Auzoak
Auzoak
2005, narrazioak
160 orrialde
84-95511-72-X
azala: Alain M. Urrutia
Urtzi Urrutikoetxea
1977, Bilbo
 
1997, poesia
 

 

Santutxuko gazteak

 

                        oztopoak oztopo, munduko sorgintxulo

                        guztietan biltzen jarraitzen dutenei

 

Gurea da poteorako ohiturek indartsuen iraun duten auzo bakanetakoa: jende asko leku txikian, taberna ugari; auzo bizitza, zertxobait apaldu arren azken urteetan, osasuntsu dabil oraindik. Arrastian beteta egon ohi dira tabernak, eta eguerdiko bermutak hartarako aukera daukan jendea erakartzen du. Erretiratuak batez ere.

        Gurera igoko ziren eskailera mekanikoak jartzeko ekinean ari ziren beharginak egun haietan. Bageneukan metroa, baina auzoak han goian jarraitzen zuen, malda amaigabeen gaineko muinoan. Hiri modernoko agure-atsoek behar zuten erosotasunik.

        Hesitu zuten bide zaharra, desbideratu zituzten oinezkoak, eta hasi ziren eskailerako maila zaharrak kentzen. Ontzioletako, portuko, fundizioetako langile ohiak, erretiratuak, bizkor bildu ziren eskaileretan zihardutenei begiratzera.

        Guk ez genion jaramon handirik egin kontuari. Nahikoa geneukan geure arazoekin. Adi-adi alde egiten genuen goizero, eta iluntzean dena ondo zihoala ziurtatu. Goiz edo berandu, bagenekien etortzekoak zirela. Saiatuko zirela gu gaztetxetik egozten.

        Ondo atondu genuen etxea, planoak egin genituen, Poliziak sartzeko zeuzkan ateak eta etxeko pasabide ezkutuak miatu eta zelan jokatu pentsatu genuen. Lehen helburua, bistan da, ez zitezela sartu. Auzoko edonorentzat beti parez pare zabalik egon ziren ateak sendo hertsi genituen mehatxua indartu ahala, taket lodiak jarri genituen haien kontra, eta sartzea eragozten zuten beste neurri batzuk ere bai, azaltzerik merezi ez dutenak.

        Eta sartuz gero? B plana berehala goiko solairura igotzea zen, harako zurubi estuan barrikada paratuta. Eta han ahal zen denbora gehienean eustea.

        Hala ematen genituen egunak azken hilabetetan. Bagenekien etorriko zirela. Berriz, esan nahi da. Lehenago etorri baitziren. Erdi lo hartu ninduen bolanderak, gainontzeko gehienok legez. Fin ibili zen bota zuen gaztea zorionez, eta bolandera gehiago jaurti zituen zerura. Poliziak sartzeko ahaleginik egin orduko prest geunden barrutik eusteko. Kanpoan ere jende andana bildu zen segituan.

        Tentsio handiko orduak joan ziren. Kanpoaldean gehienbat, gurekin ezertan saiatu orduko bildutako guztiak uxatzea ezinbestekoa baitzen. Baina gure alde zihoan denbora. Ekintza azkarra behar zuten, ahalik bizkorren hartzea etxea eta, nahiz indar handia erabili, labur egitea, eskandalurik gabe.

        Baina orduak joan ahala, alferrik ziharduten. Bagenekien alde geneukala erlojua, jendea bilduz baitzihoan, hedabideak bertan... Azkenean, deia jaso zuen polizia-buruak, bertan behera utz zezatela dena. Hurbil zeuden hauteskundeak, eta irudi haiek ez zekarkieten onik. Irabazia genuen lehen bataila.

        Ordurako defentsa ez eze, indarra bildu beharra ere argi gelditu zitzaigun. Eta horretarako iturri nagusia eskaileratarako lan haietan zeudela erreparatu zion norbaitek. Hasieran zementu zakuren bat, harlauza batzuk... izan ziren. Erraza zen: bertan zeuden obrak, inolako zaintza barik, hesi txikia gainditu eta hartzeko moduan. Errazegi, gero ikusi genuenez. Lehen egun haietan txandaka jaisten ginen, tarteka, gaztetxeko defentsa egituratzeko komeni zitzaizkigun baliabideak batzera. Lanabesen bat ere sartu zen behin edo behin. Hortik aurrera jabetu ginen ez zela normala hain erraz, hain sinpleki eskuratzea tresna haiek guztiak. Egun batean ezer gutxi zegoela esanez itzuli zen obretara joana zen biko taldea. Gauza zail zegoen. Norbait konturatu ote zen gauean desagertzen ziren kontuez?

        Beste arrats batean, Poliziaren furgonetak auzoko beste aldean bilduta zeudela esanez etorri zitzaigun gazte bat. Okerrenerako prestatzen hasi ginen. Ez ziren gaztetxeraino etorri, baina aurrerantzean tentsioa igotzen hasi zen: behin eta berriz ibiltzen ziren eraikinaren inguruan, eta argi zegoen edozein unetan egin zezaketela ekintza bizkor batean etxea husteko ahalegina.

        Ustez defentsarako prestakuntza ondo antzean egon arren, ez genekien harekin irauterik ote genuen. Auzoko nagusiek, eraikuntzan zebilen gurasoren batek, ohartarazi gintuen gure gabeziez, non zer hobetu, zelan hesitu pasabideak... Etxeko lanabes zaharrak ere ekartzen zizkiguten lantzean behin.

        Behinola ezagutzen ez genuen gizon bat sartu zen. Zikin zetorren, izerditan eta mahoizko prakak lokatz eta zementu zipriztinez lohi. Zertxobait aterako genion galdetu zigun, ahots lodiz, makarrenek izaten duten hizkera xelebrean. Ron botila begiratu zuen eta kopatxoa atera zion barraren beste aldean zegoenak. Gizona bazterrera joan, patrikatik ogitartekoa atera eta bizkor irentsi zuen.

        — Lanera itzuli behar dut. Zenbat da?

        — Behingoagatik, gaztetxearen kontura.

        Esker onez agurtu zigunean erreparatu genion ezpain gainean zeukan orbanari.

        Biharamunean hiru behargin agertu ziren. Jatekorik ba ote geneukan galdetu ziguten, euren ogitarteko hotzez aspertuta zeudela-eta.

        — Jatekorik ez, baina aipatuko dut lagunekin eta ahaleginduko gara biharko zeozer prestatzen.

        — Estimatuko dizuegu... Egizue gauean osteratxo bat!

        Gauean torloju kaxa bat agertu zen obretan, «ustekabean». Gaztetxean sartzen zen lehen poliziari torloju haietako batez bete-betean emanez gero, birritan pentsaraziko zion aurrera jarraitu gura ote zuen.

        Ezin ukatu: desastre hutsa ginen sukaldean. Egun batzuk lehenago, gu baino nagusiagoak ziren lau lagun heldu eta afaltzen harrapatu gintuzten. Auzo osoan hustutako espraiak zekartzaten eskuetan.

        — Ez zagok txarto!, gu Tele Puzza eta Putza Hut pintadak egiten eta zuek koipegintzan. Koipea eman eurei eta euren koipea hartu, 69 nazkagarri batean.

        Betiko moduan aurre egin zien Tximuk:

        — Guaietan guaiena hi bahaiz, zorionak, baina ez zioagu inori azalpenik emango zer eta zelan afaltzen dugun. Txarlik ekarri zizkiguk gainera. Baina, jakina, hik aitaren negozioan bero-bero daukak ipurdia.

        Ederra marka orduantxe etorri balira gaztetxea ixtera! Pizza kaxak nongura, eta elkarrekin muturtuta eta deskuiduan bi borrokan hastekotan. Hura zen gure eredu asanbleario eta antisistema.

        Azkenean pizzekin batera geure kontraesanak irentsita, onartu genuen sukalde hari bazegoela onura hobea ateratzerik. Eta langile haientzat zerbait prestatzea akuilu bikaina zen, bidenabar gauerako ere zerbait egiteko. Hala eta guztiz, orduan ere eztabaida. Euskaldun bi nahikoa dira elkarrekin haserretzeko. Eztabaidarik gabeko gaztetxea ez da ez gaztetxea ez ezer. Biak nahastuz gero, koktela lehergailu bihurtuko da.

        — Janariarena ondo zagok, baina ez zagok animaliarik zertan hil!

        Akabo. Batzuek sukaldea libre, besteek begetarianoa, eta azkenik, beganoen taldea, okela ez eze, animaliaren eratorririk ez zegoela zertan jan.

        — Horrela, geroz eta itxiago eta zatituago —moztu zuen eztabaida bospasei urte lehenago lekua okupatu zutenetatik batek—. Hemendik botatzen gaituztenean kalean segituko dugu eztabaidatzen zelangoa behar zuen sueteak!

        Sandwitxak eta tortillak prestatu genituen, beraz. Arrautzaz eta gaztaz. Eta beharginek hamaiketakoa gurean egiteko ohitura hartu zuten. Batek edo bestek antolatuta geneukan egiturari ere erreparatu zion; txukuna iruditu arren, non zer hobetua aipatu zigun. Zenbait baldosa handi, zementua, torlojuak... luzaroan irauteko ez eze, aurre egiteko ere polito hornitu ginen.

        Sueteko lanak dezente hobetu ziren, nahiz eta egoerak gura adina afari eta ekitaldi prestatzea galarazi. Edozelan ere, etxeak hantxe eusten zion, espekulazioaren tiraniari iheska dabilen amets baten moduan.

        Gaur ez da beharginik agertu. Lehengo asteko sukaldaria ez zen onena, egia, baina horren tortilla txarrak egin ote zituen ba?

        Beharginik ez, bai ordea udaltzainak. Plazan agertu dira, eta denok hasi gara luzaroan ikasitakoa prestatzen. Dirudienez, hauxe da unea. Aurre egitea lortuz gero, litekeena da bakealdia ematea. Auzoko giroa gure alde baitabil aspaldion, udalaren egitasmoen gezurrak agerian utzita: agureentzat baldin bada lekua, imajina dezaketen egoitzarik dotoreena eraikiko ei diete. Gerra urrunean gudari ibilitako batek gogoan zuen espetxetarako erabili zuten sasoia. «Berriz espetxera eta abadez inguratuta bialdu gura nabe? Ezta kaskarretik jota be!». Bost axola egitasmoak. Disneyland bera ere planifikatuko lukete, umeak horrela limurtuz gero.

        Kontua geu botatzea da, gero gerokoak.

        Eta orain beharginik ez eta atean dira udaltzainen autoak.

        Hau da erresistentziarako tenorea, beraz.

        Bolanderak bota ditugu. Jendea laster bildu ezik guk geuk bakarrik egin beharko diegu aurre. Baina auto lartxo dira.

        Tropelean heldu dira kazetariak.

        — Alkatea ere hor kanpoan da! —aldarri egin du norbaitek.

        Izuak izu, gaur goizekoa segituan amaitu da: etxea ondo gotortu badugu ere, inor ez da gutaz arduratu. Alkatea beharginak egon ziren lekura hurbildu, zinta moztu eta argazkilarien flashen artean zinegotziari bostekoa emanez esan du: «Eskailera mekanikoa inauguratuta dago».