Neguko zirkua
Neguko zirkua
2005, narrazioak
232 orrialde
84-95511-74-6
azala: Xabier Gantzarain
Harkaitz Cano
1975, Lasarte
 
2023, poesia
2022, poesia
2018, nobela
2015, narrazioak
2011, nobela
2001, poesia
1999, nobela
1996, nobela
1994, poesia
 

 

Zingiretan

 

Goizeko seiak ziren. Desorduetan eta deslekuetan, halaxe ibiltzen dira maitaleak.

        Hirira heldu aurretik urtegia inguratu nuen. Errepide berriari muzin egin eta biderik luzeena hautatu nuen, urtegia ikusteagatik bakarrik.

        Ikuskizuna ez da makala, goizeko ordu hartan oraindik dena ilun zegoen arren. Lehorteak eta azken hilabeteotako euri faltak agerian utzi zituen behiala urperatutako herriaren horma puskatuak, harrizko eskaileren zirriborro bihurtutako etxeak, elizako kanpandorrea bera. Egunkarietan irakurri nuenez, bertan bizi izandako jendea hara hurbildu zen azken asteetan, izpiritual edo nostalgiazko jo zitekeen jarrera harekin bere bizitza puska ahaztu eta erreskataezin hura, urtegia egin zenean galdutzat emandako bizitza puska hura berreskuratzera. Eskonbro haiek ikustearekin batera galdutako beste zenbait gauza berreskuratzeko itxaropen konfesaezinarekin, agian.

        Ni ere halaxe nindoala otu zitzaidan, duela hamar urteko zerbait berpizteko itxaropenarekin. Duela hamar urte bezala, baina begietan neke handiagoarekin.

        Nire bizitzari zentzua ematen zion gauza bakarra zen orduan, urduri telefonoz deitu eta bidea libre bazen han agertzea, eranzteko eta erauzteko erosoak ziren arropekin beti. Bera ere halaxe egoten zen nire zain. Ez genuen galtzeko denborarik izaten, herio batean zihoakigun astia, larrualdiaren ondorengo elkarrizketak egiten zitzaizkigun labur. Berak lanera joan behar izaten zuen gero, edo senarra etorriko zen beldur izaten zen, edo nik utzitako arrastoak ezabatzeko denbora beharko zuen —beti itzultzen da kontzientzia krimenaren lekura—, edo, beharbada, egun hartan haize gutxi zebilen kanpoan eta beldur zen leihoak denbora gehiagoz zabalik izan beharko ote zituen baldin eta sexu usaina uxatuko bazuen hain haize gutxiko egun estanko batean.

        Zoaz, zoaz. Ezin duzu gehiago geratu.

        Hori esan ahal balie usainei eta grinari, ni airetik egotzi ahal banindu, leihotik ustekabean sartu den txori galdu bat egozten den bezala.

        Puskak batu eta hanka egiten nuen, zoriontsu hala ere, zorion mingots eta erdibideko batekin. Baina zein zorion ez da mingots eta erdibideko? Hain dago gertu zorion osoa inozokeriaren mugetatik, leloen kontua dela pentsatu izan baitut beti.

        Eta gero amaitu zela erabaki zuen. Horrela, besterik gabe. Edo bai, izan zen beste zerbait. Kontua da ez nuela ondo ulertu besterik guztiak lehendik zeudela, ni bere bizitzan sartu aurretik. Besterikez beteriko zerbait izan zela gurea, bizitzeko eta ez itotzeko leku oso gutxi zuen zerbait. Erabaki zuen arriskuak ez zuela gehiago merezi. Errotuegi zeukala beste harremana nirekin berri bat hasteko.

        Esfortzu kontua da beraz, pragmatiko hutsa zara zu ere, azkenean.

        Ez zidan ezer erantzun, ezpainei kosk egin eta kokotsa aurreratu zuen, penatuta. Zinez penatuta zegoen, hori benetan sinetsi nion.

        Hamar urte ziren horretaz. Urteak azkar pasatzen dira. Azkar eta zure gainetik beti.

        Atea ireki zidanean, ezpainetan jarri zuen hatza. Umea lo egongo zela imajinatu nuen. Duela hamar urte bezalaxe zegoen bera, ez zen batere aldatu.

        Besarkatu nuenean, bere bularrak erasokor sumatu nituen elastikoaren pean. Ni besarkatzea aski zuen, bular haiek nire defentsa lerroak zulatzen hasteko. Zulatzeko ez: urtegian ikusi berri nituen eraikin birrinduetako pareta-tarte haiek bezala behera botatzeko, esan beharko nuke. Lotsatu egin nintzen, eta nire zakil harrotuaren koska senti zezan baino lehen apartatu nintzen bere gorputzetik. Lotsa, hainbeste urte eta gero. Pasioa, hainbeste urte eta gero. Kontzientzia den hiltzaile erreinzidente txatxu hori, hainbeste urte eta gero.

        Umea lo zegoen sehaskan. Baina ez zen hori kezkatzen ninduena.

        Kanpoan dago, ez da astelehen arte itzuliko.

        Aspaldian maitaleak izan ginen. Maitale sutsuak. Ez diot sekula inori arroparik berari bezala tarratatu, ez dizkit inoiz botoiak inork halako biolentzia samurrez kendu. Maite izan nuen eta gorroto izan nuen denboraldi batez, neure infernu zoriontsu erdibidekotik. Baina berak beste aukera bat egin zuen. Nik ulertu egin nuen, onena zen biontzat. Bai behintzat bizi ginen garaietan, bai behintzat pragmatismoaren sasoian, «hartara gurea ez da inoiz endekatutako maitasun zimela izango» esaten zuen. Arrazoi zuen. Beti itzuli ahal izango genuen oroitzapenera, ezen ez, elkarren putre bihurturik, usteltzen doan haragi mingotsera.

        Ulertzen nuen. Ulertzen nuen, baina ez zidan grazia zipitzik ere egiten.

        Berarekin larrua jotzean ere zugan pentsatzen nuen, ordea.

        Ez hitz egin niri horrela. Ez dut jakin nahi. Ez dut hori zertan jakin. Mingarria da. Ez zara konturatzen?

        Umea izatea erabaki genuenean, berdin. Orduan ere zugan pentsatzen abandonatzen nintzen. Ume horrek zure antza izan behar luke, ez berea.

        Umeak ez zuen ordea, oraindik, inoren antzik. Sehaskan zegoen lo. Lo zeuden beste umeen antza zuen, inorena izatekotan.

        Zuk ez duzu nigan pentsatzen, beste emakumeekin larrua jotzean? Esan egia: hainbeste urte eta gero, ez duzu nigan pentsatzen? Ziur nago baietz, batzuetan behintzat... beste emakumeen artean bat gehiago banaizela esan behintzat. Esadazu baietz, inportantea da niretzat.

        Nahikoa da.

        Sehaskara hurbildu nintzen. Etxea txikia zen. Sehaskaren ondoan bazen sofa bat. Hara bultzatu ninduen, praketako botoiak askatu eta zakila oratu zidan. Erruduntasun konplexu judeokristauak hor zirauen, guraso modernoek bataiatu ere egin ez gintuztenongan. Berehala puztu zen zakila, eskutik ihes egin nahi zion arraina lez. Ahora eraman eta masailaren barruko aldearen kontra igurtzi zuen. Nigan zuen ahalmen magnetiko menperatzaileak segurtasuna eman zion jarraitzeko. Irribarre egin eta mihi puntaz hura miazkatzen jarraitu zuen. Haurra lo zegoen. Hari begiratzen nion nik. Haurra han egoteak isuria atzeratuko zuela uste nuen, baina oker nengoen. Hazia ahoan hartu eta musu eman zidan, neronen hazia ene kokotsean behera irrista zedin utziz, irribarretsu. Ez zait haziaren zaporea gustatzen: alkandora kendu eta titiak miazkatu nizkion, esperma likatsua bere titiburuen inguruan zabalduz.

        Kentzeko geratzen zen arropa urria erantzi nion gero. Berehala harrotu zitzaidan berriro. Zakila heldu eta barrurantz sartu zuen, bi kolpetan. Aise egin zuen bidea.

        Zingiran hago, oraindik gai haiz zingira eta hire harrokeria, zingira eta hire arkeria bereizteko, baina hemendik gutxira, husten haizenean, dena izango duk putzu, dena izango duk zingira, pentsatu nuen.

        Apartatu egin nintzen beragandik. Harritu egin zen. Bi indibiduoren arteko borroka zen. Hirurena, nire harrotasuna zenbatuz gero. Bera ni baino zintzoago ari zen portatzen, onartzen dut, ez zuen duelora bere naturaltasun biluzia besterik ekarri. Lurrean zetzan galtza parean patrika bilatu eta azkar jantzi nuen lekatik atera nuen preserbatiboa. Berehala heldu zion berriro nire zakilari. Kolpe bakarrean sartu zuen. Barruraino. Umeak lo jarraitzen zuen, baina gero eta deserosoagoa zitzaidan bera han ikustea. Ez dakit bere amak nola jasan zezakeen. Ume hura ere zingira halamoduzko batetik jaioa zen, ez zeukan inolako zentzurik.

        Arnas hotsak ozenegiak izan ez zitezen saiatu nintzen. Berari ez zitzaion inporta, itxuraz, gero eta oihu erdiragarriagoak egiten zituen eta. Haurra esnatu eta negarrez hasi zen. Nik alde egin nahi nuen etxe hartatik, eta batez ere, zakila handik atera nahi nuen, baina ez zidan uzten, segi eta segi, gora eta behera zoratuta astintzen zituen aldakak. Azkenean lortu nuen gainetik kentzea. Zakarregi aukeran. Umeari arreta jarri beharrean, komunera joan zen, haserre. Kisketaz barrutik itxi zuen komuna. Umearengana hurbildu eta hura isilarazten saiatu nintzen. Oso txikia zen, apenas izango zituen sei hilabete. Ez nuen etorri behar. Nardagarria zen, ezer gutxi zen epela eta humanoa nire maitale izandako haren haur jaioberriaren eta nire arteko intimitate behartu hartan; auskalo nork erositako jostailuak zeuden lurrean, euren kolore ezinezkoak alfonbran iltzatuz.

        Beste haur batzuekin gogoratu nintzen. Duela hamar urte guk larrua jotzen genuen etxe hartan —orain larrua jo genuen edo larrutan egiten saiatu berri ginen etxe hartan bertan— baziren ume batzuk goiko pisuan, zalapartari ibiltzen zirenak beti jolasean. Bertigoa ematen zuen haiek orain zein adin izango zuten pentsatze hutsak. Sabairantz begiratu nuen. Ez zen haien hotsik sumatzen, eta behar nuen, behar nuen zinez haien zarata. Askotan sumatzen genituen garai hartan ohetik, bi neba-arreba alai haiek egurrezko eskailerak barrez eta arrapaladan jaisten. Hori zen zoriona: larrualdiaren ondorengo laztanak eta ikusi gabe ere argi entzuten genituen bi ume haiek kanpoan, zaratatsu eta barrez.

        Haserretu ginen aldietako batean, etxetik joateko esan zidan eta joan egin nintzen. Danbatekoa eman eta alde egin nuen. Telefonoz deitu nion gero berehala, bere etxe atariko kabina batetik. Ezin nuen bera gabe bizi, horixe zen egia.

        Serio ari zinen joateko esan didazunean?

        Serio ari nintzen.

        Ba ikusi duzu: serio eman diot nik ere ateari danbatekoa.

        Ez nuen halakorik espero.

        A, ez? Zer nahi zenuen egitea? Loradenda batera deitzea? Hildakoentzat enkargatzen den koroa horietako bat enkargatzea gure harremanaren jaiotze eta defuntzio datak jasotzen dituen xingola batekin?

        Danbatekoa eman ondoren etxe barruan geratuko zinen esperantza neukan. Eta ez atearen bestaldean.

        Baina ni joan egin naiz.

        Bai. Altxatu eta korrika inguratu naiz kaleko atera. Zu han topatzea pentsatzen nuen. Etxe barruan. Seguru nengoen. Amorrua deskargatzeko danbatekoarekin nahikoa izango zenuela uste nuen. Baina gero hor geratuko zinela, ni ostera besarkatzeko. Danbatekoa eman ondoren etxe barruan geratuko zinen esperantza neukan.

        Ez dituzu nire pausoak sentitu eskaileretan behera?

        Bai, baina goiko umeak zirela uste nuen.

        Eta ez ziren.

        Ez, ez ziren. Baina batzuetan edozeri heltzen diozu.

        Edozeri, eskaileretan behera doan ume bat izan arren.

        Zergatik gogoratzen nintzen orain elkarrizketa harekin? Zergatik ez nuen elkarrizketa hura sekula ahaztu? Beharbada gai izan behar genuelako danbatekoaren ekintza eta alde egitearen ekintza bereizteko. Baina horretarako pertsona ikaragarri hotza izan behar da.

        Zazpi t'erdiak ziren, desorduetan eta deslekuetan maitaleak beti. Desorduetan haien haserreak. Berak komunean giltzapetuta jarraitzen zuen. Sukaldeko harraska urez bete nuen, katilu zikinak urpean geratu ziren arte. Itogarria zen hura.

        Berriz eseri nintzen sofan.

        Sukaldeko iturriari tanta eternal bat zerion, segundo bakoitzari oihartzun egiten ziona: bi hots segundoko beraz, bata bestearen atzetik sinkronizatuta, segundoa erdibanatuz. Erlojuak eta segundoen frakzioak asmatu aurretik, norbaitek iturrietako tanta gogaikarri bakar eta errepikakor horren tortura nozitu ote zuen sekula? Desesperagarria zen segundoz segundoko jario hori harraskako metalaren kontra entzutea. Berriz altxatu eta edalontzi bat jarri nuen azpian. Tanta ez zen jada hain gogaikarria kristalaren kontra lehertzean.

        Tanta bat buru gainean, beti puntu beraren gainean erortzen uztea tortura sistema bat zela irakurri nuen behin, ez dakit non. Erdi Aroko sufrimendua eta epika bat-batean nire buruaren jabe egin ziren.

        Ireki da komuneko kisketa. Berriro etorri da bera. «Maite zaitut» esan dit. «Merkea da hitz egitea», esan diot. «Betiko maiteko zaitut, nire erara. Baldin bait ere posible balitz... Alde egitea nahi nuke, eta duela hogei urte bueltatzea. Non zeunden duela hogei urte?».

        Nahikoa da.

        Absurdua da esaten ari naizena, eta ez da batere orijinala, gainera. Ez zait ezer bururatzen gaur: duela hamar urte lore-koroena bezalako inozokeria koloretsuak esateko adorea izaten nuen behintzat. Absurdua da egiten ari naizena. Absurdua izan da hona etorri izana. Ez nuen etorri behar. Sukaldeko irratia piztu dut nire urduritasuna ezkutatzeko. Berehala ohartu gara zerbait jazo dela. Sirena hotsak entzuten dira irratian, usma liteke ezinegona.

        Atentatua itzela izan omen da. Hildakoak dozenaka. Sarraskiaren lekutik mintzo dira, sirena hotsek uzten dieten heinean mintzo. Pozo del Tío Raimundo izena du geltokietako batek. Horrekin geratu naiz ni batez ere. Pozo del Tío Raimundo. Hitz horiek oihartzun egiten dute nire buru barruan.

        Pozo del Tío Raimundo. Elkarri begiratu diogu. Umea lo dago. Jostailuak barreiatuta, kolore ezinezkoak lurrean iltzatuz.

        Eta orain Madrilgo errebalak dauden lekuan ikusi dut duela hainbat urte jendea ur bila joaten, ez dago espaloirik, ez dago porlanik. Jendea ur bila doa eta ur bila doan beste hainbat jenderekin solastatzen da bidean, besterik ez. Raimundo? Nor ote zen Raimundo delako hori? Norbait estimatua izango zen, ez dago dudarik. Deiturarik ere ez diote jarri, gertukoa eta estimatua zelako, osaba Tom bezala, Raimundo, berea zen putzu batetik uzten zien edaten, ez zuen deiturarik behar. Deiturarik gabe estimatzen zuten.

        Eskutik heldu dit.

        Zuk uste duzu ETAkoak...

        Ez. Ezin dute haiek izan. Nola izango ziren ba? Pozo del Tío Raimundo izena duen leku batean? Nola jarriko zuten lehergailu bat Pozo del Tío Raimundo izena duen leku batean? Nola ordu honetan? Nola errebaletako tirau guztiak lanera doazen bitartean? Burua galduta ere, ezinezkoa da, jode.

        Sinetsi ote nuen esaten ari nintzena? Hitzetan bakarrik sinets nezakeen, eta hitz horien esanahia ezagutu eta nirekin konpartitzen zutenengan, agian. Pozo del Tío Raimundo. Dardarka nago. Bat-batean egarria daukat. Gerritik heltzen dit, atzetik. Estu besarkatzen nau. Estu besarkatzen dut.

        Nire burua bere menera uzten dut. Geroko tristuran eta geroko uneetan ez pentsatzen saiatuz, duela hogei urte bueltatu izan banintz bezala, bera ezagutuko ez banu bezala.

        Baina zerbait falta da. Malkoak ditut begietan. Katastrofeen abantaila: zertaz negar egiten zuten jakin gabe negar egiten zutenek badute orain negar egiteko arrazoi estandar, ulergarri, psikiatria manualetako bat. Zerbait falta da, hala ere.

        Eskaileratan ume batzuk zaratatsu eta irribarrez, arren!

        Isilunea jasanezina da. Malkotan gaude biok, negarrari eutsi nahian. Miazkatu egin dizkiogu elkarri malkoak, aurpegian behera gehiegi irristatu baino lehen. Elkar laztandu dugu ia elkar ukitu gabe, leialtasun erdibiturik gabe, denboratik kanpo.

        Arratsberan, lo dago bera. Umea ere lo dago sehaskan. Alkandora botoiak lotu gabe gainetik jantzi eta sukaldera sartu naiz. Pertsiana bat erdi irekita. Bizilagunen batek gerritik behera biluzik nagoela ikusi izango duela otutzen zait. Naturaltasunez jokatu eta nire buruari inporta ez zaidala sinetsarazten saiatu naiz. Beldur diot irratia berriz pizteari. Umea ez esnatzeagatik, esaten diot nire buruari. Baina ez da egia, ez da horregatik.

        Begiak itxi eta sarraila hotsa entzuten dut goiko pisuan. Dudan indar guztiarekin arrapalada zaratatsu bat eta ume barre bat eskatzen diot, ez jainkoari, ez inori, nire buruari baino.

        Behar dut, premia daukat, bizia horretan doakit, zurezko eskaileran beherako umeteriaren arrapalada hori, jainkoarren. Diodana otoitz bat izan daitekeenik pentsatu gabe hasieran, nire buruari esaten diot: horretarako ahalegin berezia egin behar badut ere, poztuko naiz aurrerantzean hurkoaren zorionaz, bakarrik biziko naiz, eguzkia dagoen lekuen ondoan eseri eta betazalak itxita dastatuko ditut argia eta bizitza, aingeru guardako bat bezala izango naiz, disko-jogailuaren altabozak barruko patioetara aterako ditut bizilagunek nire bildumako kanturik leunenak entzun ditzaten, zoriontsu izango naiz aurpegirik ikusten ez diodan horren eskaileratik beherako barre kezkarik gabeak entzutean.

        Harraskan, iturriko tanta errepika eten da dagoeneko. Lehen azpian utzi dudan edalontzia beteta dago. Tantaz tanta bete da. Tanta bat eta gero beste bat. Eta gero beste bat eta beste bat, tanta guztiak berdin, tanta guztiak ezberdin. Egarri naiz. Edalontzia hartu eta trago bakar batean hustu dut, tantaz tanta betetako edalontzi baten zaporeak arrastoren bat, jakinduria malutaren bat, zerbait berezia adieraziko didan esperantzan. «Mila tanta badira, egon behar du baten bat jakintsua, baten bat interesgarria, besteak baino hobea, Darwinek tanten eboluzioaren historian tanta hobe bat lortzeko bidean aurrera jarraitzeko hautatzeko modukoa».

        Galapago uharteak, dortokak eta erredentzio elurrak ditut buruan, ura eztarrian behera kolpeka doala.

        Nire zoritxarrerako eta pentsatzen nuenaren kontra, segidako txorrotada luze batean betetako uraren zapore berbera du, ordea, tantaz tanta betetako edalontziko urak ere.