ETA HAREN ADISQUIDE
ORAY LIÇARRAN DENA
LEHEN INPRIMIÇALIA
HEUSCARAREN HURA DA
Martin! Zatoz honat luzamendurik gabe deiadar egin zuen baratze aldera bereziki pozik esnatutako erretoreak. Baigorrirat joan behar duzu, Hirigibel kalonjerenerat. Estekatu gutun hau eta ez libratu berari eman arte. Mandoa gal dirozu, alabaina gutun hau biziarekin defendatu beharra duzu, eta erretorea eriden arte ez zaitez itzul. Eman gutuna eta bertan geratu Hirigibelek oso-osorik irakurtzen duela dakusazun arte. Ontsa beha ematen derauzudan gutun hau, otoi, ezen bertan baita gure gogoa betetzeko behar duguna. Baldin eta galduko balitz, ene koplak inprimitu gaberik leudeke sekulakoz. Joan eta gomenda ezazu zure burua Andre Dona Mariari. Zori onean joan zaitez, Martin, pausa gaberik!
Azken aldian Mosenengandik aski baztertuta, atzendu xamarra, ikusten zuen Bereauk bere burua. Hori dela eta, borrero ohiak bozkario zimiko bat sentitu zuen berriz ere bere burua beharrezkoa sentitutakoan. Iduri zuenez, erretoreak hil ala biziko mandatua emana zion eta horrek ikaragarri poztu zuen. Poza ez ezik, jakinmin handia ere sumatu zuen barren-barrenean. Zer deabru paratzen ote zuen eskutitz horretan bere biziarekin defendatzeko adinakoa izateko? Begi bakarreko Baigorriko zubi ederrak apur bat itxaron beharko zuen Bereau ikusi ahal izateko.
Barkatu, Mosen, gaitz egin behar baitut. Alabaina zuk eman didazu irakurtzearen plazera eta anitzetan erraten duzun bezala: anitz plazer anitz dolore...
Eiheralarre begi-bistatik urrun, Donibane parean zuen. Mandoak legoa erdia oraindik egin gabe, zamaritik jaitsi gabe, ekin zioten Bereauren behatz traketsek eskutitzaren paperak biltzen zituen larruzko xingola askatzeari. Denbora gehiago eman zuen bi aldiz tolestutako paperak bere bildutik ateratzen, bertan jartzen zuena irakurtzen baino. Ezagun zuen irakurle trebe bezain eskulangile baldarra zela.
Aise irakurri zuen. Ulertu, ordea, kostata. Mixelko, Lizarazu, Rodrigo Mercado eta horrelako izenak arrotz zitzaizkion. Bigarren irakurketaldiaz baliatu zen erretorearen asmoak zirriborratzeko. Mixelko delako baten bitartez Oñatin lanean ari zen Lizarazu izeneko hargin batek gutun hau eman behar zion Mercado zorioneko bati. Hau izanen omen zen Etxepareren arartekoa koplak inprimategira bidean.
Donibane aldetik heldu ziren bi emakumeren agerpenak galarazi zioten ekin behar zuen hirugarren irakurketa. Baigorrirantz zuzenean abiatzeko tenorea zela deliberatu zuen, baita pentsatu ere bi emazteetarik gazteena, burua estali gabe eta ilea motz-motza zuena, arruntean puntzela ederra zela, bidaide ttuntturdunaren zimurrek edertasuna areagotzen ziotena:
Egunon Jainkoak, andere graziosak. Donibanen sartzeko jagoitik kriseilua beharko dut, bi argi eder bertatik jalgi baitzaizkio ustekabean!
Gaztearen irri ttikiak berarekin eraman zituen Baigorrirantz, eskutitza bezala bularraldean estuki bilduta.
Etxepare berantetsia zen. Aspaldi behar zuen Bereauk bertan eta ez zen haren arrastorik. Afaltzeko gogorik ez eta ohatzean lasaitzen saiatu zen. Ordu luzetako bijiliaren ondotik, nekeak loari deitu zion eta, hondarrean, loa agertu zen.
Bereau geroago azaldu zen, askoz ere geroago. Eguerdiko angelusa jotzeko doi bat lehenago zen erretoretxean, Zaroko bidetik maldan behera heldu zela. Pazientki, Etxeparek apopiloaren desenkusak aditzeko indarra bildu zuen, espantuka kargu hartzen hasi aitzin:
Egunon, Mosen, mandatua bete dut. Han izan nintzen arratsalde osoan esperoan eta kalonjea ez helduki! Ilundutakoan iritsi zen, arno bila joana omen zen Irulegi alderat, eta barkatzeko erran zidan. Gutuna eman nion eta goiti beheiti irakurri zuen, Mosen. Ontsa, saiatuko zela eta izateko fedea beregan. Ondoren afaltzeko gomita egin zidan, pitxerra osoa ez zuela berak edanen eta, otoi, laguntzeko. Hondarrean, ia osorik berak edan zuela ikusita, oheratzen lagundu nion, ezen ezin baitzuen bere burua gobernatu. Nihaurek gaua han pasako nuela deliberatu nuen. Eta hemen nauzu, Mosen! Angeluserako tenorean! Heiagora! Letrak irakurtzen irakatsi zenidala erran nion eta presente hau eman zidan enetako! Ikusi zein liburu zoragarria!
Rodrigo Mercadorekin harremanetan jartzeko estreinako pausoa emana zegoela ikusteak pozak itsututa utzi zuen Etxepare, eta Bereauk erakutsi nahi zion Marco Poloren bidaien edizio ederra eskuetan ukan arren, Ontsa, Martin, ontsa mekaniko bat baizik ez zuen erran, bere gelara esker oneko otoitz egitera joan aitzin.
Hiru hilabete baino ez ziren pasa Mixelko Lizarazu Eiheralarren agertu zenerako. Erretorea konfesionea aditzen ari zitzaion bekaturik ez zuen Aizinburu alargunari. Hori dela eta, Bereauk hartu zuen baigorriarrak ekarritako eskutitza. Beratarra ez zen ausartu sakramentua eteten, eta Etxepare abisatu gabetarik gaztea joaten utzi zuen.
Igande bitartean bederen konfortatu dugu andere Joana erranez sartu zen erretorea sukaldean. Hobe lukete bertze zenbaitek andere horrek duen fedearen pixar bat ukanen balute... Zer duzu hor, Martin... zer duzu eskuetan?
Hau? Hirigibel kalonjearen mutilak ekarritako gutuna, Mosen...
Emadazu otoi, ekarri gutun hori!
Bete-betean asmatu zuen Etxeparek. Bere aztoramendua zilegi zen:
«Bernardo Navarro de Chepare
beialaco ene adisquidea
Jaungoicoac gorde çaiçala
«Benedica deçagun Jaun Çerucoaren graçia eta bere manuz yçan dogun fortuna alcarren artean bitarteco bat yfini deusculaco. Gogo eta quezca andiz iracurri dot ecarritaco cartea. Çure barria jaso dot eta sufritutaco penac icasi. Edolabere, jaquin dot copla baçuc publicaçeco doçun asmo ona.
«Lagunça erreguquetan deustaçu, Bernardo maytea, eta ene potestadean dagoan guztia eguingo dodala diosut. Gure imperatore dan maiestate santuaren çerbiçuan ainbeste dolore artu doçun orrec yçango dau saria.
«Denpora gatxac paseac dira eta orain Oñatin ari nax prestaçen ene lanaren frutuec seculaco yçango daben estalpea. Sorlecura içulçen naxeneraco egonlecua prestaçen ari nax eta orrec arduraçen nau orain. Oñati doçu orain ene buruauste eta denpora pasa bacarra. Gaineracoac ez deust ardura.
«Edolabere, plaçer andiz lagunduco çaitut. Salamancaco loturac lasa xamarrac ditut baña emen Madrilen anech lagun baditut unibersitateco inprimateguietan. Bada, ez yfini dudaric ene berbaotan eta yçan esperança çerren nic prometietan deusut ene lagunça yçango doçula.
«Çerren eçaguçen dot nor doçun imprimiçale parebaguea. Jaquiçu bada, adisquide, Miguel de Eguia çu laco nafarra doçula inprimaçaile superboa! Arnau Brocar inprimateguietaco maisuen maisua çenaren suyña, Eguia berau doçu bear doçun Guttemberg barria. Alcalan aritua, Valladoliden mirechia eta Madrilen guztiz onerechia. Eguia doçu oraingaño euscarazco moldeac erabili dituen bacarra. Berau doçu ene lagun Lucio Marineo letra guiçon andiarençat euscarazco moldeac maisuqui naasi çituena. Gura badoçu, bada, Bernardo maytea, Euscarazco len liburua çuc escribitu eta Eguiac eguingo dau. Eta ala yçan dadin bear dituçunac escaçea baiçe ez doçu adisquide. Etxeparecoac gura dauena eguingo dau Oñaticoac. Yçan paçençia eta sinis naçaçu duda baga. Yçan ongui eta Jaincoac gorde çaiçala bere baytan eta yçan deçaçula osasuna misioau endelguagaz eta bioç onez buruçeco.
«Valladoliden, Jesuchristo Gure Jaun Çerucoaren Mila ta bosteun ta berrogueigarren urtean, Rodrigo Mercado de Çuaçola, erregueren çerbiçari fidela eta Jaungoicoaren morroi».
Bozkarioz hanpatu zen Etxepare. Hauxe zen behar zuen berria. Urtetako ametsa bete eginen zuen Zuazolaren bitartez. Gainera, Lyongo inprimatzaileen adinako sona lortua zuten Alcalako inprimatzaileek eginen omen zuten edizioa. Azken boladako zorigaitz eta sufrimenduak akitzekoak zirela sumatzen zuen erretoreak.
Poza barreiatu eta elkar banatu nahian, Bereau bilatzen hasi zen. Martin-martinka aritu zen denbora luzez, baina borreroa ez helduki. Pozari urduritasuna ari zitzaion gailentzen erretorearen baitan. Baratzean ez zen inor ageri, ezta eliza inguruan ere. Bozkario banaketa makilakada banaketa bihurtzekotan zelarik, azaldu zen gizonkote baldarra erreka bazterreko haltzen gerizpea utzita.
Hirigibelek oparitutako liburua airean astintzen heldu zen. Berak ere poza nahi zuen elkar banatu. Hamaikagarrenez, erretorea ohartu zen Bereaurekiko jokaeraren makurraz. Oraindik banitatea eta berekoikeriaren bekatuak barne-barnean josiak zituela pentsatu zuen. Ama Birjinari barkamena eskatu, hatsa hartu eta borrero eskolatuari bozkario zabaltze txandan lehendabizikoa izaten utziko ziola deliberatu zuen.
Mosen, liburu honek ikaragarrizkoak kontatzen ditu. Gauza eta herri miragarriak ageri ditu. Honek ez du Grezia eta Erromako jakintsu horien liburuekin parekorik. Aski dut lerro bakotxa bi aldiz irakurtzea dena endelgatzeko, ez dut zure azalpenaren beharrik! Gaztelako lengoajea latina baino errazkiago endelgatzen dut. Anitz solas ezagutzen nituen eta aise irakurtzen ahal da... Beha ezazu zein ederra den, ukitu azalaren gozoa...
Ea, Martin, dakusdala...
Zuazolaren eskutitza erakusteko irrikitan zegoen. Hala ere, gizalegezko pazientziaz eta ume bati zuzenduko balitzaio bezala, interes eta jakinmin plantak egiten hasi zen erretorea. Larruzko estalkia esku ahurrez ferekatu, ondutako azalaren usaina aditu eta tapakia doi-doi zabaldu lehen orriaz disfrutatzeko asmoz.
Zinez pollita esateko asmoa zuen Etxepare pazientziadunak. Bestelako esaldia jalgi zitzaion:
Egia! Migel de Egia!
Ama Birjinak, patuak ala sorginkeriak; edozeneinek ala denek, Mercado de Zuazolak aipatutako izen abizen berberak jarri zizkioten begi aurrean: «Libro del famoso Marco Polo Veneciano, de las cosas maravillosas que vido en las partes orientales. Logroño. 1529. Miguel de Eguia». Ezin ederragoa zen datuak erakusten zituen liburuaren aitzin orria. Alcala, Lyon zein Erromako moldiztegietan aspaldi hartan egiten ziren estilokoa, ez zuen deus ikustekorik Salamancan zein Bordelen Etxepare gaztea zen garaietan egiten ziren liburu tankerekin.
Hala-halakoa desir nuke nik, Martin, ene liburua obratzea. Hau maisu lana duzu!
Baigorritik ekarritako eskutitzaz osotara atzendua, orriak pasa ahala Egiaren lana are miretsiagotzen zuen. Liburuak zekartzan bi hitzaurreak, hasierako hizki xilografikoen sarria, koadernaketa... orok salatzen zuen Lizarrako inprimatzailearen lan on eta perfekziozalea.
Hau obratu duten eskuek karioki eta oneski dagite lana. Esku hauek behar ditugu guhaurek. Martin, oraino izan ez dugun zori ona bertan izanen dugu eta jagoitikoz ez dugu arrangura haboro ukanen. Lizarran da euskararen lehen inprimatzailea.
Egia zen. Egia Lizarran zen, baina bere eskuak ez ziren lanean ari. Azken hamarkadan Egiak hartutako ia lan bakarra bere burua ezkutatzea izan baitzen. Urteetan sona handiko inprimatzailea izandakoa isil-isilik pausatua baitzen Lizarran, bere jaioterrian. Ez Don Rodrigo oñatiar mezenas berriak ez eta Etxeparek ere ez baitzuten Lizarrakoaren azken ibileren berri.
Oñatikoak ederki ezagutzen zuen Iruñean estreinakoz inprimategi bat zabaldu zuen Arnauldo Brocar, baita Egia bere ikaslerik trebeena ere. Ordurako kultur produkzioetarako toki deseroso bihurtua zen «fecundissima civitate» izandako Iruñea hiritik alde egindako Brocar kultur giroan abangoardia izan nahi zuen Alcalako unibertsitatearen gerizpera bildu zen, mende berriarekin batera. Baita bere alabaren gerizpea bilatuko zuen Egia galai trebea ere. Handik aurrera Brocar eta Egia etengabeko sorkuntza eta zabalkuntzan arituko ziren eskuz esku, hasi Aita Santuen buldak argitaratzen, biblia eleanitzak molde letretan ematen edo Erasmo zein Savonarolaren testuak barratu arte kaleratzen.
Nebrijaren kultur ospeaz eta Cisneros ahalguztidunaren babesaz Alcalako aitagarro-suhi inprimatzaile bikoteak sona eta dirua bereganatu zuen, baita ordezkaritza moduan lan egiten zuten hainbat inprimategi ttikiago kontrolatu eta zuzendu ere. Egiak Logroñon zuen ordezkaritzatik jalgia zen, hain zuzen ere, Bereauren eskuetara ailegatutako Marco Poloren bidaien gaztelerazko bertsioa. Egiak veneziarrak agertzen zuen mundu ikuskera zabaltzailea maite zuen, baita tipografia eta hizkuntza aldetik usadioa apurtzea ere. Maiteena zuenak, ordea, hagitz ondorio latzak ekarri zizkion. Humanismo eta teologia berriaren haize freskoaren hedatzailea zen Egia. Hartara, Alcalan Erasmoren zale agerikoa bihurtu zen. Ordaina, ordea, jasandako jazarpena eta hiru urteko espetxealdia.
Inbidiak eta infamiak harrotutako prozesua zela argudiatu zuen orduan Lizarrakoak. «Irakurtzaileak zer maite duen eta liburu ofizinetan zer saltzen den hura da nik molde letretan paratzen dudana. Bekaturik egin badut, jauna, irakurleak irakurri nahi duena aitzinetik asmatzea baizik ez da» izan zen Egiak argudio gisa erabili zuen desenkusa: «Juje jauna, ez nauzu heretikoa, merkatari ona baizik».
Auzipetu aitzin Egiak egin zuen azken lana hauxe izan zen: Rhodorico Mercato Episcopo Abulensi izenburupeko apologiari zegozkion moldeak kaxoian txukun-txukun nahastea. Lucio Marineo Siculok latinez eta eskuz idatzitako De rebus Hispaniae memoralibus bilduman egina zioten txokoa Don Rodrigori. Halaxe, Lazarragako jaunaren apopiloa izandako zorri biztuak lortuak zituen hamar lerro bete-beteak etorkizuneko belaunaldiek Espainiari buruz oroitu beharrekoaren artean: Fernando erregeak Balearretako apezpikua izendatu, Karlos enperadoreak Avilakoa, Zizeronen oratoriaren oinordekoa, gramatika, matematika, zuzenbidea, teologia, filosofia eta arteetan aditua; irakurle amorratua, garaiera handikoa, aurpegi garbikoa, kolore aingerutiarrez eta adimen bikainez hornitua.
Horixe eta horrelakoxe zen, Marineo Siculoren arabera Egiak tintaz betikotutako Don Rodrigo Saez Mercado de Zuazola Etxepareren adiskidea. Salamancak emandakoak aski ongi probestutako Etxepareren babeslea.
Horixe zen, halaber, Egiari buruz Don Rodrigok izan zuen azken berria. Siculoren euskarazko hiztegia ere bazekarren De rebus... horrek edizio gehiago izan zituen ondoren, alabaina, ez zituen Egiak apailatu. Paperezko hilezkortasuna lortua, Rodrigok harriz zizelaturiko hilezkortasuna lortzeari ekin zion Oñatin, Egiaren egoera latzaren berririk izan gabe.
Oñatiarra damutu zen Egiaren aipamena egin izanaz. Gortean nahiz katedraletako edozein kalonjetzan, Migel de Egia Luther eta Erasmoren enbaxadorea zen, euren pregoilaria. Hori dela eta, Etxepareri agindu bezala, Egiaren berri zuzena ezagutu nahian Alcalako unibertsitateko errektoreari itauntzean, «Vade Retro Satanas» jalgi zitzaion bigarrenari hasmentako solas gisa. Orduan ikasi zuen Zuazolak, dirua eta aspaldiko harremanei esker gorde zuela bizitza Lizarrakoak, eta orain sorlekuan zebilela bere lan jarduera berriro biztu asmoz.
Satanasen giderra! Ez da egia izanen! Martin, zatoz honat ala ene fedea! maldizioka egin zuen topo errealitatearekin Mosen Bernatek. Irakur ezazu hau faborez, oraintxe izana da hemen Hirigibelen mutila eta gutun hau eman deraut. Irakurri faborez! Hau bihotzeko dolorea!
Dolorea eta baita damua ere Etxeparerena. Azken asteetan etengabe aritua zen lanean pozez eta itxaropenez. Hiru kopla berri eginak baitzituen, non Rodrigo adiskidea aipatua baitzen behin eta berriz. Lehendabizikoan Salamancako pasadizoen berri ematen zuen. Bigarrenean apezpiku oñatiarraren dohain erlijioso eta pertsonalak ederresten zituen. Eta azkenik, hirugarrenean, Ganteko Karlosen enperadorea onesten zuen benetako fedearen defendatzaile moduan. Horretaz gain, liburuaren eskaintza izaten ahal zen Don Rodrigori egindako laudoriozko karta amaitu berria zuen.
Hainbat gautan loa galarazia zioten liburuan erabili beharreko tipografia eta apaingarriek. Molde kaxei zegokienez, erreformazaleek-eta erabili ohi zituzten molde berri bezain ederrak aukeratzea ala usaiazko idazkera ad imaginem antiquarum scripturarum baliatzea ziren bere hausnarketak. Zernahi gisaz, lehen orrirako Ama Birjinaren irudi bat aukeratua zuen. Eta liburuaren azalerako, superlibris modura zein testuaren azken orrirako, berriz, Sarasketako Etxeparetarren armarria irudikatuz anaiak aspaldian eginiko marrazkia bereizia zuen. Oro alferrik.
Banitate ontzi halakoa! Zorribiztu ustel eta kiratsa! Maradikatzen haut hi eta hire potentzia deuskai guztiak. Banoki gomendatuko haiz hondarreko judizioan. Doluturen zaizkik hire bekatu guztiak, suge kirats horrek!...
Lizarazuk ekarritako ohar llaburrak argiro erakusten zuen zein izanen zen Avilako apezpikuaren laguntza: deus ere ez.
«Eguia orangaño Stellan dozula baiçe eçin deusut esan. Gauzac asco mudatu dira eta çorigachean eçin dot gueiago eguin».
Rodrigo penaturik agertzen zen adiskidearengan sortutako itxaropen faltsuarengatik eta etorkizunean bestelako laguntzarik behar izanez gero, aski zuela Oñatira mezua helaraztea.
Lasai, Mosen, izanen da nori galdetu laguntza. Lukuzek, konparazione, ezagutuko al du inprimatzaileren bat?
Bereauk egindako konfortari saio baldarrak huts egin ez ezik, areagotu egin zuen Etxepareren nahigabea eta etsipenez abaildu zen.
Utz nazazu bakean, Martin. Hau hondarreko saioa genuen. Erratuak ginen. Nola mandoak bere bidea mendian goiti, guhaurek ere gurea egin behar baitugu. Bidexkak hartu behar ditugu eta zuzen irudi duten bideizunak baztertu. Ezagun du ene bekatuek punizione haboro behar dutela eta otoitzek ez dirotela ene ogena purgatu.
Laratzetik zintzilika zegoen eltzea sutatik aldendu zuen, zizeilu gainean utzi eta Bereau agurtu zuen.
Ez naiz gose. Ohatzera noa. Gabon Jainkoak.
Bereauk bapo afaldu zuen eta lastozko ohatzean atsedena hartzeko moduan etzan baldin bazen, bera ere ez zuen loak hartu. Erretoreak menturaz sekula inprimatuko ez zen liburua zuen buruan. Borrero eskolatuak, aldiz, veneziarraren abenturen liburua zuen esku batean eta kriseilua bestean.