Leuropa
Leuropa
2002, nobela
196 orrialde
84-95511-51-7
azala: Anthony Russo
Pablo Sastre
1958, Madril
 
2006, nobela
2004, nobela
2000, nobela
1996, ipuinak
1992, ipuinak
1990, ipuinak
1986, nobela
1984, nobela
 

 

Barriada deitzen zuten hori eta gero Barriada de Pescadores izena ere aditu nuen, toki hura, hiri barruan zegoen kuartel zahar bat zen, eta hango dependentzia batzuk legez etzeuden magrebiarrentzat berezi zituzten, beren herrira bidali baino lehen.

        Sanchez horrekin eta beste bi poliziekin konejera batian ni eta beste bi lagun bidali gintuzten hara. Bi haiek eguerdian eta Tarifan bidez bide zebiltzala detenitu zituzten.

        Koartelaren kanpoan horma batian pintada bat zegoen: «Alto a la invasión». Istantian enuen konprenitu baina geroxiago bai eta noski magrebiarren inbasioaz ari zen!

        Sarreran metralletarekin guardia bat zegoen eta barruan gela txar batian Sanchezek emakume bati paperak eman zizkion eta, beste gabe patiora sarrarazi gintuzten.

        Patio hartan igual baziren berrogei edo gehiago lagun, lurrian edo petrilian jarrita edo etzanda edozein ixkinatan, batzuk erdi gordian eta denak benpein itzalian eguzkiak oraindik indarrarekin jotzen zuelako. Aurrena eta distantzia batian poste baten kontra zeudela Selim eta Abdelhak ikusi nituen, Selimek begiak itxita zeuzkan eta Abdelhak berriz, ni ikusi eta krixton harrituta gelditu zen, nik buruarekin kasu egin nion eta harek ere keñu txiki bat egin zuen baina nik enekien haiengana joan edo zer egin eta badaezpada bakarrik eta arku baten azpian eseri nintzen. Han nintzela gure kamioneko zaharra ere ikusi nuen urruti, dudikabe dagoeneko berak ere ikusi ninduen.

        Handik pixka batera Selim etorri zen neregana eta nere ondoan jarri zen. Hura ere harrituta zegoen baina begi argi batekin begiratzen zidan...

        Hi ere hemen? galdetu zidan.

        Eta: Bai, eta kontatu nion nola ihes egin nuen eta nola harrapatu ninduten eta enion esan buruan ze makinazio neukan, azken batian berak eta Abdelhakek eta Kebirrek barrakan eta Sakirekin ikusi ninduten baina haiek etzuten jakin beharrik ni zein aldetakoa edo zein modutakoa nintzen, gero Selimek esan zidan berak pentsatu zuela ni Europan bizi baina magrebiarra eta mafiarekin ari nintzena nintzela eta pixka bat bai baina asko ere ez omen zen ni han ikusita harritu. Nik galdetu nion beraiek nola harrapatu zituzten eta berak hori hitz gutxitan kontatu zidan, mutila lur jota zegoen, begiak irekita edukitzeko ahaleginak egiten zituen, baina laster errenditu zen eta berriz ere loak hartu zuen, eta hala ere neregana etortzeko indarra egin zuen eta nik momentu hartan detaile hori benetan eskertu nion.

        Geroxiago eta dagoeneko zortziak izango ziren bi emakume azaldu ziren, haiek ziren bertako jende ona karidadia zutenak eta guretzako bokadilloak eta errefreskoak ekarri zituzten, orduan zutitu ginenian nik bestiak denak ikusi nituen: gizon zaharraz gain Iassin eta Mustafa, eta esan dudanez Abdelhak eta Kebir ere bai, azken honek begiak oso haundituta zeuzkan betazalak ia ezin zituela ireki, mediku bat eskatu omen zuen baina han ez omen zen medikurik eta funtzionario batek botikinian tanta batzuk bilatu omen zituen eta tanta haiek eman omen zizkioten baina tanta haien ondorioz edo ikaragarrizko azkuria jarri zitzaion.

        Mustafa eta bestiak ere, ni han nintzelako dexente harritu ziren, baina inork etzidan behar etzen komentariorik egin eta inork etzidan errezeloz begiratu eta nik uste haiek txabolan ginela sinpatia pixka bat hartu zidaten eta horregatik beren aldekoa edo benpein beraietatik bat gehiago bezala hartu ninduten.

        Haiek denak guardia zibilek detenitu eta beren komandantziara eraman zituzten eta bertan ordu pare bat egin eta neri komisarian bezalaxe galdera batzuk egin zizkieten eta handik zuzenian kuartel zahar horretara eraman zituzten.

        Galdetu nien Ahmedegatik eta lehenago esan dizudana esan zidaten, eta hartaz egundaino eztut beste berririk izan, eztakit alde egitia lortu zuen edo harrapatu zuten eta Aljeriakoa zelako libre utzi zuten, haiekin legia diferentia baita.

        Noski Krimoz ere mintzatu ginen, hartaz Iassinek esan zuen: Hori ya eztute harrapatzen... esperantza benpein.

        Iassini, berriz, komandantzian zer okurrituko eta okurritu omen zitzaion abokatu bat eskatzia, noski Iassin karrera egin eta oso ikasia baita... Ez omen zioten parre gutxi egin zibilek horrekin. Eta, Iassin hortaz ari eta, Abdelhakek galdetu zion, aber abokatua zer den edo zertako den abokatu bat, Iassinek esplikatu zion... Hemen ez baita abokaturik izaten, hemen notarioak eta orain izena gogoratzen etzaidan beste elemento batzuk izaten dira.

        Iassinek esaten zuen, nonbait berak hala ikasi zuen, eta abokatua horregatik nahi zuen, emigrantiak Espainia barruan atxilotu ezkero ezin dituztela juizio bat egin gabe Magrebera bidali. Mugan atxilotu ezkero bai, baina berak mugatik kilometro batzuetara harrapatu zituztela eta, horregatik juizio bat izateko deretxoa zutela. Orain, nik gero aditu dudanez, eta legiak bere letra txikian esaten omen du, pertsona, esate baterako kamionian atxeman ezkero, nahiz mugatik mila kilometrora izan, hura «frontera móvil» dela eta poliziak mugan harrapatu balu bezalaxe ibiltzia daukala.

        Selim ere saiatu omen zen eta hamazazpi urte zituela esan omen zuen: edade horretan ezin zaituztelako bidali, baina zibilek esku muturra neurtu omen zioten eta besteekin batian bidali zuten, egin berri berriak zituen hemezortzi.

        Bueno, nik gazta bokadilloa haiekin jan nuen, artian kontu gutxi eta orain esaten ditudanak gehienak gero hitz egindakoak dira zergatik lagunak orduan etsi etsian eta berriketa gutxiko zeuden, eta han zeuden asko gu baino askoz okerrago zeuden, jendia oso tiratuta zegoen, batzuk kostara iristen ari zirela paterak harkaitza jo omen zuen eta bi lagun ito egin omen ziren, eta bestiak, bizirik atera zirenak, Paloma Alta deitzen den toki batian beldurrak akabatzen eta hiru egunez ezer jan gabe egon omen ziren, esaten den bezala etzen giro han!

        Orduan Selimekin hitz egin nuena eta Selimek kontatu zidana haurrarena izan zen, hori oso fuertia izandu zelako, bai? Selimek amaren minak ikusi eta gero berak zulotik dena aditu baitzuen, eta gero komentatu genuena, aber orain haur horrekin zer egiten duten, zergatik legiak esaten omen du Magreben jaiotako haurra magrebiarra dela, eta Espainian jaiotakoa espainola dela, baina itsasoko haurra nongoa izango da, eta non dago itsasoko muga?

        Eta, orduan eniena galdetu, baina gero bai, Saki ikusi ote zuten. Eta, inork ez omen zuen ikusi eta inork ez omen zekien ezer, eta hartaz gero Momoren bidez jakin dudana da, ospitalian bertan harrapatu zutela eta Algecirasko komisarian eduki zutela, eta noski ni egondu nintzen komisaria berian egongo zen baina, bera «espainola» edo bera «jende trafikatzailia» zelako beste dependentzia batzuetan eduki behar izandu zuten.

        Artian ilundu gabe zegoela erretreta jo zuten, hor istilu bat izandu zen gizon batzuek eta Abdelhak tartian zela patioan beren orazioak egiteko mantak eskatu zituztelako, bai? eta guardiak esan zien udan etzela mantarik eta mantak negurako zirela, eta: mesedez, manta xinple batzuk zergatik etzizkien ematen, galdetzen zuen gizon bati guardiak bakar bakarrik esan zion hori zela legia eta berak etzuela idatzi legia, eta norbaitek lege hura aldatzia nahi bazuen eskaera idatziz egin beharra zeukala eta dagokion tokian azaldu behar zuela, gizonak oso haserre zeuden eta batek hitz gogortxo batzuk ere esan zituen txakur kristau haien kontra...

        Esan ziguten komunera joan nahi zuena orduan joateko, pabelloia itxi egingo zutela, gero nave haundi batian sartu gintuzten, burnizko ohe lerro luzia zegoen eta koltxoi zahar batzuk eta koltxoi bakoitzaren gainian maindire bana, atia esan bezala giltzarekin itxi zuten eta leihoak zeuden kristalik gabe baina rejekin itxita. Handik pixka batera argia itzali ziguten eta gizon batzuek hizketan segitu zuten baina Selim eta biok eta gainontzeko gehienak ere nor bere kamantzara eta nor bere pentsamentuetara bildu ginen, eta nik biharamunak zer ekarriko zidan enekiela egia esateko lorik ez egiteko motibo on onak banituen baina, maindire hartan nolabait ere bildu nintzenian, ukabilak ondo itxi eta lo galanta egin nuen!

        Goizian zazpietan Selimek astindu ninduenian esnatu nintzen, ya bestiak maindiriak tolestuta zeuden eta guardiak esan zuen dutxatu nahi zuenak bazeukala dutxatzia, baina gizon bat edo bi bakarrik dutxatu ziren, gero berriz ere patioan talde txikitan edo banaka jarri ginen eta handik ordu erdi batera: Gosaltzera, esan ziguten, nik jeikitzekoa egin nuen baina Selim eta bestiak eserita gelditu ziren, nik Selimi: Ez al duzue gosaldu behar? galdetu nion, eta berak esan zidan ezetz eta bezperan beren orazioak egiten etzietelako utzi etzutela jan behar... Guardiak esan zuen, etzen gaueko guardia, beste bat zen, majoa ematen zuena: Zer dugu, huelga? esan zuen, eta: Lastima da, kafesne bero beroa... Nik la puta eta orduantxe katilukada eder bat eta zazpi bollo ere jango nituen baina ixil ixilik eta bestiak bezalaxe triste eta gosaldu gabe gelditu nintzen.

        Goiza aspertuta eta beste konturik gabe pasatu genuen, eguerdi partian Zineb ekarri zuten.

        Bakarrik ekarri zuten, ez Lila ez beste inorekin, neska oso baju zegoen, aurpegi txar bat egiten zuen... Bere poltsarekin eta inori kasu egin gabe eta inori begiratu gabe denen aparte jarri zen, noski gizonen artian bera zen emakume bakarra! Baina gure gizonetatik ere, inor etzitzaion joan galdetzera aber zer moduz zegoen edo aber nondik nora ibili zen, neri hori etzitzaidan ondo iruditzen, baina dudikabe hori zen prejuizioengatik, bai? Etzutelako ondo ikusten, herriko neska bat hola eta hola ibiltzia eta zeukan ofizioa zeukala... benpein inork etzion kasurik egin, baina nik kuriosidade haundia neukan eta jeiki eta komunera nijoalakoan handik bueltan haren ondoan gertatu nintzen eta saludatu egin nuen, gozo begiratu zidan duda punta batekin, galdetu nion zer moduz zegoen eta «ça va», esan zidan, zigarrillorik al nuen galdetu zidan eta nik han zebilen igeltsero bati eskatu nion, orduan Zineben aldamenian jarri nintzen eta esan nion suerte txarra izandu genuela, eta harek: Bai, gero eta solasian hasita pixka bat soltatu zen, frantsesez aritu ginen berak arabez nik baino gaixkiago baitzekien, noski familia bereberia eta Frantzian bizitakoa zen, kontatu zidan Lila eta biak kamionetik aterata ordu erditxo batian edo hola ibili zirela, karretera batera iritsi zirela eta bertan auto stopa egin zutela baina inork etzituela hartu eta azkenian polizien kotxia etorri eta harek hartu zituela! Galdetu nion eta esan zidan Lila komisarian gelditu zela, baina etzidan esan zergatik eta etzidan hartaz gauza garbirik esan, behintzat hura gero etzen gurekin etorri eta Zinebek nahiago zuen hartaz ixilik egotia, noski eta pentsatzen dut hura Espainian geldituko zela.

        Gero bere poltsatik bi melokotoi atera zituen eta bat neri eman zidan, komisarian zela polizia bati fruta pixka bat edo jateko zerbait eskatu omen zion eta harek dendaren batian edo nonbait erosita melokotoi kilo bat ekarri omen zion, ikusten denez kamionian utzi zuen bere poltsa ere eman egin zioten eta bestela kamionarekin eztakit handik aurrera batere zer pasatu zen, orduan ere hartaz gogoratu nintzen eta rejistratzen zutenian noski nere arropak eta nere gauzak ere bilatuko zituzten baina, gauza haiek neriak zirela inork esan gabe, nola jakin?

        Handik denboratxo batera Selim guregana etorri zen eta hura ere lurrian jarri zen eta ya egin genuen hiruko bat, buelta elkarrekin egin genuen eta oraintxe bi hilabete izango dira Selimek atzera Zinebekin topo egin baitzuen, baina hori geroxiago esango dizut.