Aurkibidea
Motina
Puerto de Santa Mariara eraman ninduten 1982ko uztailean, baina bi hilabeteren buruan Carabanchelera berriro, epaiketetarako. Hantxe egongo nintzen hurrengo urteko martxora bitartean.
1983ko martxoan motina egin genuen Carabanchelen, Puertorako trasladoen aurka. Puertora zigorrez eramaten baitzuten jendea, presoontzat ez ezik senideentzat ere zigorra zelako.
Motina hasterako, giltzak kendu genizkien kartzeleroei. Preso sozialak euren ziegetan zeuden. Geuk itxi genizkien ateak, hura gure kontua zelako eta saltsa hartan nahas ez zitezen, arazorik izan ez zezaten gerta zitekeenagatik. Inork ezin asma zezakeen hura zelan buka zitekeen, eta arazo hura geuri zegokigun soilik. Kontua da preso politikook egin ginela hirugarren galeriaren jaun eta jabe. Sarrerako atea itxi eta zaborrontziak pilatu genituen ate ondoan, gomazko ontzi handiak alegia. Galeria osoa apurtu genuen ondoren, aurrean harrapatutako guztia txikitu. Hara ezin sar zitekeen kartzelerorik.
Polizia heldu zen halako batean. Atea ireki ezin zutenez, sopletearekin ekin zioten, burdinazkoa eta barrotezkoa baitzen atea. Sopleteaz ordea, su hartu zuten guk pilatutako zaborrontzi gomazkoek. Sutan eta ketan hasi zen kautxoa. Ito behar genuela zirudien. Galeria eta ziegak kez bete ziren, ke beltz kutsagarri horrekin. Itoko ginela etsi nuen, halakoxea zen hango kea! Ez zegoen keari ihes egiteko modurik; ziegako ohean etzan nintzen. Jendea han zebilen batera eta bestera, ahal zuen moduan. Rekalde etortzen zitzaidan tarteka, ea zer moduz nengoen galdetzen. Txarto pasatu nuen nik, eta besteak ere halatsu ibiliko ziren.
Noizbait ireki zuten atea soplete horrekin, libratu zuten bidea, eta sartu ziren polizia nacionalak. Ziegetara etorri zitzaizkigun fusilekin apuntatuz. Ilaran atera gintuzten galeriatik kanpora. Harmailetan behera nindoala, egundoko kulatazo bi eman zizkidan txakur batek sorbaldan, eta bi zartada haietatik ezkerraldean eman zidana izugarria! Urteetan egon nintzen ohean ezkerreko aldearen gainera etzan ezinik, min ematen zidalako. Galeriatik behera, zentrora jaitsi eta Guardia Zibilaren esku utzi gintuzten. Eta guardia zibilek furgoira, jakina. Fernandorekin bikote eginez lotu ninduten, besoa bihurrituta, izan zitekeen erarik deserosoenean; horrela egin genuen Puertorainoko bidaia. Horixe da Carabancheli egin genion agurra.
Mundu propioa, mundu apartea da kartzela. Liburutxo batean kontatzeko baino historia txiki gehiago emango lituzke presondegiko edozein egonaldik, eta zer esanik ez egonaldi luze batek. Etxe modu hauetan urte batzuk daramatzagunok ere harritu egiten gara denbora gehiago daramatenen historiak entzunez. Kartzelaz ezer gutxi dakigula iruditzen zaigu batzuetan, zenbait garai eta egoeratako kontuak entzutean. Urteekin aldatu egin dira espetxeak, eta jende modua ere aldatu egin da. Kartzeleroak dira, edo kartzeleroen jokamoldea da aldatu ez dena, kasu askotan behintzat. Francoren garaian kartzelero zirenak ezagutu ditugu gutxi edo gehiago, oraindik kartzelero direnak. Garai haietan preso egonak ere bai bakarren batzuk, oraindik labirinto hauetatik atera ezinik dabiltzanak, askatasunean irten arren, behin eta berriz zulo hauetara jausi direnak.
Preso arrunten ingurunetik landa, gure kolektiboan ere badira frankismoan kartzelan egondakoak. Antxon 1981etik dago kartzelan, eta horren aspaldiko kontuak frankismoaren lausokoak iruditzen zaizkit; oso antzinakoak nolanahi ere.
Antxon gaztea zenean, urruti baino urrutiago ikusten omen zuen 2000. urtea, eta milurte hasiera horretan non eta nola egongo ote zen galdetzen omen zion bere buruari, etorkizun asmaezinari begira galdetzen den moduan, ia fantasia denari begira aritzen garen bezala. Duela hemezortzi urte ere, atxilotu zutenean, artean urrun eta ia harrapaezin ikusiko zuen seguru asko 2000.aren muga hori; baina iritsi zaigu, eta hemen gaude, muga horren atarian, muga askoren atarian beharbada. Eta zutik gaude, eusten. Adinean aurrera joana izan arren, ez dauka Antxonek agure bentzutuaren tankerarik, ez dauka nekeak eta etsipenak jotakoaren itxurarik.
— 1982an Egin egunkariko kazetari bat sartu zen Carabanchelera —gogoratzen du Antxonek—. Elkarrizketa edo galdera batzuk egin zizkidan. Nik esan nion: “Kalean jendeak gogor jarraitzen badio, gazteek batez ere, guk eutsiko diogu hemen!” Eta eutsi egin diogu, eta emaitzak ikusten ari gara.