Beņat Dardo
Beņat Dardo
2006, nobela
200 orrialde
84-95511-86-X
azala: Xabier Gantzarain
Joxan Oiz
1968, Donostia
 
 

 

BORRERO BAT, BI GATIBU

 

Beriyoren gathibutzan, orok behar du zerga

Jaun nobliak ta landerrak, punizione bera.

 

Ogengabiak galdu du gaizuak eskuia,

Ogenduruak galdu du undarrian buruia.

 

Makurrenaren gogo bihurriena ere zuzendu du ene burdinen goriak. Harroenaren uste gorenena ere aski apaldu ene eskuen zakarrak. Donibaneko Gaztelukoa zein karrikako ziegetako pareta eta zoko guztiak izan dira hainbat negar, intziri eta oihu lazgarriren lekuko. Ene begiek gizakia oilandaren zirinaren gisa ikusi dute. Ene gogoa lege, ene indarra neurri, Bereau borreroa izana da presondegiko errege eta Jainko, eta arabera gobernatu ditut ene zerbitzari ezdeusak. Zapaldutako bare zornetsua baizik ez ziren mihi solasgabeek otoi hil nazazu! erregutzen zidaten solasturi. Ordurako betzuloetatik erauziak nituen begi odoltsuek negarrez behatzen ninduten euren jabearen bizitza begira nezan. Bereau izana baita bizi emaile eta ebasle. Ebasle, umejale, lizun, sorgin eta herese, oro izan dira ene panpina. Ene ostatuaren zergak berdindu ditu erromes, zaldun ala agota.

        Ez zuen, hortaz, ez nire izenak ez nire izanak aise hunkitzen den galai beratzaren sonarik. Garazin baldin bazen urdamarik ere merezi ez zuen sasiko urde narrasik, hura Martin Bereaukoa zen. Bereauk, emazte nahiz gizon, zahar ala gazte, egokitutako lana obratzen zuen, besoa sendo eta gogoa mudatu gaberik: mutua solastarazi eta solasturia mutuarazi.

        1538ko Domu Saindu egun hartan ene ziegetan ostatu hartu zuen presoak, ordea, egundaino sekula sentitu ez nuena biziarazi zidan ene barne zokoetan. Nahigabe poxi bat ernatu baitzuen nigan harresi ondoko kartzelan ostikoka sarrarazi zuten giza fardel hark.

        Paueko presondegitik igorria, oinez ekarria zuten arrastaka karrikan beheiti Donibaneko gaztelutik Zumalagaenerat, aspaldian Erromako Aita Sainduaren etsai izaniko apezpikuaren etxeko sotoraino. Gazteluko kartzelan ez omen zuten arrats bat baizik atxiki eta niregana igortzen zuten aterpe eman niezaion.

        Usaia ez zen gisan zaindariek ez zuten paretarat lotu. Alta, kapitainak keinua egin eta soldadu batek matelako ikaragarria eman zion aizkolbegiarekin. Hondarreko adioa menturaz. Errukarria ziplo jautsi zen, buruak lepotik eskapo egin ezinik, gorputz bizigabearen pisuak aginduta. Ezagun zuen, anitzetan nihaurk sorrarazitako soinu idorrak salatuta, matelezurra hautsi ziotela gupidagabe.

        Kapitainak soberaxko kolpea izan duk ulertarazi zion behako fundigarri baten bitartez soldadu irribarretsuari. Niri berriz, honako hauxe erran zidan:

        «Hire kargu duk zorne zorro hau! Jostatu berarekin plazer duan gisan; kasu emak, alabaina, jostailu hau ez baita haustekoa, ezen udaberrirako oso-osorik libre behar baitu. Biarnokoak hilarazi ez duenak, Bereauk ez dezala akaba. Eta Jaunak dizuela egun on! Doministikum».

 

 

Dominus te cum. Zirrara deseroso batek zeharkatu du borreroaren gogoa. Bereauk burua astindu du latinkadak ekarri irudia desegin asmoz-edo. Ez da lekutu, ordea, eta bertan da etorritako oroitzapen oso-osoa. Bereau. Berako olarik oparoena. Goiz eta arratsez hamahiru olagizon urrea baino estimatua zen burdinaren urtzaile eta kolpatzaile azkarrak. Kolpatua baino, hautsikia izan zen, baina, Bereauko Ola. Mende berriak uxatua zirudien mamuak berriro ere zorroztuak zituen haginak. Atruska egin eta doministiku erran, gizalege bihurtzen ari zen sasoi bateko erranera salbatzailea. Izurria, berriro ere, Bidasoako uretan igerian zen. Oraingoan alabaina, Altzate edo Ihilekuetako karriketako etxeak bazkatu ordez, izurriak Lesakarekiko mugan eraikia zen burdinola aberatsa hartua zuen elikagai. Laster barreiatu zen albistea: Johanko Iriarte, Iruñetik etorri berria zen mutil koxkor indartsua, gorputz ustel eta murel-mureldu bihurtua zela ustekabean. Hasmentan burdinolan bertan atzeman zuten eritasuna. Izan ere, gazte azkarra bat-batean geratu baitzen indarge. Oinazeak bereganatu zituen bere beso eta izter sendoak, eta hotzikarak eta alimaleko kalenturak lanerako deusgai bilakatu zuten. Biharamuneko hantura gorriztek salatu zuten zoritxarra: lepondo, besape eta izterrondo minberatuak ez ziren handik harat bere onera etorriko jagoitik.

        Ez zen dudarik, Bereaukoek ekarria zuten Herio Handia Berara eta eurek eraman beharko zuten, Bidasoaldeko Bortziriek aspaldian ez zuten lasaitasuna hura galduko ez bazuten. Hartara, oraingo honetan ez zuten ia ahantzita zuten ohiko prozedura erabili, eta ez zuten etxea sufrez markatu, gaitzak aurrera egiten zuen bitartean Johanko kanposantu aldean bakartu eta bere arropak erre. Ez. Beratarrek ez zuten astirik galdu eta Iriarte gazte etorri berriari aterpea zemaion Altzateko Juantorenea etxeari su eman zioten berehalakoan, artean gaztearen arima gorputzaren inguruan ibilki zela. Eriaren eztulak gehiago izutu zituen izurriaren keak baino. Arrotzaren etxea erre eta Jainkoak fundi dezala! Gainontzeko olagizonek ez zuten bestelako aukerarik izan. Familiak edota etxenagusiek behartuta alde egin zuten ihesean. Patuak, Herioak, aukeratuak zituen nonbait, eta eskapo aise eginagatik helmuga ez zuten denek ezagutu. Gehienak Gipuzkoa aldera jo zuten. Lesakarrak ziren lau olagizonek Oiartzun aldera egin zuten. Aritxulegin harrapatu zituzten. Aginara ekarri eta bertan erre zituzten, ezpataz hil eta gero. Beratik dozena erdi bat lagun abiatu zen Hondarribia aldera Endarlatsatik barrena. Batzuk erreka ondoko bide bazterretik, besteak, berriz, mendiz. Ez zieten legoa eta erdi egiteko aukerarik eman. Inguruko borda, etxola eta etxe guztietako sutondoetan aipatua baitzen bi egun lehenago Bereauko Olan gertatutakoa. Biriatuko auzo lapurtarrek ere agindua jasoa zuten, susmo txarrik hartuz gero nornahi garbitzeko, balizko izurria zabal ez zedin.

        Horrela, Saratik barrena alde egiteko hautua egin zuen bikote beratarrak baizik ez zuen ihesaldia burutu. Lizuniaga mendatean, berriro bereizita, Telletxea Lehenbizkai auzotik urrundu zen kosta aldera. Bereau olanagusiaren seme ttikienak, ordea, leizeen inguruan pasa zuen aste oso bat harkaizpeak babesleku gisa hartuta, Lapurdi barnealdera abiatu aitzin. Horrek salbatu zuen, agian.

        Telletxea zaharra Urruña inguruan ehizatu zuten. Burdinolako hamahiru gizasemeetarik, hortaz, Doministiku hitzezko kuttunak Bereau baino ez zuen babestu. Bereau eta Bortziriak babestu ere, izurria berriro agertu arte mende oso bat pasa beharko zuen-eta.

 

 

Izurriak ekarri ninduen Donibanerat, eta izurriak lana emaki. Ene izena kutsatuen zerrendan izanen zen, noski, izan ere 1510eko izurritea zabaldu zelarik ordura arte Mattin ferratzaile anonimoa zena Bereauko Martin bihurtu baitzen. Martin de Bereau fuido de grand mortandad de Vera Iruñean zen izurri iheslarien zerrendan paratzen zuen moduan harrapatu baininduten kapitainaren soldaduek eta burdinaz lotu Gazteluko Gibel Salan deitua zen ziegan. Berehalakoan, arropa erantzi eta sufre hautsa zakukada bat bota zidaten buruz beheiti. Kapitainak enegana inguratzeko adorerik ez izaki eta goitiko gelatik solastu zitzaidan ozenki. Markatu eta itxitako etxeetan ebasten harrapatutako bi morroi bazituztela eta hirugarren bat behar zutela kutsatutako hildako eta eriak garraiatu eta begiratzeko. Nerea zela hautua, eta delibera nezala berehalako sua ala ongi ordaindutako lana. Kutsaduraz begiratzeko intsentsua erabiltzen ahal zutela gaztigatu nion; halaz ere, gaur gero zaharkitua den sufre igurtzi garbigarria eskertzen niela erantzun nion. Sufreari esker edo Jainkoaren graziaz, Bereau ez zuen izurriak eraman. Ni ez bertze, abantzu Donibane osoa irentsi zuen izurriteak. Hiria ikaragarri eskastu zen eta hiru etxetarik bik bederen ukan zuen Balbearen bisita. Heriotza eta gero Pettiri Santz etorri zen eta Gosea eta gero Gerra.

        Gerran, usaiaz, bi jende moldek gordetzen du bizia. Irabazleek batetik, eta aldiro irabazleen gerizpean bizitzen ikasi dutenek. Bigarren multzokoa nauzue ni. Izurri sasoian erakutsi jarrerak ez zidan errespetu eta itzal onik eman, alabaina, herritarren eta batez ere arma gizonen artean halako izualdura eta itzal iluna sortu zen Bereaurekiko. Jaun Noble eta soldaduek ez zuten Bereau ondoan nahi, ez eta euren aurka ikusi gogo. Herritarren ikarak, eta boteretsuen errezeloak, gerra giroak beteko zituen Donibaneko presondegietako borrerotzara erakarri ninduten, hortaz, Olagizonaren burdinak eta izurriaren oinordekotzak bat egin zuten Martin Bereau Jaun Done Joane Garaziko hiriburuko Borreroarengan. Nigan.

 

 

Borrero prestuak ez du bada ulertzen zein mila deabru direla eta ekarria dioten, nor eta gogorrenetan gogorrenari, sasikoenetan sasikoenari, gizaki itxura ere galdua duen gorputz erkindu bat, zertarako eta zaindu eta begira dezan. Bere buru handiaren barru ttikiak ez du ulertzen ahal, biziak gorpu bihurtzeko dohain apartekoak dituenak, nolatan solasteko ere gai ez den hura zaindu eta aterpetu behar duen. Aberatsak ondasunak, gerlari bulartsuak harrotasun fierra, kantoitako eskaleak, eskua. Denek bazuten zer galdua Bereauren ezpata, aliketa, biradera edota oinaze errotatik pasa aitzin. Bere mixerian bilduta, negar isilean den gizaki horrek, aldiz, zer du borreroari eskaintzeko, jo eta zanpa ez dezan?

        Kolpatutako giza hondakinak, ordea, badu nortasunik, badu izenik ere. Areago, eta batez ere, badu izenari lotutako izana, sasoi batean izana zuen izena: Izan zen izana.

        — Bernat Etxeparekoa! Bernart Sarasketako Etxeparekoaren Jauna, eta Margarita Lakarrakoaren semea, Joanes Etxeparekoa Garaziko lurren kontu hartzailearen anaia, Zaro eta herritarrek Eiheralarre deitu Antigoaleko Jaun Done Mikel herrietako erretorea eta Jaun Done Joaneko Bikario Nagusia, erraguzu, Jainkoaren aitzinean eta Jainko beraren graziaz denon maiestatea den Fernando Erregeak Garaziko herrian ezarri bakearen izenean: Garazi herriko eta Bortuz honaindiko Nafarroako zein jaun noblek egin duen traizioa Erresuma eta Jainkoari, armaz Donibane hiria etsaiari eman nahirik. Erran albaiteza Etxepareko Bernat!

        Mediku eta erizainekin baino, mandazain eta itzainekikoa zen ferratzaile izandako borreroak zuen eskarmentua. Eurei entzuna zien zamariek zein idiek mina hartutakoan behar zuten sendabidea. Eta halaxe, ahur bana kosmopolitana, tipula eta sauka hosto lortuta irakindako gantz pixar batekin jarri zituen ozpinetan egosten. Lihozko trapu garbi batez matrailari lotu zion kataplasma. Hiru egunen buruan aizkol kolpearen hantura apaldu zen doi bat. Zauriari etengabe zerion materia garbitzeko, berriz, nahastutako borreroak pixa zerabilen.

 

 

Satanasen gider beltzarengatik! Zertaz ekarri zidatek niri gorputz ustel hau. Erradak, madarikatua! Nor duk hain babesle handia, gosea eta eritasunen arriskutik begiratzearren ni hire zaindari bihurtzeko? Hi haiz hi dohakabea Martin Bereau! Pauetik ekarri hauen soldaduak 10 dukat ukanen ditik moltsan, Zurginak 40 dukat jasoko ditik urkamendia obratzeagatik, hi urkatzeko ala zaldiei lotuta laurdentzeko soken egileak ere izanen dik ordainik, zintzurra ebakitzeko erabili ezpata motza ere ordainduko zaiok errementariari; niri, ordea, gizatxar madarikatua, niri, nork emanen zidak ordaina hi begiratzeagatik. Bereauk ez ote ditik marabedi satsu batzuk ere merezi. Kirats horrek, ene eskuen zakarra dastatu nahi ez baduk, erradak: goseak eta laidoz beterik, nork begiratu behar dik Martin Bereau. Erradak, kirats horrek!

 

 

Presoak ez zion arrotz egin borreroaren ibilmoduari. Zaindaria eta zaindutakoa egoera berean baitzeuden. Bata bortxaz sartua, bestea ogibideak lotua, ziegak bi preso zituen bezero. Biak preso baina biak ezberdin.

        Zaindariak ez zuen lorik egiten sekula, edo hala iduritu zitzaion presoari. Izan ere, leotzaren ate astuna zen burdin-xaflaz josiriko egurrezko pareta hartako milaka zirrikituetatik argi izpien geziak gela ilunean goizero lurrean barreiatzen zirenerako, borreroa esna baitzegoen. Gauerdiro oinazeak nahiz amesgaiztoek presoa zaplazteko urduriz ernatzen zutelarik ere, borreroa hantxe zen, begiak zabal-zabalik. Horrelaxe topatu ohi zuen aldiro-aldiro. Presoak sarri egin ohi zituen noiznahiko lo kuluxka gozo horien ondotik ere, ez zion sekula santan borreroari lo egin izandakoaren zantzu ñimiñoena ere igarri. Ez eta aho zabalka edo nekatu plantak egiten inoiz ikusi.

        Ikusi baino entzun, presoak aditu egiten baitzuen borreroa. Honek bere buruarekin egindako solasaldi luzeak ziren aditu ohi zituenak. Orokorrean frustrazio eta arrangura zerien borreroak egindako bakarrizketei. Zorigaitzez beterikoak ziren eta gustura entzuten zituen presoak.

        Horixe baitzen presoak aski ongi ezagutzen zuen portaera. Berak Paueko presondegian urte luzetan buruturiko ariketa bakarra: bere buruarekin solastea, hausnarrean, poliki-poliki hasieran, ozenki eta oihuka hondarrerako.

        «Etsaiak hila nahi ninduen. Hil arte gatibu. Herioak erdietsi ez zuena, alabaina, erogoak obratu zuen. Ero nintzen usteak Pauetik libratu baininduen. Orain, berriz, hemen naiz, mutu, libertaterik gabe baina etxean».

        Hortaz, matrailak hitz egiteko ahalmena itzuliko balio, presoak ez lioke kargurik hartuko borreroari bere buruarekin solasteagatik. Aldiz, anitzetan loak hartua bailuen egiten zuen presoak, borreroa lasaiago solas zekion.

        Zenbaitetan borreroak hik zer uste duk, hiri zer iduritzen zaik edota hala behar likek, ezta? erranez zuzentzen zitzaion ustezko preso lotiari. Presoak gustura hartzen zituen halako aitortzak, aspaldian egindako konfesione saio haien oroigarri ezti gisa.

        — Ave Maria. Zuri gomendatzen nauzu, egin berri dudan bekatu ikaragarria purgatzeko. Gure Jainko Jaunak bere miserikordia infinituan oro dakusanez, egindakoa baizen ez nuela egiten ahal jakin badaki; alabaina, zuregana heldu nauzu, Mosen, ezen bekatua erran gaberik ez baitago punitzerik...

        Salbaziobidean heldu ohi zitzaizkion aitorle umil haiek. Ordu luzetan zirenak eta ez zirenak kontatu ondoren, solasa eta penitentziaren bitartez giza duintasuna eta bizipoza berreskuratzen zuen jende fedekoi bezain beldurtia.

        Zer ote zuen borreroak gordea eta zer behar ote zuen hura punitzeko, galdetzen zion bere buruari presoak.

 

 

Bi hilabetez, presoaren zintzurretik oinaze marruak eta ezinegon marmarrak baizik ez ziren kanporatu. Nik bederen ez nuen bertzerik aditu, aldiro-aldiro solasten nintzaion arren. Aspaldian, baina, isil-isilik zegoen presoa. Ene galderek ez zuten inongo kontestarik jasotzen, ohi zen gisan. Jarrera, ordea, mudatua zuen presoak. Adi-adi zegoela iduri zuen eta bere begirada nigan iltzatua sumatzen nuen aldioro. Ni norat, presoaren begirada harat. Lepoa abantzu mugitu gaberik, begiek segitzen ninduten etengabean. Nardatzen hasia nengoen.

        Masailaldeak aspaldi murel kolorea galdua, ahoko zauria osatua noski, matelezurrak, baina, beheiti eta eskuin alderak egiten zuen arruntean. Hezurrak bat eginik behar zuen ordurakoz, matela, halarik ere, bere onera etorri gabea zen. Aski irrigarria fortunatu zitzaidan hasmentan bere aurpegi itxura. Hondarrean, ordea, ez hitzez eta ez imintzioz, deus erraten ez zuen begirada hori, segika nuen begirada ergel hori, hagitz trabagarri bilakatu zitzaidan.

        «Zer duk, zer duk deabru ergel horrek! Mintza hadi behingoz, ireki ezak aho lerdejario zahar hori!», oldartzen nintzaion neure onetik aterata lepoa estututa presoa itokarrean. Gorri-gorri egindako aurpegiak eztul andana batekin arraposten zidan, beti.

        Asteak joan zitzaizkigun horrela, bera niri beha etengabean, ni solas eske adi, bera niri begira mutu, nik belarrondokoka sutu.

        Erizain errukigarri bihurtua ninduten ordurako. Gazteluko inork ez zekien nor ote zen preso hura, eta nik presoari nortasuna aterarazteko debekua nuen. Presoaren jarrera hura eraman ezinik kapitainarengana Gaztelura hurbiltzen nintzen aldiro, kontesta bera ematen baitzidan: «Presoa hire karguan duk. Nehork ez du jakiten ahal bertan denik. Osatzen delarik, jakinaraz niri. Bitartean, badakik, kasu eman eta Bereauren ukitu eta ferekadak tentuz banatu. Udaberria heldu duk sarri eta presoak kanpoan behar dik ordurako. Jainkoak egunon!».

        Gaztelutik presondegira bitarteko maldan beheiti, presoa mailukadaz akabatzeko gogoak amorrarazten ninduen sarritan. Ziegan sartu orduko, baina, Bereau otzandutako borrero bihurtzen zen. Presoari nik biztua nion bizitzeko garra. Hainbat urtetan Herioari bazkak prestatu eta gero, kontrako bidea eginik nuen preso harekin. Ilunpetatik nik erauzia, argitan ikusi nahi nuen gizon hura, madarikazio eta ostikoka tarteka, umezain bihurtua eta bere begiradan kateatua ninduen preso ezezagunak.

        «Andredona Mariaren izenean, nor deabru ote haiz?».

 

 

Presoak aise sufrituak zituen borreroaren kolpe, irain eta laidoak. Ziegaren hezetasunean laketua, edota janari gisa ematen zioten zerri bazka ederretsia, presoak ez zuen inongo presarik buruan zebilkiona berbalizatzeko. Bere mututasunak borrero erizainarengan sortzen zuen ezinegonarekin gozatzen ari baitzen azken asteotan. Erretore zaharraren buruan zerbaitek egin zuen eztanda, ordea, Ama Birjinaren aipamen desegokia entzun bezain pronto. Hamaikatxo ikusi eta bizi eta gero, horixe baitzen antzaldatu gabe zuen uste eta sinesmen bakarra. Mutuizunaren jokoa orduantxe eman zuen bukatutzat. Bere errotik ateratako matelezurrak, aitzitik, erakutsi zion gupidagabe egindako aukeraren okerra:

        — Zodia, zakud zodia hago izilik, bekatode...!

        Hantxe amaitu zen presoaren etorria eta bolada batez mutu jarraitu beharko zuela deliberatu zuen, bere pentsamenduen baitara bildu baino lehen.

 

 

Udaberria laster helduki eta oraindik ezin presoarekin solasik egin. Amorrarazita ninduen arruntean. Egunero-egunero behin eta berriz errepikatzen nion galdera. Nor deabru ote haiz? Mutu-mutua bera. Halako egun batez, ordea, aspaldian esperoan nuen arrapostua jaso nuen. Eguneko bigarren otorduaren tenorean, afariko erretilua inguratzerakoan, eman zidan eguneroko isiltasuna baino amorrarazgarriagoa fortunatu zen kontesta hura...

        — Petri Goienetxe.

        — Nor? —galdegin nion harriturik.

        Ez zuen ahoa berriro ireki, lekot esnetan bustitako ogia barneratzeko. Biharamunean, afalorduan berriro ere, errepikatu nuen galdera. Kontesta izan nuen, bezperako bera ez baina.

        — Bertrand Lasalde.

        Harridura, josteta itxurako zerbaitek ordezkatu zuen. Ez nekien, baina, bera ere jostetan ari ote zen ala sendatutako matelaren arraildura burmuinetara hedatu zitzaion.

        — Jakes Maingua —hurrengoan—. Josef Olagarai... Mosen Durrutia... Joanes Ergela. Joanes Dufurrena. Alkegiko Pero. Luberriako Inesa. Ganix Itsua. Domenika Bidondo. Lukuzeko Bernat. Pello Landerra. Aragoiko Ferdinand. Filipo di Domenici...

 

 

Ankerra eta gizazakur ospea ederki irabazia zuen Lukuze zaharrak. Petri Goienetxe, Lasaldeko Bertrand eta Josef Olagarai tormentupean hil eta euren gorputzak laurdendu ondotik Donibaneko gazteluko murruetan zintzilikatu zituen hartan frangoki erakutsi zuen gisan. Hiru uhartearrek punitu zuten ogena Lukuzeren iloba ezkondu berriari buruz Jakes Maingua galarrosgile ahalgeizunak egindako koplak asto-lasterretan kantatzea izan zen. Zoko-moko guztietan sartu ohi zen Mosen Durrutia Ainhizeko erretoreari igorri zeraukan Mainguaren mihia. Baita Ganix Itsuaren belarria, Joanes Ergelaren sudurra eta Pello Landerraren eskua. Lukuze jaun nobliak ez zituen hamar manamenduak begiratzen, lekot laugarrena: aita eta ama ohora itzazu. Hortaz beretzat ez zen Lukuzetarren kontrako iraina baino laido handiagorik. Halaxe ikasi zuten Alkegi Behereko Perok eta Dufurreneko Joanesek. Agramont mila deabruk eraman dezatela belaunikaturik aldarrikatu arte, Lukuzek ez baizituen bada euren etxeak erre Inesa eta Domenika andereak barrenean zeudela, seme-alabekin batera loturik. Ankerra eta bihozgabea zen Lukuzeko baroi jauna. Erregaliak egiten bazekien, alabaina, hala Granadatik ekarritako zilarrezko miraila, nola Lyonen inprimatu berria zen zeinahi liburuki xarmanta.

        Behin batean halakoa izan zen emandako plazerezko ustekabea. Aragoiko Ferdinand eta Albarekin ibilitako baztandar batek Veneziatik ekarria zeraukan pitxia eman baitzeraudan opari, Eñaut bere seme xipienarekin batera letrak ikasten ari nintzelarik.

        — Aski duk, Etxepare! Zuen aitak ikusmena borrokan galduko zian plazer handiz. Hik berriz, debozionezko liburu zahar horietan alferrik galdu behar dituk begiak. Badiat ofrenda xipi bat hiretako. Hire paperak erretzen uzten ez baderaudak, utzidak bederen hire begi triste horiek salbatzen. To, hiretako, eta kasu eman ezen ikaragarri hauskorrak baitira!

        Zurezko kutxa pollit batean gordea, Filipo di Domenici urrezko letraz brodaturiko izenak apaintzen zuen zetazko zakuto ttipia ireki nuen. Elas! Antiojoak. Segituan paratu nuen uztai xipia ene sudurraren gainean, betaurrean. Iruñean ikusiak nituen aspaldian. Mila esker jauna. Ez deraukat galdetuko nola eskuratu dituen. Mila esker alabaina.

        — Ai ene, Etxepare! Ez duk hor barrena entzuten duan guztia sinetsi behar. Suge mizto gaizto sobera zegok bazterrotan. Lasai hadi, baina, ezen laster erauziko baititugu guztiak sekulakotz.

 

 

Oroimenak kolpeka ekarritako izen eta pasadizoak biziaraziz azken egunetan egindako josteta amaitutzat eman zuen presoak. Borreroak ere, kontestak ero baten beroaldiak baizik ez zirela ikasita, Etxepareren nortasuna jakiteko ahalegin tematiari utzi zion. Bakoitzak bereari eutsi zion berriro: Bereauk erizain aspertuarena egin eta Etxeparek matraila osatu bitartean bere buruarekin solas egiteari.

        Presoak, hala ere, bazuen denbora-pasarako beste aukera. Non ote zuten estekatua asmatzea. Jakin bazekien Donibanen zegoela. Pauetik egunez burua estalita eta arratsez zorabiatuta ekarri arren, aise ezagutu baitzuen Donibaneko Gaztelua. Nekez ahantz zitzakeen zenbait urte lehenago bertan pasatu eta, batez ere Gibel Salan zeritzonean, hainbati pasarazitako ordu luzeak. Aski izan zituen leotz horretan igarotako lauzpabost orduak, Donibaneko gazteluko zulorik sakonenera ekarria zutela ikasteko. Bertaratu eta luze gabe, berriro begiak estalita, gaztelutik kanpora arrastaka osatutako gurutze bide laburra ere ezagutu zuen eta egindako buru hurbilpenari esker oraindik Donibaneko harresien barreneko etxeren batean egon zitekeela begitandu zitzaion.

        Karrikan beheiti bultzaka, herrestan eta zilipurdika erabili zuten arren gatibuak ikasia zuen preso hartua zuen etxeak hegoaldera izan behar zuela sarrera. Izan ere, lohi istil batean ahuspez zetzala nola edo hala hatsa hartzen ari zen bitartean «aski! hemen duk, jagoitikoz nehork ez dik ikusiren eta ataritik sartuko diagu» entzuteaz gain, kapitaina eta soldaduak eskuin aldera zegoen ezkaratz batera zokoratu zutela ohartu baitzen.

        Orduan ezin izan zuen erreparatu etxea zein ote zen, baina burututako bidearen denboraren arabera argi zegoen Izuratik heldu ziren erromesen harresi ataritik gertuago zegoela Elizako ataritik baino. Etengabeko gerra, eraso eta sakoek erabat desitxuratuta zuten Donibane. Galtzada harriz zolaturiko karrikak mendiko estrata iduri zuen. Antigoalean etxe ederrak izandako hainbat eraikin lurrarekin berdinduta zeuden, beste batzuek, berriz, harlanduzko murruak arrunt hondatuta, erreka harriz, egurrez eta buztinez obraturiko mukuruak baizik ez zituzten sostengu gisa. Bestaldetik, ordea, Gantekoaren armada behin betikoz erretiratu zenez geroztik etxe andana bat berreraikia zen hutsik zeuden orubeak probestuta. Hogeita hamar urte lehenago, karrikan ahuspez egon beharrean buruz goiti etzan izan balitz, Etxeparek nekez ikusiko zukeen ilargia, argitasuna eta altuera lortu nahi zuten etxeetako goiko solairuetako buruek estalita.

        Gau hartan Donibaneko etxeek karrikari bidea egiten zioten trabarik gabe, zabarki osaturiko bi etxe-errelduek galdua zituzten argitasuna bilatzeko gogoa eta estrata lohitsu hartan gertatzen zena ikasteko jakinmina, alde banatan zeuden teilatu galdor eta bizkarrak garai batean ia ukitzeraino behartzen zituen jakinmin hiritar hura desagertua baitzen bortxaz. Gaztelu izandakoak sendotasuna lekutua zuen gisan, hiriak ere nortasuna galdua zuela irudi zuen, inguratzen zuten harresi zatietako harri malapartatuak oraindik harrotasun jarrera mantentzen saiatzen ziren arren.

        Izpurako haize kirria zekarkion leiho txiki hezeak eta berau bermatzen zuen pareta bustiak iparraldea non zen argiro erakusten zioten presoari. Hegoaldeko pareta harrizko eskala batek erdibitzen zuen zuzen-zuzen. Hegoaldea izanagatik, ziega ezezagunean gatibatu zuten gau hartan Etxepareren bizkarrak, belaunburuek, saihetsek eta buruak hotz eta zorrotz sentitu zuten eskala hura, kapitainak ostikoz jo eta zerraldo erorita hogeita bat koskak zenbatu zituztenean.

        Geroztik makina bat aldiz zenbatu zituen berriro koskak, eta harriak, eta harrietan harginek utzitako arrastoak, eta ojiba-ganga kontzen zuten oin harriak, eta berdamenak jandako harriak, arrakalaz josirikoak, berritutakoak, falta zirenak... Iluntasunean laketutako begiak leotz handi hartako murruen zeinahi xehetasun, natural zein gizakiek obratutakoa, irakurtzeko gai ziren. Gero eta urrunago orduan eta hobekiago behatzen zituen egunerokotasuna hausteko baliagarri zitzaion zeinahi ñabarduna:

        — Ikusi, Beñat, goitiko horma hartan bertze kurutzea baduk... Klarki ikustekoa! Honekilan zazpi dituk baleztak!... eta letra hura, letra hura... P bat duk, P letra, gaur gero badituk zazpi...

        Halaxe 46 gurutze, 24 hargin konpas, 27 balezta, 20 gezi, hogeita hamabi T, zazpi P... eta N bat! Irakurtzeko lanak ematen zioten ikurrak hurbilen zituenak ziren. Betaurrekorik gabe ezin zituen atzeman. Atzamarrez haztatzen zituen eta orduan begitantzen zitzaion halako batean X baten grafia ala denetan sarrienak ziren Y greko bat zein L moduko bat bestean. Bertatik bertara ezin ongi irakurri, nekez asmatu zuen idazten. Egun anitz eta eskriba-pazientzia behar izan zituen «b» irakurgarri bat idazteko. Lurrean topatutako katebegi hautsi baten muturraz bere izenaren lehen hizkia harriz zizelatzeko.

        Ezin zion antza hartu soto hari, ordea. Zumalaga apezpikuaren etxea edo Laborderena izaten ahal ziren. Harri-harrizkoak goitik behera, ederki ezagutzen zituen, karrikaburuan, gaztelu bidea mehartzen zen tokian kokatuak eta erromesen ataritik hurbil. Ez zien, ordea, halako ziegarik ezagutu ez bata eta ez besteari. Halako gela gangatu handirik ez zuten. Han ez zen inongo presondegirik eta, azpian halako soto sakona zuen bakarra, ardo zahagiz eta sagardo upelaz betea, Hirigoitia zeritzan etxea zela marmariatzen zuen. Hirigoitiak iparraldera begira zuen ataria, alabaina, eta azken hamarkadetan aski erasana zen, barru nahiz kanpotik.

        Bere denbora-pasa borreroarekin partekatu izan balu, ordea, Bereauk azalduko ziokeen guztia:

        — Gazteluko ziegak abastu zeudelarik, edota gaztelarren hondarreko erasoek gaztelua bera setiatua zutelarik, Zumalagaren apezpikuaren etxea baliatzen genuen presondegi eta tormentu leku gisa. Karrika azpiko solairuak hustu zituzten eta mendebaldeko paretan ezkutuko sarrera sortu. Irteerarik ez genuen behar, alabaina, nehor ez baitzen bizirik jalgi. Aspaldi erabili gabea, kapitainak erran didanez zeu izanen zara hondarreko aterpetua. Aski dugula gazteluko Gibel Salarekin. Egon ere, gaur gero aski hondatua dagoen gazteluko alderdi oso bakarra.

        — Zumalaga satanaskumea! —erantzunen ziokeen—. Egungo zure gisakoak desagerraraziko ditut nik, kalonje eta bereter hordiak, jokoan baizen ez dakiten apezak, Jainkoaren manua onirizten ez duen prelatu orok ukanen du anitz pena eta punizione bortitza —erranen ziokeen presoak, etxe horretan bertan hogei urte lehenago rigoroski jokatu ohi zuen Donibaneko bikario nagusiak, setio eta askapen saioen arabera are zurrunagoa zen gaztelarren kapitainari erran ziona hizpidera ekarri izan balu.

 

 

Hiru astez iraun zuen presoak berriro hitzik egin gabe. Ozenki bederen ez zuen deus berbalizatu harik eta, ustekabean, «Adizak, Martin! Egarriak amorraturik nagok» erranez, Bereau asaldatu zuen arte. Beratarra aspaldian erabili gabeko lan tresnekin ari zen zereginetan. Oinaze astoaren bizkarraren zenbait ezpal orraztu, paretan loturiko iltze eta kateak segurtatu edota herdoilak jotako bestelako erreminten txukunketan zebilen.

        — Bai, jauna, zer nahi du? —atera zitzaion inkontzienteki, harridura eta bozkarioz zipriztindutako solas molde galaian, erantzuna aldez aurretik baleki bezala—. Nola du izena, nor da, baina? —galdetu zion azken hilabeteotako bere benetako kezkan berriro tematuta.

        — Orain erranen diat. Alabaina, emadak ur pixka bat, otoi —erantzun zion apal-apal preso egarrituak.

        Jolas moduan hizketarako egindako azken ahaleginetan baino gutxiago nabarmendu arren, erretore presoak ez zuen oraindik mintzatzeko gaitasuna osotara berreskuratu. Matraileko haustura aspaldi sendatua bazuen ere, doi bat eskuinalderantz egiten segitzen zuen ahoak. Noizbehinka baba jariatzen zitzaion gisan, zaindariak emandako ur basokadak ere lanak eman zizkion. Eskuinaldeko beheko ezpainak erreten txiki bat bailitzan ura eskapatzen uzten baitzuen. Edalontzia ezkerraldera lerratuta, aiseago edan ahal izan zuen. Garai batean zuri izandako atorraren besoarekin lehortu zuen bere ezpainalde traketsa eta ongi ahoskatzeko ahalegin berezia eginez eskertu zuen Bereauren arreta:

        — Mila esker, Martin. Gizon ona haiz. Saria dukek baina jagoitikoz ez nauk izan nintzena. Sasoi bateko Mosen Bernat eta orain hemen datzana ez baitira berberak. Bernat anitz izan dituk ene bizitzan eta menturaz hau duk hondarrekoa.

        — Mosen Bernat? Elizgizona? —Bereauk ezin zion eutsi jakinminari eta bor-bor ernatzen zitzaizkion galderak—. Zertaz dago bada hemen? Zertaz ukan dute hemen gordea libratu aitzin? Zer egin du, bada...

        — Sarasketako Etxeparean sortua naiz. Zaro eta Eiheralarreko erretorea eta Jaun Done Joaneko bikario nagusia izana. Paueko gazteluan bortz urtez preso estekatua eta orain, alabaina, hemen naiz zure esku.

        Ahalegin handia egin behar izan zuen erretoreak eta kostata jalgi zitzaizkion hitzok. Bere aho minberatuak, hala ere, barren-barrenean zituen arrangurak eta oinazeak baino min gutxiago ematen ziola zirudien. Mintzatzeko modua ere hasieran baino goxoago zerabilen. Baionako apezpikuaren bikarioa izandakoa errespetu handiz ari baitzitzaion hizketan, Donibaneko Gazteluko borreroari baino ez zen Martin Bereauri.

        Erretore zaharrak ez zituen atzenduak borreroak emandako belarrondokoak edota botatako irainak. Haatik, Etxepare jakitun zen bera izana zela Bereau bere onetik aterarazia zuena mutuarena eginez, eta jakin bazekien borreroaren lana osagile eta begiralearena izana zela kartzelazainarena baino. Hartara, askoz ere baratxuri-ur igurtzi gehiago hartua zuten bere gorputz mailatuaren zauriek, sufritutako borreroaren haserre purrustadak baino. Areago, Pauen jasotako tormentu, tortura eta zigorrekin alderatuz gero, Donibanen bizitako kartzelaldi hau paradisua zuen.

        Donapaleun egun batez galdekatu eta gero Pauera eraman baitzuten Etxepare. Enrike erregearen aitzinean eraman ere. Bertan egindako deszerbitzu guztiak azaldu zizkioten eta hiltzera kondenatu. Kartzelara sartu orduko tormentupean gorde zuten astebetez. Herio hurren, giltzaperatu eta beste astebetez kontu zuten bakartua. Ur uherrez eta irin orez hiru egunez elikatuta beste astebetez ukan zuten galdekatzaileen eskuetan. Hurrengo astean berriro ziegara eta horrelaxe hilabete osoa harik eta Gazteluan deliberatu zuten arte aski zuela eta ustel zedila bere ziegan ala osatuz gero, eta hartarako itxurarik balu, plazan hilko zutela jendaurrean.

        Bereauk antzeman zuen preso ernatu berriaren solasteko zailtasuna eta ez zuen gehiago estutu. Aski zuen entzundakoarekin. Aspalditik lortu nahi zuena lortua baitzuen: presoaren nortasuna agerian izatea. Etxepare bikario nagusia, Garaziko elizgizon ustelen zigorra!

        Izan ere, izen hori ikasita, Martin Bereauk aski baitzuen presoa nor zen eta, batez ere, nor izana zen oroitzeko. Bernat Etxepare Donibaneko bikario nagusiak ez baitzuen bestelako aurkezpen edota jatorri azalpenik eman behar. Beratarra erraldoi txiki bat izan arren, ordea, Etxepare ez zen oroituko hainbat lan obratuak zizkion borrero kankailuarekin. Egokiera horretan presoa beti ezdeusa eta zaindaria neurrigabeko gizakia bihurtzen baita, eta iraganean, berriz, bikario nagusiarentzat Bereau ez baitzen Bereau, borrero satsu eta zerbitzari anonimo miserable bat baizik.

        Borreroak ederki zekizkien bikario nagusiaren gorabeherak. Ezagutzen ez zuena, ordea, Bernat Etxepareren bizialdia zen. Donibane hiriko bikariotzan jaun eta jabe izan aitzin bizitakoak eta Donapaleuko jujearenetik pasa eta gero sufritutakoak.

        Presoak ere Etxepare bikario nagusiaren gorabeherak ezagutzen zituen. Atzenduak omen zituen, alabaina. Bereau animaliako borreroa ere ezagutuko zuen presoak, agian, leotzaren hezetasunak, ordea, lizundua zion oroimen zoko hura.

        Aurrerantzean, bada, borreroa eta apeza bestelako adiskidetasuna bilatu nahi duten aspaldiko bi lagun berri bailiran mintzatuko ziren. Bakoitza bere lekuan baina biek helburu berarekin: ordurako hiru hilabetez aterpetzat izandako kartzelatik lehenbailehen irtetea. Batek aspaldian galdutako askatasuna berreskuratzeko eta besteak, askietsia, ez hanka eta ez bururik ez zuen erizain lanbide hori behingoz baztertzeko.

        — Gatibutan egotea duzu penarik bortitzena, Martin —azaldu zion egun batez presoak hausnar airean—. Libertatea da, alabaina, mundu honetako gauzetan hoberena. Ez zaitez engaina. Presoa gatibatzen duena gatibu da halaber. Gatibutan nehor ere ez da libre. Hala gatibutan nola amoretan, bietan baitituzu bi preso. Hain da estekatua gatibua nola gatibatzailea.

        Handik aurrera presoak borreroaren jakinmina asetuko zuen. Gaia zeinahi zela, Etxeparek era guztietako xehetasunak ematen zizkion. Ordainetan, ume zelarik aitatxiri aditzen zizkion lamien istorioekiko arreta berberaz entzuten zituen Bereauk Etxepareren mintzaldiak. Matelaren traba hala moduz gaindituta, erretore presoak are gusturago kontatzen zizkion bizitako pasadizoak. Batzuetan, Bereauk egin beharreko galderak aurreikusiz, bere buruarekin aritzen zen solasean, gero borrero entzuleari egin beharreko konfesionea prestatuz-edo. Hala, zer zion kontatua eta zer zuen bere bururako hausnartua nahasi egiten zuen Etxeparek. Zenbaitetan, hortaz, kontakizun bera errepikatu egiten zuen eta bestetan, berriz, bere baitan bakarrik harilkatutako hariari jarraikiz hasten zen erausian borreroarekin.

        — Gizona ez da jaio bakarrik bizitzeko. Ez eta presoa ere. Presoak ere behar du lagunik. Hala ez bada erogoa heldu da. Nehon ere ez dakusat erogoa handiagorik presondegiko bakartasunean baino.

        — Eta zerengatik behar du jaunak preso eroa estekatu? Jagoitik ez bada hartaz baliatzerik zerengatik gorde bizitza? —ausartzen zen borreroa prelatu presoaren hausnarbideari heldu nahirik—. Kapitainaren manua beti da bera: hondarreko esne tantoa probestu arte ez laurdendu behi zaharra.

        — Hori da bekatu handiena, Martin! Bizirik diraueno gizon orok badu esne tantorik. Modorroenak ere bizitzea merezi du, zeren hori juja dezakeenak Josafaten emanen baitu sententzia.

        «Ez bada presoa hiltzen ahal, ez eta lotuta estekatu, hortaz...». Oharkabean Etxepareri itzurtzen ari zitzaion aldarri humanista ia iraingarria zen Bereaurentzat. Hizpidera ekarri ahala, Etxepareri ere soberazkoa iduri zitzaion:

        — Bekatugile eta gaiztaginek merezi dute zigorra, Martin. Ogengabeaz ari nauzu. Ogenik ez duenak libertatea behar du. Libertatea baita gauzetan hoberena —borobildu zuen nahasi xamarra fortunatu zitzaion gogoeta.

        — Hala da, Mosen —erantzun zuen borreroak era lakonikoan, ordurako beste noizbait entzuna begitandu zitzaion presoaren azken esaldia ezaguturik.

        Presoak antzeman zuen entzulearen jarrera aldaketa eta gaia mudatu zuen, matelaren lerde jarioa garbitu eta gero.

 

 

Anitzetan arituko zen Etxepare askatasunaz, askatasun ezak dakarren eromenaz eta, batez ere, errugabea giltzapetzea den makurkeriaz. Hartara, maizenik azalduko zion ederki ezagutzen zuen adibiderik gogokoena: Mosen Bernat Etxepare Donibaneko bikario nagusiarena.

        Halako egun batean, ordea, libertatearen gaia bestelako ikusmoldez aurkeztu zion borrero adikorrari:

        — Presoa ez den gizonak libertatea onestea gauza on da. Gauza hobea da Jainkoa begiratzea eta Andre Dona Mariari gomendatzea, zeren gizon eta emazte orok hori baitugu leialtasun handiena. Alabaina, libertatea gauza guztiz ederra da eta ederrena jakintsuaren libertatea da.

        Jakintsuaren libertatea. Bereaurentzat bi hitz hauek aski arrotzak ziren. Martinen M hizkia zer ote zen ez zekienarentzat, eta azken 28 urteetan besteren askatasuna eta bizitza kendu bitartean ziega, urkamendi eta presondegiak baizik ezagutu ez zuen borreroarentzat bi kontzeptuak urrun-urrunekoak ziren. Hala eta guztiz ere, bi kontzeptu arrotz horiek bat eginda entzutea sorgin hitza aditzea zen: Jakintsuen libertatea!

        Halaxe, Etxeparek azken asteetan deskubrituriko istorio, pasadizo eta bestelako munduei beste gaia erantsi zitzaien: jakintsuen gauzak. Garaztar elizgizonak aipatu, kontatu eta kantatuak zizkion Gamarteko sorginaren historia, Ezterenzubiko lamien abenturak edota Zaroko zapatariari Eiheralarreko mandazain batek jarri zizkion kopla laidogarriak. Presoak jakintza eta, batez ere, matela motelak iraungia ez zuen etorri handia erakutsia zion ordurako borreroari. Jakintsuen kontuak, ordea, isilduak zituen ordurarte.

        Beste lurralde urrunetan aspaldi bizi izandako jakintsuek hizkuntza arrotzetan idatzitakoak hasi zitzaizkion aipatzen gero eta sarriago. Bazirela beste lekuak eta bizimoduak. Marinel handiak, gerlari sutsuak, hizlari apartak eta santu liluragarriak. Denen berri aspaldi ageria zela greko eta latinez obratutako liburu marduletan. Liburu horiek gotorleku eta gaztelu azkarren baino babesleku hobea ziren monasterio, unibertsitate eta liburutegietan zeudela. Eta asmatu berria zen ardo dolare moduko tresna baten bidez garai batean eskuz idatzi eta edertutako liburu horiek izugarri ugaltzen ari zirela eta berak horri esker ezagutuak zituela Ulises, Alexandro, Julio Zesar, Demostenes, Zizeron eta Tomas Akinokoaren pasadizoak. Eta, dudarik gabe, horixe zela «azken judizioan dagokigun sententzia dantzuguneno dukegun libertatebide zuzenetarik bat».

        Gisa horretan, preso eta gatibuaren arteko solasaldietan antigoaleko idazle handi eta pentsalari handien agerpenak sarritzeaz gain, adibidez, inprimatzaile jendearen aipamenak ere tartekatzen hasi ziren, soldadu, ferratzaile, merkatari, mandazain eta ardoketariez baizik ez zekien Bereauren harridurarako.

        — Alemanak? Ez. Oro ez dituzu alemanak ezen flamenkoak, belgikarrak, holandesak, frantsesak eta baita zenbait helveziar ere, ez baitira alemanak. Lutherrenkumeak Luziferren kumeak ari dira jagoitikotz kalapitan. Hasmentan agota gero mairua, honi segi juditza eta orain aleman heresea. Beti bada, Martin, nor juja eta kondenatu.

        Inprimatzaile bikain eta gorteko kontseilari zorrotzak izateaz gain, flamenkoek eta enparauek zuten beste dohainez ari zen Etxepare. Bereauk ez zuen egundaino hainbaten artean inbidia handiak sorrarazitako dohainaren berri. Borreroak ez zekien Etxepareren buruan baizik aipatuak ez ziren alemanak musikari bikainak zirenik ez eta iraultza egiten ari zirela katedraleko kapera eta gorteetako eskola eta koruetan. Etxepare borrero ezjakina jakintsu bihurtzekotan zen:

        — Martin, aditu al duk sekula aleman hauek egindako meza, motete edo kanturik? Horiek dituzu ahotsak, kantuera ederra, oro bozkarioa, oro dolua; oro hain ontsa josia! Haien ahoskera garbia...

        Mosen Bernat bere kautan murgildu zen berriz ere eta Martinekin hasitako ustezko musika elkarrizketa musikologo baten bakarrizketa bihurtu zen. Etxepare gero eta gogo biziagoz mintzo zen. Josquin Des Prez, La Rue, Heinrich Isaac, Adrian Villaert... Bereaurentzat guztiz arrotzak ziren izenak bor-bor jaulkitzen zituen erretore garaztarrak.

        Aldiro-aldiro «Aditu Martin, aditu» erraten zion, eta ahoaren okerra areagotzen zuten imintzio bokalikoak eginez kantuan-edo hasten zen musikologoa: «Aaaaa ve festiiiiiiii iiiiiiii va feeeee eeeeerculis Salo moooooo oooo nis...!».

        Egindako alardea borobiltzeko, erretorea bera saiatzen zen kantaren hiru ahotsak egiten. Emaitza ulergaitza izateaz gain, aski penagarri eta lotsagarria zen. Nahi eta ezin. Etxepare, haatik, gustura ari zen, oso gustura. Martin, berriz, pazientziaz entzuteaz gain, harri eta zur eginda, ohi zuen moduan. Honek latina endelgatzen ez zuen bezala, ez zuen ulertzen nola Garaziko seme batek hainbesteko jakintza biltzen ahal zuen bere baitan. Izan ere, letretan, historia, teologia edota legetan ordura arte erakutsia zion jakintzari musikarekiko atxikipen eruditua gaineratzea gehiegizko zama iduritzen baitzitzaion bidasotar olagizonari.

        — Ez hadi engaina, Martin; antigoalekoen salmoak, Schola Cantorum eta Gregorio donearen irakaspenak ere onirizten ditiat. Alabaina, Martin, bizitasun eta armonia hau paradisuaren iduriz egina dago: resurrectio mortuorum!

        — Baina, Mosen, nik uste nuen maiteago zenituela koplari eta herritarren kantu eta koplak?

        — Bai, bai. Horiek ere bai. Aditu, aditu hau: prooo graaa tiiiiiaaaaa...

 

 

— Egunon Jainkoak! —erran zuen atseginez, Lamberto de Anberes inprimatzailearenean sartu berri zen gizasemeak.

        Egurrezko kutxatila batean nahasitako molde letrak aukeratzen ari zen inprimatzaile ilegorriak «Baita zuri ere» erantzun zuen automatikoki burua altxa gabe. Erdi kantari emandako kontesta berehalakoan bihurtu zen desegoki, ordea, burdinazko moldeak mahaian utzi eta ongi etorria osatzeko lepoa doi-doi zuzendutakoan ikusitakoaren arabera. Parean zuena ezagutu orduko aurpegiera mudatu baitzitzaion inprimatzaile maisuari. Bisaia mudatu eta hotzikarak hartu zuen berezko zurbiltasuna areagotu berria zuen gorputz osoa. Bartolome de Goñi zen goizeko lana galaraziko zion bisitaria. Goñi, Iruñeko apezpikuaren meneko liburu ikuskatzaile zorrotza.

        — Egunon... Jainkoak eman diezaiola egun ona! Ongi etorria berriz ere Mosen Goñi! —zehaztu zuen Lambertok gurinez igurtzitako agurrarekin—. Zer berri onak ekarri du berorri ene etxe xumera?

        — Tira, tira, Lambert, utzi balakuak eta, hasteko, atera itzak dituan paper berri guztiak, baita prentsatu gabeko molde kaxak ere. Geroxeago ikusiko ditiagu apaletan dituan liburu, taula eta plegu horiek. Tira, mugi hadi!

        Lambert. Goñi bezalako ikuskatzaileak zirela medio Anberestik alde egindako Lambert van Dünick zen Lamberto. Zaragozako Mateus Flander inprimatzailearenetik pasa eta gero duela bi hilabete Iruñean laketutako Anberesko Lamberto. Halako erantzun lehorra eta lau aste ez zirela egindako estreinako bisitaldiaren errepikatzeak kezka baizik ez zion sortu, hortaz, Anberesko ilegorriari.

        Goñik Lamberterenean egindako lehen bisitaldia bere burua aurkezteko baizik ez zen izan. Ordurako gaurkotze bat behar zukeen Nicolas Aymerichen 1503ko edizioko Directorium inquisitorum besapean zuela sartu baitzen moldiztegian. Aymerichen manualak Inkisizioak debekaturiko liburuen zerrenda zela oroitarazi zion Lamberti, eta pare bat galdera besterik ez zizkion egin, Erasmo eta Lutherren idazkiek zer nolako harrera izan ohi zuten Anberes eta inguruko inprimategietan. Ordukoaz geroztik sarriago izanen zuela bere berri jakinarazi eta adio gisa mehatxua ala txantxa ote zen Lambertek oso ongi ulertu ez zuen esaldia baizik ez zuen bota, irribarre zuriz:

        — Hondarrean Gantekoak aleman jendearekin armada ederra osatu dik, eta tintaz betetako azazkalez bete ziguk erresuma. Sastakai flandes soberazko, ez duk Lanberrrrt?

        Izan ere, Frantzia, Gaztela, Aragoi edota Nafarroan gero eta sarriago ernatzen ari ziren inprimategi eta liburu-denda gehienak aleman jendeak gobernatzen baitzituen. Flandesak, alsaziarrak, austriarrak, hau da komunzki alemanak deituak ziren hirietako maisu eta merkatari berriak. Garai bateko franko, gaskoi, judu, mairu edo bestelakoak ugaldu ziren gisan, merkatari hiritar kasta berria osatzen ari ziren inprimatzaile aleman hatz punta belztuak. Mende berriarekin batera juduak edota musulmanen aurkako presioa eta zigorraren parekoa ez izan arren, inprimatzaile eta liburu saltzaileak zentsuraren lehen zimikoak hartzen hasiak ziren. Aurrena, hebreeraz idatzitako testu oro, erromantzetan idatzitako bibliaren itzulpenak hurrena eta Erasmo, Luther, edota edozein aldaketa ideologiko zein zientifiko proposatzen zituen zeinahi liburu, liburuxka edota bestelako argitalpena azkena. Gisa berean, zenbait klasikoekiko usadiozko mesfidantza handitu eta zentsuratuen zerrendetan euren lanak debekatu nahiz zatika espurgatu zituzten Goñi bezalako ikuskatzaileek. Halaxe modernoagoak ziren Dante zein Petrarca bezalakoak ez ezik, Ovidio bezalako klasikoen lanek ere inkisidoreen ikuskapen, edizio bahimendu, zatikako orri estaltzeak edo liburu erreketen protagonista izan ziren. Gauzak horrela, ez zen giro Lambert bezalako inprimatzaile maisuen artean.

        Lambertok gainera hautu arriskutsua egina zuen. 1503an Brocar inprimatzaile maisuak Iruñeko moldiztegia itxi zuenez geroztik inor ez baitzen ausartua inprimategia bezalako lantegia martxan paratzen, azken hamarkadetan tinta usaina baino odol usaina aditzen zen hirian. Hogeita hamar urte paseak, Lambert van Dünick Iruñean atelierra paratutako bigarren inprimatzaile bihurtzekotan zen. Liburu, liburuxka eta bestelako paper salmenta aski ongi baldin bazihoakion ere, 1533. urteko azaroan oraindik inprimaketa lan bakar bat ere ez zuen burutua. Gaztelarrek ongi gotortutako Iruñetik gerra giroa uxatua zuten azken boladan. Pirinio bitarteko konkista egonkortuta, hiriburuaren harresi eta soldadu konpainiek kultur giroaren piztuera galarazten zutela zirudien. Nafar legitimistek adina abaildura omen zuen orain Gantekoaren meneko zen nafar letratu jendeak. Halaz ere, Lambert bi liburu ari zen moldatzen eta hitzartutako beste enkargu baten zain zegoen. Goñiren agerpenak, hala ere, ilundua zion etorkizuna.

 

 

Koplari ona dukezu Garaziko herrian

Skribuak nork hartuko Iruñeko hirian

Inprimazale baduzu hari galde grazia

Respostuia eman deraut, dukek pazienzia

 

Desperazer ninzanian hartu nau oneriztez

Jin albaizinde Iruñat berze aldiren batez

Parti giten sarri harat adiskider erranez

Jagoitikoz asti frango galdu dudan beldurrez

 

— Deabruaren umeak! Zaldiz zoazte baina xinaurri gorotza baino ezdeusagoak zarete, Jaun Done Jakuek apalduko ahal zaituzte madarikatuok! —oihukatu zuen gaskoieraz Zubiriko zubiaren petrilaren kontra bortxaz baztertutako erromesak.

        Sei zaldun paseak berri ziren furia bizian zamariei gogoz eraginez. Aitzintxeago zihoazen lau bidaiari presatuek bazterrarazi eta bota zuten erromes gaskoia. Apur bat geroago eta polikixeago zubia zeharkatu zuten bi zaldunei, ordea, fortunatu zitzaien lurrean zetzanaren laidoa entzutea.

        «Orain bertan kondenatu duk hire burua», pentsatu zuen bere baitarako larruzko estalkiaren azpian goitik behera beltzez jantzitako zaldunak. Euritarakoaren azpitik kolore biziko soinekoak ageri zituena, berriz, uhalak bortitz tenkatu, zaldia geldiarazi, birarazi eta berriro zubirantz abiatu zen. Ordurako zutik eta kalabazadun makuluan gorputza finkatua zuen ibiltari gaskoiak:

        — Damu gaitzik bortua iragan dugun eta Orreaga zein Donibanen ez hagoela, bertzenaz gorputza laurdenduko nikek eta Izurako bidekurutzean ezarriko hire buru satsu hori, kapelu zabal eta guzti! Damu gaitzik... romiu!

        Ezpataren ahoak airean egindako txistua baizik ez zen aditu. Ezproinak iltzatu zizkion zamariari eta alde egin zuen zaldunak. Zubian, berriz, ikaratutako erromesa arruntean harrituta. Zaldunaren ezpatak huts egin baitzuen! Orduantxe bereak egin zuela uste zuen gaskoiak, Jaun Done Jakueren miraria ezagutu berria zuen pozak zoratuta, harik eta ezkerreko hanka mugitu zuen arte, pausoa luzatu eta bideari berriro ekiteko asmoz. Izan ere, erredura sumatu baitzuen belaun gibelaldean artilezko galtzerdiak ebaki gorri bat zuen leku berberean. Lukuzeko jaunaren ezpataren ahoak ziztukaz gain haginka egin baitzion ibiltariari. Lukuzek zehaztasun gaiztoz izter atze eta belaungibelaren arteko tendoia eten baitzion orduz geroztik herren bihurturiko erromes ohiari.

        — Zer Lukuze, nehor damnaturik? —galdetu zion beltzezko zaldunak Larrasoaina parean taldeari lotu zitzaion ailegatu berriari.

        — Nehor ere ez Etxepare. Hogei legoa egin ditut zaldiz eta sobera nekatua nago jostetan aritzeko. Damnatu bakarra Compostelako Jaun Done Jakueko katedraleko sos biltzailearen diru poltsa izanen da: jagoitikotz libra gaskoi batzuk ez baititu ikusiren!

        Iruñerantz trosta airosoan zuzendutako sei zaldunen irri ajariek estali zuten betirako Zubiriko pasadizua. Ohorea berreskuratzeko sistema zela medio inork ez baitzion kargu hartu zaldun ezpata arinari. Lukuzek, halaber, ez zuen harrezgeroztik inongo harrokeria alarderik egin gertakizunari buruz. Egin beharrekoa egina zegoen. Kito.

        Zaldizkoen helmuga ez zen Iruñea, ordea. Lukuze, Armendaritze, Latsaga, Agerre, eta Apat etxeetako zaldunen helburua Tuteran zegoen. Bertan esposatzekoa baitziren Margarita de Sola (Atharratzetik Tuterara bizitzera joan arte Etxebeltzeniako Margarita) eta Lekunberriko Gillenko Etxegoin (Tuteran laketu zuenez geroztik Guillermo de Lecumberry) ahaide eta familia lagunak.

        Besta pollita eginen zuten Tuteran. Azken urteotan sarri xamar fortunatzen ziren honelako ospakizunetan egin ohi zuten gisan. Izan ere, askotariko arrazoirengatik bertara joandako baxenabartar nahiz zuberotar franko biltzen ari baitzen Nafarroako hego aldeko hiri bizi zein erakargarrian. Lukuzek-eta ahaidetasun nahiz jatorri lotura eta, batez ere, eraginak mantendu nahian urtean behin-edo bisitalditxo bat egiten zuten edozein aitzakia baliatzen zutela. Irulegiko bordelesa edota axeri mahatsez eginiko arno zahagi bete bana eramanen zuten bortuz bertzaldeko usaina atzendu ez zezaten. Usainak eta, batez ere, usaiak. Han eginen zuten topo denek, Barcos, Sola, Baygorri, Mongelos, Suescun, Osta, Oses edota Urzayz deitura antzaldatuarekin baina ohitura mudatugabeekin. Lukuzek-eta horixe behatuko zuten esposatu berrien aldeko bibakadak eta barazki arrotzez inguraturiko ehizaki erregosien erretiluak hustu bitartean. Hala, konspiratzaile itxurarik hartu gabe baina horretan aritzen zirenen moduan, banan-banan eta arno bete godaletek topa eginen zuten:

        — Oroit zaitez Barkoxez, Zuberoaz, Baigorriz, Monjolosez, Suhuskunez, Hoztaz, eta Orzaizez; oroit zaitez, ezein erregek ez duela horietaz manatzerik, ez han eta ez hemen; oroitu nork defendatu zituen zure gurasoak eta nork defendatuko dituen zure seme-alabak hirietako zorri biztu eta jauregietako jaun arrotzengandik... Infantzoi jaio eta infantzoi hilen! Jainkoak begira dezala Margarita ederra! Anitz urtez Gilenko!

        Eta horrela paumatxo bat, eper batzuk edo erbikumeren bat aterako zuten mahaira eta bestak eta dostetak segituko zuen, arno, kantu, dantza eta zorion nahikariak tartean.

        Beltzez jantzitako zaldizkoak, ordea, ez zuen Tuterarako bidea eginen. Sei zaldunek eta sei zamariek atsedena eta elikadura Atarrabian hartuta, bostek baizik eginen zuten bide osoa.

        — Ontsa, Bernat. Jakin ezazu, alabaina, zure negozio horiek ez derauzutela abantaila handirik emanen eta hobe zenukeela bizitzaren ederraz gehiago gozatuko bazenu. Ezagun du Beñat Dardo lekutu zela aspaldikoz. Amore ematen dugu. Halarik ere, balezta badabilkik, ezta? —bota zion irriz agur modura Lukuzek—. Ontsa. Ez nauzu luzatuko. Goazen. Jainkoak egunon, Bernat maitea; eta kasu eman Iruñea ez baita jagoitik gurea!

        Lukuzek eta beste lau zaldunek ezkerretara jo eta Uharteranzko gurdibidea hartu zuten, Iruñea saihestu eta inguratzeko asmoz. Lukuzeren azken agur-txantxa egia baitzen. Sasoi horretan zenbait zaldunek hobe zuten Iruñera ez inguratzera, areago talde txikitan bidaiatuz gero.

        Ostatuko morroiak zelatua zion ordurako zamaria seigarren zaldizkoari. Ateri zegoenez, zelan bertan utzi zuen larruzko estalkia, mutikoaren laguntzaz zaldi gainera igan, moltsan zuen belusezko zakutoa atera eta bertan zuen erretore boneta beltza paratu zuen buruan doi-doi. Hatsa hartu, begiak itxita otoitz gisako zerbait xuxurlatu eta Jaun Done Jakueko bidetik irten gabe, zuzen-zuzeneko biderantz abiarazi zuen zaldia. Begi-bistan zuen Iruñea, Katedrala aitzin. Burlatakoa zen ordoki zelaitik barrena Andra Dona Magdalenaren zubi ederra zeharkatu zuen erromesendako ostatua zen ospitalea alde batera utzita. Hutsik zegoen, eta horrela segitu beharko zuen, bidea egiten ari zen erromes bakana Zubirin geratu baitzen maingu aspaldian.

        Erretoreak zaldia trostan jarri zuen iparraldeko sarrerarantz zeraman malda goxoari ekiteko.

        — Elas, Iruñea, aspaldiko! Hemen nauzu berriro!

 

 

Ez katedrala ez beste elizarik. Erretorearen helburua ez zen batere elizkoia. San Nikolas tenplu ederraren pauso batzuk aitzinago lotu baitzuen zamaria Eiheralarreko erretoreak. Bere helmuga Inda Ttikia zeritzoten indako etxe bat zen. Atari gaineko ohol landu zabal bat saiatzen zen agertzen etxe horretakoen zeregina: dolare ttipi bat irudi apaingarri gisa eta ondoan Officina Impressora L.A. hitzak. Ataripean, zamariaren moltsa aldean zuela, elizgizonak zalantza imintzio bat egin zuen eta bizpahiru atzerapauso egin zituen karrika aldera. Begiak itxi eta betartea indarrez ximurtu zuen bat-bateko buruko min izugarri batek jo izan balio bezala. Burua altxatu zuen, begiak doi bat zabaldu eta inprenta bat izan nahi zuen atalburuko dolarea behatzean irribarre ñimiño bat marraztu zuen ahoaren ezkerraldearekin.

        «Arnotegin ontsa ahal hintzate, Bernat!», pentsatu eta luze gabe tailerrean sartzea deliberatu zuen. Moltsa estutu zuen bularraren kontra eta ataria zeharkatu zuen, adoretsu.

        — Arratsaldeon Jainkoak etxe honetakoei! —erran zuen atseginez, Lamberto de Anberes inprimatzailearenean sartu berri zen gizasemeak.

        Atseginez eta gogoz egindako sarrera berehalakoan bihurtu zen desegoki. Indar metatze euforikoa eta adorea ustekabean desegin baitzitzaizkion Mosen Bernati: denda ere bazen inprimategiaren apal guztiak lurrean zeuden hautsita, liburu azalak urratuta nonahi, hainbat mota eta tamainako paperak zoruan barreiatuta. Tinta usaina aditzen zen nabarmen. Aditu eta ikusi. Pareta eta errezelak zikin, lurra putzu beltzez bustia zegoen. Eta, tinta, tinta putzuen errekastoari segiz gero, tailerrean sartuta, hantxe desmasia are handiagotuta: molde letren kaxoiak eta kutxatilak xehe-xehe eginda, burdinazko letrak istila beltzetan itoak, eta bertan iraulita, ardatza hautsita... inprenta.

        Ez zuen bertan gehiago egoteko asmorik, areago, inprenta gelaren ondoan zegoen gelaxkako hormak ikusirik lasterka jalgi zen karrikara, «Zori txarrean sartu haiz etxe honetan!» marmariatuz. Inprimatzailearen gela zen. Ordu eta egun luzetako lanek zuten atsedenleku apala. Bertan ohatze, aulki eta laratz ttiki bat eltze are txikiago batekin. Gelako apaingarri bakarra, paretakoa: Vade ad Germaniam Lutheri amicus.

        Moltsa preziatua zaldiaren zelan lotzeko baizik ez zuen astirik hartu zaldun beltzak. Aspaldian Iruñera egindako bisitaldia bere horretan geratu zen. Halaxe, etorritako bidetik alde egin zuen Bernat Etxepare jaun erretoreak Iruñetik. Ikusi eta ikasitakoaz hausnartzeko, alabaina, hartu zuen astia. Inon atsedenik hartu gabe, arrats-arratsez ailegatu baitzen Orreagara. Bidaiaririk ez bertan, ez zuen inor esnatu. Ezta serora ere. Giltza ez ezik, jana eta edana nondik hartu behar zituen aski ongi bazekien-eta.

        Lambertok ere Jaun Done Jakueren bidea hartua zuen. Kontrako norabidean baina. Goizaldean alde egina, Logroñon egin baitzuen lo. Brocar eta Egia inprimatzaileenean hartu zuen aterpe. Ez zen han luzaro geratuko, ordea, biharamunean Zaragozarantz abiatuko zen, eta handik Bartzelonara. Bertan bai, bertan geratuko zen agian, edo Veneziaranzko norabidea hartutako lehen merkatalontzira igoko zen beharbada, azazkal belztuen beldur ez zen hiriren batean laketzeko asmoz.

        Bere ohatzea bi legoatara baizik ez zuen arren, erretore nekatuak Ospitaleko lastozko etzalekuetan laketu zuen. Aski izanen zuen, bestela ere, abadeari hots egin eta ohe goxo bat izanen zuen berehalakoan abadetxean. Nekeak ez ezik, alabaina, atsekabeak menderatua zuen eta nahiago izan zuen bakar-bakarrik hats hartu.

        Izan ere, espero baitzuen Iruñea gotortua ikustea. Gerra amaitu arren, gero eta harresi gehiago eta gero eta gotorleku itxura handiago hartzen ari baitzen hiriburua. Hala ere, Jaun Done Jakueko komentuaren ordez gaztelu bat ikusteak edota San Nikolaserako sarreran prelatua izanagatik gainditu behar izan zituen hainbat soldadu multzoren errekerimenduek Lukuzek Atarrabiako agurrean errandakoa baieztatu baino ez zuten egin. Arrotz sumatu zuen bere burua Iruñean. Alabaina, benetako ustekabea inprimatzailearenean ikusitakoarekin hartu zuen:

        «Jagoitik hasi duk gerrarik makurrena, elizaren baitako gerra», pentsatu zuen.

        Mosenek bai baitzekien Iparraldetik zetozen boladek aspalditik egina zutela habia erresuma guztietan. Berak ere gustura irakurriak zituen Erasmoren hainbat lan, eta berak bazekien inprimatzaile eta liburu saltzaileek ere gustura paratzen zituztela molde letretan Lizarran, Iruñean, Logroñon, Bordelen edota Alcalan zein Lyonen. Horrexegatik testuen jatorria aski kontrolatua zen aspaldi eta hasiak ziren bortuz alde bateko eta bertzaldeko liburuen ezkutuko pasatzeak. Espero ez zuena, ordea, imprimatzailearen jatorria ere susmagarri bihurtzea zen. Bertako inprimatzaile anitz zismatikoen testuen zabaltzaile zirela jakinki.

        Atsekabez hartu zuen, bada, Iruñeko pasadizoa. Inkisizioaren bide itsuak ederki ezagutzen zituen-eta. Bera izana baitzen garai batean Baskoen Herrian inkisizio gehienak egin zituena. Bera, Sarasketako Etxepareko Bernat, Jaun Done Joaneko bikario nagusia.

        Bereauk azpiak egin berriak, orain lasto goxoaren gainean laketutako gizabere presoa baizik ez zena logale zen. Gerra garaiko kontuak atzenduz, begiak itxita, lozorroan, zera amestu nahi zuen garaztarrak, Jainkoaren beldur eta Ama Birjinaren miraz bizitzearekin batera: Margarita erreginak egiten zuena baino ez zuela behar, hau da, Enrike erregeari men egin eta endelgua letren bitartez handitu.

 

 

— Emazteak. Gazte, heldu ala mutxurdin, emazte oro izan dut laket. Emazterik ez zen lekuan ez nekusan plazerik.

        Serio-serio, inongo irri babesik bilatu gabe, halaxe arrapostu zion prelatu zaharrak galderarik egina ez zuen Bereauri.

        — Ezen Etxepareako gizon guztiok izan baitugu xipitatik nahiren bat. Gure aitak ehiza maite zuen. Gerra aitzin basurde eta basahuntza ehizatzen zituen. Gerraz geroztik, agramontarrak. Anaiak, zuk bezala, koplak metatzen zituen buruan. Hala itsuaren kantuak nola asto-lasterretako joare koplak maite zituen. Irrigarriak, laidogarriak, amorosenak, gerlarien balentrienak... kantore gauza orok amorratzen zuten, guztiz. Ni, alabaina, honek ninduen gatibatu.

        Horrela, hankatartekoari imintzioka erreparatuz, berriro ere, harri eta lur utzi zuen solas laguna. Are, Beñat Dardoren pasadizoak bata bestearen ondotik kontatzeari ekin ziolarik:

        — Hamahiru urte bete berriak, aitak Amikuze alderat eraman ninduen estreinakoz. Lukuzerekin-eta ehizaldia antolatua zuten eta harat eramaki. Eguerdi tenorean Baroiaren gazteluko sotoetan paratu zuten otortua. Hura enkontru zoragarria! Hantxe ikasi nuen zer zen edertasuna. Bera Borgoina eta Irulegitik ekarritako upelen artean zen. Andere hark gobernatzen baitzituen zerbitzarien arno pitxer eta ur pegarren harat-honatak. Aitak, ni zaletzeko asmoz-edo, arnotara bertara nendin gaztigatu zeraudan, irriño maltzurrez, «Gizonen edaria dastatzeko sasoian hago jagoitikoz, segi zak, segi», erran zeraudan harat bulkatuz. Ba, ba, zaletu nintzen, bai! Aitak gogo zuen edariarekin ez alabaina, Paradisutik jautsitako aingeru anderearekin baizen. Hura andere donea dohainez guztiz konplitua! Pollita bezain ederra, bere potten eztiak eta bularraldearen oparotasunak upel arteko arno ozpinduaren usaina botikariaren menda lurrin bihurtu baitzuten...

 

Munduian ez da gauzarik hain eder, ez plazentik

Nola emaztia gizonaren petik buluzkorririk...

 

        Bereauk ez zuen sinesten ahal. Hondarrean ezagututako presoaren nortasunak gogoa lapurtua zion azken asteetan bere istorio zoragarri bezain sinesgaitz haiekin. Ez zuen, hala ere, inondik ere horrelakorik espero. Gai horri zegokionez borreroak denetariko aferak ikusi eta adituak zituen. Jokoak eta zorrek iraungitako apezak, neskazaharra etxetik bota eta serora gazteak maiteagoak zituzten elizgizonak, baita aitatasuna agerikoa zuten kalonjeak edota oraindik ume koxkorrak zirenekin plazerik bilatzen zuten apezpikuak. Bereauk ez zuen egundaino, ordea, halako aitortza zehatz bezain agerikoa aditu. Norengandik eta prelatu ustelen jazarle itsuena izandako Donibaneko bikario nagusiarengandik. Presoak ez bide zuen deus ezkutatzeko asmorik. «Jainkoa Kreatzailea Handi izan eta Juje are Hobe eta Konpasionezkoa baita». Xipitako eta gaztetako amodiozko abentura guztiak kontatu zizkion. Beñat Dardo pertsonaia mitiko bihurtu arte ez zuen etsi erretore zaharrak.

        Bereau bakartiak, bere kautan, presoaren pozaldiak emakumeekiko bere mixeria ezdeusen adinakoak zirela pentsatu eta aski zela erabaki zuen. Ez zen ausartu deus ere erraten, ordea, eta garaztarrak jaurtikitako bizpahiru gezikada gehiagoren berri aditu behar izan zuen, ordurako inbidia eta jelosia baizik ez zen arreta faltsuaz.

 

...Beso biak zabaldurik dago errendaturik,

Gizon horrek dagiela harzaz nahi duenik.

 

        Presoak, ordea, ez zuen Beñat Dardoren berri oso-osoa eman. Izan ere, mitoaren azken kapitulua bere kolkoan gorde baitzuen. Hamahiru urterekin bezala Irulegiko arnoak eta sagardo pitxerkadek beroturiko giroan hogei urterekin burutu zuenekoa, alegia.

 

 

Zertan juja hik baitezak eure izterbegia,

Hartan kondemnatzen dukek ihaur eure buruia

Eta hartan eztakidik eskusarik balia.

Erakustak ehon ere nor den ogengabia

 

Bereauk ez zuen zalantza izpirik ere gai horri zegokionez. Tuteran bildutako jaun nobleen gisakoek erakarri eta iraunarazi omen zuten gerra euskal herrietara. Bere ustez eurek zabaldu baitzuten elkarren artean zituzten etxe liskarrak bazter guztietara, eta hartara arrotzaren laguntza ustela probestu. Goiz hartan hura izan zuten hizpide. Hala, erretore zaharra politika eskola ematekotan zen. Baina Bereau entzule fidelak, belarri erneak izateaz gain, orain mihia ere zorroztua ageri zuen:

        — Eta orain non ote dira jaun noble horiek guztiak? Ongi merezia dute zigorra. Jauntto urde horiek jakinen ahal dute zer den mixeria eta desterrua! Mila deabruk...

        — Ez, Martin, ez —eten zion lasai erretore jaunak—, gauzak ez baitira anitz mudatuak. Oroit Si iudices... Neronek ez dakusat ogengaberik. Hala Albret nola Gante, ez dituzu garbiak. Batak erresuma xipia ez askietsia, bertzea inperadore handi-mandia. Batbederak nahi zuena erdietsi du eta bake ederra!

        — Ez duzu bada hainbat kalte eginik, Ganteko Karlos oniritziko? —arrapostu zion borreroak harrituta.

        — Ez da hondarreko gerraren kontua. Ikus ezazu zer jin izan den oraino zuk ezagutu izanen zenituen Altzate beratar eta Zabaleta lesakar jaun horien etxeekin. Bat Beaumonten zalea, bertzea Agramont itsua. Jagoitik biak adiskide, alabaina, euren lurretan ez da engoitik bakerik izanen. Jaun nobleek horiek oro dute menospreziatzen, lekot euren burua. Gaur deabrua adiskide, bihar ainguruak senide. Atzo elkar hiltzen, izterbegiak potta elkarri emanez ari dituzu egun. Ez Martin. Gauza ez da horrela.

        «Kojita ezazu zer jin den Lukuzetarrekin. Nola segak belar berdea pikatzen duen eurek lepoak ebaki baitituzte frangoki. Hatsean Karlos Printzea zuten eskusa handia Agramonten kontra armatzeko, ogen gabeak hiltzeko eta euren potestate bortitza leku orotan hedatzeko. Baroia errege xipia izana da eta bere erresumarako nahi izan ditu ororen sos eta alkabalak. Aragoiko Ferdinandek baskoen lurrak konkistatzerakoan haren kontra armatu zen berriro. Ez zen Johan erregearen defendatzailea, bere burua eta eskubideen defendenta baizik. Ganteko Karlos eta Enrike erregearekin berdin. Zenbaitetan gaztelarraren kontra armatu, bertzetan nafarra zirikatu, orotan euren buruaren mesedetan aritu.

        «Boterea eta ohorea adina maite ditu Lukuzek ondasunak horregatik eman zeraukan laguntza Gantekoari Bidaxuneko gaztelua setiatu eta barnean zeuden guztiak erretzeko. Agramontekiko gorrotoa baino handiagoa baitzuen berauen ondasunekiko inbidia. Karioki jaso zuen ordaina, aldiz, koleraturik Enrike erregeak baroiaren gaztelua deuseztatu eta ondasun guztiak kendu baitzerauzkan. Handik harat hautatu zuen klarki erregearen menekoa izatea. Joanes Lukuze baroiak ez du ahazturen, ordea, jasotako afrenta eta noizbait jasoko dute Albretekoek ordaina. Ez dudarik egin, Martin. Gerra berriak jinen dira eta baliatuko dituzte ohore eta banitate satsu hura berreskuratzeko».

        — Bai, jauna, orain Atharratzen omen da bareturik —jakinarazi zion borreroak, azken urteotako albisteen berririk ez zuen kontalariari.

        — Han ere, izanen dute nor agindu eta noren kontra armatu. Joanes baroi zaharra ez bada, Charles semea izanen da... edo bertzenaz, elas Eñaut!, Arnault iloba zaharra. Gantekoarekin edo Albretekoarekin, Lukuzek beti boterea izanen du desira. Eta horretarakoz etxeko premuak Agramonteko alabarekin ezkondu behar badu, harekin esposatuko du, dudarik gabe. Eta... Sarasketako jaunak ere —segitu zuen berotutako presoak adibidea aldatuta— badu ogenik, gure aitatxi Bernarden tenoreaz geroztik gure etxekoek itsutasun handiak egin baitituzte zergak biltzeko eskusarekin, eta Beltzuntzekoek, eta Armendaritzekoek, eta Iholdiko sala berrikoek... orok. Hortaz, Martin, nor den gaixtoa eta nor jende ona erran aitzin, kojita ezazu ontsa zer erran behar duzun. Hori zeruko jujea baizen ez bailiro nehork juzka.

        Borreroak erne entzun zituen kapare presoaren azalpenak. Oraingoan ez zuten beste hainbatetan bezala harritu. Bereauk bazuen kontu guzti horien berri. Bera izana baitzen soldata gabeko borrero gisa jauntxo, bikario, teniente, kapitain, gobernadore eta Donibanetik azken urteotan pasatako errege zein erregeorderen ordezkari guztien manupeko zigor emailea. Hainbat eta hainbat herra eta inbidiari traizio, deszerbitzu, eta bekatu izena emanik, zenbat jendek ez ote zuen jasan behar izan borreroaren zigorra. Gerra probesten baitu herrak. Eta Donibanen azken berrogeita hamar urteetan zerbait izan bazen horixe baitzen: munduko herra guztia mozorrotzeko adina gerra, eraso, setio eta borroka.

        Eta herra horren zabaltzaile eta biktima izana zen garai batean gaztelarrek babestu zuten Donibaneko bikario nagusia. Politika eskola hori, hala ere, beste egun baterako utzi zuen presoak.

 

 

Esnatu zelarik, presoak ez zuen borreroa ikusi. Egunsentiaren ostargi indargea ez zen oraindik Izpurako leihotxoan sumatzen ere. Hala ere, goiznabarra zela ezagun zuen. Etxepareren begiek satorrarenak iduri zuten eta iluntasunean laketuak zeuden arruntean. Xaguzar itsua bailitzan, gainera, entzumena erne-ernetua zuen eta naturak ikusmena eskastua zuen zeinahi izakiri eskaintzen zizkion bestelako iratzar oharrak aditzeko gaitasuna bete-betea zuen.

        Bereau gaztelura jatekoren bila joana izanen zela pentsatu zuen eta, gorputz barrenak orroaka eskatzen zion libramendua zoko batean obratu eta gero, doi-doi iragazten ari zen argitasuna aprobetxatuz ziegaren paretak aztertzeari ekin zion hamaikagarren aldiz, oraindik kokoriko zegoela.

        Murruak behatzen hasi eta gutxira ikaragarrizko poza hartu zuen. Hantxe, erretenera zihoan zokoaren ondoan balezta itxurako beste arrasto bat harrapatu zuen. Zutitu egin zen eta hobeki behatzen saiatu zen.

        Horretan ari zela Bereauk mendebalderantz ematen zuen paretan eginiko ate ttikia zabaldu zuen poliki-poliki. Presoaren loaldiarekiko errespetuzko jokaera baino, Bereauren gizalegezko ibilmoduak beste arrazoia zuen: presoak beti bere zaintzapean zegoela suma zezala nahi zuen. Horregatik gaitziritzi zion Etxepare esna ikusteari:

        — Esne pixar bat bada hemen. Probestu, zeren ilunabar arte gaur ez baita bertze otordurik izanen —erran zion lehor, egurrezko opor bat zoko bustian utzita.

        Etxeparek eskertu zuen ohikoa ez zen gosaria borreroaren ozpin aireari erreparatu gabe. Eguna ongi hasia baitzuen. Esne oporkada bat eta balezta berri bat bere begi bildumarako.

        Ardi zahar baten saiheskiekin egindako salda uherra izan zen egun hartako afaria. Lastoaren gainean jarrita eta bizkarrak ekialdeko paretan finkatuta saldari zurrutadaka ari zirela, Etxeparek hizpidera ekarri zuen goizean aurkitutako altxorraren haritik tiraka sortutako gogoeta:

        — Jakin behar duzu, Martin, balezta ez dela jaun nobleen arma. Gure aita zenak erraten zuen klarki: «Arma desonesta duk hori, Beñat; hik ezpataz ikasi behar duk, begietara behatu behar duk borroka kidea».

        — Hortaz, zertaz heldu zitzaizun halako zaletasuna?

        — Hori baitzen aitak erran eta gogoan zuena, hala-hala ikasi baitzuen bere aitarengandik eta halaxe hark berearengandik. Nik ere hori uste dut, baina nola gizonaren gogoa sendoa den, ekinbidea mudakorra da, arrunt. Hondarrean aitak berak erakutsi zeraudan balezta gobernatzen, «are desonestagoak baitira arkabuzak».

        Koxka argituta, erretoreak zehatz-mehatz azaldu zizkion maite ez zuen bere arma gogokoenaren alderdi guztiak. Noiz oparitu zioten lehendabizikoa, nolakoa zen, nola gero eta tresna hilkorragoak asmatu zituzten, tenkadura sistema berrienak, bi gezi eraman zitzaketen ereduak, nolako indarra, zenbateko urruntasuna lortzen ahal zuten, hau da, alderdi tekniko guztiak eman zizkion belarriak tente zituen entzule fidelari.

        — Alabaina, ehizarako beti balezta xinplea erabiltzen genuen. Ehiztariak garbia izan behar du. Armaz ala belatzaz ehiztariak nobleziaz jokatu behar du. Hori baita zorri biztu aberats horien endelguak sekula konprenituko ez duena...

        Eta horrelaxe erretore zaharrak baleztaz ehizatzea adina maite zuen beste zaletasunari ekin zion: hirietako eta jauregi berrietako ahaldunak larrutzea.

        Ehizean inoiz aritua ez zen Bereauri oroitarazi zion, mendeetan jaun nobleek baizik ezin zutela ehizean egin, eta horregatik ederki ikasia zuten inon idatzigabeko ehizaren legea. Milaka dukatek erosten ahal ez zuten noblezia. Eurek galbidean zuten noblezia, baina «jagoitikoz nehork berreskuratuko ez duena».

        — Zer meritu du basurdea burdinazko bolaz zulatu eta gero nabalarekin sastatzen duenak? Zein potentzia erakutsi nahi du hartzaren orroa aditu gabe eta bere hatsa sentitu gabe hura hil nahi duenak? Jainkoa laidotzen du bere potentzia Zeruko Jaunarenaren parean ezarri nahi duenak.

        — Eta hortaz... nola aritzen zineten?

        — Noiznahi aritzen ginen. Amikuze aldean gehienetan baita Ezterenzubi ala aetzen oihanean zenbaitetan. Eta biltzen ginen Lukuze, Latsaga, Uharte eta bertze etxekoekin egun pasa ederrean. Elas! Sasoi haiek!

        Ordubete luzez aritu zitzaion Martin adikorrari. Bere matelak ez zion kontakizunean laguntzen, baina begietan sumatzen zitzaion diz-dizak barne energia salatzen zuen. Han agertu ziren gaztetako bere kide guztiak. Besta ederrean laster gerlari ausartak izanen zirenak berezko trebakuntza ustekabekoan. Nagusiak euren kontu grabeak argitzen eta gazteak berebiziko garrantzia zuten arinkeriatan.

        Zaharrek noble eta kapareen artekoak zuritzen zituzten bertan. Halako etxekoa beste etxekoarekin noiz eta nola esposatu, Agramontekoa lasaitu dela iduri duela, Iruñean izandako hondar Gorteetan honek errandakoarekin kasu emateko eta hark defendatu ez duena norbaitek egin beharko duela, hango erretorea hil dela eta ea nor proposatu behar dugun orain, aski dela horko jujearen inpartzialitateaz, aldatu beharko dugula hemengo zerga biltzailea, sobera ari delakoz harrotzen...

        Gazteok iduritsu. Noiz eginen diogu errondatxoa Joanikot eiherazainaren damatxoari, Ikasi al duzue zein usoño bihurtu duten usapal, Noiz ikasi behar ote duk belatza gobernatzen, Begira ezazue aitak zer sastakaia ekarri deraudan Iruñetik, Badakit nori sartuko niokeen gustura, Hago isilik ez duk-eta hankartean ukan beharrekoa, Egia al da hire anaia santujaleak Parisen arteak ikasi behar dituela...

        Halako ehiza saioen ñabardura guztiak azalduta, ailegatu zen kontalaria hogei urte bete zituen egunera. Izan ere, usaiaz, Johanes anaia zaharrak lagundu ohi zuen beti aita. Beñat gaztea, aldiz, anaiak zein aitak huts egiten zuten ehizaldietara joaten zen bietariko baten ordezko. Urtebetetzeko presentea izan zen hirurok joan izana.

        — Hura izan zen ene hondarreko ehizaldia, Martin. Enkontrua Izuran izan zen, Latsagako jaunaren gazteluko lurretan. Karlos Printzearen gerraz geroztik ez zen halako bilerarik egin baskoen lurretan. Hura zaldi eta arma andana! Aitak albanesak deitzen zerauen Latsagatarrei ezen hori baitzen, arnoz horditurik, etxe bakoitzaren balentriak azaltzerako momentuan aldioro Latsagakoek agertzen zuten meritua: Charles II.a erregearen garaian Albaniako abenturan parte hartzea. Usaiaz aski bakezale eta onestak ziren izuratarrok, Compostelako Jaun Done Jakuerantz zihoazenen florinek emandako lasaitasuna galtzeko beldurrez-edo. Lukuzek Albanian atzendu zutela adorea erranez zirikatzen zituen beti.

        — Eta, zertaz halako jende mukurua?

        — Herri guztietako etxekoak juntatu ginen, Oztibarrekoak, Landibarrekoak, Amikuzekoak, Arbelakoak, Baigorrikoak... eta Garazi Herrikoak, jakina. Gero ikasi nuen bilera horrek bazuela bertze helbururik baina guretzako, gazteontzako, hura zen norgehiagoka aritzeko aukera paregabea. Jinen ziren urteetan oroitaraziko genuena eta batbederak bere ahalmenak finkatzeko tenorea.

        «Bezperan Latsagak hogei basurde libratuak zituen gaztelua inguratzen zuen Biduze ibaiko errekak naturalki sortutako itxituran. Argitu orduko zamaririk ez genuenok abiatu ginen etxeetako zerbitzari eta mutilek lagunduta. Handik gutxira zaldunek hasi zuten bilaketa. Goizeko saioa gosariaren tenorerako finitua zen. Etxajaunak orduantxe hasi ziren euren konspirazionetan. Gazteok, indarberrituta, luzea fortunatuko zitzaigun eguna nola pasa antolatzen hasi ginen. Etxauz gazteak egin zuen proposamena: Balezta lehia».

        Etxeparek hatsa hartu zuen eta adi-adi zegoen Bereauk ezpainean bildutako lerdea garbitzeko keinua egin zion. Erretoreari prosaiko xamarra iduritu zitzaion entzulearen imintzioa, egin behar zuen kontakizun epikoaren atarian. Hala ematen zuen bederen kontaketari berriro ekitean marraztu zuen bekain arkua ikusita.

        Balezta lehia zen proposamena. Denek poz algaraka onetsi zutena. Bazkaldu aitzin herrialdeka eginen zuten kanporaketa. Etxepare bertaratutako garaztarren arteko lehian aritu zen nor baino nor. Horrela Joanes anaia, Larrondo, Uharteko Elizetxe, Larragoien, Lakarra, Monjolose, Harrieta, Agerre, Garate eta Zaro etxeetako gazteekiko tenkatu zuen bere balezta.

        Borreroari egin zion deskribapena hanpatu samarra izan arren, egun horretan bizi izandakoa agertu zuen fidel-fidel. Sarasketako Etxeparetarren kimu gazteenak bere geziak maisutasun harrigarriaz gobernatu baitzituen. Banan-banan, binaka, taldeka, esku batez, bizkarrez... deabruaren besoa iduri zuen jaurtiketak manatzen zituenak. Ez zuen behin ere huts egin, eta lehiakidek pozez eman zuten amore, arratsaldean ohorea Garaziko Herriak eramanen zuela argiro ikusten baitzuten.

        Etxajaunak gaztelu barruan eta gainontzekoak zelaietan laketuak, bazkariak alderdi bakoitzaren lana bete zuen. Helduek gero eta seriotasun handiagoarekin segitzen zituzten euren hizketaldi grabeak. Gazteak gero eta alaiago, orduan eta harrotuago. Arnoak ere bere lana egin zuen eta erronkak elkarri botatzen zuten gero eta nabarmenago.

        Garaztarrek ez zuten baleztaria sobera aipatu. Lan hori ordurako Amikuzeko lehia galdua zuen Eñaut Lukuzeko baroiaren seme gazteenak hartua zuen. Izan ere, nork eta Agramonteko Arnaut Txipiak irabazia baitzion lehia. Lukuze Sarasketakoaren lagunmina zen... eta, hortaz, argi zuen hautua.

        — Ikusi denok! Hementxe paratuko derauka Beñat Dardok gezia Eñaut Xipiari. Uzkian pott emanen derauka!

        Horrelako ateraldiak etengabekoak ziren alde batera eta bestera. Lukuzek, ordea, inor baino era mingarri eta ironikoagoan botatzen zituen bere ahozko geziak.

        — Nehork min hartu aitzin, hobe duzue amattori deitu eta sehaskan sartzeko erran. Arno sobera esnezko axuri gaizoek!

        Bazkalondo beroak ez zuen irakinaldia burutu. Konturatu orduko gazte guztiak han zeuden, gazteluko ekialdeko harresi aldean, ikuskizunaz gozatzeko prest.

        — Oztibarreko baleztaria Ibarbeiti etxeko Johanot zen, arrunt gaztea; oraino 13 urte baizik ez zituen, alabaina xipitatik ibilitakoa zen armen arteetan. Baleztaz ez ezik, ezpataz ere berezko dohain miresgarriaren jabe zen... Amikuzekoa Agramont zen, Arnaut Xipia..., Orzaizekoa Arnaut Garro..., Baigorrikoa Lizarazuko Mattin..., Arbelakoa Beltzunzeko Luis..., Armendaritzekoa..., Iholdikoa...

        Etxeparekoak izen bat erran orduko Bereauk buruarekin onesten zuen aukera. Izenak, herriak, etxeak, erretoreak aipatzen zuen oro barneratzen zuen gustura. Ordurako ziega guztiz ilunduta eta beste ordubeteko solas saioaren ondotik, non gezikada bakoitzaren norabidea ere biziarazten zuen Etxepare matrail motelak, lehiaren azken saioa azaltzeko garaia zen.

        Azken kontakizuneko protagonistak: Etxepare garaztarra eta Agramont amikuzetarra.

        Gaztelua hutsik zegoen eta den-denak errekaldean ziren. Etxejaunak eta euren senitartekoak gaztelu aldeko ugaldean zeuden. Gainerako ikusleak, zerbitzariak eta herritik inguratutako jende andana, beste aldeko ugaldean.

        Latsagak zehaztu zien egitekoa:

        — Aitzinean duzuen haritz horren eskuineko adarraren puntan iltzatu dugun egur horri jo behar deraukazue bete-betean. Txandaka. Jotzen duen lehena irabazle.

        Arbola berrehun pausotara zuten. Arpanaz moztutako egur borobila zen iltzatutakoa. Gurutze gorri bat margotua zuen erdian.

        — Agramontek egin zuen lehenik. Bere dardoak ziztuan eta zuzenean egin zuen bidea. Egurra jo zuen. Erdian. Kurutzearen beso batean. Latsagak ez zela bete-beteko gezikada erran eta botatzeko agindu zeraudan. Tenkatu nuen balezta, aurpegira inguratu eta... egur erdian jo nuen, gurutzearen bertze besoan. Damu-gaitzik, iduritsuak ziren gezikadak. Lukuzek «Etxepare!, Etxepare!» oihukatu zuen bozturik, Amikuzetarrek ez zuten hala ikusi eta «Agramont!, Agramont!» egin zuten.

        Zenbait zaldunek eskua ezpata zorrora eraman zuten. Hainbatek izen hori entzutea laidotzat hartu zuten, gerratan izen-dei gisa erabiltzen baitzen. Lukuze baroiak biluztu zuen ezpata eta «Lukuze!, Lukuze!» oihukatzen hasi. Latsagak gogoak epeltzeko zuen abilezia erakutsi eta Lukuze zaharrari eskumuturretik atxikitzeaz batera zerbait xuxurlatu zion belarrira.

        Izuran egunaldi hartan bildutako baroi, kapare eta etxajaunen artean nagusitutako grabedade aurpegia paratu zuen Lukuze zaharrak ezpata zorroan sartu aitzin. Berehalakoan Latsagak gazteengana zuzendu eta lanean jarri zituen: «Egin beharreko berbera, gazteok!», eta egurrari iltzea kenduta, sastakaiaz zuloa egin, espartzu lokarri mehe batez adarrari lotu eta biratzen jarri zuen.

        Agramontek jaurti zuen lehendabizi, Etxeparek berak estreinako aukerari uko egin baitzion. Halaxe, eta egurra biraka egin arren, Agramont txikiak asmatu zuen. Bete-betean ez, gurutzea ez baitzuen jo. Latsagak berak atera zuen egurrean bortizki iltzaturiko gezia. Ondoren, birarazi zuen berriro egur xerrada.

        — Lukuzek zerbait oihukatu zuen arren, ez nuen ontsa aditu. Ene zentzumen guztiak dardoaren punta eta egur horren arteko 200 pauso horietan estekaturik baitzeuden. Tenkatu nuen balezta, inguratu nuen enegana eta katua libratu nuen eztiki. Ontsa asmatu nuen, dardoa kurutzearen erdirantz bidalia nuen klarki. Lehia nirea zen eta ospea Garaziko Herriarentzat. Dardoak eta kurutzeak bat zuten eginen istantean... alabaina, mezulari batek, ilunabarra bertan zela eman zeraukun abisu, egunpasa zoragarri horrek sarri fin izanen zuela erran nahi zeraukun eta arratsaldeko jostetak amaitu behar genituela oroitarazi... Haize bolada epel batek egurra kulunkatu baitzuen eta geziak zuzen jarraitu zuen erreka alderat, erreka zeharkatu, bertze ugaldera pasa eta han finkatu zen. Lukuze mututu zen hondarrean, isiltasuna nagusitu bat-batean harik eta oihu izugarri batek harrabotsez bete zuen ugaldea. Emazte baten ahotsetik jalgitako oihua: «Mattin! Alajainkoa, ene semea!».

        — Ez da egia izanen!

        Egundaino segapoto baten sentiberatasuna erakutsia zuen borreroak, berriro ere, erretore zaharrarengandik etorritako beste hunkipenezko zirikada nabarmen adierazi zuen.

        — Halaxe, bai. Balezta bota eta erreka gurutzatzeko asmoz sartu nintzen uretan. Lepotik helduta, Lukuzek geldiarazi ninduen bortizki: «Ontsa, Beñat, lasai. Dardoa bertze aldean duk eta han gelditu behar dik pena. Latsagak moldatuko dik. Moltsa bat dukat eta emazte hori ez duk semeaz haboro oroituko. Makurragoa duk Agramontena, horiei ez zaiek gaur gero aise ahantziko gaurko garaipena... Urdeak!».

        Borreroak berak antzeman zuen aldarte aldaketa. Segituan ulertu zuen gau hartako kontakizunak akitua behar zuela. Izan ere, Lukuzeren hitzak gogorarazi eta bat izan baitzen kontaketaren diz-diza itzali eta presoaren begitarte iluntzea. Barne-muinetan sortutako zimikoak indargabetu baitzuen bat-batean kontalari bizia.

        Latsagatarren ugaldean sentitutakoa, ordea, zimikoa baino danbatekoa izan zen garaztar gaztearentzat. Berak eragindakoak eta Lukuzeko Baroiaren semeak errandakoek zerbait hautsi baitzioten barrenean. Izurako egunaldiak arrangura eta tristezia sakonean murgildu zuen baleztari trebea. Orduan hala sumatu ez bazuen ere, tristura hori hartutako erabaki baten ondorioa baizik ez zen: jaun noble eta kapare kumeon josteta eta adar jotzeetan ageri ohi ziren jarrera eta erranera haietarik ihes egiteko oharkabean hartutako deliberoa.

        Bazekien zaila izanen zela eskapatzea, ttikitatik horixe ikasia baitzuen eta aski laketua baitzen gerrian ezpata lotua zeramatenen artean ibilita. Etxepare gazteak baleztak bezainbeste maite zituen beste jostailuetan paratuko zuen arreta handik aitzina.

 

 

— Begiak erreko dituk, Etxepare! Utzi liburu satsu horiek eta goazen Donapaleuko Mixelkoreneko sasipuntzelekin dostatzerat —gaztigatzen zion Lukuze gazteak Donibanera bisita egiten zion aldioro—. Joan gaitezen bederen Uharteko arnotegira, joan gabetarik orduan bai penatuko haizela. Beñat, zer duk? Liburu horiek eskribitzen dituzten prelatu horietarik bat iduri duk! Etxepare, erna hadi, alajainkoa!

        — Faborez, Eñaut maitea, ez desohora Jainkoaren izena. Utzi bakean, baditiat zereginak. Hurrengoan izanen duk.

        Ez zen beste hurrengorik fortunatu. Handik hilabete batera Amikuze aldera jo baitzuen Etxeparek:

        — Bisita laburra izanen duk. Donibane alderat eraman behar diat berriz ere zaldia, Lukuze maitea. Salamancara buruz. Arrazoia duk, liburuek ikusmena galaraziko zeraudatek eta, hortaz, alferreko libururik ez diat irakurri nahi. On dagidatenak bakarrik irakurri nahi ditiat. Eta horiek Salamancan zeudek.

        — Ontsa, Etxepare. Ez ahantz nor haizen eta nondik heldu haizen. Ontsa, ikas ezak. Letratuak ere behar baititugu. Letrak burututakoan, itzul hadi. Ez ahantz, hemen gauzak nahasiak jinen dituk eta behar haugu.

 

 

Lagunartean Beñat Dardo zena, Sarasketako Etxeparea etxeko Bernat, Bernardum de Chaparre gisa agertu zen Salamancako errektorearen idazkariak idatzitako ikasle berrien zerrendan. Jatorriak izenak baino garrantzi handiagoa zuen garaian, Etxepare gazteak beste izen aldaketa ezagutuko zuen, bere maisu eta ikaskideek ponte izentzat hartu zutena: Bernardo Navarro.

        — Navarro, entonces — zehaztarazi zion idazkariak.

        — Sí, de Tierra de Vascos, de Cisa —are zehatzago Bernardum de Chaparrek.

        Baionako katedraleko Harizmendi jaun kalonjeak, Donibaneko Mendikoaga bikario nagusiak eta Iruñeko katedraleko Iholdi jaun kalonjeak sinaturiko gomendiozko karta besapean zuela sartu zen garaztar gaztea irakaskuntza eskolastikoaren erresuman. Gomendioak eta beharrezko marabediak aise lortu zituen aitak, Bernart Sarasketako Etxeparea etxeko jaunak. Aise eta gustura, lortu ere, Beñat semeak ttipitatik agerturiko letrekiko grina areagotzea aitaren gogoko zeregina baitzen aspalditik. Hartara, Lukuze Baroiarenean maisu gisa aritzen zen Sauveterre doktore gaskoiaren eskoletara bidaltzen zuen Bernat semea. Lukuze gazteenari bertan letrekiko higuina eta latinarekiko mespretxua ernatu baldin bazitzaion, Etxeparekoari liburu eta jakintzarekiko etengabeko miresmena areagotu zitzaion.

        Amikuzen bezala, liburuetarako ez ezik, dostetarako astia hartu zuen ikasle nafarrak. Salamancan, ordea, Eñaut Lukuze zuen faltan.

        Euskaldun gutxi zebilen Salamancan. Hamazazpi ikaskidez osatutako Etxepareren taldean bat ere ez. Ikasleentzako ostatua zen kolegioko gelakide zen Toledoko gaztelar bat izan zen hasierako lagun bakarra. Adiskidea, ordea, segituan egin zuen: legeetan lizentzia lortzeko azken ikasturtean zebilen oñatiarra. Gregorio IX Aita Santuaren Dekretalen irakurketa ozena egiteko sarri askotan maisu doktorearen laguntzaile gisa aritzen zen gipuzkoarra, hain zuzen.

        — Ez nauzu kastellau. Giputza be ez. Ostantzean, Oñatikua naz.

        Horixe izan zen Etxepareri eman zion kontesta, lehen irakurketa entzun orduko garaztarrak Salamancan arrotza zen kantaerari buruz galdetutakoan.

        — Zu ere ez zaitugu, bada, bertokoa.

        — Ez. Nafarra nauzu. Garazikoa.

        — Ondo, ondo. Badogu beraz, errebelde bat unibertsitatean. Ni Rodrigo nok.

        — Errebeldea? Zerbitzatu behar den jaunaren arabera duk hori —egin zuen arrapostu maltzurra nafarrak—. Nik Bernat, Bernardo diat grazia.

        — Bernardo. Bernardo hobeto.

        Ume eta gaztetan Eñaut Lukuzerekin bizitako pasadizo zirraragarriak ez ziren errepikatuko. Oñatiko Rodrigorekin urtebetez izandako adiskidetasuna, haatik, aberatsa fortunatu zitzaion unibertsitate giroan heldutasunari atxiki nahi zion Etxepare gazteari. Amikuzeko baroi ttipiarekin ezagutuak zituen giza joera guztiak. Josteta eta dosteta inozenteenetatik haragikeriarik lohienetara, armagizonen balentria ohoragarrienetik herraz beteriko bilania makurrenetara. Rodrigoren eskutik ere Salamancako ikasle bizitzako alderdirik alai eta gozagarrienak bizi izan zituen.

        Horretaz gain, liburuetan gordeak zeuden jakintzak eta, besteak beste, antigoaleko filosofo eta pentsalarien gogo-bideak ederresten ikasi zuen. Ezagutu zuen erlijio eta fedearen eremu estuan topa zitezkeen zeharkako bideen berri.

        — Horrelaxe hobeto jakingo dok bereizten zerubidea eta hainbat teologo barri ireki gura dabezen bekatuzko bidaxkak.

        Ikasle garaztarrak, euren katedretatik maisu eta doktoreek jaulkitako arte, letra eta zientziez gain, oñatiar tutorearen jakintza trinkoa ere zurrupatu zuen, beste ikasleek baino hagitzez lehenago.

        Etxeparek topatua zuen neurriko soinekoa.

        — Ez dituk ahaztu behar munduaren gauzak —gaztigatzen zion aldiro oñatiarrak—, hala gaziak nola gozoak. Halaz ere, gogoan hartu, mundualdi hau akabatutakoan badela beste bat. Horretarako prestatu behar dok hire arima. Bitartean jantzi behar dok hire burua, eta horretan antigoalekoek eskribitutakoetan ageri dok dena. Ez denbora alferrik galdu. Ez dok kontu barritan burua galdu behar. Aprobetxa ezak Elizaren gurasoek eta Erroma eta Greziako pentsalariek egindako bidea. Hura hartzea besterik ez dok, Bernardo.

        Ikasturtea hasi eta lau hilabetetara, ikaskide gehienek munduko gauzak baizik ez zituzten gogoko. Ez Gaztelako nobleziaren kumeak ziren ikasleek, ez hirietako burges aberatsen semeek, ez eta kristau berriaren plantak egiten zituen gelakide toledotarrak ere, inork ez zuen Salamancako jakintza probesteko presarik.

        — Jauntxo barbaro harroputz horiek eta juditz deabrukume zahar horiek ikasiko dabe laster batean! —erranez sutu egiten zen oñatiarra—. Latinezko bi berba ikasita euren palazioetara edo txarri dendetara eskolatuta itzuliko direla uste izango dabe gainera!

        Halako ateraldiak ez ziren Etxepareren gustuko. Izan ere, bere burua ikusten baitzuen Rodrigoren jauntxo barbaroen artean. Isilik, baina, itxaron ohi zuen beroaldia epel zekion.

 

 

Rodrigo Saezek ez baitzuen Etxepareko Bernatek zuen jatorria —oroit, Etxepare!, oroit nondik heldu zaren, gu infantzoiak gaituzu! Hala izan ziren gure gurasoak eta hala izanen dituzu gure seme-alabak—, Oñatiko kalebarriko hiritarra baitzen. Oñatiko Lazarragako jaunak babestua lortu baitzuen Salamancan ikastea. Babestu ez ezik, Lazarragak goi mailakoa ez zen jendearentzat itxiak zeuden unibertsitateko ate, ohatze, jantzi eta liburuen mantenua hartu zuen beretzat. Hori dela eta, iraintzat hartzen zuen sarrera errazki lortua zutenek Salamancako aukera ez aprobetxatzea.

        — Garaiak aldatzen ari dozak, Bernardo. Ezpata zorrotzek eta merkatari zikoitzek ere letratuen laguntza beharko ditek. Guk eskribatuko ditiagu hauen lege zaharrak antzaldatuko dituzten lege barriak, guk ezarriko joagu zigiludun paperean zer den merkatatzea eta zer den lapurtzea.

        Halako erranerek desgogatzen zuten arruntean Etxepare. Barren-barreneko dei batek laidotzat hartzen zituen hitz horiek. Areago, barne dei horrek Lukuzeren boza zuela iduritzen zitzaion. Hala ere, hautua egina zuen eta oñatiarrak eskaintzen zion mundu zabala maiteago zuen, noizbehinkako iritzi mehar horiek baino.

        Hilabeteak igaro eta Etxeparek laketu zuen Salamancan erabat. Ikasketetan aise moldatzen zen eta deuskaiz betetako gelako ikaslerik onenaren ospea gaindituta, etorkizun hurbilean Zuzenbide Kanonikoko doktore izateko balizko hautagaien zerrendaburu zen.

        Errektoreak berak deitua zuen garaztarra bere aurrera behin baino gehiagotan animatu eta zoriontzeko eta, kasik, bere izenez agurtzeko:

        — Que Dios le guarde Bernardo de Cisa, y le siga dotando de la sabiduría, el empeño y el tesón para proseguir su empresa en Salamanca...

        Gisa berean, Salamancak eskaintzen zizkion bestelako erakarpen mundanoak ere gero eta sarriago profitatzen zituen. Beñat Dardo osotara berpiztu ez bazen ere, Bernardo Navarro izeneko ikaslea anitzetan antzaldatzen zen Lukuzek onetsiko zukeen Bernatengan. Hortaz, gela barruan zein kanpoan bizitzen ari zena kontuan hartuta Etxepare ez zen damu hartutako erabakiarengatik.

        Liburutegian Bernardo de Cisarena egiten ari zen egun batean, ordea, Rodrigoren ustekabeko bisitak hautsi zuen azken hilabeteetan eraikitako bizimodu orekatua. Bikoitza baina gogobetezkoa:

        — Goazen, liburutegiko txokorik ederrena erakutsi behar deuat —bota zion oñatiarrak ahapeka Aristoteleren Nikomanoren liburua irensten ari zen garaztarrari—. Nik uste joat Aristotele, Akinoko Tomas eta Corpus Juris Canonici-etako nahiko liburu irakurri dituala aurtengoz. Maisuak ere kezkatzen hasi dozak, eskolak amaitutakoan gehiegi galdetzen dualako. Badok garaia burua beste irakurketetan nekatzeko. Datorren astean hemengo ikasketak amaituko dodaz, eta Valentziara abiatu baino lehen zerbait erakutsi nahi deuat.

        — Eskolak amaitu gabe eta bahoa?

        — Ez uste hi haizenik hemengo ikasle on bakarra. Lizentzia lortu joat eta orain doktoretza egin bitartean Valentzian bajaukat zer eginik. Aipatu neuan, garai barriak dozak, eta gero eta estimu handiagotan hartzen ditiztek lege eta letretan adituak. Denbora luzez izan nok Salamancan, eta orain probestu behar dodaz egindako zenbait lagunen eskaintzak. Ez nok beti ibiliko Lazarragatarren itzalpean. Oñatira itzultzen naizenean euren dorrea baino etxe handiagoa egin gura neuke, eta horretarako Salamancatik alde egin behar joat. Bitartean Aragoiko Gortean bajaukat nork lagundu. Baina horrek ez dik ardura... Etor hadi, entretenigarri polit bat erakutsiko deuat, eta horrela hi ere zorretan egongo haiz, ezen nork jakin etorkizunean Nafar lur horietan ere lagunak beharko ote dodazan. Hator, isil-isilik, hemendik...

        Liburutegitiko irakurketa gela nagusitik irten eta eskaileren ondoko gelaxka batean sartu ziren, Rodrigok aldean zeraman giltzari esker. Lau paretak apalategiz josiak zeuden, liburutegi nagusia bezala. Hartan ez bezala, ordea, pilaketa eta desordena zen nagusi. Batere apaingarririk ez zuten apalategietan liburuak metatuta zeuden inolako antolaketarik gabe. Denak etzanda, batzuk bizkarra erakutsiz eta besteak orri ertzak agerian. Koadernaketa dotoreak hariz jositako paper solteekin batera zeuden. Pleguak barreiatuta eta liburuak zabalduta nonahi.

        Gelaren erdiko tapizaren gainean pausatua zuten mahai luzea zen txukuntasuna agerikoa zuen leku bakarra. Bi lagun baizik ez zeuden bertan jarrita. Ate ondoko mahaiburuan Salamankako katedralean kaperau ere bazen Diego de Olmedo oratoriako doktorea, Boccacioren Jainkoen Genealogian arreta hartuta. Urrunagoko mahaiburuan, berriz, gelako zaindariarena egiten zuen Hernando de Toro liburuzainordea, zeinak irakurtzen ari zen liburua agudo itxi eta azkar bezain eztiki ondoko apalean desagerrarazi baitzuen hainbat pleguren artean.

        Olmedorekiko ez ikusiarena eginda, Tororengana eraman zuen Rodrigok harri-harri eginda zegoen garaztarra. Oñatiarrak egin zuen bere aurkezpena maisuki menperatzen zuen gaztelera dotorean:

        — Arratsaldeon diola Don Hernando. Dakienez laster Aragoi aldera partitzeko tenorean izanen nauzu. Bitartean berorri agurtu eta ene lekua betetzeko hautagaia aurkeztera heldu nauzu. Ikasle berria duzu, baina honezkero Salamancako estudiante zaharrenaren adinako jakintza eta liburuekiko gogo handiena erakutsia dizu. Aspaldian nik izan nuen aukera bera Bernardo Navarrok izatea plazer nukezu. Horixe besterik ez, ene giltza berari emateko baimena bidera dezan eskatu nahi diot apalki. Erabakia hartu eta Valentziara abiatu bitartean, ni izango nauzu arduraduna. Espero dut bere irakurraldia galarazi ez izana... eta besterik gabe, bere erantzunaren esperoan gaitu.

        — Ondo da. Gaur bertan liburuzainarekin mintzatuko naiz, eta Navarro delako honi buruzko erreferentziak desegokiak ez badira, placet hartu eta lehenbailehen bereganatu ahal izanen du giltza —erran zuen Torok mesfidantza begiratu batez.

        — Mila esker, Don Hernando. Jaunak eman diezaiola arratsalde on.

        — Mila esker anitz, Don Hernando —gaineratu zuen deus ere ulertzen ez zuen Etxeparek.

        — Ez duk zerik, mutil. Nola esan duk duala grazia? Fernando?

        — Ez, jauna. Bernardo nauzu. Bernardo de Cisa.

        — Alafede, beste errebelde bat! —bota zuen plazerez liburuzainak, gaztea estutzen ari zela ohartuta—. Tira, hi ere baretuko haiz. Ondo duk. Hemen Salamancan maite ditiagu bizkaitar harroak. Hi ere Erregeren idazkari fidela bihurtuko haugu... ezta, Zuazola?

        Atea kanpotik giltzatuta, bi ikasleak liburutegiko gela nagusitik pasa ziren Etxepareren liburuak jasotzeko, klaustroko arkupeetan arnasa hartu baino lehen. Oñatiarra pozik eta garaztarra harri eta zur.

        — Eta?

        — Bada, Rodrigo Saez Mercado de Zuazola oñatiar kaletarrak Bernardo Navarro de Cisa nafar infantzoia Salamancako benetako jakintzaren ortuan sarrarazi duela. Egundo ezagutu ez duan guztia hire esku izango dok. Zorretan hago Zuazolarekin, adiskidea!

        Presatu plantak egin eta bihar arte batez bere horretan utzi zuen garaztarra. Etxeparek, kezkatuta, pentsatu zuen bazirela hiru arrats hiria bisitatu gabetarik zegoela, eta gelakide toledotarrak deskubritutako hondarreko ostatuan izugarri ongi pasa zuela oroituta, deliberatu zuen arras ospe txarreko ostatu hark bazuela halako xarma.

 

 

— Hiri ederra duzu Toledo, Martin. Ikasle sasoian ezagutu nuen. Guztiz ederra duzu. Orotariko jendea topatzen ahal duzu bertan. Hemen, Donibanen, garai batean bezala. Baina han jendea ez da erromes, han pausatua da jendea. Juditz, kristau eta mairu jendea bizi dituzu espantu handirik gabe. Baxenabartarrez betetzen ari den Tutera iduri du... Heiagora!.... Kontatua ote derauzut han Tuteran esposatzekoa zen Lekunberriko Gillenkoren ezkontza bestarat joandakoan Lukuze Xipiak hango Katedraleko kalonje batekin izandako borrokaren kontu hura?

        — Bai, Mosen. Herenegun izan zen bigarren aldia —ausartu zen zehazten Bereau borrero adikor baina nekatua.

        — Otoi, barkatu, Martin. Ene buru satsua erogoak hartua baitu... Ederra baitzen Toledo eta are ederragoa han egin zuten enkontrua. Ederra erraten zeraukaten Felipe Borgoinako Dukea heldu baitzen Toledorat 1502. urtean, Salamancako ikasketen ene hondarreko urtean. Josef ene gelakide juditzak euren etxerat joateko gomita luzatu eta hantxe entzun ahal izan nituen, hiriko katedralean, aleman maisu horien joia ederrak! Lauretan hogei kantariz osaturiko koruak hangoa baizik bertze paradisurik ez zela erakutsi zeraukuten euren zeruko ahots haiekin. Borgoinakoak, Gaztela eta Aragoiko errege-erreginen kaperakoak baino guttiago ziren, hamalau bat kantari, noski. Alabaina, eurek bai ahots zerukoa...

        Beharrik ordurako lotan zegoen. Bestela Bereauk aleman musikarien kontu hura ere berriro aditu beharko zuen-eta. Agricola eta Antxietarekin batera hainbat hilabetez han izan zela hiru kultur musikalen topaldia Felipe eta Joanaren oinordekotza ospatzeko, eta han izan zela bera ere gelakide toledotarrari esker. Bereau orduantxe esnatu izan balitz azken aldian Luther eta gainontzeko aleman jendearekin tematu samar zebilen presoaren erretolika entzungo zukeen berriro ere. Ez zen esnatu, ordea. Izan ere, Etxepare kontalari nekaezinak azkenean lortua baitzuen Donibaneko gatibualdian beti erne izandako borreroa lokarraraztea. Eta ez zen esnatuko segituan, bijiliari eusteko asmotan zen presoak marrantatutako Ave festiva ferculis haren doinua sehaska kanta goxoa fortunatu baitzitzaion:

        — Aaaaa ve festiiiiiiii iiiiiiii va feeeee eeeeerculis Salo moooooo oooo nis...!

 

 

Ave Maria, anderia grazia oroz bethia,

Ienkoaren ama birjin berak ordenatuia,

Zeru eta lur ororen erregina dignia,

Bekhatoren adbokata eta konfortaria!

 

Bereauk ezaguna zuen Etxeparekoaren Ama Birjinarekiko atxikimendua. Berak anitzetan aipatua zion moduan, geratzen zitzaion sinesmen bakarra. Kanpoan lehertua zen udaberriaren zipriztin lurrina ezin antzeman arren, astebete falta zuen presoa libratzeko. Errukia, gorrotoa, inbidia, poza, tristura eta batez ere harridura sortua zioten erretorearen egoerak, jarrerak, pasadizoen kontakizunak edota borreroak hain gogokoak zituen kantaturiko koplak. Etxeparek arima biluzarazia zion bere zaindariari, eta honek sekula santan itzuli ahal izanen ez zion eskerrona txertatua zuen borrero bakartiaren barru-barruetan.

        Bereauk, halaz ere, Etxeparek kontatu eta kantatutako zenbait istorio ez zituen osotara ulertuak. Hala nola, kristau munduan krisia eta pairamena heldu zela erran zionean.

        Zaude erne eta ez zaitez nahas. Elizgizonok ukan ditugu falta eta makur anitz, fede ahuleria, handikeria, joko, solasa, haragikeria eta tentazione orotarik. Alabaina, fedeak bat behar du. Bakarra eta egiazkoa. Hasiak dira, bada, zenbait prelatu eta apez fede berritua behar dugula erraten. Kasu eman, baina, mizto txar horiek gure jauntzien apaingarriak gaitzetsiko baitituzte hatsean, elizak ukuilu bihurtuko gero eta Andere Dona Mariaren koroaz iraitz eginen dute hondarrean. Ene begi zaharrek ez dute agian horrelakorik ikusiren, alabaina, deabruak baditu hamaika zerbitzari eta lanean hasiak dira engoitik. Kristau jendearen gerra helduki da, Martin. Otoi, ez ezazu bidea gal, argibidea Andere Dona Mariarengan baita.

        Borreroak harrituta hartu ohi zituen honelako aipamen teologiko goitiarrak eta Amen erran baizik ez zuen egiten, solasgaia mudatu aitzin. Berako Arkaitza mendia bezain harri-harri eginda utzi zuena, ordea, presoa libratzeko bezperatan honengandik aditu zuen proposamen esperogabea izan zen:

        — Martin, ontsa begiratu nauzu hemen. Zu izan zara sekula deus galdetu gaberik on gehien eman deraudan pertsona. Ni libro nauzu sarri, zu ere libratzen ahal zara horma zahar hauen gezurrezko gerizpetatik: enekilan etorri! Eiheralarren ukanen duzu etxe eta lanik. Nik emanen derauzut ostatu, soldata eta zer egina: zure gaztigua oniritzi dut eta saiatuko naiz berriz ere ene koplak inprimatzerat ematen. Zuk lagundu behar deraudazu horretan. Lehenik, eskribatutako koplak eskuratu behar ditugu, eta ondoren denak metatu. Hondarrekoz, nik ediren dut inprimatzailea. Arrunt gutti, alabaina adiskideren bat ukanen baitut oraindaino.

        Orduantxe damutu zitzaion borreroari goizaldean gaztelura egindako azken bisita. Izan ere, kapitainari abisua emana baitzion presoa bere onean zegoela. Osorik eta osatua. Are gehiago, orduantxe damutu zitzaion kapitainak egindako galderari berak emandako erantzuna:

        — Hortaz, ontsa duk. Buruz erran nahi diat. Ez duk ero?

        — Eroa? Ez, jauna, aski ongi duzu buruz. Nihaur baino hobeki, jauna.

        — Hori ez duk zaila, ergela! Hau duk, bere buruaren jabe duk? Erran nahi baita, nor den klarki agertu dik hondarrean?

        — Bai, bai. Mosen Etxepare duzu, gaztelarren Donibaneko bikarioa.

        — Ontsa. Arrunt lan ona egin duk, Bereau. Ez deus ere erran nehori. Ni Donapaleutik itzuli arte jarrai beti bezala. Horrela ezin baitiagu presoa libratu.

        Karrikan beheiti, goizeko ilunpean arrotza zen irribarre ttiki bat entseatuz, pentsatu zuen nori erran behar ez zion deus ere, bere buruari edota presoari berari.

        — Arratoiei erranen diet.

        Kapitainarekin izandako elkarrizketaren garrantziaz orduantxe jabetu zen, beraz, borrero motela. Elkarrizketaz eta bere lanaz, alegia.

        Orain argi zuen. Erizain hutsa izana zen bost hilabetez. Bere lana gorputz hura begiratu, zaindu eta oso-osorik leotz horretatik ateratzea. Bizirik eta osorik.

        Kapitainak deseginiko buru eta gorputza ekarria zion Pauetik. Donibanen jadanik ez zuten bikario nagusiaren buru argi eta zorrotzik nahi, aski zuten Mosen Bernaten gorputz berpiztuarekin.

        — Ez da posible, Mosen —erantzun zion borreroak, larrituta, Etxeparek egin berria zion proposamenari—. Plazer handiz onetsiko nuke egin didazun gomita, baina oraindik kartzelan zaude.

        — Bai, badakit, Martin. Alabaina zuk erran zenuenez elurrak urtu orduko, apirila urratu aitzin, libre behar nuela agindu zerauzula kapitainak... Miraz nago zein bizkor osatua naizen. Orok atzendua Pauen zetzan preso ero eta usteldua osatua da jagoitik. Hortaz, lasai, zaharra naiz baina anitz gauza egin ditzakegu elkarrekin. Eiheralarren ez bada, Zaron edo Sarasketan izanen dugu non ostatu hartu.

        — Ez, ez. Nire iduriz kapitainak bi eratan baizik ez zaitu ikusi nahi kartzelatik jalgia: osorik eta erotua... edo... buru argiz baina xehatua. Zuk kontatua da Paueko presondegian hogei urtez harro eta sendo dirauen baigorriar preso harena, kartzela-zainei kantuan arraposten zerauen hura. Nahi ez baduzu hura bezala gatibu izan sekulakotz, eroarena egin beharko duzu. Zerbait egin beharra dago, Mosen. Gaur gero kapitaina Donapaleun baita hemen obratutako miraria salatzen.

        — Hortaz...

        Etxeparek ez zuen arraposturik asmatu, Bereauren ezohiko buru argitasunak egin berri zuen distirak itsututa. Istant batean, ordea, bakoitzak bere jarrera berreskuratu zuen. Borreroa aho-begiak zabalik geratu zen erretorearen erranen zain eta presoa solasean hasi zen, matrailarekin keinu pare bat egin eta gero:

        — Ontsa. Osorik jalgiko naiz, baina ez ero. Prest zaude deabruaren langintza hau saihestu eta borrerotza bihozgabea uzteko behin betikoz, Martin?

        — Bai. Dudarik gabe. Goseak eta mixerableki bizitzeko izanen dira bertzenazko lanak ere. Aski da —erantzun zuen gogotsu.

        — Hortaz ez da trabarik izanen, Martin. Nehork ez daki bertan naizenik. Hori da mudatu behar duguna. Nor da egun Andre Dona Olaia elizako erretorea? Kurutxet kalonjea agian?

        — Ez, berriki hila da. Orain Mendibe izeneko apez gazte batek hartu du erretoretza.

        — Mendibe, Donibanekoa?

        — Bai, lau anaia dira. Zaharrena Michel, adbokatua da Baionan.

        — Bai, aita hala zuten. Ezagutzen ditut —erran zuen bozkarioz Etxeparek—. Fidatzekoa da. Ederki. Hortaz, gaur arratsean bakarrik egin beharko dut lo. Ni giltzapean utzita, Mendiberengana egin beharko duzu bisita.

 

 

Libre irtendakoan lagun bila egin beharko zuen lana arrats horretan bertan hasi zuen Etxeparek.

        Lehendabiziko helburua xinple samarra zen, jaun noble eta elizako hierarkiaren osaketa berriaren egoera ezagutzeke, Mendibek berak azaldu beharko lioke zein lagun zuen egokien Donapaleun zein Pauen bere alde egiteko.

        Bereauk lotan aurkitu zuen presoa, eguna argitu baino lehen ziegako hegoaldeko ateko sarraila astuna berriro ere barrutik itxi zuenean. Aldean zekarren papera presoaren ondoan utzi zuen lastoen gainean.

        — Ontsa, Martin! —erran zuen Etxeparek ernatu eta segituan—. Damu gaitzik ez ditudala Lukuzeren antiojoak!

        Begiak zimurtzearen poderioz, paperean ageri ziren izenak irakurri ahal izan zituen banan-banan. Ahapeka irakurri zituen, behin eta berriz, falta zituen izenak horrela agertuko zitzaizkiolakoan. Ez ziren agertu, ordea, eta zerrendan azaltzen ziren lau izen-deiturak bere horretan geratu ziren. Hiru ez zituen ezagutzen. Laugarrenaren jatorria bai:

        — La-tsa-ga. Andre Dona Maria maitea zurekin salbu naiz beti! Elas Latsaga albanesa, albaneza erran sentitzen dudana! Begira, Martin, orain ere Latsaga izanen da Etxepareko xipiaren salbatzailea!

        — Latsaga? Eta non da Lukuze eta non dira bertzeak? —galdetu zion borreroak minduta—. Non dira ohorea eta izenarengatik aldioro bizia emateko prest zeuden haiek? Baroi, aitoren seme eta jaun nobleak lekutu dira, beti bezala...

        — Aski duk, Martin! Paper honetan ageri direnek ez dute eurek izena eskribitu. Mendibek ezarri ditu. Eta nihaurek izen bat dut abastu. Hemendik bizirik jalgitzeko lagunduko nauenaren izena baizen ez dut behar. Eta ukan badut: Eñaut Gilenko Latsaga.

        Latsagako Arnault Gillen agertu zen handik bi egunera Donibaneko gazteluko kapitainarekin batera Etxepare presoaren aitzinean. Aurpegiaren goibela doi bat argitzen saiatu zen kapitaina mintzatu zen lehenik:

        — Jaun Mosen Bernat, Jainkoaren graziaren bitartez eta Enrike gure errege zuzen bezain onberaren eskuzabaltasunez, heldu naiz adieraztera jagoitikotz zure gatibutza finitu dela. Hemen ematen derauzut sinatzera Erregeak berak, Donapaleuko Jujeak eta Latsagako jaunak eta nihaurek lekuko gisa sinatzen dugun barkamendu agiria. Libre zara Mosen Bernat.

        — Bizi haiz, Beñat! —izan zen besoak zabalik inguratu zitzaion Latsagaren mintzaldia.

        Bi lagunen besarkadari begira geratu zen Bereau. Tetelduta. Kapitainak, ordea, ernatu zuen borreroa bere lozorro sentimentaletik:

        — Eta hiri, erizainarena egitea finitu zaik. Segi goiti lehenbailehen, ezen gazteluan ohoin pare bat baititugu igandean urkatzeko. Urkamendirako sokak eta oholak erosi beharko dituk gaur bertan!

        Kapitainaren aginduak ernatu bazuen, egun horretan arkabuzarekin laguntzen zion soldaduak imintzioka botatakoak guztiz sendotu zuen egun batzuk lehenago hartutako erabakia:

        — Aditu al duk borrero kirats horrek! Hire lana finitu duk hemen. Mugi hadi, matela haustea nahi ez baduk!

        Latsagak eskainitako zamariari abiatzeko agindu aitzin, Etxeparek presondegi izaniko etxearen atariari erreparatu zion.

        Zumalagaren etxea zen. Teilaturik gabe, lehen solairua desegina zuen. Etxeko alderdirik zaharrena izan arren, ezagun zuen sotoa zela atal oso eta baliagarri bakarra. Ezkerreko orubean, Laborde apezpikuaren etxea izandakoaren harroinen hondakinak baizik ez ziren ageri.

        Kapitainak eta soldaduak karrikan goiti egin zuten. Gaztelurantz. Bereauk, ordea, maldan beheiti egin zuen, eta Latsaga eta Etxepareren gibeletik abiatu zen lasterka.