Zerua urez hustu zen bitartean
Autobusak Altzibar auzunean zuen azken geltokia. Astean zehar erabaki izan zuten bezala, aitak eta alabak mendira joateko planak eginak zituzten. Eguerdirako etxean. Horrela izaten ziren mendi irteerak, gastu handirik gabeak.
Aneri deigarria iruditu zitzaion Arraskularre izena. Horregatik onartu zuen aitaren proposamena, eta gainera, ohiko ibilbideetatik kanpo zegoen Arraskularre mendixka. Kontuan hartzekoa erabat.
Igande goizean, igandea lo dagoen orduetan joan ziren autobus geltokira.
Hartu al dituzu ogitartekoak?
Ogitartekoak?! Ez daude ahazteko moduan, pentsatu zuen Anek. Aduriz okindegian erosiak zituen ogiak goiza ordurik gabe zebilenean.
Urdaiazpiko tortilla daukagu. Laranja bana bakoitzak.
Altzibar, Oiartzungo auzunea, hiru kilometrora dago. Ez urrun, beraz. Autobuseko txoferrak aitari bueltak itzultzen ari zitzaion une horretantxe, Anek egunsentiaren presentzia sumatu zuen. Baina ez zen inon ageri. Hodeiek zerua estaltzen zuten, eta egunsentia.
Egunsentia, galdetu zuen Anek, bizidunen antzera esnatzen al da?
Ia hutsik zihoan autobusa: txoferra, aita eta alaba. Hirurak kristaletik kanpora begira.
Eguraldi txarra izango dugu gaur aitaren hitzak ez ziren teorian oinarritu, erortzen ari zen euri zaparradan baizik.
Bustiko gara! ausartagoa izan zen Ane.
Oinez abiatu ziren Altzibartik, errepidetik, autobusa utzita. Euria bota ahalean, baina ez zuen hotzik egiten. Bostehun metro ibili ondoren, aitak bakarrizketari ekin zion: «Aspaldi da Arraskularre igo ez dudala», eta antzeko baieztapenetan indartzen zen bere ahotsaren doinua. Mendigoizaleen berezko elkarrizketan murgildu ziren Antton eta Ane.
Errepidez kilometro t'erdi ibili ondoren, ezkerraldera harturik, harri, hondar eta putzuz betetako bidexka zanpatu zuten urrats hezez.
Begira, mendixka hori da Arraskularre.
Geldiunea egin zuten. Zetozen lekutik begiratuta, erreka behe aldean ikusten zen. Erreka eta gero, mendixka. Kolpetik hasten zen aldapa.
Haurrak ginela, ibar horretan jolasean genbiltzala, obusak pasatzen ziren gure buru gainetik. Zazpi bat urte izango nituen orduan, gerla garai haietan.
Noiz izan zituen aitak zazpi urte?, esan zuen Anek bere artean. Entzuten jarraitu zuen.
San Markos menditik botatzen zituzten obusak, eta gudariek Arraskularretik erantzun!
Burdinazko bola bat zerua zeharkatzen irudikatu zuen Anek. Obusen ziztuak eta danbatekoak oroitzen abiatu zen Antton aldapan gora.
Zerutik errekara jaitsi ziren Aneren begiak: uretatik uretara. Gainezka zetorren erreka ttikia, presaka, apar xuriz. Gutxik dakite, erreka apar xuriz doanean, tripaz gora doala, mendi gailurrei eta zeruari begira.
Lehorrak izango ote dira errekaren begiak?
Oteak loretan zeudela ohartu zen. Ur-jauziak ere menditik behera erortzen ziren igande bustian. «Hemengoa naiz» entzun zuen bere barnean Anek, urez jantzirik. Ilea aurpegian itsatsirik. Eta loreak horixkak zirela konturatu zen, su txikiak bezala.
Gailurrean gurutze handi bat dago, pinuz inguraturik. Nabarmena da, harrizko gurutze handia pinuen laguntaldekoa dela. Urteetan elkarrekin egon ondorengo laguntasuna baino, egontasuna dute. Zenbat euri, haize eta elur batera jasanak.
Gudari asko hil ziren hemen.
Pentsamenduak ere isildu egin zitzaizkien biei. Aita gurutzetik urrutiratu zen. Anek berdin egin zuen. Bidezidor batetik gurdibide aldapatsu batera salto eginda, Arrasku baserria agertu zen distantzia gutxira. Urak bere bidea egina zuen gurdibidean.
Baserri aldera gizakirik pasa ote da inoiz?
Harriak biribilduak ditu gurdibideak; zartaturik, ximeldua du lur-azala. Bai, erruz ari zuen euria. Baina euriaren hotsa ez da berdina izaten leku guztietan.
Arrasku atarian aurkitu zuten baserritarra. Lainoei ere inguruan gelditzeko asmoa igarri zitzaien, lur eta zeru arteko tarte osoa bere egiten zutela.
Aitak baserritarrarekin hitz egiten ari zela ikusi zuen Anek, baina alderantziz zen berez. Tortilla soila egin zezaten agindu zuen. Eskainitako sagardoa edan bitartean, baserritarrak Arraskuren kinka gordina azaldu zuen batzarrean.
Haur haiek noiz eta nondik irten ziren ohartu gabe, Aneri ilunkara iruditu zitzaion baserritarraren ataurrea.
Lehengo urtean, bai. Ekaitza zetorrela sumatu eta, emaztea balkoian eskegitako arropak biltzen ari zela, tximista batek hil zuen gaixoa.
Anek ulertzen ez zuen erara erabili zuen nostalgia, eta maitasunak bazituen harengan bestelako ñabardurak.
Isilik zeuden haurrak. Zazpi bat urteko mutikoak ilargiaren itzalak margoturik zeuzkan aurpegi eta belaunetan. Neskatxak, zahartxoagoa, bi urteko umetxoa ondoan zuela, bihotzarekin begiratzen zuen.
Inoiz jakingo ote dute begiek zer ikusten duten?
Baserritarrak berean jarraitu zuen, atsedenik hartu gabe. Bere hitzaren pausora joan zen iraganetik etorkizunera.
Seme-alabak ttikiak direla joan zen andrea.
Haurrak isilik, berean ere, ibilbide berdinean. Baina atertu zuen. Denean. Ez zen euriaren hotsik entzuten, ez zen baserritarraren saminik beratu gabe geratu. Eta agur batek ahoa diseinatu zuen gizonaren irribarrean.
Gurdibideko aldaparantz jiratu baino lehen, Antton eta Aneren aurrean gelditu zen neskatxa. Urteetan gordetako galdera bailitzan, Aneri begira ahoskatu zuen:
Noiz itzuliko zara?
Berehala ohartu zen Ane, ez zela berari zuzendutako itauna, baina beretzat hartu zuen. Aitaren eta alabaren artean ama bat sortu zuten, zerua urez hustu zen bitartean.