Aurkibidea
Hitzaurrekoa
Jokin Urain
Zerua urez hustu zen bitartean
Haizea mindu gabe
Goizalde Atxutegi
Aurkibidea
Hitzaurrekoa
Jokin Urain
Zerua urez hustu zen bitartean
Haizea mindu gabe
Goizalde Atxutegi
Pikondotxoa bizi da, Lolo
Aza-hosto baten neurria besterik ez zuen. Dozena erdi bat hosto ikusten zirenean, baten batek, ezkutuan bezala, aihotzez jo eta ebaki egiten zuen. Kimu izatetik gora egiten zuen berriro ere pikondotxoak.
Ziegatik jaistean eta ziegara igotzean ikusten zuen Lolok hosto bakarreko pikondotxoa, barruti itxi hartan...
Jakingo ote dute landareek non dauden?
Lolo, hitz urriko mutila, familiarik ez balu bezala bizi zen kartzelan. Beti bakarrik.
Hormaren arrailduratik irteten zen pikondotxoa, arraildura haren barrualdera begira jarrita. Nondik zetorren zuhaixka hura? Motzondo zahar batetik seguruen. Lolok sustrai luze-luzeak irudikatu zituen, lur beltz hezetaraino heltzen zirenak. Horma garaiek gorako zuten hainbesteko altuera imajinatzen zuen beherantza; eta zainen harizpiak emandako zurrupadatxoei esker bizi zela pikondotxoa zementu-azalean.
Udaberrian, pikondotxoa bere hostoen berri ematera zihoanean, Lolori ez zitzaion odola berritu. Defentsarik gabe geratzen ari zela zioen odol analisiak. Odola txuritzen bezala sentitu zuen Lolok. Nekearen bizilekua zen bere gorputza, eta bizileku horren leihoetatik zihoakion bizitza. Eta baten batek aihotzez jo, ebaki izan balu bezala sentitu zuen bere burua ere... bizitzaren zementu-azalera horretan.
Pikondotxoari begira, haren sustraiak noraino lurperatzen ziren aztertzen hasi zen Lolo. Zainen harizpien hurrupadek bizitzeko adina bizipoz ekarriko ote zioten ala ez begira.
Eta haurtzarora jaitsi zen bere enbor horretatik, gazte denbora kurritu, familiaren pobreziak dastatu, drogak eragindako lehen bidaia hura eta... eta ez zen gelditu. Egunak eta egunak, gau asko egin zituen Lolok bere lurraren sustratuan.
Zeri heltzen dio pikondotxoak bizirik irauteko?
Euria ari zuela esnatu zen. Ez, ez zen goizetik. Gaueko hamarrak izango ziren, eta ziega barnean utzia zioten afaria: erretiluan itsatsitako hanburgesa arrosa bi haiek. Zutitu, patioari so egin, tanta jariatzearen soinua aditu. Ura sustraietaraino jaisten da: ura elikadura.
Euria, tronpatuta-edo, beste aldera eroriko balitz, akaso izarrak bustiko lirateke, orain gu bezala?, galdetu zuen Lolok, pentsaera edo eldarnioa ote zen bereizi gabe.
Putzuetan gelditzen zen fokuen argi motel hura. Eta halakoetan Gloria zetorkion gogora. Bazirudien putzuek fokuek baino gehiago argitzen zutela. Gloria... Zena baino presoago zela sentiarazten zion Gloriaren oroimenak. Gloria... deus ere eduki ez eta dena galdu zuenaren sentipena.
Eta patioari begira zegoela ireki zuten ziegako atea.
Manuel Medina Redondo. Gauzak bildu! Enfermeriako departamentura zoaz esan zion medikua zirudienak, paperei begirik kendu gabe.
Kalean utzi behar nindukezue. Ongi dakizue zuek hori... Ez dut enfermeriara joan nahi esan zion Lolok doinu aseptikoz.
Kalean utzi? Hiesa besterik ez duzu motel!
Hiesa besterik ez! Lolok, haserre indargez.
Hies soilarekin ezin dizugu laurogeita hamabigarren artikulua aplikatu. Zuk ondotxo dakizu hori begiramen ikaragarriaz argitu zion medikuak.
Ohatila batean eraman zuten enfermeriara.
Zehaztu ezinezko arbola-hostoak aurkitu zituen kartzelari batek ziega miaketan. Erretzeko belarrak ote ziren-edo antzeman nahian, hostoak usaindu zituen. «Drogaz beterik zagok kartzela hau!» pentsatzeko zorian egon zen kartzelaria. Baina zertarako pentsatu.
Euria egiten jarraitu zuen. Euria gau osoan.
Kartzelariek utzitako ziegan, ohe gainean zegoen Lolo. Bustita. Izerditan blai. Sukarrak, tentsio beherakadak, angustia hark ureztatzen zuen Lolo kanpotik. Barnean, sustraiak hurrupadatxo bat eman ezinik zebiltzan.
Eskua sabelera eraman zuen, saihetsezurretara, berriro sabelera, eta soin mehe hura ezezaguna egin zitzaion. Ahots gora hitz egin nahi izan zuen, bere burua ezaguna ote zitzaion ikusteko agian. Nondik zetorkion halako hotza?
Ahapeka esan zuen:
Madreee...
Amaz oroitu zen, edo haren irudia etorri zitzaion, tatuajean idatzirik zuena. Galdutako sosegua zuzpertu zitzaion, eta halaxe hartu zuen loak egun haietan.
Ziega batean, bakar-bakarrik sartu zuten Lolo Enfermeriako Departamentuan. Ez zioten libururik eskaini, enfermeria enfermeria delako, eta ez liburutegia edo eskola.
Bakarrik zegoen... enfermeriara ez baita inor harremanak egitera eramaten. Eta, ziegako leihoa txapa zikin batek estaltzen zuelako, Lolok ziega aldaketa eskatu zuenean, ez zioten eskaera onartu, enfermeriara ez baita inor ekartzen «leihotik izarrak ikusi ahal izateko», zerbitzuburuak egoki adierazi zionez.
Irrati txiki bat zeukan Lolok. Eta huraxe asko.
Zenbat denbora zeraman Lolok enfermerian? Ez dakit. Baina han zen udazkena. Lolok ez zuen begi batetik ikusten.
Medikua oso noizbehinka baino ez zen Loloren ziegara joaten... dena kontrolpean baitzeukan. Odolak oxigeno falta zuela edo antzeko adierazpen atsegingarri bat eman zion medikuak.
Normala duk hori, motel!
Udazkena haizearekin batera iritsia zela barneratua zuen Lolok. Ez zekien, ez zegoen seguru, ametsa edo errealitatea bizi zuen.
Haizea nabaritzen zuen Lolok. Baina haize hura, gehienetan, bere arnas hartzearen soinua besterik ez zen, begiak itxita hartzen zuen hatsaren orroa.
Hego-haizea!, esaten zuen. Zuhaitzek sentituko ote dute hostoen erorketa udazkenean?
Ardura horiek lasaitzen zuten Lolo, nahiz eta ametsen munduko ardurak izan. Hala baitziren. Ez zuen heriotzan pentsatu nahi, hil... hilko baitzen gero ere. Baina eskola graduatua titulua atera gabe zuela gogoratzen zuenean, penatu egiten zen. Eta ardura hauek errealitatearen munduari dagozkio.
Bat-batean kezka batek asaldatu zuen:
Hosto iraunkorreko zuhaitza al da pikondotxoa?
Tantaz tantakoa jarria zioten. Loloren gorputzak ez zuen bestelako elikadurarik onartzen. Eta egarriak eraginda-edo, Lolok begiak zabaldu zituen. Hezur hutsa zen bere gorputza. Listua, zerbait, irensten saiatu zen.
Zein hilabete zen hura: urria?, azaroa?
Irratia entzuten zen ziega barnean. Esatariak zioena entzun zuen Lolok, interes handirik gabe. XVI. gizaldiko iragarpen batez ari ziren; ez, profezia batez.
Mundua gaur bukatuko omen da, arratsaldeko bostetan kontatu zuen emakumezko ahots batek.
Mundua bukatu? Lolo aztoratu egin zen, urduritu. Egun horretantxe bukatu behar al zuen munduak?
Zer ordu da? galdetu zuen.
Berri hura norbaitekin banatu nahi izan zuen. Urjentzia hura sortu zitzaion. Lolo agondu nahian ibili zen, ezinean. Espetxeak abandonatua zirudien.
Deiadar egin zuen. Ez zion inork erantzun. Ez zen ezertxo ere entzuten.
Maldizio bat bota zuen ahapeka, indarrik gabe:
Eraman nazala hondamenak!... baina geldi dadila pikondotxoa bederen erregutu zuen Lolok.
Eta horrela gertatu zen.