
BEGIA
—Igerilaria—
Birikak erretzear dituzun unean, bularreko presioak jasanezina dirudienean, atera duzu burua uretatik, hautsi duzu gainazal urdinmarroigrisa eta hortxe topatu duzu, parez pare: begi berde biribila. Hain da berdea, hain ederra, non hilik dirudien. Zuri begira dago esfera perfektua, zentimetro gutxira. Egia esan, ez dago bertatik bertara, egia esan pare bat metrora dago; animalia ikaragarriak dira ubarroiak, ez dizut kontrarik egingo horretan, baina begi txikiak dituzte, txikiegiak distantzia horretatik gerora oroituko duzun tamainako biribil garbi hori antzemateko. Baina zuk hala ikusi diozu, edo ikusi diozula uste duzu eta, ondorioz, ikusi diozu eta horrela kontatuko duzu. Kontatuko duzun moduan igeri nola joan den, segundo batzuez elkarrekin begiz begi egon ondoren, eta bere igerialdia deskribatuko duzu pasioz, xehetasunez —etorkizuneko Youtube bilaketak lagun—. Bosgarren, seigarren, zazpigarren aldiz kontatuko duzunerako, baina, ziur egongo zara ez duzula hegaztiaren igerikera zure telefonoko pantailan ordu mordoxka bat beranduago ezagutu; unean bertan baizik, zugandik metro eskasetara, igeri egitea gustatzen zaizun egun gris horietako batean, hondartzan inor ez dagoenean, badiako magia lotsarik gabe aktibatzen denean. Hori kontatuko duzu bihartik aurrera, akaso gaur bertan, berandutzen ez bazaizu behintzat; eta kontatuko duzu, bide batez, giltza autoan ahaztu duzulako zaudela oraintxe banku batean zain, ilea tantaka, bainujantzi fluorra azalari itsatsiegi. Hitzetara ekarriko ez duzuna da lehorrera bueltatzeko asmorik batere ez zenuelako utzi duzula giltza kotxean. Bueltatzeko aukerarik ere bazela ahazteko gelditu dela giltza barruan, hain justu ere arrasti goibel honetan, hotz samar dagoeneko hondartzan jendea ibiltzeko. Asmoa aldatu duzu azken unean, ordea, ez duzu indar nahikoa izan erabakiari eusteko, ezta arnasa faltari ere. Eta hortik orain nirekin hitz egiteko beharra, nik zuri esatekoa lasai, Luxi, ez duzu zertan horrela gogoratu. Alda daiteke. Alda dezakegu. Horretarako daude ubarroiari jarritako begi berde erraldoia, iluntze honi egotz diezaiokezun giro erromantiko friedrichtarra eta zure erremediorik gabeko despisteen historiala.
Saia gaitezen berriro, beraz. Ubarroiaren epifaniatik aurrera helduko diogu:
Tantak sumatu dituzu sudurretik ezpain ertzetara, belaunen atzean, bere onenak emanda dagoen bainujantzitik ttan-ttan. Igerialdia gehiegi luzatu duzu, uraren tenperatura ez dago neoprenorik gabe ordubetez bertan irauteko. Baina hain zegoen erakargarri itsasoa. Iluntzeetan ez da inor egoten badian dagoeneko, uda amaitu da, eta jendea ohiko errutinetara bueltatu da. Eta hor zoaz zu, elastanozko oihal zati txikiegia soinean, oinutsik eta urrutitik ikusia izateko fabrikatu duten buia laranja besazpian, Donostiako etxe pijoenen aurretik, zure kotxe sastarrerantz. Txanoa eranzten duzu beti kafetegiaren paretik pasatzean, ile kizkurra haizeak astin diezazun. Jende askok zeharka begiratzen dizu halakoetan, eta nola gustatzen zaizun zu izatea, zuk egitea lekuz kanpoko zabarkeria onartu hau —bai igerilariei behintzat, hiri neurritsu eta erreprimitu honetan—. Gatza, haize freskoa, endorfinak…
— Giltza!
Ez dute ezerekin topo egin zure eskuek buiaren sabelean sartu dituzunean. Tapakia askatu eta, flotagailua zure gorputzaren kontra estututa, haizeari irteten utzi diozu, eta modu berean hustu zaizu askatasun sentipena eta adrenalina guztia; begi-zuloak atera zaizkizu hutsetik, tenperatura errealak urratu dizu azala. Hotz egiten du. Ingurura begiratu duzu, etsita.
Horrela hobeto? Gehiegi da? Agian bai, gogoratu gero kontatzerakoan sinesgarria izan behar duela, aski xehetasunekin baina pasatu gabe, bestela horregatik ez dizute gero sinisten, Luxi, pasatu egiten zarelako detaileekin, benetakoekin ere bai. Baina gainontzean badu, nola esan, epika lurtar pixka bat, komedia, autoparodia —hori beti sartu behar da jendearen sinpatia lortzeko— eta baita intriga eta drama kutsu bat ere, ezta? Orain gogoan ondo iltzatzea komeni zaigu, telefono bat lortu bezain pronto kontatuko duzulako gertatu zaizuna, edo gertatu zaizunaz esan nahi duzuna, eta lehen bertsio horren gainean eraikiko dira, azken finean, hemendik aurrerako kontakizun guztiak ere.
Zu ezagututa, ez dira gutxi izango.
Pertsona bat behar duzu, telefonoa eskatzeko moduko ibilera lasaia duena. Kafetegia irekirik ote dagoen ere ez duzu ikusi, terrazako kristalean zure islari, zure kizkurren askapenari begiratzera mugatu zara.
Zaude.
Ez digu balio, beraz, lehenago esandakoak: hiritarren zeharkako begiraden kontu horrek. Beste egun batzuetan hala izanda ere, gaur jenderik ez badago, ez dauka zentzurik hori aipatzeak. Ken dezagun. Mugatu gaitezen ubarroiaren begi berdera, buia laranjara, giro gris bakartira, tantetara, hotzera eta…
— Giltza!
Negargura sudur-zuloetarantz irristan nabaritu duzu. Beti gertatzen zaizu harrapaturik sentitzen zarenean, nahiz eta oraintxe harrapatu hitza xelebre geratzen den, kanpoan baitzaude, kanporago ezin. “Locked out”. Kanpoan giltzapetuta. Ingelesek beti dute gauza guztietarako esamolde labur-zehatza.
Ikusten? Halakoak dira soberan daudenak, pentsatuegia egiten dute kontakizuna, astunegia zu. Fuera hori ere.
Triparen parean jarri duzu buia, zure gorputzeko zentimetro bakoitzaren jabe zarelako bat-batean, eta kafetegirantz abiatu zara, bene-benetan sentitzen ez duzun itxaropenari helduta, buiari baino estuago. Itxirik dago. Berandu da. Zerua urratzen ari da hodei lodien azpitik, eguzkiaren azken saiakerak dira, ikusi bainoago, sumatu egiten direnak, kolorean baino gehiago, testuran, pisuan. Eta hara non, bat-batean, bi emakume zakur bana paseatzen. Eskerrak —hiritar pijoen zehar-begiradena berreskuratzeko aukera ematen dizu honek, gainera—. Zure bildots begiratuarekin eraso diezu. Haurra zinenean ez zinen konturatzen hobeto funtzionatzen zizula kasketek eta garrasiek baino; urteekin ikasi duzu. Primeran atera zaizu. Bejondeizula.
Arrazoi, azken esaldi hori ez da kontakizunean joatea komeni. Dena den, uste dut defenda zenezakeela barre txiki batekin.
Jende jatorrarekin egin duzu topo zorionez, ez txakurrak umore txarrez eta ezkutuan zigarro bat erretzeko ateratzen dituzten eskapistekin. Palazio hauetako biztanleak izango dira. Umetan beti galdetzen zenion zeure buruari nor bizi ote zen halako etxeetan, hondartzaren ondoan. Segituan utzi dizute telefonoa. Baina, jakina, ez da hain erraza izango. Istorioak gehiago behar du. Nori deituko diozu?
— Zenbakiren bat gogoratu nahian nabil...
Kortesiaz egin dizute irribarre, baietz buruarekin, baina kalkulatu duzu pazientziak askoz gehiagorako ez diela emango. Zenbakirik gogoratu ezean emaila bidaltzea ere badaukazu, baina lotsa eman dizu proposatzeak. Askotan errepikatzen duzun esaldia esan diezu, ohi baino arintasun gutxiagorekin.
— Zenbaki bakarra dakit buruz, baina ume garaiko lagun batena da.
Ume eta nerabe garaikoa, baina bigarren hau ahaztu egiten zaizu. Ahaztu egiten duzu. Giltza autoan bezala. Eta mugikorra, ados, Laidarena bakarrik dakizu buruz, baina eta amaren etxekoa? Juncalenekoa?
Deitu egin diozu. Ez dizu lehenengoan hartu, ezta bigarrenean ere. Txakur-jabe jatorrengandik apartatu eta, lotsatzen zarenean ateratzen zaizun ahots leunegi horrekin, mezu bat utzi diozu buzoian.
— Ei, Laida, aspaldiko, zenbat denbora. Ez dakit nondik hasi, xelebrea irudituko zaizu baina...
Eskerrak eman dizkiezu ezezagun atseginei —zenbat aldiz atera zaren onik ezezagun atseginei esker—, eta itxarotera eseri zara zuriz margoturiko, kresalak jandako hondartza ertzeko banku batean. Zu tantaka, oilo ipurdiz azala bankuaren kontra, buia laranja fosforitoa beso artean, sabelaren gainean. Oinutsik.
Bigarren zatiaren bertsio honek ez zaitu asebete, nabaritzen dizut. Melodramatikoegia. Ziniko samarra? Are gehiago kontuan hartuta nori utzi diozun zure bila etortzeko enkargua. Baina alferrik da orain, bertsio hau isuri baituzu dagoeneko haren ahots buzoira, unibertsora.
— Etorriko da?
Beti jotzen duzu nigana zeure buruari esan nahi ez dizkiozunak nik esan ditzadan, Luxi, nahiz eta ez den sinesgarria.
— Ni hemen, horrela, uzteko gai dela uste duzu?
Ez dakit. Ezin dut jakin zuk baino gehiago. Baina ez litzateke lehendabiziko aldia izango. Zergatik behar nauzu, bestela, hainbeste denboraren ondoren?