Sare orojaleak
Jon Ansolak kazetari ospetsua izan nahi zuen gaztetxoa zenetik. Blok txiki batean oharrak idazten jarduten zuen nonahi, ingurukoari entzungor. Alferrik saiatu ziren gurasoak beren iritziz prestigio handiagoa zuten ikasketetarantz bideratzen. Unibertsitatean lizentziatu zenean, soldata baten truke edozein hedabide handitan lan egiteko gogotsu zegoen.
Zerrikeria asko ikusi beharko duk esaten zioten lagunek.
Ni ez nauk sartuko kontu horietan. Kontratatzen nauenari ez zaiok damutuko. Onena izaten saiatuko nauk.
Lan kaskarrak eta behin-behinekoak izan arren, bere asmoei leial aritu zen. Bazekien ezingo zuela hasieratik nahi zuen guztia lortu. Urteak igaro ziren ordea, eta bere egoera ez zen aldatu. Ohartuta zegoen aitapontekorik ez izatea kaltegarria zela. Hamar urtez batetik bestera ibilita mingostu egin zitzaion aldartea, eta asmo zaharrak higatuta gelditu zirela onartu behar izan zuen.
Hogeita hamahiru urte bete zituen egunean agindu bat inposatu zion bere buruari, zenbait ikaskide makal lanpostu ederrak erdiesten ikusi zituenetik egiteko irrikaz zegoen zerbait: inguruko ustelkeria agerian uzten saiatuko zela promes egin zion bere buruari. Azaleko kontu batzuen berri jakitea ez zuen zaila izan. Baina, kazetari lanbideak ematen zizkion aukerez baliatu arren, kosta egin zitzaion putzu sakonetan murgiltzea.
Trapu zikinen bila ari zela, urtetan ikusi ez zuen Iñaki Tolosarekin topo egin zuen Okendoko parkinean. Jonek bere lan kaskarren ibilbidea laburbildu zion. Iñaki, aldiz, pozik zegoen: zinegotzi, zuzendariorde, Lakua.
Kazetari lanen bat dagoela jakinez gero, deituko diat.
Eskerrik asko.
Ea aurrerantzean zorte hobea daukaan.
Zortea edo... Eskerrik asko.
Jon inbidiak jota gelditu zen. Unibertsitatean egun osoa kafetegian ematen zuen ikasle eskas horietako bat zen Iñaki. Deigarria zen, Kazetaritzan lizentziatutako batek nolatan egin zezakeen lan enpresa bateko zuzendariorde.
Iñaki topatu eta egun gutxira, kazetari lan on bat eskaini zioten Joni, etorkizunera begira aukera handiak eman zitzakeena. Ondoeza supituki desagertu zitzaion. Bere promesari eutsi egingo zion eta, lanpostu berriak eskaintzen zizkion baliabide guztiak erabiliz, hilabete gutxiren buruan datu mamitsu batzuk aurkitu zituen. Erabakita zeukan Iñaki Tolosa izango zela bere jomuga: zinegotzi garaiko eskupekoak, zuzendariorde zeneko dirusari bitxiak, Lakuan adiskideen mesedetan egindako esleipena. Eta abar. Luzeegia hain gaztea izateko. Albiste sorta bat prestatu eta bere saileko buruari emateko ordua iritsi zenean duda-mudatan ibili bazen ere, deliberatua zen hitzari eustera.
Arratsalde hartan bertan erredakziora agertu zitzaion Iñaki Tolosa, egunkariko txori txiki batek deitu ziola eta Jonekin bakarka hitz egin nahi zuela esanez.
Mesedez, ez ezak hori argitaratu.
Ezin diat beste alde batera begiratu.
Aspalditik ezagutzen diagu elkar. Ez ezak argitaratu! Bazter guztietan aurki ditzakek horrelakoak. Ni arrain txikien behargina nauk, besterik ez. Zergatik plazaratu behar dituk nire kontuak?
Nire lana duk.
Hire lana? Nik egindako gomendioei esker eman zitean-eta.
Jonek kopeta zimurtu zuen.
Edonola ere, orain ezin diat atzera egin.
Jon pentsakor geratu zen.
Iñaki zaunka batean hasi zitzaion:
Bi gauza, Jon. Bat: ez duk albiste hori argitaratuko. Eta bi: hireak egin dik. Hemen ez ditek kontratua berrituko!, dudarik ez egin. Eta jakin ezak, nire esku dagoen guztia egingo dudala kazetaritzan behintzat lanik egin ez dezaan aurrerantzean. Inoiz ez. Ziurtatzen diat leku askotara iristeko gai naizela.
Jon Ansola aulkira lotuta gelditu zen ordu pare batez. Bizitza osoan zuzenean egin zioten lehenengo mehatxu serioa izan zen.
Egunak eman zituen pentsakor. Azkenean, Iñaki Tolosaren bulegora joatea erabaki zuen.
Barkatu. Azken aldian ez zakiat zertan ari naizen.
Albistea ez argitaratzeko mesedez eta faborez eskatu nianean, ezezkoa eman hidan. Zergatik lagundu beharko nikek orain? Ez haiz fidatzekoa. Ziur nagok ahal duanean kalte egingo didaala berriro.
Burumakur alde egin zuen. Hiru egunen buruan ikaskide ohiaren bulegora bueltatu eta berak idatzitako txosten bat eskaini zion Iñakiri.
Denetarik daukak hor: legeari eta moralari buruzko ikastaroan Torraz epaileak nola lapurtu zion kreditu txartela kide bati, gero putetxean ordaintzeko; Donostiako taberna batzuek terrazak jar ditzaten ordaintzen dituzten eskupekoak; lan publikoa lortzeko pertsona batzuek izan duten laguntza. Eta abar luze bat. Baliagarriak izango zaizkiala espero diat.
Haserre ihardetsi zion Iñakik:
A zer aurkikuntzak! Txikikeriak besterik ez. Eta jende horrek ez zaukak niri faborerik egiteko mailarik.
Jonek beltz ikusi zuen. Etsi-etsian saiatu zen Iñakirentzat baliagarria izan zitekeen informazioa lortzen. Argi zeukan kontratua bukatu arteko denbora horri eskainiko ziola nagusiki. Eguneko lanak doi-doi bete eta bere zeregin berezian ahalegintzen zen ia lorik ere egin gabe. Jon harrituta zegoen bere buruarekin; etsipenak oso eraginkor bihurtu zuela jabetu zen.
Hurrena berriz Iñakiren bulegora joan zenean, ordurako Jonek, nekeak jota, ez zeukan gauzak bi aldiz pentsatzeko tenturik.
Ea hau zer iruditzen zaian. Bazakiat influentziarik gabe gelditu zaretela banku horretan. Martinez Etxeberria ez duk handienetako bat, baina hari presioa eginez agian lortuko duk zer edo zer. Eta horrekin aski ez bada, hire alderdiko zenbait konturen berri ere jaso diat. Irakurri beste txosten hau.
Iñaki Tolosak betidanik nahi izan zuen lanpostu gailen bat eta ahalik eta soldata handiena. Funtsean hori bakarrik eskatzen zion bizitzari. Bazekien beste guztia berak bakarrik lor zezakeela.
Lan txiki batzuetan ibili ondoren, gurasoen alderdian sartu eta aitak zeuzkan lagunei esker lortu zuen Donostiako Udaleko zinegotzi postua denbora laburrean. Legegintzaldi baten ostean, alderdiko bere aitapontekoaren bitartez Abegi SAn zuzendariorde izendatu zuten. Han sortu ziren zenbait arazotatik ihesi, Lakuan eskaini zioten lana onartu behar izan zuen. Lakuako soldata merkea ez bazen ere, diru gehiagoren gutizia zeukan. Eta bereziki: egunero Donostiatik Gasteizera joateari utzi nahi zion.
Horrexegatik, Jon Ansolak informazio baliagarriz betetako bi txosten haiek eman zizkionean, eskuetan altxor bat zeukala iruditu zitzaion. Burua hotz mantentzen saiatu zen. Ezer egin aurretik garuna estutu beharko zuen, aukera bakoitzak zein eragin izan zitzakeen hausnartze aldera.
Juan Imazekin hitz egitera deliberatu zen. Iñaki Tolosa alderdian hasi zenetik bere aitaponteko papera jokatzeaz gain, Juanek goi mailako lan zikina egin izan zuen beti alderdian. Jon Ansolaren txostenak deskribatzen zituen jardueren artean, Juan Imazek Ogasunean egiten zuen lanak eman zion atentzio gehien Iñakiri. Ofizialki, dirua zor zuten enpresen kobraketaz arduratzen zen Imaz jauna, baina aldi berean, eskupekoen truke zorrak birnegoziatzen zituen, eta horrela enpresek gutxiago ordaindu behar izaten zuten, Ogasunak gutxiago kobratzen zuen, eta alderdiak finantzatzeko iturri beltz oparo bat lortzen zuen. Baina Jon Ansolaren txostenak goi mailako alderdikideentzat jakina zena baino gehiago ere azaltzen zuen: itxuraz, operazio horietan Imaz jaunak alderdiari aitortzen ziona baino gehiago hartzen zuen bere kolkorako. Iñaki Tolosak Juan Imazi presioa bide horretan egitea pentsatu zuen hasieran, Imaz jaunarengandik orain arte baino etekin handiagoa lortze aldera. Alta, bide horren arriskuaz jabetu zen segituan, eta baztertu egin zuen. Eta ondorioz, Martinez Etxeberriaren kontuarekin agertu zitzaion Imaz jaunari.
Martinez jaunari edo bere gisako bati mehatxu egitea Pandoraren kutxa irekitzea da, Iñaki. Zuk lepora diezaiokezun edozein gauzaren pareko zerbaitekin salatuko zaitu zu. Teniseko partida bat bihur daiteke. Ero batek besterik ez luke egingo. Jakin dezazun, gure alderdiari mailegu ezin merkeagoak eman dizkio banku horrek azken hogeita hamar urteetan, eta batzuetan alderdiak itzuli ere ez ditu egin. Zalantzarik gabe esan diezazuket ez zirela doako maileguak.
Iñaki Tolosa etsita irten zen Juan Imazen klubetik. Ez zekien nola baliatu Jon Ansolak emandako informazioa. Eta informazioa baino gauza garestiagorik ez dagoenez, ezin zion bere buruari merkekeriarik ametitu.
Gau hartan bertan telefonoz deitu zion Jon Ansolak:
Hitz egin al duk Martinez jaunarekin?
Ez.
Beraz, ez diok deituko...
Begira, Jon: orain ezinezkoa duk hire kontratua berritzea. Nire eskumenetik kanpo zagok.
Baina gutxienez aurrerantzean...
Hik utz nazak bakean eta nik ez diat hire aurka ezer egingo.
Ez daukak Martinez jauna presionatzeko asmorik. Alferrik ari nauk hire barkamena irabazi nahian, ezta?
Bihar joango nauk Martinezengana. Ez zaukaat beste erremediorik. Bestela, hire zaku berean sartuko naik.
Zer esan behar diok?
Pedro Martinez Etxeberriaren asmoa banku ezagun baten zuzendaritzan postu garrantzitsu bat izatea zen, diru afera handien saltsan eskua sartu ahal izateko. Finantzen munduan lan egiten zuen sendi batetik zetorren eta bazekien nondik jo bere xederantz. Gaztaroan bertako banku handiena zen horretan bidea egitea lortu zuen, baina goranzko urratsean zihoala, bankuaren baitan elkarren arerio ziren zenbait talde topatu zituen, eta berehala ulertu zuen gailurrera iristeko ezinbestekoa zela lagun aproposak egitea. Pedrok aukeratu zuen taldeak, ordea, porrot egin zuen gehienetan eta, beraz, taldekideen patua oso argi gelditu zen: goi mailako lan zikina egin beharko zuten, edo bestela bankutik alde egin. Pedrok bere jomugara ailegatuko ez zela jakin arren, ondo ordaindutako postua zeukan. Ingurukoek notable bati bezala begiratzen zioten, nahiz eta bankuen munduan ezezaguna izan. Eta azkenean, etsita baina harrotasuna mantendu nahian, bankuko zuzendaritzaren iturgin lanetara moldatu zen.
Iñaki Tolosa bulegora agertu zitzaionean, zeregin bat gehiago bezala hartu zuen Pedrok. Aspaldi hartan Tolosaren alderdia eta Martinez Etxeberriaren bankua ez ziren hain lagunak, baina elkarri faboreak egiten jarraitzen zuten, ohikoa den bezala.
Nola ez zaitut ba ezagutuko esan zion Pedrok, nahiz eta Donostian zinegotzia izan zela besterik ez zekien berari buruz, segundo batzuk lehenago bere idazkariak jakinarazita.
Urduri samar antzeman zuen Tolosa jauna. Alderdiaren partetik albiste txarren bat ematera edo mehatxuren bat egitera zetorrela iruditu zitzaion.
Zuri buruzko informazioa eman digute, Martinez jauna. Bankuko zenbait goi karguren erretiroa kudeatzen ari zinela, legez kanpo sekulako dirutza mugitu duzula adierazi digute. Zuen akziodunei eta epaile bakan batzuei albistea ez zaiela gustatuko suposatu dugu, eta horrexegatik nago hemen. Guk, jakina, ez dugu ezer egingo kontu horrekin. Gure arteko harreman ona gauza horien guztien gainetik dago. Zuk jakitea besterik ez dugu nahi.
Informazio iturria zein zen zehatz-mehatz argitu zion Tolosak.
Eta Martinez Etxeberriak eskerrak eman zizkion:
Utzi kontua nire esku. Ikusiko dugu nola buelta diezazukedan faborea.
Horrelako albisteek ez zuten Pedro kezkatzen. Makina bat iritsi zitzaizkion urtetan, eta arazo handirik gabe isilarazi zituen denak. Berehala ahaztu zuen Tolosa jaunak kontatutakoa. Zeregin ugari zeuzkan esku artean eta bulegoan buru-belarri aritzeko asmoz piztu zuen ordenadorea.
Handik gutxira, ordea, idazkariak deitu zion esanez, Jon Ansola izeneko kazetari gazte bat zuela berarekin hitz egiteko zain. Pedrok istantean gogoratu zuen gaztearen izena, orduantxe emana baitzion Iñaki Tolosak.
Agindu segurtasunekoei, kalera bota dezatela segituan!
Biharamunean Jon Ansola izeneko hori bera berriro bulegora bueltatu zen eta berriro bota zuten kalera. Bi aste eman zituen Ansolak Martinez Etxeberriarengana joaten. Segurtasunaren zaintzaileek gaztea ondo ezagutzen zutenez, bankuaren eraikinera sartzen ere ez zioten uzten, nahiz eta bankuan dirua sartzera zetorrela eta gero mailegu bat eskatu nahi zuela adierazi.
Jon Ansolak ez zuen itxaropenik galdu, ez zeukan galtzeko ezer. Pedro etxera joaten zenero, zain izaten zuen atetik hurbil. Poliziari deitu zionean utzi zion han ingurura agertzeari. Baina orduz geroztik bazter guztietan izaten zuen esperoan: tabernetan, bileretan, gimnasioan. Jon Ansola beti iristen zen lehenago.
Antzinako kotxeen erakusketa bat ikustera joan zen batean ere hantxe topatu zuen gaztea.
Badakit zalea zarela, eta badakit nola lortu honelakoak merkeago. Alemaniatik ekartzen dituzte. Ez da legez kontrakoa, legearekiko paraleloa besterik ez.
Gazteak ustelkeriari buruzko informazioa eskaintzen zion etengabe. Bere probetxurako erabil zezan nahi zuen eta, bide batez, egindako ofentsa barka ziezaion.
Ia hilabete igaro zen horrela. Iluntze batean Pedro maitalearen etxera joan zelarik, atari ondoan aurkitu zuen kazetaria. Egunsentian maitalearen etxetik irten eta gaztea bertan zegoela ikusita, berarekin gizalegez hitz egitea erabaki zuen.
Honela segitzen baduzu, astindu txiki bat eman diezazuten agindua eman beharko dut.
Ez ezazu pentsa ero bat naizenik, Martinez jauna. Fabore bat eskatzearren nabil zure atzetik.
Paperez betetako kaxa bat eman zion gazteak.
Ustelkeria kasuak dira. Baliagarriak izango zaizkizula espero dut. Etxean beste hiru kaxa gehiago dauzkat. Urtebetean beste hamar lor nitzake. Ustelkeria, Martinez jauna, kirol nazionala da.
Etorri astelehenean nire bulegora.
Astelehenean Jon Ansolak arazoak izan zituen bankuaren eraikinera sartzeko, segurtasun arduradunek gaztea hurbiltzen ikusi bezain azkar Poliziari deitu baitzioten. Baina Pedro Martinez Etxeberria jaunak argitu zuen gaizkiulertua, eta Ansolari barkamena eskatu eta bulegora gidatu zuten. Ansolaren txosten batzuk mahai gainean irekita zeuzkan Pedrok.
Ohartu naiz informazio andana biltzeko gai zarela, anbizioa daukazula eta helburua lortu arte ez duzula etsitzen.
Klase gabeko jendaila iruditzen zitzaionarekin tratuak izan beharraz nazkatuta zegoen arren, urteen poderioz Pedro paperean sartzen hasia zen, eta parean zuenak bere hitzak sinesten zituela ikusita, atsegin zuen aktore izatea.
Argi dago, Ansola, zu bezalako pertsona bat hobe dela etsai baino lagun izatea. Bikain betetzen duzu zeure lana. Baina momentuz ahaztu orain artekoak. Etekin bereziak emango dizkigun operazio bat dugu abian, Kantabriako banku horrek Marcano Suministros Marítimos SA enpresarekin egin zuen haren antzekoa. Ezagutzen duzu kasua?
Ez zen batere operazio txarra izan.
Tira, haiek baino hobeak gara gu.
Luis Garciak txikitatik zekien aitaren enpresaren batean lan egingo zuela, aita bazkide nagusietako bat baitzen Gipuzkoako altzairugintzako zenbait enpresetan. Hartara, unibertsitatean Enpresaritza ikasketak burutu eta aitaren enpresetan postuz postu aritu zen, aitaren gidaritzapean, enpresa horien nondik norakoak semeak bertatik bertara ikas zitzan nahi baitzuen, betiere bulegoetan, tailerretara jaitsi beharrik izan gabe. Urte gutxiren buruan goi zuzendaritza postuetan zebilen Luis Garcia. Orduan hasi zen bere gutizia garestiak asetzen: bidaiak eta, batez ere, garai bateko kotxeak.
90etako hastapenetan, Pasaiako portuko zerbitzuen pribatizazioari esker, Luisen aitak enpresa apal bat handi eta sendo bihurtu zuen eta, ondo bideratuta zegoela ikusi zuenean, zuzendari izendatu zuen semea. Bi aholku eman zizkion:
Bat: beti jakinaren gainean egon zer gertatzen ari den enpresan; enpresako atal guztietan konfiantzazko jendea jarrita daukat. Eta bi: ondo zaindu enpresatik kanpoko lagunak.
Lehen helburua betetzeko, Luisen aitak Josu Igarari emana zion kudeatzaile nagusi postua. Urrun gelditzen zitzaion pertsona hura jartzea boteretsu batzuei fabore bat egitea bezalakoxea zen. Horrela ez zitzaizkion kontra jarriko. Eta agian noizbait babesa emango zioten. Horregatik, izendapenetik bi urtera Igara jauna droga trafiko kontu batean nahasia egon zitekeela ikusi zenean ere kudeatzaile nagusi postuan jarraitu zuen, Luisen aitaren aginduz.
Luisi desatsegina iruditu zitzaion aitaren erabakia, enpresako kontuez arduratzea nekeza iruditzen zitzaion hein berean. Baina aitaren itzala luzeegia zen. Eta batez ere, Luisen helburuak enpresatik kanpo zeuden: bidaiak eta garai bateko kotxeak. Ordurako munduko bazter ugari luxu handiz bisitatuak zituen eta bere kotxeen bilduma handitzen hasia zen.
Luisek berrogeita hamar urte bete zituenean hil zitzaion aita. «Hil da jainkoa» idatzi zuen baten batek komuneko ate batean. Hasieran aitaren enpresen arteko lotura ahuldu eta gero hautsi egin zen, eta Luisi herentzian dirutza eta Pasaiako portuko enpresaren jabetza gelditu zitzaizkion. Erretiroa hartzen hasteko garaia zela erabaki zuen. Berrogeita bost urtetik gorako enplegatu guztiak kale gorrian utzi eta haien lekuetan gazteagoak kontratatu zituen, azkarrago eta merkeago lan egiten baitzuten. Eta Josu Igararen ordez bere ikaskide ohi bat jarri zuen.
Beste zenbait aldaketa doitu ondoren, enpresara ahal bezain gutxi agertzen hasi zen. Luis Garcia jabe bakar bihurtua zenez gero, kudeatzaile nagusi berriaren eskuetan zen zuzendaritza. Baina egun batez oso urduri agertu zitzaion kudeatzailea:
Bankuak hilabete honetan maileguaren kuota ordaindu ez dugula adierazten duen agiri bat bidali digu. Badakizu, aldaketak egiteko eskatu genituen 781.283 euroen mailegua.
Ez al daukagu, ba, ordaintzeko dirurik?
Bai, jauna. Bankuan bertan dauden kontu korronteetan nahikoa eta soberan dago.
Eta orduan?
Bankuaren akats bat izango da.
Deitu bankura, ordaindu eta kito.
Berez hala izan beharko luke, baina ezagutzen duzu Kantabriako enpresaburu horri gertatu zitzaiona... Agustin Perez delako horri. Ba, kasu hori beste askoren artean bat gehiago besterik ez da. Uste dut hobe dela zuk zeuk bankuarekin lehenbailehen hitz egitea.
Mesedez! Hori zure lana da!
Kudeatzaile berria bulegoz bulego ibili zen bankuan. Irribarre hutsalak eta hitz lasaigarriak besterik ez zituen aurkitu. Kudeatzaile berria erabat etsita agertu zitzaion egunean, Luis Garciak egunero eskelak eta futbolari buruzko berriak irakurtzeko erosten zuen egunkaria zeukan mahai gainean. Kudeatzaile berriari egunkariak zekarren albiste bat seinalatu zion: Luisen enpresari buruzkoa zen eta azken aldiko kudeaketa txarra zuen hizpide. Hurrengo egunetan ere agertu ziren gisako artikulu gehiago: enpresaren egoera txarraz mintzo ziren, zorrak ordaintzeko zailtasun gaindiezinak izan zitzakeela iradokitzen zuten.
Egia al da hau guztia?
Badakizu ezetz, Luis. Ez dakit nondik atera duten, ezta zertarako ere.
Jon Ansola izeneko batek sinatzen zituen artikuluak. Goitizen bat izango zela pentsatu zuten, atzean zegoena ezkutatzearren.
Bankuak epaitegien bideari ekin zionean, abokatuak lasaitu egin zuen Luis.
Ez dute ezer lortuko. Ez dira legezko prozedurak errespetatzen ari. Lehenik zorra zenbatekoa den argitu behar dute, bezeroak zenbateraino ordain dezakeen, zuen kontuak likidatu, eta abar. Luze jo dezake, baina ez dizuete sosik lapurtuko. Gainera, zuek beti izan zarete banku horren bezero oso onak, ezta?
Alabaina, epaitegietan prozedurak aurrera egin ahala, egunkarian agertu zena egia bilakarazi zuten: epailearen eta enparauen sormen handiko kontabilitateari esker, enpresaren merkatuko balioa txikitu egin zen, eta enpresaren zorrak, aldiz, erraldoi bihurtu. Hartara, lehendabizi, Luisek Donostian zeuzkan etxebizitza batzuk bereganatu zituen bankuak. 1.240.000 euroko balioa zuten arren, bankuak balioaren laurdena ere aitortu ez zienez, Luisen jabetza gehienak hartu zituen ustezko zorra kitatu arte. Luis Garciak berandu jakin zuen Pedro Martinez Etxeberria izeneko bat zebilela operazioaren buru, antzinako kotxeen enkante batean ezagutu zuen huraxe bera. Martinez jaunak, bankutik, salneurri irrigarri batean eskuratu zituen Luisenak izandako kotxe guztiak. Azkenerako, emaztearen izenean zeuzkan etxebizitza pare bat bakarrik gelditu zitzaizkion Luisi. Senideek lanpostu berri bat eman zioten berehala, baina Luisek espero zezakeena baino askoz gutxiago babestu zuten diruz.
Bankuak Pasaiako portuko enpresaren jabetza lortu bezain azkar zuzendari izendatu zuen Iñaki Tolosa. Luis Garciak jakin zuenez, enplegatuak izututa zeuden. Tolosa jaunak lehenengo egunean bertan kaleratu zuen neska gazte bat, azken urteetan enpresan izandako eraginkorrena, dirudienez aurretik Tolosarekin lan egindakoa.
Eguerdia baino lehen etorri zen. «Badakizu hemen ez duzula tokirik», esan zion. Horixe besterik ez zion esan. Eta esperoko balu bezala, neska gaixoak bere gauzak bildu, denoi agur esan eta joan egin zen. Ez sinestekoa, Luis.
Zuzendari berriaren eskuetan enpresak aste gutxitan hondoa joko zuela uste zuten.
Orain Luisi hori guztia berdin zitzaion. Bazekien aurrerantzean oso zaila izango zela kotxe handi arrunta ez zen ibilgailu bat gidatzea. Eta ahaztua zuen Amerika osoa pausoz pauso deskubritzeko asmo zaharra.
Atzo arratsean Jon Ansolak deitu zidan.
Zer moduz?
Ondo. Zer ba?
Hire anaiari buruzko gauza bat kontatu behar diat. Kafe bat hartuko diagu bihar?
Arratsaldean beharko dik.
Hobe goizeko hamarretan. Ados?