DARDO GALDUA
(eranskina)
Joana, non arraio sartu zara?
Esteban Elizagoienek gau osoa eman du Joanarekin telefonoz kontaktatu nahian. Zortzi e-mail ere bidali dizkio, eta ez du erantzunik jaso. Nekeak eta desesperazioak jota, maldizioa baizik ez du. Goizeko hamaikak dira eta ikerlariak etsi egin du. Hil ala bizikoa zuen filologo bordelesarekiko kontaktua baina, akabo, aukera galdua da honezkero.
Estebanek ez ditu sobera maite internetek eskaintzen dituen ikerketarako baliabideak. Bart arratsean, ordea, Almagron burutzen ari den herri antzerkiari buruzko jardunaldietan hitzaldia eman ondotik, hotelean ordenagailu portatila hartu eta kuxkuxeatzen hasi da lagun batek noizbait aipatutako internet helbidean. Era guztietako eskuizkribu eta inprimaki zaharren salerosketan ari dira. Orri nagusiaren atal batek «azken aurkikuntzak» du izena. Klik egin du. Eta hainbat eskaintzaren artean ikusi du:
Jatorria: Bordeleko Mulet karrikako etxe zaharren eraispenetan aurkitutako bilduma.
Edukia: XVI. eta XVII. mendeetako eskuizkribuak frantsesez eta (?).
Xehetasunak: Zortzi plegu frantses zaharrean, hogei kontabilitate paper frantsesez, zenbait lan liriko lau paper higatutan eta beste hiru orri (?) egoera txarrean.
Hasierako salneurria: 4.000 ¤.
Salgaia: Sorta osoa.
Epea: Maiatzak 22, 12:00etan.
Telefonoz deika aritu da gau osoan. Goizaldean e-mailez idatzi dio:
«Joana!
«Etxera eta bulegora eta mugikorrera hots egin dizut, eta ez zaitut harrapatzen. Saiatuko naiz berriro baina, joder, hau kristorena da!
«Almagron nago eta ezinezkoa zait Bordelerat tenorez ailegatzea. Faborez, zerbait egin beharra dugu. E-enkante bat martxan da hor barrena, eta jakin behar dugu zenbatean dagoen eskaintza altuena... eta hura gainditu. Bestela ere, hor Bordelen, Mulet karrikan berriki izaniko aurkikuntza batez informatu beharra duzu.
«Oso urduri nago, Joana. Hau Lazarragarena bezain kontu garrantzitsua izan liteke. Ez naiz ausartzen deus ere esaten, baina, ez dakit, hau zerbait potoloa da. Saiatuko naiz Jaurlaritzakoekin harremanetan jartzen, enkantea gaiztotuz gero beharko litzatekeen dirua lortzeko. Nik dagoeneko puxatzeko eskaintza bat egina dut. Otoi, Joana, erantzun iezadazu lehenbailehen.
«Bi irudi eransten dizkizut. Beha itzazu eta dena ulertuko duzu.
«Esteban.
Estreinako e-mezu honek ez du erantzunik izan. Ezta zortzigarrenak ere. Azken honek bi irudi artxibo eta testu artxibo bat dauzka erantsirik. Irudi higatuek ageri duten idazkera arkaikoa gaur egungo grafiara ekarrita dago:
BERIYOREN KANTUIA
Anhiz gerla eta erhio, ehonere bakia
Borrer jaunak lana abastu, ogena ez beria.
Meskabutik ezin libra, orok menosprezia
Alabana bera duzu dakidana balia
Beriyoren gatibutzan, orok behar du zerga
Jaun nobliak ta landerrak, punizione bera
(...)
Ogengabiak galdu du gaizuak eskuia
Ogenduruak galdu du undarrian buruia.
(...)
Mila eta bortzehun urte ukaiteko bi baiezi ez faltan
Jaun Latsagaren lurretan Herri orotarik justan
Ehonere ezpata ageri abilago baleztan
Hatsean bozkarioa finian dolua nitan
Balezta behar laxatu berze bidia banuien
Ehork erho eztazadan...
(...)
Johan erregea kanpoan, ni aldiz hiri barnian
Harmarik ez nizin hartu, prelatu ninzanian
Donianen ari nizin absolbazionian
Haiekila ninzan arren ez ninzan hen menian
Egin nuien zerbitzuia balinetan nik banerra
Jin ziraden menosprezio hala iraitz nola herra
Egoizten zerauzkidaten erioz eta gerra
Ene deszerbitzu oro mudaturen ederra.
(...)
Aldiz Aiziondo jaun bikario satsuia
Desira gaiztoz bethea falseriaz galduia
Etxepare igorririk gogoa konplituia
Arno eta emazteak...
(...)
Baiona hiriko juntan anhiz prelatu bertan
Statutak sinaturik Iruñerat...
Badadukagu...
(...)
Koplari ona dukezu Garaziko herrian
Skribuak nork hartuko Iruñeko hirian
Inprimazale baduzu hari galde grazia
Respostuia eman deraut, dukek pazienzia
Desperazer ninzanian hartu nau oneriztez
Jin albaizinde Iruñat berze aldiren batez
Parti giten sarri harat adiskider erranez
Jagoitikoz asti frango galdu dudan beldurrez
(...)
Hogei ta hamahirugarrenian Jaingoikua bezala
Hek ninduten akusatu eta borxaz estaka
jujek sarri hazemana alabana berant laxa
Borz urtetan gatibatu ogengabe ninzana.
Liburu bat obratzerat, harat joana nauzu
Karioki galdeginik nitaz fida...
Eztut ehonere faltarik...
Lambert jaun maisua dizi...
Donapaleuko justizia...
Hon dagizula baiezi...
...oro erraturik
...nprimaturik
Orai Lehetek diro oro, pena eztut jagotik
Erratuak ziradela ... bozturik
Duda... nafar dignea denik
Undarrean... ukhan dugu fin onik.