Endo
3
Argosek esnatu du katean zaunka. Golf jokalariren baten pilota etorriko zen hegaka, urki eta haritzen artetik. Eta zakurra izutu. Nor ez da, bada, izututa biziko balak bezala etortzen diren pilota horiekin, pentsatu du Damian Arrutik. Aukeran hobeak dira balak pilota gogor horiek baino, gainera. Txikiagoak dira behintzat.
Alboan eder eta luze daukan Lupe Latasari, zer egiten duzu nire ohean galdetzeko gogoa etorri zaio Damiani, baina isilik geratu da. Gaztea zara nire aldean esateko gogoz ere geratu da. Ederragoa ere bai. Eta seguru asko garbiagoa ere bai. Baina ez du fitsik esan. Horren lekuan, jaikitzea erabaki du eta kafeontzia jarri du sutan.
Zer esan. Zer usteko du. Nondik abiatu. Zein hitz hautatu ahotik lehena jaurtitzeko. Nola gertatu da. Nola esaten zaio emakume bati bakardadearen harresietara gozo ohituta dagoela gizona. Babesturik. Golfeko pilotengatik izan ezean, erabatekoa izaten dela bakea Zorionan. Nola esaten zaio, emakumea zauritu gabe, lilurak agortu zirela betiko. Nola adierazten ahal da egia, gezurrik esan gabe. Nola jakinarazi dena hitzak hautatzeko nekean aspertu gabe.
Hitz egidazu euliez Damian, esan dio Lupe Latasak mahaira eseri denean. Egunonik ere gabe, nola izaten da hori. Besterik ez dio esan.
Ederra dago Damianen pijama urdinarekin. Ederra dago orraztu gabetan ere. Ederra dago sukaldearen leihoko argitan. Ederregi, aukeran.
Zortzi eskuadra. Zortzi izaten dira desagertu artean gorpuak ezagutzen dituen intsektu eskuadrak. Zortzi gudaroste bata bestearen atzean. Erantzun dio Damianek, eta poztu egin da euren bien kanpoko gai ezagun bat jarri diolako aukeran. Aukera infinitua, gainera, Damianek beste dakienarentzat.
Heriotza gertatzen den istant berean hasten da usteldura. Hesteetan eta gorputz osoan bizi diren bakterio eta onddoek, abian jartzen dute prozesu kimikoa. Ugaldu egiten dira sustantziok, neurrigabeki. Bide linfatikoetan eta odolean gertatzen da hori. Lehenik mikrobio aerobioak abiatzen dira bertara jateko bila. Mintzetako oxigenoa agortzen denean, ordea, anaerobioak hasten dira lanean, albuminetatik osagai kimiko soilak sortzen eta sortzen. Hortxe hasten dira usainak: azido karbonikoa, hidrogenoa, amoniakoa eta hidrogeno sulfuratua. Pentsatuko duzunez, usainaren gozora fauna ugaria hurbiltzen da. Getariako arranparrillen usaina guretzat bezain ederra da haientzat.
Denak haraxe: euli eta bestelako, baina batez ere, euliak, bakoitza bere egokierako tenorean. Hala ere, usainak hasi baino lehenago agertzen dira beti lehenengo eskuadrako euliak.
Ikusi al duzu noizbait naturari eskaintzen zaion dokumental horietakoren bat telebistan, galdetu du Damianek eta buruarekin baietz egin dio Lupe Latasak, beste ezer ihardetsi gabe. Adi-adi dago, gizonaren hitzetan kulunkaturik. Eta jabetzen da. Bai, jabetzen da ez zaizkiola sekula jakingarri egin zomorroen kontuak. Bizitza osoa pasatuko zukeela haien albiste txikienik gabe ere. Berdin zatekeela gizon haren ahotik perretxiko edo nabigantza hitzak irtengo balira, zomorro kontuen ordez. Futitzen dela eulien gaiaz, baina ez horrela eulizaleaz. Ez dakiela zergatik, baina ikusten dizkion bi begien atzean, badela lurralde bat, kez betetakoa. Erakargarria. Ezkutukoa. Parean daukan gizonaren barneko geografian gordeta.
Damianek jarraitu egin du bere gaiarekin. Ohartuko zinen orduan, esaterako, gepardo batek oreinen bat harrapatzen duen istant berean, nola ageri diren euliak eta bestelako zomorroak haren odoletara hurbilduak. Saiak baino askozaz ere lehenago. Pentsatu al duzu sekula nola gerta litekeen halakorik. Pentsatu al duzu inoiz zergatik eta nola agertzen diren intsektuak gorputza gorpu bihurtzen den une berean.
Eta ezetz egin dio Lupe Latasak buruarekin.
Orduan jaiki egin da Damian kafeontzia amatatzera eta kafea nolakoa nahi duen galdegin dio emakumeari. Esnerik edo azukrerik nahi ote duen. Zuk hartzen duzun bezalakoxea hartu nahi nuke, izan da arrapostua. Ez dakizu, ordea, kafea nola gustatzen zaidan niri, erantzun dio Damianek. Arrisku apur bat beti da on, bukatu du Lupe Latasak irribarrez, eta azukre eta esne gabeko kafe beltz katilu bi jarri ditu Damianek mahaiaren gainean. Batere azpilik gabe. Ondoan, plastikozko zorroetan gordetako madalena batzuk.
Nola gertatzen da hori, heldu dio gaiari berriro emakumezkoak. Nola liteke hildako istant berean zomorroak gorpuaren gainera etortzea. Nola jakiten dute. Nola iristen dira hain azkar. Ezinezkoa dirudi. Eta bi madalena zorroetatik aterata, kafe mikatzetan busti ditu ahora eroan aitzinetik.
Beti ez da horrela izaten, Damianek. Heriotza berezkoa eta bat-batekoa izaten denean, denbora gehiago behar izaten dute euliek gorpura hurbiltzeko. Lehen esan dizkizudan usainak irteten direnean jasotzen dute horretarako informazioa euli gehienek. Baina heriotza espantuz gertatzen bada, izuaren adrenalina bost kilometro t'erdira nabari dezaketen zomorroak ere badira. Oreina hil baino lehen jakiten dute oreina hil egingo dela gepardoarekiko lehian. Animaliak lurra jo orduko, hantxe dira. Istant berean. Bazkarako prest.
Ikaragarria da. Ez nuen sekula pentsatuko.
Lehenengo eskuadrako euliak usainak hasi baino lehen agertzen dira, beraz. Batzuetan hilzorian dagoenarengana ere joaten dira, albistea emanez bezala, baina normalean intsektu guztiak ez dira horiek bezain azkarrak izaten eta heriotzaren usaina sentitu behar dute inora abiatzeko.
Zeintzuk izaten dira lehenengo eskuadra horretakoak. Zeintzuek dute halako trebezia nazkagarria.
Musca domestica, Curtonevra stabulans, Calliphora vomitoria eta Anthomya vicina. Eurak hasiko dira lehenbizi gorpua jaten. Izen horiekin ez dituzu ezagutuko agian, baina ederki asko dakizu zeintzuk diren. Eulirik arruntenak dira. Denen artean ezagunena etxeko eulia da, Musca domestica hori. Likido organikoak jatetik bizi da. Simaurretan pausatzen da, edo zaurietan, ezpain, sudur eta betazal ertzetan, beti janari busti bila. Izerdia ere gogoko du.
Higuingarriak dira.
Niri ez zait hala iruditzen. Niretzat animalia ikusgarriak dira eta arretaz begiratuz gero, eder-ederrak.
Gorpuen barnean jartzen ditu etxeko euliaren emeak arrautzak eta hamabi ordu baino lehen, bi mila euli berri jaiotzen dira. Bikote bakar batek, udan zehar lau mila trilioi euli sor litzake, teorian.
Hala ere oso baldintzatuta egoten da hori. Gorpua eguraldi berotan edo leku hezean aurkitzen bada, prozesu guztia azkartu egiten dute bakterioek. Hotz egiten badu ostera, gorpua elur gainean baldin badago adibidez, prozesu guztia geldotu egiten da. Erabat gelditu ere egin liteke, zenbaitetan.
Eta leize zulo batean aurkitzen denean, galdetu dio Lupe Latasak, zer gertatzen da orduan. Zer gertatzen da gorpu bat lur azpiko zulo batean laurogeita sei metrora dagoenean.
Ez dakit. Liburuetan ez du jartzen horrelakorik. Sekula ez dut antzerako baldintzetan egon den gorpurik aztertu. Dena dela, asko dira kontuan hartu beharko ditugun gauzak. Iluntasuna, esaterako. Edo kobazuloko hozbero konstantea. Eta hango hezetasunik eza. Lehengo egunean jaitsi ginenean harriturik geratu nintzen halako leku lehorra topatu izanaz. Ez nuen uste. Kontrakoa izango zelakoan nengoen. Hezea izango zela. Baina ez.
Hamalau gradu egiten du han, hori badakizu. Uda eta negu.
Bai, uda eta negu. Baina hezetasuna ez da beti bera izango, hala ere. Leizearen hondoraino jaitsi ziren espeleologoek esan zutenez, erreka bat dago azpian, hogei metro beherago. Udan eta neguan ez da urez berdin etorriko, seguru, eta horrek eragingo dio hango hezetasunari.
Zer esan nahi duzu.
Badirela aurkitutako gorpuaren antzinatasuna zehatz erabakitzeko zailtasunak. Gainera, autopsiaren ondorioei begiratu beharko diegu berriz. Koipe, albumina eta amoniakoen egoera aztertu behar dugu. Batzuk edo besteak gehiago izanda, usainak ezberdinak baitira, eta intsektuak ere halaxe. Gorpu zatiak jaso zenituztenean zein eskuadratakoak zebiltzan ikustea baizik ezin dugu egin. Plastikotan gogor bilduta egoteak ere, bidea itxiko zien lehenengo eskuadrakoei. Dena atzeratuta etorriko zen. Ez da erraza izanen denbora zehatza erabakitzea.
Plastikoen urratuetatik sartuko ziren zomorroak.
Hala da. Baina ez nago segur data zehatza atera dezakegunik. Egin dezakegun gauza bakarra, giharrak eta mintzak aztertu eta Polloeko hozkailuaren hotzak akabatu dituen intsektuak zein eskuadratakoak diren ikustea da. Edo zein intsektuk jarri dituen arrautzak bertan begiratzea. Ezin dugu besterik.
Gutxi gorabeherako bat bederen emango digu horrek.
Zeuk esan duzu: gutxi gorabeherako hurbilketa bat. Ez besterik, Lupe.
Orain emakumezkoa da bigarren kafeontzia sutan jarri duena. Dutxatu berria dago eta bere arropak jantzirik, sukaldeko bazter guztietara behatzen du. Ez dago zikinik edo desordena handirik, baina nabaria da gizon baten habia dela etxea. Gauza txikiek erakusten dute hori, zabarki tolestutako ezpain-zapiek eta gorderik behar luketen aizto eta tresna dirdaitsu guztiak agerian eta zintzilik egoteak, bereziki. Bai, etxe horretan emakumerik gabeko gizonezkoa bizi dela erabaki du Lupe Latasak eta irriño batek argitu dizkio begiak. Gaur larunbata da, pentsatu du gero.
Emakumeak gizona entzun du komunean. Entzun du dutxan. Ura nola doan entzun du. Gizona uraren azpian irudikatu du. Ura irudikatu du gizonaren gainean. Ura adatsetan behera. Ura azalean behera. Ura zangoetako biloak etzanaraziz. Ura behatzen artetik ihesi. Eta ez dakiela zergatik, leihoko argiari behatu dio. Argi garbia, zuri-zuria, Larrun aldeko eguzki ederrak goizean goizetik ekarria. Hasperen batek egin dio ihes golfeko zelaietako bakea ikusi duenean. Larre zainduetako berdeak belar garbizko itsasoa dakarkionean.
Golf jokalariak ageri dira urrunean. Kolorezko txindurri dotoreak. Entzun ere egiten dira kolpe lehorrak. Tak. Burdinak jotzen du harria. Tak han eta tak hemen. Baina ez da entzuten pilotek lurraren kontra jotzen dutenekorik. Balirudike mundura itzultzen ez diren pilotak bakarrik jaurtitzen dituztela airera golf jokalariek. Indar guztiez. Tak eta tak.
Lupe Latasak harrigarri eroso sumatzen du bere burua etxe hartan. Zorionan. Hangoxea bailitzan. Dena dago isilik. Dena da argi. Dena da eroso.
Gelara doa sukaldetik. Hantxe ditu bere gauzak: poltsa bat eta kapusaidun jertsea. Hori da guztia. Ez dauka besterik han. Bigarren irriño batek egiten dio ihes begietatik, bardako galdera etortzen zaionean gogora. Non gordetzen duzu zera hori, galdegin zion Damianek. Zera hori deitu zion Damianek pistolari. Ertzainek gainean derrigorrez eraman beharreko iskiluari. Poltsan, erantzun zion berak eta orduan Damianek emakumeen poltsak beti izan direla misteriotsuak gizonezkoentzat esan zion. Misterioz beteak direla emakumeen poltsak, horixe esan zion zehazki.
Ohea estali du izaraz Lupek. Ohea estali du edredoiez. Ondo gorderik gera dadin gaueko arrastoa. Armairu eder bateko ispiluan islatu zaio bere burua eta, ustekabean, eder du ikusi. Atzo baino ederrago. Aurpegian du seinale. Aspaldian zen egin gabe. Ez da erraza polizia den emakumezkoarentzat. Ez da erraza izango inorentzat, pentsatu du gero. Adin batetik aurrera. Eta ileak eskuz taxutu ditu ispiluaren aurrean, batere presarik gabe, keinu bakoitzerako behar besteko denbora hartuz.
Kafea. Kafea ahaztu zait sutan, eta pauso azkarrez itzuli da ostera sukaldera. Katiluak harraskan utzita, kikara bi atera ditu mahaiaren erdira. Azpiko platertxo eta guzti. Azukre ontzia haien alboan. Gizona entzun du komunetik itzultzen. Atetik sartu baino lehen iritsi zaio Balenziagaren lurrina. Bizarra kendu ostekoarena.
Irakin egin du, esan dio gizonari. Ez naiz konturatu. Kafe irakindua, kafe galdua, edo halako zerbait. Irriz baina hitzik esan gabe, Damianek harraskako katiluetako bat garbitu du txorrotaren azpian eta zapi batez zukatu ondoren, mahaiaren gainean jartzen du. Mutil zaharraren ohiturak dira Lupe, nik beti hartzen dut etxeko kafea katilu handi hauetan eta hutsik. Beste ezer gabe.
Lehenengoa, pentsatu du Lupek, lehenengo hanka sartzea. Inoren etxean agindu nahi izatea. Inoren etxean, ez dagokion aurrea hartzea. Erakutsiko didazu zure bilduma esan dio gorriturik. Esan dio ihesi. Entzun dudanez Espainiako handienetakoa da.
Ez dakit Espainiako berri erantzun dio Damianek, hori haiek jakinen dute. Baina hala nahi baduzu, erakutsiko dizut. Euskal Herriko bildumarik handiena da, hori bai, baina ez zaizu, hala ere, batere gustatuko. Biologoa edo antzeko zerbait ez den ia inori ez zaio atsegin gertatzen nire euli bilduma.
Bigarren hanka sartzea, pentsatzu du Lupek. Hori ere esana zioten. Abisatuta zegoen. Damian Arruti oso euskalduna zela esana zioten. Neurri bakarreko gizona zela. Baina, zergatik ez zait gustatuko, galdetuz erantzun dio. Zomorroak ez zaizkio mundu guztiari atsegin. Euliak are gutxiago, Damianek.
Ikusiko dugu hori, erantzun eta musu bat pausatu dio bekokian Lupek mahaitik jaiki ahala. Ikusiko dugu hori. Nola gordetzen dituzu hainbeste euli.
Bizirik gorde ahal direnak bizirik. Beheko geletan dauzkadan alanbrezko kaiola handi batzuetan. Gainerakoak alkoholetan, formoletan eta lehorturik. Azken hauetatik hiru mila eta berrehun eta hogeita zazpi mota. Denak sailkaturik. Bizirik, ostera, gure baldintzetan bizi daitezkeen espezieak baino ez.
Zer jaten dute.
Zuk zer uste duzu.
Ez diezu, bada, ekarriko giza-gorpu usteldurik, dio Lupek irribarrez.
Damianek algara egin du eskaileretan behera doazela. Bai, egunero gorpu bat lapurtzen dut gorputegitik, ertzain anderea. Aitor dut. Eta ahal dudanean bi edo hiru ekartzen dizkiet, aukeraren arabera. Aseezinak dira euliok. Eta, hartu, jantzi hau, esanez, burutik behera janzteko erlezainaren kaskoa luzatu dio deblauki.
Ez dute kosk egiten baina bat baino gehiago ikusia dut hemendik erotu beharrean tximista baino azkarrago irteten. Burrunbatsuak izaten dira oso euli hauek. Ohiturarik ez daukana izutzeko modukoak. Eta beheko geletan sartu dira, eulien bizilekuetan barrena.
Azkenean bakarrik. Beti bezala bakar-bakarrik. Batzuetan zaila du gizonak aberri hoberik. Bilduma ikusi ostean, Lupe Latasa joan egin da. Polizia-etxera agertzera behartuta zegoela, larunbata izanagatik ere. Hobe horrela, pentsatu du Damianek, baina damu da gauean afaltzeko adostu duten hitzorduarekin. Zeharka eta nahi gabe etorri zaio eskaera. Zer duzu gaur egiteko, galdegin dio Lupek. Gaur larunbata da. Ezin izan dio ihes egin emakumeak botatako sareari. Harrapaturik geratu da, sardina bezala. Etxalarko usoa bezala.
Etxean nahi zuen egin afaria Lupek. Damianen etxean. Zorionan bertan. Berak paratuko zuela afari goxoa gauza guztiak ekarrita. Ertzaina izan ezean, sukaldari nahiko zukeela. Eta iji. Eta aja.
Hori bai ezetz erantzun dio Damianek. Nahi baduzu kanpoan afalduko dugu, baina nire etxean inola ere ez. Ezagutzen dut Hondarribian ostatua zabaldu duen sukaldari frantses gazte bat. Eta baietz Lupek. Bederatzietan etorriko zaiola bila eta egoteko prest. Berak gidatuko duela autoa. Alkoholemia kontroletan arazorik ez edukitzeko. Eta iji. Eta aja. Eta mua eta mua. Eta agurrik ez. Gero arte. Kaka zaharra gero arte. Kaka zaharra eta kaka zaharra. Zer egiten dut nik berriro inorekin katramilatzen, galdetu dio bere buruari Damianek. Zer egiten dut Jaionerekin ibilitako bide beretan ostera abiatzen.
Ez naiz lehengoa. Nekatuta nago. Hiltzen ari naiz. Zaharra nago. Zer esango dute halako gazte batekin ikusten nautenean. Ertzaina, gainera. Ondo nago bakarrik. Bardakoak ez du garrantzirik. Egiteko gogoa sartu zitzaigun. Egin eta kito. Hor ez dago besterik. Ezin da egon besterik.
Larriuneetarako hortxe dago Véronique. Ziburuko zoroa, Véronique. Lagun bakarra Véronique. Surik batere gabeko beroa. Itotzetik ateratzen nauena. Batere arriskurik gabea. Véronique. Maite maitea Véronique. Ni bezain galdua Véronique.
Damianek Argos askatu du katetik eta Olamendiraino hurbildu da erosketen zerrendarekin. Ez du etxetik inora irten nahi. Are gutxiago dendara. Etxean nahi du geratu, bakar-bakarrik. Egun osoan. Larunbat osoan. Ez du deus egingo. Etzan egingo da. Etzanda egongo da egun osoan. Besterik gabe. Ez du telebistarik piztuko. Ez du libururik irakurriko. Kendu egingo du telefonoa. Ez du begirik ireki ere egingo. Ez du ezer pentsatuko. Hilda egoten hasiko da ikasten. Ez besterik. Garaia iristen denerako.
Katalina eta Moises arduratuko dira. Berak ez dauka inorako gogorik. Egunon Moises. Egingo al didazue mesede, esan dio. Hauxe da zerrenda. Katalina agertu da orduan atetik eta frantsesak emandako telefonora deitu al duen galdetu dio. Emakume ona dela frantses hori-eta. Baietz, Damianek. Ez duela deitu baina deituko duela, Damianek. Lore dozena bat ere ekartzeko, Damianek. Ahal baldin bada, gerberak izan daitezela, Damianek.
Itzuleran, Argos eutsi behar izan du lepokotik, golfeko belarra zaintzeko botatzen dituzten untxi horietako baten ondoren joan ez zedin. Gero eulitegian sartu da eta hango hozkailutik txahal birika batzuk atera ondoren, urki batetik zintzilikatu ditu eguzkitan desizoztu daitezen.
Argos, ez utzi inguruko katuei arrimatzen agindu dio zakurrari, baina honek ez dio deus ulertu eta lorategirantz hartu du, bere egin beharrekoak egitera, seguru asko.
Etxean nahi zuen afaldu, gainera, Lupek. Jaione eta bion etxean. Gu biontzat eraikitako habiaren erdian. Zorionan. Jaione. Jaione. Zer egiten duzu Polloeko mahai gainean zatiturik. Nork egin dizu hori. Zergatik, Jaione. Zerk eraman zaitu gorputegiko helmugaraino. Nola iritsi zara horraino.
Eta hiru gizon irudikatu ditu biluzik haren inguruan. Ez daki. Ez daki haren inguruan ala haren zatien inguruan. Ez daki xuxen. Inork ere ez daki. Jakin nahi luke. Baina gehiegi da hori. Gehiegi da bera bezalako gizon batentzat. Gehiegizkoa da emazte ohiaren irudi zatikatua. Gehiegizkoa da dena. Gehiegizkoa da Jaionek Donostiara itzuli zenean hartu zuen hastapeneko bidea, eta gehiegizkoa da bukaera. Amaiera zatikatua. Irakurri dituen eleberri guztietan ere ez du kausitu halakorik, antzeko izugarrikeriarik. Hainbesteko jasan ezinezkorik. Ez dago irudimen nahikorik. Ez dago ulertzerik, inola.
Astebete lehenago, Damian Arrutik emakume haren gorpua ezagutzen zuela esan zuenean, Urrutikoetxea tenientea izan zen lehenengoa halako gauza bat guztiz burugabea zela erantzuten. Ezinezkoa zela halako seinale txiki batetik gorpua nori zegokion ezagutzea. Deusetarako ez zuela balio horrek. Nola ezagutuko duzu aurpegirik gabeko gorpu bat, esan zion.
Bide beretik erantzun zioten Larrañaga forentseak eta Lupe Latasak ere, gorputegiko sala nagusian: hatzik ere ez dauka, hatz markarik ere ez, beraz. Zure hitzek ez lukete fitsik balioko inoren aurrean. Horixe esan zuten.
Zati horiek guztiak Jaionerenak dira, erantzun zien Damianek aztoraturik, eta istant batez pentsatu zuen giza haragia ezer ez dela arnasarik gabetan. Eulien bazka soila, ez besterik. Giza gorputza era hartan zatituta ikustea izan zitekeela modu bat edonor betirako umiltzeko. Hantuste irmoenak birrintzeko. Bai, horixe pentsatu zuen Damianek eta, ADN froga, esan zuen ondoren ilunpean argia topatu izan balu bezala. ADN froga egin dakioke eta horrek erakutsiko dizue emakume hori, zati horiek guztiak, Jaione Lizartza deitzen zen emakume batenak direla. Nire emazte ohiarenak, alegia.
Hori film amerikarretan, erantzun zion Urrutikoetxeak hotzegi. Hemen ez da aukera handiegirik izaten halako frogak egiteko. Garestiak dira eta epaileen agindua behar da horretarako. Inongo epailek ez du hori aginduko zure uste soila sinesteagatik. Kea baizik ez dira zure hitzak, legegizon batentzat.
Damian Arrutik ez zuen sala hartatik berriro itzuli nahi gorpuaren ondora, baina ziur zegoen hango gorpuki haiek guztiak Jaionerenak zirenetz. Seinale gaiztotu eta txiki hura, Phopyla bahii baten helduak egina zela eta juxtu Jaionek zeukan leku berean zegoela kokaturik. Heldu haren errua, berea, Damianena, izan baitzen eta ederki gogoratzen baitzuen noiz eta nola gertatu zen.
Emakume hori nire emaztea izan da hiru urtez, esan zien. Horren azaleko lerro denak ditut ezagutzen. Gizonak badaki ederki nor ibili zaion petik biluzgorririk. Emakume hori Jaione da eta horretaz zalantzarik baldin baduzue, aurki ezazue Jaione behingoz. Hilabeteak dira ez daukadala haren berririk. Jo beraren amarengana, hark ni ez nau hartuko eta. Harekin bizi zen azkenekoz Jaione, berarekin mintzatu nintzenean. Handik hona izango dira sei hilabete, gutxienez.
Horixe egingo dugu lehendabizi, erantzun zion Urrutikoetxeak eta irten egin ziren denak Polloeko gorputegitik.
Kanpoan ziren Leniz eta Mangas ertzainak zain. Ezer berririk bai tenientea, galdegin zuten eta ezetz erantzun zuen Urrutikoetxeak, hari mutur hauskor bat baino ez zutela esku artean. Horixe erantzun zien, hari mutur hauskor bat. Eta ikaragarria begitandu zitzaion Damiani bere aztoramen guztia hari mehe eta hauskor batean biltzea.
Hala ere, hortixe egin beharko dugu tira, ezertarako balioko ez badu ere. Jaione Lizartza izeneko baten bila hasi behar duzue oraintxe bertan. Bere ama Prim kaleko 23.ean bizi ei da, Arruti jaunak esan digunez. Zoazte lehenbailehen.
Damianek bere Wranglerraren motorra isiotu zuenean, Lupe Latasak esan zion leihatilatik: etzi joango gara leizean behera, dena edukiko dugu prest ordurako. Zaude lasai, dena konponduko da eta.
Zaude lasai, zaude lasai, kaka zaharra, zaude lasai, pentsatu zuen Damian Arrutik eta inori adiorik egin gabe hartu zuen maldan behera zihoan bidea, hiri aldera. Nahikoa zeukan egun hartan bizi izandakoarekin eta nahikoa zeukan une batetik bestera gainera etorriko zitzaion itolarriarekin. Hala ere, ez zegoen kexatzeko moduan. Jaionerekin alderatuta ez, behintzat.
Etxeko bakardadean etzanda eta begiak edonon galduta zituela, hildako emakumeak estaltzen zion gauean bere alboan eduki zuen bestearen pentsamendua. Hildakoak ezkutatzen biziduna. Gorpuak, gorputza. Hotzak, beroa. Emakume zatituak, emakume osoa.
Luperen aurpegia ederra da oso, pentsatu zuen, baina Jaioneren aurpegia ikusi ezina bortitzagoa. Present dagoenak baino agintzenago du ez dagoenak. Beteak baino, hutsak.
Lepo motozerratu hori. Eskutur zerratu horiek agerian. Gorpuki zatitu horiek denak. Nork egin dizu hori Jaione. Nor izan da urdekumea.
Mangas eta Leniz joan ziren, bai, Jaioneren amaren etxera haren galdean. Eta fitsik ez. Halaxe esan zion telefonotik Urrutikoetxeak, fitsik ere ez. Hilabeteak zirela Jaioneren albisterik ez zeukala. Ama-alabak haserre ibiliak zirela eta orain damutu egiten zela Jaione hain estu hartu izanaz. Ez zekiela non zegoen, ez zekiela non egon zitekeen. Noizik eta behin bere senar ohiarekin, Damian Arruti izeneko alproja batekin, afaltzeko ohitura zeukala, hori baietz, baina ez zuela uste kalamitate haren etxera itzuliko zenik ostera bizitzera. Euliz inguratuta bizi da, esan ei zien Mangas eta Lenizi. Zomorroz inguratuta. Nor bizi liteke horrelako gizon baten ondoan. Zer gertatzen, da, zergatik zabiltzate Jaioneren bila, galdegin omen zien ertzainei eta hauek, ez da ezer, ez da ezer, erantzun omen zioten. Ez da ezer, kaka zaharra, ez da ezer.
Telefonoa tirrinka. Ahaztu egin zaio deskonektatzea. Ez jasotzea deliberatzen du, hala ere, eta erantzungailuan hasi da Jose Ramon Izpizua bere lagunaren lehenengo hitzak entzuten. Zer moduz, aspaldiko, esaten dio, bizi haiz. Non arraio habil. Aspaldi ez haiz agertu ostiraletako gure afarira. Eta une horretan, Damianek telefonoa jasotzea erabaki du. Jose Ramon Izpizua du lagun handienetakoa, lagun maiteenetakoa, eta ikasia du honezkero, lagunak ere noizbehinka elikatu beharrekoak direla, sotoko euliak bezala, besterik ez bada ere.
Baietz esan dio, bihar igandez elkarrekin joango direla arrantzara. Goiz pasan. Eskertzen diola gomita. Baietz, goizeko zazpi eta erdietan hantxe egongo dela Hendaiako portuan prest, eta izango dutela astia nahikoa eta gehiago elkarren berri trukatzeko, aparexuak bota bitartean. Berdin diola ezer ez harrapatuta ere, kontua itsasora irtetea dela eta, aspaldiko partez, bi lagunak elkarrekin egotea. Horixe dela garrantzizkoena eta, itxura batean bederen, ez duela euria egiteko asmorik. Egun ederra dagoela iragarrita. Klik.
Orduan bai. Orduan telefonoaren haria atera du bere lekutik. Ez dio beste inork deituko horrela.
Jose Ramon Izpizua, gutxi halakorik, pentsatu du Damianek. Gazte garaietatik gordetzen duen lagun apurretakoa. Pitokeria batengatik haserretu eta elkarren berri jakin gabe ibili ziren urte batzuetan. Horregatik ez zen izan haren ezkontza eguneko ospakizunean. Ondoren, ordea, ez da damutzen bere adiskidantza berreskuratu izanaz. Gizon zintzoa eta hitza hitz duen horietakoa. Hondarribian jarri zen bizitzen, gainera, Izpizua. Guadaluperako bidean dagoen baserri zaharberritu batean. Eskutik eskura, beraz.
Izpizua lagun bihotzekoa. Lagun arkitektoa, Zoriona merke antzean jasotzeko erabakigarria izan zena. Lagun isila. Lagun umila. Ondo etorriko zaiola erabaki du Damianek Jaioneren gorabehera haiek guztiak baten baten belarrietan hustea. Baten baten belarrietan uztea. Izpizuari egokituko zaiola, kasualitatez bada ere, bere erraietan sartzen ez zaizkion kontuak jakitea. Izpizuak ere ezagutu baitzuen Jaione, bi bikoteek elkarrekin, hilean behin edo, antzina egiten zituzten afari haiek zirela medio.
Lupe Latasaren gorabeherarik, ostera, ez dio batere kontatuko. Lotsa emango lioke halako ezer aipatzeak. Oraindik ere nerabe baten antzera dabilela erakusteak. Bazekien, hala ere, Izpizuak ez liokeela deus esango horretaz. Adi bai, baina mutu entzungo lizkiokeela kontu horiek guztiak, begiak itsasoko uretan galduta. Beti izaten baitzen horrela: Izpizuak deus ez zuen jakin nahi izaten besteen bizitzetako gorabeherez. Bereak ere ez zituen nehoiz partekatzen. Zernahitaz mintza zitekeen harekin, baina emazte edo emakume kontuak zirenean, deus esan gabe egoten zen entzuten, eta ondoren, aukera ikusitakoan, solasaren beste muturren bati helduko zion, kontatutakoa entzun ere egin izan ez balu bezala. Gertatu ere izan ez balitz bezala. Horrelaxe izaten zen hori Izpizuarekin.
Bihar ez dio deusik esango ez, Luperenaz. Jaioneri gertatutakoarekin aski izango da pentsatu du Damianek eta oharkabean, lo geratu da sofa gainean. Bakean behingoz.
Ate hotsak esnatu du. Zer den ikustera jaiki denean, mahai gainean ikusi ditu erosketak. Katalina izango zen, pentsatu du, atean entzun dudana.
Gerberak ere bai, dozena bat, loreontzian jarrita. Lore horiek atsegin zaizkio Damiani. Egitura perfektuak. Berdin zaio kolorea, izan gorri, hori edo urdin. Berak formak ditu atsegin: hanka eta lepo luzearen gainean, egitura borobila osatzen duen hosto sorta, elkarren gainean eta elkarren ondoan geometria egokian haziak. Eta erdian, eguzkia dirudien txanpon iletsua.
Paperezko zorro batean aurkitu duen oilasko txiki bat jan du hoztu baino lehen. Zabarki: egunkaria irakurriz eta zer jaten diharduen erreparatu ere egin gabe. Berdin dio horrek, berdin dio oilaskoa edo pauma izan, erbia, zerria edo balea. Berdin dio guztiak, kontua zerbait irenstea da. Gehiegi pentsatu gabe, gainera.
Leihotik egin du txistu ondoren eta Argos agertu da hezurrak jatera. Zakur alferra, zakur alferrikakoa, hori bai, Ulisesena bezain fidela, pentsatu du Damianek, eta telebistaren parera joan da ondoren kafe katilukada bat eskuetan hartuta. Berdin dio horrek ere, berdin dio telebistak eskaintzen dion dena. Berdin dio publizitatea edo dokumentala izan, filma, lehiaketa edo elkarrizketa. Berdin dio, kontua zerbait irenstea da. Gehiegi pentsatu gabe, gainera.
Arratsaldeko argia umiltzen hastearekin batera, golf jokalariak zelaietatik aldentzen diren tenorean, piztuko da apur bat Damian eta gauerako prestatzen hasiko. Poliki-poliki. Aurki Lupe etorriko da nire bila. Zer esango diot, pentsatu du. Nola sartu naiz joko honetan. Zer usteko du. Nola nago berriz ere leku berean harrapatua.
Telefonoz deitu nahi nizun banatorrela esateko baina ezin izan dut, ez dakit zer gertatzen den gaur telefonoekin, esan dio Lupek Damiani, atarian artatzera joan zaionean. Berdin dio, erantzun dio Damianek, eta ondoren aperitifa etxean hartu nahi ote duen egin dio galde. Baietz emakumeak.
Beste bat ematen du Lupe Latasak. Ederraren ederrez itsustua. Ilea apaindegian aldatuta ekarri du, begiak eta ezpainak margotuta. Pistatxo koloreko soineko luze bat azpian eta gainean ile artifizialez eginiko larruzko beroki motza. Oinetan, takoi luzedun zapata ubelak. Ezkontza batera datorrela iruditu zaio Damiani, eta Lupe Latasak ez duela oraindik ikasi, bera bezalako gizonek gizonaren neurrira soilik edukitzen dutela antolatuta gustua, eta ez ile apaindegietako aldizkarien arabera. Ez duela ikasi prestatze gehiegizkoak kalte egiten diela zentzumenei. Apur bat nahikoa izaten duela emakumeak, berezkoa estali gabe, gizonaren aukeran jartzen dela adierazteko. Eta gehiegiak kalte egiten diola arraren oldarrari. Oreka zail hori ez duela oraindik Lupek menperatzen, deliberatu du azkenik Damianek.
Hala ere, bere buruari aitortu behar izan dio, behin etxe barruan eta berokia kendutakoan, gorputza edertu egiten diola soineko luze eta estuak. Ez dakar ezer azpian, pentsatu du, eta dena dago bere neurrian. Haragi tinko borobilak, bakoitza bere lekuan, gerria estua, bernak luze-luzeak eta soinekoaren azpiko titi-muturrak arinki iradokirik, ageriko erretenak gomitatzen duen beherako bidean. Niri gustatzen zaidan bezala, pentsatu du eta, ertzaina denez, kirola egingo duela, eta horregatik izango dela hori horrela, eta abar, eta abar. Eta Oportoko ardo zuri bat zerbitzatu dio, gerberen alboan pausatu duen edalontzi fin batean.
Gogoko al duzu Oportoa, galdegin dio Damianek, pastiza gazitu txiki batzuk eskaini bitartean. Gogoko dut zerorrek nahi duzun guztia, erantzun dio emakumeak, irria ezpainetan. Eta makillajea baino haratagoko bi begi beltzetan, erabat kiskal dezakeen su baten albiste jaso du Damianek, uste gabean.
Afaria ez da izan beste mundukoa. Damianek uste zuen, sukaldaria frantsesa izaki, sukalde frantsesa eskainiko zutela jatetxean. Lyongo eran paratutako txerri hankak jateko aukera edukiko zuela aspaldiko partez, edo hortelan izeneko txoritxoak euren gantzetan konfitatuta. Ez da, baina, halakorik izan. Soilik foie bat eta entsaladak frantsesen eran. Landesetako eran. Gainerakoa, kostako herrietan bezala: zapoa erreta edo legatza saltsa berdetan. Edo txuleta, auskalo nongo idirena.
Karta irakurtzen aritu direnekoa profitatu du Damianek, beti berdina jateaz nazkatuta dagoela Luperi esateko. Euskal sukaldaritza oso ona baina oso motza dela aukeran. Jatea maite duen euskaldunak ere ez duela nahi izaten irteterik betiko hiruzpalau gauzetatik kanpora. Eta pena handia dela hori, gauza berbera eskaintzen baitute jatetxe guztietan. Donostian eta Bilbon, Gasteizen eta Baionan. Horrexek ekarriko duela, bere ustez, euskal sukaldaritzaren galera. Bere loriatan itoko dela, tipula, berakatz eta perrexilez baizik egiten ez dakien saltsatan.
Barre egin du Lupe Latasak hori entzundakoan baina Damian berehala konturatu da berdin ziola berak zer esan. Zernahi aipatuta ere, barre egingo ziola Lupek. Edota serios eta adi entzun, hitz guztiak eta bakoitza, oso garrantzizkoak balira bezala. Gizonak esandako hitz ahulenetik ere zintzilikaturik baleuka bezala bere bizia. Bai, Damianek ezagutzen ditu lehenagotik sare hori eta beste batzuk, emakume-ehiztariak erabili ohi dituenak. Kontua da ezin erabakirik dabilela ehizakia izan nahi ote duenetz. Ez dakiela parean daukan emakumeak ba ote dakien, gizonari gustatzen zaiola beti bera izatea ehiztaria. Edo hori hala dela antzeztea. Ez daki Lupek badakien horrelakorik. Ez daki ba ote dakien, ehiza errazegiari ez diola tiro egiten azkenean, gizonezkoak.
Ardoa bai. Ardoa bikaina atera dute, 97ko Saint Emilion bat, aran-pasen ukitua zeukana zurrutadaren amaieran. Ñabardura hori zehazteko gauza ez dela aitortu badu ere, Luperi ere gustatu zaio eta arian-arian, bigarren bat eskatu behar izan dute mahaitik jaiki baino lehenago.
Damianek ez daki berez atera zaion ala Lupe Latasak eraman duen horretara. Ez daki nola amaitu duten berriro bere etxean. Zorionan. Eta amorrua ematen dio horrek, aldea baitago, edo egon behar luke, gaztaroko ibileren eta oraingoen artean. Senari segika ibiltzen da gizakia gaztetan, baina behin adin batetik aurrera, sen hori menpean behar lukeela, pentsatu du. Alferrik, zeren eta aldi berean ari baitzaio hazten Luperenganako beste asmo bat. Zergatik ez, pentsatu du, zergatik ez erotu behingoz eta eten edo askatu bakar bizitza honetara makurtzen nauen oldarretik.
Ederra dago Lupe bere ondoan, ohean etzanda. Gora begira, izara gerriraino soilik. Bular perfektua. Begi perfektuak. Lepo perfektua. Adats perfektua. Ahots perfektua. Hitz perfektuak haren ahotik.
Ez zen hainbesterakoa izan leizean beherakoa, esan dio. Ez zinen ito, behintzat, eta irri egin dio Damiani. Irri zabal eta garbia, ezpainekin baino gehiago begiez egiten den horietakoa. Alferrik jaitsi ginen hara, erantzun dio Damianek, alfer-alferrik. Han ez zegoen ezer, ez buru eta ez eskurik. Inguruetako lur apur bat, besterik ez genuen atera handik. Aho beltz hartatik.
Ahuspez jarri zaio gainean Lupe, nolaz eta haurra gurasoaren bular gainean. Baina Lupe ez da haurra eta ipurmasailetan jarri dizkio Damianek eskuak, haragi tinko ugaria ahurka, eta handik gora, sorbaldetaraino egin dio igurtzia. Igurtzi arina, doi-doia, kilikagarria. Adatsetan egin dute gero egonaldia eskuek eta azkenean, amultsuki jaso dute gizonarenek emakumearen ezpainetako eskaintza haragizkoa. Eskaintza hezea.
Nola ez zaitut ikusi lehenago, galdetu dio Lupek orduan. Non ibili zara orain artean ezkutatuta nik zu ez ikusteko. Zomorro artean, erantzun dio Damianek eta barre egin dute biek bigarrenez katramilatu baino lehenago.
Amaitu dutenean, lo egin beharko nuke, esan du Damianek, bihar goizean lagun batekin joan behar dut eta itsasora. Zoaz lasai erantzun dio emakumeak, hementxe aurkituko nauzu, itzultzen zarenean. Bihar igandea da bihotza. Bai, bihotza deitu dio. Bi-ho-tza. Ustekabean. Us-te-ka-be-an.
Lotaratzerakoan Damianek ezin izan du kendu burutik kezka moduko bat. Lupe bakarrik geratuko da goiz osoan bere etxean. Lupek bere gauza denak begiratuko ditu, zintzilik hormetan, gordeta armairuetan, bilduta tiraderetan. Lupek bere liburu guztiak ikusiko ditu, bere argazkiak, bere paperak, bere euli-kaxa guztiak. Lupek bere hozkailua irekiko du eta handik aterako bazkaria paratzeko beharrezko guztia. Lupek bere lurralde guztia menperatuko du, eguerdi aldean itsasotik itzuli bitartean.
Eta harritu egin da, horrek ardura handiegirik ez diola sortzen konturatu denean. Orduantxe jakin du, berak ezer erabaki baino lehen, erabakiak berari hartu diola aurrea.