
Iluntze bat Donostian eta inguruetan. Itsasoan igerialdia egin ostean, autoko giltzak barruan ahaztu dituela ohartu, eta buruz dakien zenbaki bakarrera deitu du Luxiak: Laida dago bestaldean, aspalditik harremanik ez duen umetako laguna. Bila joatea erabakiko du hark, baina iraganak blaituko du orduan autoa, eta helmugaraino iritsi ala buelta erdi egin ebazten egingo du bidea. Bitartean, tamariz okertu baten azpian zain dago Luxia, bainujantzi hutsean, gero eta hoztuago eta buila laranja bat besoen artean.
Igerilaria eta Gidaria dira kontakizun honetako protagonistak; haiek biak —eta haiekin hirukia osatu zuen Garazi— ez ziren eskiatzera joan beste guztiak joan zirenean; bigarrenez jaio zela kontatzen zien andre baten sukaldean igaro zituzten orduak.
Santa Luziaren begi berdeak hozkailuan, arnasa falta, lotsa, gauzei —norbere buruari, familiari, inguruari— beste aldetik begiratzea eta haserre zahar baten mina. Bizipenen gaineko bertsio-jokoa urgaineratu du Aintzane Usandizagak bere lehen nobelan.