Txokolatezko dinamita
Txokolatezko dinamita
2001, narrazioak
136 orrialde
84-95511-46-0
azala: Garbiņe Ubeda
Mikel Taberna
1957, Alkaiaga
 
2021, poesia
2013, nobela
Txokolatezko dinamita
2001, narrazioak
136 orrialde
84-95511-46-0
aurkibidea
 

 

ERNARI EZTULA

 

Bixente Xixtu benta barrenera sartu orduko, kardelina hegaka etorri zitzaion sukaldetik sorbaldan pausatzeko. Ezagutzen zuen. Gizonak esku latza paratu zion mokoaren parean, piko egin ziezaion. Txistuka saludatu zuten elkar. Gero egun on erran zien mandatuak egiten ari ziren emakumeei. «Baita zuri ere», erantzun zioten, eta segitu zuten erosten: litro erdi bat olio, azukrea, lau ogi...

        Paretako erlojura hurbildu eta haren kanpoko tapakia ireki zuen. Txaketaren sakelatik atera zuen trapu zuri batekin eta haize emanez hautsa kendu zuen numeroen gainetik. Katilu moduko oliontzi bat hartu zuen gero, eta olioz bustitzen hasi zitzaion, xortaka-xortaka, behar zuten burni puska guzietan. Ondotik, sarrerako atearekin segitu zuen, eta denda-ostatuan ageri ziren guziena akabatu zuenean, bertze geletako bidean galdu zen, inork agindu gabe, bere etxean balitz bezala, behatzak ezin lasaitu, barberoa aizturrekin igualtsu, betiere kasko gorriko hegazti hori-beltxa gainean eramaki zuela. Gizonak txistu eta txoriak kanta, edo aldrebes. Etxekoandreak irri egin zuen.

        Bere lana egin zuelarik, bazterreko aulki luzean jarri zen, bezeroen bizkar eta ipurdiei begira. Piper poto bat, bakailao mazela bat... segitzen zuten emakumeek etxekoandreari eskatzen. «Luxia aterizu baxo bat ardo», galdetu zion zerbitzari gazteari. Eginiko lanaren saria. Neskatxak basoa ardoz bete eta sukaldera bueltatu zen, eztul ttikia eginez, etxeko nagusiari gosaria prestatzera.

        Dolores etxalartarrak tela puska bat nahi zuen, «Txarxegoa izanta ere, gorrixta baldin bada, nahigo!». Juana etxekoandreak goxo-goxo kasu egiten zien denei. Hagitz maite zuten. Behar zuenari beti laguntzeko prest, «Zoazi, zoazi, emakumea! Pagatuko didazu posible duzularikan!».

        Maindireak belar gainean hedatzeko erran zion neskatoari, eta Luxiak berriz ere gurutzatu behar izan zuen ostatua. Extul ergel hura bigarren aldiz atera zitzaionean, Bixenteri hitza eskapatu zitzaion pentsamendutik ahora, «Hori ernari eztula dun!». Bentako nagusiak burua bueltatu zuen sukaldetik, begietan sua. «Luxia haurdun?», erran zuen bere kolkorako, sinetsi nahi ez zuela. Zingar frijitua platerean utzi eta kanpora atera zen. Neska gazteari hankak daldaraka hasi zitzaizkion, baina ez zuen deus adierazi. Etxekoandrea eta bertze emakumeak hatsik gabe gelditu ziren istant batez, haietako batek «Hobe zenuen ixilikan egon edo xixtuka segitu!» erran zuen arte. Katuak atzaparra disparatu zuen, baina kardelina erne egoki eta Van Berkel izena zuen pisuaren gaineraino hegatu zen. Olio emaileak aditu zituen guzien zintzurrean trabatuak gelditu ziren bere kontrako marmarrak, eta deus erran gabe zutitu zen, aio apal bat isuri ondotik etxe aldera txistuka abiatzeko, bere bizikleta gainean, ziztu nahiko bizian.

        Martin Joxe nagusiak bodegatik garrafoiak atera eta zaldi karroan kargatu zituen. Gero, salto batean hartu zuen gurdiaren gaina. Bixenteren ateraldiak ez zion batere graziarik egin. «Puta! Luxia ernari! Horixe bakarrik behar genian!». Zaldiak ahoan sentitu zuen hankak mugitzeko agindua. Mingarria, baina ez arrotza. Nabala. Frankotan bezalakoa. Agudo etorri ziren makilaren balakuak bizkarrean. Horiek hagitzez gogorragoak izaten ziren. Min isil bat uzten zioten hiruzpalau egunean. Lasterka hasi zen, lauoinka, Martin Joxeren erretolika aditzen zuela. Trenbidea tximistaren parean gurutzatu eta Berako bidean galdu ziren bi animaliak. «To! Ez nian egundaino zaldirikan hegaka ikusi!», erran zuen estazioko jefeak. Izanez ere, gurdia airean eramaki zuen, bere gurpil handiak eta guzi. Garrafoiak dantzan hasi ziren, erori ez erori, eta zaldiak are biziago mugiarazi zituen bere zango ederrak, ikaraturik, ihesi nahi eta ezin, bazekielako haietakoren batek lurra jo eta puskatuz gero, nagusiaren kolera ez zela itzaliko bere saihetsetan toberak jo gabe, eta orduan oinazeak laino bat hedatuko zuela bere begietan, Martin Joxe nekatzen zen arte.

        Egia izatera, eskandalagarria izanen zen Zubiko Bentako neskatoa familia esperoan egotea, baina Juanak lanean laguntzeko Igantzitik espres ekarri zuen «haur» hark ez zuen kara onik ageri. Nola ez ote zen Juana bera lehenago ohartu! Goitika botatzen hasi zenean, Bixenteren iruditua segurua zela hartu zuen segituan jendeak. Berria aitaren orduko zabaldu zen herri osoan. Etxez etxe, kontrabandoko paketea eskutik eskura bezala. Medikuak ere etorri behar izan zuen. Sobera berandu Joxepa sorgina ekarrarazi eta belarrekin erokerietan hasteko.

        Juana pentsatzen hasi zen Urrabian zentrala egiten ari ziren langileetakoren bat izan ote zen, Andres izeneko kastillano batek ongi tentatzen baitzuen gaztea. Ez zuen hala ematen, ordea, Luxiak behin eta berriz uxatzen zuelako. «¡Das asco!» erraten zion denen aitzinean. Orduan Goixutak «Errejudas! Hobe din gutxi biño asko!» gehitzen zion, eta ostatuko jendeak irri egiten zuen. Etxekoandre xarmanta konformatu izanen zen Andres izatera, edo apopilo zuten Goixuta zahar hura izan balitz. Ez zuen sinetsi nahi bere baitan zinetan uste zuena, bere gizona izan zela neskatxari ezongia ekarri ziona.

        «Hor zoaiek Martin Gose, ardoa eta hazia partitzera!», oihu egiten zuen Migel eroak irri-ajarika, Zubiko Bentako nagusia zaldi karroan pasatzen ikusten zuenean. Herriko jendearentzat, Barrentxeko zezenak adinako fama irabazia zuen. Hari behiak ekartzen zizkioten heiara. Gizona, berriz, bera joaten zen eme eske. Konparazioak ez zuen ardoketaria ikaratzen. Zutik gurdian, haizeak ile horia orrazten ziola, eta bere begi urdinak alde guzietara begira, iduri zuen nahi zuela jakin zein etxetan kendua ote zioten kisketa ateari. Bera prest zegoela nonahi sartzeko.

        Larunbat arrats batean, iatsu astero bezala, bentan kartatan ari zirela, Txapeltegiko Fernando zirika hasi zitzaion, Luxia erixko bazegoen ere, ez ote zen «mejoratzen» hasi, «gerria loditzen» ari zitzaiola... Zurrutari poliki emanak baitzeuden, Martin Joxek, batere lotsarik gabe, harro-harro bota zion, «Badakik etxe honetako nagusiak ze lan egiten duen! Garrafoiak zulorikan baldin badu, nik mangera sartu eta bete egiten diat!». Juanak gau osoa pasa zuen gizonen irri zakarrak burutik ezin kendu.

 

 

Bixenteri harrigarria zitzaion kardelinak zergatik erabaki ote zuen goiz hartan kaiolatik ez ateratzea, atea beti bezala zabalik izanda. Kattu beltxak ere goiti begiratzen zuen, ezin konprenitu. Zubiko Bentan ez zegoen bertze bezerorik, eta aulki luzean jarrita zegoen erloju konpontzaileak pinta-erdi bat ardo galdetu zion etxeko neskato gazteari, aspaldiko partez. Noizbait ere agertu zen etxekoandrea. «Egun on» erran zuen, Xixturi aurpegia eman gabe. Zarpail xamar iruditu zitzaion gizonari. Orraztu gabetanik bezala. Hura ere ez zen batere normala. Lurrera begiratzen zuen, negar eginaren seinaleak ez erakusteko, eta gizonak pentsatu zuen berak ikasi ez zuen nobedaderen bat ez ote zen gertatu. Emakumea mainguka mugitzen zen alde batetik bertzera. Zenaren berri jakiteko, hurbildu egin zitzaion polliki-polliki. Orduan ikusi zion begi ondoko ubeldu itsusia. «Eskaileretan erori naiz» erran zion, oinazea ezin gordez. Bixentek eskua sorbaldan pausatu zionean, «Medikura joan beharko zunuke...», Martin Joxe sartu zen etxera, zakur kokinaren modura, «Kentzak esku hori hortikan eta hoaie itxerat, nik ostiko emanta joan nahi ez baduk!».

        Juanari gertatzen ahal zitzaionagatik arraso kezkatua eta bere buruarekin haserre, astazakil nardagarri hari kontra egiteko gauza ez zelako izan, Bixente Xixtuk ez zuen sosegurik harrapatzen zubiaren bertze aldeko bere etxe ttikian. Leihora hurbildu eta pare-parean ageri zen Zubiko Bentari begira gelditu zen. Handik sumatzen ahal zuen benta barreneko usain nahasia. Zerbait ere gertatu zen etxe hartan. Galerna klaseren bat, bistan zena. Zer erran ote zion Juanak bere senarrari, halako pagua hartzeko? Ateei ematen zizkieten danbatekoak aditzen zituen. Makina bat olio beharko zuen haien zauriak sendatzeko! Zaldiak batere kulparik gabe aldiro hartzen zuen kastigua sekula ikusi gabeko gauzarik tristeena iruditzen zitzaion, «Anima salbo, gu bezalakoak dituk ta!». Eta Martin Joxe hark zer klasetako arima ote zuen? Garrafoiak nola ibilki zituen ikusirik, Bixentek ez zuen duda egiten, nagusiak partitzen zuen ardoa bera ere mingortua joanen zela Alkasoroko etxeetara.

        Aste oso bat eman zuen Zubiko Bentara hurbildu gabe, bere leihotik zelataka.

        Goiz batean, trenetik ardo fudrea nola deskargatzen zuten ikusi zuen. Zentraleko langileek lagundu zioten Martin Joxeri barrika handi hura lurrera jausten. Campo de Criptanatik bidaltzen zuten, Hermanos Tollar izeneko etxetik. Hala ageri zen alde batean: HT 1278 L. Problemarik gabe ekarri zuten geltokitik benta ondoko maldaraino. Han, ordea, uste baino biziago hasi zen bueltaka, inork geldiarazten ahal ez zuela. Goixuta justu-justuan baztertu zen, bertzela gainetik pasatuko baitzitzaion, eta fudrea mendoitzan beheiti Urrabiaraino joan zen amilka, haltz gazte bat bete-betean jo eta puskatu ondotik. Etxeberriko Joxemariri aurpegiko kolorea mudatu zitzaion, ondo-ondoan tamaina hartako bonba erori zitzaionean. Larrugorritan, ilea xaboiagatik zuri eta gorputza ikarariagatik are zuriago, daldaraka, zer gertatu zen ez zekiela gelditu zen. Gorputza garbitzen ari zen Urrabian, biharamunean esposatu behar baitzuen. Ederra eginen zioten Gorrintxeko Ursulari, hainbertze kostatu gizona harrapatzea eta probatu gabe alargun gelditzen bazen!

        Egun osoan jo eta ke aritu ziren gizonak, lehenbiziko zaldi gizajoarekin eta gero Barrentxeko idi parearekin, baina fudrea idorrera atera ezin. Hondarreko, kolpe txar bat eman eta zulo koxkor bat egin zioten. Aho zabalik gelditu ziren denak, deus erran gabe, ibai azalari begira, ardo beltzak bere kartzelatik nola egiten zuen ihes, ibaiko urak bere magalean zeramala. Gau hartan sekulako besta izan zen Urrabian, aingirak xarboekin baltsean, eta amuarrainak izokinekin apustu, saltoa zeinek altuago egin.

        Zerua gorri argitu zuen hurrengo goizean. Etxalartarraren kolorea. Ardoarena. Odolarena. Zubiko Bentan etxekoek ez zuten solas egiteko gogo handirik. Mugimendu zakarrak eta begirada hotzak. Bezero gutti. Baserrietako emakumeak nahitaezko mandatuak egitera, baina apenas gizonik ostatuan. Minesen Kasinoan geldituko ziren herritarren sosak. Luxia eta Juana elkarrekin goxo. Gizonaren beldur, ordea. Martin Joxe basurde kolpatua baitzen. Arriskutsua. Fama zama bihurtu zitzaion eta ez zuen ate irekirik harrapatzen, ez Alkasoron ez Beran. Ardo partitzera joan beharrean, eskopeta hartu eta leihotik tiroka eman zuen goiz osoa. Oiloen artoa jatera hurbiltzen ziren arratoiei. Berak ez bertze inork ikusten ez zituenei.

        Uraldeko Frantsisko sartu zen, ikaratua, begiak euren zulotik ateratzen zitzaizkiola.

        — Ikus ttuzue? Ikus ttuzue? —oihuka dendako emakumeei—. Landazelaieta bete-betea kapelu gorriz! Santakruz etorri dela, Santakruz!!! Gorde maindireak eta mantak! Gorde! Abudo, abudo! Goazen fardela egitera! Goazen! Nik botako Urrabiara!

        — Lasai, aitta, lasai! Ez apuratu! —Maritxu alabak eskutik hartu eta lasaitu zuen—. Santakruz aspaldi joan zen, Endarlatsako kuartela garbitu ta gero!

        Orduan soinu ezagun bat aditu zen airean eta zakurrak saingaka hasi ziren. Urteroko aiztur-zorrotzaile sudurgorria zen. Haur batzuek burla egin zioten, lotsa gabe: «¡Afilador, afilas cuchillos y dejas peor!», eta gizona maldizioka hasi zitzaien, galegoa izan behar zuen erdara batean, nabala baten aho zorrotza erakusten ziela.

        Bat-batean ilundu zuen eta trumoi baten orroak harrituak utzi zituen denak. Juana kanpora atera zen, zerura begiratzera. «Jesus, Maria ta Jose! Nola berdatu duen! Uria egin behar du!», erran zuen; «Luxia, zoazi segitun arropa biltzera!».

        Trumoien danborrak abisu eman eta goialdeko ate guziak zabaldu ziren. Euria barra-barra hasi zuen, jautsi ahalean. Egun osoa hala eman zuen, atertu gabe. Bai eta hurrengoa ere. Eta hirugarrena ere bai. Gauaz, tarteka, argia joan egiten zen, eta orduan alkasorotarrek biztuak zituzten kandela bedeinkatuen dirdira bertzerik ez zen ikusten. Mila ipurtargi itsaso beltz batean. Batzuek errezatu egiten zuten, Jaungoikoari eskatzeko haietaz urrikal zedin, eta, euriketa handiekin usatuak egonagatik, kezkaturik begiratzen zuten zerura. Bertzeetan ez bezalako gorroto bat harrapatzen zioten euriteari. Aingeru lerroek bata bertzearen ondotik egiten zuten eraso, euren tximistazko ezpatekin, jende bekatariaren kontra, gupidarik gabe.

        Egunak joan egunak etorri, euri bestak ez zuen atsedenik hartzen, eta jendea lan egitetik gelditzen hasi zen, bideak urratu ahala. Bakoitzaren idorpeari zutik kontzea bihurtu zen pentsamendu ia bakarra.

        Urrabia bera ere izugarri aldatu zen. Berez lasai samarra izanagatik, erreka ttiki guzietatik etorri zitzaion ur uherrak umorea aldatu zion, zainetatik pozoia sartu baliote bezala. Gizendu eta harrotu zen. Bere atzaparrekin ezker eta eskuin hasi zen, ahal zuen guzia suntsitzen. Harrapatzen zituen behiek marru egiten zuten, marranta gelditu arte, ito baino lehen, eta arbolek negar, kolpe latzen ondorioz adar bat puskatzen zien aldiro. Ahal zutenak eskapo joaten ziren, ibaiaren orroarekin ikaraturik, eta zubiak bakarrik gelditzen ziren, tinko, adiskide erotua nola edo hala segurtatu eta lotzeko esperantzan. Baina haietako ahulenak ere botatzen zituen, inondik inora sosegatu ezin zen erraldoiak. Ibai bazterretako etxe batzuk hutsik gelditu baziren ere, Zubiko Bentatik ez zen inor mugitu. Bixente Xixtuk ere bere leihoan segitu zuen, zigarroa erretzen. Guardian, ezbehar handiagoren bat ez ote zen ailegatuko.

        Zazpigarren egunean, zazpigarrena izateagatik edo, atseden hartu zuen ekaitzak, eta aski bota zuela pentsatu zuen jende gehienak. Goibelak bakandu ziren eta isil-isilik gurutzatzen zuten zerualdea, eguzkiari lurreraino pasatzen utziz. Herritarrak mugitzen eta etxetik ateratzen hasi ziren, ahal zuten bezala, erreka sortu berrien sarean idorretik idorrera saltoka, urak egin zituen leherkura eta kalte guziak ikustera, kendu zizkien azienda eta lurrak kontatzera.

        Ordea, gutti iraun zuen bakeak. Ilunabarrean arraso ilundu eta berriz ere hasi zuen euria, aitzineko egunetan baino are gogorrago. Jendeak teilatupea bilatu zuen lasterka. Ur tantek balak iduri zuten, halako furiarekin ari baitzuen.

        Bixentek ez zuen aprobetxatu atsedenaldi hori, eta ederki urrikitu zitzaion, erabakia baitzuen Zubiko Bentara joanen zela euritea gelditzen zuenean. Iruditzen zitzaion Juanak norbaiten laguntza behar zuela, eta senar zital hura zernahi egiteko kapaz zela. Ezin zuen ametitu halako emakume finari inork minik egitea. Uxatuko zituen beldurrak eta ez zuen alde eginen, Martin Joxe berriz ere harrotzen bazitzaion. Ohatzea leiho ondora eramana zuen, eta erdi etzinda emanak zituen egun haiek guziak. Zubiko Bentara begira. Zigarroa erre eta pattar botilatik trago. Tarteka irakurri egiten zuen Urdazubin erretore zuen lehengusuak utziriko Biblia.

        Ekaitza gogortu zuen gau hartan, kandelaren argitan, Apokalipsiaren puska bat zuen begien aitzinean, eta egotz ceçan lurrera: eta eguin citecen igorciriak eta chimistac eta lur ikaratze... Ez zen hain diferentea Alkasoron gertatzen ari zena. Balkoiko atea ireki eta kanpora atera zen. Teilatuaren hegalak ez zion behar zuen babesik ematen, baina ez zitzaion inporta. Bentan ere oraindik erne zeuden. Senar-emazteena bide zen gelan kandela biztua zuten. Urrabiaren boz ilunari erreparatu zion gero. Denak irentsi behar zituela erraten zuen espantuka. Pixa egin zuen altueratik, euriak goitiko puntatik beheitikoraino txipatzen zuen bitartean. Tximista batek desafio egin zion, sartzeko agudo barrenera, bertan kixkaltzea nahi ez bazuen. Bidenabar, Zubizabalen itxura erakutsi zion, makurtzen hasia, laguntza eskatzen bezala. «Animo, zubi zaharra! Kontu horreri! Kontu fuerte!» pentsatu zuen.

        Orduan tiro bat aditu zuen. Edo trumoia izan ote zen? Belarriak zorroztu zituen, eta bertze tiro baten soinua harrapatu zuen. Ez zegoen dudarik: eskopetaren batek bi tiro egin zituen handik hurbil. Pareko etxean noski. Zubiko Bentan, argia zegoen gelan, itzal mugimendu berezia ikusi zuen. Gero kandela itzali zuten. Orduan erotu zen. Etxean zituen botila guziak hustu zituen, zer egin ez zekiela. Leihotik atera eta atetik leihora, infernuzko ezinegona bere baitan. Kanpoan ere denboralea izugarri gaiztotu zuen, aitzineko zazpi egunetan botatako guzia gau bakar batean egin zuen berriz.

        Iratzarri zenean, lurrean luze ikusi zuen bere burua Bixente Xixtuk. Bi eskuak burura eraman zituen. Sekulako mina zuen, boxeoko pelea batean kolpe guziak berak hartu balitu bezala. Baina gehienbat tiro soinuen danba-danba zen burua lehertu hurran sentiarazten ziona. Begiak itxi eta Martin Joxe ikusten zuen eskopetarekin leihotik tiraka. Luxia bere gerri lodiarekin eta Juana odol putzu batean. Gorputz bat Urrabia gainean eta arratoiak inguruan. Liburua irekia zegoen bere ondoan. Lurra mugitzen zela iruditu zitzaion, apokalipsian bezala. Gero, orro ikaragarri bat aditu zuen, eta norbaitek etxeko paretetan kanka-kanka jotzen zuela. Leihoetako kristalak hautsiak zeuden eta lurra haien puska ttikiz betea, hazia landan bezala.

        Kanpoko irudiak hitzik gabe utzi zuen. Urrabia itsasoa zen eta bere etxearen behealdea ere hartua zuen. Han eta hemen ebatsi zituenak ageri ziren azalean, bere kabiara zeramatzala, uraren zurrunbiloetan preso, etxeen paretekin edo elkarren kontra joka. Zubiko Bentara begiratu zuen. Haren beheitiko partea ere Urrabiak milikatzen zuen, bere mingain latzarekin. Ez zen jenderik ageri. Pixka bat goitixeago, Zubizabal ikusi zuen, erditik puskaturik. Ateri zegoen, ordea. Zeruan eguzkiak irri egiten zuen. Erromako zubia zen uholdeak errespetatu zuen bakarra.

        Aitzineko egunetako eurialdiaz gainera, marka guziak hautsi zituen tronba batek izugarrizko hondamena erein zuen zona hartan denean. Elizondo osoa hartu zuen urak azpian, eta ibai bazterretako gainerako herriak ere larri ibili ziren. Alkasoron, Otsango pareko zentral alemanaren presa urratu zuen Urrabiak eta, hondarreko, Zubizabal zubiak ere amore eman behar izan zuen. Guardia zibilak tiroka ibili omen ziren gauaz, bai eta apezak elizako ezkilak joka ere, ibaitarrak abisatzeko. Bixentek, ordea, ez zuen ez batzuen danbarik ez bertzeen dandarik aditu. Eta, hala, etxetik ezin atera gelditu zen. Ibaiaren bertze aldera ere ezin zen pasatu, zubia konpondu arte.

        Urrabia zentzatzen joan zen, guttika-guttika, egunak pasatu ahala. «Mozkorraldi pollita izandu dik oraingoan, alajinkoa!», erran zuen Migel eroak. Hainbertze urtetan irentsiriko gaitz guziak garraio eraman zituen bere ur uherretan. Garbialdia. Urak beheiti egin zuenean, ibaia bestondo lasaian zela, bazterretako zelaietan agerian gelditu ziren goitika bota zituenak. Otso goseak bezala etorri ziren alkasorotarrak euren saskiekin ahal zutena biltzera. Ondoko egunetan ederki aspertu ziren batzuk izokina eta amuarraina jaten!

        Ibaiaren alde banatan, bi lagun koadrila gogotik aritu ziren, arbolak botata, zubian berriz ere pasabide moduko bat egiten. Nolabait ere paratu zutelarik, Bixente Xixtu izan zen bertze aldera pasatu zen lehenbizikoa. Bidea oraindik lohi eta harriz betea egonagatik, lasterka joan zen Zubiko Bentaraino, bizpahiru aldiz lurrera erorita.

        Ailegatu zenean, kardelina etxe barrenetik hegaka etorri eta sorbaldan pausatu zitzaion. Luxia eta Juana hantxe zeuden, aitzurra eta pala, ostatutik lohia ateratzeko ideian. Keinua egin zioten eskuarekin, baina bera kieto eta mutu gelditu zen, zer erran ez zekiela. Uraldeko Maritxurekin solasean ari ziren. Kontatzen ari zitzaizkion nola uholdeak eraman zuen Martin Joxe «gizajoa» gau izugarri gogor hartan, ura etxera ez sartzeko traba paratzen hasi zenean. Ezin izan zutela deus egin.