Auzoak
Auzoak
2005, narrazioak
160 orrialde
84-95511-72-X
azala: Alain M. Urrutia
Urtzi Urrutikoetxea
1977, Bilbo
 
1997, poesia
 

 

Azken bisita

 

Jose Ramonek ezpainetatik kendu barik eman dizkio azken atxikiak zigarroari, kea beretzat gordez, zigarrokin beilegien multzo hartan utzi aurretik. Gainezka dago autoko hautsontzia, iragazki ertzeraino erretako zigarro hondakinekin, eta inguru guztian sakabanatuta errautsak. Begitartea ilundu egin zaio tunelaren ingurura iritsi denean, baina berandu da ezer aldatzeko. Hiriko irteerako satartean jausi da, behinola Poliziaren atzaparretan bezala. Baina aukeran okerragoa da gaurkoa. Gizon berria dela errepikatu dio jende guztiari aurpegi hezurtsu hartan distira biziz begiratzen duten begi urdinekin, eta azkenean berak ere sinetsi badagoela aukeraren bat aurrera egiteko. Ondo ari dela esan diote, estutu barik baina makaldu barik jarraitzeko. Bizitzak gogor zigortu du, bera ere ez zen on-hutsa izateko jaio. Tunelean galtzen den ilarari begiratu dio lehendabizi eta autoko erlojuari gero. Bata bestea bezain geldi dago, nahiz eta badakien berandu dena. Eta ez diote barkatuko. Argi esana diote: «Huts egite bakar bat eta ederto damutuko zaik». Jainkoari jotako erronkak itzuli egiten dizkiola pentsatu du, Estatua barkabera bihurtuagatik ere.

 

 

Jonek urduri egin du bidaia furgonetan. Isilik joan dira bide osoan, arazo barik. Baina ezin sabeleko tximeletak baretu. Hamahiru urte dira hirian izan ez dela, lau amama ikusi ez duela.

        Marka da, azkenean elizatik pasa behar republikana zaharra. Ezta aititak gurata prestatu balu ere. Zelan ote dago aitite Jon Andoni?

        «Ondo» erantzun dio begiak gorri, umel. Triste dago. Besarkatu ahal izan duenean, mukiak xukatu ditu negarrari eusteko. Atarian sartzeaz bat, lehor mintzatu zaio polizia: «Ikuskizunik ez, arazorik ez; zu lasai, gu lasai, denak gustura eta kito». Etxe barruan esku-burdinak kentzeko erregutu dio Jonek, besterik ezer ez. Zalantzakor egon da eta buruaz ametitu dio, errepikatu orduko: «Ikuskizunik ez, arazorik ez». Denak daudela urduri nabarmendu du, eta ezeren zantzu txikienera pikutara doala dena. «Argi dago, ezta?». Epailearen agindua une horretaraino omen dago indarrean, eta hortik aurrerakoa bere esku. Ahots gogorra dauka, ia militarra.

 

 

Irratia piztu du Jose Ramonek, istorioa buruz dakien arren: norbait oharkabetu egingo zen eta aurrekoa jo. Andreren bat, ziur, pentsatu du. Bere modukoek autoa irauli dezakete, bidetik atera, atzetik jotzea ere litekeena da, baina txapa kontu hutsa baino gehiago izango da orduan, eta han ez da anbulantzia arrastorik ageri. Andre despistatu eta madarikaturen bat, esan du berriz. Eta 80tik inoiz pasa ez baina ispilura begiratutakoan aurrekoaren matrikula irakurri duen putatzar horregatik dena pikutara ote doa? Eskuak izerditan hasi zaizkio bolantearen bueltan. Alferrik saiatu da gogoratzen psikologoak une horietarako diotsona. Hemen egon beharko likek azti-mazti horrek!, pentsatu du, zainetan odola borborka sumatzen duela. Aldameneko auto-ilara apur bat mugitu da. Dozena bat kotxe, ez gehiago. Jose Ramonek ere tenis-oinetakoa enbragetik altxa eta metro batzuk egin ditu. Astiro doa aurrerantz. Astiroegi. Ez nauk iritsiko, pentsatu ere ez. Ezkerreko ispilutik begiratu du ustez bizkorrago dabilen erreian kokatzeko. Alferrik dela jakinagatik ere. Autoek laster hartu diote aurrea eskumatik.

 

 

Hamahiru urte eta furgonetatik daukan irudia telebistaz ikustearen antzekoa da. Hor dago, pantailaren atzean, lekorean, berea ez den eremuan. Bizkor pasa dituzte kaleak, argiak emanda. «Ikuskizunik ez», esan dio. Euren eskuetan dagoen panpina baino ez da Jon, ziztu bizian doan furgoneta hartan, begiak eta buruak deskodetu ezin duen abiadan kalez kale. Etxean desberdina da. Irratiz jakinarazi diete atarian daudenei, heltzen ari dira. Eta han banan-banan atzeman ditu irudiak Jonek. Ezer gutxi aldatu da aititaren etxean. Berdintsu dago ataria, eskailerak, hormako koadroa. Bat-batean umezarora itzuli da, asteburutan aitaren gurasoenean bazkaltzera. Orduan bezala, Jon da orain protagonista, eta egongelan aurkitu ditu denak, umetan legez, kaletik gaiztakeriaren bat egin berri, itzuleran. «Atean geldituko naiz» esan dio poliziak. Jon bera berriz ere nahigabeko protagonista, denak berari so. Aititak besarkatu du, estu baina tinko, negarrari eutsiz, eta gero besteek: amak negarrari eman dio eta gelatik irten da malkoak lehortzera, izeko Lolak musu bi eman eta senarra aurkeztu dio. Xabier lehengusuak ere gogor besarkatu du. Duela aste bi egon zen bisitan. Hala agurtu ditu egongelan zeuden hamar lagunak. Sofan jesartzeko esan diote eta lotsatuta sentitu da Jon, ea zelan dauden, eta amama ea... lasai egoteko, kandela baten moduan itzali zela eta asko gogoratzen zuela biloba kuttuna, beti aurpegia ateratzen zion Jontxu errebeldea. Hunkidura igarri du bularrean. Eskertu du eskuak libre izana malko iheskorra xukatu eta gehiago ez isurtzeko.

        Txirrina jotzeaz bat Dani sartu da. Jonen aitak zabaldu dio, lehor baina serio, eta presoari iruditu zaio beste gizon bat gelditu dela atalondoan. Berea ez den polizia bat. Esana zioten, bizkartzainarekin zebilela lehengusua, baina harritu egin da. Orduan eta orain. Hain garrantzitsu bihurtu al da ba?, bota zuen inozentziaz.

        Denak altxatu dira Danieli agur egiten, eta isiltasun estu hori nork apurtuko zain gelditu dira. Bata bestearen atzetik agurtu ditu senideak, gizonei eskua eta bizkarrean kolpetxoak emanez, eta masailean musua emakumeei. Isilik itxaron du Jonek, urduri. Beregana heldu denean eskua luzatu eta bostekoa eman diote elkarri. «Dani» baino ez dio esan Jonek, «Jon» erantzun du Danielek uzkur. Une labur batez elkarri begiratu eta atzera bereizi dira, egongelako bazter batean bakoitza. Heldu berriarentzat aulkia ekarri du izeko Rosik, eta isiltasuna gailendu da atzera.

        Izeko Lolak eztarria garbitu du baimen eske legez, eta kafea prestatzera doala esan du. Karmelek, Jonen amak, sukaldeko armairuren batean pasta gehiago daudela eta ekartzeko eskatu dio. Tentsioak tentsio, semearengana itzuli da, ea kontuak zelan dauden. Urduri erantzun dio Jonek, ondo dagoela, karrera amaitzear daukala eta, urrun egon arren, han barruan beste espetxe batzuetan baino hobeto daudela. Oharkabean atera zaio plurala, eta beste nonbaitetik jotzea erabaki du. Ez da berba askoko mutila, inoiz izan ez denez. Xabierri alabaz galdetu dio, gaia beste leku batetik bideratu guran. Laster itzuli dira harengana eta Amaiurtxoren kontuek apur bat lasaitu dute Jon. Dani ere isilik dago. Behin baino gehiagotan egin dute topo bien begiradek, artega, ezelango haserre edo amorrutarako herabeegi.

 

 

Aurpegi amorratuak, haserrekorrak, etsipenezkoak, lasaiak... giza-ohituren galeria da tunela, auto-ilara prozesioan doala. Jose Ramonek tabako kaxako azken zigarroa piztu eta aurrekoak baino motelago erretzea erabaki du. Gozatu beharra du egoerak eskaintzen dion plazer bakarra. Zigarroa atzamar artean, keaz autoko kristala lausotzera hasi da olgetan. Baina tabako-lainoa argitzen den bakoitzean antzeratsu jarraitzen du denak: argi zuriak tunelaren goialdean, eta ilara luzea aurrean, auto garestiak, furgonetak, kamioiren bat, banatzaileenak, dekorazio garestiko tunningak makina-musikaz gogaituta jadanik... Urrunean ageri dira argi urdinak, trafikoa artezten. Berehala behar du bertan bazterretik aurrera egin duen motorrak.

        Filmetan legez horietako batera igo eta listo, pasa zaio burutik. Duela ez hainbeste horrelakoren bat lasai asko egingo zuen.

        Eta orduantxe gertatu behar. Zalantza egon da abiatu aurretik, Boluetatik errazago ez ote zen joango, eta azken unean erabaki du autobidea hartzea. Pentsatu du horrelako erabaki ustez hutsalek aldatzen dutela etorkizuna. Badaki ordura artekoek euren pisua dutela, baina edalontzia gainezka jartzen duen azken tantoa aurreko guztiak baino askoz ezdeusagoa izan daiteke eta, hala ere, hari fin hori da gillotina askatzen duena.

        Ikasi du irakurtzen, psikologoaren aholku txepelenak hitzetik hortzera bete ditu, goizero joaten da obrara, isilik eta txintxo bere egoeraz aprobetxatzen direla berba erdirik esan barik.

        Malmasin arratoi-zulo hark kendu behar ote zidak baldintzapekoa!

 

 

Cola-cao oraindik ere Jontxu? esan dio amak. Kafea, besterik ez dagoenean baino ez du hartzen. Danielek, berriz, esne gutxirekin hartu du eta lehengusu gaztea gizonduta dagoela iruditu zaio. Tartea hain handia ez balitz txantxa ederrak egingo lizkioke jaka dotore horren harira. Apain janzten da, zapata beltz eta modernoz, praka bakeroz eta pikodun kamisetaz. Bere itxura ez da hain ona, ordea. Dezente loditu da eta begi-zuloek salatzen diote ez dagoela sasoi betean.

        Badator ordua. Ez diote elizkizunean egoten utziko. Ikuskizunik ez, argi esan diote. Ez dute egunkariko argazkirik gura. Barkamen eske legez atea erdi zabaldu eta ertzainaren aurpegia azaldu da. Agur esateko baimena eskatu dio Jonek, minutu bat baino ez. «Bizkor», agindu dio. Emozioa handia da. Amaren hasperena entzun du eta lasaitzeko agindu dio Jonek, bera ere anpuluaren mugan dago. Aititak musu luzea eman dio, umetan legez. Nerbioek bizar apur bat irtenarazi diote jadanik. Ez du pentsatu gura besarkatzen duen azken aldia dela. Dani ere hurbildu da, baina ez dio bostekoa eman. Sorbaldatik heldu eta besarkada baten antzeko hurbilketa bat egin du, estutu barik, beharrezko tartea utziz bien artean. «Eutsi, Jonni» esan dio maitekiro. «Animo, primo» Jonek. Gurasoak izan dira azkenak. Aitak ez arduratzeko esan dio, ondo dagoela aitita, nahiz eta badakien laster askatu ezean nekez ikusiko duela atzera. Amak asteburuan joango zaizkiola bisitan esan dio, eta euskal presoen amak eta gainontzeko amak arduratuta daudenean egiten duten moduan gaineratu dio semeari kontuz ibiltzeko.

        Jon lasai doa furgonetan. Espetxean egun guztiak bereziak dira, egunerokotasuna bera, ahalik eta ordenatuen eroaten saiatuta ere, ez baita arrunta. Baina kanpoa ere berezia dela pentsatu du, eta gero esan ez dizkien guztiak gogoratzen hasi da. Astirik badauka gaur bertan gutuna idatziko duela pentsatu du, eta bidaliko diela gurasoei, aititari edo beste norbaiti.

 

 

Lehertu beharrean dago Jose Ramon, zigarroa ahituta. Erritmo apur bat hartu dutenean atzera ere gelditu da dena, sirena hotsa datorrelako atzetik. Autoak bazterrerantz joaten hasi dira. Marka da, gero, anbulantzia horrek... ni baino larriago badabil jai dauka gaixoak! Baina ez anbulantzia. Ene, zipaioak! Ba ez diat majaderoongatik galduko baldintzapekoa, ez horixe! Popatik hartzera! Bide bazterretik jarraitu du bidea Jose Ramonek, gainontzeko gidariak polizia-autoaz arduratuta daudela-eta. Sirena-hotsei jarraika tuneletik irten eta autobideko lehen irteera hartu du Basaurirantz. Ez daramatza oso urrun furgonetaren argi urdinak.

        Pixkanaka dena ulertzen hasi da. Eurek ere Basauriko irteera... ez dira bada... ba ote? Lasai, gizona, hor bazoak norbait-eta. Preso politikoren bat, ziur. Nork esan behar zidan, espetxera garaiz iristeko Poliziaren atzetik ibili beharko nuela? Marka da, bai gizona, talegora sartzeko legea hautsi beharra.