Sei lore
Sei lore
2001, nobela
200 orrialde
84-95511-47-9
azala: Ikeroker
Txema Garcia-Viana
1963, Donostia
 
1986, poesia
Sei lore
2001, nobela
200 orrialde
84-95511-47-9
aurkibidea
 

 

 

ALKANNA

 

 

Alkanna: Zain lodi eta hamar bat zentimetro luze, azal gorrizta duena; zurtoin ugari hogeita hamar zentimetroko garaiera ere iritsi dezaketenak. Aldizkako hosto luze eta estuak, bilotsuak. Loreek kolore urdin purpura dute, zenbaitetan xuri eta horikarak ere direlarik. Urdaileko gaitzak sendatu zein hilekoaren minak arintzeko hartzen da batik bat.

 

 

—1—

 

Jokinek zaharrago zirudien. Komisaldegiko egun haiek ez zitzaizkion alferrik pasa. Gabardina zurixka jantzita zeukan, hegala altxatuta, zeinak adina areagotu egiten zion. Lekua, Doña Casilda parkea; Arte Ederren Museotik gertu. Arratsa aspaldi abailduta zegoen eta zirimiri gogaikarria inguruak lohitzen hasia zen. Jokin eta biok, aterki bana hartuta, aurrez aurre gaude.

        — Zu atxilotu izanak ez nau pozten; hala ere gustura ikusiko nukeen Mantxolaren aurpegia zu aske utzitakoan.

        — Ez dituk egun gozoak izan; baina mingarriena Louisen suizidioa izan duk.

        — Badakit nazkatzeraino ere errepikatuko zenuela kontua, baina nola gertatu zen zehazki?

        — Bezperan Louisek telefonoz hots egin zidaan, zerbait garrantzitsua omen zuela niri kontatzeko. Santurtziko portuan paratu genian hitzordua. Harakoan tiro hotsa entzun nian, niri, hasiera batean, txapligu baten leherketa iruditu zitzaidana. Louisengana iritsi nintzenean, hilotzik zetzaan lurrean. Laguntza bila abiatu ninduan korrika. Bidean polizia topatu eta gertaeraz jabetzean nitaz errezelo txarra hartu eta atxilotu egin ninditean.

        Jokinen bertsioa, azken finean, ez zen hain txarra ere. Sinpleegia akaso susmorik ez sortzeko, baina akats gabea bestalde.

        — Zertaz hitz egin nahi zizun arrastorik?

        — Ezta batere.

        Jokini so egin nion. Bere begirada bufalo zaharrarena zen. Eskarmentua eta errukitasuna nahasterakoan sortu ohi den irudi lauso zehaztugabea ageri zen bere begi ikaragarri haietan.

        — Izan ere, maiz zaila izaten baita pertsonon jokaerei neurria hartzea.

        Nire hitzok atezuan jarri zuten azeri zaharra.

        Tabako paketea atera eta eskaini egin nion. Jokinek, begiradari tinko eutsiz, errefusatu egin zuen.

        — Bizitzaren gora-beherek zenbaitetan aldez aurretik asma ezineko eragina izaten dute guregan... —jarraitu nuen nik.

        — Bota! —agindu zuen, larderiatsu bihurtua zen ahotsez.

        — Stevek atsoa altxatu omen zizun.

        Kea indarrez bota nuen lurrerantz, gorputza zama astun batez libratzen ariko banintz bezala.

        Jokinen ordura arteko aurpegiaren azal zurruna tarratatu eta irri zabalez airean zintzilik zegoen tentsioa kolpetik xurgatu zuen.

        — Bejondeiala motel! Nire andrea alproja horrekin joan zela eta, susmotan al habil? Horixe zioat nik zor potro-ustel horri. Steve lardaskan hasi baino lehenago ere nire andrearen eta bion artean ez zegoan hipokrisiarik besterik. Stevek aitzakia egokia eman zidaan dibortzioa eskatzeko.

        — Agian kontua hau urrunegi joan zaigu. Aspaldi ari gara kakatan aztalka; zenbat eta gehiago sakondu orduan eta kirats nardagarriago ateratzen da.

        — Tristeena duk medikuntzak aukera ederra galduko duela. Denok izango gaituk galtzaile.

        — Oraingoz bizia ez galtzearekin nahikoa dut nik.

        Zeruan hodei potoloak ikusten ziren.

        — Agian gure patua han nonbait idatzita egongo duk honezkero...

        Urruntzen hasi nintzenean Jokin ez zen mugitu. Hausnarrean antzo gelditu zen gora begira beti ere. Geroago bai. Berriz atzera begiratu nuenean, banku batean eserita zegoen, burua esku artean sarturik. Une hartan parkeko beste elementu bat zirudien; iturria, lorategia edo usoaren zirinaz orbandutako bustoaren antzera. Lekutan geratuak zitzaizkion lehengo gentleman trazak. Orduan, parkeko banku hartan eserita, ez zegoen bihozminak oinazetutako agure errukigarri bat besterik. Niri beste zalantza bat gehiago sortu zitzaidan: egiatan hain gutxi axola ote zitzaion bere andre ohiarena. Une hartan kazkabarra hasi zuen. Azken bistadizoa bota nuenean, bankuan jarraitzen zuen, sorgor; euriak bere samina pittin bat arintzea espero balu bezala.

 

 

—2—

 

Amaia zegoen ostatura iritsi nintzenean bere logela hutsik zegoen. Nire adiskide Andoni ere ez zen han; lan bilera batean omen zegoen. Hango zerbitzariak esan zidanez, Amaia erosketak egitera atera zen aurki etortzekotan. Harrera-lekutik pare bat egunkari hartu eta erabat kolore pastela zuen egongelako besaulki batean eseri nintzen zain.

        Ordubete doi pasa zen Amaia azaldu zenerako.

        Beroki lodia jantzirik eta poltsa astunez zamatuta agertu zen. Beti bezain ederra bazegoen ere, zaharxeago zirudien. Ni ikusi bezain laster artifizialegia zen irribarre batek erdi zabaldu zizkion ezpainak. Laguntzera joan nintzaion baina ez zidan utzi. Bera bakarrik moldatuko zela esan zuen purrustadan. Segituan nirekin egongo zela eta apur bat itxaroteko.

        Ordu laurden baten buruan berriz azaldu zen Amaia. Soineko motx koloretsua jantzita eta muturra gogotik gorrituta inguratu zen salara, modelo desfile baterako egokiago zirudien ibilera neurtu eta sentsualaz inguratu ere. Nire aurrean eseri eta hankak mugimendu azkar eta ondo kalkulatu batez gurutzatu zituen.

        — Adi naukazu galai eder horrek.

        Erabilitako hizkera pare-parean zegokion bere jantziari. Amaia antzezle handia zen; uneoro bazekien zein paper komeni zitzaion antzeztea eta berau, izar handi baten gisara antzezten zuen.

        — Arrisku bizian zaudela ohartaraztera etorri naiz. Agian, ahalik eta urrutienera hanka egiteko aholkatu beharko nizuke, edo kutsadura medio bere ehunka milioi biztanle pixkanaka-pixkanaka akabatzen ari diren infernuko hiri horietako batean burua albait sakonen gordetzeko. Eta benetan aholkatu egingo nizuke, alfer-alferrik dela jakingo ez banu behintzat.

        — Gaur inondik ere bereziki baikor etorri zara.

        — Niri bost zerk bultzatu zintuen mafioso baten semearekin maitakeriatan ibiltzera —bota nion brastakoan—. Diru-gosea ala egiazko maitasun xamurra izan orain ez dio batere axola. Kontua da dagoeneko Peter, mafiosokumea, jakitun dagoela bere aitatxoren azioaz, ulertzen?

        — Ez dizut onartzen Peterrez horrela hitz egitea —sumindu zen Amaia, artean ere bere paperetik irten gabe.

        — Hara Amaia, mafioso hura orain arte faltsukeriatan ibilia da bere semearekin. Jende mota horri eskuarki ez zaio gustatzen familiaren aurrean kabroi modura azaltzea. Oso jende tradiziozalea izaten baita.

        — Kontu hau oso aspaldikoa da eta ahantzi egin nahi nuke behingoz. Gainera, uste dut beste kasu batengatik kontratatu zintuztela...

        — Hilero-hilero taloia kobratzea ez zaizu ahaztu bederen.

        Begiradaz alderik alde zulatu ninduen.

        — Hiru hilean behin jasotzen dut.

        — Oraingoz behintzat...

        Amaia urduritzen hasi zen nabarmen, nik neureari eutsi nion.

        — Zure atzetik ibilitako tipoa, Peterrek kontratatutakoa zen. Zure berri ematea zuen helburu, noski.

        Aurpegia doi bat zurbildu eta arnasa, une batez, larritu egin zitzaion.

        — Guztiz ahaztu ninduelakoan nengoen... jolasa besterik ez baitzen izan.

        Lucky bat piztu eta mantso bota nuen kea, hausnarrean.

        — Zure atzetik ibilitako morroi hura herenegun arrantzatu zuten Santurtziko portuan. Zorionez, atera zutenean artean ere isatsari eragiten zion. Hurrena ez dute huts egingo, zaude ziur.

        — Eta... Horrek zer ikusirik du nirekin?

        Unean baino unean lehengo emakume totalaren haizeak ahitzen ari zitzaizkion; bere antzezpena amaitzear zegoen.

        — Txantxetan ala?

        Eskuarekin kopeta ukitu eta pentsakor gelditu zen. Beldurturik zegoen.

        — Taloia jasotzeari uko egingo diot. Hurrengoan atzera itzultzeko agindua emango dut. Madrilen lagun bat dut, bertara joango naiz aldi batez.

        Kamareroa inguratu zitzaigun ea zer edan nahi genuen galdetzera. Amaiak keinu urduri batez ez zuela ezer behar adierazi zuen, nik vodka eskatu nuen.

        — Entzuidazu Amaia. Gure arraintxoak bere bezeroari informazioa bidali dio dagoeneko. Gure Peter gizagaixoa gozoa jarriko zen, noski, deskubritzerakoan nolako aita jatorra duen. Eta semeak jakiteak aitari ez zion grazia handirik egingo, jakina. Tipo hark jadanik ez du zer galdurik eta mendeku hartu nahiko du. Zera esan nahi dut... diru kontuak orain ez duela batere garrantzirik.

        — Nireak egin duela esatera etorri al zara?

        Bere aurpegiaren zurbiltasunak marmolaren ukitu ederra ematen zion ordurako sorgor ageri zen gorputzari.

        — Tratu egitera etorri naiz.

        Hau entzutean Amaia guztiz abaildu zen. Buruaz baiezkoa eginez amore eman zuen; ondoren, larruzko poltsa ireki eta zerbait bota zuen mahai gainera.

        — 38L Wad Cutter kalibreko bala! —esan nuen hatz artean arretaz aztertuz—. Oso bala arraroa.

        — Atzo bidali zidaten hona kartazal batean sartuta. Ez zegoen besterik. Zure eskuetan nago Markos jauna...

        — Dirudienez elkarren laguntza behar dugu. Nik Europako hainbat herrialdetan harreman onak ditut eta ziur egon ez zaituztela aurkituko. Aldi arriskutsuena iraganda ihesbidea ere erraztuko dizut. Lasai egon, arrasto ttikiena ere ez dugu utziko.

        — Tratu zuzena iruditzen zait; bestela ere aukera handirik ez dut eta...

        Besoa altxatu eta kamareroari deitu zion. Horse's neck bat eskatu eta zain gelditu zen.

        — Zergatik hil zuen Louisek Steve?

        Nire galderak berriz ere urduritu egin zuen.

        — Traizioa gorroto zuelako.

        — Jarraitu!

        — Ihesi gindoazela gertatu zen. Berez istorioa arrunta eta zitala da: Steve bezalakoxea.

        Trago luze baten premian zegoen inondik ere. Kamareroa artean ere gogotik astintzen ari zen koktel-ontzia, Karibeko rumba baten erritmo frenetikoaz astindu ere.

        — Ihesi gindoazen basamortuan zehar. Gaua zen eta tadjikak orpoz orpo genituen. Jeepa ahal bezala hondarrez kamuflatu eta duna baten atzean gorde ginen. Gure asmoa zen haiek gu aurreratzea. Ondoren beste norabideren bat hartu eta zorte pixka batez gure arrastoa galduko zuten; edo, besterik ezean, denbora apur bat bederen irabaziko genuen.

        Kamareroa inguratu eta koktela mahai gainean utzi zuen. Amaiak trago luzea jo zion antsiaz, begiak itxita; basamortuko oroitzapen haiek aho-eztarria lehortu balizkiote bezala.

        — Gure aurretik pasatu ziren bidelapur zarpail haiek. Ustez dena ondo ateratzen ari zen, baina taldearen atzealdean zihoanak ilargiaren bristada bat ikusi omen zuen jeeparen ispiluan islaturik. Horrexek galdu gintuen!

        Amaiaren keinu guztiak larriak ziren, mingarriak kasik. Edalontzia bere kolkoaren kontra paratu zuen, gaurko errealitatea sentitzeko akaso; amesgaizto hura aspaldi bukatu zela bere buruari sinetsarazi beharrez.

        Ondoren, bekainak pittin bat harrotu, ezpainak edarian busti eta mingainaz sentsualki ezpainen bustidura gozatzeaz bat jarraitu zuen.

        — Konturatu orduko alproja haiek ero modura gure bila hasi ziren. Gu aurkitzea denbora kontua baino ez zen. Ez genuen aukera ttikiena ere! Orduan gertatu zen. Louis korrika atera zen gure gordelekutik. Zalapartaka eta espantuka beraiek zeuden lekura jo zuen zuzen-zuzenean. Hasiera batean, ikarak eta tentsioak eragindako erreakziotzat jo nuen. Baina bere portaera ustez ero hura ondo hausnartutako plana izan zen... gu bizia salbatu nahian ari zen, behar genuen ataka ttiki hori eskaintzen. Laster hasiko ziren tiro hotsak non-nahi. Louisek bere errebolberraren kargadore osoa hustu zuen gizatxar haien kontra. Ez nuen sekula pentsatuko Louis horrelakorik egiteko gai zitekeenik. Baina hantxe zegoen, zutik, hiltzaile haiei aurre eginez bakar-bakarrik. Kalapita eta nahasmendua erabatekoak izan ziren. Guk aukera aprobetxatu genuen, noski. Jeepera joan, nola edo hala kamuflajea kendu eta ziztu bizian irten ginen handik.

        Amaiak edalontzia hustu zuen. Horse´s neck-ak bular barnea erre zionean, min imintzio arina marraztu zuen ezpainak zimurtuz eta begiak itxiz. Hitzik egin gabe beste bat eskatu zion kamareroari edalontzia hatzaz seinalatuz.

        — Eta Louis onik atera al zen?

        — Handik urrundu baino lehen atzera begiratu eta bera ikusi nuen, duna baten lepotik behera lasterka zetorrela, keinuka eta oihuka itxaroteko eskatuz.

        — Stevek, noski, entzungor egin zuen.

        — Nik atzera itzultzeko erregutu nion, bestela hilketa bat izango zela esanez, baina alferrik. Zerri horrek zera esan zidan, atzera bueltatuz gero hirurok hilko gintuztela...

        — Bai, orain argi dago.

        — Etxe madarikatu hartan Louis ikusi nuenean, sor eta lor geratu nintzen. Mamua ikusi banu bezalaxe. Ez galdetu nola lortu zuen hanka egitea infernu hartatik. Dagoeneko beranduegi da erantzuna jakiteko.

        — Zergatik saldu zenituen espediziokideak? —jaurti nion parrastan.

        — Mespretxua baizik ez nuen beraienganako. Koldar halakoak!

        — Steveren bortxaketa saiaketaz ari zara noski.

        — Horrek bezainbeste mindu ninduen gainontzekoen isiltasunezko konplizitateak; baina gehiago bazegoen...

        — Gehiago?

        — Afganistango emakumeen egoera larria.

        Hitz hauek erabat nahastu ninduten.

        — Afganistanera iritsi nintzenean neska bat ezagutu nuen: Nafas. Gure artean harreman ederra sortu zen eta haren bidez Afganistango emakumeen zapalkuntzaren testigantza zuzena izan nuen. Emakume xalo hark nire bizitzako unerik gozoenak eta mingarrienak eskaini zizkidan. Bai, kartsuki maite genuen elkar. Afganistan bezalako herrialde batean bi emakumek elkar maitatzea egin litekeen bekatu larriena da. Ez dakit nork salatu zuen. Handik hiru hilabetera, zenbait agintari diruz erosita, Nafas espetxetik ateratzea lortu nuen. Berriro ikusi nuenean, ordea, burumakur eta burka jantzita, burua erabat nahasturik zuen. Baita infekzio larria ere bere barruan. Alferrik ahalegindu nintzen ospitale batera eramaten; ospitaleak urriak dira eta emakumeek ez dute horretarako eskubiderik. Are gutxiago, noski, emakume hura bekataria baldin bada. Kanpamentura eramatea erabaki nuen, baina horretarako ere jadanik beranduegi zen. Bidean hil zen. Era xumean joan zitzaidan. Nire besoetan harturik, ordu luzez egin nuen negar lurperatu aurretik. Kartzelatik atera zenetik ez ninduen ezagutzen; inor ez zuen ezagutzen, ezta bere burua ere. Xaharrak topatutako formularen berri izan eta berehala taxutu nuen plana. Tadjikak talibanen arerioak direnez tratu egin nuen beraiekin. Uste baino errazago gertatu zitzaidan haiekin harremanetan jartzea.

        — Boterea eskaini zenien emakumeekiko tratu duin baten truke. Erabaki arriskutsu eta ausarta, bai horixe! —jaulki zitzaidan miresmen puntu batez.

        — Hasiera batean horixe zen nire plana. Geroago aldatu egin nuen pittin bat...

        Bere begiek eskuetan eusten zuen edalontziaren kristalarekin bat egin zuten supituki. Irribarre egin zuen. Irribarrea ikaratzeraino ere hotza zen.

        — Azken unean beste baldintzatxo bat erantsi nion gure arteko itunari: kanpamentuko lagun guztiak jo eta garbitzea.

        Trago luzea egin zuen eta begiak, amaitu berri den drama baten teloi astuna bezala, emeki itxi ziren. Gorrotoaren gozoa dastatzen ari zen.

        — Huts egin zenuen...

        — Stevek hango morroi batek esanda-edo erasoaren berri izan zuen. Ziur asko gainontzekoekin batera neu ere hilko ninduten basati haiek. Horrek ez zidan axolarik ordea. Tratuari dagokionez... Ez dut uste talibanek baino samurrago jokatuko zutenik emakumeekin.

        Zigarroa piztu nuen eta isilik egon nintzen Amaiari begira. Ez zuen batere damurik egindakoaz. Bere ahulean printzipioak zituen emakumea zen eta horrek are erakargarriago bihurtzen zuen.

        — Tira, hortxe duzu zure hiltzailea —esan zidan begiak lurretik altxa gabe.

        — Louisek Steve akabatu zuela begi-bistako kontua zen. Tadjikek eskuin besoan egindako zauriak zirela eta, ezkerreko eskuaz xehatu zuen bere lagun minaren gorputza, ahal izan zuen moduan. Bestalde, berari aurkitutako Steveren erretratu puskatuak gure Louis gizagaixoak nolako barne gatazka bizi izan zuen adieraziko luke. Bai, kanposantuan ikusi zenez, mendekuak eromenaren atakan jarri zuen kasik; azkenerako, ezin izan zuen burutu bere baitako atsekabea. Orain esku artean nituen datuek guztiz bat egiten dute gertakariarekin: aiztoaren inskripzioa, Louisen zauri larri haiek... Louis hiltzailea zen, noski; horrenbeste banekien, baina egiazko motiboa falta zitzaidan.

        — Orain lasaiago egon zintezke.

        — Lasaiago?

        — Hilketa argitu duzu, zorionak detektibe jauna!

        — Oraindik kasua ez da erabat argitu ordea; hainbat gauza daude ilun samar. Loreen lapurreta edo lehengo tiroketa kasu.

        — Hala ere hobe da lapur bati aurre egitea hiltzaile bati baino —hau esanik bere aurpegia are gehiago zurbildu zitzaion; bere egoeraren larriaz kolpetik jabetu izan balitz bezala—. Bestalde, lapurrak ez du inoiz bere asmoa beteko. Horretan ere lasai egon zintezke...

        — Oso ziur zaude horretaz.

        Amaiak begirada hotza luzatu zidan. Harrigarria zen egiaztatzea sentimenduek borborka eta gainezka nola egiten zioten. Nortasun konplexua zuen zalantzarik gabe. Orain samurtasuna, gero ikara, hurrena gorroto edo hoztasuna...

        — Nik banekien berandu baino lehen formula lapurtuko zidatela —jarraitu zuen Amaiak—. Lapurtu zidatenean, poztu ere egin nintzen. Halarik ere lapurreta burutu bitartean denbora izan nuen. Hausnartzeko denbora, ziria sartzeko denbora.

        — Argi hitz egingo al duzu behingoz?

        Amaiak errukiz begiratu zidan, edo niri behintzat hala iruditu zitzaidan. Bere ustez argi asko zegoen esan nahi zuena eta nire lerdokeria baino ez zen nabarmen geratzen zena.

        — Zera, lapurtu zidaten formula aurrez faltsutu nuen. Egia esan, ukitu batzuk baino ez nizkion egin; formula osaketa zapuzteko nahikoa ordea.

        Hau esanik, arbelean ariketa bikain burutu duen ikasle azkarraren planta hartu zuen. Neuregandik —beraz harro egon behar zuen irakaslearengandik— zorionak noiz jasoko zain geratu zen.

        Saria irabazi zuen.

        Paperezko ezpain-zapi batean helbide bat zirriborratu eta pasa egin nion.

        — Bihar goizeko bostetan taxia hartu eta helbide honetara joan. Zure zain egongo dira. Konfiantzazko lagunak dira, lasai, ez dute galderarik egingo.

        — Goizeko bostetan?

        — Segurtasun neurria da. Balizko jarraitzailea nabarmenago geratuko litzateke ordu ttikitan. Hala eta guztiz ere, mugimendu susmagarririk antzemango bazenu dei egidazu berehala.

        Ez genuen gehiago hitz egin. Itxura batera konforme geratu zen bere infernu partikularrean. Ni etxera joan nintzen zuzenean; dutxa baten premian bainengoen. Jaka erantzi baino lehen 38L Wad Cutter kalibreko bala poltsikotik atera eta begira geratu nintzaion, pentsakor. Truku zikina, bai, baina ondo atera zen eta hori zen, azken buruan, axola zuen bakarra. Ondoren, 38L Wad Cutter kalibreko bala hura kaxara itzuli nuen gainontzeko balekin batera.

 

 

—3—

 

Eguzkiak gogor berotzen zuen aspaldiko partez. Eguerdiko hamabietarako egina nuen hitzordua Juliarekin, etxe baten atikoan. Berak ezarritako zita-lekuak harritu ninduen, baina garrantzitsuena zen Julia ikusi egin behar nuela. Nerabe hanka-gorri bat bezain urduri nengoen.

        Txurdinaga auzoko etxe hura zerua zulatu beharrean ari zen etxe-orratza zen. Igogailua hartu eta azken solairuraino iritsi nintzen. Handik gora eskailera batzuk eta erdi zabaldutako atea zeuden. Atea bultzatu eta atikora irten nintzen. Kable eta telebistako antenak zeuden han-hemenka barreiaturik. Izkina batean, bi makilaren artean zintzilik, maindire eta kulero batzuk. Pixka bat harantzago, kulunkaulki batean eserita, Julia. Eguzkitarako betaurrekoak jantzita zerura begira zegoen, niri bizkarra emanez. Atzetik inguratu nintzaiolarik, hitzik esan gabe, besoa luzatu zuen bere aldamenean esertzeko adieraziz.

        Bere ondoan eseri eta ordura arte kasuari buruz nekien guztia kontatu nion.

        Azalpena bukatu baino lehen Juliak betaurrekoak erantzi eta bere begi ttiki zorrotzek alderik alde zeharkatu ninduten.

        — Louis koitadua! —isuri zuen hasperen batean bildurik.

        Hura izan zen bere erreakzio bakarra. Bestela zirkinik ere ez.

        — Orain ditxosozko formularen osaketari ekin behar diogu.

        Julia jaiki eta atikoko barandan bermatu zuen gorputza. Beherantz begiratu eta sorbaldak pittin bat abaildu zituen.

        — Kasua bertan behera uzteko abagune aproposa agian... Nire esku balego —esan zuen bere kolkorako bezala.

        — Hona ezkero atzera bueltarik ez dago Julia.

        Malkoz bustitako begi kizkur haietan nire baieztapenaren hutsala ederki ikusi nuen.

        — Zenbat atal eduki ote ditzake lapurrak bere eskuetan? —galdetu zuen atikoko erlaitzean eseri eta besoak tinko soinaren bueltan gurutzatzen zituelarik.

        — Steverena, Louisena akaso... eta berea noski.

        — Amaiarena ahaztu zaizu.

        — Amaiari ostutako formula faltsua zen; berak aurretik aldatutakoa, alegia.

        — Hortaz, gure lapurrak lau dauzka baina batek ez du balio...

        — Gure lapurrak ezin osatuko du sekula loreen formula; baina berak ez daki hori, noski: horixe dugu aldekoa.

        — Tira, kontsolagarria liteke bai. Guk agian ez dugu lortuko gure helburua, baina berak ere ez. Susmagarririk?

        — Denak... zarete noski susmagarriak —Juliak, hau entzunik, bekainak harrotu eta harridurazko begirada luzatu zidan—. Agian Jokinek zerbait ezkutatzen digu bere zaldun planta ponpoxo horren azpian. Formulak lapurtzeko abagune ederra izan du bederen.

        Juliak beheko porlanezko paisaia arnastu zuen. Haize ustelak ilea lohitu eta korapilatu egiten zion etengabe. Niregana bueltatu zenean, harrizko xurrutarri baten planta harturik zuen. Urrats leunez kulunkaulkira joan, botila xanpaina azpitik atera eta lorontzi baten ondoan prest zeuden bi kopatara zorrotada naro bana isuri zuen. Kopa inguratzean eta artean xanpaina ahoan nuela, bere ezpain suharrak sentitu nituen neureetan.

        Bilbo nire oinetan zetzan. Zerua berunezkoa; Bilboko ezkerraldeko tximinietatik botatakoa bezalakoxea. Emeki biluztu genuen elkar. Juliak eskutik heldu eta atikoko porlanezko erlaitza aukeratu zuen ohatze. Une batez, izuturik, geratu egin nintzen. Behera begiratu eta nire biluztasunak bat egin zuen hiriaren biluztasunarekin, enkontru latz eta amultsua izan zen. Arriskuaren ertzean egin genuen amodioa. Mugimendu bakoitza dastatuz eta doi neurtuz, arriskuaren xarmaz plazera emendatuz. Gure barrenak askatutako txilioak Bilboren betiereko marmarrean galdu egiten ziren, edo agian mamutzar handi horrek irensten zituen gupidagabe bere burua elikatuz. Juliaren ilargi-erdiko zintzilikarioa dilindan ari zen bere lepotik behera, plazeraren mugagabeko horizontetik irristan legez. Zoramen gorenaren gailurra erdiestekotan nengoela sentipenek hautsitako Juliaren begitarteari erreparatu nion. Eta nire buruari galdetu ere egin nion inon ba ote zen gu biok elkartzen gintuen loturarik. Galdera xelebrea, nonbait, zeruaren gozoa miazkatzear zegoen ni bezalako gizagaixo batentzat.

        Nire gorputza alderen alde urratu eta berriz ere begiak zabalduta lainoteria grisaxka hura nire begietara amildu orduko etorri zitzaidan erantzuna gogora: labanaren aho zorrotzetik barna ibiltzera kondenaturik geunden orekariak ginen gu biok. Txalorik eta sarerik gabeko orekariak...

 

 

—4—

 

Gau hartan Bilboko alde zaharrera joan nintzen. Azken aldian gauza gehiegi gertatuak ziren eta nire buruari atseden eman nahian inguratu nintzen hara, trago batzuk edateko asmoz. Gaztetxo koadrilak lurrean eserita zeuden han-hemenka, kalimotxo litronari helduta eta builaka. Taberna baten ondoan tipo begi bakar bat zegoen; alboka modu traketsean jotzen zuen, txakurra hanketan kiribildurik zeukala. Lurrean txapela hiruzpalau txanponekin. Hogei duroko txanpona bota eta txakur txikia, brastakoan jaikita, atezuan jarri zen marmar egiten zuen bitartean.

        Tabernara sartu nintzen.

        — Anisa ateraidak, nahi duan markakoa.

        — Eskailerapekoa aterako diat lagun, ez haiz kexatuko —tabernariaren begi gorriari erreparatu nion aurrena; ondoren musu irribarretsu kirasdunak erasan zidan urdailera.

        Gazte mordo bat zebilen Athleticeko bufanda jantzita. Aspaldiko partez irabazi egin zuen, antza.

        Anis merkeenetik atera zidan. Kopa aurrean nuela, tabernariaren hortz horixkak eta mingain lodia ez ziren oztopo izan bigarren bafada ustela bete-betean neureganatzeko. Kopa hartu eta barratik urruntzen saiatu nintzen; hala ere, lau bat urrats besterik ez nuen eman norbaitek besotik heldu zidanean.

        — Pablo!

        Ez zuen oso itxura txukunik. Larruzko zamarra jantzia zuen, bi eguneko bizarra eta fular antzeko bat lepoaren jiran bilduta. Ikusi bezain laster zerbait hautsi zitzaidan nire barnean eta beroa sentitu nuen. Nire gorputz guztia kiskaltzeko moduko sugarra.

        — Penak ahaztu beharrean? —bota zidan ahots zakarraz nire kopa seinalatuz.

        Nire buruaren jabe izaten saiatu nintzen erantzun aurretik. Juliarekin gertatutakoaz ez nion inongo konturik eman behar; bion aldetik eta inongo azpijokorik gabe sortu baitzen erakarpena: erabat modu naturalean. Pablo, beraz, ez zen nor inori kargu hartzeko... Apur bat lasaitu nintzen.

        — Ez motel, hau bizio hutsa baino ez duk.

        — Bizio asko ote dituan susmoa zeukaat nik.

        — Bizitzeko adina, besterik ez.

        — Eta nola doa mendeko misteriorik handiena? —bota zuen ironiaz.

        Une batez gaiaz aldatzea estimatu nion. Ahalik eta hitzik zehatzenak erabiliz jakinaren gainean jarri nuen. Louisen kontuak itxuraz erabat ustekabean harrapatu zuen.

        — Behingoagatik gizonki jokatu zian gure Louis gizagaixoak... Baita larrutik ordaindu ere —ondoren, pixka batean hausnar egin ondoren barrena lehertu zuen—: Steve kabroi zikina, betirako ustelduko ahal haiz lurpean!

        — Steveren hilketa eta Louisen suizidioa hein batean argitzeak beste dimentsio bat ematen ziok kasuari, noski: lapurreta.

        Pablok kolpetik edan zuen eskuan zeukan garagardoa. Berehala, irlandar whisky bat berarentzat eta, aurretik galdetu gabe, beste anis arrunt bat niretzat atera zituen. Zurrutada jo, keinu egin eta hitz egiteari ekin zion. Agian hilketa argitu izanak eragindako arinduak mintzatzeko gogoa areagotu zion. Nik, hasierako zalantzak erabat gainditurik, arretaz entzun nion.

        — Ederki damutu zaidak zorioneko espedizio hartara joan izana, zinez esaten diat. Orain, hala ere, goiari eutsi behar zioat... berarengatik.

        Ordurako, kasuan jarraitzeko jendeak zituen arrazoi altruistekin nazkatzen hasia nintzen. Zergatik ez zituen inork aipatzen formulak eman zitzakeen botere eta dirutza ikaragarria? Denak hain jator eta borondatetsu izateari errezelo txarra egina nion erabat. Juliak bere aitarenganako errespetuarengatik egiten omen zuen guztia eta Pablo, berriz... Behiala hain izuturik eta desesperaturik azaltzen zen gure mutila orain Juliarengatik omen zegoen kasuan. Amodioa eta elkartasuna, jakina. Ez omen zegoen beste interesik afera honetan, maitasunaz besterik.

        — Mutil zintzoa haiz benetan Pablo —bota nion nabarmenki ironiatsu.

        — Julia ez al zaik iruditzen arrisku hartzeko nahikoa motibo? —nire ziplada ederki itzuli zidan, ni une batez hitzik gabe uzteraino itzuli ere.

        Zurrut egin aurretik begiak anisaren gardentasunean tinkatu nituen; bertan erantzuna egongo balitz bezala.

        — Gauza bat argitu beharra zagok behingoz!

        Hitz hauek esan izanak edo, hobekiago esanda, botatzeko modu arinak ni neu harritu ninduen. Pablok irribarre enigmatikoa egin zuen, horren zain egon izan balitz bezalaxe.

        — Hara detektibe jauna... Juliari dagokion guztia aspaldi argitua zagok, eremu horretan ez duk lardaskan aritzerik eta kitto. Ez zioat inori utziko Juliaren eta nire arteko harremanetan muturra sartzen. Are gutxiago, noski, heu bezalako detektibe zirtzil hanka-tarte estua baldin bada.

        Bere hitz parrastadak nolabait ere lasaitu egin ninduen. Juliak eta biok genuen harremanaz susmorik baino ez zuen. Hobe zen kontua, momentuz, bere horretan uztea.

        Nire oldarraren zain zegoen erne. Agian egundoko iskanbila espero zuen nire partetik. Bere matraila gogor jotzea berak desio zuen neurriko erantzuna zitekeen, kasu; edo aurpegira destainaz tu egitea gutxienez. Niri muturra hausteko gogoa nabarmenegi zitzaion, ni bere tranpan itsu-itsu eror nendin.

        — Tira, goazemak tragoa hartzera!

        Nire tokitik jaiki, atera eta zain geratu nintzen. Pablo berehala azaldu zen. Aurpegi zurruna eta muturra doi bat okertuta zeuzkan. Urrats batzuk egin zituen noraezean bezala; gero une batez gelditu eta baiezkoa egin zidan buruaz.

        Alkoholak eztarria urratu ahala, izotzaldia urtuz joan zen. Begirada gorrien eremu magikoan barneratu ginen emeki-emeki, gure kezkak eta errezeloak alde batera utziz. Ni une batez kasuaz ahaztu nintzen eta zauriaren ziztadak, neurri batean bederen, leundu ere egin ziren. Gauak konturatu orduko irentsi gintuen.

        Modako pub eta tabernak itxita, San Francisco kalean dekorazio dekadentez apaindutako taberna zikin batera sartu ginen. Whisky bana eskatu genuen.

        — Agian hauxe duk merezi duen bakarra —zezeldu zuen whiskya begien parera ipini eta samurkiro astintzen zuen bitartean—. Honek eta ez besterik sentiarazten gaitik bizirik.

        — Bazagok beste zerbait, Julia..

        Bukatu baino lehen damutu nintzen hitzok esan izanaz; beranduegi ordea.

        — Ondo zagok zerri arraioa! Hi tipo legala hintzela sinesten hasia nengoan... Baboa ni, deskuidu ederrean nengoan, bai horixe!

        Eskua altxatu nuen barkamen eske, baita desenkusatze hitzak bilatzen ahalegindu ere ahal nuen azkarren; hala ere, burua guztiz geldo nuen. Ez nengoen bertsotan jarduteko moduan prexixo. Nire lehenengo hitza zizakatu baino lehen Pablok bere edalontzia hartu eta jo eta kopetan lehertu zidan.

        Zerraldo erori nintzen lurrera, tabernako mahai bat eta aulki batzuk ere botaraziz. Nire onera etorri nintzenerako Pablo nire gainean zegoen eta gorputz guztian ukabilkadak jo eta jo ari zen.

        Handik aurrerako oroitzapenak zeharo lurrinduta dauzkat.

        Lurretik takoidun zapatak ikusi nituen, hori bai. Nire begien parean barre egiten zuten ezpainak ere gogoan dauzkat. Eta zarata. Egundoko zarata. Burmuinak alderen alde zulatzeko adinako orro gupidagabeak. Neuk ere zartakoren bat joko nuen noski, hori pentsatu nahi nuke bederen, nahiz eta seguru ez izan.

        Esku bat nire aurrean: Pablorena. Lehen itxia eta erasokor zegoen hura ustekabez zabaldu egin zen. Ez dut uste horretarako arrazoi sendorik zegoenik baina nire buruko hutsune amaraunetik horixe berreskuratu nuen biharamunean eta merezi duen sinesgarritasunaz kontatzen dut.

        Eta agian egunsentia eta harresia ere egon ziren, nahiz eta azkeneko hauek dudazkoak izan. Harresiaren gainean eserita geundela, Pablok botila pasatzen zidan lehenengo argi-printzen arrimuan isil-isilik. Kanta zaharren bat ere egon zitekeen sortu berriko eguzkiarekin ondotxo zetorrena; baita kristal hautsiak eta malkoak. Baina zertarako ahaleginduko naiz gehiago oroitzen?