Azken zelai beltzak
Nire lehengusuak, oso oker ez banago, hainbat aukera posible ibili zituen buruan nobelari bukaera emateko, badakit hori zer edo zer mintzatu ginelako aferari buruz, bere ustez nobelak hark nahi zuen puntura eramaten zuen, azken eszenaren zain, hondar erabakiaren zain: Mikelek zita dauka Julen eta Robertorekin, eta zita hori azkena izango da, azken bi hauek ez direlako bizirik aterako; Amerikanoak horrenbeste badaki, horrenbeste jakinarazi diote; are, bera, zuzenean edo zeharka, hori ez dago jakiterik, planaren parte da, ez dakigu zer mailatan; lehengusuak esaten zuen nahikoa zela horrela, nahikoa zela adieraztea, zeharka bada ere, Amerikanoak aukera eduki zuela lehergailua manipulatzeko, zuzenean, edo Zakarro balia zezakeela horretarako, edo Irujoren ondoan zegoen Jauregizar misteriotsu horrek ere egin zezakeela... Bere planteamenduetan, xehetasun zehatza, hau da, nork eta nola egin zuen, gutxienekoa zen, inporta zena zen garbi geratzea Amerikanoak aukera eduki zuela, planaren parte dela eta plana dela Julen eta Roberto bizirik ez ateratzea. Orduan, hondar eszena horretan erabaki behar zen nola jokatuko zuen Amerikanoak bere adiskidea omen zen Beroizi buruz, eta saltsa horretan sartu den Beroizen semeari buruz, Mikeli buruz. Une honetan, aukera batzuk ikusten zituen, bitan laburbil litezkeenak, lehena zen Amerikanoak xantaiari men egitea, guztiz, Miguel Beroiz adiskideari traizioa egitea onartzea, traizioaz mintza badaiteke behintzat, Mikel semea beste biek pairatuko duten patu beraren biktima utziz. Bigarrenak hainbat aldaera onartzen zituen, baina funtsean, hauxe zen, Amerikanoak erdiko bide bat aurkitzen duela iradokitzea, hau da, inorekin erabat ongi uzten ez duen, baina erabat gaizki ere uzten ez duen erdiko bide bat aurkitzen duela; erdiko bide horretan, Amerikanoak Mikel salbatzen du, Julen eta Robertorekin egin duen zita tokira azalduz eta tranpa hartatik ateraz, Iparralderako bidea harraraziz, hain segur, eta, alde horretatik, Miguel Beroizen adiskidetasuna bere kide ohiek ezarri dioten xantaiaren gainetik jarriz; baina, aldi berean, xantaiaren ondorio latzak ere onartuz, bere kide ohien eskakizunei men eginez hein handi batean. Logikoena dirudi irtenbide honek, Amerikanoaren izaera zalantzakorra eta nortasun ezbaitia ezagutuz. Pentsatzekoa da ezen, handi aurrera, Amerikanoak bere bide zail eta neketsua segituko duela Euskal Herritik kanpo, xantaia egiten ziotenen konfiantza erdietsi gabe, eta bere bizitza pertsonala erabat berregiteko aukera zapuztuta. Nik behintzat, honela interpretatzen dut ondoren datorren epilogoa.
Baina horrek baino gehiago arduratzen nau zer pentsa dezaketen, bukaera honi buruz, beren lekukotasuna eman didaten pertsona guztiak irudikatzeak. Aitarekin mintzatu nintzen, eta hasieran ez zuen inork ezer argitaratzerik nahi, zertarako, esaten zuen, utzi gauzak bakean, zertarako harrotu hauts zaharrak. Nik ere ez nion indarrik egin nahi, egia baitzen berarekin traturik egin ez bagenuen ere, bazegoela halako esan gabeko itun bezalako bat; alegia, berak uste zuen ezen, ematen zuen materiala inoiz erabiltzekotan, nire historia-lan baterako izango zela, eta ez nola-halako narrazio baten parte bezala. Azkenean amore eman du, eta bere amore-emate horretan pisurik gehien eduki duen arrazoia izan da, beste bider batez, Xabier bere ilobak hortik zehar, bide-bazterretan uzten dituen txapuza konpongabeetako bat nola edo hala moldatzea. Aitari gutxi geratzen zaio, eta berarekin batera mundu bat doalako irudipena du, agian betirako. Ni animatzen saiatu naiz, nire ahalmen eskasen arabera, eta harresietako belar-izpiak bezalakoak garela esan diot, han egon garela lehen eta han egongo garela ehun urte barru ere, eta gisakoak esan dizkiot. Nik neuk ez dakit hitzok, animo-hitzak diren aldetik haratago, benetan sinesten ditudan. Ez diot esan, baina pentsatu dut, Xabier lehengusuaren ideia bilduz, guretzat itxaropena, esperantza ere hodeitzarretan bildua datorrela. Ez dut esaten harro, ez dit poza ematen. Aje edo bestondo izugarria bezalakoa da gurea, bezperan luze edaten egon denak pairatzen duena bezalakoa, mozkor historiko baten ondorioa, bai, badakit ideia oso debaluatuta dagoela, jende mordo baten kezka izan da ideia hori higatzea, horretarako denetariko frogak bilduz, historiari, etikari, estetikari, moralari, denei dei eginez, eta neurri batean lortu dute beren asmoa, ez da harritzekoa, tontoak ez dira eta baliabiderik ez dute falta, baina errealitatea tematia da, eta erakusten du egintzen indar setatiarekin gurea sekula erabat ahokatu ez den puzzlearen pieza dela, azkenean beti mailukadaz sartu dena, edo azken uneko ukipenak eta doikuntzak eginez, gehiegi begiratu gabe doikuntzak egiteko zerra nori edo zeri sartzen zitzaion, jakina, puzzlea inon ez da perfektua, eta gauza okerragoak ikusten dira munduan, bai horixe, baina, zertarako uka, gure elurrak bazterrak zuri zitzakeela susmatu den bakoitzean zerra sartu dute, eta horregatik zioen nire lehengusuak, eta ni konforme nago harekin, esperantza hodeitzarretan bildua datorrela, gaurko egun bateko elur itxaropenezkoa biharko zerraren gaztigua izan baita beti, eta ikusteko baitago betiko madarikazioa noiz hautsiko den. Ikusteko baitago, ikusteko egon beharko bailuke, eta denek eman beharko bailukete hori ikusi ahal izateko aukera.
Bitartean, gurean, esperantza zenternaka ari du.