Txokolatezko dinamita
Txokolatezko dinamita
2001, narrazioak
136 orrialde
84-95511-46-0
azala: Garbiņe Ubeda
Mikel Taberna
1957, Alkaiaga
 
2021, poesia
2013, nobela
Txokolatezko dinamita
2001, narrazioak
136 orrialde
84-95511-46-0
aurkibidea
 

 

BOTA XOXA!

 

Igandea zen, eta Mines-en Kasinoan, gure Alkasoroko herrian bisitarik gehien hartzen zuen Madame Ines alargun bizkorrarenean, mugimendu berezia sumatzen zen. Izanez ere, haize hegoak beti izan baitu nahasgarri fama. Baita ilargi beteak ere. Eta igande hartan biak genituen uztarri berean.

        Etxerako pereza betikoak geldiarazi ninduen, eta barrenera sartu nintzen. Jendeak ozenki egiten zuen solas, eta aisa husten zituen basoak, biharamuneko lan egin beharraz ahantzirik bezala. Mostradore ondoan zutik zeudenak saludatu eta haiekin erausian aritu nintzen puska batean.

        Gure postura berean, marmolak eta paretak bat egiten zuten txokoan, bijilantziako guardia zibilak ikusi nituen (gaueko langileak lasai ibiltzen ahal ziren), Lainez bere bibote luzearekin eta ikustez bakarrik ezagutzen nuen bertze bat. Isilik, ontziak hustu eta zorroak bete. Lainezen mozkor gaiztoak ezagututa, bakarren batekin okasioa bilatzen hastea ez zela harritzekoa izanen pentsatu nuen, eta hobe izanen zela haiengandik aparte xamar egotea.

        Taldea bakantzen hasi eta txorakeriez aspertu ginenean, Luis lepotik hartu eta mahai batera baztertu ginen, konfiantzazko adiskideen gisara, neska-laguntzako espantuak elkarri kontatzeko ideian.

        Oroitzen naiz nola hurbildu zitzaigun Matias xaharra, hainbertzetan bezala. Hamekagarren aldiz kontatu zigun Zubizabaletik beheiti izokina harrapatzeko Urrabiara salto egin zuenekoa. Kopa bete beharko genion, bakoitzak duen haretxekin ordaintzen baitu xurruparen gastua. Eta halaxe kitto ginela, alde egin zuen bertze batera.

        Jendea irri-ajarika aditu genuen leiho pareko mahaian. Musean ari ziren Mines eta Garzia, Joxebeltx eta Mañueltxoren kontra. Pezeta bana utzia zuten tapetearen gainean. Mahaiaren bueltan, zutik, Sadaba, Kasinoan denbora hartan zegoen apopilo bakarra, eta bi baserritar, goialdekoak. Begi batzuk jokalarien kartetara, begi guziak Minesen kolko lasaira. Aunitz ageri baitzen, eta harro-harroa gainera, kortejatzen ari den hegaztiaren paparoa iduri zuela.

        Txiko hura ere irabazi (sekulako sasoia zuen egun hartan etxekoandreak) eta bere aniseta edateko, «Kieto denak!» agindu zuen emakumeak, besoa goiti eginez. Basoa hartu eta ezpainetik klik! barrenera hustu eta gero, begiak lore, eskuak bularretara eraman zituen.

        — Dios! gaur bezalako gauetan bete-bete egiten zaizkidak iturri hok! —eta leihotik ageri zen zeruko argi zuria seinalatu zuen—. Txoratu egiten naik ilargi potolo horrek!

        Irri egin genuen eroaldi harekin. Baita Sadabak ere, destenorez, deus konprenitu gabe. Uste dut inbidia pixka bat sentitu nuela ohartu nintzenean Minesek, denei begiratu ondotik, hari eman ziola begia, lotsagabe eta tentagarri. Bizkarraldea erdi agerian uzten zion soineko gorri berri hura jauntzirik eta zilar koloreko belarritako luze haiekin, hagitz ederra zegoen gau hartan.

        Ez genion erlojuari kasurik egiten, baina hark ezarian-ezarian bere bidea egin egiten zuen, inoren zain gelditu gabe. Goialdetarrak etxe aldera abiatu eta ostatua pixkan-pixkan husten joan zen, Ixteben morroiak ontziak biltzen zituen bitartean. Azkenean, ilargiak jotako Mines eta Minesek jota mahai haren inguruan geundenak bakarrik gelditu ginen. Eta, beti behar izaten baita norbait bazterrak izorratzeko, txapeloker barrenustel haiek.

        Aisa irabazi zuten partida etxekoandre sorginak eta bere lagunak. Zeruko erregina eta izar guziak alde zituzten gau hartan. Halako kartak etortzen direnean irabaztea ez dela misterio izaten erran zidan Luisek. Halako sasoiak ez ote zituen karta onak ere harengana tiratzen erantzun nion nik.

        Apustua irabazi baitzuten, emakumeak bularraldea aitzinerat egin zuen, mahai gainera, irri gaiztoa erakusten zuela. Begiekin keinu egin eta «Bota pezeta!» erran zien kontrarioei. Ez zituen ustekabean harrapatu. Ez zen lehenbiziko aldia. Ezagutzen zuten, eta pezetak utzi zizkioten keinuarekin seinalatu zien errekan, haiek ere kontent, bidenabar behatz punttekin sentitzen ahal baitzuten haragi guria.

        Inguruan ginenoi begiratu zigun gero.

        — Ze, zuek ez duzue bota behar ala? Bota xoxa Minesendako!

        Irri egin genuen berriz (Sadabak Luis eta biok baino geroxeago) eta behatzak luzatu genituen, bi sosekoa utzi edo, bederen, uzteko itxura egiteko.

        Ixteben agertu zen orduan, eskoba dantzatzen, eta bai guri bai oraindik ere mostradore ondoan segitzen zuten guardia zibilei etxera alde egiteko erran zigun, tente jarri eta nagusiaren papera eginez. Luisek zerbait erran zion, adarra jotzeko ideian, beti bezala, baina denak prestatzen hasi ginen handik joateko, eta orduan Lainez izeneko eltzetzu zimel hark handik inor ez mugitzeko agindu zuen. Serio, hura ez zen teatrorik egiten ari. Berak ere utzi nahi zuela txanpona Minesen kutxa itxi baino lehen.

        Denak isilik geundela, hurbildu zen eta, sakelan bilatu eta gero, begiak soraio, eskua kolkora luzatu zion, guk egin bezala, baina gero gibelera ekarri gabe.

        Minesen zintzurretik garrasi bat atera zen.

        — Urde alu putakumea! Kentzak atzapar zikin hori nere gainetikan!

        Zimikoa egiten zion, eta ez kentzen eskua, Minesek besoan jo eta joz azkenean erretirarazi zion arte.

        Negarrez hasi zen, titiak eta aurpegia beso-eskuekin tapatzen zituela.

        — Erotu haiz edo ze!

        Denak mutu gelditu ginen bi gizon armatuei begira. Lainezek, irri zuri harroa agerian, bertze kopa bat ateratzeko eskatu zion Ixtebeni.

        Sadaba ondo-ondora joan zitzaion.

        — ¡Eres un cabrón! ¡Paga lo que debes, pídele perdón a Minés y lárgate de aquí echando hostias!

        — ¿Tú qué pintas aquí? ¡Cacho pelao! —bota zion eltzetzuak, mozkor boz zakarrarekin.

        Ez erantzun eta, pentsatzeko astirik eman gabe, bizardun ausartak besoa hartu eta bizkar aldera bihurritu zion.

        — ¡He dicho que a la puta calle!

        Lainez, aurpegia gorri eta gorputza alde batera makurtua, pistola zintzilik zuela, maldizioka eta erronda-lagunari laguntza eskatzen hasi zen. Baina ordurako gainerakoek ere erabakia genuen noren alde egin, eta, Sadabaren ondoan baikinen, Lainezen konpañero uniformatuak ikusi zuen hobe zutela handik alde egin, zerbitzu-orduetan inolako ezbeharrik jasan gabe.

        Sadabak bulkaka eraman zuen guardia zibila ateraino, gibelera pauso bakar bat ere ez, eta kanpoko marra pasarazi arte ez zion besoa libre utzi. Gero, bi gizonak elkarri begira gelditu ziren, bat barrenetik eta bertzea kanpotik. Hitzik erran gabe, guardia zibilak joan egin ziren.

        Minesek eskerrak eman zizkigun, baina ohartu ginen nahigabe hark mindu ziola gau hartan ilargi beteari zurrupaturiko esne gozoa, eta bakoitza bere kabiara joatea erabaki genuen. Sadaba bere gelara eta bertzeok geure etxeetara. Binaka, elkarri lagun egiten, ez betiko bidetik, eta ez sobera lasai, ez baikinen batere fidatzen eltzetzu zerri haiek ez ote ziguten alukeriaren bat eginen.

        Egunez izaniko hegoaren partez iparra sartzen hasia zen, eta ilargiari goibelek tarteka bizarra jaunzten zioten. Noizbait ere ailegatu ginen etxera ustekabe gaiztorik gabe.

        Gauak marka berezia utzi zuen udazken hartan. Bagenuen beldurra Sadabaren bila joanen ote ziren kuarteleko bizilagunak, baina ez, bakean utzi zuten. Nago ez ote zien fabrikako nagusiak hura ez ukitzeko erran. Hango ofizinetan ari baitzen herrira etorri zenetik, eta nahiz errebelde itxura hura izan (bere bizar beltzarekin eta), nola langile fina zen, injineru jaunak bere ondoan eduki nahiko zuen.

        Gurekin juntatzen hasi zen. Luis eta bion ondora etortzen zitzaigun, Kasinora bisita egiten genuen aldiro. Euskaraz egunetik egunera gero eta gehiago konprenitzen zuen, eta hobe bera bertan baldin bazen haren kontrakorik ez erratea, badaezpada ere. Igandeetan elkarrekin joaten ginen usotara, mendian goiti, Baldrunera edo Alasetara, eta bidenabar onddo batzuk biltzea ere gustatzen zitzaigun, gero Minesenean berendu-afaria egiteko.

        Kontatu zigun Lizarra aldetik etorria zela. Orduan noizbait aditu izatetik doi-doi ezagutzen genuen parajea zen hura, gerora ikasiko genuen hango berri gehiago. Ez zigun, ordea, horretatik aparteko deus erraten bere lehengo bizimoduaz. Ez nola bizitu zen, ez norekin, ez zergatik alde egin zuen. Ez genekien familiarekin haserretu ote zen edo justiziari iheska ote zebilen. Bertze aldetik, amodiozko desengainuren bat izan baldin bazuen, bolada hartan apalduxea izanen zuen segur aski bere oinazea, Minesenean apopilo berezia baitzen. Eta Mines bera ere ez lehen bezain alargun.

        Kuarteleko guardia zibilak ez ziren Kasinora sartzen. Ezta nahi ere guk. Eta gaiztoago hasi ziren, gehienbat ibaitarrekin. Gartzineko Linok, gurean buru hark egiten baitzuen, gaueko lana gelditu beharko genuela eman zuen ordena. Atseden hartzeko tenorea. Ez ginen sobera kezkatu halere. Bagenekien seguru ez zuela luzaro iraunen. Guretzat kalte baldin bazen, haiek gehiago galtzen zuten hala.

        Hori etorri zen kanposantuko istorioaren ondotik.

        Izanez ere, azienda batzuekin Urrabia pasa behar genuen aldetik aldera, beti bezala presa azpitik, ur ttikia den Ubelako horretan. Zortzigarren mugarrian hogei bat buru hartu eta horrat ailegatu ginenean, hantxe izaki guardia zibilak, geldi-geldirik, kanposantuko paretaren kontra, zigarroa erretzen patxada ederrean, alde egiteko inolako presarik gabe. Denbora pasa eta eltzetzuak ez mugitzen handik. Aziendak nerbioso eta gizonak are nerbiosoago. Zerbait egin beharko zen haiek handik bidaltzeko. Orduan, Linori gogoratu zitzaion kanposantu barrenera sartzea. Gogoratu eta halaxe egin. Sartu zen, barrenetik pareta gainera igan eta handik, ziri batekin, bati zapelokerra kendu burutik! Haien lasterrak! Kuarteleraino burua bueltatu gabe, tximista baino agudoago!

        Gustura egin genuen irri kanposantukoaren kontura. Eta gero, bakazioaldia. Sos guttixeago sakelan, baina bizimodu lasaixeagoa. Eguna laburtzen joaki zen, eta etxeko lan pizarrak egiten genituenean Minesenera joaten ginen. Sadabarekin topo egin eta mus partidak berandu arte luzatzen ziren. Mines guttika-guttika ari zen lehen ezagutzen genuenaren trazak berriz ere hartzen, bixkortzen, oraindik «Bota xoxa!» haietarako behar adinako umorerik ez bazuen ere.

        Horrela, ia sumakabean ailegatu zitzaigun lertxunak pasa ondotik isats-txuriek ekartzen duten berria, alegia, neguko hotza gurean genuelakoa.

        Su bajuaren ondora hurbildu, egurrez ongi hornitu, gaztaina ausarki jan eta etxeko sagardoari merezi zuen estimazioa egin. Eta eguberrietako lege zaharrak kunplitu. Sekula ez bezala, urte hartan Olentzero plaza erdian erretzea erabaki genuen, herrian nabari zen giro nahasia nola edo hala kasatuko ote genuen.

        Egun batzuk geroxeago, uste horretan berean prestatu ginen urte zaharrari despedidako ostikoa eta berriari ongi etorri emateko. Koadrila bildu, zahatoa bizkarrean hartu eta atez ate Diostesalbekoak kantatzen ibili ginen, Luis koplari genuela «Juntaturikan etorri gara, konpainia bat fidela; Agur itxeko jende nobleak! Gabon Jainkoak dizuela!», eta Sadaba ere lagun, Minesen senarrarena zen brusa soinean jauntzita.

        Gaueko azkeneko kopla Sadabak berak bota zuen, Kasino barrenean, zorroan ardo karga dexentea eta Luisek belarrira hitzez hitz erraten ziona errepikatuz, etxekoandrea pare-parean zuela «Gabon itxeko andre txarmanta!, gabon bihotzeko Mines! Guttixko maite gaituzulakoz, gaude bihotzeko minez!».

        Ez genuen hagitzez gauza gehiagotarako astirik izan. Bijilantziakoak sartu (sekulako ikararia eman ziguten, hiru hilabete agertu gabe pasa eta gero!) eta ostatua segituan ixteko ordena eman zuten. Ezagun zuten erreak zeudela. Ezin eraman gure lagunarte zoragarri hura. Ez ziguten bertan elkarrekin afaltzen ere utzi. Iruñetik heldu zen agindua omen.

        Sadabaren kopeta belzten ikusi nuenean bere gelara eraman nuen, zer gerta ere. Urtea ongi hasi behar genuen nola edo hala. Mines ere etorri zitzaion kontsolatzera. Afari berezia Errege bezperan egiteko gelditu ginen.

 

 

Ilbeltzaren lauan, Errege bezperaren aitzineko eguneko arratsaldean, fabrikatik atera eta etxera etorri zitzaidan Sadaba. Pixka bat harritu nintzen, ez baitzen normala berak tenore hartan bisita egitea. Zer nahi ote zuen? Ezbeharren bat gertatu ote zitzaion Minesi? Hotz egiten zuen, baina kanpora aterarazi ninduen, ez zuen nahi etxekoek aditzea kontatu nahi zidana.

        Izokin bat harrapatu behar genuela! Noizbait ere kontatua bainion nola gure aita arrantzale ona zen, pertolarekin eta zalagardarekin ibiltzen zela gauaz, eta nik ere tarteka pixka bat laguntzen niola.

        Zertarako ibili ote nintzen ni neure burua famatzen! Nerone nengoen hitzaren amuan harrapatua!

        Urrabia ez uher, baina ur hotzez ongi hornitua, eltzetzuak oraindik ere jenio txar xamarrean bazter guzietan usainka eta, batez ere, ilargi betea! Bai, goibelen artean sartu-ateraka zebilen ilargi biribila genuen orduko hartan ere! Hiru kontu horiek etorri zitzaizkidan bat-batean burura, eta halaxe bota nizkion, ea burutik kentzen ote nion ideia hura. Ez nuen arriskutan sartzeko gogo handirik.

        Ez zuen deusetarako balio izan. Urtezaharreko tripako mina ez zitzaion pasa, eta opari egin nahi zion gure Mines bihotzekoari, Errege bezperan afari eder bat egiteko.

        Nik baino indar handiagoa zuen temoso hark, eta amore eman behar izan nion azkenean. Bederatzietan ur bazterrera agertzeko erran nion, nik eramanen nituela behar ziren guziak, eta kasu emateko inork ondotik segi ez ziezaion.

        Gaueko bertze lanak bezalaxe, hura ere utzixea genuen bolada hartan, baina aitak gustukoa baitzuen, ibaiari begira orduak eta orduak pasatzen zituen, eta errana zidan nontsu sumatu zuen berriki izokinaren mugimendua. Gauez paratu beharko genuen sarea eta biharamun goizean bildu. Ez zen segurua baina agian zerbait bilduko genuen.

        Ni joan orduko, hantxe nuen bera esperoan. Kontent ematen zuen. Maiteminduaren poxa. Hala iruditu zitzaidan niri. Hark ez zuen ez hotzik sumatzen ez arriskurik usaintzen. Ni ez nengoen arraso lasai.

        Arbola artean gordeka, presaren azpiko putzutik beheitixeago, ibaia zabaltzen zen tokira joan ginen. Han bazen pertola paratzeko moduko ur ttikiko arrainbidea. Alde guzietara begiratu eta, ilargia estalia gelditu zen momentu batean, uretara sartu nintzen neure botatzarrekin, sarea paratzera. Sadaba ur bazterrean gelditu zen, haltz baten gibelean, guardian. Arbola harexeri lotuak zeuden toki hartan berean ibaitar batzuen xalantak.

        Lana eginxea nuelarik, berriz ere argitu zen zerua. Saiatu nintzen ahalik eta agudoena lanak akabatzen. Egunaz bezain argi zegoen, eta edozeinek ikusten ahal ninduen modu hartan.

        Orduan, bertze aldeko sahats batzuen artean metalaren distira ikusi zuen Sadabak.

        — Kasu! Eltzetzuak! —egin zidan oihu.

        Neure burua uretara bota nuen, xalanten artera, Lainez putakumeak (huraxe behar zuen, nahitaez!, nor bertzela?) bere fusila husten zuen bitartean. Beren gordelekuan nonbait lo ziren piro batzuk lasterka atera ziren, ikaraturik. Fusilaren danbada izugarriak eta balek xalanten oholetan jotzean edo uretan sartzean egiten zuten soinua aditu nituen. Herriko jende guzia iratzarriko zen musika madarikatu harekin. Etxean ere kezkatuko ziren, nire ohatzea hutsik ikusten bazuten. Sadabak txoil uste zuen jo nindutela. Oker zegoen ordea.

 

 

Errege bezperako afaltzeko tenorean, Ixteben bakarrik gelditu zen Kasinoko ostatuan serbitzen. Sadaba, Luis eta hirurok (honako honek Urrabian bilduriko mukia eta eztula dexente!) goiti igan ginen, sukalde ondoko sala ttikira. Segituan atera zen Mines bere gelatik, soineko gorria eta zilarrezko belarritako luzeak, sekula baino ederrago.

        Mahaira jarri eta gero, basoak Errioxako ardo beltzez bete eta topa egin ondotik, labetik atera zigun egun hartako jaki berezia: Alkasoroko piro autentikoa!, saihetsean ehiztariak egindako balazko tiroaren zulo perfektua agerian zuela.