Aurkibidea
Molinotarrak
1976ko ekainean bueltatu nintzen Euskal Herrira. Neure konturako bidaia bat egin nahi nuen lehen-lehenik: Olotera. Haurtzaroko espazio haietara bisita egiteko gogoz nengoen. Venezuelan sortu zitzaidan burutazioa, Girona alderako asmoa. Gerratean izan arren, oso zoriontsu izan nintzen han. Haurtzaroko egunetara eta geografiara itzuli nahi nuen, dena berrikusi.
Amerikatik etorri bezain laster prestatu nintzen bidaia horretarako: bizikleta, motxila, lotarako zakua eta trasteak. Etxetik irten eta Zudairera joan nintzen, nire arrebaren senarraren izeba baten baserrira, han baitzegoen arreba abuztuko egun batzuk pasatzen. Arrebari esana nion bidaia hura egiteko irrika nuela, baina koinatuak esaten zion ez nuela egingo, ez nintzela kapaz izango bidaia modu hari ekiteko. Gero jakin nuen arrebak eta koinatuak apustua egina zutela; errendituko nintzela koinatuak, ezta pentsatu ere arrebak. Goizean abiatu nintzen Zudairetik, bizikleta zamatuta, Lizarratik aurrera, Eunateko ermitaren paretik aurrera... Ezagutzen ditudanetatik ederrena da Eunate, erromanikoa, arku dobelatuz inguratua itzuli osoan.
Galsoroak ebaki berriak zeuden abuztuan, bero itzela, ni izerdi patsetan. Bizikletak izango zuen arroa batetik gorako pisua, hiru piñoikoa. Aldapa bakoitzaren hasieran lurreratu behar izaten nituen oinak, ordeka edo malda behera heltzen zen arte. Agoizko bidegurutzean geratu egin nintzen zuhaitz baten gerizpean. Lehertuta nengoen, egarriak ito beharrean. Galtza motzetan nindoanez, eguzkiaz erreta neuzkan izterrak. Bizkarreko motxilatik zintzilik zahatoa eta zartagina. Zelako planta! Zuhaitzaren itzalpean, etsi samartuta, atarramentu hartan nora ote nindoan galdetu nion neure buruari. Eraitsita nengoen egon ere. Kara edo kruz pentsatu nuen txanpona airera botata. Kara ateraz gero, patuaren mandatua izango zen aurrera ez jarraitzea eta etxera itzultzea; halabeharrak derrigortuta bueltatuko nintzen... baina ez neure gogoz... duintasuna babestu behar nuen, badakizu. Kruz ateratzen bazen, aldiz, bidean aurrera jarraituko nuen. Airetik erori zen txanpona... kara! Patuaren agindua eta nire arindua! Buelta etxera. Baina modu hartan itzultzea ere ez zitzaidan itxurosoa iruditu. Patuari berriro galdetzea pentsatu nuen. Jaurti dut txanpona airera... eta ostera ere kara!, etxera alegia.
Tira, patuari aurka egin beharko niola erabaki nuen hantxe, Agoizko bidegurutzean, eta segitu nuen Huescarantz. Esa aldera, bide ertzeko etxe batean arkumea ikusi nuen zintzilik, larrututa, salgai; erosi egin nuen eta urtegiko kanpinean bapo jan, gautu baino lehen. Hurrengo goizean, Jacara heldu nintzen; han konpondu nion bizikletari izorratutako kable bat. Sabiñanigora jarraian, gero Mont Repos portua oinez igo, bizikleta arrastaka. Ez neukan presaka ibiltzeko asmorik; bidaian hilabete egin edo hiru, berdin-berdin zitzaidan. Nahi nuen lekuan jan, gogoa ematen zidan tokian lo. Errekastoan amuarrainek zelan jauzi egiten duten ikusi, zelan murgiltzen den martin arrantzalea... Lleidako kanpinean pasa nituen bi egun. Ingurumariak frutarbolez josita zeuden: udare, melokotoi, sagar... zer ez zegoen han. Txikituta heldu nintzen Tarragonako lehengusinaren etxera, akituta, lur jota.
— Etxera itzuliko naiz —halaxe esan nion lehengusinari.
— Ningún Molino se rinde —erantzun zidan.
Zauriak eta erredurak sendatu zizkidan lehengusinak. Indarberritu nintzen haren etxean hiru egunean, Bartzelonara abiatu aurretik. Egun bakarra eman nuen Bartzelonan, eta hotelean lo egin. Gironara bitartean geldialdi batzuk egin, eta iritsi nintzen azkenean Olotera.
Berehala ezagutu nituen umetako etxe eta karrikak, orduan ibili nituen bidexkak eta zidorrak... ni arineketan, balak bilduta sutara botatzen... “Hemen behar du, ba, harrizko untxia zuen iturriak” esaten nion neure buruari, eta, etxe kantoia pasa ondoren, hantxe agertu zen lau muturreko iturria, gainean harrizko untxia zuela; “etxe-paretako horma-konkako santu irudiak hemen behar du ba”, eta hantxe zegoen aurreraxeago. Eta bonbak neskatxoa zapartatu zuen lekua... Eta amonaren hilobia...
Urdaiazpiko eder bat erosi nuen arrebarentzat; bizikletaren eskulekuan lotu nuen eta itzulerari ekin nion, Tarragonatik eta Jacatik pasa gabe, Zaragozatik barrena, presarik gabe, joanekoan egin nuen era bertsuan. Hilabete t’erdi inguru igaro zen etxeratzerako. Orduan jakin nuen arrebak irabazi zuela apustua... eta gainera nik ekarritako Oloteko urdaiazpikoa.
— Molinotarrek ez dute amore ematen.