Auzoak
Auzoak
2005, narrazioak
160 orrialde
84-95511-72-X
azala: Alain M. Urrutia
Urtzi Urrutikoetxea
1977, Bilbo
 
1997, poesia
 

 

Alejandro Etxebarria

 

Emanaldia amaitu eta aretoa hustu denean, Alejandro agertoki hutsera begira gelditu da bere aulkian; gero astiro altxatu eta astiroago ibili da aulkien artetik, eta azkenean taula gainera igo eta ezker hegaletik barrena jaitsi da aldageletara.

        Zain dauzka denak, arropaz aldatuta ordurako.

        — Altxa burua, gizona. Hileta onenetan bezala ospatu behar diagu: eguna argitu arte mozkortu!

        Kostata egindako irribarrea eskaini die Alejandrok, baietz, arrazoi dutela eta lasaitu ederra hartuko duela buruko min hauek guztiak kenduta.

        — Denok gaudek triste, baina bihar egingo diagu negar.

        — Hara, laztana, neuk esango diat, baina uste diat mari-zirtzil banda osoa bat datorrela: bihotz-bihotzez eskertuko diagu beti... beti-beti.

        — Hi orain erdu geugaz. Mariloka talde honetan malkorik ez da izango; eta izatekotan, denok batera egingo diagu negar, mozkor-mozkorrik.

        — Inportanteena, bihotza, bakarrik ez gelditzea duk. Azkenean sasiartista jendeak kutsatu egingo hau... eta astakeriarik egin ez dezaan...

        Berriz ere baietz egin die Alejandrok, baina eskatu die tartetxo batean utz dezatela bakarrik, berehala bilduko dela eurengana. Aurretik, azken musua ematen zaion maitaleari legez, berari ere uzteko agur esaten antzokiari.

        Ez dabil auto larregi pasaeran. Taxiren bat edo beste, jai gogoz dabiltzan exekutibo arlote mozkorrak barruan. Antzokiko ateak parez pare itxi dituenean pentsamenduak uxatu gura izan ditu. Gaueroko ekintza berbera dela baino ez dio errepikatu gura bere buruari. Bihar-etzi itzuli beharko du gauzak batzera, txukuntzera, eta gero arropa-dendako multinazionalari erakutsi beharko dio berriz ere, paperak egin... oraindik egun batzuetan etorri beharko du antzokia zelan desegiten den ikustera.

        Badaki bere burua engainatzen diharduela, gaurkoa ez dela gaueroko ekintza, eta sarrailari ematen dion buelta bakoitza garroteari emandako sakada dela.

        Pertsiana metalikoa jaistean, zergatik egiten duen bururatu zaio: Zer axola du antzokia zabalik uzteak? Agian norbaitek beharko dituen gauzak egongo dira hor, berak eta, zer esanik ez, arropa-dendariek baino probetxu handiagoa aterako diotenak. Baina pertsiana jaitsi, zoruan sarraila tinkatu, giltza sartu eta itxi egin du atea.

        Kalean behera joan da Alejandro.