Zakur kale
Zakur kale
2007, narrazioak
144 orrialde
978-84-95511-92-8
azala: Caty Bartholomew
Harkaitz Zubiri
1977, Donostia
 
2012, nobela
 

 

Kanpotik datoz, barrutik dator

 

 

Iritsi naizenean zarataka ari da telefonoa. Neskalaguna izango dela pentsatu dut. Arratsaldean dugu erditze ariketak egiteko saioa eta, aurreko aldian agertu ez nintzenez, goizean goizetik oroitarazi nahiko didala imajinatu dut. Oraindik ez du onartu aurrekoan ez zitzaidala ahaztu, lanez lepo nenbilelako huts egin niola.

        Baina bulegoan ongietorria egin didan deia bezero batena da. Eraman behar dizkiogun piezak laster iristen ez badira, ekoizpena eten egin beharko duela esan dit ia oihuka. Aurki izango dituela erantzun diot. Ez dakit itsasontzia porturatu denetz, baina badakit gaur goizean iristekoa dela, eta, beraz, egiaren azken zatia bakarrik jakinarazi diot. Agurtu gabe deia eten duenean, lortu du bere umore txarra nik ere barneratzea. Hala eta guztiz, nire baitarako bakarrik gorde dut. Bulego hau ez da nor bere arazoak erakusteko leku aproposena.

        Anjel enplegatu baten paperak ikuskatzen ari da. Hura ez da sekula aldatuko. Lan elkarrizketa egin zidan egunean, bere izena esan aurretik bulegoko langileen arduraduna zela jakinarazi zidan. Egun hura oroitzeak barregura ematen dit orain. Anjelek ez daki lankide guztiek nagusi txikia deitzen diotela.

        — Ai, ene —esan du nagusi txikiak enplegatuaren paperak mahai gainean uztean.

        Berari begira nagoela jabetu eta nigana etorri da. Mahai gaineko paperak txukuntzen ari naiz oraindik, egun osoan bete beharreko zereginak nondik hasi erabaki ezinik. Nagusi txikiari umoreko kasu egin asmoz, kemena biltzen saiatu naiz.

        — Egun on, Xabier —esan dit serio; prentsarako argazkietan bakarrik erakusten du bere irribarre bitxi hori.

        — Egun on, Anjel. Zer moduz joan da asteburua?

        — Astelehena, Xabier, astelehena. Bulegoan bueltan gaude eta, badakizu, orain asteburua...

        Nagusi txikia gizajo hutsa da. Lanarekin obsesionatua dagoenez, goizetik gauera bulegoan gatibatua egotera behartzen du bere burua, eta beste guztiok bera bezalakoak izatea nahi duela dirudi. Lan elkarrizketan bertan argitu zidan enpresa hartan segitu ahal izateko baldintza: bezeroei galdetuko omen die niri buruz, kontratua berritzea merezi dudan ala ez, eta gutxienez bi herenek erantzun beharko diote baietz. Ez dakit hori egiteko gai izango denetz, baina ezerk ez ninduke harrituko.

        — Ondo al doa zure lana? —galdetu dit, aisialdiari buruzko galderak etenda.

        — Moldatzen naiz. Gaur goizean iritsiko den itsasontziari esker aseko ditugu bezeroak. Kexatu dira pittin bat, baina horretarako gaude gu hemen, ezta?

        — Niregatik balitz, denok Kariben oporretan egongo ginateke. Baina, badakizu, horko horiek agintzen dute —esan du goiko solairua seinalatuz, bertan baitago Luis Garcia zuzendariaren bulegoa, eta alboan Josu Igara kudeatzaile nagusiarena.

        Irribarre egin diot nagusi txikiari. Berak berdin erantzun dit.

        Denok eragiten diogun mesfidantza ezkutatzearren, zurikeriatan ibiltzen da beti, eta jarrera bera espero du gugandik; baina denok ezagutzen dugu nagusi txikiaren baretasunak ezkutatzen duen zakur amorratua, txinparta txiki bat nahikoa baitu hortzak erakusteko.

        Lankide bat korrika txikian hurbildu zaigu, eta eten egin behar izan dugu nagusi txikiaren eta bion arteko zurikerien trukea. Nagusi txikiak bere bulegora eraman du lankidea. Minutu gutxiren buruan orroka ari zaigu bulegoaren erdian.

        — Eskaerek helmugetara garaiz iritsi behar dute. Kosta ahala kosta. Mezua ulerterraza da, ezta?

        Deiak egiteari ekin diot, gogo gabe baina urduri. Hilabete gutxi daramatzat hemen eta ez dut lanpostua galdu nahi. Nahiko justu gabiltza hileroko gastu arruntak eta etxeko hipoteka ordaintzeko, eta neskalaguna ere ni bezala dabil lan batetik bestera.

        Beste bezero batek deitu du nitaz galdezka. Zakartasun izpirik gabe mehatxatu nau: eskatutakoa berehala eramaten ez badiogu, ez du hornitzailea aldatzeko batere arazorik izango.

        Orduantxe sartu da Rafa, azkar eta norabide gabe oihuka:

        — Ez al duzue entzun? Duela ordu bete aurkitu dute itsasontziko sotoan, zaku bat gehiago balitz bezala. Inork ez du ezer egin. Inork ez du ezer esan. Zer ari da gertatzen?

        — Lasai, Rafa —sartu da nagusi txikia tartean—. Jakin dezazuen: etorkin bat hilik agertu da orain sartu den itsasontziko sotoan, baina lasai. Berehala etorriko dira poliziak, epailea eta kazetariak. Beraz, haiek zuen lana oztopatzen hasi aurretik, hobe duzue orain ahal bezain beste aurreratzea. Eutsi goiari.

        Nagusi txikia urrundu denean, alboan dituen lankideekin hitz egiten hasi da Rafa. Bulegoko guztiekin egon ondoren, nire alboan dauden bi lankiderengana etorri da eta, bide batez, niri ere hitz egin dit. Ez da gutxi, ikusezina bainaiz gehienetan.

        — Zer egin dezakegu? Niri oraingoz gauza bakarra bururatu zait: orri batzuetan zerbait idatzi eta orri horiek eskuan hartuta kazetarien aurrean jar gaitezke.

        — Hori ezin dugu egin, Rafa —esan dio batek—. Itxura oso txarra emango genuke. Prentsan ikusten bagaituzte, zer esango dute itsasontziaren enpresakoek. Eta zer hornitzen ditugun enpresek. Ez dut argi ikusten, Rafa. Niregatik balitz, egingo nuke, baina kontua uste baino zailagoa da.

        — Badakit ez dela erraza, baina ezingo dugu, ba, kontua bere horretan utzi, ezta? Zuk zer diozu, Pablo?

        — Orain ezin dut, Rafa. Badauzkat arazoak bestela ere eta, gainera, niri urrun gelditzen zait kontu hori. Bakoitza molda dadila ahal duen bezala. Eta ez da hori bakarrik, nik orain egin dezakedan ezerk ez dio sotoan dagoen horri bizia bueltatuko. Alferrik ari zara zalapartan, Rafa.

        — Harrituta utzi nauzue —Rafa lurrera begira gelditu da—. Ez dakit zer pentsatu.

        — Nik egingo nuke —errepikatu dio hasieran hitz egin dionak—, baina ezinezkoa da. Ez da ez leku ez une aproposa. Hori ulertu beharko zenuke.

        — Uste dut azken aldian ez dudala ezer ulertzen. Tira, igual nire arazoa da.

        Bizkarra eman digu eta bere mahaian esertzera joan da. Nire iritziari zer garrantzi eman dioten ikusita, kontua ez dagokidala niri iruditu zait. Deiak egiten jarraitu dut, inguruan sortzen ari den zurrumurruarekiko entzungor. Nire estuasunak ditut gogoan. Ez dakit nola moldatuko garen hipoteka ordaintzeko; umea izan eta hau unibertsitatera iristen denerako, agian hipotekaren erdia baino gehiago izango dugu ordaindua.

        Zenbait pentsamendu uxatu nahian, paper artean moldatzeko ahalegin antzuetan ari naizela, idazkaria etorri zait mahai ondora, nagusi txikiak nirekin hitz egin nahi duela esanez. Gogo txarrez joan naiz. Bere bulegora sartu eta telefonoz sutsu hitz egiten aurkitu dut. Deia bukatu duenean, niri zuzenean begiratu eta zertarako deitu nauen gogoratzen saiatu da. Ni esertzera gonbidatu gabe hasi da hizketan.

        — Entzun, Xabier. Zure ardurapean dagoen bezero batek nahiko urduri deitu dit. Ez omen dituzte azken egunetan espero zituzten piezak jaso.

        — Porturatu den itsasontzian dago dena.

        — Badakit. Horrexegatik deitu dizut. Zerbait egin behar dugu lehenbailehen. Hara joan, hitz egin arduradunarekin eta molda zaitez goizean bertan guzti-guztia deskargatzeko.

        Saiatuko naizela esatear egon naizen arren, badakit ez dela konforme geldituko eta, hortaz, buruarekin baiezkoa besterik ez diot egin. Inoiz ez bezain urduri dago.

        — Hauek lana besterik ez digute ematen —esan dit, ezagutzen ez dudan tonu batean—. Ezin da beti nahi duzuna egin. Pentsa, denek sotoko horrek bezala egingo balute, merkantziak beharrean, hildakoak garraiatu beharko genituzke.

        Baiezkoa egin diot buruaz. Ez nator berarekin bat, jakina, baina orain ez dut sotoko morroi hura defendatzen hasteko aukerarik. Denboraz ere larri nabil gainera. Nagusi txikia hitz egiten ari den bitartean, sakelako telefonoa dardaraka ari zait poltsikoan eta badakit bezeroren baten presazko deia izango dela.

        Itsasontzira igotzeko zubitxoaren aurrean polizia bat dago eta hari eman diot merkantzien arazoen berri. Arduradunari galdetzeko esan dit. Itsasontziaren sotoan omen dago. Nahi ez dudan zerbait gertatzear dagoela konturatu naiz. Eskaileretan behera joan ahala, motelago eman ditut pausoak. Soto hau itogarria da benetan. Hasieran urrun entzun ditudan ahotsei jarraituz, anbulantzietako kidez eta poliziez beteta dagoen leku batera iritsi naiz. Inork ez nau sumatu eta haiengana hurbildu behar izan dut, arduraduna haietakoren bat ote den galdetzera. Bidean aurkitu dudan lehenengo poliziari kontatu diot arazoa, baina harago dagoen beste batengana joateko esan dit. Burua jiratu eta berehala ikusi dut, bazter batean etzanda, maindire batez estali gabe oraindik. Lo dirudi. Sotoko argien azpian, bere azal beltzak distira berezia du. Barruak mugitu dizkit. Bulegoan aipatu diguten kontu hura orain niretzat errealitate bihurtu dela sentitu dut. Ez naiz beste alde batera so egiteko gai. Begirada distira beltz horretan iltzatua dut.

        Polizia bat jarri zait tartean, ea zer nahi dudan. Merkantzien arazoa azaltzen ahalegindu naiz, baina ez behar bezala. Sabelaldea nahastua dudala jabetu naiz, zorabiatzen ari naizela, zurbiltzen ziur aski, eta oharkabean botaka hasi naiz. Galtzak eta botak zikindu dizkiot poliziari. Berriro egin dut txahalka, bazter batera. Beste polizia batek besotik heldu eta kanpora eraman nau. Tripak bota ditut berriro.

        — Zer duzu? —galdetu dit poliziak.

        — Ez dakit nola esan —besterik ezin dut ahoskatu.

        Komunera joateko aholkatu dit. Ez dut bulegokoetara joan nahi, bidean topatu beharko ditudan pertsonen galderei erantzuteko gogorik ez dudalako. Alboko enpresak kanpo aldean duen komunera sartu naiz. Kisketaz itxi eta negarrez hasi naiz, ezin eutsirik. Komuneko zuloaren gainean eseri eta bertan eman dut gutxienez ordu laurden bat. Nire onera bueltatu naizela iruditu zaidanean, kisketa ireki eta berriro ere bulegora joateko asmoarekin irten naiz. Komunetako ispiluan neure burua ikusitakoan, behin eta berriro busti dut aurpegia, malkoen arrastoak desagerrarazi asmoz.

        Kalera irten naizenean, nagusi txikia daukat zain. Lankideren batek pasako zion abisua. Demandan hasiko zaidala dirudi. Pauso batzuk niganantz eman eta paretari begira hitz egin dit.

        — Niri ere pena ematen didate, Xabier. Nori ez? Ezer gutxi egin dezakegu ordea.

        Baiezkoa egin diot buruaz. Dagoeneko ohitura hau ondo baino hobeto ikasia dut. Bere eskua sorbaldan jarri dit, elkartasun keinua dirudien zerbait eginez. Une bakoitzean zer egin ondo dakiela uste du gizon honek. Harrigarria bezain penagarria da.

        — Tira, segi lanera. Hobe dugu gure kontuetan buru-belarri saiatzea. Animo.

        Bere hitz zurietatik ihesi, bulegora abiatu naiz. Nire mahaiaren parera iritsi eta aulkian eseri naiz, nekatuta. Lanean segitzearen itxurak egin ditut. Gero, kaxoian giltzaz gordeta dudan argazki kamera digitala atera dut. Gorpuaren argazkiak egin eta Interneten zabaltzea erabaki dut. Badakit gehienentzat haragi pixka bat gehiago ikustea bezala izango dela, baina nire betebeharra dela sentitu dut.

        Kanpoko aterantz noala, Abegi SAtik etorri berria den neska bat ikusi dut korridorean. Gurutzatu garenean, distantzia ondo neurtu ez dugulako edo, bere eskuak nirea ukitu du.

        — Zer esku hotzak dituzun, Xabier —esan dit neskak, kezkatuta.

        Nik baietz erantzun diot, besterik gabe.

        Emakume bizia eta arduratsua dela dirudi.

        Eskuak poltsikoetan sartu eta itsasontzirantz abiatu naiz berriro. Bulegotik irtetean, uztaileko goiz bati dagokion giro epela sentitu dut. Pasaiako badia osoan ez da hodeirik ageri. Iritsi dira aurreneko kazetariak itsasontziaren ingurura. Gora igotzeko zubitxoa zaintzen ari den polizia lehengo bera da.

        — Paperak ahaztu ditut barruan —esan diot.

        Arazorik gabe utzi dit sartzen.

        Sotorantz noala, argazki kamera digitala zorroan ezkutatuta, eskuak dardaraka sentitzen ditut poltsikoan, azala hotz. Eta ergela naizela pentsatu dut. Hainbeste motibo ditut horretarako.