardoak ihes.
Paskinak inprimatu eta berehala zabaldu behar genituela erabaki genuen Estudianteak eta biok. Frantsesak esan bai, baina aitzakia besterik ez zuen, eta egokia zen artean ordu hura, esnatu gabea egongo zen oraindik Donostia, animalia zauritu harroputza.
Plaza Berrian bota genituen paskinak —Desertatu soldaduok!—, Gobernu Zibilaren aurrean —Gerra hau ez da zurea!—, Santa Mariako eta San Bizenteko eliz atarietan —Esnatu langileok!—, Bretxako plazan —Doazela Kubara aberaskumeak!— eta Kasino Handiaren terrazan —Ez eman dirurik gerrari!—.
Azkar burutu genituen lanak. Eta aguazilak kalera irten aurretik erretiratu ginen etxera.
Larrua lehendabizi, gero Bretxara hazitarako zaku patatak jasotzera joan behar bazen ere. Hobe izango zela eskura eta egun argiz banatzea? Hurrengoan banatuko zituen nahi adina, udaletxe barrura sartuta, nahi bazuen, Kasino barruraino sartuta, nahi bazuen. Arduratuko nintzen ni Frantsesari gogorarazteaz.
Eta gero kafesne zopekin gosaldu, Maria Kristina hartu eta Bretxara joan, hazitarako zaku patatak zamatu, eta, behin behar eta, astoa egoskortu.
Han ari nintzen, ezinean, Maria Kristinari okurritzen zitzaizkidan guztiak esaten, arrain saltzaileak, baserritarrak, umeak eta dendariak barrez jarrita, tira hemendik eta astindu handik, Frantsesak sustoa eman zidanean. Atzetik etorri eta bizkarrean zaplada eman zidan, «Jainkoak egunon!» esaka. Indarka ari nintzen astoarekin, eta ia erori zen lurrera, sustoarekin uhalak lasaitu zitzaizkidanean. Patatak bai, han joan ziren, Bretxako plazan barrena, terren-ten-ten, izkina guztietara, pirritan.
Bilau hark, ez al zuen lanik egin behar? Ez al zuen tailerra jaso behar?
Amorrazioz azaldu nion hitzetik hortzera zerabilen «Jainkoak egunon!» hark zer esan nahi zuen. Amorrazioz azaldu nion, ordura arte hortz artean isildua neukana. Mendeku hartzeko gogoz azaldu nion, odol txarra egiteko amorrazioarekin.
Baina arrazoi zuen. Horrelakorik ez litzaioke inoiz egin behar adiskideari.
Eta hala ere paskinak —Doazela Kubara aberaskumeak!— axolarik gabe zapaltzen urrundu ginen Maria Kristina eta biok Txubillorako bidean. Biotako inork ez zuen lurrean zabaldutako hitz haiek denak —Desertatu soldaduok!— irakurtzera gelditzeko gogorik, ostegun goizean, Bretxako plazan.
— Eraman al duk astoa ferratzera? —galdetu zidan Ferminek.
— Ez al diok nabaritu pausajean?
— Zer uste duk, astoaren pausajeari begira egoteko nagoela ni?
— Zertan aritzen haiz ba goiz osoan, ni hor barrena paseatzera bidalita?
— Beno! Kobratu al dik?
— Zenbat ordaindu behar nioan?
— Hiretik ordainduko huen ba, ez?
— Bai, baina... —astarkak lurrean utzi nituen, eskua gerrira eraman, haizea hartu; ez zen lan erraza esku bakarrarekin egiteko—. Aizak, hik ba al dakik zer den plusbalioa?
Jezten ari zen behiaren ipurdi atzetik agertu zuen burua Fermin Eizmendi jaunak, eta Eizmendi jaunaren burua Estudianteak irakatsi zizkidanak bezalako galdera ikur bat zen.
— Esan zioat Esoraini, pasako haizela, eta nire lanaren plusbalioarekin ordainduko dioala.
Asteazkenero hasi ginen biltzen, Ramirorenean, zakurraren ipurtzuloan, asteazken iluntzetan.
Asteazkena bazen, eta iluntzeko zortziak jotzeko, Ramirok pitxer bat beteko zuen ardoz, sukaldera joango zen, andreari aginduko zion eltzekoa ateratzeko, pitxerra utziko zuen mahaiaren gainean, ogia xerratuko zuen, trapu herdoildua pasako zien pipiak erasandako aulkiei eta arratsaldeon esango zion atetik sartzen ari zen Frantsesari. Frantsesak, ez gogoz baina, edukazioz itzuliko zion agurra, eta gure zain eseriko zen, pipiak pazientzia handiz mahaian egindako zulotxoak kontatzen, lepora lotuta eramaten zuen zapi gorria lasaitzen.
Ni sartuko nintzen gero, keinu egingo nien buruarekin Potxolo, Gorritxo eta besteei, Ramirori gabon esan, Frantsesa bizkarrean zaplatu, aulkiari eskua pasa eta berandu nentorrela esango zidan adiskideak. Bitartean nik sudur luze hau sartuko nuen eltzean, afaltzeko zer zegoen galdetuz. Lepoan bilduta ibili ohi zuen zapi gorriarekin kopeta lehortuko zuen Frantsesak, kopeta izugarri hura, nik zigarroa itzaliko nuen hanka puntarekin eta afaltzen hasiko ginen.
Estudiantea iritsiko zen azkena, ginbaila kenduko zuen atea zabaldu aurretik, lebita erantziko zuen, inor agurtu gabe, eta inork agurtu gabe, baina denak begira zituela korrituko zuen taberna alderik alde, behaztopa egingo zuen artesitzen hasitako lauzetako batekin, baldarkeria disimulatzen saiatuko zen eta lotsatuta eseriko zen gure aldamenean. Batzuetan eltzekoa partituko zuen gurekin, beste batzuetan begira geratuko zitzaigun, Frantsesak eta biok eltzekoa garbitzen eta muturrak zikintzen genituen bitartean, kafeak eskatzeko ordua bitartean.
Horrelakoak izaten ziren asteazkenak zakurraren ipurtzuloan, Ramirorenean, leziatu ninduten eskolan. Hiru lagun munduari begira, asteazkenaren talaiatik, zakurraren eskolan, Donostiako ipurtzulo hartan, horrelakoak izaten ziren asteazken iluntzeak.
Dena aztertzen zen zakurraren ipurtzuloan, denetik eztabaidatzen, dena jartzen zen hankaz gora, dena iraultzen, denetik galdetzen zen zakurraren eskolan, inoiz izan dudan eskola onenean, inoiz izan dudan bakarrean.
Eltzea garbitzen genuen bitartean, bakoitzak bere kontuak mastekatuko zituen, Frantsesak inprimatzen ari zen azken lanaz hitz egingo zigun, nik Ferminekin izan nuen azken liskarraz, Estudianteak isilik begiratuko zigun. Egia esan, Frantsesari arrazoia edo niri lezioak emateko bakarrik hitz egiten zuen Estudianteak asteazkenetan.
Eltzea garbituta, kafea eta pattarrak eskatuko genituen. Bakoitzak bazituen bere ohiturak kafearekin. Estudianteak ez zuen pattarrik hartzen, baina bai gustura azukrea; Frantsesak ur xorta bat botatzen zion kafeari, gogorregi sumatuta; nik afaltzen sobratutako ardotik ematen nion Ramiroren eltzeko kafeari, berez falta zuen indarra.
Pattarraren beroan eta kriseiluaren argitan bozak apaltzen zitzaizkigun orduan, eta edalontzien itzalak luzatu eta dantzan hasten ziren. Orduan albiste eta izen berriak sortzen ziren zakurraren ipurtzuloan, «Mare magnum» bat.
Kriseiluaren argi dantzariaren paretik pasako ziren Engels eta Dreyfus, Lumiere anaiak eta Gallartako meatzariak, Zola eta Bizkarrondo, Ibarratarrak eta Gipuzkoako Aurrezki Kutxa Probintziala, Gustave Eiffel burdinazko dorrera igota, Iparragirre eta Victor Hugo, Leon XIII. aita santua Rerum Novarum entziklika besapean hartuta, Weyler eta Bakunin, Tabakalerako emakumeen lan ezak eta Eibarko armaginen grebak. Kontu haiek denak igarotzen ziren Ramirorenetik asteazkenetan, eta baita Maria Cristina eta bere gorte osoa ere, Loreton altxa zioten jauregitik jaitsita, Montjuiceko torturatuekin eta Ravacholekin, Orbegozo eta Proudhonekin, McKinley izena zuen lehendakari berri batekin eta Donostiako neskameen haur abandonatu eta abortatuekin, Kropotkin eta Darwinekin, Atenasko joko olinpikoetan egon ziren atleta guztiekin eta Donostiako traineruetako arraunlari gehienekin, horiek denak eta gehiago igaroko ziren, baina baita Rockefellerren arrosak eta Posadaren eskeleto ibiltariak eta Darwinen tximino tentetuak ere, eta haiekin Bizkaiaren independentzia eskatzen ari zen gazte bilbotar bat eta La Mano Negrako andaluziarrak ere bai, eta baita Jose Rizal eta Maceo anaiak ere, Polavieja, Canovas, Sagasta eta enparauen oldarrean. Haiek denak igaroko ziren, haiek denak eta gehiago sortzen ziren kriseiluaren argiak luzatutako itzal dantzarietan, zakurraren eskolako lezioetan, asteazken gauetan.
Kriseiluaren argitan eta pattarraren beroan jende berria ezagutu nuen, Ramirorenetik mugitu gabe; Frantsesak eta Estudianteak aurkeztu zizkidaten izen arrotzak, geografia ezezagunak. Hitz berriak ere ikasi nituen zakurraren eskolan, asteazken gauetan baino kabitzen ez ziren hitz berriak: askatasuna, materialismo historikoa, alienazioa, jabetza pribatua, klase sozialak, boterea, justizia, zapalkuntza, plusbalioa, erabileraren balioa eta trukearen balioa, soldataren esklabotza; eta elkartasuna; eta antolakuntza; eta iraultza.
Nire adiskideek kontzeptu esaten zieten hitz haiei, eta handiago, ederrago, esanguratsuago balira moduan hartzen zituzten, bereizi egiten zituzten besteetatik, hitz haiek, kontzeptuak. Hitz gakoak zirela esaten zuten, hitz zutabeak, hitz giltzarriak, azpian hitz gehiago izango balituzte bezalako hitzak zirela. Ahoak gainez egin behar ziela ematen zuen.
— «Ogia» hitzak ez du beste hitzik azpian —esan zidan behin Frantsesaren boz apalak, Frantsesaren hats berotuak, kriseiluaren itzaletan—. «Ogia» esan eta ogia ulertzen dugu, baina «askatasuna» esan eta hitz gehiago behar dira zer esan nahi dugun ulertzeko.
Horregatik, hitz potolo berri bat, kontzeptu berri bat, sortzen zen gau bakoitzean, hitz gehiago erabiltzen zituzten niri hitz berriaren esanahia azaltzeko, oiloak hegalpean txitak bezala, azpian hitz gehiago gordetzen zituzten hitz ama haiek uler nitzan. Oiloa ikus nezan, txitak erakusten zizkidaten, kriseiluaren argitan, pattarraren beroan.
Hitz hauek oso ahopean esaten zituzten Frantsesak eta Estudianteak, ordura artekoak baino apalago, eta nik gerturatu egin behar izaten nuen kriseiluaren argira, hobeto entzuteko, eta nik beste uxual bat eskatu behar izaten nion Ramirori, hobeto ulertzeko.
Baina hitz potolo haiek irakasteko erabiltzen zituzten azalpenetan, beti baziren hitz berriak, batzuk «ogia» bezain sinpleak, besteak «askatasuna» bezain zailak. Orduan gertatzen zitzaidan gauza bitxi bat: konturatzen nintzen txitak ere, hegalpean, txitak gordetzen zituela, oiloak bezala. Txitak oilo bilakatzen zitzaizkidan, txita izateari utzi gabe. Eta ordura arte zerbait ulertu nuela iruditzen bazitzaidan, zerbait ulertu nuela pentsatzen banuen, handik aurrera konturatzen nintzen zein motza zen nire entendimentua.
Eta hala ere, hurrengo asteazkenean berriro hasiko ginen, dena aztertzen, zakurraren ipurtzuloan, dena hankaz gora jartzen, zakurraren eskolan.
Tarteka poemekin edo kantekin etortzen zen Frantsesa, batzuetan frantsesez ekartzen zituen, besteetan okzitanieraz, inoiztik behin italieraz; behin bere asmamenekoak, beste batean norbaiti hartuak.
Iruditu zitzaionean Drapeau Rouge ekarri zuen asteazken gau haietako batera, eta harekin hasi ginen lanean, Frantsesak nire bertsopaperen artean sartu zuen lehenengo harekin, irakurri ezinaz damutu nintzen harekin hasi ginen lanean, prest nengoela iruditu zitzaionean.
«Sarraskien aroari atea ixteak
ekarriko du ikurra aldatzea
eta gure bandera gorri tenteak
mundu berria gidatzea»
Hala itzuli zuen Estudianteak paperera nire esana.
Eskola lantegi bihurtzen hasi zen: hitzaren eskola, hitzaren lantegi: zakurraren eskola, zakur lantegi. Frantsesak poemak ekartzen zituen, edo testuak bestela, sarri eskuz izkribatuak, bere letra zaindu, etzan, dotorearekin eskuz izkribatuak. Irakurtzen ikasteko liburuxkak eta idazten ikasteko astamakilak egiteko orriak ekartzen zituen Estudianteak. Nik gogoa eramaten nuen, batik bat gogoa.
Frantsesaren lehenengo poema hura itzultzen bukatu genuenean, gehiago ekarri zituen. Aurkeztu egingo zigun aurrena, behar ziren azalpen guztiak emango zizkigun. Gero papera atera, marranta garbitu, eta orijinala irakurriko zigun, jatorrizko hizkuntzan. Estudianteak eta biok isil-isilik adituko genituen hots arrotz haiek, esanahiak harrapatu nahirik, soinu haien atzean zeuden ideiak eta irudiak sumatu nahirik, aztalka, oiloen eta txiten atzetik.
Gero hasiko zen Frantsesa irakurri ziguna esaldiz esaldi, hitzez hitz, gaztelaniara itzultzen; eta ni hasiko nintzen, haren atzetik, Estudianteari euskaraz nola jarriko nituzkeen esaten.
Normalean eztabaida handirik gabe pausatuko ziren paperean nik Estudianteari diktaturiko hitzak. Baina beste batzuetan eztabaidatu egingo zidan Estudianteak, zuzentasuna aitatuko zuen, egokitasuna, edo doitasuna. Frantsesari galdetuko genion, zer esan nahi zuen zehazki, bere ustea emango zigun, eta guk gureak gehituko genituen, eta eztabaidan jarraituko genuen biotako bat nazkatu edo nekatu arte. Orduan Estudiantea eta biok euskaraz hizketan hasiko ginen, oharkabeturik, eta Frantsesa guri begira isilik geratuko zen, kafe urtua edo pattarra murriztuz, euskaraz zer ikasiko, zer sumatuko.
Asteazkena noiz helduko zain egoten nintzen, zakurraren lantegira joateko, idazkari bizargabeari zer idatzi behar zuen agintzen hasteko, nazkatu edo nekatu arte eztabaidatzeko, ikasteko. Nahiz eta batzuetan nekatuegi iristen nintzen, afaldu eta ohera joan, beste ezertarako gogorik gabe. Igual alferrik ari ginela esango nien orduan, ez nuela indarrik eta gogorik lanean hasteko.
— Verba volant, scripta manent —esango zuen orduan Estudianteak.
Edo adarra joko zidan, bestela.
— Mando maingua! —esango zidan.
Pixka bat behartuko ninduen eta hasi egingo ginen, betazalei uxualarekin eutsiz, jo eta lehertzeraino, eta ezin nuela, ezin nuela gehiago esango nien azkenean, eta orduan Frantsesak edalontzia altxa eta «Buvons!» esango zuen, topa eginez, berak bakarrik ulertzen zuen hizkuntza hartan.
— Buvons, Sotero! A l'indépendance du monde! Buvons!
Horrela joan ziren udaberriko asteazken guztiak eta udako zenbait, eta abuztura heldu ginen, abuztu sargorira. Kalean baino epelago zegoen zakurraren ipurtzuloan, zerbaitengatik zuen eta zuloaren fama. Abuztu sargoriko asteazken hartan mahai gainean epeltzen ari ziren xerretan pausatzera zetozen euliak uxatzen lanpetuta nengoen. Ez zen oraindik Frantsesa agertu, zain nengoen, lanpetuta nengoen, euliak haragitatik uxatzen. Abuztuko asteazken sargori hartan batera sartu ziren, Frantsesa eta Estudiantea, Ramirorenera.
Segituan antzeman nien hizketan arituak zirela.
— Canovasena entzun duzu? —galdetu zidan Estudianteak irribarretsu, alai, begiak dirdiran, esertzeko denborarik hartu gabe.
Entzuna nuen. Jakina zen. Ez zebilen beste konturik probintzia osoan.
— Ez gara bakarrak, Sotero, ez gara bakarrak! —esan zidan pozik, begiak dirdiran, sorbaldatik astintzen ninduela.
Eseri egin ziren, biak batera.
— Hitz egiten aritu gara, Sotero —eten zuen Frantsesak—. Italiar hori garbitu egingo dute.
Zapi gorria eskuetan zekarren Frantsesak, lasterka etorri izango zen.
— Laster garbitu ere.
— Zerbait egin behar dugu —esan zuen gazteak, lebita altzoan bihurrituz.
— Zerbait egiteko prest zaude? —galdetu zidan zaharrak.
Gazteenak esan zuen ez ginela bakarrak, eta zerbait egin behar genuela.
Zaharrenak esan zuen garbitu egingo zutela Angiolillo, eta ea zerbait egiteko prest ote nengoen.
— Zer? —galdetu nuen nik.
Alegia eta zer egin genezakeen; alegia eta zer egin behar genuen. Hitz egiteaz aparte.
Inork ez zekielako haren benetako izena deitzen zioten Martin Etxeberria; Fagarasko nagusi jaun erbesteratua; turkiarren atzaparretatik ihes egin eta Mediterraneo itsasoa igerian gurutzatu zuen beltzaran erkina; Italia, Frantzia, Portugal, Egipto eta Islandia bere gurdiarekin korritu zituen enbusteroa; zortzi hizkuntza eta hamalau dialekto hitz egiten zituen zalameroa; hogeita bi semeren aita eta beste horrenbeste alabaren aitona; bost alditan alargundu eta hamarretan ezkondu zen gizona; bazterrotan ezagutu den kontrabandista eta komertziante handiena; mikeleteen izutzaile eta mutxurdinen limurtzaile lotsagabea; baliorik gabeko edozer gauzaren saltzaile eta baliozko guztiaren lapurra; txatarra biltzaile eta eltze konpontzaile parerik gabea; Martin; Etxeberria.
Platanoak hasten diren bidearen goiko aldetik azaldu zen, korneta jotzen. Harrizko bidea laga, eta elurrez garbitzen ari ginen gurdibidea hartu zuen, dozena erdi bat zakur atzetik zituela, zaunkaka, orkestina batek baino buila handiagoa atereaz zintzilik zekarren ferraileria harekin guztiarekin: zartaginak, sardeak, burruntzaliak, aizkorak, burdin hesiak, eltzeak, iltzeak, paderak, pertzak, zerrak, txarrantxak, burruntziak, ziriak, tupinak, laratzak, ontziak, kaikuak, kateak, pegarrak...
Fagarasko nagusi jaunak ere mereziko lukeela bertso sortarik pentsatzen irten nintzaion bidera, Fermin, Ujenio zaharra eta Beltxaren semea aitzur, pala eta pikatxoiekin utzita.
— Hori duk, joan hadi, gu hemen utzita —ekin zidan Ferminek—. Irakatsiok horri zer den plusbalioa!
Gurdia gelditu zuen Martin Etxeberriak, pixkaka-pixkaka, elurretan irristatu eta amildu gabe. Orkestina isildu eta apartean itxaron ninduen, banindoakiola ikusita, urrutitik antzemanda, Fagarasko nagusi jaunak.
— Datorren asterako edukiko diat hirea —esan zidan, asmoak igarririk, aldamenera heldu nintzaionean.
Lurrera tu egin zuen ikatza bera baino listu beltz, ilunago bat. Bide bazterreko elurretan tanta beltz bat. Besterik behar ote nuen galdetu zidan, eltzerik konpontzeko, txatarrarik jasotzeko, labanarik zorrozteko... Ezetz esan nion, bestearekin nahikoa zela, eta eskerrak eman nizkion.
Sudurzuloak mahukarekin igurtzi eta eskuak berotu zituen hatsarekin. Abiatu zuen ostera orkestina, tabako zikin hura mastekatzen zuela.
Hotz heldu zen negua; zakurrak uluka baino lehenago hasi zen bera eztulka.
— Salute compagno! —esan nion gibeletik.
Atzera begiratu ere gabe erantzun zidan:
— Grazie.
Fermin eta Beltxaren semea han ari ziren, Ujenio zaharraren aginduetara, etxe aurrean eroritako enborra mugitu ezinik, tiraka eta bultzaka. Aizkorak ekarri eta erditik ebaki, edo astoak ekarri eta bazterrera bota, zer egin, zalantzan zegoen Ujenio zaharra.
— Zer? Atera al diok ferra merkeagorik? —galdetu zidan Eizmendi jaunak.
Mutur beltz hura jarrita, kostako zitzaion enborra mugitzeko Maria Kristina ateratzea. Ferra berriak gastatzeko ere. Lehenago lehertu beharko zituen gerriak aizkorarekin. Bajatu beharko zuen, laguntza nahi bazuen.
— Martin Etxeberriak ferratu gabe ibiltzen ditik astoak —erantzun zion Ujenio zaharrak.
Bidearen azpiko aldetik Fagarasko nagusi jaunaren korneta entzuten zen oraindik, udaberria esnatzera deitzen.
— Ez dik horrek plusbalio handirik aterako, horrela ibilita.
Martin Etxeberriarekin hartu zuen, baina nirekin zegoen zapuztua Eizmendi jauna.
— Nik ere nahiago ditiat ferratu gabeak. Emakumeak.
Zapore mikatzagoa dute. Zapore guztiak dituzte. Ferratu gabeek.
Ez dute konturik eskatzen, ohera sartzeko eta errezelak irekitzeko, ez dute konturik esaten eta dena jakiten dute, errezelak irekitzerako edo ohera sartzerako.
— Irribarre berdinarekin itxi eta zabaltzen ditek atea.
Bezatu gabeak, ferratu gabeak, orraztu gabeak. Ez dute hauts zurien edo gorrien beharrik, eta irri egiten diete Parisko moda kaskarinei. Zinez, gerra guztietatik bizirik atera behar duten bakarrak ematen dute.
Estudianteak jakin nahi zuen, eta inoiz bizarrik egiten hasten bazen erakutsiko niola agindu nion. Jaulisi bezala.
Ez zen hura baino askoz zaharragoa izango, nolanahi ere, gure Estudiantea.
— Zenbat urte dauzkak hik, izan ere?
— Nahikoak! —erantzun zidan haserre—. Dagoeneko musu eman diot Martinicari.
Txoritxo hura nor zuen galdetu nion, algaraka hasteko gogoei eutsiz.
— Lehengusina bat —argitu zidan—. Baina ez dut gogoko. Nire izebak bezalakoa da, berdin-berdina. Haiek baino zaharragoa ere ematen du.
— Eta orduan, zergatik eman hion musua?
— Jakin egin nahi nuelako.
Ditxosozko jakiteko mina. Jakiteko min bedeinkatua.
— Eta nolakoak dira ferratu gabeko horiek? Erakutsiko didazu?
Ez segitzeko hortik esan nion, lana neukala, ez nintzela irakasle ona, hura ez zela kaligrafia edo astamakilak egitea. Baina Emiliok bakarrik uzten gintuen orduko, kontu berarekin hasten zitzaidan berriro, dale! Nazkatu nintzen, bai, eta nirekin eraman nuen, ostiral goiz batez, Martuteneko erreka bazterrera. Negua hatsarrean zen. Ez nuen itxaropenik. Bidea erakutsi eta bakea emango zidala pentsatu nuen. Ez nuen gehiago espero.
Zorteko ibili ginen, hala ere. Arropak zuritzera joandako bi atsoekin hiru neska gazte zeuden, hotzak kuzkurtuak, zurbil. Bularrak agerian sartu zen bat Urumeara, eta bustita irten zen uretatik, buila txiki eroak botaz. Kanaberen atzean uzkurturik, ahoa zabal-zabal eginda zegoen bizargabea. Begi argiak bustita, kokotsa uretaraino eroria.
Lebitatik eutsi behar izan nuen irrist egin eta eror ez zedin. Pozik zegoen, zoratzen, eskerrak eman zizkidan nik ez dakit zenbat bider; noiz itzuliko ginen galdetu zidan. Ez nion ezer esan hasieran, ez zapuzteagatik, baina haiek ez ziren ferratu gabeak; Martinica pobreagoak, besterik ez. Noiz itzuli behar genuen galdetzen jarraitu zuen, ezer esaten ez niolako.
— Bihar itzuliko gara, Sotero?
Bestelakoak ziren ferratu gabeak, erreka bazterreko haien aldean.
— Ikasi duk bidea, ezta? —erantzun nion, gogait eginda—. Niri ez zaidak ezer galdu hemen.
Isilik egin genuen handik aurrerako bidea. Ateri, baina elur giroarekin.
Frantsesak esan zidan Mr. Snoid jauna, aspaldiko adiskidea, etorri zitzaiola bisitan Irlandatik, eta harekin emango zituela egun batzuk, ezingo zuela hurrengo asteazkenean Ramirorenera azaldu.
Handik aurrera, azalpenik eman gabe hasi zen huts egiten.
Estudianteak, hasieran ez, baina laster jarraitu zion eltzagorraren arrastoari. Ematen zuen nik besterik ez niola eusten mastari tente; ontzia utzi zutela, marinela agintean lagata. Ramirok eman zidan Estudiantearen berri, ikusia zuela azken aldian dama galant batekin solasean, Alamedan.
Esango nion nik Frantsesari. Beti niri hartu behar zidan kontua. «Ikusten al duk Estudiantea nola dabilen?», hala esango niola erabaki nuen.
— Tempus fugit —aurrea hartu zidan Frantsesak, ordea—. Denbora badoala, alegia, barkamenik gabe, eskuetatik ura bezala, eta denoi gustatzen zaigula, zera...
Oso lotsatia zen Frantsesa batzuetan, edo kaltetua zegoen bestela. Irri triste batez amaitu zuen, bederen, esaldia.
— Zuk ere badakizu noski zertaz ari naizen...
Ulertu nuen Jaranako zalamandrana beltzaranarengatik ari zitzaidala.
Nik ere lizentzia txikia hartu nuen udan. Frantsesarekin eta Estudiantearekin biltzen hasi nintzen garaitsuan ezagutu nuen jenio biziko emakume hura, Jaranan jaio eta bertan hazi zen emakume begiratu zorrotzeko bat, gizonezkoei beldurrik gabe begiratu eta bernak lotsarik gabe erakusten zituena. Ile kizkur motza, gorpuzkera luxe liraina, ferrarik gabekoen kastakoa.
Esaten zidan: «Heu izango haiz esku bakarrarekin dominatu nauen gizon bakarra», eta barre egiten zuen, oparo. Bazituen bi ume kozkor ordurako. Itsasoan galdua zuen senarra. Eta barre egiten zuen, nire besoa haren ipurdi gainetik kentzen zuela.
Ez zuen laguntzarik berehalakoan eskatuko. Neure kasa hasi nintzaion laguntzen. Handik edo hemendik soberako zama erabiltzen zuen askotan Maria Kristinak, eta zer edo zer iristen hasi nintzaion tarteka. Beharragatik edo bihotz onagatik, eskertu zidan, zakarra izan arren, samurra izaten ere bazekien-eta.
Berez samurra izan arren, zakarra izaten ere bazekien eta, uste dut, horregatik eman zidala begira. Arrimura egin genuen, beharrak aginduta edo desioak bultzatuta. Ez genuen elkarrekin egoteko denborarik egiten, eta ondo konpontzen ginen; eman genezakeena eskatzen genion batak besteari. Ferratu gabea zen emakume hura, baina behin eskatu zidan, besotik helduta paseatzeko. Behin bakarrik.
Kasualitatea.
Frantsesak ikusi behar.
Uste dut biok pentsatu genuela gauza bera, une hartan. Beso bakarra lotuta ikusi ninduenean.
— Zuk ere badakizu noski... —esan zidan Frantsesak, esan gabe.
Moldiztegian txartelak hartu eta botika batera eraman behar zituela, baina bukatuko zuela lana berak, eta etxera joateko agindu zidan. Apal zegoen, horrelako betzulo handi batzuekin. Esan egin nion, neke itxura zuela, ez nuela zereginik, gustura lagunduko niola. Etsi egin behar izan zuen.
Botikako enkargua egin genuenean, pattar bat hartzera eraman nuen, kasik arrastaka. Emakumeengatik galdetu nion, baina kontu horiez aritzeko gogorik gabe sumatu nuen. Nik erdiraino neukan uxuala, ordea, eta asmakizun bat proposatu nion. Konpainia luzatu behar.
— Zer duk, ikusi ez eta, hala ere, begiratu ahala gero eta gehiago ikusten dena?
Aharrausi egin nuen neuk ere, laguntze aldera.
— Ez dakit ba... Gauza asko izan litezke...
Errotari eragiten hasi zen, gorputza eroria zuen arren. Ez zuen lagunduta ere asmatuko, baina heldu egin zion.
— Zapalkuntza adibidez, gehienetan ez da ikusten, baina zenbat eta gehiago begiratu...
Ez ninduen ulertu. Azkarregi bukatu nahi zuen.
— Ez, ez, ez. Ez nauk zuen hitz potolo bedeinkatu horiez ari, gauza zehatzekin ari nauk, gauza sinpleekin.
— Ados, ados.
Pixka batean pentsatu zuen jarraitu aurretik. Bazekien ez niola erraztasunik emango.
— Bat baino gehiago dira beraz?
— Asko izan litezkek bai.
— Ez dakit ba... Musika? Ez, hori ez.
— Urruti habil.
— Badakit, badakit. Itxaron pixka bat.
Aharrausi egin nuen berriro, ez lokartzen ari nintzelako, laguntze aldera baizik. Alferrik izango zen, baina ahoa zabaldu nuen.
— Badakit! Liburuak. Liburua egondako apalaren hutsunea begiratzean...
Ez dakit zer besterik espero nezakeen. Begiak piztuta begiratzen zidan, baiezkoaren zain, bukatu eta etxeratzeko gogoz.
— Ez ba; ez zuan hori —ostera ere aharrausi egin eta hortzak erakutsi nizkion, goiko ezpainak jasoz—. Hortzak zituan, hortzak. Ikusten al dizkidak?
Gerruntzetik labana atera eta muturrarekin garbitu nituen hortz tarteak. Frantsesak ezin zuen halakorik egin. Ez segituan, motel zebilen, baina noizbait konturatu zen.
— Zure eskuineko beso hori bezala, ezta? Nire hortzak...
Barre egin nion eta labana jaso nuen gerruntzera. Pitxer bete ardo eskatu zuen. Eta okzitaniarra hasi zen hizketan orduan.
— Zer? —galdetu nuen nik.
Alegia eta zer egin genezakeen, zer egin behar ote genuen.
Hitz egiteaz aparte.
Gazteak esan zuen zerbait egin behar genuela; zaharrak, laster garbituko zutela Angiolillo. Gazteak esan zuen ez ginela bakarrak; zaharrak, ea zerbait egiteko prest ote nengoen.
Hitzak ziren.
— Zer? —galdetu nien; alegia, esan zezatela zer.
— Salbatu egin behar dugu! —saltatu zuen Estudianteak, aulkia atzera bota eta tente jarrita.
Txoratuta al zegoen esan nion, esertzeko eta isilik egoteko, Potxolok salatzea nahi ez bazuen. Aulkia jaso genuen lurretik. Zutabean bermaturik, Potxolo genuen aldamenean, zotz luze batekin hortzak garbitzen eta ezagutzen ez nuen beste morroi baten esplikazioak aditzen. Arrietak Kubako bidea hartu zuenetik, ezagutzen ez nuen jendearekin ibiltzen hasia zen.
Frantsesak ebatzi zuen ezetz, ezin genuela askatu, ez genuela astirik ezer prestatzeko, ez genuela armarik, ez genuela indarrik, ez genuela esperientziarik, ez genuela ezer, ezinezkoa zela eta, gainera, ez geundela bakarrik, baina bai, bakarrik geundela; barregarria litzatekeela lagun bat askatzearren lau fusilatzea.
— Eta gainera, lepoa egingo nuke ez ligukeela ondo hartuko.
Azkeneko hura ez, ez nion ulertu, ezin nuen ulertu. Larrua lehendabizi, pentsatzen nuen, ezin nuen besterik pentsatu. Zer, bestela?
— Ekintzaren bidez propaganda egitea esaten zaio.
Beste maila batean ari zen. Estudianteak ulertuko zuen akaso.
— Hil beharra daukala ekintza bururatzeko. Aukera zuen ihes egiteko, baina...
Estudianteak amaitu zuen, erdizka ulertuz, nik bestela ere ulertu ezin nuena.
— ...ihes egin izan balu, eten egingo zen prozesua.
Han neuzkan adiskideak, aldamenean eserita, gogoeta isilean, bata begiak mahaira erorita, bestea begiak itxita, neu begiak zabalik, haien buruetan baino ez zeuden ideiei begira.
— Beraz, gurpilari eragin beharko diogu, ezta? —esan zuen Frantsesak, begiak zabaldu eta eskuak estutuz.
— Prozesua bizkortu —erantsi zuen gazteak, burua mahaitik altxatuta.
— Luzatu egin behar dugu Angiolilloren itzala.
— Hori da.
Isildu egin ziren. Ez zen hitz egiteko unea, pentsatzeko unea zen. Konturatuta nengoen eta isilik nengoen, zain, pospoloekin jolasean, argi bila, esperoan.
— Oinazearen Federazio Handia antolatu behar dugu, adiskideok —esan zuen Emiliok, ni itxaroten nazkatu eta handik askora.
Izen barregarri hura nondik atera zuen galdetzekotan egon nintzen, baina hizketan jarraitu zuen, hau, hori eta hura egin behar genuela esaten. Kasurik ere ez zidan egingo. Abaila hartuta ari zen.
Oinazearen Federazio Handiari izena jarri behar geniola ebatzi zuen. Hiru lagun baino ez ginen elkartean, argi esateko, eta Oinazearen Federazio Txakarra dei geniezaiokeela etorri zitzaidan burura. Baina ni horretara heltzerako, sekretupeko izen bat behar genuela esan zuen Frantsesak, Narodnaia Volia edo La Mano Negra bezalako izen bat, entzute hutsarekin izua sortuko zuen izen bat, errespetua eta izua, biak batean, sortzeko indarra emango zigun izen bat. Oinazearen Federazioaren izen harekin ez genuen Ujenio zaharraren oilategiko oilorik koldarrena pittin bat ere aztoratuko. Hainbeste, ni ere konturatzen nintzen.
Zerbait behar, baina ezer sortzen ez. Poeta zirikatu genuen, baina Kantabriako Askatzaileak esan zuen. Bertsolaria zirikatu zuten, baina Mendekuzaleak esan nuen. Ikaslea zirikatu genuen, baina Egiaren Ordua esan zuen. Horrela aritu ginen, txandaka, baina ezer sortzen ez eta, aurrerago zerbait pentsatuko genuela askietsita, bigarren erabakia hartu genuen, ordura arte formalki erabaki gabe zegoena berretsiz bide batez, elkarren bizilekuen berri ez edukitzea alegia, Frantsesak gu non bizi ginen ezagutzen bazuen ere.
Federazioak beste hiru erabaki hartu zituen asteazken hartan. Ramiroren taberna bileretarako gehiago ez erabiltzea. Jarraituko genuen, hala ere, asteazkenetan biltzen, poemak itzultzeko eta niri idazten eta irakurtzen irakasteko. Motel nindoan, gainera; ez nuen Estudianteak agindutako lanak egiteko denborarik hartzen.
Hirugarrena izan zen, noski, inori lagunarte hari buruzko konturik ez aitatzea, ezta deusik ere, bazkide guztien onespenarekin ez bazen behintzat.
Eta pistola bat, edo ahal zirenak eskuratzea. Nire kargu gelditu zen azkeneko lan hori, Fagarasko nagusi jauna ezagutzen nuelako; turkiarren atzaparretatik ihes egin eta Mediterraneo itsasoa igerian gurutzatu zuen beltzaran erkina; Europa erdia eta Afrikako parte bat korritu, eta zortzi hizkuntza eta hamalau dialekto hitz egiten zituen zalameroa; bost alditan alargundu eta hamarretan ezkondu zen gizona; mikeleteen limurtzaile eta mutxurdinen izutzailea; baliorik gabeko edozer gauzaren saltzaile eta baliozko guztiaren lapur enbusteroa; Martin; Etxeberria.
Ulertu zuen azkenean. Emilek ahoa zabaldu eta falta zituen hortzak seinalatu zizkidan hatzarekin. Pitxer bete ardo eskatu genuen.
Eta gero okzitaniarra hasi zen hizketan.
Tolosan, ez du ezertarako balio hau kontatzeak, baina Tolosan jaio zen Emile; Tolosan hazi, han, Pirinioak omen diren mendi gaitz haietaz harantzago; Tolosan, Garona deitzen dioten eta beti elurtuta dauden mendi tontor gaitzen erraietatik sortzen den ibai zabal oparoaren saihetsetara; Tolosan bizitu, hamalau urteak bete arte; Tolosan errekardari, eta aiztogile, eta adreilugile; Tolosan umezurtz, aita mozkorrarekin, hamalau urteak bete zituen arte.
Ardo pitxerraren masailak bustita zeuden, Emile paristarra hizketan hasi zenean.
Parisera, alferrik izango da hau esatea baina, Paris handira iritsi zen Emile; Paris ugarira, antzerki talde ibiltariarekin; Paris jendetsura, Frantzia korritu zuenean; Parisera azkenean, Parisera bideak oro, Parisera behingoz. Parisko teilatuek teilak baino ofizio gehiago izan zituen Emilek Parisen, baina tipografoarena gehien gustatu bide zitzaiona; gehiegikeria asko egin zituen Emilek Parisen, baina ardoarena, gelditu bide zitzaiona; adiskide asko egin zituen Emilek Parisen, baina Michelle bat bakarra hezurretara iltzatu bide zitzaiona; adiskide asko, Parisen; baina Michelle.
Ardo pitxerraren hondarrak trabatzen zitzaizkion mingainaren azpian, Emile bakartia hizketan hasi zenean.
Prusiarrak iritsi ziren hiriaren atarira, jolaserako gogo gutxirekin. Atea bota zuten, deitu aurretik. Asaldura, aztoramena, iskanbila, liskarra. Zer ez zen izan Paris egun haietan.
— Orduan asmatu genuen —esan zuen—. Asmatu genuen beste gauza bat. Ez zerrikeria hau!
Besoa astindu eta hormaren kontra bota zituen zakurraren ipurtzuloko mahai gainean geneuzkan traste apurrak: Hohnerraren erditik plegatutako kutxatxoa, baso kristalezkoak, tabako toxak, pitxer lurrezkoa.
— Komuna! —aldarrikatu zuen.
Ramiro imintzioka eta builaka hasi zitzaigun, mostradorea alderik alde guganaino zeharkatuz, trapu herdoildua eskuetan estutuz. Indarrak soberan al geneuzkan, galdetu zigun. Sukaldetik erratza hartu eta kristal zatiak bildu zituen. Erotuta al geunden, galdetu zigun. Erratzaren txilarrak eta beira zatiek soinu sor bat egin zuten lurreko lauzen kontra. Emile, aldamenetik «Vive la Commune!» oihuka, ez zen laguntzarik aproposena, ordu hartan, Ramirorenean.
Hohnerraren kutxatxoa eta toxa lurretik jaso, pitxer ardoaren eta baso kristalezkoen ordainak mostradore gainean utzi eta kanpora laguntzeko eskatu nion Frantsesari.
— Kontu egiok zein lagunekin ibiltzen haizen! —esan zidan Ramirok euskaraz.
— Hauek al dira zure adiskideak? —galdetu zidan Frantsesak atea gurutzatu genuenean.
— Eta hik non dauzkak hireak? —erantzun nion.
— Hilda daude denak.
Horrela esan zidan, hitz horiekin:
— Hilda daude denak.
Kontuak egin nituen. Ondoan neukan okzitaniarra, bakarrik; alboan neukan paristarra, adiskiderik gabe; han neukan, gizon bakartia, Emile.
Eta hankak baino arinago zebilkion, hala ere, burua.
Orain ez dakit merezi duen kontatzea, baina esan zidan bederatzi urte egin zituela espetxean, Komunaren aste haiengatik. Bederatzi asterengatik, bederatzi urte.
— Beste bederatzi egingo nituzke!
Gerezien sasoia baino lehenago hasi eta bukatu zen amets haur hura, bizarrak zurituta ziegatik askatu zuten gizon bederatzi urtez zaharrago hura, ziegatik askatu eta Marseillan eskean ibili zen hura, Parisen lo hartu eta Milanen babestu zena, ziegatik askatu eta Florentzian tipografo izatera itzuli zen gizona; Parisen amets egin eta, bederatzi urte geroago, ziegatik askatu zutenean, lau ebakortzak falta zituen gizon hura, Parisko Komunari buruzko albisteak ekarri zizkidana, askatasunari koska egiteagatik lau ebakortzak galdu zituen gizon bakartia, Emile.
— Michelle! —oihu egin zion aurrean genuen itsasoari.
Kontuak egin nituen, izarren azpian, gau hartan.
Larrua salbatu zuela behintzat, esan zidan. Gehienak hilda zeuden, lur azpian, edo izutuegi, ezer oroitzeko.
— Homo homini lupus —esan zuen—. Estimazio eskasa, gizonak gizonari diona.
Mendekuari bizirik eutsi zioten bakanek ez zutela indarrik amets hura egia izan zela sinesteko ere, esan zuen; txindurriak bezala zapaltzen zituztela hildakoak, katu hilak bezala lurperatu zituztela hildakoak, bata bestearen gainean; kanpotik ekarri zituztela arotzak katabutak egitera, ez zegoela hildako haiek guztiak ikusi, usaindu, zapaldu gabe ibiltzerik, hiria hustu zela kolpez, arratoiak baino ez zirela irteten gauez kalera; festa handia izan zena hileta bihurtu zela kolpez, mamuz betetako hiri tzar bat, izurriteak eta goseak bat-batean abaildutako metropolia, denentzakoa behar zuen hiri abegitsua, inorentzako geltoki bihurtua, kolpez.
Ez du mereziko oroitzea, baina espetxean bederatzi urtez egon zela eta, askatu zutenean, hanka egin zuela esan zidan, Tolosatik pasatzea pentsatu zuela, baina beldurtuta zegoela eta Marseillan aterpetu zela, Milanera joan zela handik; ofizioak eta gosea ugaritu eta arropak zulatu zitzaizkiola bidean; Florentzian itzuli zela tipografo lanbidera, eta diru pizar bat batu zuenean joan zela Bartzelonara aurrena eta Donostiara gero; gaskoien eragin bistakoa zuela Donostiak, Italiako hiri handien aldean txikia zela, Parisen aldean ezdeusa zela, pospolo kaxa bat, baita Tolosaren aldean ere; txikia, hazi gabea, baina gustukoa zuela hiri hau; gustuko zuela akaso horregatik, gogoan har zitezkeelako kale izen guztiak, atsegin zituela tamaina hartako hiriak; eta ja bazuela, gainera, eginkizun zehatz bat, azkenean aurkitu zuela larrua salbatzearen ordaina, topatu zuela gerezien sasoira itzultzeko bide bat behingoz, bederatzi urte eta beste bederatziren ostean, ileak zuritu eta bideak ixten hasten diren sasoian.
— Michelleri zor diot —esan zuen—. Eta baita nire buruari ere.
Ordurako ihintzak hezetuta geunden, eta Parisko Komunaren oihartzuna soinu sor bat zen nire buruaren barruan, erratzaren txilarrak Ramiroren tabernako lauzen kontra egiten zuena bezalako soinu sorra, eltzagorrarena bezalako soinu ahaztezina. Galdua nuen, zeharo, orduaren kontua.
— Hemen asmatu dugun komuna bakarra —okurritu zitzaidan—, beste harako zulo hori, bakarka bisitatzen duguna.
Horra, komunak zer ziren Donostian, eta zer Parisen.
Handitzen ez zelako txiki izaten jarraitzen zuen oinazearen gure federazioak izen ofizialik eta egoitzarik gabe jarraitu zuen biltzen. Ramirorenean biltzeari utzi genion, ez bazen bertsoren bat itzultzera edo nire ikasketei segida ematera. Sagardotegietara joaten hasi ginen tarteka. Oiartzunera, Errenteriara, Astigarragara, Hernanira, inguruko herrietara. Edo hamaiketakoa egin zitekeen leku apartaturen batera, Altzako Otxokira, Txubilloko Benta Zikinera, Astigarragako Santiomendira. Mahaira eserita batzen ziren gure bizimoduak. Jan beharrak berdintzen gintuela eman zezakeen, baina, egiaz, goseak berdintzen gintuen. Goseak, jateko horrek, eta egarriak, beste haren egarriak, batzen gintuen.
Ordurako gonazpikoen lurrinarekin liluratuago zebilen Estudiantea, edo akaso baserritarren giro hark ez zuen gehiegi kilikatzen, eta bileretara maizago huts egiten hasi zen. Edonola ere, damu nintzen, Martuteneko erreka bazterrerako bidea erakutsi izanagatik. Frantsesak arrazoi izango zuen, maite kontuek ez zigutela gure lanean mesederik egingo esaten zuenean. Kasualitatea izan zen, baina besotik lotuta ikusi ninduen. Behin behar eta. Horregatik, askotan pentsatu nuen nigatik esaten zuela, nire ibilerengatik. Estudiantearen Martinicak bezalakoa ezetz; nirea ferratu gabea zela kontatuko nion gustura. Baina agurra ukatu zidan Frantsesak, eta neure burua nondik zurituko nenbilen. Horregatik, Otxokin bildu ginen hurrengo aldian, zakar samar galdetu nion zergatik ukatu zidan agurra besotik lotuta ikusi ninduen egunean.
— Hara hemen gure Don Juan! Zer nahi zenuen nik egitea? Beso bakarra lanpeturik zeneukan eta!
Haserre ote zegoen galdetu nion.
— Haserre ez, alajaina! Amorratzen nago zuekin, pozez amorratzen. Zuk ez dakizu maitemina baino gaitz okerragorik ez dagoela? Lehen bazenuen beso bat, orain batere ez!
Hurrengoan musu emango zidala ipurdian, nahi banuen, horrekin pozik geldituko banintzen.
— Ez zenion ezer kontatuko, ezta? —itaun zidan gero.
— Zer kontatu behar nioan?
— Zer kontatu behar nioan? —errepikatu zuen, destainaz, doinua imitatuz—. Zer kontatu diok guri buruz?
Estudianteak ere nire erantzuna itxaroten zuen. Kontrako eztarritik joan zitzaidan listua.
— Nik ez zioat inori ezer kontatu! —defendatu nintzen, eztul eginez.
— Ez gaitzazu izorratu, Sotero —saltatu zuen Estudianteak, zeinek eta Estudianteak.
— Baserritar hau ez da konturatzen zertan ari garen —asaldatu zen Frantsesa.
Hara, jo eta txikituko nuen. Estudianteak ez al zuen kontatzen hartarako? Hari ez al zion galdetu behar zeinekin eta zertan ibiltzen zen bileretara huts egiten zuen egunetan? Haserre nengoen, baina laster konturatu nintzen ezin nuela Estudiantea zamatu. Nik bezain erru gutxi zuen hark. Frantsesarena zen kasketa guztia.
— Bazagok beste kontu bat —esan nien, gaia aldatzeko, baina kalmatu ezinik—. Martin Etxeberria ez duk gehiago azaldu. Galdezka ibili nauk, baina inork ez dik aspaldi haren berririk.
Isilik zeuden Fagarasko erregearen zakur tzarrak eta orkestina. Inork ez zuen haren kornetarik entzun aspaldian.
— Eskatu nioan hori laster ekarriko zuela esan zidanetik, bi hilabete joan dituk.
— Ez zenion hari ere kontatuko, ezta? —itaun zidan berriro, hisiaturik, Frantsesak.
Eztarri lehorrean behera isuri nuen edalontzikoa.
— Zer nahi huen kontatzea? Zer uste duk pentsatuko duela? Arratoiak akabatzeko behar dudala?
— Denontzat mesede, ezer kontatu ez badiozu.
Batzuetan tamalgarria zen, bere kasketa eta kopeta zimurtuekin, eltzagor komediantea.
— Ikusi nuen azken aldian ikatza bera baino beltzagoko listu bat bota zuen ahotik —esan nien.
— Min horia? —galdetu zuen Estudianteak.
Bide bazterreko elur zurian tanta beltz bat; Martin; Etxeberria.
Komuna. Pariskoa; ez Donostiakoa. Esanahi berria eman zion Emilek hitz hari. Ramiroren tabernako lauzaren kontra zartatutako pitxerraren hotsa gogora ekartzen zidan Komuna, Pariskoa, ez gure zulo beltz hura. Pikotxean jarrita ez ezik, guztiok berdinduko gintuen Komuna hura. Dena entzuteko prest nengoen, badiaren aurreko gure babeslekuan. Dena jakin nahi nuen, gau hartan bertan. Emilek ordura arte gorde zituen hitz haiek denak aditu nahi nituen. Zergatik zien halako nazka Adolphe Thiersen liburuei, hori ere jakin nahi nuen. Galdezka hasi nintzaion, nola izan zen, zer gertatu zen, nortzuk izan ziren, zer egin zuten. Dena.
— Kontatuko dizut, lasai, kontatuko dizut dena —esan zidan—, baina orain zureak entzun behar ditugu.
Gogor ekin nion, galderak egiten jarraitu nuen, erreguka eskatu nion. Baina ez zuela jarraituko erabaki zuen. Ezetz eta ezetz, nireak entzun nahi zituela. Etsi egin behar izan nuen, beste erremediorik ez eta.
— Aitarik gabeko umea nauk ni —esan nion, hasieratik hasi eta lehenbailehen bukatzeko asmoz—. Anaia bat nian, gizondu aurretik hil zena.
Ihintzak bustirik geunden ordurako, hezetasuna hezurretan kabitu ezinik.
— Gizondu aurretik hil zen anaia bat nian. Eta ama bat, beti eri, ito beharrean eztulka egoten zena.
Eztul egin nuen neuk ere, ihintzaren eraginez akaso, amarekin akordatzeagatik agian.
— Soldaduska bete nian. Ondo bete ere. Hiru urteak egin nitian. Aita hilda zegoan ordurako, baina anaia oraindik bizi zuan, eta guk ez genitian 6.000 erreal. Soldaduska bukatu eta erreserbara pasatzekoak gintuan. Hilabete falta zitzaiguan, eta Kubako gerra hori sortu huen. Arropa berriak eman zizkigutean, eman zizkigutean hedeak, kartutxo uhalak eta zorroa, kasaka eta galtzak, ginbaila eta gorbatak, botin parea eta zahatoa. Eman zizkigutean Alemaniatik ekarritako mauser berriak ere. Eraman gintiztean Burgosera, Sevillara, Cadizera. Sartu gintiztean bultzaka ontzi batean; Isla de Luzón; ez zaidak bat-batean ahaztuko; han ikasi genian uxuala edaten; erreal bat kopatxoa, kopatxo txiki bat; pezeta bat librako ogia, ogi beltz gogor bat. Eraman gintiztean Kubara, Cienfuegosera. Jaitsi gintuan lurrera, hamazazpi egun itsasoan eta beste lau trenean egin genitian. Ontzia izorratu egin zuan itsaso erdian. Makinak lehertu eta bertan galduko ginela uste genian, handitasun hartan ur tanta bilakatuta desegin. Baina osorik iritsi gintuan Cienfuegosera. Habanaraino eraman gintiztean. Eman zizkiguan Habanako Udalak hogei erreal eta nahikoa tabako. Tabakoa ez, gainerakoa zegoan eskas Kuban. Arroza lehor, hirugiharra urri, juka eta kafea sabela engainatzeko, galletaren bat tarteka. Martxak luzeak zituan, kontrakarreko martxak luzeagoak, arropak urratzen zitzaizkiguan, ginbailak galtzen, izerdia uharka, itsatsi eta lohitu egiten zituan arropak, zulatu botinak. Maniguako bideetako lohitara erori eta zutitu aurretik erortzen gintuan berriro, arrastaka ibili gintuan, oinez baino errazago. Eri egon ninduan. Jejenak eta eltxoak zulatu ninditean behin baino gehiagotan. Itsutuko nintzela ere uste izan nian. Batzuetan eguzkiak azala erretzen ziguan, besteetan euri erauntsiek azala zulatu behar zigutela ematen zian. Eztarria sutan nuelako, okerreko lekutik edan nian behin, eta hesteak bota beharrean jardun nian hiru egunez, zulotik bururik altxa gabe. Komuna... Hara hor, nire Komuna zer izan den: hiru egun hesteak bota beharrean.
Barre egin zuen Emilek.
— Medikuak zortea izan nuela esan zidaan, hala ere. Zortea, jakingo dik hark zer den! Behin, Baracoan, segada batetik ihesi irten behar izan nian. Oholesi osoa hartu zian suak. Ahal izan genuen bezala egin genian ospa handik. Lauko ederra eraman genian. Larrua salbatu behar. Alferrik aritu zituan ofizialak builaka gau hartan. Insurrektoak hamar metrora nituela egon ninduan, gau osoa, arnasarik ere hartu gabe, deabruari eta espiritu santuari errezoka, ama birjinari eta akerrari erreguka. Insurrektoei kanta bat ikasi niean gau hartan:
«Maria Cristina me quiere gobernar,
y yo le sigo, le sigo la corriente...»
Isilik eta serio zegoen Emile, ardo tragorik ere egin gabe.
— Hurrengo egunean kanpaleku batera iristea lortu nian nolabait. Borroka erdian ihes egiteagatik zigortu nindian kapitainak, eta hilabeterako giltzapetu. Han, giltzapean bazituan lapurrak, kubatarrei sukaldeko zakuak saltzen ibilitakoak, gaueko guardian lo hartutakoak, ihesean hasi eta erdibidean geldituak, obeditzeko edo lanerako gogorik ez zutenak, karlista zaharren bat eta etsaiari informeak pasatzen atzemandako sevillar bat. Pedro. Egun apurren batzuk gelditzen zitzaizkioan infernu hartatik irten eta goizetan botinen lokarriak gehiago lotu beharrik ez izateko. Traizioa biziarekin pagatzen zuan han. Broma gutxi.
Istant batez isildu nintzen, lehen gatibutza hartako zokoak, usainak, koloreak, gogora ekartzeko indar eginez. Haizea hartu nuen, begiak itxita. Zail egiten zitzaidan, ordea, itsasoak zekartzan usain eta brisa biziekin. Istant batez itxaron nuen, Emile begira neukala, nondik jarraituko nuen igarri ezinik.
— La Mano Negra ezaguna egiten zaik?
— Ba...
— Aurrekoan kapitalismoa zer ote den ba al nekien galdetu huen... Pedrok irakatsi zidaan niri kapitalismoa zer den. Konfiantza hartu zian nirekin, eta hala esan zidaan behin: «Alferrik ari gaituk hemen, bihar jatena eta bizitzeko gogoa kenduko digunari ipurdia garbitzen; ikusten dituk gizajo hauek denak?». Dozenaren bat lagun egongo gintuan ziegan pilatuta. Pedrok eskua pasa zian ziegaren aldetik aldera. «Esklaboak bezalakoak dituk. Alderik ikusten diek? Esklaboak besterentzat lan egiten dik, kanaberak mozten, zakuak zamatzen, ihes egiteko edo hautatzeko eskubiderik gabe, askatasunik gabe. Guk besterentzat lan egiten diagu, gorputzak mozten, gorputzak zamatzen, ihes egiteko edo hautatzeko eskubiderik gabe, askatasunik gabe. Greziarren esklabo haiek, badakik? Hemen zaudek, esklabo haiek, gu gaituk».
Ardoarekin zeharo ahazturik zegoen, ordurako, nire adiskidea, Emile. Tragoa egiten uzteko eskatu nion. Kosta egin zitzaion botila ematen. Uste dut ez zuela espero, kontatu nionetik ezer. Banuen gehiago, ordea, eta zintzurra busti behar jarraitzeko.
— Pedrok bazian Hohner bat, moro beltzei tratuan aterea, erditik plegatutako kutxatxo batean gordetzen zuena. Musikarako abilezia berezirik ez zian, baina ez zuan laster isilduko, hala ere. Auhen luzeko ahapaldietan amaitutako bertso motz batzuk kantatzen zitian. Hiltzeko bezperan eman zidaan opari. «Jar iezaiok musika pixka bat mundu beltz honi, Sotero», esan zidaan.
Begietara begiratu nion orduan, eta badakit Barojatarren moldiztegian harmonika erakutsi eta enkargatuak barre egin zidan egunarekin akordatu zela Emile.
— Fusilatu egin zuten? —galdetu zidan.
Ordurako ni bere Parisko Komunarekin bezain liluratuta zegoen Emile nire Kubako andaluziarrarekin.
— Ez. Baztangak hartu zioan aurrea pelotoiari.
— Orduan, aurpegiko arrastoak...
— Bai. Pedrok kutsatuko nindian. Hiru egun egin nitian sukarrarekin, botaka, buruko minekin. Gero pikortak hasi zitzaizkidaan ateratzen, balin handiak bezalako koskor batzuk. Su mendi txikiak zituan, aurpegian, besoetan, gorputzean, denean. Egun bakarrean josi zitzaidaan gorputz osoa. Ospitalera eramateko eskatu zietean guardiei, ez ninduan ezertarako gauza eta. Gero gogortzen hasi zitzaizkidaan pikortak, eta harri txintxarrak baino gogorrago egiten. Gorputz osoa bete zitzaidaan koskor gogor haiekin. Berotasunak barrutik kiskalita hil behar nuela uste nian. Egunak eman nitian horrela, etzanda, dardara batean, noiznahi goitik eta noiznahi behetik arropak eta kamaina zikinduz. Noizbait zornatzen eta erortzen hasi zituan. Orban hauek geratu zaizkidak.
Isildu egin nintzen. Aurpegia erakutsi nion.
— Eta besoarena? Nola egin zenuen?
Ezin zen ase. Dena jakin behar zuen. Bi erdi egiarekin liluratu ninduelako, nik dena kontatuko niola esperoko zuen.
Kristauen bilera izateko, oso karitate gutxi izan zuten nire bertsoek Lezon. Aspaldian ez nion Xeferi lan handirik eman. Lepo gaineko nire arroka tzarrak ez zuen bertso berririk ematen eta zaharrekin joan nintzen Lezora, aurreko aldi batean sobratutako paperekin.
Antzeman egingo zuten lezoarrek. Barreka hartu ninduen aurreko urtekoak oraindik gogoan zituen koadrila batek. Erromeriara zihoazenen kontrako bidea hartu nuen, Hohnerra erditik plegatutako kutxatxoan gorde eta paperen erdiak baino gehiago ekarri nituen nirekin bueltan, tranbian.
Frantsesarekin egokitu nintzen hurrengo aldian, eman egin nizkion, irakur zitzan. Gaztelaniara itzuli nizkiolarik, muturra belztu egin zitzaion aurrena, gorritu gero, eta osorik zituen hortzak alderik alde erakutsi zizkidan atzenean.
— Zer iruditzen zaizkik, txarrak?
— Txarrak ez, izugarriak! —jarraitu zuen barrez—. Inoiz entzun ditudan barregarrienak! Baina nola egin ditzakezu horrelako bertsoak, Sotero?
— Iazkoak dituk, abisatu diat. Aspaldian ez diat berririk asmatu.
Ez nizkiola Estudianteari erakutsiko erabaki nuen hantxe bertan. Baten burlarekin aski zitzaidan.
Eltzagorrak kontua hartu zidan, ea zertarako idazten nituen erlijiozko bertsoak, hainbeste gai egonik bazterretan, ea zergatik ez nuen Weylerren ezinaz barre egiten, zergatik ez nituen salatzen Kasinoko handikien gehiegikeriak, zergatik ez nien bertsorik egiten guardia zibilen eskolan sartzeko izen eman zuten soldaduei.
— Ama Birjinari bertsoak egitea ere! Sotero, mesedez.
Eztabaidan hasi ginen, eta haserretu egin nintzaion. Ez zuen entzuten ezer, hisiatuta zegoen. Azkenerako umorea ere aldatu zitzaion, eta besotik heldu zidan.
— Esadazu gurekin egon zaren bitarte hau ez dela alferrik izan behintzat. Esadazu zerbait ikasi duzula.
Argi eta garbi esan behar izan nion:
— Emilio, aditu ezak: saltzeko egiten ditiat nik bertsoak.
Horretan nenbilen, saltzekoak zirenak egiteko gogorik gabe, eta egitekoak zirenak saltzeko ezinean.
— Nola nahi duk bertso horiek idaztea? Kartzelan sartuko naitek.
— Zure astoari egin iezazkiozu orduan!
Martin; Etxeberria; Fagarasko nagusi jaun erbesteratua, beltzaran erkin bat, turkiarren atzaparretatik ihes egin zuena, Mediterraneo itsasoa igerian gurutzatu zuena, mundu erdiko atsoak limurtu eta beste munduaren erdiko mikeleteak izutu zituena, atzetik haurrak barreka eta zakurrak auriaka ibiltzen zituena, zortzi hizkuntza eta hamalau dialekto jakin arren, tanta beltza baino ez zena elurretan; ikatza bera baino listu beltzago harekin isildu ziren Martinen korneta eta Etxeberriaren orkestina.
— Min horia? —galdetu zuen Estudianteak.
Ez nion ezer erantzun. Zertarako?
Armarik gabe zegoen Oinazearen Federazio Txakarra. Egoitzarik eta izenik ez edukitzea kontu bat zen, baina armarik gabe egotea...
— Juan Diaz de Garaiok bezala egin beharko diagu.
Mira eginda begiratu zidaten.
— Sakamantekas! —azaldu nien, baina berdin-berdin begiratzen jarraitzen zutenez, kontuak atera nituen eta jabetu nintzen Frantsesa Florentzian ibiliko zela garai hartan. Estudiantea, seguru ez zela oraindik jaio.
— Ni haurra ninduan, baina 1881ean atxilotu zitean gizonezko bat Gasteizen. Sonatua izan zuan. Ni akordatzen nauk, eta zuek ez al duzue inoiz ezer aditu?
Harrigarria izanagatik, ez zuten Sakamantekasen berri. Frantsesari, hainbestean, baina kostatzen zitzaidan Estudianteari sinesten.
— Neskatoak bortxatu, hil, eta hustu egiten zitian barrutik —azaldu nien—. Aurrena bete, eta gero hustu egiten zitian; artilezko lastairak balira bezala, horrela, brast!
Nire gerruntzeko labanarekin lastaira urratuko banu bezala egin nien imintzioa airean.
Estudianteari goragalea eman zion aipatze hutsak. Sabelera eraman zituen eskuak.
— Garrotean hil zitean, hura ere, Angiolillo bezala.
— Labanaz apartekorik beharko dugu —esan zuen Frantsesak, kasu handirik egin gabe.
Berriro ere Polaviejarengana joan zitzaidan burua, oharkabean. Itzuli zenetik, sarri ikusi zuten Hendaiarako bidea egiten. Ezin zuen lan handirik eman. Neskatoa balitz eta Gasteizen egokitu izan balitz, erraz egingo zituen harenak Sakamantekasek.
Polaviejaren hariari tiraka jarraitu nuen. Romero Robledo ere eskura geneukan, nahi izanez gero. Zorte pixka batez, Josefa Zulueta besotik hartuta etorriko zen, gainera. Biak batera izan zitezkeen, ez zuen oihartzun eskasa aterako. Aski zen uda itxarotea. Etorriko ziren lehenago edo geroago, trenez, beti bezala. Harrera egingo zieten estazioan, beti bezala: dantzariak, bertsolariren bat, lore sortak, musika banda. Aski zen jende artean sartu eta hurreratzea.
Haiekin nahikoa ez izatera, Martinez Campos ere ez zen aukera txarragoa. Udaldian Zarautzera etortzen zela aditua nuen, eta han baziren zenbait txoko lan haietarako egokiak.
Aspaldiko burutazioak nituen. Ez zen zaila izango haragi guri haietan nire gerruntzekoa bezalako labana bat murgiltzea. Gurina. Lastaira. Ez nintzen berriro hasiko Sakamantekasena esplikatzen, azaldu beharrik ere ez zegoen, konturatzeko. Arazo bakarra ikusten nien, izatekotan, urde haiei: labana motzegi geratu eta gantza baino ez urratzea.
Polaviejaren kontuak aitatuko nizkien berriro, baina Frantsesak beste plan batzuk zerabiltzan. Gorago jo behar genuela erantzungo zidan berriro. «Hisiaturik zaude zure gerrako kontuekin», esango zidan berriro; «Ez gaude hemen inor mendekatzeko», esango zidan.
Polaviejak kendu zituela Foruak, Romero Robledo Canovasen ministro izan zela, Zuluetatarren esklaboak ez zituela ondo ikusi nola bizi ziren, Martinez Camposek Kuban egin zituenak ez zituela ondo ikusi esango nion. Canovasen leku berean egona zela, gainera. Ez zela mokadu txarra. Baina alferrik izango zen. «Itsututa zaude», erantzungo zidan berriro, «itsua da mendekua, mendekuak baino gorago begiratu behar dugu guk».
Nire baitan berarekin eztabaidatzen ari nintzela igarri balu bezala, gorago begiratu behar genuela esan zuen Frantsesak.
— Nora, ordea? Nora esan nahi duk «gorago» esanda? —galdetu nion aspertuta.
— Maria Cristina esan nahi dut —erantzun zidan—. Maria Cristina, eta baita haren semea ere, parean tokatuz gero!
— Ume bat eta emakume bat, alajaina!
— Zuri besoa moztu zizun emakumea —erantzun zidan Frantsesak—. Zure aita berriro hilko duen umea! Alajaina!
Lepoko zapi gorria lasaitu zuen.
— Hau ez da broma, Sotero. Ez gaude umekeriatarako hemen.
Estudianteari aurpegiko kolorea aldatzen ari zitzaion, lepoa estutzen ari balitzaizkio bezala. Sakamantekasen kontua aipatu nuenetik, beherakoa sartu zitzaiola ematen zuen. Hala zegoen, aulkian ipurdia asentatu ezinik.
— Canovasena eta gero ez du edonork balio. Gorago begiratu behar dugu.
Kubakoa ahitzear zegoen. Urtea ere ez, gehien jota asteak edo hilabeteak iraungo zituen harropuzkeriak oraindik, baina estadosunidostarrak gerran sartuko ziren, eta orduan akabo. Weylerrek ez zuen zer eginik. Denok genekien kontua zen.
— Il y a un produit merveilleux —esan zuen Frantsesak bat-batean, eta errezitatzen hasi zen, ahopean.
«Placez une marmite
bourrée de dynamite
quelle que soit la raison
en faisant explosion
la nouvelle ira vite
car pour inspirer la terreur
il n'y a rien d'meilleur
qu'la dynamite!»
Isilik gelditu zen. Zorrotz begiratu zigun.
— Dinamita —esan zuen—. Dinamita behar dugu.
Besotik heldu ninduen.
— Eta hobe zure putatxo horrek ezer ez badaki —esan zidan, gogor estutuz.
Bi erdi egiarekin liluratu eta nik dena kontatuko niola esperoko zuen. Ezin sekula ase, dena jakin behar, eltzagorrak. Besoarena nola egin nuen, hori ere galdetu zidan. Nik hemen ezagutzen zen komuna bakarra, bakarka bisitatzen zela esan nion. Eguna argitzen hasia zegoen ordurako. Osteguna heldu zen barru aldeko mendietatik. Laster jaikiko zen Fermin, eta gu oheratu gabe, badiako arkupeetan. Tinko ekin nion, beste Komuna harenak, Pariskoak, entzun nahi nituela esaka; eta Adolphe Thiers hura nor zen galdezka. Baina Emilek nire kontuak entzun nahi zituen, edo ez zituen nire galderak erantzun nahi, bietako bat. Eta nire komuneko zuloko ibilerak kontatu nizkion. Baina aski ez, eta besoarena ere, nola egin nuen jakin nahi zuela esan zidan, eta nahiak behar bihurtzen zekien Emilek.
— Maniguan erdi galduta geundean, Santiago de Cubatik ez oso urruti, hiru edo lau kilometrora, baina nondik jo behar genuen asmatu ezinik. Bost lagun gintuan sarjentuarekin. Bazituan egun batzuk erasorik gabe hirian, eta bideak zelatatzera bidali gintiztean. Dozena bat insurrekto mukizuk jo zigutean erasoa atze aldetik. Bi akabatu genitian, eta ihesi abiatu zirela iruditu zitzaiguan. Sarjentuaren aurrean jarri ninduan. Babesik gabe geundean, bide ertzera botata. Zutitzen hasi zuan sarjentua. Ni harekin. Orduan tiroa irten zuan maniguatik, tiro bakarra, hosto, adar eta laharren artetik. Sarjentua zulatuko zitean, nire besoagatik eta zorroagatik izan ez balitz. Airean hartuta eraman ninditean, zorroa eta mauserra bertan ahaztuta, heriosuhar. Urdeak sanmartinetan baino odol gehiago galdu nian bidean. Bertan seko gelditu behar nuela pentsatu eta kordea galdu nian. Ez diat besterik gogoratzen, baina gaiztotu egin zuan; itxura hala dik behintzat. Adaxkak egiten diren bezala, ihartu egin zuan, eta kimatu egin behar zidatela erabaki zitean. Horrelaxe izan zuan. Sarjentuarengatik.
Aurreneko aldia zen inori kontatzen niola. Lotsatu egiten ninduen domina eman zidatela esan beharrak.
— Domina eman zidatean.
Algaratan lehertu zen Emile.
— Badakik okerrena?
— Domina letoizkoa izango zen, seguru.
Barre azal bat egin zuen. Ez zen, berez, barre egitekoa, ez zitzaidan barre egiteko moduko kontua iruditzen.
— Ez, zilarrezkoa izan behar dik. Ez zakiat seguru, baina hala behar dik. Gordeta zaukaat, badaezpada ere.
Zalantza egin nuen. Eltzagorrak dena jakitea merezi zuen edo ez, zalantzak izan nituen. Baina ordurako hitzen agintea galdua zuen nire gogoak.
— Sarjentu hura Tolosakoa duk. Hemengo Tolosakoa, ez okzitaniarra. Dugiolsen besoetakoa. Arrospide. Fernando. Gerra zibilean hasi zian karrera, peseteroekin, boluntario. Han ibiliko duk oraindik, Kuban, dagoeneko koronel egin ez badute behintzat. Edo insurrektoren batek lepoa egin ez badio behintzat. Putasemerik handienak igotzen ditiztek graduz.
Arrietarekin akordatu nintzen. Hortzak pitzatu beharrean estutzen ari nintzela konturatu nintzen.
Peseteroak nortzuk ziren galdetu zidan eltzagorrak. Arretaz entzuten ninduen, gorputza ukondoen gainean jasota, nire arrazoiak entzuteko interesaturik balego bezala.
— Hojalateroak —esan nion—. Liberalak. Erreginaren aldekoak.
Ez zidan ulertzen.
— Hik aditu duk zerbait gerra zibilari buruz? Santa Kruz apaiza eta? Hemen izan den gerrarik ankerrena?
Baietz esan zidan, entzuna zuela zer edo zer.
— Eguneko pezetako soldata irabazten zitean liberalek. Isabelen zaleak bai, baina dirua zitean haiek ere errege. Pesetero sartu zuan Arrospide, boluntario. Traidorea. Ulertzen duk?
Baietz egin zuen buruarekin eta nik ja ezin nuen atzera egin, zalantzak izan edo ez, bukatu beharra neukan hasitakoa.
— Ez diat askorik hitz egin gure aita zenaz, ezta?
Ezetz esan zidan.
Haizea hartu nuen.
— Gu umeak ginela joan zuan gure aita Santa Kruzekin. Gogoan diat bitan itzuli zela etxera. Lehen aldiaz ez nauk akordatzen, umeegia ninduan. Bigarren aldian gurdian ekarri zitean, izeia baino luze eta tenteago. Tolosan hil zutela besterik ez genian jakin; Tolosan hil zutela eta Fernando Arrospide deitzen zen pesetero mukizu batek atzeman zuela hilerrian. Geroztik esan izan zidatek, mandatu bat egitera bidali zutela herrira. Agiriren batzuk jasotzera bidali omen zitean.
Haizea hartu nuen berriro. Hortzak lasaitzen saiatu nintzen; gogorturik neukan matrailezurra. Esana zegoen.
— Placez une marmite, bourrée de dynamite —errezitatu zuen Frantsesak.
Eta dinamita behar genuela erabaki zuen. Ume batentzat eta emakume batentzat, dinamita. Frantsesak erabaki zuen, eltzagorrak.
Guk sinetsi egin genuen. Eta pentsatzen hasi ginen.
— La nouvelle ira vite —esan zuen Frantsesak.
Eta guk sinetsi, eta nondik lapurtu pentsatzeari eman genion.
Estudianteak atera zuen kontua, Aizarnako Katre Minarena. Lehengusuren bat omen zuen han, jaun ingeles batekin ingeniari ikasten ari zena. Harria zulatzeko dinamita erabiltzen zutela eta aukera-aukeran geneukala, esku-eskura.
— Baina nik ezin dut hartu —argitu zuen—. Nabarmenegia litzateke.
Zehatz asko lortuko zituela, arriskurik gabe, sorta bat lapurtzeko jakin beharreko guztiak, esan zigun. Berak ezingo zuela joan, baina. Zuzen-zuzen begiratu zidan Frantsesak.
— Il y a un produit merveilleux —esan zidan—. Zuretzako lana da, Sotero.
— Egingo diat, hik laguntzen badidak.
— Lagunduko nizuke gustura, Sotero, baina ezin dut. Hau zuretzako lana da. Nire adinarekin ezinezkoa da horrelako lanetan hastea.
Aitzakia ederra. Nik nabarmendu behar, bi kurrutako haiekin.
— Joango duk ba Maria Kristina!
Kasketa harrapatu nuen. Saiatu ziren arrazoiak eta argudioak ematen. Alferrik. Ez nengoen prest, ez nuen nahi, nekatzen hasia nengoen.
— Nik ere ezin diat gehiegi nabarmendu —esan nien, eta «Izorrai!» pentsatu nuen.
Laineza harturik nengoen ni ere. Horretarako behar ninduten ni. Zerbait egin behar omen zen, zerbait egin behar omen genuen. Ikusia zegoen nork lan egin beharko zuen. Astoak.
Asteak eman genituen nor baino nor, ez atzera, ez aurrera. Polaviejaren kontua aterako nien nik, mahaiaren gainean jarriko nizkien Martinez Campos eta Romero Robledo, labanaren aukera emango nien, beste pistola bat lortzearena.
Gero ni izango naiz egoskorra eta tematia, baina eltzagorra ere hisiaturik zegoen berearekin eta, ahariak topeka ikusteaz asperturik, Estudianteak, norgehiagoka hura ezin eramanik, paskinak inprimatzea proposatu zuen.
Maine kondenatu hura nork urperatu zuen zen gutxienekoa, estadosunidostarrak gerran sartu ziren azkenean. Frantsesa eta biok norgehiagoka tentel hartan tematurik genbiltzan, hitzetan katigatuta, ez atzera ez aurrera eta, bitartean, gerrazaleek manifestazioak egin zituzten probintzia osoan, diru bilketak hasi zituzten herriko etxeek eta Diputazioak; pilota partidak iragarri zituzten: Mardura eta Takolo eta, han ibiliko ziren pilotaren atzetik zealdoka; prozesioak egin zituzten, santuak aurrean eta sinestunak atzean hartuta.
Zientoka emakumeren eta gizonen bizitzak airean zeuden; Kuba osoa zegoen dilindan. Arrazoi zuen Estudianteak; norgehiagoka egoista generabilen Frantsesak eta biok.
— Hara, zuekin ez dakit monarkiarik garbituko dugun, baina zerbait egin beharko genuke gerra nazkagarri hau bukatzeko, ez zaizue iruditzen? —gaztigatu zigun bizargabeak—. Paskinak inprimatu behar genituzke behintzat.
Puskatu egin behar zen, atzetik edo aurretik. Zer edo zer egin, hil ala bizi. Arrazoi zuen Estudianteak. Gure liskarrak hurrengorako utzita, paskinak inprimatzeko adostasuna egin genuen.
Behingoagatik aitzakia handirik jarri gabe, Frantsesak moldiztegia zabalduko zuela agindu zuen. Estudianteak bazuen zerbait idazteko abilidadea. Behingoagatik zerbait egingo zuen Oinazearen Federazio Txakarrak, artean egoitzarik, armarik eta izen ofizialik gabe biltzen jarraitzen zuen arren, Lehenengo Internazionalarena baino zatiketa larriago baten aurrean egon arren, zerbait egingo genuen, poemak itzultzeaz eta zahagia betetzeaz aparte.
Zita egin genuen, goizeko lau eta erdietan, Plaza Berriko arkupeetan. Goizegi heldu ginen Estudiantea eta biok, eta plazaren kantoi banatan itxaron genion aitzaki jaunari. Frantsesa plazara iritsi aurretik sumatu nuen zekarren ardo kiratsa. Parera barrez-barrez etorri zitzaidanean, kargua hartzekotan egon nintzen, baina ez nintzen gai izan, behingoagatik aitzakia handirik jarri gabe onartu zuelako moldiztegiko atea zabaltzea. Sartu ginen, piztu zuen kriseilua, makurtu zen armairu handiaren aurrean. Parisko sasoi onekin akordatu zela esan zidan belarri atzera. Tailerrera sartu ginenean, «Hara hor neure astoa, Sotero, zurea baino egoskorragoa» esan zidan. Auskalo lorik egin zuen gau hartan. Ezin izan nion kargua hartu. Hala ere, moldeko letrak hautatzen hasi zenean, bala haiekin ez genuela birigarrorik ere zulatuko esan nion. Adar jotzea zen, adar jotze serioa. Izan ere, aitzakia besterik ez zuen Aizarnara niri lagundu nahi ez izateko.
Bala haiek burua zulatzen zutela erantzun zidan, hara zer erantzun zidan, birigarroak.
Gero kriseilua pizteko eskatu zidan, tiradera etzanda jarri zuen armairu gainean, betaurrekoak jantzi zituen, antolatzailea hartu zuen ezker eskuan, aurrerantz makurtu zen, moldeko letrak hautatzen hasi zen eskuinarekin, eta «Pertsonak eta letrak antzekoak gara askogatik» esan zuen, eta bizargabea paper garraio jarri zuen, eta besamotza ate ondora bidali.
— Letra batek, huts-hutsean hartuz gero, ez du ezer esan nahi, ezin du ezer adierazi, ezin du ezer egin berak bakarrik, bakarrik ez da ezer —esan zuen.
Ardo kiratsa ateraino heltzen zen eta ni amorratzen nengoen ordurako. Gogoak ematen zidan, bera ate ondora bidali eta haren lekua hartzeko, gutxiago ez nintzela erakusteko. Zigarroa piztu nuen, zerbait erre beharrez. Konparazioak egiten jarraitzen zuen eltzagorrak.
Lana aurreratu zuenean, ate ondotik esan nion traste haiekin oheratzea besterik ez zitzaiola falta, eta hala ere ohea pittin bat berotuko zuela behintzat. Handiagoa botako nion, garaiz isildu izan ez banintz.
Eroarena egin zuen Frantsesak. Moldeko letrek x luzera bat dutela azaldu zuen orduan. Ni s bat omen nintzen, eta Estudiantea l bat. Ondo azaldu zuen, akaso arrazoi ere izango zuen, baina arrabolari eragiteari utzi eta serio begiratu zion Estudianteak.
— Garrantzitsuena ahaztu zaizu, Emilio: zein letra zara zu? Esango diguzu?
Azkenean onartu zuen, letra bat hautatu beharko balu, g letra zela esango zukeela, g letra zela bera, eltzagorra.
Nik laster antzeman nion, eta galdetu ere bai, eltzagorrak zer ziren ba ote zekien. Ontzi harro huts burrunbatsuak direla eltzagorrak, esango nion gustura. Baina isildu egin nintzen, bakeagatik.
Inprimatze lanarekin bukatu genuenean, eskuak garbitzen zituen bitartean, aitzakiak asmatzen hasi zen eta bizargabeak eta biok bukatu behar izan genuen lan zikina kalean, aguazilak ihintza biltzera irten aurretik.
Geroxeago Bretxan aurkitu ninduen, Maria Kristinarekin disputa betean ari nintzela.
Estudiantea eta biok lanean aritu ginen bitartean, lo egingo zuen deabruak. Makarrak garbitu gabe zituen begi ertzetatik.
— Jainkoak egunon! —esan zidan, bizkarrean zaplada emanez.
Doazela Kubara aberaskumeak! paskina irakurri nuen lurrean. Maria Kristinak lurrera bota zituen hazitarako patatak; eta ni lehertu egin nintzen.
Ferminekin lanak bukatu eta etxera heldu nintzen ostegun iluntzean. Etxekoandrea babak egosten ikusia nuen arratsaldean eta ez nuen salda katilukada beroa eta baba platerkada ederra besterik itxaroten. Baina han zegoen. Maizter nengoen etxera igotzeko eskaileretan eserita, han zegoen zain.
Goizean baino mozkorrago zegoen gauean, eskuetan lepoko zapi gorri askatua, magalean zatar paperean bildutako fardel bat.
Beste behin etorri zitzaidan etxera, fardelarekin orduan ere, dena lardaskatzen hasi aurretik. Kropotkin delako batek frantsesez idatzi eta berak gaztelaniara itzuli omen zuen liburu baten pasarte eskuizkribatuak ekarri zizkidan. Conquista del pan zuen izena Frantsesaren itzulpenak. Ordu asko eraman omen zion itzulpen lanak, baina gu ezagutu aurretik harekin entretenitzen omen zen. Paper txar haiek ekarri zizkidanean, gosea zer zen ba ote zekien, zirikatu nahi izan nuen gure zahagi handia. Baina ostegun gau hartan, barre egiteko gogo gutxi; ezertarako gogorik gabe harrapatu ninduen.
Esana genuen ez genuela besteon etxeen berri izango.
Frantsesak ordurako bazekien non bizi nintzen. Arrazoi gehiago handik ez agertzeko. Ez nuen ulertzen zertara etorri zen. Gerruntzetik labana atera, barruraino sartu eta bertan bukatzeko gogoa sentitu nuen.
Ekin eta bukatu.
Gero ikaratu egin nintzen neure burutazioekin, eta zer esan, zer egin, ez nekiela gelditu nintzaion begira.
— Salute, Sotero —esan zidan—. Gabon.
— Gabon, hiri ere. Zer? Eskuizkribu gehiago ekarri al dizkidak?
Ez dakit nola kontu egin nion neure buruari. Iruditu zitzaidan liburu zaharren batekin heldu zela, eta hasia nengoen nardatzen hainbeste paperekin. Papera jaten zuela ematen zuen. Papera handik hona eta hemendik hara garraiatu besterik ez zuela egiten ematen zuen. Papera eta paper gehiago. Paperak ez zuela jateko balio, esango nion gustura.
Baina barkamena eskatu zidan.
— Urduri nabil eta ez dakit zer esaten dudan —onartu zidan—. Azken aldian handikeria batzuk esan dizkizut... Eta barkamena eskatu nahi nizun.
Fardela luzatu zidan.
Nik ez nuen salda katilukada beroa eta baba platerkada ederra besterik espero gau hartan.
Ezker eskuarekin hartu nuen. Ez ziren paperak, zer edo zer bigunagoa baizik, tela moduko bat. Zer ote zen galdetu nion, ez bainuen gerruntzetik labana atera eta zatar papera urratzen hasteko batere gogorik.
— Gordea neukan Michelleren gonazpiko bakarra —esan zidan.
Eskerrak eman nizkion, fardela besazpira bilduta.
Seguru ote zegoen, ez ote zuen gorde nahi, galdetu nion. Negarrez hasi behar zuela ematen zuen.
— Zure lagunak hobeto baliatuko ditu —mukiei tira zien gorantz—. Gonazpikoek ez diete itxura onik ematen hildakoei.
Salda katilukada beroa neukan zain, baba platerkada ederra. Ezin nuen eraman gizon haren negarra. Damu nintzen, ez nengoen lasai.
— Mamu tankera hartzen dute gonazpikoekin, eta bisita egiten dizute gauean, hildakoek —zutitzeko ahaleginik ere ez zuen egin; ezingo zuen, saiatuta ere—. Mamu gehiegi dauzkat, Sotero. Uste dut garaia heldu zaidala batzuen batzuk lurperatzen hasteko.
Erdirik ere ez nion ulertu, baina eskerrak eman nizkion berriro. Goizean jaikitzeko ordua laster iritsiko zitzaidala esan nion. Besarkada baldar bat eman nion, beso bakarrarekin, besazpiarekin Michelleren gonazpikoaren fardelari nolabait ere heltzen niola. Balantza egin zuen eskailburuan, hormaren eta bion artean eutsi genuen. «Gabon» esan nion, eta bakarrik utzi nuen, hormari helduta. Atarira heldu nintzenean, atzera begiratu nuen. Zanbuluka zihoan bidean behera.
Ez dakit salda katilukadarik izan nuen gau hartan, ez dut gogoan zer afaldu nuen. Baina ohean, lo hartu ezinik, itzuli eta mahaiaren gainean Michelleren gonazpikoaren fardela ikusten nuen eta pentsatzen nuen, dinamita eskuratzekotan, neuk egin beharko nuela lan zikina, eltzagorrari ezer esan gabe. Besamotzak egin beharko zuen. Elbarri honek. Eta ezin nuen atsedenik hartu. Ohean itzuli, eta Angiolilloren sua nigatik itzaliko zela iruditzen zitzaidan.
Luzea izan zen ostegun hartako gaubeila ere.
Begietan neukan nola izan zen dena, begietan amarrua. Zozketako zotz luzeena Estudiantearentzat nola prestatu zuen.
— Surtara! Surtara soineko zaharrak! Errautsekin jantziko gara goizean! —oihu egina zen bezperan.
Bazekien zital hark zein bidali zuen surtara.
— Errautsetan hilko gara gaur! Beti hil garen moduan! —esana zuen bilauak.
Bazekien doilor hark, zein hilko zen, zeinek ihes egingo zuen.
Jainkorik ez zegoela gaztigatu bai, niri. Gero beretzat gorde zuen Jainkoaren lekua, zein surtara bidali eta zein salbatu erabakitzeko. Zer uste zuen? Utzi egingo niola koitadu hura urka-bilurrera bidaltzen? Utzi egingo niola, ni salbatzea erabaki zuelako? Esker oneko egongo nintzaiola koldarkeria harengatik?
Plazan itxaron nuen, arkupeen babesean, moldiztegia itxi zuten arte. Atzetik joan nintzaion, zer egingo nuen, zer esango nion, bete-betean jakin gabe. Jaranan bizi zela ikusi nuen; non bizi zen, han sartu zen, errentan izan behar zuen etxeko atarian, kaiaren gain-gainean. Ataria aztertu nuen, eta hurrengo goizean bertan itxarongo nuela erabakita joan nintzen.
Biharamun goizera arte.
Banekien goiz mugitzen zela, baina goizago nengoen ni bere etxeko atarian, eskailerapean kakoturik.
Halako batean, atea sumatu nuen ixten. Gizonezkoaren oinetakoak entzun nituen oholetan behera. Bizkar gainetik nabaritu nituen haren oinak igarotzen, hezetasunak eta pipiek jandako oholak kraskatzen. Burua atera nuen gordelekutik, artez. Pausajea ezagutu nion. Bizkarretik salto egin nion, atera heldu aurretik. Hormaren kontra estutu nuen, zigorrarekin eman nion ukalondoan, belaunetan; lurrera bota nuen, belaunarekin eutsi nuen, saihetsak estutuz. Bizkarreko hezurren kraskatakoak entzun nizkion. Krak! egin zioten hezurrek, krak! txiki bat egin ziotela iruditu zitzaidan.
Intziri egin zuen. Ez nuen errukirik sentitu.
— Erabaki egin behar diagu! —esan nion belarrira—. Hic et nunc!
Zaharra zegoen goiz hartan, aspaldian baino zaharrago. Zigorra bota nuen.
— Zotz luzeena ateratzen duenak berpiztuko gaitik errautsetatik! —esan nion.
Dardaraka zuen tipografo esku zaildua. Sanjoan bezperako igande gauean bezala.
— Gaur niri egokitu zaidak zotz luzeena —esan nion.
Labana atera nuen gerruntzetik. Erakutsi egin nion. Begien aurrean ipini nion. Erakutsi egin nahi nion, ankerkeria hutsez.
Negarrez hasi zen eltzagorra.
Orduan, seguru nago urdea bezala urratuko nuela orduan, Sakamantekasek bezala, atarian ahotsik entzun izan ez banu. Eskua zapaldu nion, derrepentean altxa nintzen, eskua zapaldu nion eta krak! entzun zen, kraskatako txiki bat.
Izutu egin nahi nuen.
Mina egin nahi nion.
Akaso, hil egin nezakeen.
Atea emakume heldu batek zabaldu zuen. Saskiak zekartzan besazpian. Begira gelditu zitzaigun.
— Altxa zaitez, aitona, benga —esan nion.
Besazpitik hartu eta gora tira nion.
— Esaten dizut ba nik, kontuz ibiltzeko eskaileretan.
Kanporantz bultza nuen.
— Esaten dizut ba, ja ez zaudela eskaileretan saltoka ibiltzeko. Izutu egin duzu emakume gaixo hau.
— Ez da ezer —esan nion emakumeari.
Lekua egin zigun kanpora irten gintezen.
— Ez da ezer. Ondo dago, baietz, aitona? Ez da ezer, lasai.
Txapela kendu eta arropak astindu nizkion Frantsesari. Kanpora atera nuen. Begira geneukan emakumea, etxean sartzera erabaki gabe.
— Albertorekin hitz egingo duk —esan nion kanpora irten bezain pronto—. Albertorekin hitz egin eta amarrua prestatu dioala esango diok. Esan egingo diok zotz luzeena heurea zela, eta ez duela zertan ezer egin. Esan egingo diok, amarrua izan zela, heuk kraskatu huela zotza.
Ez zuen baietz esan. Ez zuen ezetz esan. Ez zuen ezer esan. Oneratu gabe zuen, oraindik, odola. Arrastaka neraman, sanjoan bezperako igandean bezala. Ez zen ibiltzeko gauza. Negar egiten zuen. Errukirik ere ez zidan eman orduan zahagi zaharrak.
Hainbeste kontu eta komeria, poema eta trapu gorri, eta zertarako?
Urdeentzako bazka. Ozalea. Zer ginen ba, gu hemen eta haiek Kuban? Moldeko letra xehe eta xehatuak. Angiolilloren sua itzaltzen hasi zen. Estadosunidostarrek eta espainiarrek akordioa sinatu zuten. Laster pasatuko zen irla urdeen eskuetara. Zerrien hankazpitik, urdeen eskuetara. Urdeek bazkatuko zituzten Kuba eta anarkistak, eta kito. On Kaxildori ikasi nion pospoloaren kearen tankera hartua zuen Angiolillok. Alferrik ari ginen, ketua zegoen haren sua. Kare bizitan erretzen ari zitzaizkigun asmo guztiak.
Horregatik ez zidan lorik hartzen uzten Michelleren gonazpikoaren fardelak. Mahaiaren gainetik, fardelak begiratzen ninduen niri. «Ozalea besterik ez zara, Sotero», esaten zidan.
Bi beso eskatzen zituen zama hark, eta nik bakarra izaki.
Aitzaki jaunak gero eta gutxiago errespetatzen zituen asteazkenetako gure mezak. Bizargabeak ere nahiago zituen emakumeen azpiko brodatuak. Bizpahiru astez neroni bakarrik izan nintzen Oinazearen Federazio Txakarra.
Frantsesak nahigabea hartuko zuen gurekin, akaso, hainbeste denboratan «Jainkoak egunon!» esaka ibiltzen utzi geniolako, ohartarazi gabe. Ez zen, akaso, berriz azalduko. Florentziara itzuliko zen, hain estimatua zuen tipografo ofizioan gora egiteko, haize eroak utzita.
Oinazearen Federazio Txakarra urtzen ari zen, malkoak eguzkitara bezala, gatz zapore ezdeus bat utziz masailean.
Asteazkeneko ohiturari eutsi nion, hala ere. Eta Estudiantea azaldu zen hurrengo aldian nire arrangura guztiak kontatu nizkion.
— Batzuetan Marx eta Bakunin zaretela begitantzen zait.
— Eta hi? Zein haiz hi, astaputz hori?
— Ez haserretu nirekin, beti elkarri zipoka ari zaretela esan nahi nuen. Halaxe bukatu zen lehenengo Internazionala. Konturatzen zara?
Hasi zen, bere betiko kontuekin.
— Marxek dena jakin nahi zuen eta Bakuninek ez zion inori konturik eman nahi. Ikusten? Azkenean bakoitzak bere aldetik bukatu zuen; eta elkarri zipoka.
— Elkarrekin ezin bizia baino hobea duk, hala ere, bakoitza bere kasa ibiltzea. Hemen ibili gaituk gu, elkarrekin, eta zer egin diagu? Ezta ezer ere.
Hitz egingo zuela berak Frantsesarekin eta astamakiletara jartzeko agindu zidan, letrak idazten ikasteko asko falta zitzaidala iritzita.
Ezetz erantzun nion, nahiago nukeela Frantsesarekin ezer hitz egingo ez balu. Lebitaren paparretik heldu eta eltzagorraz benetan pentsatzen nuen eta nekien guztia kontatu nion.
— Biok egingo diagu —esan nion, lepotik askatuz—. Frantsesaren trabarik gabe.
Izerditzen hasi zen. Ezin genuela erantzun zidan.
— Zuk ez dakizu, Sotero...
Ez zuen bukatu, ezin genuela Emilio gabe, esan zidan. Eta gero arrazoiak topatzen hasi zen, ezin genuela esateko arrazoiak. Bere zigarro luxe eta fin haietako bat pizten saiatu zen, baina ez zuen lehendabizikoan asmatu.
— Aitak eskaera egin du, Madrilera medikuntza ikastera joan nadin.
— Biok egingo diagu —eraso nion berriro—. Hik esadak nola egin behar dudan dinamita lortzeko eta biok egingo diagu. Angiolilloren sua itzali aurretik. Urtebete baduk hil zutela, eta hemen gaudek gu, pago honen azpian astamakilak egiten. Normala iruditzen al zaik?
— Oraintxe esan dizut aitak eskaera egin duela ni Madrilera medikuntza ikastera joateko. Ez duzu entzun?
Astamakilak egiteko gogorik ez banuen, alferrik zegoela han, eta nire ikasketetarako ekarri zituen traste guztiak eta lebita besapean hartu, zutitu eta joan egin zen.
Pagoaren itzalaren azpian, bakarrik nengoen: Oinazearen Federazio Txiki-Txikia. Zubietan. Eta errekarik gabe.
Angiolillorena bezala itzali zen, pixkanaka, Jaranan piztu nuen gar txikia ere. «Heu izango haiz esku bakarrarekin dominatu nauen gizon bakarra» esaten zidan emakumeak uda atzenean ahaztu ninduen. «Gizon osoago» bati erreparatu omen zion, ezagutu nauen emakume bakarrak, zalamandrana bihozgabeak. Fabore handiagoak esperoko zituen. Bazituen halako haizeak, izan ere. Mandazainek baino zaku zabalagoa dutela dendariek, zera.
Damu nintzen harekin beratu nintzelako. Jolasean ibilia zen, arrantzaleak eskasago den amuarrainarekin egiten duen bezala: amua bota, tira eta laxatu. Ez dakit nola ez nintzen lehenago konturatu.
Ez nien ezer esan adiskideei. Zertarako? Behingoz besoa libre gelditu zitzaidala aditzeko? Lotsagarri gelditzeko?
Aski nuen neure ezinekin.
Itzali ziren Angiolillo, Komuna eta beltzarana. Baina barruan sentitzen nituen irakiten denak. Erregai biziko ikatza behar zuten. Gauak hauspoari eragiten zion, itzalita uste nituenak suak hartzen zituen; kandela itzaltzearekin batera, nigan argitzen ziren. Gauero Michelleren gonazpikoaren fardelean laburtzen ziren nire sosega ezin guztiak.
Lehen elurrak goiz iritsi ziren, neguan sartzerako. Amets zital, gaizto, ilunean esnatu nintzen, eldarnio betean. Leihoan elur pinportak metatzen hasiak ziren ordu hartarako. Michelleren gonazpikoaren fardela hartu nuen. Pospoloak ere bai. Atarira irten nintzen fardel harekin. Su eman nion. Su eman nion nire barruko garrei eragiten zion hauspoari. Kosta zitzaidan pizten, baina gero erraz hartu zuen. Elur pilara bota nuen hatzak kiskaltzen hasi zitzaizkidanean.
Betetzear zegoen ilargia. Bi egun beharko zituen gehienez.
Hauspoa erre nuen, baina gau hartan ere ez nuen sosegurik izan. Zurrumurruak heldu ziren itsasoz bestaldetik. Urrian herriratu zen tolosar batekin hitz egin nuen. Arrietaren berri eman zidan. Balentria handiak zituen eginak Arrietak Kuban. Sarjentu gradura igoa zeukaten han. Ez zen gustura ibiliko, alajaina. Baina estadosunidostarren armak gelditzeko Arrieta batzuk beharko zituzten, eta Espainiako ejertzitoaren gehiena erietxeetan zegoen, kapilau eske, olioa erregutzen, tolosarrak esandakoari kasu emanez gero. Estadosunidostarren bilaukeriez eta malmuzkeriez besterik ez zuten hitz egiten nagusiek. Jaitsiak zeuden hilabete batzuk lehenagoko legamia harroak, damutzen hasia zen bat baino gehiago, hain nabarmen agertzeagatik. Angiolillo debalde hiltzen utzi nahi ez bagenuen, huraxe zen mementoa, berandu baino lehen.
Zutitu eta zigarro bat bildu nuen, lasaitzearren. Hura errez, gelako leihotik kanpora begiratu nuen.
Fardela; ez zen ikusten. Elurrak azpian gordea zuen ordurako.
Goizean, esnatu beharrik ere ez nuen izan. Behiak marruka hasi zirenerako, espartinak lotzen ari nintzen. Hirirako bidea goiz hartu behar nuen, Estudiantea aurkitzekotan. Uste baino errazago atzeman nuen, ordea, itzuli handirik egin beharrik gabe. Urumeako erriberan egiten ari ziren etxe berrien artetik ikusi nuen etortzen, kontrako bidean. Hautsak harrotuz heldu zen, zaldi gainean, bere betiko lebita soinean. Zaldi gainean ibiltzeko ere ez zuen kenduko; ematen zuen besterik ez zuela.
Keinu egin nion, urrundik, gelditzeko. Uste dut ez ninduela ezagutu hasieran. Buila egin behar izan nion, eta orduan bai, neure pareraino etorri eta diosala egin zidan, zaldi nabar galantaren gainetik jaitsi gabe.
Frantsesarekin bakeak egingo nituela esan nion, hala nahi bazuen; azaldu nion prest nengoela horretarako, baina berriz biltzen hasi behar genuela, zerbait egin behar genuela, erdizka utzi genuen zer hura bukatu beharra zegoela, orduantxe zela memento egokia, Kuba galtzear zegoela Espainia, kolpe zehatza emateko mementoa zela.
— Bai. Aita hasia dago Kuban dituen inbertsioak Londresera eramaten.
Ez nekien Albertoren aitak... Akaso Frantsesak, zerbait... Nik ez nekien bizargabearen aitak Kuban, zera...
Totelka ikusi ninduenean, azalpenak eman zizkidan. Estudiantearen aitak diruak jarriak zituen azukre landatan eta itsaso bidezko garraio zenbaitetan.
Laztan egin nion muturrean zaldi nabarrari. Batzuetan ez nintzen konturatzen norekin ari nintzen, ahaztu egiten zitzaidan.
— Hobe izango duk, bai, Madrilera mediku ikastera joanda —esan nion, bat-batean konturatuta.
Laztantzen ari nintzen zaldi hark hobeto ulertuko ninduen. Seguru. Alferrik ari nintzen koadrila harekin. Neu baino ez nintzen akordatzen Angiolillorekin.
Baina Estudiantea ere makurtu egin zen. Zaldiari muturra laztandu zion hark ere.
— Ados —esan zidan.
Eta ezker eskua eman zidan, zalditik jaitsi gabe.
Hondoa jo nezan itxaron zuen, eskua eskaintzeko.
Duda egin nuen. Ez nintzen berehalakoan konturatu. Baina besoa luzatu nion. Hurrengo igandean zita jartzeko esan zuen Estudianteak. Baietz esan nion. Frantsesarekin hitz egingo nuela esan nion. Utziko niola enkargua lantokian.
Zaldiari tira eta bidean aurrera jarraitu zuen. Bizkarra eman zidanean konturatu nintzen.
— Aizak! —egin nion buila—. Aizak! Hire lehengusu horrek... Aizarnako minatan segitzen dik lanean?
Baietz egin zidan buruarekin. Zalditik jaitsi gabe. Eta barreka joan zen, solibak garraiatzen zituen gurdi bat ezkerretik pasatuta. Atzera begiratu eta eskuin besoa jaso zuen agurtzeko, barre egiteari utzi gabe.
Michelleren gonazpikoaren fardela oparitu eta gutxira topo egin genuen Frantsesak eta biok. Ez nion aitortu nahi izan ez nuela fardelik zabaldu, eta lanagatik galdetu nion.
— Badakizu nik ere, zuk bezala, astoarekin lan egiten dudala? —esan zidan.
Alegia, astoa esaten zitzaiola moldiztegiko armairuari, altzari handi hari.
— Chevalet —esan zidan.
Berunez zamatuta egoten zen asto haren sabela.
Bidean lagundu zidan Loretoperaino, eta torturatzeko erabiltzen zen beste chevalet bat ere bazela esan zidan.
— Inkisizioak erabili zuen hemen.
Errazuren txaletaren parean gelditu eta imintzioka erakutsi zidan, besoak zerura jaso, eta hanka puntetan jarriz. Pertsona jartzen omen zuten esku hankak grilluekin lotuta, eta goitik eta behetik eragiten omen zioten hezurrak kraskatu arte, edo adiskideak, senideak, auzoak salatzen hasi arte. Hondartzatik, pasealekutik, begira geneuzkan udatiarrak. Postura lotsagarri hura uzteko eskatu nion Frantsesari eta aurrera eragin nion astoari.
— Honek ez dik ba inkisidore itxurarik, baina torturatzen naik ederki —esan nion, Maria Kristinari ziriarekin eraginez, abiarazteko.
— Bai. Gure tailerreko astoak ere torturatzen nau ni.
— Hire gerriek hartuko zitean Inkisizioaren asto hori! Badaukak zerbaiten premia —esan nion, erdi herrenka baitzihoan, tarteka gerriei heltzen ziela.
Baina Frantsesak bazuen galderei ez erantzuteko ohitura zerri bat. Pentsatzen ari zen. Ikusten nuen pentsatzen ari zela.
— Beste chevalet bat ere bada, ordea.
Azaldu zidan margolariek haren gainean bermatzen dituztela koadroak.
— Hitz bakarra, eta hiru esanahi.
Ulertu ezin nuen hunkidura klasea zeukan.
— Hirutasun santua bezala, orduan: gauza bakarra hirutan eta hiru gauza bakarrean —erantzun nion, On Kaxildoren lezioekin gogoratuta.
Barre egin zidan, baina ez nuen sentitu; bazekien ez nintzela serio ari. Nik banekien ez nintzela serio ari.
— Bai, Sotero, larru bakarrean hiru pertsona izateko aukera.
Ez nekien zer esan nahi zuen. Airean eragin nion ziriari.
— Hala ere, Maria Kristinarenak baino belarri motzagoak izango ditiztek chevalet horiek guztiek.
Barre egin zuen, algara naro ustekabeko bat, ahoaren goi aldeko lau ebakortzen hutsunea agerian utziz.
Hortz haiekin akerra ematen zuela esan nion.
— Sotero, ni ez naiz deabruaren mezularia —esan zidan barregura kalmatu zitzaionean.
Ondarretako tunelaren azpitik gindoazen.
Oparitu zidan fardela ireki al nuen galdetu zidan.
Ezetz erantzun nion.
Derrepente tristatu zela iruditu zitzaidan. Lepoko zapi gorria askatu eta aurpegia pasa zuen harekin. Begiak igurzten zituela iruditu zitzaidan.
Tuneletik argitara irten ginen laster.
— Hara, hor zagok nire zeruaren fabrika! —esan nion, kontua aldatzearren.
Ez zuela ezagutzen ohartu nintzen, eta Eztenagaren pospolo fabrika seinalatu nion ziriarekin.
— Donostiari fosforoa falta zaiola? Hor daukak behar duan guztia.
Kubaren independentzia eta jela gogorrak ekarri zituen urte berriak. Maria Kristinak jan behar ez zuenen bat jan zuen. Inoiz edo behin hozka egin izan zien parean harrapatutako galtzei edo txapelaren bati. Ez dakit zer irentsiko zuen, baina kalte egin zion. Haginaren adaxkak, akaso, arratoientzako pozoiren bat, ez dakit.
Jaulis etorri zitzaidan etxera. Arnasestuka esan zidan Maria Kristina hesteak bota beharrean egon zela gau osoan, eta ezin zutela gehiago altxa. Lasterka joan ginen Eizmendiren ukuilura. Iritsi ginenerako, joanda zeuzkan indarrik gehienak. Ezin zuen burua altxa ere egin, baina begiratu egiten zidan, bere begi handi, ilun, bustiekin. Belarriekin keinuren bat egiten zuen, baina ez zuen indarrik ezertarako ere. Triste zituen begi handiak.
Ulertu balu moduan. Baleki bezala.
Egun hura itxaron genuen, badaezpada ere.
Hurrengo goizean ukuilura jaitsi ginen Fermin eta biok. Lotan zegoela ematen zuen, edo lotan zegoela pentsatu nahi nuen. Makurtu ere gabe, ostiko batzuk eman zizkion Ferminek, eta asto berria ekarri beharko zela esan zuen.
— Aurreratuko diat nik dirua.
Ez nuen onartu. Ez dakit zenbat denboran aritu beharko nuen hutsaren truke harentzat lanean, astoa ordaintzeko. Astoak bezala lan egin, astorik gabe jarraitzeko; negozio urria.
— Ekar ezak astoa, nahi baduk, baina ez diat nik hartuko —esan nion, astoaz gainera mandazain berria ere beharko zuela zehaztuta, eta joan egin nintzen.
Sukaldera igo eta etxekoei esateko denbora izango zuen, ez gehiago. Entzun zuen bezain azkar, tximistaren pare, atzetik lasterka etorri zitzaidan Jaulis.
— Soterooo! —buila egin zidan.
Umea zen artean. Mukizu arraioa.
Gainera salto egin zidan eta airean hartuta besarkatu nuen.
— Lasai, kaskurrio. Etorriko nauk bisitan tarteka.
Lurrean utzi nuen. Ilea haztatu nion.
— Ez zara Ameriketara joango! —esan zidan, erdi intzirika.
— Ez diat uste. Baina, joango banintz, abisatuko nikek.
Ameriketan egona nintzen lehenago ere. Joatekotan, joaterik banu, joan beharrik banu, Parisera joango nintzateke, akaso. Baina hori ez nion Jaulisi kontatuko.
Zerbait behar eta, morroi hasi nintzen maizter nengoen baserrian. Etxekoandreak fedea eta karitatea zituen ugari, eta lanak eskas. Beso bakarrarekin arituta ere, denbora aski izan nuen Estudiantearekin beste lan batzuk aurreratzeko; baita hark etxerako ematen zizkidan lan nekosoak egiteko ere. Bolada hartan ikasi nuen irakurtzen dakidan apurra. Baina azkenerako errukitu egin nintzen nire etxekoandre errukitsuarekin. Ez zuela morroi beharrik jakinarazi nion, ez zegoela han niretzako lanik. Hainbesteko mesedeak egin zizkidan. Ezin nuen etxekoandrearen ugatzetik bizitzen jarraitu.
Ez zegoen erraza lana aurkitzen. Elbarrientzat zailago. Inork ez zuen nire modukorik enplegatu nahi. Barre ere egin zidaten baten batzuek, asko gorde gabe; ez dauzkat berehala ahazteko.
Gainera, bakea sinatu zuten estadosunidostarrek espainiarrekin. Gure soldaduak etxera itzultzen hasi ziren, zamaontzietan pilatuta, arratoien artean. Irabazleen jabetzara pasatu zen irla. Bukatu zen gerra eta soldadu ohiek bide ertzera salto egin zuten, lapurretara, eskera, kantura, errukira.
Bertso berriak egiten hasi nintzen haietako batzuentzat.
«Kuba'tikan etorri
giñaden gaztiak,
nola arkitzen geran
guziro tristiak,
errukitu zaitezte,
euskaldun maitiak,
ikusirikan gure
begi bitartiak.»
Bazter askotan topatzen nituen, gehienak ni baino okerrago eta tristeago zebiltzanak, bi besoak osorik eduki arren. Elbarriak ere baziren: itsuak, herrenak, gaixoak... Gosea zuten etsai gaiztoena, hala ere.
Bertso berriak egiten hasi nintzen, eta opari ematen nizkien, erruki eskea janzteko. Aguazilek edo mikeleteek aurrean hartuta bidali aurretik, haiekin hitz egiten nuen, aldarterik izanez gero, edo baso erdia hartzera gonbidatzen nituen Ramirorenean, patrikan dirurik izanez gero.
«Emen txit umilla
bada gazteriya,
nola ez du izango
gure errukiya?
Nork ukatuko digu
txakur bat aundiya,
kentziagatikan
guri miñ-oriya?»
Arrietarengatik galdegiten nien. Batzuek ezagun zuten, besteek ez. Kanoikada batek lehertu zuen Santiagoren defentsan, batzuen esanera; maniguan ihesi hasi eta desagertua zen, besteen iritziko. Eskale aldra hartan ez nuen topatu behintzat. Ramirok ere ez zuen haren berririk. Aberriaren batasunagatik hila izango zela esan zidan behin. Zakurraren ipurtzulora bidaliko nuen, baina ez eskailerapeko hartara, zakurraren ipurtzulora baizik.
Frantsesarengatik ere galdetu zidan Ramirok negu hartan, eta Estudiantearengatik.
— Ez ditiat aspaldi ikusi —erantzun nion—. Zer ba? Hemen egon al dituk?
— Hobe haien berririk ez baldin baduk —esan zidan—. Jende hori ez duk parte onekoa.
Bazen parte okerragoko jenderik. Heroi gisara agurtu zituzten arren, soldatarik gabe bueltatu zen soldadu aldra harekin batera, kategoria handiagokoak ere itzuli ziren Donostiara. Eta orduko ailegatu ez zirenak laster iristekoak ziren. Bueltatu zen Dugiols, Filipinetako heroi handia, euskaldunon izena munduan edertu zuena. Denek loriatzen zituzten, ezbairik gabe, haren balentriak eta haren tenplea. Gizonaren graduko harrera prestatu zion probintziak.
Faltan sentitzen nuen Frantsesa. Gustura adituko nituen zahagi zaharraren «Buvons!» haiek, Ramirorenean, Arrietaren eta Potxoloren muturrean: «A l'indépendance du monde!».
Bolada makala izan zen. Eskas zebiltzan lana eta jatekoa. Dirua bazegoen heroi handiei harrerak atontzeko, baina azukrez betetako ontziek Donostiako kaian sartzeari utzi zioten. Zaila izan zen negu hura, Kubaren independentzia eta jela gogorrak ekarri zituena.
Jelak berdin honda ditzake baratzeak, garaiz kanpo egiten badu. Baina tamaina egokian eta garaiz egiten badu, lurreko zomorroak garbitzeko eta belar txarrak ihartzeko, ez da botika hoberik.
Urte hartako jelak tamainan eta garai egokian etorri ziren. Orduan aurreratu nuen irakurtzen dakidan apurra, orduan itzuli nintzen bertso berriak egitera, aspaldiko partez, eta bide zuzenetik zihoan Estudiantea eta bion arteko lan isila ere. Hotzak lurrak garbitu eta neguak udaberrirako bidea egin ahala, Oinazearen Federazio Txakarra lehengora itzultzen hasi zen. Igandetan biltzen hasi ginen, Zubietan. Ezin genuen hutsetik hasi, baina trukean bagenekien zer emango zuen gutako bakoitzak, bagenekien bakoitzari zer eskatu ahal zitzaion, noiz estutu, noiz laga bakean.
Frantsesak lana aurkitu zidan, haziak saltzen zituen Donostiako gizon alai eta axolagabe baten dendan. Nagusia kaskarin samarra izanagatik, lana samurra zen, eta garbia. Zaku txikiak bete, zaku txikiak pisatu, zaku txikiak kobratu. Noizean behin zamatu behar izaten ziren karga astunagoak, edo txukundu behar izaten zen almazena. Baina hutsa, ordura arte izan nituen asto lanekin alderatuz gero.
Estimatu nuen Frantsesaren mesedea.
Baina egiazko lanak Estudianteak eta biok aurreratu genituen.
Frantsesari lehengo eta betiko nire kontu haiek esaten nizkion, hobe litzatekeela Dugiols zelatatzea, edo Polaviejari begiratzea, edo akaso markesen bat barrandatzea. Bere betiko erretolikarekin erantzuten zidan, gorago jo beharraz aritzen zen, pitxerrari ondo helduta, badaezpada ere.
Distraitua geneukan Zubietan, igandetan, gure eltzagorra.
Horregatik harritu zen dinamita lortu genuela esan genionean.
Begi mozkortiak piztu zitzaizkion eta ez genuen gehiago bakerik eduki. Dena jakin nahi zuen aitzaki jaunak: nondik eskuratu genuen, nola izan zen, nork zeukan, zenbat; eta data jarri behar genuela, lekua aukeratu, dena prestatu, dena ondo lotu eta, batik bat, zera erabaki:
— Zeinek?
Nork piztuko gintuen errautsetatik, alegia.
Ez zuen denbora askorik behar izan dinamita berak gordetzea komeni zela sinetsarazteko. Estudianteak segituan heldu zion amuari. Pasatakoak pasata, ez dakit nola onartu zion, ez dakit non zeukan burua, medikuntzetan edo lurrin gozoetan. Gogor egin nion, ez itsutzeko, dinamita neuk gordetzea hobe zela, eta niri uzteko eskatuz. Baina, sasoi onenetan bezala, elkar hartuta zeudela ematen zuen, nire kontra, bizargabea eta eltzagorra.
Oraindik eta zailagoa izan zen nola erabakitzea. Ez genuen berdin ulertzen eginbeharrekoa eta ez zen samurra ados jartzea. Gutako bakoitzak bazituen bere ñabardurak. Estudianteak ez zuen garbi ikusten printzearena, baina gainerakoan ados zetorren Frantsesarekin. Nik ez nuen garbi ikusten ezer, baina okerrena iruditzen zitzaidan geure buruak entregatzea, ihes egiten ere ez ahalegintzea. Frantsesa zen argien ikusten zuena. Baita ezer egiteko borondate gutxien zuena ere. Luzamendutan aritzen zen.
Nik gogora ekartzen nien dinamita nork atera zuen. Baina Estudianteak ere bere partea aldarrikatzen zuen zeregin horretan. Eta Frantsesak ideia norena izan zen galdetzen zuen. Bakoitzak bazituen bere merituak.
Nagusi gehiegi asto bakarrarentzat.
Baina bakarka ez zen errazagoa izango eta, azkenean, nolabait adostu genuen ezin genuela pasatzen utzi uda hura eta, aukera izanez gero, abuztuaren 8an egingo genuela egin beharrekoa. Angiolilloren bigarren urteurrenean. Sinetsia nengoen amarruren bat zerabilela Frantsesak; hezurrekin lurra jo arte mozkortzea eta liburuak jatea, beste asmorik ez zuela; ahoa hitz potoloz bete arren, nahiago zuela oilaskoz eta ardoz beterik; eltzagor koldar alaena; aitzaki jauna.
Hizketan eta hizketan hasten zen, ezer esan gabe. Gai zen orduak eta orduak zentzugabekeriak, bata bestearen atzetik, esateko. Ordurako nahasten hasia egongo zen akaso.
— Erabaki egin beharko dugu, bestela... —esanez hasten zituen mahaiaren bueltako igandeko bilerak, eta gero airean zintzilik uzten zituen galdera guztiak, paradisuko beste sagar debekatu haien antzera.
Horregatik harritu nintzen sanjoan bezperako igande hartan, nahita ere edukiko ez lukeen mozkor piura harekin lurrean aztarrika hasi eta hiru zotz muturraren aurrean jarri zizkigunean Estudianteari eta bioi.
Horregatik haserretu nintzen eltzagorraren ukabilaren barruan krak! egiten entzun nuenean, zotzik laburrena atera, eta «Kaben zotz!» faltsu hura esan zuenean.
Sanjoanetako istiluaren ondoren ez nuen gehiago korajerik bildu Frantsesak aurkitu zidan lanera itzultzeko. Damutu nintzen ederki nire ira kolpearekin. Lastima zen hazi dendako lana uztea, baina zer aurpegirekin joango nintzen astelehenean, deus ere gertatu ez balitz bezala, plantak egitera? Adiskideak ziren dendako nagusia eta eltzagorra, tarteka behintzat elkar hartuta ibiltzen zirenak. Nola, zer arrazoirekin, azaldu behar nion ia-ia zahagia erditik urratu nuela? Nola azaldu, dena esan gabe?
Igandean bisita egin nion Fermini. Ez zegoen etxean. Emaztearekin hitz egin nuen. Gezur batzuk esan nizkion, lanetik bota nindutela, elbarria nintzelako gutxiesten nindutela; handikeria batzuk. Nire alde egingo zuela agindu zidan.
Gizon zintzoa nintzela.
Astelehenean bertan, dendako nagusiari azaldu nion ez nuela itzultzeko asmorik.
— Ez nauk ohitzen, egun osoa denda barruan —esan nion.
Ez zidan gehiago galdetu, eta eskerrak.
Kontuak egin genituen eta Loiolarako bidea hartu nuen atzera. Fermin Eizmendi jaunarengana berriro. Emazteak beratua zuen ordurako. Jaulisek ere esango zion zerbait, seguru. Sukaldeko zizeiluan eserita harrapatu nuen, gazta puska batekin hamaiketakoa egiten.
Barrabilei hozka egin eta makurtu egin behar.
Egin genuen nolabaiteko tratua. Ez nengoen protestan hasteko kondiziotan.
Jaulis poztuko zen, akaso. Nik banituen hura baino lehenagoko kontuak. Ez nengoen dantzarako. Kontuak nituen kitatzeko Frantsesarekin. Eta kitatu nituen, portuko etxe hartako atarian. Ez zuen Jaulisek asko susmatuko nola ibilia nintzen. Gogoak ematen zidan horregatik pozten zela ni ikusteaz, berriro Eizmendirekin lanera itzuli nintzelako pozten zen bakarra zela Jaulis.
Alde batera, lasaitua hartu nuen, Frantsesaren malmuzkeria baldar haiek denak agerian utzi nituelako.
Bestera, uste osoa nuen, hurrengo igandean ni bakarrik agertuko nintzela Zubietara. Egin zituela Federazioak egin behar zituen guztiak. Akabo zela.
Frantsesa ikusten nuen, izuturik, Florentziarako bidea hartzen. Estudiantea ikusten nuen, ikaraturik, Madrilerako trenean. Negar egingo nukeen, haserre egon ez banintz. Joanak zirela pentsatzen nuen, denak joan zirela.
Ordurako neronek ere beldur gutxi, dena bukatu eta lehengo bizimodu petralera itzultzeko. Atzean utzi nuen hartan ez zegoen guraririk, baina ezta traiziorik ere. Gardenagoa zen dena. Errazagoa.
Baina hurrengo igandean azaldu egin nintzen Zubietara. Itxaropenik gabe, baina han nengoen esandako ordurako. Tabernan salda beroa eskatu eta kanpoko petrilean eseri nintzen. Eizmendi jaunak alokatu zidan asto berria nuen gogoan. Argi-argia zen, zuria kasik. Ez dakit nondik, Fede jarri behar niola okurritu zitzaidan. Federacion deitzea pentsatu nuen, baina luzeegi gelditzen zen, aukeran. «Gure Federazioak izenik gabe ahitu behar badu, sikiera astoari izena emateko balio izango dik», pentsatzen nuen. Fede ondo zegoen, motza zen, eta Federiko esan nahi zuela pentsatuko zuen jendeak. Hainbat hobe; galdera gutxiago.
Astoa neure kasa bataiatzen ari nintzen hartan agertu zen Estudiantea, bere zaldi nabarraren gainean. Hala ibiltzen ginen, batzuk gure asto kontuekin arrastaka, eta besteak zaldi gainera igota.
Aulkitik jaitsi eta diosala justua egin zidan. Ilun zuen begitartea. Bridak enbor ihar baten bueltan bildu eta komunera joan behar zuela esan zidan.
— Pariskora? —galdetu nion, arrakasta handirik izan ez zuen broma tristea eginez.
Kasu handirik egin gabe baztertu zen tabernaren atze aldeko zoko batera. Estudiantea eskuak beteta lanean ari zela agertu zen Frantsesa, neure bizkar aldetik. Ez dakit zergatik iruditu zitzaidan aspaldi zegoela han, pilota plazaren kontrako ertzean, guri begira. Susmo hori hartu nuen.
Bisaia zurrunarekin elkartu ginen hirurok pagoaren itzalpera. Garesti zeuden hitzak. Zer edan edo jan nahi zuten galdetu nien.
— Soldat forçat a pas, jamai plan portat lo sac —erantzun zuen Frantsesak.
Ez genuen ezer ulertu, eta berritik hasi behar izan zuen aitzaki jaunak esplikazioak ematen.
— Gure herrian esaten da, derrigortutako soldaduak ez duela gerla txukunik egiten esateko.
Barkamena eskatu zion Albertori. Amarrua aitortu zion.
Urduri zegoela esan zigun. Erabaki beharra zegoela eta ez zuela inork erabakitzen eta zerbait egitea pentsatu zuela. Gu biok elkar hartuta genbiltzala, bazterrera utzi genuela dinamitaren kontuan. Mila arrazoi eman zituen, eta bat bera ere ez. Baina, azkenean, «Ez baduzu gogorik, ez duzu zertan ezer egin», esan zion Estudianteari.
Harekin aski zen niretzat. Ez nuen gehiago espero.
— Eskertzen dizut zintzotasuna —esan zion Estudianteak.
Astoa bataiatzeaz aparte, ez nuen gauza handirik espero igande eguerdi hartan. Ni bakarrik agertuko nintzela uste nuen behintzat eta.
— Eskertzen dizuet dena —jarraitu zuen bizargabeak—. Baina pentsatzen eman dut aste osoa. Eta egin egingo dudala erabaki dut. Bai, neuk egingo dut.
— Ez daukak ezer egin beharrik —moztu nuen—. Amarrua izan zuan, ez al diok aditu?
— Lasai, Sotero. Badakit amarrua izan zela. Zer uste duzu? Ez nuela nabaritu nola kraskatu zuen zotza? Baina aste osoa izan dut pentsatzeko, eta baietz erabaki dut. Neronek egingo dudala.
Haizea hartu zuen.
Mutu geratuak ginen Frantsesa eta biok. Petrilean eserita, burua kolkoaren kontra estutu eta hartxintxarrekin jolasean ari ziren bere oinei begiratu zien Estudianteak.
— Acta est fabula —esan zuen, ordura arte sumatu genion bozik helduenarekin—. Ez badut nik egiten, ez du inork egingo, ezta?
— Sator-zulotik aterako gaituk astelehenean.
Bekainak altxa eta kopeta handi hura zimurtu zuen Frantsesak. Trumoiak jo zuen taberna kanpoan, eta hara joan zitzaion burua.
— Satorrak bezala —azaldu nion, besotik helduta—, inor konturatu gabe aterako gaituk argitara. Parisen bezala.
— Pariskoa ez da berriz gertatuko —erantzun zidan—. Gainera, jakin egin behar izaten da lepoa noiz luzatu.
Ate aldera egin zuen keinu buruarekin.
«Acta est fabula» esan zuen. Akabo kontuak eta komeriak. Nik asko espero gabe Estudianteak esan zituen hitz haiei bueltaka aritu nintzen. Fabula hitzak errima politak zeuzkala okurritu zitzaidan. Eizmendirengana nindoan, Federekin, bertsoak osatzen:
— Burla, degula, eztula...
Puntu erdiren bat ere osatua neukan:
— Acta est fabula,
ezingo digu berriz
iñork egin burla...
Inoiz salduko eta ziurrenik inprimatu ere egingo ez nuen bertso sorta baterako bertsoak zetozkidan, goiz hartan. Ia-ia zuria izateraino argia zen asto berriarekin nindoan, txistuka. Oinez nindoan, Federekin, puntuak asmatzen:
— Garbituko diogu
kontrako eztula,
lara lara lara la
acta est fabula...
Aurrez aurre heldu zen gizonari erreparatu nion. Eskuak patrikan sartuta eta hortzetan zotza zuela heldu zen Amarako bidetik. Zamarra bizkarretik atzera botata heldu zen gizon hark Arrietaren pausaje bera zeukan.
— Ez al diok lagunari kasurik egin behar! —orro egin zidan, parean tokatu ginenean, estutu bortitza emanez.
— Sarjentua nauk orain, argi ibili nirekin.
Begia keinatu zidan.
— Estudiantina antolatu behar diagu gerrako ezinduentzat.
«Zer uste dute moro zar oiek:
española garaitzia,
gure kopeta beren indarrez
umill goiberatutzia?»
Arnasarik hartzen ez zidan utzi eta lepotik tiraka ari zitzaidan dagoeneko, bertso txar haiek kantatzen.
— Izen emango diat estudiantinarako.
— Zer estudiantina?
— Dirua bildu nahi diagu gerrako ezinduentzat. Hiretzat ere iritsiko duk zerbait.
Lehen bezain zakar kantatzen zuen, ez zitzaion ahotsik beratu.
«Kubara goaz Euskal-Erriko
seme leial t'agitzuak,»
— Ezin diat. Lanpetuta nabilek. Asto berria zeukaat, eta hura pagatzeko beltz lan egin beharko diat.
— Hau al duk hire asto berria? —galdetu zidan, interesa izango balu bezala.
Sabelpea haztatu zion, esku zakar haiekin.
— Bai. Fede jarri zioat.
— Abandonatu egin al hau Maria Kristinak?
— Hil egin zuan.
Eskua Federen sabelpetik atera eta kantuari ekin zion. Ez zituen bertsoak gogoratzen. Nahi zituenak bakarrik kantatu zizkidan.
«Goazen, mutillak, tximistan oiñez
odoi beltza urratzera,»
— Izen emango diat orduan. Astelehenean bilduko gaituk.
— Astelehenean ezin diat, esan diat lehen ere. Lanpetuta nabilek.
Frantsesak esan zuen astelehena egun egokia izan zitekeela, entzun zuela zerbait, Gaztelura igoko ote ziren astelehenean, Siciliakoei bisita egitera.
— Ezin didak ezetz esan. Gainera, musikaz dakien norbait behar genikek.
— Izango duk nik hainbeste dakienik.
Ez zuen ezezkorik onartuko.
— Hi, txikito, ibil hadi kontuz nirekin, sarjentua nauk orain, ez bahekien ere —esan zidan, badaezpada ere.
Barre egin zuen, baina besoa txindurritzeraino estutu zidan. Astelehenean Ramirorenean egin zutela zita esan zidan, eta han joan zen, gonbita edo mehatxua, zer egin zidan argitu gabe.
Acta est fabula. Badakit pentsatu nuela. Ez dut uste esan nionik.