Enpleguaren arbola
Enpleguaren arbola
2006, nobela
112 orrialde
84-95511-77-0
azala: George Segal
Pablo Sastre
1958, Madril
 
2004, nobela
2002, nobela
2000, nobela
1996, ipuinak
1992, ipuinak
1990, ipuinak
1986, nobela
1984, nobela
Enpleguaren arbola
2006, nobela
112 orrialde
84-95511-77-0
aurkibidea
 

 

ENPLEGUAREN ARBOLA

 

        Hogeita hamar urte, emakume guria, monitoreak gonbidatu nau esertzen.

        Badakizu zertarako den ezta?

        Aldean du nire dosierra.

        Lanerako edo.

        Lan insertzio programa batean sartu zaituzte industria garbiketaren sektorean. Sei hilabetekoa da programa. Izango duzu formazio aldi bat sei hilabetekoa, gero lan aldi bat oraindik zehazteko dauden herriko halako dependentzietan, ondotik, baloratuko den zure ongi nahiaren arabera, sektoreko enpresaren batean hartuko zaituzte.

        Ez dakit ahalko dudan.

        Lanean ari zara ala?

        Deitu egin behar zidaten jatetxe batetik, ez da gauza segurua baina.

        Noiz jakingo duzu?

        Hilaren bukaeran, esan zidaten.

        Niri begira une batez ixilik egon da.

        Programa honetan ez baduzu parte hartzen kendu egingo dizkizute laguntza guztiak.

        Laguntzak kendu?

        Kendu egingo dizkizute. Lehenago ere proponitu zizuten igeltsero programa baterako, orduan ere ezetz esan zenuen.

        Burua makurtu dut.

        Oraingo honetan, esan dit ezpainetan irribarre txikia, uste dut ez zarela libratzen.

        Ez nahi ere nik, oraintxe kontratu bat ez dut besterik behar eta badirudi hainbeste izango dudala.

        Astelehenean hasiko gara.

 

 

        Koskarekin gaupasa.

        Andoainera etorri eta gutxira lankide batek, Anjelitok, presentatu zidan. Errusiakoa nintzela eta, Koskak lehenengo gauza San Petersburgeko errejez galdetu zidan.

        San Petersburgen? Ze errejak?

        Han bazegoela palazio bat, film zahar batean ikusi zuela berak... Bere ametsa egun batean halakoxe burdina landuzko errejak egitea.

        Egun halako erreja ederrak inork ez lituzke erosiko, ez da moda, nire inguruan begiratzen dut, inon ez halakorik!

        Irailean egun batzuk Koskaren bajeran eman nituen. Ez neukan non erori, ez nekien joan edo zer egin, hanka bat ja herritik aterata neukan, eta Koskak: Hau da zure etxea.

        Joxemari, auzo lagunentzako Koska, harekin herrian ibiltzea esperientzia bat aldi bakoitzean.

        Dena dela, esaten dit, zuk ezin duzu entenditu hau, hau, esaten dit, zirkoa da eta. Hau? Zirkoa besterik ez da! Halako batean: Aditu, katua marruka.

        Nik ez dut ezer aditzen. Bera badoa kanpora, handik bost minutura badator.

        Zauritu dute, odol ttantta batzuk badira arbolaren ondoan.

        Orduan lanik ez zeukan, orain paroa bukatu, berriz hasi da kalean, erretenak egiten.

        Atzo gauean bar batean ginela nik esan nion ni ere lanean hasi behar naizela.

        Harrapatu zaituzte, nik alde egin behar dut ba!

        Alde? ez baitzen estreinako aldia, nora joan behar duzu ba?

        Nora? Furgonetarekin edonora! Ez naiz lanean pitzatuko ni, ni naizen bezalakoa naiz!

        Handik beste bar batera joan ginen, hango kamareroari gogorrak esan zizkion, ardo korrienterik ez zegoela eta.

        Lagun batekin elkar hartuta bertso batzuk kantatu zituen, bat-bateko poesiak.

        Eta nire poesiak?

 

                        Behiala bazuen

                        mihi bat buru hezur honek

                        eta kanta egiten zuen.

 

 

        Nire lankideak:

        Anselmo, hogeita hamar urte, jertse gorrasta, maiztua, galtza mahoizkoak, mutil onkotea, zakar antza, gasolindegi batean, konstrukzioan ere lan egin izan duena, atsedenaldian tableroan iltzatuta dauden lan eskaintza paperak miatzen jardun duena.

        Neila, Kolonbiakoa, meharra, titi larriekin, hauskorra, ile harroaren bueltan painuelo gorria, galtza bakeroak, bota zuri luzeak, berrogei urte, badarama hamar bat Espainian, urte hauetan enpresak garbitu, zahar etxeko zaharrak artatu ditu.

        Gloria, txalekoa eta puntadun botekin jantzia, potoloa, begi harroa, familia ez oso bazterreko batekoa, hiru urtez fabrika bateko garbiketak egin izan ditu.

        Mamen, beltzarana, almendra begi mindu apalak, figura ederrekoa, ixila, eskuak inoiz ez geldirik, gorri minez pintatuta azazkalak, han eta hemen txapuza batzuez aparte etxeko lanak egin izan ditu orain arte, orain berriz, niri bezalaxe: Ez baldin bazatoz... mehatxatu dute.

        Meltxor, moztaka, gorri ez naturalekoa aurpegia, ahari larruzko beroki batez jantzia, barrenderoa izandakoa, ikasgelan lo gelditzen dena, behin bakarrik mintzatu da esateko: Noiz erre behar dugu?

        Nolabait aurkezpenak eginda, bizitzan egundaino zer lan egin izan dugun banan-banan galdetu digu monitoreak, bakoitzak berea esan eta, azkeneko niri:

        Zuk zer lan egiten zenuen Errusian, Mikhail?

        Errusian? gauza gutxi, esan dut, ixildu naiz.

        Bueno, gauza gutxi, baina zer?

        Ezer ganorazkorik ez, ixila luzatu dut, horregatik etorri naiz hona.

        Insertzio soziolaboraleko programa bat da gu garen hauxe. Auzolan izena du. Jardun du programaz bost hamar minutuz, Meltxorrek ezin zituen begiak irekita eduki, Neilak esan du berak ez duela oso garbi ikusten preformazio etapa hau zertarako den. Etapa honetan, esan du monitoreak, norbanakoaren segimendua egingo du berak, antzeman zein diren gure interesak, gure posibilitateak, ezinbestekoa dena lan munduan integratu gaitezen, konparazio:

        Puntual izaten ikasi behar duzue, gaur zuek biok berandu iritsi zarete.

        Bost minutuz, haurrak utzi behar genituelako bederatzietan eskolan.

        Hamar minutuz, zuzendu du monitoreak. Bihartik aurrera bederatzitan fitxatuko duzue.

        Monitoreak seguridade handia dauka, apal ustea, bere lana du. Gizartea, lan mundua, jende normala eta gure artean bitartekaria da, gure insertzioaz arduratuko dena, fundamentu zenbait erakutsiko diguna, garen desastretik izan behar dugun langileak izaterako horretan eskutik helduta eramango gaituena.

        Eman dizkigu bere enpresak guri eskainiriko karpeta eta boligrafo bana. Enpresa horrek subkontrata bidez diputazioarentzat lan egin behar du.

        Nor bere pupitrean jarrita gaude, nahikoxe geldirik, begirada aurrerantza. Etorri dira enplegu teknikoa, gizaseme tristea, eta gure ardura duen gizarte laguntzailea, neska siku eta zitala, honek etortzeko dugun derrigorra gogorarazi digu. Enplegu teknikoak diru xehetasun batzuk aipatu ditu, guk belarriak tente, amaitzeko esan du:

        Gutxieneko soldata kobratuko duzue, zeina den... kontsultatu du bere paperetan, laurehun eta hogeita hamar euro.

        Xurrumurru bat izan da, segundo batez edo biz ixilik geratu baita hitza eskatu dut.

        Usted, esan dut, berehala usted edo tú, nola egin behar dudan galdetu diot.

        ondo dago, esan dit.

        Zuk esan duzu gutxieneko soldata kobratuko dugula, lana, arabera izango al da?

        Pixka bat harritu da, gizarte laguntzaileari begiratu dio.

        Zuena, esan du honek, formazio kontratu bat da, ezin duzue pretenditu sektoreko profesionalek bezala kobratzea.

        Baina, esan dut nik, ni ez naiz eskatzen ari diru gehiago: lana eta soldataren arteko proportzioez ari naiz.

        Egon lasai, ebaki du monitoreak, lanean ez zarete akituko, egunean sei orduz jardungo duzue.

        Ixil handi bat izan da. Antza ordu kopuru horrek esplikatzen du soldaten apala.

        Enplegu teknikoak fitxatzeko txartelak banatu dizkigu, joan da gizarte laguntzailearekin, monitoreak bere diskurtsoari segitu dio, Meltxorrek metxeroa atera du.

        Noiz erre behar dugu?

        Itxoin, aurki izango da ordua.

        Ordu erdia falta zen, urduri geunden. Meltxorrek ikusi du baten bat leihotik hara, keinu batzuk egin dizkio.

        Hire anaia, esan dio Anselmori.

        Nire anaia? esan du Anselmok, lepoa itzuli gabe, bekainak goitituz: Ez dut uste.

 

        Egunotan taldearen balioa estimatzen ikasi behar duzue, errespetoaren garrantzia, zein den lanaren balioa, zenbait abilezia sozial ere landuko ditugu.

        Hasteko, pisten jokoa jokatu dugu:

        «Paristik Madrilera doan aireko bat bahitu dute, poliziak dituen susmagarrien artean zein da bahitzailea?».

        Bina papertxo banatu dizkigu, paper bakoitzean pista bat zegoen. Kosta zaigu baina, jardunean jardun, noizbait ere asmatu dugu.

        Hamaiketakoan baso bat ardo hartu du Meltxorrek, gero gelan, monitoreak erreprotxatu dio:

        Kontratupean, esan digu, ezingo duzue alkoholik edan.

        Gloriak ezeztatu egin du uste izate hori, eta esan, konbenioaren arabera, goiz partean, mokaduarekin bat, badela baso bat edatea.

        Ez zegoen monitorea oso konforme, azkenik beste paper bat banatu digu:

        «Inora lan bila goazela zein faktore hartu behar dugu kontuan?».

        Esperientzia, preparazioa, presentzia, esan ditugu, prestutasuna.

        Bat ahaztu zaizue, esan du monitoreak; zein ote? Malgutasuna. Inportantea da malgutasuna. Ikasi behar dugu enpresaren beharrizanetara moldatzen.

        Ateratakoan Anselmok esan dit holako txorakeriekin suak hartzen duela.

        Gauza horiek jartzen naute... u! baten bati zartako bat emango nioke.

        Haur handi, mesfidati, basa samar bat, Anselmo, noiznahi eskukaldi batez urki bat bota lezakeena.

        Arratsaldean itzuli bat egin dut. Ez dut ezagunik ikusi, koloka ibili naiz.

        Panaderian ogi bat erosi dut. Okinak Kornelirentzat ogi poltsakada eman dit. Munton parada egin dut. Beste ogi erdi bat eman didate. Azkenean, hori izan da arratsaldeko nire aktibitatea: lekuz leku zenbait ogi biltzea.

 

 

        Zahar etxea: eraikin txuri bat, kristal askorekin. Behean dago ostatua, lehenbiziko estaian eguneko zentroa, bigarrenean zerbitzu sozialak, teknikoen bulegoak, gure gela ere.

        «Zenbakitu aktibitateok 1etik 6ra preferentziaren arabera, imajinaturik gero taldearen aurrean egin beharko dituzula: oilarraren kantua imitatu; zeure kualitateez bi minutuz hitz egin; gogoan duzun haur kanta bat kantatu; zure telebista programa faboritoaz bi minutuz hitz egin; esnatzen ari zarela irudikatu; buru gainean liburu bat duzula gelan buelta bat egin».

        Zer egingo duzu?... Eramaten utzi —goxo pixka bat sentituz, heldu bada, horretan.

        Mamen, berezale, gordea. Badu, sumatzen dut, emateko asko, orobat behar du, eman diezaioten gozotasuna berari. Ebitatu egiten ditu besteen begiradak...

        Bitartean atera dena: etxeko laguntzekin batera, udaletxean badago eskatzea dentistarentzako laguntza —enteratu behar dut—, muebleak erostekoa ere: urtean behin, urte bukaeran.

        Kafe garaian, Neila eta Gloriarekin. Emakume ez politen ezkutuko xarma. Gloria gazteagoa da, burura etorritako denak esaten ditu. Neilak ez erortzearren nire besoari suabe helduta dagoela aditu egiten du. Esaten du Gloriak:

        Kalean egoteak zer sentido du? Jartzen naiz bekainetaraino, ez dut horretarako sosik, horregatik etorri naiz hona.

        Berriz ere gelan, marrazki baten bina kopia eman dizkigu monitoreak.

        «Enpleguaren arbolean», behean goian, hainbat jarreratan, hogeita bat lagun ikusten dira.

        «Nire bizitzako une honetan nola sentitzen naiz enpleguaren aurrean?»

        Lagun bat, erdi lurrean sartuta, desolatuta dago. Beste bat arbola ondoan zutik, gora begira pozik. Beste batzuk gora egin nahian trepatzen. Batzuk adarretatik zintzilik, ilun edo kontentu jolasean. Beste batzuk adarretan kokatuta, banaka edo taldeka, pozik oro har, goi-goian albo adar batean tristerik dagoen bat izan ezik. Bat goi-goian, eta beste batek beste bati bultza egiten dio, botatzeko behera.

        Anselmok beheko adar bati esku biez helduta zintzilik jarri du bere burua.

        Lan eza dago, esplikatu du, baina hau, sosa, gutxi eta, kili kolo.

        Toki berean ikusten du bere burua Gloriak.

        Mamen ere oso behean, gora joateko grinetan.

        Neila adar batean lagun batekin.

        Ni adar sendo batean lasai jarrita, besoa besoaren gainean. Adarrari segida marraztu diot folioaren ertzeraino, noiznahi hortik hara alde egiteko bezala. Monitoreak ezin konprenitu handi batekin begiratu dit.

        Hurrena marrazki bera, azpian: «Gero non egon nahi zenuke?».

        Mamen ahal zen goitiena, arbolaren kukuluan punta-puntan jarri da.

        Meltxor eta Neila biak bat harexen azpian.

        Goi-goitik baino, esan du Meltxorrek, hortik erorita kolpea txikiagoa izango litzateke.

        Anselmok bere burua arbola erdi parean edo goitixeago, bi soketatik eskegita zegoen plataforma batean jarri du.

        Lehenengo sokak ondo lotuta daudela begiratuko nuke —bere aitaren historia kontatu digu; hura hargina zen; behin, obra batean, aldamiotik erori zen, gero aldamioa beti berak jarri nahi izaten zuen, berak jartzen ez bazuen ez zen aldamiora igotzen.

        Ni lehengo adar berean kokatu naiz.

        Monitoreak, lanean daraman sei zazpi urte honetan, zenbat lagun fede gutxiko edo batere fede gabeko, zenbat lagun galdu ez ote dituen bide onera ekarri. Dudarik gabe hortik heldu zaio daukan bake argia, daukan lasai hori. Badaki lan on handiko bat egiten ari dela, hala sozietatearentzat nola gure arimentzat ere.

 

 

        Lanik ez duelako Mameni deitu diote ama txarra, galdua... Ez zaio inporta, arrunt despreziatzen ditu esamesa dabiltzan emakume horiek.

        Gizon langabetuentzako kontsiderazioa ez da hobea izaten: alferra zara, lan egitea besterik ez duzu.

        Eta, monitoreak galde, saiatzen al zarete lana atzematen?

        Horretan kontu gutxi atera da. Anselmo posta laguntzailetarako aurkeztu zen azkena, graduado eskolarra eskatzen zuten, berak ez dauka, Espainiako konstituzioa ikasi behar zuen. Konstituzioa? holako totxo bat eman behar zidaten, utzi, utzi, nahikoa rolloa daukat nik bestela ere buruan.

        Entrebista bati begira, esaten hasi da monitorea, hitzak kontuz eta finki hautatu behar dira...

        Entrebistan ni hizketan hasi? salto egin du Anselmok, zer esateko? galdetuko dute zerbait jakin nahi badute, saludatu bai egiten dut, bueno, ez edozein e!, batzuk ikustearekin badakit nolakoak diren, horiek ez ditut saludatzen!

        Lan bila joanda, esan du Meltxorrek, bitarteko morroiak ebitatu behar dira, burura joan behar duzu, beti burura.

        Gaur jostuna etorri da, hainbat alkandora, hainbat galtza maonezko probarazi dizkigu, hartu ditu tallak.

        Ea lana bilatzeko planen bat eginda gauden, galdetu digu monitoreak.

        Batzuetan panaderian edo beste dendaren bateko eskaparatean iragarkiren bat egoten da edo lagun batek esaten dizu...

        Ez da nahikoa, moztu du monitoreak, plan bat egin behar duzue, egunkaria egunero miatu, zitak egin, lantokietara joan...

        Oraintxe ez gara ba lan bila hasiko! esan du Meltxorrek, oraintxe lana badugu, eta hau bukatzen denean, beste zer edo zer aterako da, beste ikastaroren bat edo beste zerbait jarriko digute, eta, eskolan gauden bitartean, ez gaude paroan!

        Meltxor Extremadurakoa da, Mamen ere han nonbaitekoen alaba, uste dut hemen jaio zela bera. Anselmo eta Gloria euskaldunak dira, Andoaingo betikoak. Neila Bogotakoa, urte askoan kale saltzaile ibili da, bere semeekin enamoratuta dago, izaera arrunt irekia du, fundamentu ez oso handia.

        Heldu naiz pentsiora, tea prestatu, mahaira jarri naiz, hasi naiz idazten.

        Plazara ematen du nire gelak, dena ikusten da bertatik, ni ere ikusten naute kalean dabiltzanek. Pentsioan bi seme-alaba txiki dituen tipo bat dago, gaurko arratsaldea pasilloan korrika eta builaka eman dute biek.

 

 

        Komunikazioaren elementuak dira: bidaltzailea, hartzailea, mezua, mezu hori transmititzen den kanala eta feed backa. Komunikazioa izan daiteke berbazkoa eta ez berbazkoa, askotan berbazkoa baino inportanteagoa izaten da ez berbazkoa: doinua, jarrera...

        Meltxor ez beste guztiak apunteak hartzen ari ginen emaniko kaierean.

        Komunikazioa errazten dutenak: enpatia, toki eta momentu egokiak, funtsa duen mezua, trebezia linguistikoa, errespetoa.

        Entrebista bat hitzartzeko garaian, esan digu monitoreak, ez duzue inoiz deitu behar kabina edo jende asko dagoen leku batetik.

        Lan relazionala egiten eman dugu goiza.

        Lau lagun atera gelatik, gero monitoreak bati sartzeko esan, hari ipuin bat kontatu dio, gero beste bati sartzeko esan, aurrekoak horri kontatu behar zion ipuin bera, gero horrek hirugarrenari... Anselmo sartu da azkena, sartu delarik barrezka ari ginen eta, muturtuta zegoen: bazekiela, ba, berataz ari ginela...

        Monitoreari gustatu egiten zaizkio horrelako jolasak, behin eta berriz arauak gogorarazten dizkigu, guk ez diogu hala zintako kasurik egiten, badirudi bera ez dela ohartzen gure ez axolaz, arduraz ari zaigu, mundu berri bat erakutsi nahi digu.

        Meltxorrek poltsa batean arkume buru bat, egur puska bat, iltze luze batzuk ekarri ditu. Hamarretakoan laranja atal bat honi, ogi puxka bat hari, eske ibiltzen da, vodka botila noiz eraman behar dudan esaten dit.

        Mamen bere mobilari begira, kartera atera duenean: Aber, esan diot, bere alaben fotoak hartu dizkiot, hiru neska polit, zaharrenak hamasei urte ditu, berak hamasei zituela erditu zen hartaz.

        Hamasei zenituela?

        Bai hamasei, eta etxean egin nuen, katuek bezala!

        Berriz ere gelan, Meltxorrek pipitaika bat jarri digu: Zazpi xardin t'erdi xardin t'erdiak peseta t'erdi, zenbat balio du xardinak?

        Anselmo betosko zegoen, ez zen fidatzen, batek soluzioa atzeman zuela ere, hark niri bajutik: Hori, ez dut uste nik, konprobatu egin beharko litzateke hori!

        Lanari eusteko monitorearen gomendioak: Adibidez, tabernan bazarete ez duzue hots handian esan behar: Lanarekin ez nago kontentu, ezezagunen aurrean ere beti aipatu behar dituzue lanaren alde onak.

 

 

        Hiru portaera tipo daude estipulatuta: agresiboa, pasiboa eta deziditua. Monitoreari zein zertan garen agresiboak interesatzen zaio bereziki, gure izatemodua batipat puntu horietan zuzendu behar dugulako, ez bakarrik lan eske edo gabiltzanean, ezpada beti, situazio guztietan komeni da ez halakoa izatea.

        Guk dezidituak izan behar dugu, konparazio lagun batek guk jantzi nahi ditugun prakak eskatzen badizkigu, ez dizkiogu janzten utzi behar, ezpada esan: Gaur nik jantzi nahi ditut prakaok, beste egun batean utziko dizkizut.

        Badu deziditua denak prestutasuna, satisfazioa, autokonfiantza... Kondukta deziditua da, argi eta garbi hitz egin, eta negoziatzea.

        Itxurazkoa zirudien, azkenean denok nahi genuen holakoak izan.

        «Nolakoa zara—»

        Aitarekin —Ez banu bezalaxe, Mamenek.

        Amarekin —Ateratzen badit potaje hotza, pelea seguru, Anselmok.

        Seme-alabekin —Haiekin deziditua izan behar duzu, bestela kokoa jaten dizute, Gloriak esan, eta Neilak: Deziditua? Ai nik nireak hain maite ditut, eta Anselmok: Ba nik ez dut pentsatzen izatea.

        Medikuarekin —Harekin ostia! pasibo izatea komeni.

        Organismo publikoetako enplegatuekin —Horiekin kontuz, esan du Meltxorrek, eta abar.

        «Zein situaziotan konportatzen naiz era dezidituan?».

        Nik: Situazio ez intimo, estrainio samarretan, esan nahi nuen, ez dakit zer esan dudan, inork ez dit konprenitu behintzat.

        Kanpoan eguzkia dago. Neilak eskatzen du azkarrago pasatzeko paper horiek. Meltxor paretaren kontra lo gelditzen ari da, eskatu dio Anselmori esnatzeko ariketa hori amaitzen denean.

        Halako batean etorri da Nemo, heldu den astetik goiti gure irakaslea izango dena, Gloria eta Neila asaldatu dira, ipurdia neurtu diote.

        Atsedenaren ondotik txikitan barre eragin zigun gertakari bat gogorarazi nahi izan digu monitoreak. Ez zitzaigun ezer bururatzen eta, monitoreak esan, inportantea dela eta onura handiak dituela barre egiteak, eta horregatik terapia moduan erabiltzen dela askotan.

        Esan dio Anselmori Meltxorrek: Konta ezak zer egin huen eskolan behin

        Anselmok: Zer? nik ez, ni ez noa kontatzera, zergatikan ni?

        Eta Meltxorrek: Ea, konta ezak, eta besteek ere: Konta ezak, Anselmo, baina Anselmok ezetz eta, hala ari ginela, monitoreak esan du: Batek ez badu nahi, ezin da behartu.

 

 

        Gloria tratu txarrengatik separatu zen, dibortzioaren juizioa dauka datorren astean. Mamen ere dibortziatuta dago. Neila ere jotzen zuen senarrak, hura bidali egin du etxetik, baina ez da oraindik dibortziatu, seme txikienak ez du ikusi ere egin nahi aita, batzuetan auzoan harekin kruzatzen da baina.

        Txoria kaiolan bezalaxe ni, gelan batetik bestera, ezin naiz hiru orduz toki batean eseririk egon, ezin dut, badakit... Gelan gaurko nire desirarik handiena: begiak zabalik lo egin ahal izatea.

        Sartu bezain pronto Meltxorrek, aurpegia gorri ubela, begiak ertitxian, monitoreaganantza hatza jaso du. Beste pipitaika bat ekarri du etxetik:

        Zu eta ni, biok ditugu txermenak, nik zuri bat ematen badizut kopuru bera dugu, zuk niri bat ematen badidazu nire erdiarekin gelditzen zara.

        Bota ditugu numero batzuk alferrik, Anselmo hatzen laguntzarekin saiatu da, Mamen azazkalak limatzen ari zen. Bost eta zazpi, eman digu Meltxorrek soluzioa.

        Atzoko testekin segitu dugu.

        «Deziditua norekin?».

        Anselmoren txandan: Ni deziditua familiarekin, lagunekin, bai, denekin ondo eramaten naiz.

        Gloriak esan du: Nik estropezu ikaragarriak egingo nituzke, soziedadea gaiztoa izan delako nirekin, niri ez dit inork lagundu, aitak esaten zidan: Ez duzu lanik eta kaka hori guztia, eta nik: Lanaz ez hitz egin aita, nahikoa da aita. Uste zuen alferra nintzela, nire nobioa bezala, hari ere galdetzen zion: Eta zuk zergatik ez duzu lan egiten?

        Mamen, ile latza, larru beltza, eskua matrailean duelarik ixilik, ze sekretu gordetzen ote du mandril buru horretan?

        Segitzen du Anselmok: Ni juzgaduan, ofizinetan, beti deziditua naiz.

        Haietan ez al zara pixka bat pasiboagoa? galdetu dio monitoreak.

        Ostia, heldu nion lepotik bati, azkar soluzionatu zidan; ez nion heldu e, keinua egin nuen, joan zen paperaren bila agudo; prebisioaren institutoan izan zen, bai, armarioan ostikoa jo nuen, denak ikaratuta zeuden.

        «Laugarren egoera: hirugarren aldia da zure lankide batek zuri ezer esan gabe katiuskak hartzen dizkizula, aldioro bustita uzten dizkizu. Zer esaten diozu?».

        Ostia, bustita hiru aldiz, behin gertatu zait, bai, ez zait batere gustatzen, ez, ez, alde, ja ez dut katiuskarik nahi.

        Esan behar zena: Oso ezatsegina da konprobatzea botak hartzera joaten naizen aldi bakoitzean bustita daudela, horrek pentsarazten dit zeureak ez dituzun gauzak ez dituzula begiratzen.

        Ea zein garbiketa lanabes ezagutzen ditugun idatziz paratzeko galde egin digu gero.

        Nik eskoba, baldea, pala, zabor poltsak, karroa eta trapua nekien esaten espainolez, gaur ikasi ditudanak: fregona, mopa, bayeta, gamuza, estropajo, aspiradora, cuchilla (rasqueta), goma (raqueta), mojador edo aplicador, eta abar —ez zen bidezkoa ordea, ohartarazi digu monitoreak, «eta abar» jartzea, gauza gehiago erantsi behar genuen.

        Lan honek daukan gauza txar bat, esan du Neilak, niri beldurra ematen didana da, ateratzen zara goizean goiz, ordu horietan kalean arratoiak ibiltzen dira, gainera bortxatu egin zaitzakete ixkina batean.

        Neilak bi bat porro gutxienez erre behar ditu goizean. Bere seme zaharra ere hasi da pipatzen. Atzo etxean auzoko hamabost gazte juntatu ziren, denak erretzen, semeak bere lagunei bideo pornoak saltzen dizkie.

        Arratsaldean parranda txikia. Koska ez dut ikusi, bai ordea haren lagun Xabi, herrian bizi den kazetari bat ere, neska guapa bat, etorkinei entrebistak egin behar dizkie bere egunkarirako. Errusiakoa naizela eta, deituko omen dit

 

 

        Nemo, umore eskaseko gazte atsegina.

        Ikastaro honen helburua, esan digu, zera da, zuek garbiketa profesional prestuak izatea.

        Garbiketa motak:

        Mantenimendua.

        Garbiketa orokorrak, hilean behin edo, bar bat aldi luze batez itxita egon eta gero kasu.

        Hondamendikoak.

        Hondamendiak? Ai, horiek ez zaizkit gustatzen niri, esan du Neilak.

        Nik zalantza neukan: Enpresa batean, uholde bat izaten denean, enpresak berak ez al du garbitzen?

        Ez, esan du Nemok, guk egitea merkeago ateratzen zaie, asegurua dute eta.

        Kristalak.

        Fatxadak.

        Ehunak, moketak.

        Desinfekzioa, desratizazioa, desintsektazioa.

        Zoruetako distiraraztea. Harrien politzeak hondakin kutsagarriak uzten ditu oso, ez jasotzez gero handia izaten da isuna, geroz eta gutxiago egiten dena da, haren ordez diamantadoa egiten da eta koskak daudenean erretxinak erabili.

        Aire egokituen garbiketa...

        Formazio aldi honetan guk, garbiketa orokorrak eta kristalenak egingo ditugu.

        Printzipioa: ez da garbitu beharreko azala akastu behar; bestela, marratxo bat eginez gero, bezeroek badute ez pagatzeko aitzakia.

        Badira distira neurtzen duten makinak, erreflejoa neurtzen dutenak. Ehuneko ehun, ia-ia ispiluaren distira da, normalean laurogeita bostetik goiti nahikoa izaten da —helburua: inor kejatzen bada, lanaren emaitza neurturik azaltzea. Horietako makina batek milioi erdi peseta kostatuko du. Ez dakit zenbat euro diren horiek, hemen oraindik jende askok pesetetan hitz egiten du.

        Guk profesionaltasunean aterako dugu aldea, hartara andre batek esaten badigu: Hori lixibagaz garbitu behar duzu, erantzun ahal izango diogu: Ez andrea, marmola porosoa baita eta lixibak kalte egin diezaioke.

        Ez da komeni, konparazio zorua garbitzerakoan, belauniko lan egitea: profesionaltasuna ematen dizu zutik lan egiteak, eta estetikoagoa da.

        Galdera gakoa: zertarako garbitzen da?

        Atera direnak: beharrezkoa da, desinfektatu egiten du, osasunarentzat ona da, estetikagatik.

        Ni gure herrietako lohi, gure herrietako euli eta zamarrekin gogoratu naiz, esan dut:

        Ez al da... usadioa ere izango?

        Nola usadioa? harritu da Nemo.

        Usadioa, ba, zera...

        Honek ondo esaten du, ebaki du Meltxorrek, ohitura ere bada, ohitura, eta lehia!

        Zikina zer den azaldu digu.

        Suciedad, S larriz idatzi du arbelean.

        Hautsa, gehi ura, edo eta koipea, hori da Zikina. Edozein azaletan atzeman dezakegun materia desiragabearen kantitatea da Zikina.

        Zikinari antzemateko zer behar dugu? Bista ona behar dugu, ikusteko ongi zirrikitu eta zoko-moko guztiak.

        Sinnerren zirkuluak lau faktore biltzen ditu. Faktore bakoitzak ehuneko hogeita bosteko garrantzia dauka:

        Kimikaren eragina;

        denbora (presarik gabe aritu behar da);

        tenperatura, eta

        eragin mekanikoa: erabiltzen dugun indarra eta, lanabes egokia ere.

        Kristalak garbitzeko bustitzeko bat erakutsi digu Nemok. Aerodinamikoki diseinatuta daude, esan digu, hatz lodiarekin presioa eginez gero hemen, indarra ongi banatu dadin.

        Meltxorrek ez zuen halakorik ibiltzen. Egunkari orri batzuk egosten zituen berak, haren urarekin garbitzen zituen tabernako kristalak.

        Guk, segitu du, ba al dakizu zer egiten genuen ez zikintzeko? Ez dizut esango non. Lurrean ura baldekadaka zabaldu, hartara pintura ez da zoruari itsasten. Bo, esango dizut non, kartzelan izan zen. Bo, kartzelan ez, penalean.

        Kartzelan izan al zara?

        Kartzelan ez. Penalean; penalean.

        Nemok ur xorta bi isuri ditu mahaian, batean xaboi ttantta bat ipini du, aho zabalik ikusi dugu horrek uraren molekulak zelan desegiten zituen. Horrek erakusten du xaboia beharrezkoa dela, bestela urak ez baitu bustitzen, azal ez poroso batean.

        Azkenik, gure jardunean begiratu beharreko faktoreak aipatu dizkigu: profesionaltasuna, eta errentabilitatea: lan denborak gutxituz, geldi dadin bezeroa satisfetxo —haren satisfazioa baita orobat gurea.

        Ondotik materiala banatu digu. Bakoitzak izango du bere baldea, bere trapua, bere labanatxoa, bere gamuza, bere bustitzekoa, bere gerrikoarekin. Bihar emango dizkigu raketak.

        Bukatu eta, Meltxor eta Neila txispak hartuta joan dira Hernanira, txokolate bila. Anselmo eta biok, kale nagusirantza goazela:

        Soldata horrekin, mixeria, dios! hor zera egin behar digute, nola deitzen da? izaten da ba, esplotazioa! begiratu dit, konfirmatu du hitza, esplotazioa, bai! esplotazioa deitzen da, esplotatu egin behar gaituzte, horra, eta kulpa guztia dauka, nola da hori?, hauek guztiak dira horkoak, nola da hori? ad mi nis tra zioa, hori da, administraziyuak du kulpa guztia.

 

 

        Erdi lo, kanpoan zigarro bat erre fite fite, zortzietarako bi minutu faltan fitxatzera goaz.

        Meategiko adarrarekin gogoratu naiz: gizonak zulora sartzeko garaian jotzen zuena, herri osoan adi zitekeena —hemen, norberak darama adar bat bere baitan.

        Nemo azaldu delarik, gutxi egin du ez baitut armadan bezala eskua kopetara eramanda saludatu: Egun on —nire tokian nago ja; poz ikara arraro bat...

        Zahar etxearen azpian korridore luze bat dago, haren paretetan kalefakzioaren edo nik dakita zeren tutu pila, gasa, ura daramaten tutuak izango dira, makinen hotsak.

        Toki neutro, horixuri koloreko, bonbillekin ongi argiztatutakoa da, bertan gela txiki-txiki bat, ia armario bat irudi, bertan laga behar ditugu gure puskak, han aldatu behar dugu.

        Txorrotapean gamuzak garbitu, baldeak urez bete, garbikari pixka bat erantsi, Nemori begira erdi adi egon gara, kristal bat zelan garbitu behar den azaldu digu: bustitzekoarekin ura eta produktua kristalean hedatu, behar izatera labanatxoa erabili, kristala lehortu, goma goitik behera beti, gelditzen diren ur ttanttak eta mikitak gamuzarekin kendu. Zahar etxeko kristalak garbitzen eman dugu goiza.

        Hahor nire baldea, haratago raketa, esku batean bustitzekoa, bestean balleta, kanillara noala bere gamuza xukatzeko eskatu dit Neilak, ura zikintzen hasi da orain, non dago nire labanatxoa?... Gauzek ihes egiten didate, badoazkit erremedio gabe, batere ez galtzea munduan den gauzarik zailenetarik zait.

        Bokia balitz legez ikusten du Nemo Meltxorrek, ahal badu burlatu, hura hurrean dagoelarik ixildu, neskei berriz egiten dizkie gesto inpudiko samarrak, noiznahi ez ongi jakin zergatiko barre ixil eroak, lanean hasi eta handik hamar bat minutura izerdi patsetan dago; gosaltzeko dozena bat arrautza ekarri du.

        Ezer jan gabe joan da gora Anselmo lan paperak ikusten. Tolosan bonbero plaza bat atera omen da, ez du hartarako bere burua ikusten, kaldereria batean, garaje batean ere. Daitezkeen lanen gainean informazioa izatea gustatzen zaio, harro dago baduelako besteek baino informazio gehiago, baduelako anbizioa —halako batean, esaten dit ixilka: Sist! egingo dut hemendik.

        Neilak mobiletik deiak egiten eman du denbora, nire atzean kukutzen zen ez ikusteko goikoek. Hatz batean zauri gaiztotu bat dauka, ez dauka botika erosteko dirurik.

        Mamen busca la vida bat da, zakar hitz egin, beti txiklea jaten ari da, ez axola handia du. Hor ibili gara denok kuku jokoan, ez bait genituen gizarte laguntzaileen bulegoetako kristalak garbitu nahi inork.

        Gu bakoitza leiho bat garbitzen ari, kaletik pasatu da Anselmoren anaia, igeltseroa, hark bertan dagoen pasteleriako neskari zerbait esan dio, gure kontu barre ederrak, Anselmori grazia gutxi horrek, bufaka hasi da.

        Mamen eta biok pasilloko kristalak garbitzen ari ginela gizon zahar bat bere gurpileko aulkian, begiak itxirik ahoa zabalik geldi-geldia zegoen, zerbait esan diot baina hura enborra baino zurrunago zegoen, Mamenek esan dit: Astin ezazu pixka bat, orain ez ahal zaigu hilko —gero kulpak guri emango dizkigute.

 

 

        Ni paperen zain nagoela eta Gloriak hemengo batxillerra bukatuta daukala, gainerakoek graduadoa atera behar dute. Gaur maila prueba zeukaten Intxaurrondon, goiz-goiz trenean joan dira monitorearekin hara.

        Orain ikasten hasi beharko ote duen, kezkatuta dago Anselmo; okerrago dago Meltxor, bai baitu, esan du, hamar urte bederen ez duela lerro bat eskribitu.

        Haiek han, guk bitartean, Nemok, Gloriak eta hirurok, gosari luzea egin dugu.

        Gloriaren bizitzako pasarteak. Senarrak jipoitu egiten zuen, alabari labana lepoan jarrita egon dira bitan, izan ziren ertzainak etxean, behin kartzelatik atera eta senarrak hauxe esan zion: Nirea izango zara edo ez zara inorena izango. Bizkarrean eskobarekin jo eta makila hautsi, gero eskobaren heldulekuko burdina sartu zion eskuan, erakutsi digu marka, senarrak alabatxoa ken ziezaiokeela esan ziotelarik esnatu zen, ez zuen permitituko hori, orduan utzi zuen, harrezkero mehatxuak izan ditu, orain epaiketa dauka, eskatzen du dibortzioa.

        Nemoren garbiketa enpresa hau bere aitonak fundatu zuen, Franco baino lehenago izan zen hori, gero aitak hartu zuen segida, orain berak. Orain, denak bezala, esaten du, beste enpresa handiagoentzat ari gara lanean.

        Lagunak Intxaurrondotik etorrita, kristal gehiago.

        Batzuek lana azkar eta ondo egin nahi dute, poliki eta nolabait aski da besteentzat. Anselmo eta Gloria dira lehenengoetarik, Neila eta Meltxor beste estremokoak.

        Mameni patioko kristal handia garbitzeko esan dio Nemok, neskak tubo teleskopikoa erabiliz hartan eman du lasai ordu pare bat, eskailerara igo behar izan duenean, berak bertigoa daukala eta: Ruso! hots egin dit, egidazu goikoa! Igo naiz, hark behetik: Ertzak hobekiago garbitu, ertzak... Hori da sasoia, hori!

 

 

        Meltxor ez zen atzo etorri, kartzelan entrebista zuelako. Berriz ere sartu egin nahi omen dute giltzapean, emazte ohiari ez diolako pentsioa pasatzen.

        Zera pasatuko diot, durorik ez daukat eta —ez dauka behintzat, edaten duen ardoa pagatzeko ere.

        Behin egon zen penal hura: Olivenza, Badajozen. Han atxilotu zuten, hemengo kartzelan ere egon zen hiru bat astez, orain kontratua amaitu gabe, uste du berriz ere sartuko dutela.

        Graduadorako horretan redakzio bat egin behar zuten: «Esan nolakoa den zure etxea eta ze problemak dituzun».

        Berak: Nire etxea oso handia da, handiegia niretzat, baditut hiru bainu eta bi pisu, beti garbitzen ari naiz eta goiko bezinak bere terrazako hautsak nirera botatzen ditu, bi terraza ditut, gainerakoan ondo.

        Anselmok berriz: Jartzen zituen galdera arraro batzuk, bai, zer edo zer jarri nuen baina, ez dit batere graziarik egiten niri horrek, ez, ez!

        Batuketa bat, kenketa bat jarri omen zieten, gero buruketa hauxe: «Lau arto ale ditugu, hiru arto jaleren artean, bakoitzari zenbat ale egokituko zaio?». Harritzekoa, Meltxorrek ezin zuen atera. Anselmo saiatu egin zen, ezin berak ere. Gloriak azaldu die —hark amaitzean: A, horiek dira dezimalak, esan du Meltxorrek. Banekien, esan du Anselmok, banekien bai nik, zerbait espeziala zela.

        Goiz osoan zaharren etxeko kristalak garbitzen, hor ibili dira zinegotzien bizkartzainak, beldur omen dira ETAk atentatu bat egingo ote dien. Bizkartzain handi batek eskuak beti patriketan sartuta dauzka, haren begiratuak ez oso samurrak.

        Mameni kendu egin dizkiote hilabete honetako laguntzak. Total, laguntzekin hartzen zuena baino diru gutxiago hartuko du, lanean ari dela, orain.

        Kazetari hark, Xabik presentatu zidanak, deitu du pentsiora, Eider izena du, datorren astean gelditu gara.

 

 

        Anselmok oso legala izan nahi du: orduak ondo begiratu behar ditugula, esaten du, gehiegi erretzen dugula; haserretzen da erretzen dugulako, bera ere erretzailea baita; ez zaio gustatzen, urduri jartzen delako, horrekin dauzka hezur lokarriak afektatuta, errieta egin dio Gloriari umea ostatura ekarri duelako, ostatua ez baita umeentzako tokia.

        Gloriak adarra jo dio, esan dio berari haserre egiten diola, eta Neilari, berriz, maite maite, ikusten dela, bai, harekin gustatuta dagoela, bera orduan urduriago jarri da, ez du neskekin ezer jakin nahi: Neskak ut, ut, ni bakean utzi!

        Nemok ondo gogoan hartzen du bakoitzaren izaera, lanerako gogoa, solidarioak ote garen bata bestearekin, gero informazio hori guztia monitoreari pasatzen dio, egiten dituzte beren bilera sekretuak, gutaz ari dira: nor nola, nor zertara.

        Orain kobratzea falta. Ez dakigu noiz eta xuxen zenbat kobratuko dugun. Kontraturik gabe ari gara eta, esaten du Gloriak: Ojala bidaliko banindute! Delegazioan salaketa jarriko nuke... Eta, joan egin beharko genukeela gora galdetzera, aber kontratua noiz egingo diguten.

        Ni ez naiz joango, esan du Neilak, burlatu egingo naute eta.

        Ni ere ez, esan du Mamenek, putaren alaba den horri muturra ez ikusteagatik.

        Meltxor, esan du Neilak, zergatik ez zoaz zu? Zu hobeto ezagutzen zaituzte.

        Ni ez noa, seko ebaki du Meltxorrek.

        Joan gintezke denok, atera dut nik.

        Ostia, Mixa, denok ez, esan du Gloriak, matxinada bat emango du eta.

        Azkenean inor ez gara joan.

        Atzo Gloriaren nobioaren lagun batzuk atzeman zituzten: martxoaren hamaikako atentatuaren eraginez, esaten du berak —nobioa Marokokoa du.

        Mahaiak garbitzeko dekapantea erabili dugu. Maskarillak eman dizkigute. Neilak bakarrik jantzi du halakoa. Bestela, ixteko ahoa, esan digu Nemok —niri, ordea, ohartu gabe ireki egiten zait, ezin ditut ezpainak josirik atxiki.

        Pasilloan, brotxarekin kantoiak garbitzen ari ni, Mamen komunean, alkandora aldatzen ari zen ispiluaren aurrean. Ez ikusiarena egin du: bere buruari legez, irribarre txiki bat, eskuaz estali du lepoa...

        Koska eta besteak zahar etxe pare-parean, eliza atzeko espaloia hasi dira altxatzen.

        Aspaldiko! bizi al zara? beso zabalik etorri zait, besarkatu nau katuak hartza legez. Nik ere sumatzen nuen haren falta, egon gara pixka batean, begia partxe batekin tapatuta dauka: lehengoan furgonetan zebilela autozale batekin teman jardun zuen, hark giltzarekin ia begia atera zion. Gauerako gelditu gara.

        Gauean berandu arte egon gara ostatuan, sobran zituzten pintxo guztiak ziplatu ditugu, pintxo bi jan ditu Koskak, bederatzi pintxo nik. Koska samurtuta zegoen.

        Honetaz hartaz aritu gara.

        Ikusten dut, esan diot, oraindik ez zarela deziditu —nola lehengoan esan zidan, bada, utzi egin behar zuela lan hori.

        Bota du krixto deabru pare bat, gero:

        Bai! esan dit, oraindik hor nago baina, denbora gutxiko!... Mendian, esan dit, Nafarroa aldean toki ederrean, eguzki begian, borda bat ikusi duela, horretan pentsatzen ari dela orain.

        Borda bat? nik, ondo dago baina, txintxin egiten duena nondik?

        Nondik? ebidentzia bat esaten duenaren plantaz: Ardietatik.

        Ardietatik? nik.

        Aizu! ni baino txepelagoak direnak jarri beharko ditut: ez ditut otsoak jarriko halare!

        Lanean zein eta zeinekin ari naizen esan diodanean Meltxorrez barre puxka bat egin du. Neskak ez ditu ezagutzen, Mamen bakarrik, hura ere ikustez eta aditzez: haurdun gelditu zelarik mojek eskolatik bidali zuten, gero beste tipo batekin ezkondu, hark eginak omen ditu beste alaba biak, gero hura pintxatzen hasi zela...

        Ezagutzen dudan euskaldun oso bakarra da Koska, guztiekin euskaraz egiten duena, bai batzuetan nirekin ere. Esan diot gure taldean Anselmok edo Gloriak euskaraz jakinagatik euren artean ere inoiz ez dutela egiten.

        Bai... Puxka batean pentsakor gelditu da, gero: Pobreek ez dute ja euskaraz egiten... Segidan, xangrina uxatzeko bezala: Baina gu gara bertakoak: euskaldunak, hemengoak!

        Ni exiliokoa naiz. Nekazari bat, lurrari atxikia dena, nigandik urruti dago; sustraietatik erauzitako nekazaria, harengandik hurbil egongo naiz beti.

 

 

 

        Ostatuan, Mamen eta ostalariarekin, Elisa: kalimotxo handia bi tragotan hurrupatu eta beste bat edaten ari zela alimalekoak esan ditu arratsaldean projimoa larrutzeko plazan juntatzen diren puta horien guztien kontra. Bere ahizpa ere horietakoa da: Obreroaren alaba izan eta handi usain batekin, emango nioke belarrondoko bat —keinu latza eginez, komiki batetik ateratakoa dirudien bere beso sendoaz.

        Torrijak, Mamenen arabera: moztu ogi xerra zabalak, esnea eta azukrea nahastu eta egosi, sutik kentzean koñak kopa bat erantsi, beratu hartan ogi xerrak ongi, arrautza irabiatuan pasa, olio berotan frijitu, urre kolorea hartzean atera eta xukatu, eman azukre eta kanela pixka bat.

        Etxeko errezibo bat falta zela eta gora deitu didatela, han zegoen Anselmo, lan eskaintzei begira. Arreta berberaz irakurtzen ditu paper guztiak, lan bakoitzarentzat berak zein aukera dituen kontu egiten du, musua zimurtzen, luzatzen zaio, laster ditu banan-banan deskartatzen denak. Badirudi iragarkiek diotena gabe, lanaren ugariak berak faszinatzen duela: lantoki haiek guzti haiek han, bere eskueran nolabait. Galdetu diot, ea interneten begiratu duen, bertan dago eta pantalla; ez da hainbestera atrebitzen.

        Etxera goazela, esan dit atzo Joxemarirekin ikusi ninduela.

        Ondo al dabil orain? galdetu dit.

        Ondo edo... Zer ba?

        Hori ospitalean edo, ez al zen ibiltzen?

        E? Ez dakit ezer, zer izan zuen ba?

        Joxemarik? hemendik, burutik zerbait ibili zen, bai... Hori ni baino kaskatuago dago!

        Antza bere kintakoa da, eskolan gela berean zeudela irakasleek Koskari larrua bero-bero egiten omen zioten, behin kasurik ez zuelako egiten apaizak Biblia bota, buruan bretxa ireki zion. Esan dit baita ere lehengo urtean edo orain dela bi urte lanean ari zen enpresan milioi bat balio zuen pieza bat txikitu zuela Koskak, gero tailerretik alde egin eta laneko buzoa errekara bota zuela —hori, azken detaile hori gabe, eta beste era batera, Koskak berak kontatu zidan.

        Ni, orain gogoratzen, haren gurasoen etxean izan nintzen hartan, arrebak eztabaidaren beroan esan ziola, eroen etxean hobeto zegoela. Koska su batean jarri zen. Horregatik alde egin genuen, kanpaiak jo gabe.

 

 

        Mamen eta Elisaren lagun bat, atzo, garbitzen ari garen ostatuan bertan gu bertan ginela izan zena, arratsaldean anbulategian, behar ez zituen pastillak eman zizkiotelako, holaxe kontatu digu Mamenek, hil egin da gauean. Elisa, txorizo ogitarteko bat jaten ari zela negarrez, Mamen goiz osoan uxaka ibili da.

        Ostatuko sukaldean: lurra eta paretak koipea dariela, eltzeak eta plater pilak kakaztuta, jaki lizunduak han hemen, erritmo bizian aritu gara, monitoreak ez baitzigun gainetik begirik kitatzen.

        Suen aldeko koipea kentzen eman dugu goiza. Lau lagunen artean, eginahala lana eginda, ez dugu bukatu. Monitoreak arrazoi onak emanez behin eta berriz zuzen bidean jartzen gintuen:

        Mikhail —berak bakarrik deitzen dit hola—, egizu gainekoa lehendabizi, hartara zikinak ez du galaraziko orain ari zarena. Amen amen, kasu egiten diegu haren onesanei.

        Anselmok lehiakarrean jardun du, fier dago besteak baino gogotikago ari delako, monitorea ere fier dago harekin, hura baita bere dizipulorik onena.

        Hamarretakoan, Neilak deitu dionez goiko puta horren kontra ahapaldi gogorrak esanagatik, gure artean ere lakartasuna eta umore txarra errokatu dira.

        Amaieran rotativan platoak eta diskoak jartzen erakutsi digu Nemok. Badaude disko marroi eta beltzak larraskatzeko, disko gorriak garbitu eta fregatzeko eta disko zuriak kristalizatzeko, uste dut.

        Urak eta hautsak zupatzen dituen aspiradorea erabiltzen ere ikasi dugu.

 

 

        Atzo egin zidan Eiderrek entrebista, gaur berriz deitu dit, ia bukatu duela ordenadorera pasatzen, ea fotografoarekin nola gelditzen garen. Nik ordea, ez nahi inola ere fotorik. Baina behar beharra da, esan dit, bestela ezin da entrebista argitaratu. Ez dut amore eman, sentitzen dut beragatik.

        Ona King Lear-en eroak: Gizon hanka arinari zurezko galtzerdiak.

 

 

        Batzuk rotativekin tabernako zoruak larraskatzen ari, Mamen eta biok eskailera garbitzera bidali gaitu Nemok.

        Mamenek hitz egiten duenean, gauza asko ez diot ulertzen, oso azento itxiarekin egiten du, batzuetan esaera bat hiru lau aldiz errepikatu behar izaten dit.

        Iaz operatu zuten.

        Umetoki puska bat kendu zidaten...

        Hartaz, galdetu diot, ezin duzu haur gehiagorik izan?

        Nolaz ez! Puska bat kendu zidaten... Ume saila ekarri behar dut nik oraindik!

        Gerezien lurraldekoa, hara joaten delarik osabaren baratzean piku goxoak jaten ematen du denbora. Tatuaje bat dauka besaurrean eta hatz batean artrosia, hezurra kristalizatzen ari omen zaio, tarteka pastillak hartu behar ditu mina kentzeko.

        Mediku azterketa egiteko eman dugu izena. Ni ere apuntatu naiz —behin ere holakorik egin gabe nago.

        Anselmok dudak bazituen, egin edo ez, izan ere:

        Igual ateratzen dizute la ostia...

        Behintzat analisia baino lehen hiru egun pasatuko ditu ardorik edan eta txerri puxkarik jan gabe eta pareta belarra hartzen, harekin desagertzen omen dira sintoma guztiak.

        Aizu, esan dio Mamenek, azterketa hori nola zauden jakiteko da, hari burlatzeak ez dauka sentidorik.

        E? Kendu, kendu, ez nuke jakin nahi nik, edozer gauza! Eta, amaren disgustoa, gero... Ostias! igual ardoa kentzen dizute.

        Gosaltzeko garaian beti bezala gora abiatu da lan eskaintzak ikusten, gaur Asteasun baldosak jartzeko baten bat behar zutela ikusi du, gero horretaz pentsatzen egon da.

        Meltxor destornilladore bila ibili da luzaz, sabaiko lanparen babesgarriak askatu eta garbitzeko bonbillak —goiza horretan eman du. Ostatuan aitona bati kendu dio txiskeroa. Gloriak ikusi du, gogor egin dio:

        Baina, nola bururatu zaizu? Zahar bati metxeroa lapurtzea!

        Lapurtzea? esan du Meltxorrek, zer da lapurtzea? Behar duzuna hartzea ez da lapurtzea. Baten bat hiltzea ere: behar denean, egin egiten da!

        Bueno, bueno... Zer esaten ari zara, Meltxor?

        Zuk inoiz ez duzu ulertuko, ebaki du Meltxorrek, zuk ez dakizu eta, zer gauza den premia!

        Baina, zer premia? Baina zahar hori ere pobrea da, Meltxor!

        Eguerditik hara Neila eta Gloriarekin egon naiz biltegian. Neila niri begira gelditzen da:

        Ze goxoa zaren, Mixa, esaten dit, zu urteekin zahar hori bezalakoa izango zara (ostatuan egunero bermuta hartzen, puro finak erretzen egoten den zahar bategatik): Noblea zara...

        Nahikoa da, Neila! moztu diot, eta berak, hasperen luze bat eginez:

        Zu urrutira iritsiko zara!

        Ateratzeko tenorean Mamen plazan zen bere alaba txikiarekin. Ni hari begira nengoela, ikusi nau, eutsi egin dio nire begiradari instant luze batez.

 

 

        Zorua larraskatu eta neutralizatu eta gero makinarekin ezkotzen ikasi dugu.

        Bihurgune gutxiko bizitza da Nemorena, hala ere, langilea baita, gurekin batetsu doa, ondo etortzen da, uzten digu emakume peligrosoengandik gordean, behintzat edan erre eta pausatu gaitezen.

        Honek badakizu zer egin zuen behin? esan dit Meltxorrek, Anselmogatik, eta honek:

        Izan ez denen bat esango duzu orain.

        Nire txabolan eserialdi batean bost koneju jan zituen.

        Konejua? Zuk jango zenuen, konejua!

        Zaude ixilik, esan du Meltxorrek, orain erregimenean edo ez dakit zer ostia zabiltzan, baina orduan zuk ere jaten zenuen galanki.

        Berak, Meltxorrek behintzat, badauka tripetan zuloa, gosaltzeko gaur bost arrautza frijitu jan eta botila bat ardo edan du. Ardoa besterik ez du edaten, hiru laurdeneko bi botila bai eta bukatutakoan ostatuan Un liso! eskatzen du beti.

        Anselmoren kezka eta trumoiak. Sinetsita dago egiak besterik ez dituela esaten, ez du konprenitzen zergatik inork ez dion kasurik egiten, uste du besteek gaiztotzat edo astotzat daukatela bera. Ari garen honetara baino lehenago bi tokitatik, garaje batetik eta ez dakit beste nondik ezetz esan zioten eta, hona berriz, onean ez bada gogorrean, etorri egin behar.

 

 

 

        Koskarekin kontu kontari ostatuan.

        Bere lankide Tolo Basajauna eta Mendoza larru beltzarekin afaldu zuen, ni heltzerako pattar bat edo beste edanda zeuden, kopa bat orujo atera zidaten.

        Tolo lehendik ezaguna nuen, euskal Oblomov bezalako bat da. Mendozak:

        Zer zara, Errusiakoa? galdetu zidan.

        Errusiakoa bai, nik.

        Eta? Zelan bizitzen da han?

        Ba! Jendea bizi da.

        Horixe! Han ere zakurrak hankutsik.

        Tolok herria jakin nahi zuen, nongoxea naizen. Xaribarxikekoa naizela eta, Mendozak:

        Xa xa asko hor!

        Euskaraz bezala, esan zuen Koskak, guk ere exe asko ditugu, hala nola ixo! eta goxo-goxo ere!

        Lanaz ari ziren.

        Elizako espaloian, esaten zuen Koskak, mantso jardun behar dugu ze, hori bukatzen denean, karretera asfaltatzen jarriko gaituzte eta, espaloian behintzat, zaharren ostatua dago, apaizaren etxeko arbolak, elizako errejak ere badira. Ni tartean-tartean lanari utzi eta, erreja haiei begira egoten naiz.

        Arraioa! esaten zuen gero, eta txispak ateratzen zituen begi bakarretik, ez nuke nahi jubilatu arte tankera honetan ibili! Hogeita sei urte falta ditut jubilatzeko nik, hogeita sei urte! Luxiok kartzelan eman dituenak baino bost urte gehiago eman beharko ote ditut nik lan kaxkar horietan. Presoak hala ere zulotik atera eta ikusi egiten du kontrastea, kontrastea, bai, konturatu egiten da munduan gauzak aldatu direla, guretzako bestela doa, gu poliki-poliki funditzen ari gaituzte.

        Tolok eta Mendozak joan beharra zuten, bitartean vodka eskatu genuen, Mendoza berriz ere gugana etorri eta niri:

        Noski zu errusiarra zara, vodka edan eta builak atera, normala da, hola zaudelako hezita, zer eginik ez. Errusia! ha! ha! Stalin! Agur!

        Bakarrik gelditu ginenean lehengo batean telebistan ikusi zuen erreportaje batetaz eta hark gogora ekarri dion negozio batetaz hitz egin zidan Koskak.

        Errusiako aspaldiko gosete batetaz ari ziren eta esan zuten nola garai hartan bertako abade batzuek proponitu zuten Elizako altxorrak saltzea gosekilen mesedetan eta nola patriarka batek (Tikhonez ari zen noski; 1921garren urteko gose handiaz ari zen) ukatu egin zuen eta horregatik orain hango elizetan koadro zaharrak eta harribiziak eta, nola dira horiek?, eskulturak edo asko zeudela eta orain, bada, lapurrak ari direla zera haietako asko Pragara eramaten, Pragan baitago merkatu handi bat, haren izena apuntatu zuela, eta guk, esan zidan, furgonetan hara joan eta, nik errusieraz dakidala gainera, handik ama birjinaren bat edo koadro haietako batzuk ekarriz gero, Parisen edo hemen aldean, ez genukeela faltako berak uste zeinek erosia. Gauzak ondo, joan etorri batean, urtebetekoa egin genezakeela aise, hainbesterekin, bera bere bordara bakean eta ni, nahi baldin banuen, Uraletara itzuli nintekeela.

        Hartan ari ginela, etorri zen Mandi, Anselmoren anaia, tipo lasai lasai bat. Jakin zuenean zertaz ari ginen, esan zigun berak ere aditu zuela salerosi haien berri, baina, bere ustez, horretarako haraino joan beharrik ez genuela, hemen ere bazekiela berak bazegoela halako elizako aldarean inork zaintzen ez zuen gurutze barroko balio handiko bat. Hala ere, berak uste, gaur egun arte trafikoa baino animaliena errazagoa eta berdin etekin handikoa dela: berak emaztearekin eztei bidaian Brasilen izan zenean oso tentatuta egon zela ekartzeko Kaiman bat ez dut esango baina, hango guakamaio edo perikito bat behintzat.

 

 

        Sukaldeko bere txokoan bonbillak garbitzen segi du Meltxorrek. Bilatzen du bonbilla bat inon: Hau ere zikina dago —inork ezer esaten ez diola harekin ordu pare bat ematen du, lantzean lantzean, zurrut.

        Mamen eta biok lurrean erdi etzanda zokaloak garbitzen honetaz eta hartaz ari ginen, berak halako batean:

        Atx! Nekatu egin naiz, jarriko gara?

        Paretaren kontra zigarro bat erretzen, bere alabez mintzatu zait. Goizean gosaria prestatu die, bere ohean sartuta laga ditu hirurak, musu bana eman die, ez dira enteratu ere egin.

        Gero dekapante bila zebilen. Esan diot:

        Tori, maitia.

        Ekatzak lapurti —maite ditut erremedio gabe bere ateraldi zakarrak, bere hitzak, zeinahi direla ere.

        Garbi garbi uzten ari gara taberna; Gloriak esan du:

        Je-sus! Gustora egongo dira zaharrak.

        Ba! esan du Mamenek, niri zaharren iritzia... Niri goikoena inporta zait.

        Ba, esan du Gloriak, niri goiko horiena bost: zaharren iritzia inporta zait niri!

 

 

        Neilak haginetako mina, Anselmok sudurrekoa, bakoitza koadro bat, Gloriak esan du: Niri gaur ixtorio gutxi! Etxean laga dut zerebroa!

        Graduado eskolarra ateratzeko horretan, zazpigarren mailan kokatu dute Anselmo: Bai, ondo nabilela, baina lau, nola dira horiek?, lau koska falta ditudala.

        Neilaren historia. Beti kanpoan, beti kalean, askoren laguna, maite du jendea, maite ditu zaharrak, negar egiten du haiekin, haiek ere berarekin samurtu eta negarrez hasten dira. Orain pisu bat erosi nahi du, lehenago Kolonbiara joan nahi du, horretarako behar ditu sosak, behar ditu hemengo paperak nik bezalaxe, haiengatixe sartu zen programa honetan. Atzo semea ez zitzaion etxera etorri, gau osoa eman du mobilari begira, zisko eginda dago, haginak gaizki, bizkarra gaizki, buruko minarentzat hiru pastilla mota hartzen ari da. Bere auzoko tipo batekin omen dabil orain, baina nirekin jelosi antza jokatzen du beti: Non zeunden, Mixa, bakarrik utzi nauzu, ez dizut barkatuko...

        Bere bulegora igoarazi nau monitoreak, zer moduz naizen galdetu dit.

        Problemarik gabe.

        Bai, ezta? Zerbait ikasten ari zarete, lanaren logika, fundamentu batzuk...

        Eskoletan egin behar ditugun lanen zerrenda pasa diote Nemori. Oraindik ez dugu kontraturik sinatu. Lagun urduria.

 

 

        Desastre guztien gelaxka, aszensore jokoak, pizten diren alarmak inork ez baitaki zeren.

        Ostatuan ginela zahar bat etorri zait. Errusiakoa naizela, Elenak esanda:

        Errusia! esan du, langileen aberria, tavaritx!, besarkatu nau, nire anaia, esan dit, Smolensken bizi da! Txikitan eraman zuten hara...

        Geroago heldu zaio Meltxorri hotsa baten batek salatu diola monitoreari ostatuan zigarroa erretzen ari zelako.

        Txibatoak, me caguen la ostia, badakit nor izan den —zahar komunista hartaz hartu du susmoa. Umore txarrean dago, atzo jakin zuen maiatzean hasita kartzelan zortzi asteburu eman beharko dituela.

        Eguerdian etorri da monitorea. Emateko kasu, izan dituela kejak, hamarretakoan sobera edaten ote dugun —edifizio barruan ezin dela erre... Aurpegi luzeak.

        Mamenekin aurrez aurre, elkarren begietara begira: nik urdinak, hark urre gaztainak, esan dit udan itsasoko uretan sartu ondorenean aldatu egiten zaiola begien kolorea: aitonaren begiak jartzen zaizkio; begi grixak zituela bere aitonak, familian inork ez dituela haren begi ederrak hartu.

        Esan diot arrunt begirada atxikigaitza daukala.

        Zu zer zara, poeta ala?

        Esan diot tarte bitarteka poesia batzuk idazten ditudala.

        Badakizu ba, hemendik aurrera zure poesiak, niretzako!

        Hezur aurpegi luze beltz, hortz kamuts... estutu bat emango nioke.

 

 

        Eskoba pasatu, larraskatu, aspiratu, xuritu, berriz aspiratu...

        Nik sala hau, esan du Meltxorrek, garbitzen nuen... goma tresekin!

        Bilera gelan Nemok desinfekzioaz eta bestez teoria zerbait irakasten zigun bitartean, Meltxorren behako lo trabeskakoa, guztion asperra... Soilik Anselmo zegoen iratzarririk, kexu zen bide batez berdurak gehiegi egosten dizkiolako amak.

        Hamarretakoan, denen begi-bistan ezin alkoholik edan eta:

        Ba, esan du Gloriak, hemen horiekin? Komunean nahiago dut, joder.

        Keizara joan gara, han ginela Gloriak esaten, lehenbiziko soldatarekin zer egin behar duen: kotxea konpondu, bitxi-dendan ikusi duen pultsera bat erosi...

        Begiratzen diet plazako puta horiei guztiei, joyaz beterik, autoan ibili eta, ni kabroi baten alaba bezala... Zin egiten dizut, pultsera hori izatearren nik baten bat hilko nuke!

        Iaz haxixa eta pastillak saltzen diru polit bat egin zuen. Dendak izan dira, onartzen du, bere galbidea, irabazi ahala xahutu egiten zuen: perfumeak, arropa... Orain ere pentsatzen ari da, kaka hau utzi eta, berak behintzat, beti dauka irtenbide hori.

        Alaba daukat, gastuak dauzkat... Bizi behar dut nik!

        Ni, hiltzen baldin banaiz orain, baten bat ohartu eta sartzen baldin bada nire gela honetara, zer aurkituko du? poltsan arropa puskak, alaben fotoak, paper ez oso legezkoak, mahaian kaiera hau, liburu biok.

 

 

        Egun batzuk kaiera ireki gabe.

        Nomina eman digute, kontratua sinatu dugu: batere irakurri gabe, garabato bana jarri... Nork bere hil zigorra igual igual sinatuko genuen.

 

                        Alferrik lamentatuko zara.

                        Tribunoek ez dizute aditzen,

                        inor ez dago.

 

        Ageri dira azken egunetako gure lanaren akatsak, mota bat hemen, oin arrasto bat han, gaizki eginak estaltze aldera jardunean jardunagatik okerrago gelditu da. Nemok esan du, hola utziz gero enpresa batean, ordainik gabe geldituko ginatekeela.

        Berriz ere zahar etxeko ostatuan, gure zerbezekin —Gloriak esan duen bezala: Qué ostias!

        Manuela eztakit zer, Neilaren auzoko lagun bat hil du kamioi batek, autoa azpian hartuta. Barianterako irteeran izan da, Sorabillan.

        Nire gosaria: ogi xerra bat, katilu bat esne. Bazkaria: hiru patata, olioa, tomate erdi bat. Merienda: bospasei intxaur, mahats pasa batzuk, ogi zati bat. Afaria: bi arrautza frijitu, ogia, bi sagar erre, etxekoandreak ekarrita azkenok.

        Ropa vieja: patata xerra mehetan, piper berdea tiratan, tipula bat txiki-txiki egina, frijitu, atera, xukatu, xehetu haragi zaharra, jo arrautzak, oro nahastu, tortilla bat egin, serbitu bero-bero perrexilarekin.

 

 

        Nemoren autoan rotativa eta gainerako makina eta trasteak eskolara eramaten. Anselmo bere trapuak ez galtzeko ahaleginean, Meltxorrek ez inolare bere poltsa laga nahi inon: baditu bi txitxarro barruan. Kontatzen dit eskolara bidean:

        Peskaterok eman dizkit, Kintok! Klub batean izan gara biak. Dios!, neska txikiak inguratu zaizkit... Kendu, kendu! Nik larru jotzen dut edozeinekin, ulertzen? baina hirurogei euro eskatzen zituzten, aire! Azkenean jaitsi egin digute prezioa, Kintok batekin egin du, nik birekin, ehun euro, batek ez zuen nahi, uste dut zure horretakoa zela, Poloniakoa edo, gaizki egon behar zuen baina, nik pagatu egin nuen, ulertzen? Pena ematen didate, bai! kasa kristotik etorri dira eta...

        Eskolara heldu eta, gela batean, irakaslearen mahaiaren azpian lo gelditu da.

        Handik ordu erdi batera edo esnatu denean konturatu da oraindik ere bazuela sakelean berrogeita hamar euroko billetea.

        Gloriak: Horrekin nik langostino afari bat!

        Neilak: Ai nik bota batzuk erosiko nituzke!

        Mamenek: Nik panaderiko zorra kenduko nuke!

        Meltxorrek, gure muturren aurrean billetea lisatuz: Nahi bai zuek, nahi bai zuek...

        Anselmok: Ba! hori nik parranda batean, aise!

        Hik bai! fini du Meltxorrek, ixo! Ez dakizue ezer. Honekin nik, akzio bat erosiko dut estatuaren altxorrean!

 

 

        Zokaloak garbitzen, lurrean edozein modutako jarrerak; dekapantea, estropajoa, kutxillarekin...

        Neila buruko minez, bart gauean butanozko estufa piztuta zeukala loak hartu zuen. Ez zen gogoratzen aste santua izanik eskolarik ez zela eta lanera ekarri behar izan du seme txikiena: haur bizia, patioan katu baten atzetik ibilki, behar ez duen tokietara sartu, bihurrikeria txikiak egiten dituena.

        Anselmo bakarrik aritu da gogotik. Soinean lau pud-eko makina daramala binaka igotzen ditu eskailera mailak.

        Mamenek bere alaba Sheylaren ikasgela erakutsi dit, haren pertxeroa, paretean zinta kolarekin itsatsita dagoen haren marrazki bat ere. Bertan etxe bat ikusten zen, laranja arbola bat, etxeko balkoian hiru neskatila, kanpoan emakume adats luze bat.

        Hori ni naiz, esan dit.

        Eta hori? —gizon bat ere bazegoen, izkina batean.

        Hori? Baten bat!

        Koskak eta, espaloian segitzen dute. Ez gurean ez haienean enkargaturik ez zen tarte batean haiengana inguratu naiz, egon gara erretzen.

        Oraindik ez dut ulertzen, esan diot, zertarako ari zareten espaloia berritzen: kendu duzuena ondo zegoen eta!

        Aber, esan dit irribarre handi batekin, pentsa ezazu pixka bat... Ez al duzu ikusten, kendu dugula koska?

        Baina, esan dut nik, hortakoz, dena altxa behar al zen?

        Horixe!, bestela bi koloretakoa geldituko zen!

 

 

        Lehenengo txizatokiak egin behar dituzue, gero komun zuloak, gero lababoak eta ispiluak, beti orden horretan.

        Meltxorrek azulejo batzuk erdi garbitu ditu, zigarro bat erre, berak zekien txokoan ardoa ote zegoen begiratzera joan da —denbora batean eskolako atezaina izan zen, badakizki tokiko sekretuak; ardoak baina, oraingo zuzendariak bere armarioan ondo gorderik eduki.

        Arrimatzen zait katutxo bat bezala Neila, bere herriko kontuak esaten dizkit, gurasoen likor dendan botilen artean jolasten nola egoten zen, aita hil zenean, hura ez ikusteagatik hartu zuen pena betikoa...

        Halako batean, Meltxorrek kartzelaz ez dakit zer esan duen eta:

        Zergatik sartu zintuzten? galdetu dio Neilak.

        Ostatu batean, mozkortuta zegoela, zor bat zela eta sartu zion tipo bati labana...

        Ezer ez, esan du, arramazka bat, matrailean hiru puntu...

        Atxilotu zuten, abokatuak labana defentsan erabili zuela atera zuen, barruan lau hilabete eginda kondizionalarekin atera zen.

        Nolakoa da kartzela, Meltxor?

        Meltxorrek sorbaldak kixkurtu ditu.

        Kartzela? Joan hara, etorri hona, hau egin, bestea egin... hau bezalaxe.

 

 

        Koskarekin ostatuan. Bakarrik zegoen, barraren kontra bere basoerdiarekin.

        Zer ibili zara! esan diot, gaur ez zaitut lanean ikusi.

        Ez! Goizean goiz amona residentziara eraman behar nuen, gero errekara joan naiz... Arratsaldean nagusiari ipuin bat sartu dio.

        Begitik partxea kenduta dago, buruan esparatrapo bat, matrailan urratu batzuk, besoa ere kolpatua dauka.

        Zer egin duzu hor?

        Bertxindik gora putzu bat bilatu omen du, harkaitz batetik salto egin du hara, behean baziren harri batzuk...

        Bat-batean arrimatu egin zait, ahots apalarekin:

        Zer esan didate... Txetxenian egon zinela?

        E? asaldatu naiz; pentsatu dut nondik etorri zaion, ez jakiteko planta egin dut hala ere.

        Eiderrek esan dit.

        E? Gerrara eraman nindutela esan nion nik, nik ez nion Txetxeniarik esan.

        Eta? Han ze beste gerra dago ba?

        (Esan nion Eiderri nahiago nuela hori ez publikatzea: herrian uholdeak izan zirela, ixtorio bat asmatu nuen.)

        Fotorik ez duzula nahi... —esan diot, hori gehienbat ukrainarrengatik dela.

        Nire gerrako berri pixka kontatu diot: trenez nolako biajea izan genuen hegoaldera gindoazela, nola Jankalako basean lau hilabete eman genituen, nola azkenean Groznira bidali gintuzten. Ni tiratzaile txarra nintzela eta, sukaldera destinatu nindutela, nolako zigorra izan zen hori ze, kozinatzeko ura azokan erosi behar genuen, tankean joaten ginen azokara, nola vodka erosteko ere ez ziguten sosik ematen, egun batean esne kondensatu pote batzuk nire kontu saldu nituelako atxilotu ninduten, eskapatu nintzen...

        Begiak xuri xuri aditzen zidan Koskak.

        Orduan, esan dit, desertorea zara.

        Aurpegia argitu zaio, besarkatu nau, poz ezin eutsiaz:

        Anaia, esan dit, hau ospatu behar da: bajeran bazituela kostilla batzuk, haiek soziedadean erreta...

        Hara goazela, bidean esan dit, soldadu ez joateagatik pastilla batzuk hartu zituela berak: suizidio saioa, ia bertan gelditu zen —behintzat libratu egin zela, nola bazituen antezedenteak...

        Azkenean atera da: hamazazpi urterekin eraman zuten ospitalera gurasoek...

        Harri batez burua ireki niolako auzoko bati, beste aberia bat egin baino lehen, aitak medikuak alertatu zituen. Azterketa psikiatrikoa agindu zidaten... Aitak, zer zekien nire berri? Ez nintzen etxean egoten, hura ez ikusteagatik kalean egiten nuen lo!

        Ez du aitarentzat hitz gozorik erabili.

        Gizajoari iruditzen zaio daitekeen mundurik onenean bizi dela. Ni ez naiz ba, haren moldetik atera: hark jainkoarekin sinesten du, nik ez dut sinesten, hark nahi zuen nik tailerrari segitzea, nik ezetz, hark nahi zuen ni norbait izatea, inor ez naizela hilko naiz.

 

 

        Eibartik, beren soka eta beren ekipaje guztiaz, enkargatu garratza eta hiru mutil, kristal garbitzaileak etorri dira —haiek profesionalak dira, hartara ez dute ongi konprenitzen gure lan era zabar eta geldoa.

        Esan dio Anselmori enkargatu morroskoak, beraiek azkarrago egiten dutela zoruaren kristaltzea, Anselmo pikatu egin da, makina arin dantzarazi du, gero berriz, azkarregi egin duela esan dio Nemok, Anselmok hortzak serratu ditu... Euskaraz zerbait esatea egin du, eta:

        Ez egin euskaraz, joder! esan dio Mamenek —ernegatuta edo kexu da behintzat, alabak ere hasi zaizkiolako etxean euskaraz egiten.

        Mamenen hortz handi, zikin eta ez osoak, kalabera batean ondo emango luketenak; haren nekea, bizi nekea ja, haren izaera arrunt eta zakarra, nire gustoko, gaur bezala, halako xarma doinuz baldea betetzeko eskatu didanean...

        Gloria dantzan eta kantan zebilen komunak garbitzen, bera ohartu gabe kristal garbitzaileak begira zeuzkan. Sorgin eta endredatzaile handia da, mobida guztiak ikusten ditu, segituan txoratu egiten da, flipatu egiten du. Gaur bera ere Nemorekin haserre ibili da, lanean Anselmorekin jarri duelako eta goiz erdia isilik eman behar izan duelako.

 

 

        Gloriari lehengo urtean eztarriko minbizia zuela esan zioten, eta sei hilabeteko bizitza —kimiarekin hobekitu ote zen... Agian horrek esplikatzen du zatiz bere desesperazioa, bere besteekiko ongi ezin eramana. Edaten hasi, zenbait aldiz koma etilikoan egon zen, gero estasia probatu zuen, anfetak, orain, azkeneko, koka. Beti da beldur senar ohia noiz azalduko, segi baitu mehatxuka hark, alaba ere beldurtuta dago.

        Nire langile beltza. Eskaileran jarrita ni, pantera bat bezalaxe etorri zait, larrituta dago gizarte laguntzaileak esan diolako, nahi baldin badu kobratzen segi diputazioko laguntza, Donostiatik hilean hilean halako papera ekarri behar duela.

        Ez nintzen esaten ari zenari oso adi, berari so nengoen. Ezin atzeman haren begietako misterioa, begi opakoak, behor begiak ditu ia, haien fondoan gaur, iruditu zait argi bat ikustea...

        Aldatu eta gero zahar etxeko atarian zain zituen alabak: Nancy zaharrena pretilean eserita zigarro bat erretzen, Sheyla lurrean marrazki bat egiten, Jessica txikiena eskaileretan gora eta behera tiki-taka, aldioro bere ileez aurpegia ukitzen zidan. Amaren harrotasun ezin estalizkoa —hor atzean bada ama on bat bederen, ez nahitaez emakume zakar bat, normalean ikusten duguna. Oiloa bere txitekin maldan gora abiatu dira... Eta, nire alabak! Laster urte bi! ikusi gabe —gogoratuko ote dira alditan, ezagutuko ote naute hara joaten naizenean?

 

 

        Atzo eta gaur hagitz jende arraroa ikusten ari naiz. Atzo azokan, familia bat: ama ez gure denborako bat, aita ile luze ia nano bat, bi seme-alaba oso bizi eta kuriosoak. Bazen mutil bat ere, aurpegia errea zuena, beste bat tximu bat zirudiena... Gaur ere autobusean ez naiz bertakoa sentitu: txoferra bolantearen gainean konkortua, musu ubela, tipo degradatu bat, eta pasajeroen artean ere ze bizi gutxi, ze inondik inorakeria, aurpegi puztuak, denborak arrasto itzelak utzita, ze begirada gaiztoak, konparazio emakume ijito pobre tankerakoari so —emakume horrek zeukan hain zuzen ere begirada biziena.

        Tolosan galtzak soka batez lotuta, aurpegia hauts kolorekoa zuen pobre bat ikusi dut, bat-batean sentitu dut nik tipo horrekin gauza asko neukala komunean, hura pobreagoa izatea, gainerantzean antz harrigarria genuen. Pobre hari begira ni, ohartu gabe beroki elegantea zeraman emakume baten kontra estropezu egin dut. Barkatu, marmarkatu dut, emakumeak niri muxin begiratu eta gero bitxi-denda bateko eskaparaterantz jiratu da.

        Aurki bi hilabete lanean. Gure destinoaz ari dira goikoak.

 

 

        Berriz ere zahar etxean, argizaria ematen.

        Nemo monitorearekin kanpora joan da, lurrean etzanda egon gara, eguzkitan erretzen. Esplotazio gogorraren hotsak dabiltza, dena bertan behera laga hotsak.

        Esaten du Gloriak orain, lantoki ezberdinetan banatzen gaituztenean, pagatzen digutenaren arabera egin behar dugula lana. Horretan izango dira tirabirak langile fijo eta hobeki pagatutakoekin: haien aldamenean lan egingo dugu eta, haiek ezin noski mirakulurik exijitu guri.

        Mi niña, ekatzu trapua! saludatu dut Mamen, disdis egin diote begiek —eguzkiarekin begiak kolorez aldatu ez ezen, aurpegiko orbainak ugaritu zaizkio.

        Meltxorrek ajea zeukan, hitz nahasiz esan dit zabaldu egin duela bere etxea: hutsik gelditu behar izan du bere aldamenekoak, eta:

        Ijitoak sartu baino azkarrago, esan dit, mazarekin bota dut pareta, izan dezala gela bat nire seme, putaren semea den horrek —bere seme-alabentzako hitz garratzak besterik ez ditu, seme horietako bat tailer batean grifoak montatzen hasi da, ostiralean etxera zekarren estreinako paga, Meltxorrek kalean harekin topo egin eta: Ekatzak diru hori! Sobrea kendu eta lagunekin Donostiara joan zen...

        Koka saltzearena serio pentsatzen ari da Gloria.

        Arriskua ere bada noski, dio, baina lan horretarako inork ez dizu paperik eta ostiarik eskatzen, ordutegiak flexibleak dira, eta dirua ez duzu konparatuko: hemen orain arte atera dudana halako hiru aterako nuke kalean astebetez eta, behar dena da, dirua.

 

 

        Izendatu gaituzte: Anselmo eta biok udaletxera, Gloria zahar etxean geldituko da, gainerakoak residentziara. Gloria amorratzen dago, besteak gustora edo bueno. Niri igualtsu zait hemen edo han, Anselmori ez, batetik neskarik ez den tokian lasaia hartuko du, bestetik baina:

        Udaletxea? Ez zait gustatzen hori, ez, hor jende asko ibiltzen da kuxkux, bai, arratsaldean mafia guztia han egoten da.

        Gaur izan duen ametsa kontatu digu Neilak. Leihotik ikusi du Nemo bere etxetik ateratzen, jardinetik barrena garajera joan eta handik hura bazihoala kotxean, berak salako leihotik eskuaz agur esaten zion.

        Ateratzean Mamen bazihoan maldan gora, ni hari begira nengoela, Neilak esan dit:

        Ez hari begira egon, Mixa, hori ez da jende leiala mi amor, hori ez da zure moduko jendea.

 

 

        Neila eta Gloria pertsianak garbitzera zihoazen, Gloriak esan dit:

        Ez zatoz, Mixa?

        Ez...

        Komunak garbitzen, nahiago nuen Mamenekin egon.

        Han zen hura, lasai antza, sorbalda ate alboaren kontra, eskuak poltsikoetan sartuta.

        Zertarako izaten dituzu beti eskuak poltsikoetan sartuta? dituzun esku polit horiekin...

        Pixka bat aztoratu da, zigarro bat piztu du, ahots urrumakariaz:

        Tori —pasa dit.

        Ilea atontzeko jaso ditu besoak, esaten zidan: Nahi baldin baduzu...

        Ez naiz deziditu.

 

 

        Gaur eskolan ederra egin du Koskak.

        Bazkal ordua zen, haur batzuk etxera joanak, beste batzuk zain zeuden komedorera sartzeko, haur gehienak gela batean zaintzen dituzten emakumeekin zeuden, ez hala bost urteko Koskaren iloba eta bere adineko neskatiko bat eta beste bi putiko, patioan zeuden haiek.

        Koska bera ere bazkaltzera zihoala haiek kaletik ikusi eta, zer bururatuko eta, lau umeak berarekin eramatea bururatu zaio.

        Igor, goazen amona zaharrarekin bazkaltzera! Zuek ere, etorri!

        Haurrak jolas eta solas joan dira harekin. Amona zaharraren etxera eraman ditu. Amona bakarrik zen etxean, pozik jarri da. Herren eta etxetik irten ezin dela dago. Eman die bazkaltzeko babarruna, bazkalostean Koskak egur batzuk eta iltze batzuk atera dizkie jolastu zitezen...

        Noski bitartean eskolan eskandalo handia zegoen, haurren bila hasi dira zaintzaileak, inork ez ikusten, zuzendariari deitu diote, hau joan da, hasi da etxeetara deitzen, gurasoak etorri dira, hirurak aldean Koska bere ume sailarekin azaldu denean entzun ditu entzutekoak, han ginen gu ere materiala jasotzen, deitu diote alproja, ume jalea, esan diote ez dagoela burutik, salaketa jarri behar diotela ere esan diote. Koska ondo apuratuta zegoen, defenditzen zen esanez umeak inor gabe zeudela patioan, esaten zuen holako platerkada bana jan zutela babarruna, guri berriz, azkenean bakea eman diotenean, errebolbituta baina harro puntu batekin:

        Hor dituzte, esan digu, egun osoan errejen artean... Hori ez al da okerrago? Hori bai okerra!

        Gurean ere liskarra izan da. Gela txikitik gauza dezente: disko bat, hiru raketa, hamar bat kutxilla desagertu dira. Sermoi pixka bat bota digu monitoreak —Mamenengatik daukate susmoa Neilak eta Gloriak.

        Anselmok berriz, niri, aldagelan garela biok, ba, berari hamar eurokoa kendu diotela goizean.

        Billete bat?

        Hamar euroko billetea. Sobran daukat ba dirua!

        Ederra egin dizute!

        Ederra? Zeuk esan duzu.

        Eta, ez al zitekeen zure sakelatik erortzea eta zeu ez konturatzea?

        Sakelatik? Ez, hemendik ez da ezer erortzen, ez, sakelatik ez!

        Armarioan begiratu duzu?

        Armarioan? Zertarako sartuko nuen armarioan? Ez, hori baten batek... Susmoa badut e! Susmoa baino gehiago ere badut —seguru dago Meltxor izan dela. Horrek esku luzea, bai, horrek, deskuidatzen bazara... Fijo dakit izan dela bera.

 

 

        Astelehenean hasiko gara lanean. Airean emozio puntu bat...

        Testa egin digute, ikastaroa zer iruditu zaigun: «Batetik laura puntuatu apartaduok: taldea, funtsak, metodologia, irakaslea, monitorea, utilidadea».

        Puntu gutxi emanez gero azaldu egin behar genituela zergatiak, esan du monitoreak —oro har, lau puntu eman dizkiogu atal bakoitzari denok.

        Anselmo, Bogatir dirudiela, hogei metroko alfonbra lepoan jasota larri-larri... Udaletxean sartzeko gogo ikaragarririk gabe ote dabilen: ohi baino denbora gehiago eman du goian, lan eskaintzei begira. Jaitsi du zerrenda, eman egin dit.

        Delineantea catia v 4-ko ezagutzak, agente komertziala, bigarren fusioko fundidorea Zaldibian tratamentu labea atenditu hogeita lau orduko erreleboan, hirugarren klaseko antenista ofiziala, jantoki burua Pasaian, lanparak saltzeko komertziala kultur maila jasoa, garraio espezialak karnet guztiak, montadorea, deslindeak...

        Etsitzekoa da. Garbiketaren sektorean ikusten denez eskaintza urria izaten da, susmoa lanaldia amaitutakoan ez digutela ezertxo ere proponituko, paperak betearazi bai, eta IMIa lortzeko hemendik aurrera traba gehiago ere bai —eza emango digute segurki.

        Nemok esaten du garbiketa enpresetan beti sortzen dela lana, gorabehera handiak izaten baldin badira ere, berak oraintxe badakiela hondakinen sektorean, berziklajean, jendea behar dela, orain horretara heltzeko ikastaro bat egin beharko genukeela, gustatu ere egin behar da noski, ez baita nire kasua, ez da hauxe nire fantasia, gure amak esaten zuenez.

        Bestalde bileran Gloriak esan du protesta gutun bat helarazi beharko geniokeela alkateari, esanez eta, fundamentuz ari garenez gero, edo behintzat lege den bezala lanean, diru gehiago behar genukeela, udaletxeko nomina bati dagokiona behinik behin. Besteok baietz, Gloria bera gelditu da egiteko idazkia.

        Mamenek goiz osoan txintik esan gabe niri, halako serbilismoz, esango nuke, hurbiltzen da Nemogana orain —lanen bat lortuko diolakoan hark?

        Ateeran esan diot: Laguntzen dizut?

        Lasai, badakit bidea —halako erdeinu plantarekin begiratu dit; eta bazuen, hala ere, lanbro artean duda bat bere begietan.

        Zer duzu, Mamen?

        Zer, ba? —krak egin dio ahotsak; besoa heldu diot.

        Ondo zaude? —begi txispa bat... Samurrago orain:

        Egundaino, esan dit, inor ez da molestatu ni nola nagoen, ez dut ikusten zertan molestatu beharko zinatekeen zu.

        Porque me gustas.

        Egin du barreazala, une batez bai ezean egon da...

        Adios, Mixa...

        Emazte bat Andoainen, beste bat Xaribarxiken, haurrak han eta hemen, joan eta etorri ni... burua joan egiten zait!

        Hura ez duzu beharbada maite?

        O bai, oso maite dut... O! zuk ez duzu konprenitzen!

        Eta, aldi berean, Aglaia Ivanovnari ere zure maitasuna deklaratu diozu?

        O! bai, bai!

        Zelan? Biak maite dituzula, ari zara esaten?

        O! bai, bai!

        Pentsa ezazu, printzea, zer ari zaren esaten...

 

 

 

 

        Monitoreak erosita billeteak, museora bisitan doazen eskolako haurrak irudi, Martutenera koadrilla trenean.

        Anselmoren begiratu larriak, Mamenen oihukako mintzoa, Meltxorren irri ixil eroak —begirada bidaiarien boltsetara joaten zitzaion.

        Neila pot eginda zegoen, burua nire sorbalda gainean erori zaio, galdetu dit ba ote dakidan non dagoen Martuteneko kartzela: aurki bere lagun bat sartuko dute hara, bisita egin nahi dio.

        Nire nobioaren anaia, esan du Gloriak, barruan urte bat eginda aste honetan atera da handik, eta Meltxorrek:

        Non dagoen nik erakutsiko dizut, Nili: ezagutzen zuela berak ederki Martu, eta oraindik hobeto ezagutu behar zuela. Izan zuela aurreko hartan bertan profesore bat, algebra zekien tipo bat, lexikoa aberasteko ikastaro bat eman ziena...

        Nik ez dut nirerik esan, nahikoa hala ere: gure aurrean liburua irakurtzeko plantak eginez zihoan neska bat begiak geldirik eduki ezinda, ikaratuta zegoen.

        Oinez, fabrika eta zabor paisaje batean barrena, ordu erdiko bidean, Koskak esaten duen bezala puta industria pixka bat ezagutu dugu.

        Propera iritsitakoan neska potxolo batek hartu gaitu, mahai handi baten inguruan jarrarazi, eurek saltzen dituzten garbitzeko makinez hainbat azalpen eman dizkigu: aspiradorak, fregadorak, rotativak, barredorak, hidrolimpiadorak eta hainbat akzesorio eta bakoitza zertarako den...

        Makinak ikustera pasatu gara. Bazen polit polit bat, eta:

        Hau zertarako da? nik galdetu dut.

        Barredora aspiradora bat zela, baina oso aspaldikoa.

        Noizkoa da ba?

        Lau urte bai izango dira hori ez dela saltzen —eta, bazituzten bertan beste sei bat makina diferente, geroztikoak denak, zeregin bererako.

        Eta orduan, beste hori, lau urte dituen hori ezin al da dagoeneko erabili?

        Noski erabili daiteke, esan du neska potxoloak, baina horrentzat errekanbio piezarik ez dute ja fabrikatzen.

        Prope da Gipuzkoan fuerte dabiltzan bederatzi garbiketa enpresetako bat. Eskuratu diguten katalogoa Nilfisk enpresako produktuena da. Badira gutxienez beste dozena bat enpresa halakoxe makinak fabrikatzen dituztenak —bat-batean, hain absurdoa iruditu zait...

        Gure Errusian, ospitaleetan kasu, lagun sail batek eskuz trapu banarekin egiten dutena egiteko ehunka makina desberdin badira, bakoitza zeregin batean espezialdua, konparazio geletako kantoiak, eta kantoiak bakarrik garbitzen dituzten aspiradorak...

        Tren geltokian, zain nagoela, bertako losa zikinei begira, batzuetan, Jankalan egin nuen soldadu denbora gogoratzen zait. Alde batera zikintasunagatik beragatik da: oso zikin antzekoa da. Beste alde batera, zain egoteak ere batzen ditu nire baitan geografia biak: han ere baziren losak, eta egunak pasa zain nengoela orduak ematen nituen haiei begira, losa bakar bati begira zenbait ordu ematen ahal nituen, zakar bakoitza, hondakin bakoitza inportantea izan zitekeen orduan, haren garbitzearen perspektibak lasaitu egiten ninduen, banuelako harixe esker egiteko bat, aitzakia bat ofizialen aurrean, nire presentzia toki hartan justifika zezakeena.

        Zahar etxera itzulita, fitxatzeko ordubete falta, kalean desague bat askatu nahian gabiltzala, Koska eta bere koadrilla pasatu dira. Anselmo eta biok udaletxean hasi behar dugula eta:

        Udaletxera al zoaz? esan dit Koskak, nomina igo egidazu!

        Beste batek: Niri hautsi uraren erreziboa!

        Koska pixka batean gelditu da nirekin. Haren esanetan nomina aldatzearena erraz aski egin ahalko da, enteratu behar du nola egiten den —anartean pasa dira kalean behera korrikalari batzuk, Koskak haiei begira:

        Hau da hau... Eta pentsatu, hauek ere banan-banan bakoitza bere amaren alutik jaio zirela denak!

 

 

        Koskarekin arratsaldea.

        Eguerdian, laneko denboran, enkargatuak ostatuan atzeman du, abisatu du: hurrengo hutsaldian lanetik bidaliko dutela.

        Puto kasorik ez.

        Badaramate hilabete bat, egin dute bost metro espaloi.

        Bestalde ospitaletik deitu dute Koskaren gurasoen etxera: joan egin beharko lukeela.

        Orain ni niretik hara joan? Egotea dute!... Amak esaten du, nola nagoen ikusteko besterik ez bada, eguneko klubera joan behar nukeela; eta nik: Badira etxean nik baino premia gehiago dutenak. Eta han, zer? Pastillak! Han ez dago besterik. Han zer egiten nuela uste duzu? Erakutsi nahi izan zidaten arotzaren ofizioa, esaten nien: Ni burdin arotza naiz! Gelan egoten nintzen, ez nuen inorekin ezer ere nahi. Horri esker bizi naiz e! Gelan eta lo! Ez ikusteagatik... Jardin bat ere bazegoen, baina ni ez nintzen hartara ateratzen. Behin atera nintzen —gauean katu bat marruka aritu zen. Bazegoen jardin hartan haritz handi bat, haren azpian odol ttantta batzuk, ez nintzen berriz ere atera, errejetatik ikusten nuen hura. Egon nintzen sei hilabetez. Gero beste behin egon nintzen. Bi alditan egon naiz. Orain ni hara ez noa berriz... Fabrikara ere ez. Fabrikak, kartzelak, ospitaleak... apurtu egin behar dira!

        Ospitaleak ere?

        Ospitaleak ere. Ezin gara inuxenteak izan. Familiak bezalaxe: apurtu, xehatu egin behar dira horiek.

 

                Hala ere beldur naiz zure naturaz,

                beteegi dago giza samurtasunaren esneaz

                har dezazun bide laburrena.

 

        Lorik ezin egin eta, luzaz pentsatzen egon naiz: munduan arrastaka ibiltzeko dudan kontzientzia gisa hau, ez ote gorantz, airerantz joateko desira? —nire pintore faboritoak ere: Greco, Chagall: haien figura segailak, hodeietarantz luzatzen direnak.

 

 

        Nemo eta monitorearekin bileran gaudela, halako batean aulkitik altxa naiz, lurrean eseri, kantatzen hasi naiz ixilka.

        Zer duzu, Mixa?

        Hagina kendu diote, esplikatu du nire partez Gloriak.

        Ez zen hagina, batetik Mamenengatik zen: orain monitoreari ere irri zuri batzuk, ez dakit zer ixil joko darabilen, guztiz gain hala ere, bat-batean konturatu naiz nire gogoa ez zegoela han —lan honek ez didala ardura.

        Anselmori eta bioi udaletxean agindutako lanak: zoruak eskobatu, fregatu, papelerak hustu, mahaiak garbitu, komunak, armairuak, sillak, ateak, markoak, aplikeak, seinaleak, zokaloak, kristalak, balkoiak, eskudelak, radiadoreak, eskailerak, arkupeak.

        Elkarrekin kafea hartu, ordu bietan egin dugu gora.

        Polizia bat zegoen udaletxe sarreran.

        Zertara zatozte?

        Garbiketakoak gara —karneta erakutsi diogu, ez zen asko fidatzen, makinatik pasarazi gaitu, niri poltsa ere miatu, lan arropak atera.

 

 

        Isabel, gure enkargatu berria: berrogeita hemeretzi urte, hogeita hamasei daramatza lan honetan —Eta oraindik egin behar ditudanak, jainkoak erremediatzen ez badu!

        Salamancakoa, hamabi seme-alaba, azkena jaiotzearekin dibortziatu zena, senarrak jipoitu egiten zuen. Bizkarra zisko egina, medikuak ez daukala ezer esaten dio, segi dezala lanean.

        Hasi eta laster monitorea etorri zaigu.

        Hemen zikintzen badituzue galtzak edo blusa, aldatu egin behar dituzue, txukun behar duzue ibili.

        Pasilloetan ez molestatzeagatik hirurak bitartean gordeka ibili gara. Komunetan emakume sailak, bata bestearen atzetik denek hara nahi —nahasmendu apur bat, irribarre egiten didate, konpresak aldatu, ispiluaren aurrean ile adatsak moldatzen dituzte.

        Hirurak emantxoak agertu zaigu emakume bat: bertako batzordekoa dela eta badakiela mobida dugula, zerbait esan nahi ote diegun —esan diogu Gloriarekin hitz egiteko: ni ez naiz asko enteratzen eta Anselmok nik baino gutxiago daki.

        Geroago, seiak aldean, Isabel joana zen, mahai baten azpian liburua irakurtzen ari ni, Anselmo etorri da, harrituta begiratu dit.

        Zer egiten duzu hor? izutu da —liburua utzi diot, orrialde batzuk pasatu ditu. Uf! esan du, letra asko hor! Niri liburuak dibujoekin gustatzen zaizkit! Inoiz hartu izan dut baten bat dena letrekin baina laster utzi dut, kanpoan gauza asko pasatzen delako... Gero, kezka handiz: Kontuz! esan dit, ikusi! —badira kamerak izkina guztietan; ez ahal zaizkigu filmatzen ariko.

        Plazan Mamen ikusi dut: bere galtza bakeroekin, bere niki polit, bere txamarra gorri granatearekin, euripean ile xerlo luzeak ttanttekin bustita, urruti zegoen baina, halako batean bista jaso du, saludatu nau.

        Arkupetan mutikoak pilotan ari, gu alfonbrak astintzen, sartu da ertzain bat, Anselmok kasu egin dio.

        Hori ere ezagutzen al duzu? galdetu diot.

        Ez, esan dit, ustekabean harrapatu nau, ez nuen agurtuko bestela.

 

 

        Ez digute utzi zahar etxetik lantoki berrira gure lanabesak eramaten: lau trapu eta bi produktu, Isabelek bere armarioan dituenak besterik ez ditugu.

        Ateak oliba olioz eta azulejoak ozpinez garbitzen ditu Isabelek. Anselmo trastornatuta dago.

        Ezin ditugu kristalak behar bezala garbitu, hombre! Lana ondo egiteko erreminta ona behar da!

        Biak ala biak pleno aretoko mahaiak larraskatzen ari, hango paretetan herriko pertsonaia ospetsuen erretratuak —hasi da Anselmo banan-banan:

        Padre Larramendi, hori apaiza zen, Madre Cándida, hori monja, kilometro batera ezagutuko nuke, beste horrek medikua behar zuen, doctor Juan Bautista Erro, ni horren kalean bizi naiz, beste hori konkistadore edo ez dakit zer ibili zen Ameriketan, herriko printzipalenak, bai, ha! horiek ere buruan zer edo zeren falloa izango zuten!

        Udaltzaina, neska handi, begi argia, bera ere ibili omen zen lehenago garbitzen, oraingo lana askoz atseginago zaio, gehien gustatzen zaiona botak dira, haiekin kalea fuerte zapaldu, haien larru usaina ere —Isabelek goitik: Mixa! deitu didanean, lijero joan naiz.

        Huelga hotsak badira gurean.

 

 

        Koska astelehenean ez zen obrara joan, bidali dute.

        Trasteen etxolara joan zenean enkargatuak esan omen zion: Ez aldatu, hartu zure gauzak. Zer ba? Bulegoan emango zizkiotela esplikazioak. Lasai! esan omen zion Koskak, ez neukan lantegi xixtrin honetan bizitza erdia emateko xederik!

        Gero Tolo eta beste bi lankiderekin ostatuan trago bat hartzen ari zela, barraren beste puntan enkargatua zegoen. Halako batean kamarerak beste ronda bat atera die: Haren partetik. Haren partetik? Koskak basoa hartu du, trankil-trankil ate aldera eginda, bota egin du zuhaitzaren ipurdira zerbeza. Ostia puta batzuk ibili ditu...

        Gelan banuen ardo botila bat, berak emana gainera, ekarri nituen sukaldetik bi baso, kakahuete batzuk...

        Hori dek eta!

        Eta zer egin behar duzu orain?

        Orain? Egon! Zer egingo dut?... Larrututa nago, paroa ere ez dut uste emango didatenik, gainera igual zait ez emanda ere, ez naiz lau sosengatik ibiliko herrestan.

        Bueno, esan diot nik, hor dugu furgoneta beti ere.

        Bai, Pragara joan eta etorri —irribarre egin du, ez zegoen hala ere oso bere onean—. Edo zubipean txurroak, edo plazaz plaza talo saltzen ibiliko naiz.

        Botila hustu eta, kalera goazela, eskaileretan:

        Ixo! besotik heldu zidan, orain katua ez al duzu aditzen?

        Belarria tente jarri nuen, ez nuen nik ezer ere aditzen.

        Bai, esan zidan, hor erreka aldean, nolako soinuak!

        Bajerara lagundu nion, pentsakor gelditu nintzen.

 

 

        Mila buelta eman dizkiot gauean, goizean Koskaren bila ibili naiz. Bajeran zegoen.

        Ez dakit, hasi naiz, pentsatu dut atzo esan zenuen festaz festa igual ibiliko zinela...

        Festaz festa?

        Bai, plazaz plaza edo, ez al zenuen esan?

        A! Bai.

        Laster herrietako jaiak hasiko dira eta, egon naiz pentsatzen, nola nik ere lana utzi nahiko nukeen, ba, hori, zerbait egin genezakeela elkarrekin.

        Zertan? Talo saltzen?

        Taloak edo. Badugu furgoneta.

        Furgoneta? Bai, badugu —bat-batean aurpegia arraitu zaio. Furgoneta? Ostia, Mixa, benetan ari al zara?

        Nola ni lehenago ere sukaldean ibili naizen...

        Egia, hi! Ez da idea txarra! Baina, ondo pentsatu al duzu?

        Pf! Ondo pentsatu ere.

        Zu zara zu! Holako ustekabeak, errusiarra izan behar! Baina, zuk ba al duzu gidatzeko baimenik?

        Eez. Hangoa daukat, iaz kadukatua.

        Igual dio. Hara! Nik ere berritu behar nuke.

        Eginda zegoen.

        Hala ere, esan diot, furgoneta horrek aguantatuko al du?

        Aguantatuko ez du!

        Zaldi gutxitxo ez ote.

        Zaldiak? Hirurogeita gehiago baditu!

        Ez da asko: hori aldapetan...

        Aldapetan? Ederki. Hirurogeita piko zaldi gutxi! Arraioa, lehenago bat izatearekin kontent izaten zen jendea. Ostias! Asegurua ere egitekoa daukat... Eta, zer salduko dugu?

        Esan diot nola han ravioliak eta saltxitxak prestatzen nituen stalóvaia batean.

        Saltxitxak? Et et et, hemen jendeak ez du jango hori.

        Bestela xaxlík, esan diot; azaldu diot zer den, Kaukasoan ikasi nuela egiten.

        Mmm, arkumea udan garestia aterako da —eskatu du beste ardo bat, zigarroa piztu du, gero ebaki du:— Patata.

        Nola patata?

        Patata errea. Jendeak estimatuko du. Azala eta guzti serbitzen duzu, nork bere gatza nork bere olioa jarri dezala, listo!

        Patata nahi zuen! Nik nahiago paper ona... Esan diot, horrekin kezkatuta nagoela, dudan pasaportearekin bidez bide ibiltzea...

        Ba! esan dit, orain arte horrekin ibili zara, hemendik aurrera ere horrekin ibiliko zara! Paperak eta ostiak! Ona, hi! Ospitaleak eta!... Bihar joango naiz karneta berritzera!

 

 

        Zahar etxean bilera egin dugu. Huelga egin behar dugu. Ez diete gure neskei kutxan IMIren dirurik sartu, laurehun eta hogeita hamar eurorekin hilabetea pasatu beharra... Sartu bitartean ez dugu lanik egingo. Gainera azpikeriatan dabiltza, konbenio batean sartu gaituzte, baina konbenio horri dagokion dirurik ez digute ordaintzen. Hala esan digu batzordeko batek, esan digu beraiek ez dutela kontratua sinatu, baina politikoek bai, aspaldi.

        Inoiz egin gabeko lanak guk egitea nahi dute, lan gogorrak, edozeinek egiten ez dituenak. Mameni eta Neilari, hasieran esanikoez gain, xukabideak libratzea agindu diete, lantokiko furgoneta garbitzea, inguruko landareei ura ematea ere. Gloriari berriz, orain esan diote kanpo hormetako pintadak kendu behar dituela.

        Pankarta baten atzean udaletxeko plazan bildu gara eguerdian. Barrenderoen eta funtzionarioen harria... Politikoek, berriz, burla egiten ziguten urrundik: pankartan ortografia faltaren bat ote?

 

 

        Zahar etxeko gela batean, gizarte gaien ardura daukan zinegotziarekin. Gelako atean, haren bizkartzainak.

        Esan digu zinegotziak bidali diogun gutuna delirantea iruditu zaiola.

        Gloriak hitz zuzenez, ez oso prezisoez, berriz ere gure erreibindikazioak azaldu ditu.

        Zinegotziak esan du, hogeita bost urtean enpresa komite batean egon dela bera, eta ezagun duela ondo, Gloriak montatu duela istilu guztia.

        Nik galdetu diot: Zu, izan zinen enpresa hartan, komitean, zein aldetakoa zinen?

        Oso harritu da, zera erantzun dit: ondo iruditzen zaiola lankideak defenditzea, guztiarekin gogorarazi behar didala zein kondiziotan nagoen ni programa honetan, ez nagoelako Espainian naturalizatuta —programa hau bertako herritarrentzako dela.

 

                        Egia ixilpean gelditu behar zela,

                        ia ahaztuta neukan.

 

        Ixildu egin bainaiz, Gloriak esan du berari ez zaiola iruditzen hori denik arrazoia —hartan Neilak hartu du hitza, esateko ze:

        Begira, zinegotzi jauna, niri kentzen badidate IMIa, oso garbi esango dizut, ni eta nire semeak garaia baino lehenago hil egingo gara, goseak hilko gara, gure taldea, gure familia historiara pasatuko da.

        Zinegotziak hitz horien aurrean eztikixeago esan digu berak diputazioaren diruarekin ezin duela ezer, hala ere berak posible ikusten duela jornalak igotzea, bere hitza ematen digula ahaleginduko dela, horretarako baina, berehala hasi behar dugula lanean, bestela zigorrak izango direla.

        Bileratik atera eta besteok tabernara goazela, Mamen zinegotziarekin gelditu da, ustez bere erabakia hartuta dauka: lanera itzultzea —garbi dago behintzat, hemendik aurrera, taldeari baino bere ipurdiari begiratuko diola.

        Arratsaldean esan diot Anselmori lana utzi behar dudala. Ez da askorik ere harritu, berak berriz segitu behar du:

        Ezin dut besterik egin, hauek guztiek, zuk ere bai, hartzen duzue, nola deitzen da? IMI ostia hori, nik ezin dut, amarekin bizi naizelako, ez dudalako etxerik.

        Iluntzean Koskarekin, lagun batek zeuzkan tingladoko burdinak ikustera joan naiz. Gaupasetarako, Mandik pasatu diona:

        Ajoarrieroa. Hartu tipula bat, patata batzuk, zatitu, frijitu su eztian, hiru bat piper ur berotan eduki, zuritu, frijitu, baratxuria eta bakailaoa asko egin gabe erantsi patatak, geroxeago piperrak, ardo txuri sorta bat erantsi, egin xuabe hamabost minutuz, jaso biharamunerako.

 

 

        Hernanin, Nemoren soziedadean afaldu genuen. Mamen ez zen etorri.

        Uste nuen lanaz zerbait mintzatu behar ginela. Ezin: bakoitzak bere harria, bere ezinegona. Meltxor, etortzerako mozkorrik, zerbeza eta ardoa nahasten hasi zen. Bere neskak erakutsi zizkidan, karteran daramatzan larrubixikoak.

        Soziedadean, gizonak sukaldean, neskak komunera sarritan, handik kokaren eraginez Neila txoro txoro, Gloriak edozeini hitz txatarrak esaten, beste mahai batean zen mutil bati larru-jo keinuak egiten zizkion.

        Gure mahaian txitxarroa eta letxuga, aldamenekoan afari handi bat: pasatzen ziren fuente ederrak arkume errearekin, Meltxorren begietako malkoak —azkenean jan egin genituen haiei sobratutako puxkak.

        Nire ezkerrean Neila, bere betiko ixtorioekin, bere nobioaz ari zitzaidan.

        Maite al zaitu hark? galdetu nion —keinua okertu zuen.

        Nik suerte txarra izan dut, Mixa, batzuetan pentsatzen dut baten batek gaizki egiten ez ote didan.

        Esan nahi duzu suerte txarren bat?

        Aha —nire sorbaldan jarrita burua, esaten zidan: Lo gelditzen ari naiz, Mixa, lo, lo gelditzen ari naiz.

        Bitartean Anselmok ixil-ixila parrastan husten zituen brandy botila txikiak.

        Gero soziedadetik irten eta, Andoainen jaiak baitira, Gloriak komentzitu du Nemo etortzeko gurekin.

        Ibili gara kale festatik aparte, pub batean amaitu dugu, bertan baziren koadrilla batzuk —izkina batean, Mamen: alkandora politarekin jantzita, aulki luzean barraren kontra zigarro bat erretzen.

        Gu ikusitakoan irribarre aztoratua egin du, pixka bat kordokatu da.

        Nemok hura ikusi eta harengana joan baita, haren atzetik Gloria zihoan eta, Mameni oldartu zaio:

        Zergatik ez zara gurekin etorri? Esan! Eta zergatik hitz egin zenuen atzo zinegotziarekin aparte? —lotsagabea zela, insolidaria, berea egin eta besteak popatik hartzera, faltsa, berekoia.

        Nik titietan jartzen zaidana egiten dut, esan du Mamenek, eta orain, bakea!

        Bultz pixka bat egin dio Gloriari, eta honek:

        Niri ez ukitu e! Ematen dizut sapapeko bat!

        Eman ere egin dio, lurrera bidali du, lurretik salto egin eta Gloriaren aurpegira luzatu ditu Mamenek eskuak. Lotu dira, nola hala bereizi ditugu, egin dute ate aldera denek. Bertan Mamenekin gelditu naiz ni.

        Ez dakit zer esan diodan, seguruena txorakeria pila bat. Nik hitz egiten nuen gehienbat, hark edan eta irribarre egin, laino batetik bezala begiratzen zidan.

        Esaten nion:

        Noski gurekin hitz egin behar zenuen, hortik zer aterako duzu? Lan hori gainera... ez da zuretzako. Lana, zuk behar zenuke... Zuk merezi duzu... Ze alaba xarmantak dituzun, Mámatxka, eta zu ze guapa zaren. Ze guapa zaren, Mámatxka, zurekin sentitzen dut banaizela gauza... Baina, zer esaten ari naiz! Errusian badut familia bat, bai! Ez, ez dizut nik zorionik emango —a, ze koldarra naizen!

        Ez dakit zenbat denboraz egon garen hola, anartean sartu ziren mutil batzuk pubera, haietako batek:

        Bazatoz? esan dio Mameni.

        Itxoin hau edan dezadan, esan dio Mamenek.

        Ea, etorri.

        Besotik heldu dio mutilak, hartan nik: Utzi! esan eta bultz egin diot, berak berriz kolpe txar bat jo dit bularrean, lurrera joan naiz.

        Ez dakit noren laguntzaz jaiki naiz. Mamen mutil haiekin zen. Behatu nion, hura ere niri beha, begiak malkoz beteta zeuzkan

 

 

        Bajerako sukaldean hasi ditut nire saltsak. Koska burdinak soldeatzen, kalendarioa pentsatzen ari da. Tingladoa gaur bukatuko du.

        Falta ditugunak: zartai bat, pintza batzuk, oihal bat, rafia edo sarea, mantel bat, labana handi bat.

        Atzo furgonetarekin arrantzan ibili ginen; obra batetik bidoi bat, ohol batzuk ekarri genituen. Guridik alargadore bat utzi behar digu, komeniko da beste butano bonbona bat ere.

        Permisoekin gaizki ibiliko ote garen, esan dio Koskari horretan ibiltzen den batek: gaur egun, abentura bat dela permisorik gabe ibiltzea; ikusiko dugu.

        Ogiak eta haragiak ere bilatu beharko ditugu.

        Bihar ez naiz lanera joango.