Jarri eskela bat zure bizitzan
MAITE
Azkar, azkar, azkar. Ez daukat beste pentsamendurik goizeko ordu honetan. Badakit berandu iritsiko naizela berriro. Negu gorriaren erruz. Kanpoko hotzak bultzatzen nau ohean behar baino denbora gehiago egotera. Gosaria irentsi eta banoa arineketan.
Atea irekitzen ari naizela jo du telefonoak. Edurne da, nire ahizpa. Presaka nabilela abisatu diot.
Zer?, Gabriela hil dela? Beraz... Ez, ez dut astirik. Nahi baduzu, iluntzean joango naiz... Urte batzuk bazituen behintzat... Denok lasaiago biziko gara orain, ez zaizu iruditzen?... Tira, presatuta nabil, joan beharra daukat. Gero arte.
Azkar, azkar, azkar. Buruan ez daukat besterik. Ziztu bizian irten naiz lantokirantz.
BELEN
Banekien aspalditik, baina ez nuen uste aitaren eta alabaren arteko ezinikusia hainbesterainokoa zenik. Aita hil zaio Maiteri. Hil! Eta presa duela esan ez dio ba! Aita ere ez dio deitzen. «Gabriel hil dela?» besterik ez dio esan, goibeldu ere egin gabe. Txotxola. Niri alabak hori egingo balit, heriotzatik esnatu eta neure eskuekin itoko nuke. Denak lasaiago biziko direla orain... Hori da hori belea! Aita noiz hilko itxaroten zegoen!
Gurasoek utzitako etxebizitza beretzat jabetzan hartu eta lasaiago biziko al da? Eta ama etxetik botako ote dute?
Anari deituko diot berehala. Orain arte kontatu diodan guztiarekin zalantzak bazituen, gaur kontatuko diodanarekin behintzat argi ikusiko du zeinen sorgina den Maite, nire bizilagun maitea, sorgin hutsa!
Gabriel ez zen pertsona zoragarria, baina familia horretan inork ez dauka gizatasun apurrik ere.
TERESA
Entzun duzu Gabriel Etxezarreta hil dela? galdetu diot badaezpada ere.
Maria Etxeberriaren senarra zen hori, ezta? Ba, ez nekien ezer, baina ez nau batere harritzen, egia esan. Horretarako prestatzen ari zen itxura zuen. Oso aldatua zebilen azken aldian.
Ikusi al zenituen aurreko bi edo hiru asteetan emaztea eta biak besotik helduta poliki-poliki paseatzen?
Bai, ikusi nituen. Igual oso gaixo egongo zen.
Seguru.
Gainera, Gabrielek maitale hori izan eta gero... Mariak ez zukeen bere ondoan jarraituko motibo garrantzitsurik gabe.
Arrazoia duzu. Mariak betidanik izan dituen aire horiekin... ez dakit zein balitz bezala. Baina maitalearena zabaldu zenez geroztik, uste dut ez dela lehengoa. Eta Gabriel gaixo egon izan ez balitz... hala ere... asko aldatu da Maria.
Egia da. Biak elkarrekin ikusten nituen bakoitzean tristatu egiten nintzen. Hain motel zebiltzan. Denbora guztian ingurura begira; zerurantz ez bazen, itsasorantz, eta bestela etxeren bati. Biak ala biak burua galtzen ari zirela ematen zuen.
Nola bukatzen duten batzuek, ez zaizu iruditzen?
Bai. Pena pixka bat ematen du.
JON
Egia al da Gabriel hil dela? galdetuz sartu da lankide bat Iñaki eta bion bulegora.
Ez dakit erantzun diot, baina hala bada, ez dio bere erretiroak asko iraun.
Zer nahi duzu esatea? Ez da oso normala hirurogei urte bete berritan lana uztea, batez ere zuzendaritzatik ezer eskaintzen ez badizute. Orain bankuetan egiten ari direna gauza bat da, ondo dago, baina Gabrielena... hark bere kasa hartu zuen erretiroa.
Arrazoia duzu. Ez zitzaion ia sosik geldituko.
Hain diru gutxirekin ezin da bizi. Gaur egun ez.
Oraintxe arte ez zait bururatu, baina hil dela jakin dudanetik, erretiroa hartzeko bere erabaki bitxi horrek zer pentsatua eman dit. Ezer esan ez zigun arren, ondo jakingo zuen zer zetorkion. Bestela, inor ez zatekeen ausartuko erretiroa baldintza horietan hartzera.
Kopetilun eta isilik gelditu gara hirurok.
Nola egingo dugu eskelarena? Bilboko bulegokoei ere esango diegu ea parte hartu nahi duten, edo ez diegu ezer esango?
E-mail batez abisatzea nahikoa da. Nik ez diet deituko.
Ezta nik ere.
JEXUX
Zer ari dira esaten? Gabriel hil dela? Nola? Negar egiteko gogoari eutsi diot, halako egoera batean elkartean malkotan agertzea ez baita itxurosoa. Sukaldearen inguruan bildutako gizon taldera hurbildu naiz. Zazpi ordu barru egiteko asmoa genuen afarirako lehen prestaketak egiten ari dira. Eta haiek ere Gabriel dute ahotan.
Aspaldi zegoen gaixo. Gero eta makalago. Azken aldian ez zen elkartera etortzen ia. Futbol partidak eta tarteka pilota partidaren bat ikustera bakarrik jaisten zen.
Hori ere uzten hasten zarenean...
Pentsa garai batean nola ibiltzen zen Gabriel hemen saltsan.
Horrelako pertsona batek gure elkarteko lagunartea bazterrera utzi duenerako...
Ez nekien halakorik, ni ere ez bainaiz sarritan etortzen. Nolanahi dela, nik inoiz baino biziago ikusi izan dut Gabriel. Aspaldiko partez mendira joatea proposatu izan dit. Betiko lagun batzuk ere bildu izan gara. Elkartekoa ez den jendea ere bai. Aspaldi bisitatu gabekoak ikustera ere joan gara. Nik pozik ikusten nuen. Agian azken uneko ahaleginak besterik ez ziren izango? Hil aurretik izan ohi den indarraldi horietako bat baino ez.
Itxarongo dugu oraindik, baina bere omenez afariren bat antolatu beharko dugu, ezta? Urte asko eman ditu hemen sartuta.
Eta beste zerbait egingo bagenu? esan dut nik.
Zer baina? haserretu da.
Zerbait berezia erantzun dut pixka bat lotsatuta.
Hori besterik ez zuen esaten Gabrielek azken asteetan. Beste zerbait... Zerbait berezia... Eta gero desagertu egin zen gure artetik. Eta betiko, ikusten denez. Ez zara zu ere gaixotzen ariko, ezta? Entzun, Jexux: ez burujanetan ibili, segi korronteari. Egin beharrekoa egingo dugu eta gertatu beharrekoa gertatuko da. Hobe da horrela.
Hori esan eta bere sabelalde hanpatua laztandu du bi eskuez.
JOKIN
Oporretan nagoen bitartean institutuari begiratzea plazer bat da. Albotik pasa gara eta aurrera segitu dugu, trufaka.
Semaforoa berdean noiz jarriko zain gauden bitartean, zebra-bidearen beste aldetik atso batek agurtu eta itsu-itsuan etorri da nigana. Ez da konturatu kotxe bat geldiarazi duela. Eskua nire beso gainean jarri eta hizketan hasi zait:
Sentitzen dut, Jokin. Pena da, baina gauza hauek ezustean etortzen dira.
Amonaren ezagun horietako bat dela iruditu zait. Nahastua zebilela esatear egon naiz, baina esaldi gogorregia da agian, eta zer esan asmatu ezinik nabilela, atsoa ez da isildu:
Gazte hil da zuen aitona Gabriel.
Zer esaten ari zara!
Bai, Jokin. Gaur egun hirurogei urte oso gaztea da hiltzeko.
Buelta erdia hartu dut eta korrika abiatu naiz lagunak dauden bazterrera. Harrituta kontatu diet atsoak esan didana.
Ez dela hil, atsoa! oihu egin dio Buferrek. Zu, ordea, laster.
Beste guztiok barre egin dugu, eta atsoa ahalik arinen joan da ihesi, pauso txikian. Barrez segitu dugu tarte batez, baina niri kezka ez zait uxatu. Aita bazkaltzeko zain dudalako aitzakiarekin alde egin dut.
Porru-patata prestatzen aurkitu dut aita.
Ez dakizu zer gertatu zaidan oraintxe. Kalean atso batek aitona Gabriel hil dela esan dit.
Zergatik esan dizu hori? Zer zen, ero bat?
Ez dakit. Uste dut amona Mariaren ezagun bat dela.
Ez zen ezer txarrik gertatuko, ala?
Aitak telefonoa eskuetan hartu eta deitu-ez-deitu egon da tarte batez. Zenbakiei sakatu eta zain gelditu da. Rufik hartu dio, amaren nobioak. Iritsi berria omen da eta ez omen du uste amak etxera joateko asmorik duenik.
Sakelako telefonora deitu dio orduan.
Maite, non zaude? esan dio aitak azkarregi.
MAITE
Zer egingo dut? Nahastu egingo zen, seguru. Egia esan, oraintxe piztu dut mobila, Pabloren dei bat daukat, eguerdikoa, baina ez zait beste deirik sartu. Zerbait gertatu izan balitz, deituko zidaten, ezta? Izango al zuten astirik? Beharbada ama gaizki egongo da eta Edurnek ez du niri deitzeko aukerarik izan? Asko esatea da hori, baina nire ahizparekin ez dago sekula jakiterik.
Noiz gertatu den ere ez dakit... baldin eta gertatu bada. Zer egingo dut orain, gurasoen etxera deitu eta ea aita hil den galdetu? Edurneri deituko diot. Kakazaharra, itzalita dauka. Amari deitu beharko diot ba.
Zer moduz, ama?
Ondo. Zu ondo?
Hementxe.
Zer berri?
Ezer berezirik ez, uste dut. Zuk?
Nik dakidala, ez.
Larritasunak goitik behera hartu nau.
Aitarekin zaude?
Ez. Goizean mendira joan da eta ez daukat bere berririk.
Beldur kolpe bat sentitu dut sabelaldetik hasi eta gorputz osoan zehar.
Eseri nonbait, ama. Eserita zaude? Bai? Entzun hau. Donostia osoan omen dabil zurrumurrua... aita hil egin dela.
Zer esaten ari zara? Ai, ene!
Isilik gelditu da.
Ama! Ama!
Egon, Maite. Sakelako telefonora deituko diot niretik. Egon.
Zain gelditu naiz eta isiltasuna ikaragarri luzatu da.
Ez du hartzen... Egon... Falta zena. Honen mobila eta ezer ez! Logelan utzi du. Egongelako telebista mugikorragoa da telefono hori baino! Non sartuko zen gizon hau!
Etxean geratu, ama. Horra noa korrika.
Hau hankasartzea! Ez nion deitu behar. Beregana joan eta kito.
Ni iritsi arte ez ezer egin, ez deitu inori. Edan ur pixka bat. Hamar minutu barru hortxe izango naiz.
GABRIEL
Nekatuta itzuli naiz Aralartik. Ederra da gero, Aralar. Nire sasoia ez da garai batekoa, baina patxadak laguntzen dit orain, gauza bakoitzari behar adina ordu eskainiz. Urrezkoa da denbora.
Emaztea arraro sumatu dut etxean sartu naizenean. Bihar goizean goiz paseo bat ematera joateko proposatu behar nion, azken asteetan bezala, poliki-poliki ibiliz, inguruko gauzei arretaz begira, berriketan, isilik, nahi dugun bezala, baina patxadaz, baina ez naiz ezer proposatzera ausartu, zerbait gertatzen zaiola sumatu dut-eta.
Duela gutxi desagerrarazi nituen estuasunak bueltan sentitzen hasia naiz. Lanak itota ailegatu nintzen egun hartan bezala: Maria ere iritsi berria zen eta deblauki kontatu zidan bere maitalearena. Orduantxe aldatu zen dena.
Orain dela bost minutu deitu du Maitek esan dit emazteak, eta ni hemen eta orain kokatzeko ahaleginean ari naiz.
Maite? gure alabaren izena ere zalantza bihurtu zait.
Honantz dator.
Zer gertatzen da ba?
Entzun, Gabriel. Zurrumurru bitxi bat zabaldu da Donostia osoan. Hil egin zarela esaten ari dira.
Ni?
Bai, bai. Ez dakizu zeinen gaizki pasa dudan. Eskerrak bost minutu ere ez diren pasa Maitek deitu didanetik atetik sartu zaren arte.
Hasperen egin dut. Gero barre, barru-barrutik baina ez ozenegi.
Horrelako esamesak sortuko zirela jakin izan banu, lehenago ere hartuko nuen erretiroa emaztearen erreakzioa neurtu nahi izan dut. Beste zerbait gertatu zela uste nuen.
Maitek atea jo du. Estu dator.
Nik esandakoaz ez zara fidatzen oraindik? Ikusten duzu zuen aita goitik behera ondo dagoela!
Badakizu, ama, ni Santo Tomasen kastakoa naiz: ikusi gabe, ezin sinetsi.
Mahaiaren inguruan eseri gara, goiz afaltzeko asmoz. Txitxarroa, letxuga pixka batekin.
Hara, hara, hara!
Zer duzu? harriturik galdetu dio amak alabari.
Oraintxe konturatu naiz. Egun osoa korrika... eta ahaztua neukan. Gabriela hil da, Edurneren etxepekoa, eta baten batek aita berarekin nahastuko zuen, izenek antza dutelako. Horrela sortzen dira zurrumurruak.
Hau marka!
Itxaron, aita, akaso bihar zure eskela ikusiko duzu-eta. Gutxik daukaten pribilegioa da, ez zaizu iruditzen?
Bai, bai... baina zein da Gabriela hori?
Ez duzu gogoratzen? Gure Edurneren bizilagun hori. Edurne bere nagusiaren, Iñaki Tolosa delako horren maitalea zela esaten hasi zirenean, zurrumurrua bizilagun guztiei kontatu zien atso nazkagarri hori.
Maiteren sakelako telefonoa dardaraka eta zarataka hasi da mahai gainean.
Zer moduz, Edurne? Lehen deika aritu natzaizu... Bilera batean... Ez, ez da ezer. Gaizkiulertu bat, besterik ez. Baten batek zuen etxepeko Gabriela gure aitarekin nahastu du eta hil egin dela zabaldu da... Zer?... Ez da egia izango... Oraintxe kontatuko diet. Hitz egingo dugu lasaiago. Bihar arte.
Zer esan dizu? irrikitan galdetu dio emazteak.
Gabriela orain minutu gutxi ikusi duela bere etxeko eskaileretan bizi-bizirik. Ez dakit nori buruz gaizkiesaka ari omen zen. Bere saltsan, beraz. Zuri buruz igual, aita.
Auskalo.
Ez du ematen gaur inork hiltzeko asmorik duenik.
Ez, gaur ez, antza.
Ez dugu gaiari buruz gehiago hitz egin. Afaltzen bukatu eta segituan joan da alaba, bihar lan asko omen duelako. Atea itxi duenean, Maria eta biok isilik gelditu gara ezkaratzean. Besarkatu egin dut eta muxu eman. Muxu luzea izan nahi zuen, baina barrez hasi naiz.
Hau da hau fundamentua esan du.
Joango al gara ohera goxo-goxo. Pixka bat hoztuta iritsi naiz menditik. Negu gorrian gaude.
Oso ondo iruditzen zait. Laster urte berria dator eta osasuntsu hasi behar dugu.
Itzulingururik gabe joan gara logelara. Ohean sartu eta maindireen hotzak dardara eragin dit hasieran. Baina berehala berotu ditugu.