Auzoak
Auzoak
2005, narrazioak
160 orrialde
84-95511-72-X
azala: Alain M. Urrutia
Urtzi Urrutikoetxea
1977, Bilbo
 
1997, poesia
 

 

Maldan gora

 

Eskolako atarian berokiak janzten ari dira umeak. Gero banan-banan bere bideari lotu zaio bakoitza: gurasoen autora batzuk, hiriko kaleetan barna nagusienak, asteburuaz berbetan, olgetan, txantxetan. Ikerrek markesinara bideratu ditu urratsak. Lagun gehienak oinez joan dira, beti bezala, baina gaur ez diote irri egin, ama kotxez bila datorkionean egiten duten legez. Bestelatsu begiratu diote, behingoz zilegi baitzaio harroxko agertzea. Izan ere, ez du ama zain. Musika eskola ondoko autobus geltokian itxaroten dago Iker. Etxera bakarrik joango da estreinakoz. Zehatz azaldu dio amak egin beharrekoa, non itxaron ibilgailuari, bakoitzaren kolore eta zenbakia zein den. «Adi egon okerrekoa hartu barik. Galduz gero beti dago beste autobusen bat». Artega dago, bonobusa eskuan, arretaz, ez tolesteko, ez bustitzeko eta ez dezan haizeak eroan. Barraketako ilaran txanda hurbiltzen denean izaten duen zirrararen antzekoa nabari du Ikerrek.

        — Bakarrik etorriko da txikerra?

        — Bai.

        — Hain garrantzitsua da rusoaren ezkontza? Ia ez duzu ezagutzen.

        — Ez da errusiarra, ukrainarra baino.

        — Berdin zait Ukrainakoa edo Gizaburuagakoa izan.

        — Itziar ezkonduko da, eta ez dut huts egingo. Zer da kontua, Martinekin utzi duela ala Valery ukrainarra dela? Edo biak agian? Matxismotik apur bat eta arrazismo txorrotadatxoa.

        — Tira, Nekane, utzi lelokeriak. Niri bost Itziar norekin dabilen. Hala ere, Martin gizajoak...

        —Martinek, ondo zein txarto, bere bidea erabaki zuen. Egoerak izorratu arren, ziur naiz zuek denok baino hobeto ulertzen duela. Zuek gurago Jasone Abusukoagaz moduan ezta?; neska koitaduari hobe ezer esan ez.

        — Jasonek badauka nahikoa arazo barruan horrelakoak ere jakiteko.

        — Ba Aitorri ez zenioten ezer aurpegiratu. Mutilak beste beharrizan batzuk zituen... hara bestea!

        — Gura duzuna, emakumea. Orduan, ez zara umearen bila joateko libratuko?

        — Eta zu, joango zara behingoagatik bere bila?

        Urduritu egin zen Iker, helduek haserre dauden uneetan ustekabeko akordioak lortzen baitituzte. Hala ere, etxera bakarrik etortzeko adina baduela deliberatu zuten, eta pausoz pauso azaldu zizkioten autobusaren nondik norakoak.

        Afrikarren telefono lokutorioan bidaiarako gozokiak erosi eta markesinan dagoen jende artean aurkitu du txokoa. Ohartu da ez dela geltokiko gazteena: solfeoko eskolara doan neskatoak ere markesinako aterpea bilatu du. Gutxi ezagutzen du, Vicky deitzen diote eta oso polita begitandu izan zaio beti. Gaztain-koloreko ile leuna jausten utzia du kolegioko uniforme gainetik, eta begirada urdina pizten dio hotzak, beroki eta tapaukaz jantzita dagoen arren. Ikusi ez balu bezala, zorura begira gelditu da Iker, burua altxa barik, neskatoak zerbait esango ote dion herabe. Gustura dago deserosotasun lotsatian, ikaskidea antzeratsu igarriz, mutu. Eguneroko adiskideekin aipatu ezineko sekretu txikia partekatzen du isilpean kolegioko neskato erdaldunarekin.

        Bizkor heldu da autobusa horratik, berbetan hasteko beharrik gabe. Neskatoarekin batera igo dira geltokian zeuden gehienak, eta berdin egin du Ikerrek. Amak azaldu legez txartel berdea behar bezala kutxatilan sartu eta ibilgailuan da. Mukuru doa, baina moldatu da leiho ondoan zutunik lekua topatzeko. Kanpoan euria, dendak, tabernak eta farolek argitutako zirkuluak. Barruan jendea estu pilatuta. Vickyren arrastorik ez. Hor nonbait galdu da, agian jesarlekuren bat topatuta. Beroki lodi batean bildutako andre baten atzean ikusi du, lerro pare bat atzerago jarrita. Emakumea ondokoarengana berbetan jiratzen denean azaltzen da, tapauka kenduta eta tenperatura aldaketaz masaila gorri. Neskato polita da, moja eskolako uniforme eta guzti. Bizkar zorroa zoruan uzteko makurtu denean, gonazpiko azal zuriari begiratu dio. Zauri baten orbaina dauka belaun batean.

        Zorro astuna hanketan daroa Ikerrek. Lan askorik ez daukala gogoratu du, eta ama ez dagoenez eta afaria aitak egin behar duenez, telebista ikusteko astia izango duela. Eta pentsatu du zer egingo ote duen Vickyk etxeko lanen ostean. Zelan erdalduna den ziur aski neba izango du, eta agian ahizpa ere bai, baina neba seguru eta orduan elkarrekin jolastu ahalko dute, nahiz eta erdaraz egin, ze inork ez baitie esango erdaraz ez egiteko, ze erdaraz egin ezean isilik egon behar baitute. Eta bai ba, horixe da familia erdaldunaren abantaila, ez dutela inoiz, edo oso gutxitan, ume bakarra izaten, ze ume bakarrak etxeko lanak amaituta ETBko marrazki bizidunak ikusi behar ditu, baina euskaraz ez badaki a ze komeriak, eta ume bi, hiru edo gehiago ekarrita olgetan ibili ahal dute marrazki bizidunak ikusi barik, eta gainera erdaraz egin dezakete. Eta gero Vickyren logela irudikatzen saiatu da: panpinak, jostailuak, hormen kolorea, ikasmahaia...

        Bat-batean neskatoaren aldamenekoa altxatu eta hurrengo geltokian jaitsi da, autobuseko beste bidaiari askoren legez. Dagoen lekuan gelditu da Iker zutunik, aldamenean jesartzen ausartu barik. Ez zuen espero orduan jazo dena, Vicky altxatu eta Ikerrengana etorri da, autobusaren erdira. Bizkor baztertu ditu begiak, lotsaz, geroz eta hurbilago sumatuz. Lepoa emanda gelditu zaio ondoan. Hurrengo geltokira heltzeaz bat ateak zabaldu eta autobusetik jaitsi da Vicky. Ibilgailuko leiho handitik adi-adi segitu dizkio urratsak kale ezezagunetan Ikerrek, begi-bistatik galdu duen arte.

        Jendea igo, jendea jaitsi, geltokiz geltoki jarraitu du bere bidea autobusak. Arrotzak zaizkio zeharkatzen dituzten bideak. Leihoko gandua kendu du eskuaz, saiatu da bere burua kokatzen lagunduko dion erreferentziaren bat topatzen, izkinaren bat, kaleren bat, parkeren bat ezagutuko duen itxaropenez. Semaforoetan eta beste geralekuetan lotu da autobusa; txoko guztiak iruditu zaizkio antzekoak, denak ilunegi, denak arriskutsu. Ezagunen bat igoko balitz behinik behin! Ez da horren hiri handia ere, eta gurasoak sarritan gelditu ohi dira honekin edo harekin berbetan autobusean. Gaur, aldiz, dena da arrotz. Abailduta doa hirian barna. Ama haserretu egingo dela pentsatu du, argi esan baitzion arretaz ibiltzeko, irakurtzeko oharrak eta etxera hurbiltzean botoiari sakatu eta autobusetik jaisteko.

        Orduan erreparatu dio gidariaren gaineko panelari. Okerreko autobusera igo da. Gorria da, amak esan bezala, zenbakia eta helmuga ordea ez datoz bat behin eta berriz errepikatu zionarekin. Norantz ote doa orduan? Hiriko zein lekutan dabil? Negarrari eman gura dio Ikerrek, nahiz eta horren lotsa ere baden, inori ezer esateko ahalke. Lehertu beharrean doa, babes barik, inguruko bidaiariak madarikatuz. Ez ote dit inork lagunduko? Ez ote da inork konturatuko galdu den mutikoa doala autobus honetan?

        Hurrengo geltokian aurreko aulkietarantz joan da. Ezetz esan behar dio gidariari, okertu egin dela. Ez du haren begirada topatu. Ezkerreko ispilutik begira dabil, berriz ere bidera irteteko prest. Ikerri ez zaio ahotsik irten. Eta hustuz doa autobusa, estutuz kaleak. Botxoko auzoren bateko maldan gora, noraino urrundu behar du? Autobusaren geldialdi bakoitzak maila bat igoarazten dio bere okerrean.

        Sasoiz gorde du begi ertzean igarri duen malkoa. Damua nagusitu zaio azkenean, amorruz beteta. Ezin errurik inori bota, gainera. Ondo erreparatu izan banio zenbakiari, amak esandako moduan! Vickyren atzetik igo naiz eta akabo, mozolo ederra! Zer egin behar dut orain? Gidariari hementxe bertan gelditzeko esanez gero nora joango naiz? Zelan esan aitari galduta nagoela eta bizkor etortzeko?

        Azken geralekua behar duenera iritsi da autobusa eta azkar jaitsi da andre argal eta luze bat, bidaikide bakarra.

        — Iritsi gaituk, mutikoa! —bota dio gidariak.

        Non nago? Hemen bakarrik geldituko naiz? Kalean lo egin beharko dut! Baina atertzen ez badu?

        — Zerbait jazotzen zaik?

        Ezin izan du gehiago eutsi. Negarrez hasi da.

        — Egon lasai, umea! Ea, esadak, non dauzkak gurasoak? Ez negar gehiago egin, dena konponduko diagu.

        Hasperenka kontatu dio amak autobusa hartzeko esan ziola, zein koloreko eta zein zenbaki eta ze helmuga, baina erratu egin dela.

        — Benetan urrun hago, seina.

        Bidaiari berriak sartu dira autobusean.

        — Badauka norbaitek segapotorik mutikoaren gurasoei dei egiteko?

        Neska beltz batek bere zorro arrosatik atera eta Ikerri etxeko zenbakia galdetu dio. Zintz egin ordez mukiak irentsiz esan dizkio banan-banan.

        — Aita! —oihu egin du umeak, eta ezin izan du jarraitu, hunkituta.

        Gidariak hartu du neskaren telefonoa eta esan dio ordu erdi barru izango direla udaletxeko geltokian.

        Lasaitu da Iker, gustura doa orain autobusean, neska beltzaren ondoan.

        — Barbara izena dut. Nire herrian ez du honelako hotzik egiten eta hondartzara joaten gara Gabonetan. Ez beti, ze zure adineko mutiko asko beharrean aritzen baitira han zureak bezalako oinetako ederrak egiten. Zuk asko ikasi, asko irakurri eta gizon garrantzitsua izango zara. Zorte handia daukazu.

        Oso polita eta maitagarria begitandu zaio Barbara, ezpain lodi horiekin.