Leuropa
Leuropa
2002, nobela
196 orrialde
84-95511-51-7
azala: Anthony Russo
Pablo Sastre
1958, Madril
 
2006, nobela
2004, nobela
2000, nobela
1996, ipuinak
1992, ipuinak
1990, ipuinak
1986, nobela
1984, nobela
 

 

Hurrengo goizian artian bero larririk etzela Saki eta biok oinez herrira jeitsi ginen eta taxi batian Tetuanera joan ginen, txoferra gizon zahar bat zen, denbora guztian ixil ixilik eta kasetian profetaren hitzak jarrita zeuzkan, Sakik etzekien haiek zer ziren eta nik esan nion, nik banekien zergatik nik txikitan izebaren etxian halako errezu sorta batzuk entzunda nengoen.

        Papeleran kamiona hartu genuen, sarreran zegoen eta hemen esaten den bezala Adanen seme bati por el morro eskatu zigun «zerga» pagatu genion, gero Sakik zekien bidetik atzera gure herrira itzuli ginen, esan behar da bidian inolako problemarik ez genuela izandu, Saki atzera begira eta erne erne zijoan eta ustez benpein inor etzebilen gure arrastoan, kontrolik ere ez genuen izandu, hori bai artian Tetuandik atera gabe karrefur batian gelditu ginenian ispilutik mutil bat ikusi genuen kamionaren azpiak begiratzen, arrankatu egin genuen eta ezer ez, baina Sakik esan zuen: Hemendik aurrera dena begi ibili behar diagu zergatik deskuidatzen bagara sartuko zaizkiguk goitik eta behetik! Gero karreteran hemen legia den bezala eta badaezpada ere poliki poliki etorri ginen, Sakik maldizioak esaten zituen berak gauzak azkar egin nahi zituelako, baina hori da gauza bat oso normala dena hemen, zergatik hemen errepidian jende asko oinez eta gurdiz ibiltzen baita eta deskuidoan zapaldu ezkero pixka bat azeleradoria jendia aurretik eramango zenuke parrastan.

        Herrira heldu gabe arbola batzuk zeuden paraje batian mutiko bat hartu genuen, han zen hura gure zai beste mutiko batekin, beste hori ardiak zaintzen eta Sakik hartu genuen hura ezagutzen zuen zergatik harek lagundu zion txabolara bezperan, harekin beste pixka batian segitu genuen karreteran, gero esan zigun: Hor ezkerrera, hartu genuen bide zabal bat eta hartatik segitu genuen bost bat minutuz terreno zelaian, halako batian: Hor eskubira, esan zigun. Hortik? esan zuen Sakik: oso bide estua zelako, kamiona justu justu sartzen zen, eta: Bai, bai, handik zela, eta sartzeko lasai, handik sartzen zirela traktoriak eta kamionak ere.

        Kamionak sartuko ziren baina guria bezalakorik eztut uste lehenago besterik sartua izango zenik bide kaxkar hartan, Sakik aurrera egiteko gorriak eta kolore guztietakoak ikusi zituen, errebuelta haundi bat bazen eta aurrenekoan etzuen asmatu, nolabait eta kasu haundia eginez atzera egin genuen poliki poliki eta bigarrenian bai, Saki beldur zen aber gero granjan buelta emateko tokirik ez genuen izango, baina granjara iritsi ginenian hango terrenoa dena liso lisoa zen eta harriz josita zegoen baina kamionarekin maniobratzeko etzen inolako problemarik.

        Mutiko harek Krimoren iloba edo benpein zerbait Krimorena behar zuen. Hamabi hamahiru urte, Peseta esaten zioten, gurekin kamionian ibilita poz pozik zegoen, maite zituen automobilak eta gero galdetu zidana: Zuk ze kotxe duzu? Eta, nik esan nionian nik kotxerik enuela: Ez duzu? Bai, baduzu, etzidan sinistu nahi, parre egiten zuen, eta nik: Honek badik, honek, Sakigatik, eta neri: Ze modeloa? eta aber haizerik al zuen, eztakit zer, kotxeekin oso interesatuta zegoen baina nik zer dakit ba kotxeen berri!

        Ailegatu ginenian Saki izerdi patsetan zegoen, Pesetari billete bat eman zion eta Pesetak etzuela nahi esan zuen baina Sakik sartu egin zion billetia poltsikoan eta ikustekoa zen mutikoaren begiek ze distira hartu zuten. Esan behar da Sakik negozio haundian etzuela barkatzen baina kalian etziola pesetari begiratzen, bezperan ere patatak agudo kargatzeko eskupeko ederra eman behar izan zuen, diruak aise aldegiten zion eta berak esan zidanez: Bazakiat nere kabia egiteko lasto txikiak eta txotxak ere bildu beharko nituzkeela baina...

        Granja edo baserri hura honerako oso moderno jarrita zegoen, hemen holako gutxi ikusten da eta garbi zegoen etzela edozeinena. Bazuen alde batian etxia patio haundi batekin, patioan simaur pila haundi bat eta dozena erdi bat behi eta txakur manso manso batzuk, eta beste alde batian eta aparte almazena eta depositoa, urarena, baita zuhaitzen artian ardi ilemotx batzuk ere baziren.

        Almazenian sartu genuen kamiona mutikoak esanda, han barruan baziren lastoak pardelak eginda eta goldia eta uztak biltzeko makinak ere, bertan egin behar genuen uste genuenez egun bat, jendia dena bertara etorri bitartian zergatik jendiak kamionian han sartu behar zuen, bai Krimo eta Mustafa eta lehengo txabolako haiek eta bai oraindik ezagutzen ez genituen bestiak ere.

        Saki eta biok gabarran sartu ginen eta Pesetak esan zigun gero etxera joateko, bera hala joan zen eta gu han gelditu ginen, Sakik susmatzen zuen bezala bideko koxka eta taka taka haiekin paleak lekuz mugitu egin ziren eta bat bolkatu ere bai! berrogeita hamar zaku, ibili ginen haiek ondo jartzen eta paleak eta bobinak ere bai badaezpada ere egur txiri batzuekin eta lokarri batzuekin denak ondo aseguratu genituen.

        Sakik esaten zuen karga hura ona zela guretzat, zergatik beste batzuetan tokatu izan zitzaion bezala arropa edo kortxoa edo txatarra ere tokatu ezkero mugan poliziak beti ere susmo gehiago hartzia izaten du, haietan errexago baita jendia gordetzia eta txarrena zen patata haiek gero Bordelera eraman behar zituela, gainerantzian suertia izan genuela esaten zuen.

        Gero Sakik nabaritu baitzuen bidian hots bat arraro bat kamionaren azpian, errueden artian sartu eta han ibili zen giltza haundi batekin eztakit zertan, ni bitartian han zegoen kanilla batian edan eta ur epelarekin freskatu nintzen, egiten zuelako ikaragarrizko beroa, eskuak eta besoak hazita neuzkan eta burua ere pisu, Saki kamion azpitik atera zenian koipiarekin dena zikinduta zegoen eta bera ere kanilla hartan garbitzen egon zen, gero Pesetak esan zigun bezala etxera joan ginen.