Enpleguaren arbola
Enpleguaren arbola
2006, nobela
112 orrialde
84-95511-77-0
azala: George Segal
Pablo Sastre
1958, Madril
 
2004, nobela
2002, nobela
2000, nobela
1996, ipuinak
1992, ipuinak
1990, ipuinak
1986, nobela
1984, nobela
Enpleguaren arbola
2006, nobela
112 orrialde
84-95511-77-0
aurkibidea
 

 

MIRUEN ETA BELEEN HIRIA

 

        Utzi in behar izan zuen bere gela Mixak, bajerara itzuli zen, han montatu genuen gure tingladoa, burni batzuk atzeman genituen, eta haiekin eta ohol batzuekin in genituen mahaiak, bagenuen sukalde txiki bat, Mixak bere pruebak han in zituen, zerbait asmatu behar dugu, esaten zidan, besteek ez dutena!, saltxitxak hiru tipulen saltsan!, joan zen azokara eta bati tipula txuriak, besteari tipula gorriak, besteari tipulinak, bi poltsa haundirekin etorri zen, esan nion, jendiak aisago jango zituela hamburgesak!, joan zen enteratzera, harakinarekin hitz egin zuen, gizon jator bat, hark prezio onak iten zizkigun, Mixak in zuen masa moldatzeko kaja bat egurrezkoa, berak egurrak moztu, behar genituenak, kaja hartatik ateratzen ziren xerra kuadro antzeko batzuk, asmatu zuen edo nonbaitik atera zuen errezeta bat, ogi mamia esnetan eta gatza, baratxuria, haragia, perrexila, patata, gero patata kendu zuen, lehenbiziko aldian, hernanin, kiosko aldia itxita zegoen eta kale txoko batian jarri ginen, etorri ziren munipak, han ezin ginela, behar genuela permisua, hasi ginen ez eta bai, ni berotu nintzen, etorri zen txosnetatik kolega bat, azkenian gau bateko utzi ziguten, gero beti hola, beti haiek etortzeko beldurrarekin, ez baitzen guria besteena bezalako montajia, gu furgonetarekin heldu, atzetik ireki, burniekin eta rafiarekin estalpe bat in, mahaiak paratu, sukaldia, bonbona, kabliak eta jeneradoria furgonetaren azpian, behar genuen ordu erdi bat dena paratzeko ongi, eta gero, haiek etortzen eta fuera!, izaten ziren gainera beste saltzaile batzuk, azkarra behar zen, bestiak baino lehenago ailegatu eta, hartu toki ona, hori in behar zen, han ez genuen toki onik izan, txoko samarrian eta gure atzian jendiak txiza iten eta dena txizez bete ziguten eta jendiarekin haserriak, jenero pila bat sobratu zen, haragia gure kolega hari eman genion, eta ogiak, berrehun ogi, panifikadoran erosi genituenak, errekara bota genituen, handik aurrera bolloak erosi genituen, hurrena pasaietan san pedro in genuen eta han ez genuen mobidarik izan, Mixak saltsa bat prestatu zuen eta gero beti hura, valentziako batek pasa zion errezeta, tipula, kalabazina, tomatia, baratxuria, eztakit zer gehiago zuen, koñaka ere bai, saltsa hori asko gustatu zen eta han ondo saldu genuen, handik in genuen ondarru, zapatazule, goizian jendiak txitxarroak jaten eta gurerik inork ez, egunez beroarekin ez genekien nora sartu, Mixa etxe bateko ezkaratzian lo gelditu zen, arratsaldian txitxarroak bukatu ziren eta kukani festa zen, guk iluntzian saldu genuen aise, Mixak, hitzak nahasten baitzituen edo zeukan azentuarekin edo eztakit zergatik jendiak uste zuen gu lapurdikoak ginela eta inork etzigun ezer esan, hurrena ya lesakan in genuen eta han konpetentzia haundia, guk plazan jarri nahi genuen eta lehen egunian haruntzago bidali gintuzten eta bigarrenian batere etziguten utzi eta hanka in behar, jendia moxkor moxkor ina furgoneta gainian saltoka hasi zitzaigun eta nik irten eta mailuarekin uxatu, behintzat egun hartan bukatu genituen haragiak eta gehiago bila herrira joan ginen, konjeladorian bait-genuen bajeran haragia eta gero noski biharamunian hura ezin saldu eta bota in behar izan genuen jenero guztia, Mixa pena batekin zegoen, arratsalde berian zentro komertzial batian nebera bat pillatu genuen, gero beste bat santurtzin, hara bezperan joan ginen eta udaltzainekin negoziatu genuen, han in genuen lo eta han ere izan genuen mobida bat ze, malabarista batzuk suarekin jolasten ari ziren eta ia saria erre ziguten, labana haundia erakutsi nien eta haiek ere harro, eskerrak Mixa lasaia eta, hark galarazi zuen odola errekara ailegatzia, ha! ha! ha! labana haundia bai, gaztarentzako labana, Mixari herrian tipo batek eskeintza in zion eta nik gazta hura ez genuela behar, etekin gutxikoa!, baina gero jendiak ongi estimatu zuen eta askok eskatzen ziguten, han santurtzin birrak ere erruz saldu genituen, kupel batian freskatzen iduki eta, gero beste herri batzuetan ere bai birrak eta haiek nahikoa uzten ziguten, han santurtzin ere bai, etortzen zitzaigun jende pobria apal apalik mokadu bat eske eta nik fuera! fuera!, gero kanbiorik gabe gelditu ginen eta bila joan nintzenian, Mixak pobreen artian bokatak banatu zituen, han esan ziguten biharamunian zornotzan kontzertu haundia zegoela, karnixeria batian haragiak erosi, hara gindoazela galdakao parian kontrola ikusi genuen urrutira eta mendiz mendiz in genuen krixton errebuelta, ez bait-genuen aseguroaren paperik, hura ez genuen lotu, zornotzan zegoen siniestro total eta han ere lege problemarik ez genuen izandu eta han ere dena saldu genuen, ordiziara ere joan ginen eta han inon baino gutxiago saldu genuen eta gaizki pentsatzen hasi ginen, Mixak bere amantalarekin eta jantzi zuen lastozko sonbreroarekin iten zuen aurpegi luze bat, eta nik, redios, han ere munipekin gogor diskutitu nuen, eta azkenian jende gutxi zebilen tokian utzi ziguten eta jale ergelak goierriko haiek, hori zer da, zer du saltsa gorri horrek?, saltsa ona! saltsa ona!, esaten zuen Mixak, okela, okela ona!, esaten zuen, hitz hori bizkaian ikasi zuen, eta ordizian harritu iten ziren, hauek nondikan datoz?, eta Mixak hala iten zuen, euskaraz bere moduan eta gero numeroak erdaraz eta numeroak erdaraz esanda jendia pixka bat lasaitu iten zen, eta hura benetan gaizki nola atera zitzaigun handik nik tuterara nahi nuen, festa izugarriak izaten omen dira han, eta Mixak ezetz, hara etzuela nahi, lehenago han arizana zen eta han mobida izan zuen eta igual behar ez zuen batekin topo ingo zuela, zergatik Mixak, errusiatik etorri zenian, ekarri zutenekin eta etortzeko pasaportia eta lan baimenak in zizkiotenekin zorren bat bazuen, horregatik etzuen fotorik nahi eta horregatik ere etorri zen herriz herri nirekin, ezpaitzitzaion herrian udaletxiak pagatzen zionarekin ailegatzen eta zeuzkan diru pixarrak errusiara bidali zituen han bi alaba baitzituen eta horregatik etzuen ezta pentsioa pagatzeko ere, baionan in genituen bi gau, jarri ginen kale luze batian, han ziren saltzaile guztiak eta hainbestian, etorri zitzaigun magrebeko ume moko bat kollariak saltzen zebilena eta haragirik gabe eskatu zigun bokata bat, ezpaitzen haragiarekin fiatzen, txerria ote zen, eta Mixak in zion hari saltsarekin bokata, berrogeita hamar xentimo, eta gero sailian sailian hasi ziren etortzen magrebeko umiak, eta gero hango zaharrak ere bai, eta nik, nahikoa dek!, kontra in nien eta Mixari ere kontra ze bestela ere nahikoa lioa bagenuen, makina bat moxkorrekin peliatu nintzen, ezpainuen pitorik entenditzen eta haiek manera txarrekin etortzen, Mixak ere gutxi entenditzen zuen baina hura moldatu iten zen, moldatzeko zera hori zuen, abilidade hori, bera lasai zegoen, ni takartu nintzen, hirekin ruina zaukaat!, irribarre iten zuen, baionan bi lo in genituen, bigarren egunian, bertan, nik banku batian, zakuan, eta Mixa furgonetan manta batekin, halako batian esnatu naiz eta, arratoi bat zakuari oxka, salto in nuen, alde in zuen hark, eta ni in nintzen lurrera erori eta, lurrian nengoela begiak bildu eta atzera lo gelditu nintzen, nekia, Mixak berriz, hamabi ordu in zituen tirada batian, hark ere nekia, iten bazuen zutik ordu asko hankan mina jartzen zitzaion, zergatik behatz txikia moztuta zeukan, hori izan zen kropotkin, uste dut izena, hiri bat txetxeniatik honontza, zergatik kuarteletik lagun batekin eskapatu zenian, kamioi bat pillatu zuten eta heldu ziren hiri horretara, lagun haren etxera eta, berak botak erantzi gabe bazeraman lau hilabete, eta mina, eta mina, hanka dena haunditua eta han moztu zioten, gero handik pasa zen ukraniara, han mafia batekin tratua in edo hala etorri zen, ihes, beti ihes, esaten zidan, txikitan ere, amak minan lan iten zuen eta, mina itxi zutenian handik hanka in behar, orain, hau da nire etxia!, esaten zuen, bidia zela bere etxia, pena zuen familiagatik, umeekin askotan gogoratzen, handik, baionatik, berara goazela, furgoneta malda batian gelditu zitzaigun, hura izan zen aurreneko aldia, Mixak sartu zuen burua motorrian, jo zion ostiko pare bat, martxan jarri zen, berara ailegatu eta han jendiak irriak eta burlak iten zizkigun eta handik kontzejal batek edo eztakit zer zen bidali gintuen eta ni hitz inda nengoen hurrengo egunerako oiartzungo tipo batekin eta hark esan zigun halako ordutik aurrera jartzeko halako tokian, eta bueno, jarri ginen eta in genituen gelditu gabe hirulau ordu lanian, halako batian altxatu zen haize fuerte bat, amarratu genuen toldoa barandilla batian eta ezin, toldoa puxkatu eta noski sua itzali eta ezin aguantatu behintzat, gauzak azkar bildu eta martxa, hurrengo goizian, toldoa partxiatu genuen, garbitu garbitzekoak eta erostekoak erosi eta, berriz ere martxa, gasteizera joan ginen, han jarri ginen parte zaharrian, kantoi batian, hara etzen poliziarik sartzen eta han ondo saldu eta ondo egon ginen, bitartian diru balantziak in genituen eta etzen askore baina, zerbait ari ginen, Mixak orain errusiara joatiarekin iten zuen ametsa, eta nik ere nire ametsak baina nik garbi neukan gutxirekin biziko nintzela eta tailerrera pentsatu ere ez, han gasteizen haragia bagenuen oiartzundik sobratua eta hura eraman ekarriekin in zitzaigun lizundu, xerrak kutxilloarekin garbitu genituen, Mixak etzuen saldu nahi, eta nik, ba, lizun pixka bategatik, baina handik aurrera nazkatu ginen eta hasi ginen solomoa, piper saltsarekin, gasteiztik joan ginen leitzara zuzenian, han etzen guretzako tokirik baina albintiarekin diskutitu genuen eta hark zerga kobratu zigun eta utzi zigun toki bat, gero jeneradoriak etzigun arrankatzen eta presoen txosnan eskatu genuen entxufe bat, ondoan bagenituen ijito batzuk karrito batekin eta haiek ikusi zuten guk argia bagenuela eta guri eskatu ziguten, beltz bat ere etorri zitzaigun eske eta gero zilar saltzaileak ere, argentinako batzuk, gero hurruna, bagenekien zaila zela oso baina guk bilbora nahi genuen, bilbon astebete! bilbon akitu arte!, esan genuen, bagenituen telefono batzuk, ia lotu genuen, azkenian ezetz, etziguten utzi, horregatik tafallara segitu genuen, han bukatu zitzaigun solomoa eta Mixak baratxuri zopa prestatu zuen eltzian, baratxuriak zanpa zanpa in eta eskatu genituen bar batian ogi zaharrak eta txorizo batzuk erosi genituen, handik in genuen goizueta, han jende txikitxoa zegoen, diferentzia haiekin Mixa harrituta zegoen, han leitzan ezagutu genuen saltzaile bati zerbeza kaja bat eman eta bere aldian toki bat utzi zigun, hurrengo goizian, handik gatozela, errebuelta asko eta Mixa mariatuta zijoan, baso zahar batian, basoko mutilak motozerrekin eta gazte batzuk pagoetara igoak, batzuk aurpegiak estalita, beste batzuk makillatuta bezala, kolore txuria, lekeition in genuen goizaldian ordu pare bat bidali bitartian eta zarautzen heldu bezain laster etorri ziren bi munipa eta papera eskatu ziguten eta herritik aparte jarri behar izan genuen, bermion in genuen gau ona, kontzertu haundia zegoen eta laurehun bokata saldu genituen, denak eta gehiago ere salduko genituen, argi pirrintarekin ari ginen gauzak furgonetara jasotzen, ya ari ginen burniak biltzen, halako batian bronka izugarri bat, tipo txiki buru haundi bat gugana ikaratuta korrika eta ikusi ez ikusi furgonetara sartu zitzaigun eta atia itxi zuen, haren atzetik amorratu batzuk, ni, zer pasatzen da!, tartian jarri nintzen, joputa!, esaten zuten, neska bat bortxatu zuela txiki hark, nahi zizkioten barrabilak moztu, nik tranki tranki!, bakarrik esan nuen, eman zidaten ostia latz bat, ya furgonetara sartu behar zuten, Mixa etzen ikaratu eta hanka burni bat ibili zuen airian, bidali zituen bi tipo lurrera, jende gehiago etorri zen, akatu baino lehenago sartu ginen furgonetan nola hala, hautsi ziguten atzeko kristala eta burni batzuk han utzi genituen, atera ginen bermiotik, zartaien eta serbilleten artian gure buru haundia, alkandora urratua, puta, esaten zuen, puta zela, etzuen besterik esaten, neska hura, puta zela, halako batian, herritik ateratzeko maldan, taka, in zen furgoneta berriz ere gelditu, jaitsi ginen, buru haundia begiak atera beharrian ikaratuta zegoen, eskerrak eman gabe piztia bezala mendira salto in zuen, hurrengo egunian ez, hurrengoan, furgoneta karga in, nafarroa aldera abiatu ginen, ba omen ziren hango erdialdeko haranetan herri txiki batzuk, denbora hartan jaiak zituztenak, jendetzarik ez, esan ziguten, baina joanez gero poliki salduko duzue, pasa genituen harako mendiak, iritsi ginen ipuruen lurrera, galdezka galdezka, heldu ginen ariztira, feria zen ariztin, jende gutxi, haur batzuk, barraka batzuk, tipo batek puñalarekin jolas iten zuen, bi lagun padera zabalian ogia erretzen ari ziren, etorri zitzaigun herriko mutil ile luze bat, informatu zen zer zen gure nahia, esan zigun ostatuaren ondoan non jartzia genuen, nonbait, esan zigun hark, gobernuak, bertako jauntxoekin elkar hartuta, pribatizatu in nahi zituen mendi haietako lurrak, eta kontra iteko zen festa, nik susmoa, zibilak joango ote ziren eta, joan nintzen begiratzera bazterrak, ez nintzen fiatzen, Mixa mutil harekin gelditu zen, itzuli nintzenian ostatuan ziren biak, Mixa ikusten zen gustora zegoela, mutil ile luze hark, Stefan izena, galderak iten zizkion, errusiako eskolaz, siberiaz, hango ibaiez, lehortu zen itsaso batetaz, iluntziarekin hasi zen jendia etortzen plazara, guk sua piztu, bonbillak arboletatik txintxilika jarri eta, gutxi bat, gutxi bat, oso ongi saldu genuen, goizaldian, bostak seiak izango ziren biltzen hasi ginenian, denak bildu eta abiatzera goazela, furgonetak, etzuela nahi, aritu ginen, eman genizkion takateko batzuk, alferrik, ematen zuen hila zela motorra, probatu genuen Stefanek utzi zigun bateria batekin, etorri ziren ferianteak ere, motorrari begiratu, burua kordokatzen zuten, etzen hari nondik sartu eskua, ezin ezer egin, apartatu ginen, madarikatu genuen gure suertia, Mixa lasaiago zegoen, esan nion, pozik egongo haiz hi, barre in zidan, tartian aurpegi luzia jartzen zidan lagun iteko, hala bada, pentsatu genuen, utzi beharra behintzat, paperik gabe noski, furgoneta bertan utzi eta Ixioren gruarekin itzuliko ginela, artian argitzen ari zen, sortaldian lainoak gorri gorri, halako batian, Mixak niri, dena dela, esan zidan, hori etzen bidia, begiratu nion, beheko ezpaina beti bezala kanpora aterata zeukan, zer?, esan nion, egon zen puxka batian eguzkiak argitzen zituen laino gorriei begira pentsakor, gero, bide horrek, esan zidan, etzeraman inora, sinisgor begiratu nion, ahoa zabalik, profeta bat ematen zuen, miretsita nengoen, esan nion, zer esan nahi duk?, furgoneta, esan zidan, furgoneta, aitzakia bat zen, bat-batian konprenitu nuen, begiratu nion, irribarre in genion elkarri (...) Stefani galdetu genion, esan zigun ezkaitik ateratzen zela autobusa, hartu genituen poltsa batian gauzarik beharrenak, in genituen gora behera kilometro batzuk, ibili ginen, ibili ginen, iten zuen bero haundia, erreka baten ondoan gelditu ginen, Mixa bainatu zen eta jan genuen mokadu bat, ixiltasun haundia zegoen, uraren hotsa bakarrik, puxka batian hala egon ginen, berriz abiatu ginen, handik hara karreteran asfaltorik etzen, etzen arimarik ikusten, ez jakin non ginen, iritsi ginen etxalde haundi batera, han emakume bat, sonbrilla batekin, zuhaixka batetik kameliak biltzen ari zen, harrituta begiratu zigun, Mixak esan zuen, bai lore politak, emakumeak, nahi al dituzue, hartu, hartu, eman nahi zigun erramilleta bat, ez, ez, eskertu genion, eztia nahi al duzue?, milesker, milesker, galduta geundela, aber handik ezkaira ondo ote gindoazen, sorprenitu zen, esan zigun behera behar genuela, Maia!, hots in zuen, etorri zen katiuskak jantzita neskatila flaka bat, lagun itzazu bide nagusira jaunok!, berak badaki bidia, esan zigun, berak lagunduko dizue, segi genion ba neskatila hari, hirurak ixilik, ni bai ezian nengoen, begiratzen nuen mendi gainetara, ez al duk sumatzen, galdetu nion Mixari, deus arrarorik?, tarte batian bidia ezabatuta zegoen, lubiziak izan dira, esan zigun neskatilak, mendi koska batez bestaldian, etxe batzuk agertu ziren, eta harago, beste etxe multzo bat, eman genion neskatilari billete txiki bat, ilun aurrian heldu ginen plazara, haize bero ez sano bat zebilen herriko kaleetan, arbolen inguruan jendia taldeka bilduta, entzuten ziren haien ahots ixilak eta tarteka maldizioak, iturriaren ondoan, amona xahar bat, galdetu nion, hark argia begian, autobusa?, esan zigun, goizian joan da, astelehenian etorriko da, han ginela, halako batian, itzatuta gelditu zen Mixa, zer dek?, galdetu nion, ni, esan zidan, hemen egonda nago, espantuz begiratu nion, zer esaten dek?, esan nion, hemen noiz izan haiz hi?, ba, ba, esan zidan, erriberara zijoazela han in zutela gaua, bazekien bada, gaua non in genezakeen, elizatik gora, maldan lokatz bide bat, ailegatu ginenian gau iluna zen, hots in genuen, neska batek ireki zuen atia, in zigun abegi ona, komedorera sarrarazi, mahai batian jarrarazi gintuen, baziren gure alboko mahaian merkatari batzuk, urrutitik etorriak, itxuraz aberatsak, haiek beheko gelak hartuak zituzten, goian berriz, zamaketarien gelak, orain haiek ere han, gurekin afaltzen, eskuz haragi puxkak, hezurrak zupatzen, sukaldian emakume bat, handik ekarri zigun neskak berdura zopa, ardi gixaua, gainean kafiak, zerbitzekoak in zituenian ontziak garbitzen jarri zen, aldian aldian Mixari begiratzen zion, nonbait etorri zitzaion akordua, hiru urte pasatu ziren, merkatariak erretiratu zirenian gugana etorri zen, interesatu zen Mixaren ibiliez, haren handik honakoez, erne aditu zuen, axola hartu zuen gure situazioaz, lana behar bagenuen, esan zigun, orain haran mendi haietan lantegi haundi batzuk, errepide bat, konplejo turistiko bat iten ari zirela eta, noski beharko zutela jendia, interesez aditu genion, esan zigun nekazari askok, lurrak ezin ibili eta, saldu in behar izan zituztela aziendak eta lan berri haietan enpleatu zirela, anartian sukaldeko emakumiak, inondik ere neskaren izebak, aulkian jarrita oilo lumatzen ari zen eta, handik lotu ezinik gure solasaren haria, begiratzen zigun fiatzen etzela, ilobagatik joan ote ginen hara, edo hargatik interesatuta geunden, edo gu geu harentzako interesantiak izan ote gintezkeen, hala bada, solas in genuen beste tartetxo batez, geroxiago, nekiak, ohatu ginen, neskak esan zigunaz mintzatu ginen, Mixa bizkortuta zegoen, ikusi nahi zuen han zer ote zegoen, goizian, argiarekin esnatu ginen, gosaldu, atera ginen, etxe aurrian emakume bat belarra metatzen, ur txurrustaren ondoan ardi bat kanalian irekia, soroan haur batzuk, xaguak hiltzen, esan ziguten, sumatzen ziren, urrutira, komunalak izandako mendiak, etorri zen aurpegia argituta ostatuko neska, in zigun despedida beroa, joan ginen, bada, mendi bidian hara, nekazariak, familia bat hemen, koadrilla bat han, belarrak biltzeari utzi eta aldi batez gelditzen ziren guri begira, basoan sartuta, bazen muga lege bat, gazte tente bat, galde in zigun nora gindoazen ez oso leialki, esan genion, erakutsi zigun enkargatuaren etxerako bidia, abisatu zigun, eremu haietan ezin zela surik in, heldu ginen, bada, bide zokotsu batetik auzo batera, etxiak han eta hemen, gurdi bat, emakume bat lastotan etzanda, kupel baten ondoan bi gizon, in ziguten haiek kasu pixka bat apenas, galde in genien, erakutsi ziguten etxe bakan bat, enkargatuaren etxia, hara heldu, ixila zegoen, ez zaunka bat, ez kurrin bat, ez garrasi bat, morroi bizkar konkor batek sala batera pasarazi zigun, bueltan bueltan jarritako muebliak, loreekiko tapiz gorri bat erdian, telebista gainian plastikozko lore hori eta gorriak, zur iluneko armarioa, bitrinan kristalezko platerak, liburuak, bideo kasetak, kristoren irudi txiki bat eta neska musu zapal baten fotoa, etorri zen enkargatua, ile hori, begi argi, pipa erretzen ari, adeitasunez saludatu gintuen, burua makurtu genuen, bidiaz galdetu zigun, ekipajiaz ere, nonbait nahastu in zuen gure presentziak, Mixak, bista jaso gabe, eskuaz garondoan hazka inez, esan zion gaztelera traketsean, lana bazela esan zigutela, enkargatuak, pipa tabakoz hustearekin batian, espresioa aldatu gabe, esan zigun, ordu onian ailegatu ginela, etzela lan eskasiarik han, non eta nola gero esango zigutela, anartian hartzeko reposo puxka bat, zerbait jateko, deitu zion morroi konkorrari, honek, argi mutila eskuan, soto batera, zerbitzarien sukaldera lagundu zigun, atera zizkigun haren andriak pepinoak eta arenkiak, haiek jaten genituela, senar emaztiak supazterretik ixil-ixilik begiratzen ziguten, bukatutakoan alfonbra banatan etzanda in genuen lo txiki bat, arratsaldian etorri zen landako medikua, begi belarriak begitu, besoak jasoarazi, petxuak entzun, burua miatu zigun, haren onikusiarekin, konkorra gure aurrian, lan lekuetara abiatu ginen, obra haundiak ari ziren haranian, lur beltzak agerian, peoiak mendia ebakitzen, egurrak iten basomutil sailak, urbanizazioa, alanbre sariak, aldamio gainian ofizial eta mutilak, arotzak zuraje lanak, makina kamioiak, gu, berriz, konkorrak ukuiluetako morroi nagusiaren eskuetan utzi gintuen, haren manuz, lastoak aldatu, jatenak eman, zaldiak zepillatu genituen, han, ni neu eta gurekin ari zirenak harritu gintuena, lan hartan Mixak erakutsi zuen trebetasuna izan zen, haren zaldiak tratatzeko manera, ni hari begira, saiatzen nintzen hark bezala iten, bitartian, pasatzen ziren gure aurrian zaldun eta soldaduak, agrimensoriak, paper jendia eta ola jaunak, guk, berriz, nonbait ere hala zen legia, ebitatu iten genuen haiei begiratzia, iluntziarekin, saldoka saldoka, gure dependentzietara bildu ginen, guk gurian, jende hotsian, su mutilen argitan, hartu genuen aza zopa urdai puxka banarekin, Mixa mutu zegoen, etorri ziren pixkanaka gauzaliak, errezozaliak, gerrian aizkora zuela jarri zen gure ondoan gizon arlote bat, behin eta berriz Mixaren liburua hartu, gain begiratu bat emanda behin eta berriz bota iten zuena, esaten zituen sekretuzko hitzak, barre iten zuen, Mixak bitartian, orain berak, zerbait sumatu zuen, erne zegoen, hanka bat lastairatik kanpo, paperari indarrez atxikita eta ezpainetan amak emandako gurutzia, saiatu nintzen hura lasaitzen, erantzun zidan oso apaletik, ezpainion aditu, gero, hura lo zegoela, entzun nuen katua marruka, beldurtuta nengoen, kartetan ari zirenek barre iten zuten aldameneko gelan, gero haiek ere isildu, denak lo zeuden, goizaldian etorri ziren soldaduak, barreiatu zituzten irinak eta platerak txikitu zituzten, Mixa ongi gorde zen, ni inguratu ninduten, kontra in nien, erakutsi nien bularra biluzik, saiatu nintzen zirkulua hausten, preso atxiki ninduten, eraman ninduten, aritz zaharraren azpian odol putzua ikusi nuenian jakin nuen, sarrarazi ninduten gela honetara, leihoan errejak, haien artetik ikusi nuen urruti, mendi hegian, zaldi gainian, bazijoala Mixa...